Hainbat eragilek salatu dute «errepresioa» jasan dutela etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik

Hainbat eragilek salatu dute «errepresioa» jasan dutela etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik

Etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik «errepresioa» jasan dutela salatu dute Berriozarko PAH Hipotekak Kalteturikoen Plataformak, Haritu Etxebizitza Sindikatuak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, atzo zabaldutako ohar bateratu baten bidez. Hor zehaztu dutenez, denera 12.400 euroko isunak jaso dituzte eta hiru lagun auzipetu, iazko urriaren 9an Burlatan (Nafarroa) izandako etxegabetze baten aurka egindako elkarretaratze baten harira.

Halere, hiru plataformek nabarmendu dute elkarretaratze hura «baketsua» izan zela, eta Espainiako Polizia izan zela etxegabetzeko operazioan «oldarkor» aritu zena. Haien arabera, Poliziak hainbat alditan egin zien eraso mugimendu horietako kideei; besteak beste, piper gasa erabiliz eta gogor joz. Hain justu, hainbat lagun zauritu zituztela ere salatu dute. Elkarretaratzea bukatu ondoren, Poliziak zenbait kide identifikatu zituen; guztira hamazazpi lagunek jaso dituzte isunak, «desobedientzia», «lesio delituak» eta «agintaritzari aurre egitea» leporatuta.

Emakume bat eta haren seme-alaba adingabeak utzi zituzten kale gorrian etxegabetze hartan. Hiru eragileen arabera, familia hura «legez kanpoko kontratu baten» biktima izan zen, eta prest zegoen etxebizitza uzteko, etxeak ez baitzituen bizi baldintza egokiak. Halere, etxegabetzea aurreikusitako egunera, urriaren 9ra, «inolako alternatibarik gabe» iritsi zirela salatu dute. Oharraren bidez jakinarazi dutenez, familiak badu nora joan; hori bai, azpimarratu dute sei hilabete behar izan dituztela horretarako, eta «kolektibo antolatuei esker» aurkitu dutela irtenbidea, orain arte hotel bateko logela batean hartu baitute aterpe.

«Kriminalizazioa»

Berriozarko PAHk, Harituk eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak uste dute etxegabetze horri aurre egiteagatik jasandako «errepresio neurrien» helburua «antolakuntza eta borroka kriminalizatzea» dela, baita «jabetza pribatua defendatzea» ere. Horrekin lotuta, salatu dute gero eta «oztopo» gehiago dituztela etxegabetzeen kontrako defentsan jarduteko, eta eskubide politikoen kontrako erasotzat jo dituzte. Halere, nabarmendu dute «irmo» jarraituko dutela etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan.