Argitzen hasi da Iruñeko Erorien Monumentua adieraberritzeko bidea. Mausoleo frankista eraldatzeko 21 proiektu aurkeztu ziren lehiaketara, eta epaimahaiak bi finalista hautatu ditu: Harriak hitz eta Itzaletik argira izenburudunak, hain zuzen. Epaimahaikideek aho batez hartu zuten erabakia, martxoaren 26an eta 27an. Bi proiektu horiei puntuazio gorena eman zieten adituek (94 puntu) lehiaketaren lehen fasean, eta, orain, herritarren esku utziko dute azken erabakia. Epaimahaikideen arabera, ez da eztabaidarik egon bi finalisten kalitatearen inguruan, «lehiaketaren oinarrietan jasotako helburu guztiak» betetzen baitituzte.
Bi proiektuek planteatzen dute egungo eraikinaren gorputz nagusiari eustea baina gainerako elementuetan eragitea; besteak beste, kupulan (goiko zatia kenduta), alboetako arkuterian eta oinarriko eremuan. Kripta eta eskailerak kentzea eta eraikinerako sarbidea oinezkoen mailan jartzea, horra bi proiektuek dituzten beste ezaugarri komunetako batzuk.
Antonio Vaillo i Daniel arkitektoaren eta oroimen historikoan aditua den Santiago de Navascues Martinezen lantaldeak sortu du Harriak hitz proiektua. Diseinu «horizontalagoa» planteatu dute, eta «zeharkako zokalo bat» jarri asmo dute gaur egun kripta dagoen tokian, oinezkoentzako pasabideak sortzeko. Kupularen linterna ere kentzea ekarriko luke proiektu honek.
‘Harriak hitz’ proiektua, Antonio Vaillo eta Santiago de Navascuesena. IRUÑEKO UDALA
Bigarren proiektu finalista, Itzaletik argira deiturikoa, OM ARQ SLP, Voilà! izeneko estudioak eta Tesela SM enpresak aurkeztu dute. Plan horren arabera, eraikinaren alboko arkuteriak kenduko lirateke, eta kristalez inguratutako bolumen berri bat sortuko litzateke kriptaren tokian. Kupularen parean, berriz, kristalezko begiratoki bat ere jarriko lukete, terraza baten antzera. Bi proiektuek 20.000 euroko saria jasoko dute.
Epaimahaiaren irizpideak
Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategiko, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030erako Agendako zinegotzi Joxe Abaurreak, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilari Ana Ollok, eta Iruñeko Udaleko Hirigintzako kudeatzaile Pilar Pardo Solanok aurkeztu dituzte finalistak, Ziudadelako Armen Aretoan eginiko agerraldian. Bertan izan da Iruñeko alkate Joseba Asiron ere, epaimahaiko presidente izan baita.
Lanak aukeratzeko eta puntuatzeko tenorean, epaimahaiak lau irizpide izan ditu kontuan: bat, monumentuaren desaktibazio sinbolikoa eta transformazioa; bi, egokitzapen arkitektonikoa eta funtzionala, eraikina museo eta memorial bihurtze aldera; hiru, hirigintza proposamenak eremu publikoa egituratzeko izanen duen gaitasuna; eta lau, proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.
