Lau urte geroago etorri da erabakia. 2022ko uztailaren 7an Iruñeko Curia kalean izandako istiluengatik, sei lagun zigortu dituzte. Urtebete eta bi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baina ez dira kartzelara joango. Fiskaltzak zigor gogorragoa eskatzen zuenez, defentsak onartu egin du epaia. Bertan adierazten denez, prozesioan Enrique Maia orduko Iruñeko alkatearengana eta Navarra Sumako hautetsiengana heltzen ahalegindu ziren auziperatuak, haiek jotzeko asmoz. Arrazoi ideologikoengatik egin zutela ondorioztatzen du epaiak.
Enrique Maiaren agintaldiko azken sanferminetan izan zen epaitutako gertaera. Festen egun handian, Alde Zaharreko kaleak zehartu ohi ditu urtero erlijio kutsu handiko prozesioak. Bertan parte hartzen dute Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Pamplonesa musika bandak, udalaren musikariek eta dantzariek, katedraleko kabildoak eta udalbatzak. Amaiera aldera, prozesioa Curia kalean gora zihoala, makina bat herritarrek euren haserrea adierazi zioten UPNko alkate ohiari. Urtero tentsio uneak sortu ohi dira karrika horretan, baina urte hartan Alde Zaharreko bizilagunak eta festetako eragileak bereziki haserre zeuden, euren iritzia aintzat hartu gabe erabakiak hartu zituelako Navarra Sumaren udal gobernuak.
Horregatik udaltzainen presentzia handia zegoen karrikan. Sanfermin haietarako Madrilgo San Sebastian de los Reyesetik (Espainia) etorritako udaltzainek parte hartu zuten Maiaren babeserako operazioan. Militarren janzkera eramaten zuten udaltzain horiek eta gertaeren tokian parte hartu zuten. Curia kalearen hasieran, alkateari oihu egin zion herritar multzo handi batek eta bultzada ugari izan ziren. Elizako kideen aurkako oihuak ere entzun ziren. Maia eta gainerako hautetsiak handik oso azkar igaro ziren, udaltzainek antolatutako hesi batek lagunduta.
Dena den, behin Elizako ordezkariak eta udalbatza igarota, tentsio handiena sortu zen tokian udaltzainak geldirik izan ziren tarte luze batez, eta horrek tentsioa baretu ordez areagotu egin zuen. Kolpeak eta bultzadak izan ziren toki horretan bertan, eta poliziak bertan zeudenen aurka oldartu ziren. Era berean, poliziek kamerekin grabatu zituzten bertan bildutakoak. Une horretan, indarkeria bi norabideetan izan bazen ere, herritarren artean zeuden sei lagun izan dira orain epaituak.
Azkeneko epaiak akusatuei leporatzen die «arrazoi ideologikoengatik» parte hartu zutela istiluetan, eta larrigarri gisa aintzat hartu du. Epaiaren arabera, akusatuak udaltzainen hesia apurtzen ahalegindu ziren, «hautetsiengana heltzeko eta haiek jotzeko».
Fiskalaren eskaera
Fiskaltzak sei eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituen, eta defentsak nahiago izan du akordiora heldu. Hala, auzipetuetako bik bi urte eta erdiko espetxe zigorra onartu dute, beste hiruk bi urtekoa eta azken batek urtebetekoa. Ez dira espetxera joan beharko.
Gainera, bi urtez sanferminetako entzierroan edo prozesioan parte hartzeko debekua izango dute. Akusatuetako batek udaltzain bat jo zuen sudurrean eta lesio larria eragin zion. Horregatik 27.000 euroko kalte ordaina pagatu beharko du, epaiaren arabera. Horrez gain, auziperatuek 2.800 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta Maiari konpentsazio moral gisa 600 euro ordaindu beharko dizkiote.
Enrique Maia, 2022ko prozesioan, Curia kalean, estu. JESUS DIGES / EFE
