Nafarroako Gobernuak Hithiumen bateria fabrikaren heren bat izango du

Nafarroako Gobernuak Hithiumen bateria fabrikaren heren bat izango du

Hithium Txinako bateria ekoizlearen eta Nafarroako Gobernuaren akordioa ez dago oraindik lotuta, baina gaur arratsaldean Mikel Irujo Industria kontseilariak negoziazioari buruzko xehetasunak eman dizkie Nafarroako parlamentariei. Lantokia Hithiumen eta Sodena sozietate publikoaren arteko enpresa aliantza batek kudeatuko du. Aurreratu duenez, haren kapitalaren bi heren izango ditu Txinako enpresak, eta beste herena Sodenak.

Hithiumek Nafarroan bateria fabrika batean inbertitzeko urratsak egin baditu ere, horren inguruko baldintzak negoziatzen ari da azken asteetan Nafarroako Gobernuarekin. Orotara, 405 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du, eta Irujok azaldu du bien arteko kapitala nola banatuko den (150 milioi) eta gainerako finantzaketa (255 milioi) nondik lortu nahi duten. Agerraldia bere ekimenez proposatu du Irujok.

Helburua da fabrika 2027 amaierarako martxan egotea eta 700 enplegu sortzea. Fabrikak hamar gigawatt-orduko energia biltegiratzeko sistemak ekoitziko lituzke, bai eta 7,5 gigawatt-orduko bateria zelulak ere.

Kapitalaren banaketa

Enpresa aliantza sortuta dago: urtarrilaren 23an erregistratu zuen izena, Iruñean. Irujoren arabera, elkarrizketetan Hithiumek hasieran proposatu zuen 61 milioi euroko ekarpena egitea, baina bere kapitala ehun milioi euroraino handitzeko prest azaldu da. Sodenak, berriz, «50 milioi eurorainoko ekarpena egin dezake sozietate bateratuan». 

Proposamenak aise gainditzen du Ogasun Publikoaren Legeak Sodenari ezarritako sei milioi euroko muga, eta, horregatik, Nafarroako Parlamentuaren baimen berezia beharko du Nafarroako Gobernuak proiektu hori aurrera ateratzeko. «Ez da izango itzuli beharrik gabeko laguntza publikoa», zehaztu du Irujok, eta hau gaineratu du: «Sozietate horretan kapital publikoa sartzea arrazoituta dago enpresaren errotzeari dagokionez, Nafarroan lantokiaren etorkizuna ziurtatzeko eta industria katearen osaera eta bertako langileen kontratazioa bermatzeko». 

Irujok ez du aurreratu beste bazkideren batek parte hartuko ote duen proiektuan, baina zehaztu du «atea ireki» dutela «beste eragile batzuk, publikoak edo pribatuak, Sodenarekin batera parte har dezaten sozietate bateratuaren kapitalean».

Gainerako 255 milioi euroak bi bidetatik lortu nahi dituzte. Batetik, bankuen finantzaketaren bitartez eta FAAIP Espainiako Industria Produkzioan Inbertitzea Babesteko Funts bereziaren bidez, 174 milioi euro lortu nahi dituzte: diru kopuru hori litzateke etorkizuneko fabrikaren kostu finkoak finantzatzeko gutxieneko maila. FAAIP funtsa Sepi Industria Partaidetzerako Estatuko Sozietateak kudeatzen du, eta proiektuak finantzatzeko mailegu lerro bat du. 

Bestetik, Europako Next Generation funtsei lotutako deialdian, 81 milioi euroko laguntza eskatu du Hithiumek energia biltegiratzeko proiektu bati loturik. Irujok aipatu duenez, eskaera bide onetik doa, baina ez dago baieztatuta. Azterketa teknikoa egitea falta da. Gaur-gaurkoz, Espainiako Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren menpeko IDAE institutuak energia berriztagarriei dagozkien 41 proiektu finantzatu ditu, eta 165 milioi euro banatu. Hortaz, Hithiumen eskaera onartuko balitz, orain arteko laguntzarik handiena litzateke.

Dena den, Irujok azpimarratu du diru kopuru horiek behin-behinekoak direla eta «zertxobait» alda daitezkeela negoziazioan. Aurreakordiok inbertsioaren egitura, gobernantzaren baldintzak, Hithiumen eta Sodenaren arteko erlazioa eta finantzaketa lotu nahi ditu, eta haren emaitza loteslea izango da. 

Baimenen menpe

Aurreakordioa «ezinbesteko urratsa» izango da Txinako Gobernuak Hithiumi atzerrian inbertsio zuzena egiteko baimena eman diezaion. Espainiako Gobernuaren baimena ere lortu beharko du. Irujok aipatu du Hithiumen egitasmoak «tokiko produkzioa» bermatuko duela.

Irujok gogora ekarri duenez, bertako industriaren lehiakortasuna babesteko neurriak eztabaidatzen ari da Europako Batasuna. Industria Bizkortzeko Legean, Europako Batzordeak proposatu du energia berriztagarrietan eta sektore estrategikoetan Europako gutxieneko produkzio bat bermatzea: EBtik kanpoko enpresa batek ehun milioi eurotik gora inbertituz gero eta %40tik gorako jabegoa eduki nahi izanez gero, baimen berezi bat lortu beharko du. Hithiumi Espainiako Gobernuak eman beharko dio baimena.

153 milioi euro, ikerketa eta garapenean

Hithium 2019an sortu zuen Jeff Wuk, eta sei urteren buruan puntako konpainia da energia biltegiratzeko sistemetan. Gaur egun, energia biltegiratzeko sistemak eskaintzen dizkie industria, etxebizitza eta merkataritza arloko bezeroei. Txinan hiru fabrika ditu —Xiamengo egoitza nagusiaz gain, Chongqing eta Heze hirietan—, eta Amerikako Estatu Batuetan beste bat, Dallasen. 

Irujok azaldu duenez, baterien eta luzarorako energia biltegiratze sistemetan espezializatu da, eta alor hori estrategikoa izango da energia berriztagarrien hedapenean. Hithiumek azken lau urteetan 153 milioi euro inbertitu ditu ikerketa garapenean, eta 1.990 patente dauzka.