47 urteko gizon bat zigortu dute desgaitasun psikikoa duen 13 urteko neska bati sexu erasoak egiteagatik

47 urteko gizon bat zigortu dute desgaitasun psikikoa duen 13 urteko neska bati sexu erasoak egiteagatik

Bost urteko espetxe zigorra ezarri diote 47 urteko gizon bati adingabe bati sexu eraso jarraiak egiteagatik. Biktimak 13 urte zituen delituak izan zirenean, eta aitortua du %49ko desgaitasun psikikoa. Horretaz gain, neskaren ama ere zigortu dute, bi urteko kartzela zigorrarekin, erasoen berri izanda, horiek baimendu zituelako. 

Nafarroako Lurralde Auzitegiaren 2. atalak ezarri du zigorra, Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak adostasuna lortu ondoren. 16 urtetik beherako pertsona bati sexu abusu jarraiak egitea leporatu diote. Ebazpenak jasotzen duenez, bost urteko espetxe zigorra ezarri diote gizonari, eta behin kalean egonda, sei urteko urruntzeko agindua.

Hala ere, hiru aldeen akordioari esker, erasotzaileak ez du kartzelara joan beharko. Horren ordez, eta Zigor Kodearen 89. artikuluak jasotako aukera bat baliatuta, erasotzailea Espainiatik kanporatuko dute hamar urtez. Epaitegiak bi hilabeteko epea eman dio zigortutako gizonari herrialdea borondatez utz dezan.

Biktimaren amak ere ez du kartzela zigorrik beteko. Horren trukean, ezingo du deliturik egin bi urtez, eta sexu heziketa ikastaro bat egin beharko du. Emakumeak buruko desgaitasun arin bat du, eta estupefazienteak kontsumitzearen ondoriozko jarrera nahasmenduak. Zigortutako biek, guztira, 3.400 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eragindako kalte morala dela eta.

Epaiketa hasi aurretik, Fiskaltzak 11 urteko zigorra eskatu zuen gizonarentzat eta zazpi urtekoa biktimaren amarentzat.