Atzoko polizia operazio handiaren hotsak ez dira oraindik amatatu. Espainiako Poliziak 28 lagun atxilotu zituen Iruñerrian, iazko urriaren 30ean Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean antolatutako performancearen kontrako protestetan parte hartu zutelakoan. Ez ziren bakarrak izan: aurretik ere, beste zortzi gazte atxiki zituen Poliziak mobilizazio berari lotuta. Desordena publikoko delituak egozten dizkiete, eta zenbaiti baita autoritatearen kontrako atentatu delitua ere. Atzo berean, aske gelditu ziren atxilotuetako batzuk, deklaratu ostean. Beste askok, ordea, Chinchilla kaleko polizia etxean eman behar izan dute gaua, eta gaur goizean eraman dituzte Nafarroako Auzitegira, epailearen aurrean deklaratzera.
Horiei elkartasuna adierazte aldera, dozenaka gazte elkartu dira 09:00etan auzitegiaren atzealdean —atxilotuak sartzekoak ziren atearen parean—, Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak deituta. Gazteak iritsi aurretik ere, eraikineko sarbideak foruzainek hartuta zeuden: manifestariei esan diete protesta ez zegoela jakinarazia eta, beraz, ezinen zirela epaitegi aitzinean elkarretaratu, ezta pankartarik atera ere. Edonola ere, gazteak kalearen bestaldean elkartu dira, atxilotuen zain. 09:15ean iritsi dira, Espainiako Poliziaren furgoneta batean, eta zuzenean sarrarazi dituzte garajeko atetik. Han bildutakoek txalo eta oihu artean agurtu dituzte.
Atzo iluntzean ere ehunka lagunek protesta egin zuten Iruñean, plataforma horrek deituta. Nabarreria plazatik hasi, eta manifestazioa egin zuten Alde Zaharreko kaleetan barrena, San Frantzisko plazara iritsi arte. Bata bestearen segidan errepikatu ziren «Atxilotuak askatu!» eta «Borroka da bide bakarra!» leloak.
Plataformak ohar batean adierazi duenez, Espainiako Gobernuak «izaera autoritario eta errepresiboa» erakutsi du polizia operazio horren bidez. «Faxismoak gora egiten duen bitartean, ez dute etenik mugimendu iraultzailearen eta langile klasearen aurkako erasoek, isunek eta kartzela eskaerek. Antifaxistak zigortzen dituzte, eta inpunitate osoa ematen diete faxistei», gaitzetsi du. Horiek horrela, atxilotutakoen «berehalako askatasuna eta absoluzioa» exijitu ditu: «Errepresioak ez du borroka itzaliko».
