Gorputzen, identitateen eta oroitzapenen igurtziak sei narratiba garaikidetan

Gorputzen, identitateen eta oroitzapenen igurtziak sei narratiba garaikidetan

«Guztiontzako irisgarria den kultur sistema bat eraikitzea dugu amets, eta antzera uste dugu ekoizpen artistikoari dagokionez ere. Halere, hor bada ñabardura bat egiterik: eskura dauden laguntzak ezin dira itsuan banatu, zorroztasunez jokatu behar dugu, eta, horregatik, hori hala egin delako ziurtasun osoa dugulako, zalantza izpirik gabe segurtatu dezakegu sei proposamen hauen kalitatea ezin ukatuzkoa dela». Hautaketa prozesuetan zoriak batere ikustekorik izan ez duela argi utziz ekin dio bere mintzaldiari Celia Martin Nafarroako Gobernuko Museoetako atalburuak. Iruñeko Ziudadelako Arma aretoan dago, hain zuzen ere, hizpide dauzkan proiektu artistikoen piezek inguraturik. 

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako arte plastiko eta bisualetarako laguntza programaren 2025eko deialdian gailendutako proposamenen emaitzak dira ahotan eta inguruan dituenok. Edo, bestela esanda, «oraindik ere mugimenduan, martxan eta hazten ari diren sei proiektu artistiko horien behin-behineko argazkiak» dira, Uharte zentroko zuzendari Oskia Ugarteren arabera. Irailaren 20ra arte izanen dira guztiak Ziudadelan ikusgai, asteartetik igandera. «Eta haiek hemen egotea bera dagoeneko bada aurrerapauso bat; jendea arte garaikidera hurbiltzeko bide bat, ikasbide bat», errematatu du Martinek. Satisfazio keinu batek egin dio ihes segidan.

Andrea Muniain: Sobre la condición mágica de la técnica

Aldi berean iraganera eta etorkizunera begiratu du Andrea Muniainek, teknologiari erreparatzeko. «Asko interesatu zitzaidan ikustea garaian-garaian izan diren berrikuntza teknologikoek zer erreakzio kate eragin dituzten gizartean, berdin da ari garen XVII. mendeko lehenbiziko automatez edo orain adimen artifizialean oinarrituta garatzen ari diren bestelakoez», azaldu du. Particle Swarm Optimization izeneko algoritmo batetik abiatuta eginiko esperimentazio ariketa batean islatu du bere ikerketa.

Algoritmo horrek txori saldoen mugimenduetan antzeman daitezkeen jokaerekin du ikustekoa; haiek imitatu, eta ateratako datuekin posible da eredu matematiko bat eraikitzea, zeina bestelako prozesuak optimizatzeko erabil daitekeen. Hori bera xehe aztertu du Muniainek, baina, orobat, prozesuen optimizazioa beste helbururik ez duten erremintei kontrapisua egin nahian, dantza ere ekarri du erdigunera. Duguna Iruñeko dantza taldeak 2014ko uztailaren 14an erraldoiak agurtzeko eginiko zinta dantzaren irudikapen diagramatikoa egin du. «Sinkronizazio kolektiboa gailentzen da erritu horretan», zehaztu du artistak, eta azpimarratu ekintza horren inguruan ere nabarmen azaleratzen direla teknologia berriek sarri dakartzaten emozio hauek ere: «magia» delako sentipena eta «espektakulua».

Muniainen Sobre la condición mágica de la técnica obraren bi pieza, Arma aretoan. I. URIZ / FOKU

Jaime Remirez de Ganuza Garrido: Cardos de plata

Jaime Remirez de Ganuzaren proiektua Arma aretoaren gelaxka ilun batean dago ikusgai. Familiaren sorterrian, Soriako (Espainia) Tierras Altas eskualdean, grabatutako askotariko irudiekin osatutako film bat da proposamenaren elementu nagusia, eta migrazioarekin loturiko logikei, identitateari eta erroei buruz gogoetatzeko bideak zabaldu asmo ditu, besteak beste. 16 mm-tan filmatu du lana artistak; dioenez, hori ezin zen bestela izan: «Formatu analogikoak berez dakarren zintzotasun hori premiazkoa zitzaidan. Ikustekoa du, adibidez, onartzearekin irudietan jasotako guztia ez dela zehatz-mehatz nik diseinatu izanen nukeen bezala azaltzen, paisaiak berak erabaki zuela zer agerrarazi eta nola. Eta zentzua duela uste dut, filmatzen ari nintzen horrekin eta nire erroekin harremana izateko modu zintzo baten bila aritu naizelako, nahiz eta horrek berekin ekarri, ezinbestean, deserrotzeari buruz hizketan bukatzea».

Hain zuzen, deserrotzearen ideian egin du bereziki azpimarra Remirez de Ganuzak aurkezpenean. «Nahi nuke horretaz hausnarrarazi, eta ez horrenbeste kutsu zigortzaile batekin, baizik eta, besterik gabe, agerian jarriz askok sentitzen dugun deserrotze sentipen hau ez ote den krisian dagoen sistema baten sintometako bat».

Itsaso Iribarren eta German de la Riva: Flesh & Films

Heziketa sexualari buruzko 1970eko hamarkadako artxibo sorta batek eman zien Itsaso Iribarren eta German de la Riva artistei beren proiektua abiarazteko aitzakia. Hartan topatutako bideoek, argazkiek eta testuek «liluratuta», sexualitatearen eta, batez ere, gorputzen arteko kontaktuaren gainean ikertzeari ekin zioten. «Iruditu zitzaigun, gorputz batek beste bat ukitzeko manera horretan arakatuz gero, munduan egoteko moduez ere ariko ginela gogoetatzen, oharkabean, eta halaxe izan da azkenerako», azaldu du Iribarrenek. 

Hainbat argazki, bideo batzuk eta olerki sorta bat paratu dituzte ikusgai. Haietan, besarkadak ageri dira han eta hemen: askotan, bi gorputz elkarri korapilatuta, estu bata bestearen kontra, igurtzika. Bideoetan, gorputzok bueltaka ari direla ere ikus daiteke, eta baita haietako bakoitzaren arnasaren erritmoan besarkadak eragiten duen efektua ere. Hormetako batean, neonezko letra gorri batzuk daude, argiztatuta. Zera diote: abrázame (besarka nazazu). 

Maite Redondo Gaztelu: nire begiek eguzkiak jarraitzen dituzte, urrea jarraitzen zuenak bezala

Oraindik estreinatu gabe baina argia ikusteko zorian dagoen film batetik abiatuta —gertutik, urrunetik eguzkia—, instalazio bat sortu du Maite Redondok. Bai aipatutako filmerako, bai eta Arma aretoan ikusgai jarritako proposamenerako ere, orain dela hamabi urte Asia hego-ekialdean grabatutako irudiak baliatu ditu artistak, baina diferente landu eta muntatu ditu oraingoan, eta bereziki erreparatu die irudiok atzean dutenari. Dioenez, kontua ez baita soilik irudiok bistaratzen dutena, baizik eta gogoetatzea nola ekoitzi dituen irudiok gerora, edo non eta nork filmatuak izan ziren. «Horiek guztiak auzitan jartzea inportantea da». 

Eta irudiok non eta nola erakutsi ere bada kontua, hain zuzen. Instalazioa paratu duen gelaxka ilunean, hainbat tokitatik datoz argi izpiak zentrorantz, eta askotariko elementuetan egiten dute isla haiek. Proiektagailu batek erdigunean dagoen pantaila gisako batean bistaratzen du bideo bat, baina pantaila zehar-argia da, ez opakua, eta, hortaz, proiektagailutik datorren argiak zuzenki jo diezaioke ikuslearen begiari, eta horrek sor dezake halako sentipen «deseroso» bat ere, artistaren beraren esanetan. «Asko interesatzen zait ideia hori: ikusi bai, baina guztiz ezin ikustearena». 

Maider Garaio Urabaien: A Girl in a Room and I Bought my New Jeans

Pieza eskultorikoz osatutako «logela bat» muntatu du Maider Garaio Urabaienek, eta hori bera eraikitzea «nerabezaro berantiar bat» irudikatzeko modu bat izan zaiola argudiatu du artistak. Metalezko zenbait apal eta hainbat hodi industrial paratu ditu instalazioan, balizko neska nerabe horren logelako armairu eta apalategiak irudikatuz hala, bai eta, besteak beste, poster batzuk eta zenbait arropa ere; batzuk lurrean botata daude, eta beste hainbat, zintzilik. Izkinetako batean, Disney markako telebista arrosa bat dago zolan, piztuta eta martxan, bolumena ozen. 

Nerabezaroan «nabarmen» azaleratu ohi direnen inguruan hausnartzeko toki baten gisara deskribatu du Garaiok instalazioa; hala nola «identitatearen bilaketaz, denboraren joanak aldarazten dituen gauzez, hauskortasunaz» gogoetatzeko leku bat.

Maider Garaioren proiektu artistikoko zenbait pieza. I. U. / FOKU

Carlos Irijalba: Wanderers

Aluminioa likido egoeran izanda sortutako piezekin osatu du proposamenaren parte nagusia Carlos Irijalbak. Metala «askatasunez» landu ahal izatea izan du xede, hain zuzen, eta, horregatik, «materialaren adierazpen libreenaren eta artistaren nahiaren arteko adostasunaren bila» aritu da, obra aurkezteko afixan idatzi duenez. Hormetan itsatsita bezala jarri ditu ikusgai emaitzetako batzuk, eta, zehazki, Ghost’s shadow izeneko sail batean aurkeztu ditu haiek. Dena dela, Love that bird izeneko film bat ere ondu du Irijalbak proiekturako. «Aerodinamikaren eta gorputzen mekanikaren arteko tentsioari» erreparatu die horretan, besteak beste.