Iaz, abenduaren 10ean, Larraungo eta Lekunberriko kontsultategiko pediatria zerbitzua kendu zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Ordura arte, astean bi egunetan, kontsultategi horretan pediatria zerbitzua eskaintzen zuten Larraungo, Lekunberriko, Araizko eta Beteluko haurrentzat. Gaur egun, berriz, Leitzako eta Irurtzungo osasun etxeetan artatzen dituzte haur horiek. Hala ere, azken egunetan, Larraungo, Lekunberriko, Araizko eta Beteluko guraso talde batek eskatu du pediatra berriz jartzeko Larraungo eta Lekunberriko kontsultategian. Berriro egin dute eskaera hori; izan ere, zerbitzua kendu zutenetik, guraso taldeak hainbat ekintza egin ditu eskatzeko kontsultategian pediatra berriro jar dezatela. Bilerak ere egin dituzte Osasun Departamentuko kideekin. Dena den, azaldu dute egindako bilerek ez dutela ekarri «konponbiderik».
«Nire alabak azterketa medikoak zituen. Ordua eskatzeko deitu nuen kontsultategira, eta orduan jakin nuen ez zegoela pediatrarik». Hori adierazi du guraso taldeko kide Hodei Lizarragak. Izan ere, hark dio gurasoei ez zitzaiela jakinarazi pediatra kenduko zutenik. Ferran Olive ere taldeko kidea da, eta esan du ikastetxeko atean jakin zuela ez zegoela pediatria zerbitzurik. Horrez gain, Olivek esan du Larraungo eta Lekunberriko alkateekin harremanetan egon direla eta jakin dutela Osasun Departamentuak zer-nolako informazioa eman zien alkateei zerbitzua kendu aurretik: «Larraungo alkateari deitu zioten esateko egoera aldatu egingo zela, eta osasungintzan berregituratze bat egin zutela. Lekunberrikoari, berriz, ez zioten deitu ere egin».
Zenbait arrazoi
Guraso taldeko bi kideak kritiko agertu dira Osasun Departamentuak egindako kudeaketarekin. Esaterako, pediatria zerbitzua kentzeko departamentuak emandako arrazoiei dagokienez, biek esan dute departamentuak hasieran zenbait arrazoi eman zizkiela gurasoei eta Larraungo eta Lekunberriko udalei. «Gurasoei erantzun zieten berregituratze bat egin zutela zerbitzua hobetzeko eta, horren ondorioz, Lekunberriko kontsultategia pediatra gabe geratu zela. Gero, jakin genuen udalei esan zietela Lekunberriko kontsultategian ez zegoela pediatrarik, zerbitzua eskaintzeko toki egokirik ez zegoelako», adierazi du Olivek. Otsailaren 12an, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek Nafarroako Parlamentuan esan zuen Larraungo eta Lekunberriko kontsultategian «toki mugatua» zegoela, «biztanleria helduaren eguneroko arreta hobetzen zuen berrantolaketa baten ondoren». Dena den, otsailaren 3an, Larraungo eta Lekunberriko alkateek azaldu zuten kontsultategian «bi gela libre» zeudela, eta pediatria zerbitzua berrezartzeko eskatu zioten Osasun Departamentuari.
Emandako arrazoiekin ados ez egoteaz gain, guraso taldeak ez du bat egiten egoera konpontzeko Osasun Departamentuak egindako proposamenekin. Lizarragak azaldu duenez, egin dituzten bileretan bi aukera proposatu dizkiete: batetik, gaur egun dauden moduan jarraitzea —hau da, Leitzako eta Irurtzungo osasun etxeetara joatea—, eta, bestetik, pediatra bat lanaldi erdian egotea Larraungo eta Lekunberriko kontsultategian, eta, harekin batera, erizain pediatriko bat lanaldi osoan.
Guraso taldeak salatu du haurrak Leitzara eta Irurtzunera joatea ez dutela adostu familiekin eta udalekin. Zerbitzua itxi aurretik ere zentro horietara joan zitezkeen lau udalerrietako haurrak, baina bi egunetan pediatria zerbitzua eskaintzen zuten kontsultategian. «Eskualdeko 420 familiak joan-etorri luzeak egitera behartzen dituzte oinarrizko zerbitzu hau jasotzeko», dio taldeak. Gainera, esan dute zenbait pertsona «egoera zaurgarrian» daudela, ez dutelako modurik Leitzako eta Irurtzungo osasun etxeetara joateko, eta nabarmendu dute Leitzako eta Irurtzungo profesionalek ratio «oso handiak» dituztela, zerbitzua gaur egun antolatuta dagoen moduan. Beste aukerari dagokionez, berriz, aipatu dute gaur egun ezin dietela zehaztu zer ordutan eta egunetan lan egingo lukeen pediatrak lanaldi erdian. Gainera, esan dute lanpostua «ezegonkorra» izateak eragin dezakeela haurren arta «jarraitutasunik gabekoa» izatea, eta gehitu dute pediatra lanaldi erdian balego hura ez dagoenean Iruñeko larrialdietara joan beharko luketela «beti».
Hala ere, gurasoak ez dira kritiko agertu diren bakarrak. Lekunberriko Taldeak —EH Bilduk du alkatetza Lekunberrin, eta talde hori oposizioa da— uste du udalak eta alkateak «erantzukizun zuzena» dutela gaur egun hurbileko pediatria zerbitzurik ez izatean.
Landa eremua
Guraso taldeak nabarmendu du landa eremuan ezin direla hiriguneetako «ratio berak» aplikatu zerbitzuak antolatzeko orduan. «Nafarroan errealitate askotarikoak daude, eta zenbait zerbitzutan agerikoa da landa eremuek duten desabantaila», adierazi dute. Gehitu dute haien ustez «garaia» dela zerbitzuak egokitzeko lurralde bakoitzaren «baldintza eta beharretara».
Abenduan zuten pediatria zerbitzua berreskuratzeari dagokionez, Lizarragak esan du «zaila» dela, baina ez «ezinezkoa». Aukera ikusten du gaur egun eskaintzen dietena baino «zerbait gehiago» lortzeko. Olivek dio gaur egun «borondate politikoa» ez dela zerbitzu hori leheneratzea, eta zaila dela. Dena den, Lizarragak azpimarratu du «elkarrekin borrokan» jarraitu behar dutela.
