Behartuta, oporretatik itzuliko dira. Ostiralean, ateak irekiko ditu Nafarroako Parlamentuak eta foru erregimeneko batzordean azalpenak emango ditu Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak Santos Cerdan eta haren senideen finantzak aztertu ditu, eta dokumentu horren inguruko agerraldia eskatu du UPNk.
Txosten horren edukiari buruz zeharkako informazioa baino ez dago, eta UPNk abantailarekin jokatzen du. Herri akusazio gisa ageria da auzian, eta ostiralean bertan Cristina Ibarrolak berak guardia zibilek landutako txosten horretako diagrama bat aurkeztu zuen.
«UPNk eta PPk epaia idatzita dute, eta presidentearen dimisioa eskatu dute, haren azalpenak entzuteko betarik eman gabe»
JAVIER REMIREZ Nafarroako Gobernuko eleduna
Ikertzaileen arabera, Servinabar enpresaren kontu batean biltzen ziren hainbat adjudikazioetatik lortutako diru sarrerak. Guardia zibilek landutako eskema horren arabera, kontu horretako diruaren %3, 129.000 euro, Belateko enpresa elkartetik etorri zen. Gainerako dirua Logroñoko autopista bat egiteko enpresa elkarteak (%54), Accionak (%15) eta Cycasa harrobi enpresak (%9,5) jarri zuten, eta beste %10 inguru Erriberri eta Mediaciones Martinez enpresek. Servinabarrek kontu nagusi horretatik 230.000 euro mugitu zituen beste aurrezki kontu batera, eta hari lotutako kreditu txartela erabili zuen Cerdanek. Hiru urtetan, 2021etik 2024ra, txartel horretatik 33.000 euro gastatu zituen jatetxetan, garraioan, hoteletan, erosketetan… —gehienbat, 25.000 euro, jatetxetan—.
Txosten horretan, Belateko tunelaren aipamen hutsak eskuineko oposizioa aztoratu du. Ostiralean bertan, Ibarrolak Maria Txibiteri «berehala dimititzeko» eskatu zion; astelehenean, berriz, tonua apaldu eta «azalpenak emateko» eskatu zioten. PPko Sergio Sayasek ere gauza bera egin zuen, eta eskaera horren ondotik, gaur goizean parlamentuak ateak ireki ditu. Eledunen batzordea bildu da eta UPNren eskaera onartu du. Ostiralean egingo du agerraldia Txibitek.
Gobernuaren azalpenak
Javier Remirez eledunak adierazi du ez duela «itxaropen handirik» ostiralean Txibitek emango dituen azalpenei erreparatuko ote dioten egiazki UPNk zein PPk. Gaur eguerdian, Nafarroako Gobernuaren kontseilu osteko agerraldian, azpimarratu du «aldez aurretik idatzita» dituztela ondorioak. «Susmoa orokortzeko estrategia bat» dela salatu du Remirezek, eta estrategia horretan eskuin muturrarekin bat egitea leporatu die UPNri zein PPri.
Remirezek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak ez duela eskura txostenaren edukia. Berez, iragan urtean Nafarroako Gobernuak akusazio partikular gisa aurkezteko eskaera egin zion Auzitegi Gorenari, Acciona eta Servinabar enpresen ustezko irregulartasunetan kaltetua izan zitekeelakoan. Alta, Gorenak erantzun zion une horretan Nafarroan enpresa horiei egindako esleipenak ez zeudela auzian sartuta.
«Txibitek ezin du beste aldera begiratu, nafarren diruak Santos Cerdanen poltsikoan amaitu baitu»
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
Remirezek datu horri erreparatu nahi izan dio. «Gu ez gara prozesu horren parte. Auzibidean parte hartu nahi izan du Nafarroako Gobernuak eta ukatu egin zaigu hori, ez dagoelako uneotan Nafarroako Gobernuari eragiten dion ikerketa arlo bakar bat ere. Bakar bat ere ez. Ez dago susmorik, ezta ustelkeria zantzurik ere, ez dago gobernuko kideren baten gaineko susmorik». azpimarratu du. Bere ustez, hori da uneotan egia judiziala eta horren gaineko estrategia bat du. «UPNk eta PPk epaia idatzita dute, eta presidentearen dimisioa eskatu dute, haren azalpenak entzuteko betarik eman gabe».
UPNren kritika
UPNko Javier Esparzaren hitzetan, «ezin du beste aldera begiratu, nafarren diruak Santos Cerdanen poltsikoan amaitu baitu». Salatu du Belateko tunelaren adjudikazioari lotutako dirua erabili duela Cerdanek. «Azalpen asko ditu emateko. Ea behingoz onartzen den gertatzen ari dena: Belateren, Santos Cerdanen eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremana dagoela».
EH BIlduko Laura Aznalek agerraldia bera egitea kritikatu du. «Ezagutzen ez dugun txosten batean dago oinarrituta. Balorazio bat egiteko haren edukia ezagutu behar dugu. Bestela ez dago oinarririik».
«Ezagutzen ez dugun txosten batean dago oinarrituta. Balorazio bat egiteko haren edukia ezagutu behar dugu. Bestela ez dago oinarririk»
LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna
Geroa Baiko Pablo Azkonak Txibite entzun nahi du, baina, antzera, azpimarratu du ez dagoela edukiaren berririk. Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren ustez, berriz, ikerketa batzordearen ondoriotatik harago, datu berri gutxi eman ditu. «Txostenak ez du argitzen herri lanetan esku hartzerik egon ote den».
