Aurreko zutabean euskararen eta antzerkiaren arteko antzekotasuna izan nuen buruan bueltaka. Bada, egun hauetan, euskara eta mendiaren arteko loturaz hitz egiteko beharra sentitu dut. Biek ala biek bihotzaren bidea erakutsi didate eta.
Nafarroak euskara utzi dit ondare, eta mendiarekin txikitan izan nuen harremana ere berreskurarazi egin dit. Ez da marka makala. Kolonbian, mendiz inguraturiko herri batean jaio nintzen. Mendiak ikusten hazi nintzen. Noizean behin, txikitan, mendira joaten nintzen ahizpekin eta lagunekin, baina gure familiak, egia esan, ez zuen mendi kultura handirik, eta goiz abandonatu nituen txango haiek. Baina mendiek etengabeko presentzia izan dute nire bizitzan; izan ere, Kolonbia herri menditsua da, eta zoazen lekura zoazela, egundokoak aurkitzen dituzu, haien isiltasunean. Nafarroan bide malkartsua egin dut mendiaren eta euskararen lengoaiak sentitzeko, ulertzeko eta ikasteko.
Mapa batean mendi baten tontorrerako ibilbidea interpretatzen ikasten duenak bezala, euskara ikasi nahi duenak ere bere onenak eman behar ditu. Mendian ibiltzeko, motxila nola bete jakin behar da, zer arropa eta zer material eraman, norekin joan eta noiz, goiz jaikitzea merezi behar dizu, eguraldi iragarpenak kontsultatu behar dira, ibilbidea prestatu… eta euskara ikasteko ere gogoa behar da, eta ahalegina egiteko prest egon behar da, matrikula egin behar da, euskaltegira joan egin behar da, orduak bete eta… kontrako haizeari aurre egin behar zaio, mendian nola baita gure kaleetan ere.
Bien diziplinak besarkatzen ikasi dut, eta ez da batere erraza diziplina horiek barneratzea. Erosoa da ohean geratzea mendira joan ordez eta errazagoa da gaztelaniaz hitz egitea euskaraz egin beharrean. Eta gauza bat dira hasierako asmo onak eta beste bat asmo horiek gauzatzea; izan ere, badakigu sutan probatzen dela nolakoa den eltzea.
Mapan tontorrerako ibilbidea interpretatzen ikasten duenak bezala, euskara ikasi nahi duenak ere bere onenak eman behar ditu
Bideari ekin egin behar zaio eta jakin behar da nola; nola ibili, nola entzun, nola elikatu. Ausardia, pazientzia eta entrega behar da prozesuan. Bai, nik ahalegina egin dut, nola ez. Tortilla egiteko arrautzak apurtu behar. Igo dudan mendirik altuena Vignemale da, 3.298 metrokoa. Hara joan aurretik, pentsaezina zen niretzat horrelakorik egitea. Oroitzen naiz hiru orduz aritu nintzela kranpoiekin jo eta su, baina aldapan gora dena zuri-zuri ikusten nuenean lur jota sentitzen nintzen. Ezin nuen gehiago; orduan nahiago nuen bideari ez begiratu eta paisaia gozatu, arnasa eta gorputza sentitu. Isiltasunean entzun. Gailurrera iritsi baino lehen lehertuta nengoen eta berriro sentitu nuen ezin nuela, gehiegi zela. Zertarako? Zer behar izan dut? Baina berriro pentsatzen nuen: Laura, hau euskara ikasteko prozesua bezalakoa da; astiro-astiro ibili, baina firme mantendu zure jarrera, eta izan konfiantza.
Mendia ez da bakarrik leku bat, euskara ez da bakarrik hizkuntza bat, kontzientzia da. Nire gorputzak, nire gogoak eta nire ahotsak hemen aurkitzen dute beren antzinako erritualtasuna, beren animaltasun sakratu eta milurtekoan zutitzen dira. Mendia eta euskara konpromiso gunea dira neure buruarekiko.
