Uzta bildua zuen soro batek su hartu du gaur Galarren, eta Nafarroako garraio azpiegituretan eragiten ari da. Adifek jakinarazi du Noain eta Iruñe arteko tren zerbitzua eten egin dutela, eta sutea Noaingo aireportuko eremura ere iritsi da, oraingoz hegaldietan eraginik izan ez badu ere —arratsaldeko lehen orduetarako ez zegoen hegaldirik programatuta—.
Lehen hipotesien arabera, litekeena da traktore batek eragin izana sua. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, laborantza eremu batetik basorantz zabaldu da sutea, eta handik Noaingo aireportuko eremura. Oraintxe, inguruan lanean ari dira Cordovillako eta Tafallako suhiltzaileak —zenbait helikoptero erabiltzen ari dira—, bai eta foruzainak eta basozainak ere.
Era berean, Adifek azaldu du suteak eragina izan duela Castejon eta Iruñe arteko bidean, eta hura zeharkatzen duten distantzia luzeko eta distantzia erdiko trenak eten dituzte.
Nafarroan bertan beste sute bat ere piztu da, A-68 errepideko 86. kilometroan, Tutera parean. Errepideko areka batean piztu da sua, eta handik zuhaitzak dauden eremu batera zabaldu da. Hura itzaltzeko lanetan ari dira Tuterako, Azkoiengo eta Lodosako suhiltzaileak, baita Errioxakoak ere.
Beste sute bat ere bada Euskal Herrian, hirugarrena. Argantzonen (Trebiñu, Araba), suhiltzaileak lanean ari dira 16:00ak aldera piztu den sute bat itzaltzeko. Zereal larre batean piztu da, A-1 errepidetik gertu, eta handik beste eremu batzuetara zabaldu da.
