Gizon bat atxilotu dute Tuterako jaietan neska adingabe bat bortxatzea egotzita

Gizon bat atxilotu dute Tuterako jaietan neska adingabe bat bortxatzea egotzita

Gizon bat atxilotu zuten atzo Tuterako jaietan (Nafarroa) neska adingabe bat bortxatzea egotzita. Erasoa larunbatetik iganderako gauean gertatu zen, eta Foruzaingoa izan zen erasoaren aurrean lehen instantzian jardun eta adingabea artatu zuena. Ondoren, Reina Sofia ospitalera eraman zuten.

Foruzaingoak gizona identifikatuta zuen igandeko lehen orduan, eta Alejandro Toquero Tuterako alkateak igande arratsaldean baieztatu zuen atxilotu zutela. Udaleko taldeek egindako adierazpen instituzionalean «erabateko gaitzespena eta kondena» adierazi dute, eta emakumeari eta bere inguruari «erabateko babesa eta elkartasuna» helarazi diote.

Udalak berretsi du «hirian gertatzen den emakumeen aurkako edozein indarkeria mota gaitzesten eta kondenatzen» duela, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du indakeria hori desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeen askatasuna bermatzeko.

Era berean, jakinarazi dute adingabearen familiak salaketa jarriko duela datozen orduetan.