Aske utzi dute Tuterako jaietan neska adingabe bat bortxatzea egotzita atxilotutako gaztea

Aske utzi dute Tuterako jaietan neska adingabe bat bortxatzea egotzita atxilotutako gaztea

Gazte bat atxilotu zuten atzo Tuterako jaietan (Nafarroa) neska adingabe bat bortxatzea egotzita. EFE albiste agentziak zabaldu duenez, atxilotua aske utzi dute eta zain dago Adingabeen Fiskaltzan deklaratzeko. Erasoa larunbat gauean gertatu zen, eta Foruzaingoa izan zen lehen instantzian jardun eta adingabea artatu zuena. Ondoren, Reina Sofia ospitalera eraman zuten.

Foruzaingoak gizona identifikatua zuen igandean goizean goiz, eta Alejandro Toquero Tuterako alkateak igande arratsaldean baieztatu zuen atxilotu egin zutela. Udaleko taldeek egindako adierazpen instituzionalean «erabateko gaitzespena eta kondena» adierazi dute, eta neskari eta haren ingurukoei «erabateko babesa eta elkartasuna» helarazi diote.

Udalak berretsi du «hirian gertatzen den emakumeen aurkako edozein indarkeria mota gaitzesten eta kondenatzen» duela, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du indarkeria hori desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeen askatasuna bermatzeko.

Era berean, jakinarazi dute adingabearen familiak salaketa jarriko duela datozen orduetan.