Patxi Sanjuan Calvo hil da. Erriberako udal politikan, sindikalismoan eta mugimendu sozialetan nabarmendu zen, batik bat langileen eskubideen eta ingurumenaren aldeko borrokan. Ingurumenaren aldeko kontzientziaren bultzatzaile izan zen eskualdean.
Ekologistak Martxan taldeak gogora ekarri duenez, Tuterako (Nafarroa) zinegotzi gisa, udalaren menpeko Ingurumenaren Kontseilua sortu zuen 80ko hamarkada hasieran, eta haren barruan bildu zituen bai naturaren defentsan aritutako militante ekologistak eta bai adituak.
Era berean, 1987an Landazuria elkarte ekologista sortu zuen, eta presidente izan zen lehen urteetan. Landazuria Tuterako elkarterik zaharrenetakoa da. «Guretzat Sanjuan erreferentzia bat izan da, eta ikuspegia argia izan du beti ingurumen arazoen inguruan. Haren ustez, arazoei aurre egiteko modua zen kolektiboan antolatzea, salaketak egitea eta sentsibilizazio kanpainak egiteko eskatzea», dio Ekologistak Martxan elkarteak.
Ingurumenaren aldeko lanean ez ezik, UGT sindikatuan ere aritu zen. Metaleko eta Eraikuntzako Federazioko idazkari nagusi izan zen 1998tik 2006ra. «Nafarroako sindikatuaren historiaren parte da», aipatu du Lorenzo Rios UGTko idazkari nagusiak.
