Arte garaikidearen dardara landa eremura helarazteko sortu zuten Baratxinto Fest jaialdia, 2021ean, Erronkaribarren. Ordutik, urtero antolatu dute festibala, hutsik egin gabe, eta poesiaz, akrobaziaz, antzerkiz eta are clown ikuskizunek piztutako irri algaraz josi dituzte dozenatik gora plaza, lorategi, kale bazter eta frontoi. Festibala nabarmen handitu da urtetik urtera, eta, hain justu ere, beste salto bat egitekoak dira orain. Asteburu honetan eginen dute jaialdia, gaur iluntzean hasi eta igandera arte, eta, aurten, Erronkarira, Burgira eta Uztarrozera bakarrik ez, Bidankozera ere hedatuko dute programazioa. Zortzi emanaldi izanen dira, doakoak guztiak.
Burgin hasiko da jaialdia, frontoian. Lehenbizi, inaugurazio ekitaldia eginen dute 19:30ean, eta, 20:30ean, Jean Philippe Kikolas artistak Calor ikuskizuna eginen du. Hitzik gabeko obra bat da, eta errefuxiatuen errealitatea bistaratu nahia du ardatzetako bat.
Bihar, programazioak Bidankozen izanen du segida. 11:00etan, poesia eta performancea uztartzen dituen G.G.U.D.A. – G.U.E.R.RA. emanaldiaz gozatzen ahalko da herriko plazan; 12:00etan, Badut konpainiak Flamenkito clown ikuskizuna emanen du, eta, segidan, 12:30ean, Welcome & Sorry antzeztuko dute Ganso & Cia taldekoek —Santxena eraikinaren parean izanen da hori—.
Gero, Erronkarira. Herri bazkaria han eginen dute Baratxinto Festen bildutakoek, eta koordenatu geografiko haiexetatik apenas urrundu gabe parte hartzen ahalko dute, Erronkarin bertan, bazkalondoko mikro irekian; arratsaldean, berriz, han ikusten ahalko dituzte bai Orain Bi konpainiaren Mute, eta baita Fuera de Tono taldearen kontzertua ere.
Ertza konpainiaren ‘Otempodiz’ dantza emanaldiaren argazki bat.
Igandean helduko da jaialdia hondarrera, Uztarrozen. 12:00etan, Alperrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana taularatuko du Gilkitxaro taldeak, eta Ertza dantza konpainiaren Otempodiz emanaldiak itxiko du egitaraua.
Goitibiera antzerki konpainiak antolatzen du Baratxinto Fest, jarduerak hartzen dituzten herrietako udalekin batera. Gainera, Jakinmin elkartearekin ere izan dute lankidetza oraingoan. Horren fruitua da hau: zenbait emanaldiren ondotik, solasaldi filosofikoak izanen dira, Imanol Alvarezek eta Oihane Garmendiak gidatuta.
