«Euskaldun puta» eta svastikak nonahi. Faxismoaren aldeko hainbat aldarri agertu dira Nafarroako zenbait herritan azken orduetan: Lekunberrin, Irurtzunen, Leitzan eta Iruñean —Mendillorriko auzoan—, EH Bilduk defendatu du «herri guztiz antifaxista bat» dagoela, «demokraziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokaren lehen lerroan». Alderdiaren arabera, eraso koordinatu bat izan da: «Pintaketak ia berdinak dira eta guztietan nazien ikur eta mehatxu berberak errepikatzen dira».
Horiek horrela, gazteleraz euskaldunen aurkako mezuak —«Euskalduna hilik», esaterako—, eskuin muturrak erabiltzen dituen hainbat ikur eta LGTBI kolektiboaren aurkako aldarriak egin dituzte lau udalerrietan. Pintaketa horiek «eskuin muturraren eta gorroto diskurtsoen gorakadaren» testuinguruarekin lotu ditu EH Bilduk. Hortaz, horiek egin izana gaitzesteaz gain, haien aurka jardungo dutela adierazi dute.
