Nafarroan PAI eskaintzen duten D ereduko ikastetxeen %60k programatik ateratzeko bidea hasi dute

Nafarroan PAI eskaintzen duten D ereduko ikastetxeen %60k programatik ateratzeko bidea hasi dute

Gaur egun, Nafarroako hamalau ikastetxetan eskaintzen dute D-PAI programa: Allon, Zarrakaztelun, Castejonen, Elizondon, Lodosan, Los Arcosen, Noainen, Erriberrin, Iruñeko Buztintxuri auzoan, Azkoienen, Garesen, Sarrigurenen, Sesman eta Tafallan. D eredukoak izanda, euskarazko murgiltze eredua eskaintzen dute, baina PAI programa ere ezarria dutenez, ikasgaietako batzuk ingelesez ematen dituzte zentro horietan. Atzerriko hizkuntzen programa hori polemikan bilduta egon da sortu zenetik. Zenbait eragilek salatu dute D ereduari kalte egiten diola, besteak beste, ingelesari pisu handiagoa emanda euskarazko ikastorduak murrizten direlako. Horiek horrela, PAItik ateratzeko prozesua hasi dute zenbait ikastetxek, pixkanaka.

Gaur egun, PAI eskaintzen duten D ereduko hamalau ikastetxe horietatik zortzik egin dute programa uzteko eskaera; %57,15ek, alegia. Eskaera onartuta, PAI kentzeko bidean dira Castejongo Dos de Mayo eta Sarrigurengo Joakin Lizarraga zentroetan, baita Tafallako Marques de la Real Defensa, Erriberriko Principe de Viana eta Buztintxuriko ikastetxe publikoen euskarazko adarretan ere —PAIri eutsiko diote gaztelaniazko lerroetan soilik—. Horiez gain, ingelesezko programatik ateratzeko eskaera aurkeztua dute Noaingo San Miguel, Elizondoko Francisco Jose Iriarte eta Garesko ikastetxeetako zuzendaritza taldeek ere. Gobernuaren balekoa jasotzen badute, PAI alde batera uzten hasiko dira eskola horietan ere, 2027-2028ko ikasturtetik aurrera.

PAI tantaka indarra galtzen ari zela ikusita, baina, neurriak hartu ditu Hezkuntza Departamentuak. AET Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, Nafarroako Gobernuak azken urteetan zabaldu dituen D ereduko lerroak, berez, D-PAI programakoak dira: «D eredua zabaldu da hainbat ikastetxetan azken boladan, baina Hezkuntza Departamentuak behartu ditu D-PAI izatera. Hau da, zenbait irakasgai ingelesez eman behar dituzte», adierazi dute ohar batean.

Elkarteak gogorarazi du, dena den, aukera dagoela «inposizio» horri uko egiteko eta zabalik dela PAI programatik ateratzeko epea. Zehazki, aurtengo urriaren 5ean argitaratutako 626/2026 ebazpenean arautua dago PAItik ateratzeko prozedura, eta, horren arabera, ikastetxeek abenduaren 14ra arteko epea dute eskaera erregistratzeko.

«Euskara barneratzeko oztopoa da»

AETren esanetan, honakoa «aukera ederra» da PAItik ateratzeko: «Euskara barneratzeko oztopoa da, eta, beraz, etorkizunean ingelesez ongi ikasteko ere ez du balio. Jakina da bi hizkuntzatan ongi moldatzen direnek hobeto ikasten dutela hirugarrena».

PAI uzteko prozedura, baina, luzea eta korapilatsua da. Lehenik eta behin, programatik ateratzeko plan bat prestatu behar da, honako atal hauek zehaztuta: programatik ateratzeko arrazoiak, ikastetxeak hizkuntza arloan izanen dituen helburu berrien planteamendua, ikastetxeak PAItik atera ostean izanen duen lantaldearen estimazioa eta programa era mailakatuan bukatzeko prozesuaren egutegi bat, ikasturtez ikasturte. Horrez gain, programa uztea onetsi beharko dute hala klaustroak nola eskola kontseiluak. Ikastetxeko zuzendaritzak egin behar du eskaera Hezkuntza Departamentuko erregistroan edo legezko beste erregistro batean.

D-PAI eredua duten ikastetxeez gain, gainerakoei ere dei egin die AETk, ingelesezko programari uko egin diezaioten: «G-PAI duten ikastetxeek ere aprobetxatu beharko lukete aukera. Ikasgaiak ongi ez ikastea da programa horren lorpena», adierazi dute.