Aiara Garaialde eta Adrian Losarcos izan dira Euskal Herriko txapeldun mendi duatloian

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko (EHMDZ) zazpigarren proba jokatu zen larunbatean Idiazabalen (Gipuzkoa), eta Euskal Herriko Txapelketa ere bai, aldi berean. Guztira 85 duatloilari lehiatu ziren, 29 bakarka eta 28 bikote erreleboka. Proba Aiara Garaialde segurarrak (Gipuzkoa) eta Adrian Losarcos tafallar gazteak (Nafarroa) irabazi zuten, eta, horrenbestez, Euskal Herriko txapel nagusiak jantzi ere bai.

Mailaz mailako txapelei dagokienez, 25 urtez azpikoetan Ane Aranburu eta Losarcos bera izan ziren txapeldun; elite mailan, Aiara Garaialde eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra —proban bigarren izan zen Urrestarazu—; 35 urtetik gorako emakumezkoen kategorian, Maitane Garmendia izan zen txapeldun, eta 40 urtez gorako gizonezkoetan, Eneko Gurrutxaga.

Errelebokako modalitatean ere banatu zituzten Euskal Herriko txapelak: gizonezko bikoteen artean, Unai Altuna eta Haritz Artano (Xaxiziklistak) izan ziren txapeldun, eta bikote mistoetan, Ainhoa Arruti eta Mattin Sanzberro (Agerre). Emakumezko bikoteetan, Haizea Erguin eta Oneka Goiburu (Zepaiko Neskak) izan ziren probaren irabazleak.

Probari berari dagokionez, lehia polita izan zen Idiazabalgoa. Korrikako lehen saioan, Ainhoa Markinez legazpiarra (Gipuzkoa) izan zen azkarrena, baina mendiko bizikletan, Aiara Garaialdek jan zuen galdutako tartea, eta, horrez gain, alde polita atera zuen korrikako azken saio laburrean, eta, hala lehen postuari eutsi. Markinez bera izan zen bigarren, eta Maitane Garmendia ibartarra (Gipuzkoa) hirugarren.

Josu Urrestarazu, Adrian Losarcos eta Gexan Albisu: hiru aurrenekoak Idiazabalen. ASIER ZALDUA / GOIERRIKO HITZA

Mutiletan ere ederra izan zen lehia. Korrika, Josu Urrestarazu herritarra izan zen azkarrena. Behobia-Donostia lasterketan 1.10en langatik jaistea lortu berri du idiazabaldarrak, eta herriko mendi duatloian ere argi utzi du zer-nolako sasoian dagoen. Mendiko bizikletan, ordea, Adrian Losarcosek ia bi minuturen atera zion Urrestarazuri —txirrindularitza munduan ibilia da Losarcos—, korrikako azken tartean lehen postuari eusteko nahikoa. Gexan Albisu izan zen hirugarren duatloian.

Aiara Garaialdek iaz parte hartu zuen lehen aldiz EHMDZko proba batean, Kanpezun, eta geroztik «buruan sartuta» zeukan Idiazabalgo lasterketa. «Izugarrizko ilusioa pizten dit txapel honek», aitortu dio Goierriko Hitza-ri. Josu Urrestarazu, berriz, iazko EHMDZko txapeldun izan zen. Aurten, berriz, beste helburu batzuekin ibili da, eta herrikoa izan du denboraldiko lehen mendi duatloia: «Euskal Herriko txapelketa zen aurtengo nire zerrendan markatutako azken data berezia, eta mendi duatloietako estreinaldiak zapore ezin hobea utzi dit», adierazi zion Goierriko Hitza-ri.

Idiazabalgo probako sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Bi proba baino ez dira geratzen aurtengo EHMDZ bukatzeko: larunbat honetan, azaroak 21, jokatuko da Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) lehen mendi duatloia, eta azaroaren 28an izango da Adunakoa (Gipuzkoa), ohiko sagardotegia, sari banaketa ekitaldia eta amaierako festa barne direla. Sailkapen nagusian, emakumezkoetan, estu daude kontuak: behin-behinean, Izarne Maioz da liderra, 118 punturekin, Maite Murgia bigarren, 115 punturekin, eta Ainhoa Markinez hirugarren, 95ekin.

Gizonezkoetan, berriz, Eneko Gurrutxaga da sailkapenaren buruan, 135 punturekin, Aitor San Sebastian bigarren, 97 punturekin, eta Endika Mantecon hirugarren, 66 punturekin. Erreleboka, berriz, gizonezkoen bikoteetan, Unai Altuna eta Haritz Artano (Xaxiziklistak) dira liderrak, 122 punturekin, aurkariei alde nabarmena ateratzen dietela.

Bikote mistoetan, berriz, estuago daude kontuak: Ainhoa Arruti eta Mattin Sanzberro dira liderrak, 50 punturekin, eta bigarrenek eta hirugarrenek 45na puntu dituzte: Ane Galarza eta Enaitz Roteta dira bigarren, eta Nora Larrea eta Aitor Larrea hirugarrenak.