Jon Barberena Ibarra
Bai, badakit. Berriz ere Iruñeko alkatea zarenetik, lanpetua zaude, Enrique. Aginte makila berreskuratu,eta buru-belarri ari zara, hiri buruzagiko aniztasuna kontuan hartuz, hiritar guziendako agintzen eta, batik bat, oinarri-oinarrian elkarbizitza sendotzen eta hauspotzen.
Horren adibide dugu behar-beharrezkoa dugun armada laudatzea. Bakea nagusitu dadin, metrailetak erabiltzen dituzten neska-mutiko fierrak goraipatzea. Aurtengo apirilean, Armadaren etorbidea izena kendu, eta Katalina Foixkoa etorbidea izena paratu zion Joseba Asironen taldeak Iruñeko etorbide nagusienetako bati. Nik ere ez dakit nola atrebitu ziren holako astakeria egitera. Konkista aitzineko azken erregina izan zen Katalina Foixkoa, pertsona baliogarria, kementsua eta azkarra, baina armadaren balioarekin alderatuz gero, ezer guti. Enrique, normala da armadari eta militarismoari gorazarre egitea, gu guzion defentsan eta arma merkeak etikoki darabiltzaten soldaduak omentzea, alegia. “Espainiako armada loriatsuari” eskaini diozu etorbidea. Iñaki Iriartek eta Patxi Perezek Leitzan erakutsi duten gisara, diktadura sasoia presente duzu.
Bertzalde, agerikoa denez, iruindarren erosotasuna bermatu nahi duzu, eta, horretarako, autoen joan-etorri azkarra eta horiek aparkatzeko tokia ziurtatu nahiko zenituzke. Hiritarren erosotasuna lehenetsi, norbanakoaren osasuna eta airearen kutsaduraren aitzinetik. Europako hiri anitzek hartu duten kontrako noranzkoan abiatu, eta autoz betetako karrikak, kez betetako birikak eta bozina soinu lasaigarriak hiri buruzagiko ezaugarri bihurtu. Hori dela eta, Pio XII etorbidean aparkaleku gehiago paratu nahi dituzu, horrela, lau urte hauetan mugikortasun jasangarriaren alde tematu direnei bizkarra eman, eta ohiko hiri bihurtu nahi duzu Iruñea. Ez al dira, ba, hiriaren berezko osagaiak ibilgailuen kaosa, kea eta auto ilara akiezinak?
Eskola publikoa ere beti izaten duzu gogoan, nahiz eta eskola horiek diruz ez dituzun inoiz sobera lagundu. Horren adibide dugu duela guti Joseba Asironen taldeak berritutako Hello Egunsenti haur eskolan eginiko adierazpen aski logikoak. Argi eta garbi adierazi berri duzu heldu den ikasturtean Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza ttipituko duzula, eskaintza gehiegizkoa delako. Azken batean, Europako lurralde bakarra da gurea berea den hizkuntza baten kontra egiten duena, eta, doike, Navarra Sumaren bereizgarri propio hori mantentzea gauza ederra da.
Gogor hasi zara lanean, Enrique. Agintea hartu bezain fite, soldata goititzeko erabakia hartu duzu. Justifikatua dago arras, denok bai baitakigu gorrotoz hartutako hainbertze erabakik nekea eta estres maila handia sortuko dizkizutela. Segi horretan, euskara eta euskaldunak zangotrabatzen; bakearen izenean, metrailatzen dabiltzanak omentzen eta natura kez ureztatzen. Kasu, hainbertze gorrotok urdailean ultzerak sor ditzake; zaindu.