Ondareari eusteko prest dira

Ondareari eusteko prest dira

Erreniega inguruko herritarrek plataforma bat sortu dute, salatzeko mendi tontor horren hegoaldeko eta iparraldeko mendi hegaletan parke fotovoltaiko «handiak» egin nahi dituztela. Ingurumen Departamentuko arduradunek erran dute ez dutela ezein proiekturen berri, «ofizialki».

Edurne Elizondo

Aurrea hartu nahi diote mehatxuari; atea itxi, erabat ireki baino lehen. Erreniega “galtzeko” beldur dira, eta, horregatik, antolatuz erantzun diete mendilerroko hegoaldeko eta iparraldeko magaletan garatu nahi dituzten proiektuei: Erreniega Salba Dezagun plataforma sortu dute inguruko herritarrek, han egin nahi dituzten parke fotovoltaikoak geldiarazteko. Ondareari eutsi nahi diote, “nekazaritza, paisaia eta kultura ez galtzeko”.

“Talde askotarikoa” osatu dute plataformako kideek, eta garbi utzi dute “zorroztasunez” jokatuko dutela. Izan ere, “informaziorik ezari” egin nahi diote aurre, eta, horretarako, “ezagutza, ikerketa eta datuak” erabiliko dituztela nabarmendu dute. Artea ere bai, eta, lan ildo horretan lehen urratsa egiteko, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa aukeratu dute plataforma jendaurrean aurkezteko. Zentroan, gainera, ikusgai dago Alberto Oderiz eskultore eta arkitektoak okasiorako egindako obra. “Energia berriztagarrien aitzakian, Erreniega kendu nahi digute; aurrea hartuz erantzun dugu: guk eramanen dugu mendia, herritarrak ohar daitezen galtzeko dutenaz”, azaldu du egileak. Erreniega irudikatu du artistak Uharteko bere obran.

Plataformako kide ere bada Oderiz. Haren familiak baditu lurrak Izarbeibarren; zehazki, Adios inguruan. Lur horiek alokairuan emateko proposamena jaso zuen Oderizen aitak. “Eta prest zen kontratua sinatzeko”. Inguruko nekazariei eta inguruko herrietako jabeei proposamen bera egin zietela konturatu ziren arte: “Proiektu erraldoi bat zela ohartu ginen, eta, eginez gero, herriko baratzetik ez genuela Erreniega gehiago ikusiko”. Ez zuten sinatu. Enpresak gutxienez 36 urteko alokairu kontratuak ari dira eskaintzen.

Oderizen kontakizunak erdigunean jarri ditu plataformak nabarmendu nahi dituen auziak: batetik, ezin dela “dena justifikatu” energia berriztagarrien izenean, are gutxiago energia berdeen aldeko apustu horren atzean “aberasteko asmo hutsa” dagoenean; eta, bertzetik, proiektu zehatzez harago, garatu nahi den eredua dela gakoa. “Nafarroako Gobernuak erran beharko du zer nahi duen: herrialdeko nekazaritza lurrak eguzki plakaz bete, edo autokontsumoaren alde egin, produkzioa deszentralizatuz eta eguzki plakak industrialdeetako teilatuetan kokatuz”, erran du Erreniega Salba Dezagun plataformako kide Julen Rekondok.

“Lehenetsi”

Ingurumen kudeaketan aditua da Julen Rekondo, eta garbi du parke fotovoltaiko handiak ez direla apustu egokia. Are gutxiago, nekazaritza lurretan. Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilari Itziar Gomezek ere hiri lurzoruen eta lurzoru urbanizagarrien alde egin zuen urrian, UAGN sindikatuko arduradunekin egindako bileran. Gobernuko kideek zehaztu zuten, orduan, prestatzen ari diren klima aldaketari buruzko lege proiektuan jaso dutela hiri lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak “lehenetsiko” dituztela parke fotovoltaikoak egiteko.

Rekondoren ustez, hain zuzen, hori da auziaren gakoa: “Lur horiek lehenesteak ez du erran nahi nekazaritza lurrak erabiltzeko aukera erabat baztertzen denik”. Bitartean, hiru enpresa ari dira Erreniega iparraldeko eta hegoaldeko lurrak alokatzeko ahaleginean: “Solaria hegoaldean; Uterga, Muruzabal eta Adios herrien inguruan; eta Syder eta Solarig iparraldean, Galar eta Zizur zendeetan eta Beriainen”, azaldu du plataformako bozeramaile David Eslavak.

“Garbi dugu enpresek garatu nahi dituztenen gisako proiektuek gure paisaiari, gure lurrei, gure bioaniztasunari eta gure ondare kulturalari eginen lieketela kalte”, azaldu du Eslavak. “Plataforma sortu dugu ingurumenarekin eta inguratzen gaituen munduarekin interesa dutenek bat egiteko eta, denen artean, trantsizio energetiko bidezko eta orekatu baten alde lan egiteko”.

Hamabost proiektu

Erreniegako magaletan parke fotovoltaikoak egiteko aukera gauzatzeko prozesuak bide luzea du egiteko oraindik ere; baina enpresek idatziz jaso dute asmo hori jada Solaris enpresaren webguneak dio herrialdean 420 megawatt ezartzeko asmoa duela, eta Nafarroako Gobernuak ere agerian utzi du lehendabiziko urratsak, behintzat, egin dituztela.

Izan ere, hilaren 9an egindako agerraldian, Nafarroan energia berriztagarrien esparruan dauden egitasmoen berri eman zuen Enpresaren eta Ekonomiaren Garapenerako kontseilari Manu Aierdik. Aipatu zuen 23 parke eoliko eta 12 fotovoltaiko egiteko proiektuak jaso dituztela departamentuan, eta bertze 35 jasotzeko zain direla. 35 horien artean, 15 dira fotovoltaikoak; tartean Erreniegakoak egonen lirateke. Abenduaren 24a baino lehen hasi behar dute proiektu horiek tramitea, berme gisa jarritako dirua ez galtzeko.

“Kopuruak ekartzen du etekina: zenbat eta megawatt gehiago, orduan eta irabazi handiagoa”, nabarmendu du Julen Rekondok. Megawatt horiek lortzeko toki batean edo bertzean behar den azalera ez da bera, ordea, eta, horren ondorioz, Nafarroan, adibidez, Andaluzian (Espainia) baino hektarea gehiago behar dira. “Lortu nahi duten megawatt bakoitzeko bi hektarea behar dituzte enpresek”, zehaztu du Rekondok.

Horregatik egin dute Erreniegako nekazaritza lurren alde, hain zuzen ere: “Haientzat errentagarriagoa da; gastua murriztea lortzen dute, sarera lotzeko guneak gertu dituztelako, eta erabil ditzaketen bideak badaudelako, bertzeak bertze. Dirua da enpresen lehentasuna; proiektuek izan dezaketen eragin ekologiko edo soziala, bost axola”, salatu du Rekondok.

“Energia berriztagarrien inguruko burbuilak ekarri du enpresak haien artean lehiatzea linea elektrikoetara lotzeko; energia berriztagarriko proiektuak sare elektrikora lotzeko guneetan dute negozioa”, erantsi du adituak. Araudiaren arabera, lotune horiek arduradun bakarra izan dezakete, eta ekoizle bat baino gehiago dagoenean, arduradun horri dagokio prozedurak antolatzea. Hori egiteko baldintzak, baina, ez dira garbiak, eta gatazkak sor daitezke.

Nafarroako Gobernuak kontuan hartu beharko luke herritarrek eta herrialdeak zer duten galtzeko, egun asmo huts diren proiektuak gauzatuz gero. Hori uste du Julen Rekondok: “Balio handiko nekazaritza lurrekin lotutako ondarea dugu galtzeko; koronabirusak krisia eragin duen honetan, ezin dugu hori onartu”.

%80 erregai fosilak

Ingurumenari so egiteko beharra nabarmendu dute Erreniega Salba Dezagun plataformako kideek. Klima aldaketari aurre egitea “ezinbertzekotzat” jo dute, baina ez dute Erreniega galdu nahi bide horretan. Beharrik ez dela argi dute; Erreniega galtzeak ez lukeela deus aldatuko. “Energia berriztagarrien esparruan mahai gainean dauden proiektuek ez dute arazoaren errora jotzen. Proiektu handiak dira, ingurumenari kalte handia egiten diote, eta argindarra ekoizten dute: Nafarroako egungo energia kontsumoaren %20, alegia”, nabarmendu du Julen Rekondok.

Nafarroan kontsumitzen den energiaren %80 erregai fosiletatik eratorritakoa da, oraindik ere. Eta errealitate hori aldatzeko beharra jarri du erdigunean Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak. Ingurumen zuzendari nagusi Pablo Muñozek ere garbi erran du: “Energia berriztagarrien alde egin behar dugu, baina ez ekoizpen hori egun dagoen ekoizpenera gehitzeko, baizik eta berotegi gasak eragiten dituen ekoizpena ordezkatzeko”.

Muñozek nabarmendu du departamentuan ez dutela Erreniegan egin nahi dituzten parke fotovoltaikoen berri, “ofizialki”. Gomezek nekazariekin egindako bileran erran zuena berretsi du, gisa horretako azpiegiturak hiri lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan jartzea lehenesten duela prestatzen ari diren legeak. “Enpresek aurkeztutako proiektuak aztertzea dagokigu guri”, erran du. Departamentuko kideek ez dute uste Erreniegakoen gisako proiektu ek bide luzea egin dezaketenik. Atea, halere, ez dute erabat itxia.

 

Sustraik energien “burbuila” sastatu nahi du

Ez da oraingoa Sustrai Erakuntza fundazioaren energia berriztagarrien inguruko “burbuilaren” kontrako aldarria. Erreniegako magaletan egin nahi dituzten proiektuen berri jaso eta gero, burbuila hori “sastatzeko” helburua berretsi du erakunde ekologistak.

Erreniega Salba Dezagun plataformako kideek bilera egin dute jada Sustrai Erakuntza fundazioko arduradunekin, eta elkarlanerako aukera proposatu dute. Sustrai Erakuntzak salatu du haize erroten parkeekin duela hainbat urte gertatu zena ari dela orain gertatzen parke fotovoltaikoen arloan. “Ezkutuko lehia handia dago enpresen artean neurri handiko parkeak martxan jartzeko”. Erreniegan egin nahi dituzten proiektuez gain, Erriberrin ere 150 hektarea inguruko parke fotovoltaiko bat egin nahi dutela ohartarazi du.

Datua

1.755

ZENBAT HEKTAREA HARTUKO LITUZKETEN PARKEEK

Erreniegako hegoaldeko magalean bi parke egin nahi ditu Solaria etxeak: bat, 550 hektareakoa, eta bertzea, 280koa. Iparraldekoan, bertze bi egitasmo dituzte Syder eta Solarig enpresek, 450 eta 475 hektareakoak. Denera, 1.755koa.

 

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku