Agerikoa da iruindarrek hiriko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsari dioten maitasuna. XIX. mendekoak dira panpinak; zutik dira geroztik, eta, tente jarrai dezaten, azterketa sakona egin die udalak.
Edurne Elizondo
Haur, gazte, heldu eta zahar. Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa maite duten herritarrak adin guztietakoak dira. Maitasun hori agerikoa da panpinak karrikara ateratzen diren bakoitzean; aurtengoa, baina, sanferminik gabeko bigarren uztaila izan da hiriburuan, pandemiagatik, eta iruindarrak konpartsaren atzetik ibiltzeko aukerarik gabe gelditu dira, berriz ere.
Huts hori betetzeko, Iruñeko Udalak erraldoien emanaldi bereziak antolatu ditu, Ziudadelan. Orain arte egindako saioetarako sarrerak berehala agortu ziren. Bertze bat eginen dute, ondorioz, datorren asteazkenean, hilaren 28an. Uztailaren 15ean jarri zituzten sarrerak salgai, eta ordu eskas batean saldu ziren denak. Irailaren 4an eginen dute oraingoz azkena izanen den saioa. Denera, 14.400 sarrera erosi dituzte asteotan Iruñeko erraldoiak Ziudadelan dantzan ikusteko.
160 urte baino gehiago
Ziudadelan konfinatuta, neurri batean, baina zutik da Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa, hain zuzen. Iruñeko Udalak helburu hartu du, gainera, “sasoi onean” jarrai dezaten. Horregatik, azterketa sakona agindu du konpartsako panpinak osasunez nola dauden jakiteko, eta behar dituzten tratamenduak jaso ditzaten. Sagarte etxeak egin du, eta azterketaren ondorio nagusia da konpartsako kideek “beren adinaren berezko ajeak” dituztela.
Dantzan aritzeko arazorik ez dute erraldoiek, konpartsako panpinen artean zaharrenak izanagatik ere. Arizkungo Tadeo Amorena eskulangileak egin zituen, 1860an, Iruñeko Udalaren enkarguz; zortzi dira denera.
Lau bikotek osatzen dute erraldoien taldea, bakoitza kontinente baten ordezkari: Europako errege-erreginak, Asiakoak, Afrikakoak eta errege-erregina amerikarrak dira. Beltza da azken bikote hori, eta, arrazoi horregatik hain zuzen, konpartsak 1965. urtean New Yorkera egin zuen bidaian parte hartu gabe utzi zuten.
1860tik, behin baino gehiagotan joan behar izan dute erraldoiek erizaintzara, eta garaian garaiko tresnekin eta materialekin artatu dituzte. Esku hartze horiek guztiek izan duten eragina ezagutzeko, hain zuzen, eta Sagarte etxeak egindako azterketaren osagarri, konpartsako kide guztiak eskaneatu dituzte, 3D irudiak lortzeko. FOVEA etxea arduratu da horretaz. Egindako argazkiek eta azterketek agerian utzi dute zer-nolako garapena izan den erraldoiak egiteko —eta konpontzeko— erabilitako materialetan, bertzeak bertze: jatorrizko kartoiaren ordez, epoxi erretxina eta beira zuntza erabili dituzte azken urteotan, beharrezko konponketak egiteko.
“160 urte baino gehiago dituztenez, antigoaleko objektutzat har ditzakegu erraldoiak”, erran du Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maria Garcia-Barberenak, azterketaren aurkezpenean. Karrikan ibiltzen direnez, “zaintza berezia” behar dutela erantsi du, eta horregatik egin dutela konpartsako panpina guztien egoera ezagutzeko ahalegina. Udalaren asmoa da panpinak lehengoratzeko pauta zehatz batzuk ezartzea, osasuntsu jarrai dezaten.
Buruhandi eta kilikiak
Azterketa sakona ez diete egin erraldoiei soilik. Konpartsako buruhandiak, kilikiak eta zaldikoak nola dauden jakiteko ere ikuskatu dituzte panpina horiek. Buruhandiak Felix Floresek egin zituen, 1890. urtean. Bost dira, denera. Kilikiak, berriz, sei. Zenbait eskulangilek eginak dira, 1860-1941 bitartean. Zaldikoak ere sei dira, 1910-1941 urte bitartekoak, eta zenbait egilerenak.
Argazkiak: Iruñeko Udala.