Kattalin Barber
Bost urte ditu Sara Zugastik; 68, berriz, Ander Irisarrik. Larraiza dantza taldeko dantzari gazteena da lehendabizikoa, eta dantzari ohi zaharrenetarikoa, berriz, bigarrena. Bihar, elkarrekin aterako dira biak, eguerdian, Lizarrako entz...
Aisialdia
Goruntz begira
Edurne Elizondo
Zoaz mendira, lurrean etzan, eta egin iezaiozu so zeruari. Hori da astronomia". Luis Martorellek erran ditu hitzok. Astronomo amateurra da, Girgillaoko behatokia martxan jarri zutenetako bat. Igandean, Espainiako Astronomia Kongresuko parte hartzaileek bisitatuko dute eraikin hori. Iruñean egin dute bat; 200 inguru dira, eta atzotik ari dira astronomiaz eztabaida egiten, planetarioan. Bi urtean behin egiten dute topaketa hori, eta astronomo amateurren artean garrantzitsuenetako bat da.
Girgillaoko behatokiko kideek planetarioko bertako eta Astronavarra Sarea elkarteko kideak izan dituzte lagun kongresua antolatzeko bidean. Bi urtean behin egiten dute. Astronavarra Sarea, hain zuzen, 2014. urtean jarri zuten martxan, eta, geroztik, abian den topaketa prestatzen aritu dira. 150 bazkide inguru ditu elkarteak gaur egun, eta astronomiari buruzkoak zabaltzea hartu dute helburu nagusi. "Zaletasunak gora egin du Nafarroan", nabarmendu du Astronavarra Sareko Javier Pratek.
Iruñeko Planetarioak badu horretan ikustekorik. 1993an inauguratu zuten, eta astronomo amateurrentzako bilgune izan da. Ez bakarra, ordea. Girgillaoko behatokia astronomia zaletasun duten hainbat pertsonak jarri zuten martxan, duela lau urte inguru. "Hainbat lagunek egin genuen bat; karrikan egon beharrean, babesteko toki bat nahi genuen, eta Girgillaon utzi ziguten. Kontzejuak anitz lagundu digu. Hiru teleskopio ditugu, eta kontzejuak berak bertze bat jarri du. Bisitak egiteko hamaika eskaera jasotzen ditugu; gainezka egin digu egoerak!", azaldu du Martorellek.
Astronomo amateurren artean era askotakoak daudela azaldu du Pratek. Zeruari so egitea nahikoa da zenbaitentzat. "Abuztuan, adibidez, Pertseidak ikus ditzakegu". Bertze zenbaitek nahiago dute diru bat inbertitu. "Bertze edozein zaletasun duenaren kasuan gertatzen dena gertatzen da astronomoen artean ere: muga norberak jartzen duela",erantsi du Martorellek. Astronomoek zehaztu dute, hala ere, teknologia berriei esker, astronomo amateurren eta profesionalen arteko muga gero eta lausoagoa dela. "Profesionalek, anitzetan, amateurren laguntza eskatzen dute; amateurrek lortutako datuak baliatzen dituzte".
Profesionalen eta amateurren arteko elkarlana jorratuko dute, bertzeak bertze, Iruñeko Planetarioan abian den kongresuan. Bertze hainbat gai jarri nahi izan dituzte antolatzaileek mahai gainean, halere, eta nagusietako bat da argi kutsadurarena. Zeru iluna maite dute astronomoek, herri eta hirietan dauden kale-argiek behatu nahi dituzten izarrak eta gainerakoak ezkutatzen dituztelako.
"Arazoa ez da bakarrik gurea; kontua da energia xahutzen ari garela; kaleko argiek, anitzetan, ez dute beren helburua betetzen, zerua argitzen baitute, lurrean dagoena argitu beharrean", salatu du Pratek.
Martorellek azaldu du Garesen, Girgillaoko behatokiko kideen laguntzarekin, hain zuzen ere, araudi berria egin dutela, argi kutsadurari aurre egin ahal izateko. "Arazoaz jabetu dira, eta neurriak hartu nahi dituzte". Nafarroa osoan indarrean dagoen legeak ere argi kutsadura bazter uzteko neurriak agintzen ditu. "Aurretik dauden kale-argiek, ordea, ez dute araudi hori betetzen". Aldatu ez dituztenez, arazoa bere hartan dago oraindik, neurri handi batean.
Astronomoak ez dira zeru iluna bilatzen duten bakarrak. Nafarroako Gobernuak ere izarrak behatzeko zaletasuna turismoa sustatzeko bide bilakatu nahi du. NICDO izenekoa da Iruñeko Planetarioa kudeatzen duen enpresa publikoa, eta "astroturismoa egiteko guneak" zehaztu nahi dituzte herrialdean. "Babestutako eremuak izanen lirateke, nolabait, argi kutsadurarik gabekoak". Donejakue bidea izanen litzateke toki horietako bat. Erronkarin ere sustatu nahi dituzte astronomia eta turismoa. "Zehazki, Larrako eski estazioa nahi dugu astronomoentzako gune bilakatu", azaldu du NICDO enpresako kide Javier Lakunzak.
Sekretu gutxiago
Donejakue bidean, Larran, edonon. "Zeruari so egitea da kontua", berretsi du Javier Pratek. Zeruari so egitean, hain zuzen, unibertsoa uste duen baino handiagoa dela ohartzen da gora begiratzen duena, Astronavarra Sareko kideak erran duenez. "Unibertso horrek sekretu anitz ditu, oraindik ere, baina lehen baino gutxiago; gero eta gehiago dakigu".
Aspalditik da Prat astronomo amateurra; bitan ikusi ahal izan du eguzki eklipse oso bat, eta nabarmendu du gisa horretako bertze bat ikusi ahal izanen dela datorren urtean Ameriketako Estatu Batuetan. "Ikuskizun benetan ederra da hori; gauak hartzen du eguna. Hemen, 2026an izanen da".
Eklipseak, izar iheskorrak, asteroideak... zeruan ez da falta zer behatu. "Ez dago aspertzeko aukerarik". Iruñeko Planetarioa hartu duten astronomoek badakite. Zeruari so egiten diotelako etorri dira kongresura, hain zuzen ere. Eta hori egiten jarraitu nahi dute. Goruntz begira.
Kultura askatzeko jaialdia, seigarrenez
Edurne Elizondo
Jaialdien sasoia izan ohi da uda partekoa. Gazteek hamaika kontzertutara joateko aukera izaten dute hilabeteotan. Enpresa handiak izaten dituzte atzean halako ekinbideek, eta, kulturaren gainetik, negozioaren eredua nabarmendu ohi da, kasu gehienetan. Hori bazter utzi nahi izan dute Lizarran, ordea, eta, lortu ere, lortu egin dute azken bost urteotan. Kultura Askearen Aldeko jaialdia jarri zuten martxan 2011. urtean, eta, aurten, seigarrenez antolatu dute; gaur eta bihar izanen da, herriko Los Llanos parkean.
"Kultura ez da negozio bat; molde komertziala bazter utzi nahi dugu guk, eta kultura askearen alde egin, kulturaren esparruan lanean ari den bertako jendeari egiten duen hori erakusteko aukera emanez", azaldu du Ander Mazkiaranek. Lizarrako Gazte Asanbladako kidea da. Erakunde horrek hartu du, aurten, jaialdia antolatzeko ardura bere gain. Jaialdiak bere oinarriari eutsi dio, eta kontzertuak izanen dira, gaur eta bihar, egitarauko izar. Antzerkigintzari ere tokia egin nahi izan diote aurten antolatzaileek, halere. Virginia Senosiain aktoreak Que la muerte te acompañe bere ikuskizuna aurkeztuko du, hain zuzen ere. Hitzaldi bat antolatu dute Lizarrako Gazte Asanbladako kideek, halaber: herriko Pikutara kolektiboko kideak ariko dira, errepresioaren inguruan. Gainera, ohikoa denez, banatzaile alternatiboen azoka eginen dute, beren disko eta liburuak zabaltzeko aukera izan dezaten.
Aurtengo antolatzaileek beren ukitua eman diote jaialdiari antzezlanaren eta hitzaldiaren bidez. Ontzat jo du hori Andres Alonsok, Caracol Banaketak etxeko kideak. Jaialdia antolatzen aritu da Alonso, hasieratik. "Aurten, laguntzaile aritu naiz, batez ere", erran du. Jaialdiak urtetik urtera "berritzeko" izan duen gaitasuna nabarmendu du, eta azaldu du hori gertatu dela, neurri handi batean, antolatzaileen taldea aldatuz joan delako, hain zuzen ere.
"Zezen plazan egiten zituzten kontzertuak dira jaialdiaren aurrekari nagusia", gogoratu du Alonsok. "Azken urtean La Polla Records aritu zen, Oteitzako Aizkora 47 taldearekin. SGAEri [Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea] ez zitzaion deus ordaintzen, baina erakunde horretako kideak agertu ziren herrian. Dirurik gabe gelditu ziren antolatzaileak, eta kontzertuak egiteari utzi zioten herrian", azaldu du. Egoera horri erantzun nahi izan zion Kultura Askearen Aldeko jaialdiaren lehen aldiak, hain zuzen ere, 2011. urtean. "SGAE bazter utziko zuen jaialdia antolatu nahi genuen".
Gaztetxearen inguruko Ultima Alternativa izeneko kolektibo libertarioa hasi zen jaialdia mamitzen. "Lizarrako eta Lizarra aldeko hamasei talde inguruk egin genuen bat; batzordea osatu, eta jaialdia martxan jarri genuen".
Bigarren urtean esparrua zabalduz joan ziren antolatzaileak, eta Zaragozako eta Errioxako (Espainia) hainbat talderi eman zioten parte hartzeko aukera. Madrilgo hainbat ere izan dira Lizarran, azken urteotan. "Ezaugarri nagusia izan da beti SGAErekin ikustekorik ez duten taldeak aritu izan direla; guk sortzen ditugu gure abestiak, guk jotzen ditugu, eta guk banatzen ditugu; sormena da hemen kontua, ez dirua".
Ultima Alternativa kolektiboko kideek Caracol Banaketak etxeko kideen esku utzi zuten antolatze lanen ardura, hirugarren jaialditik aurrera. "Gaztetxeko jendea ere aritu da azken urteotan, baita inolako taldetan ez dagoen jendea ere. Edozein modutan, nahi duenak parte har dezake", zehaztu du Alonsok. "Hori da garrantzitsuena; jaialdi hau herriarena da; ez da inorena".
Alonsok nabarmendu du hasieratik aldarrikatu nahi duen mezuari eutsi diola. "Udan enpresa handiek egiten dituzten jaialdi horietako anitzetan jo ahal izateko ere ordaindu egin behar dute taldeek; gu horren kontra gaude". Irabazi asmorik gabeko ekinbidea da jaialdia. "Kontzertuak doan eskaintzen saiatzen gara; gastuak ordaintzeko taberna jartzen dugu. Irabazten duguna hurrengo urteko jaialdirako izaten da", azaldu du.
Gaztetxeak, 20 urte
Lizarran dena prest dute jada jaialdiaren seigarren edizioa martxan jartzeko. Kontent da Mazkiaran, Lizarrako Gazte Asanbladak hartu duelako ekinbide horri eusteko ardura. Gaztetxeko kideak dira batzar horretan. Mazkiaranek gogoratu du urrian hogei urte beteko dituela Lizarrako gaztetxeak, hain zuzen ere. "Azken boladan belaunaldi aldaketa bat izan da gaztetxean ere; jende berri asko sartu da".
Gauzak egiteko gogoz direla nabarmendu du Mazkiaranek. Hasteko, Kultura Askearen Aldeko jaialdia, gaur eta bihar.
Trena itzuli da eskualdera
Kattalin Barber
Desagertu zenetik 60 urte igaro diren arren, tren txikito deituriko Bidasoko trenbidearen oroitzapena ez da galdu bailaran. Irundik (Gipuzkoa) Elizondoraino egiten zuen bidea trenak. Trenbidearen ibilbideak bere horretan jarraitzen du, eta azken urteetan bide berde gisa egokitu dute, Behobia eta Doneztebe artean, hain zuzen ere. 1916an egin zuen tren txikito-k bere lehenengo bidaiarien bidaia, orain dela 100 urte hain justu, eta, gertaera hori gogora ekartzeko, erakusketa ibiltaria antolatu dute. Abendura arte eskualdeko hainbat herritan ikusgai egonen da. Uztailaren 31 arte, Lesakako Harriondoa kultur etxean izanen da.
Erakusketa Cederna Garalur elkarteko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak antolatu du, eta Euskotren/Euskal Burdinbidearen Museoaren eta Manuel Cariñenaren laguntzarekin osatu dute. Museoak utzitako panel informatiboek eta Cariñenaren bilduma pertsonalak ontzen dute erakusketa. Horien bidez, 40 urtez bizirik izan zen burdinbidearen historia kontatzen dute.
"Txikitatik gustatu zaizkit trenak niri. 7 urte nituela oparitu zidaten nire lehendabiziko trena, eta ordutik dut zaletasuna; ez dut galdu", azaldu du Cariñenak. 8 urte zituela bere lehenengo bidaia egin zuen tren txikito-n, Irundik Beraraino, hain zuzen ere. Azkeneko bidaia, berriz, 1956ko abenduaren 30ean egin zuen, itxi aurreko egunean, hain justu. "Makinista ezagutzen nuen, eta azken bidaia berarekin egitera gonbidatu ninduen, automotorrean. Izugarri gogoratzen ditut egun hartako guztiak, azken bidaia hura".
Adinean aurrera egin ahala, bere afizioak ere aurrera jarraitu zuen, eta lantegian zegoenean hasi zen tren geltokiak marrazten eta eraikitzen. Erakusketan ikusgai dago berak egindako Irungo Kostorbe geltokiaren maketa. Egun, 60 tren inguru ditu. Bidasoko trenbidearen milaka oroitzapen gordetzen ditu Cariñenak. Erakusketa egitea eta bildutako guztia uztea "plazera" izan da harentzat. Bere ametsa egia bihurtu du.
Cariñena Bidasoko trenbideko hainbat geltokitan egon zen itxi zituztenean, eta "denetarik hartzeko" aprobetxatu zuen aukera. "Langileen nominak, bidaiari txartelak, paperak... Aurkitu nuen guztia hartu nuen". Horrekin osatu du erakusketa. Azaldu du trenari zergatik esaten zioten tren txikito: "1931n aurreko trenak ekarri zituzten; motor propioa dute horiek, eta tren higiarazleak dira. Kontua da horiek bagoiak baino askoz txikiagoak zirela, eta hortik hartu zuen izena Bidasoko trenak". Bagoiek 20.000 tona inguru pisatzen zuten, eta automotorrek, berriz, 12.000 tona bakarrik.
1953ko uholdeek 400 metro bide inguru altxatu zituzten, eta trenbidea konpondu zuten arren, tren enpresaren egoera jasanezina zen. "Defizitarioa zen, bidaiari kopurua ez zen espero zuten bezain handia izan, eta itxi egin behar izan zuten", azaldu du Itsaso Tapia Baztan-Bidasoa Turismo Garapena erakundeko turismo teknikariak.
1956ko abenduaren 31n egin zuen bere bidea azken aldiz Bidasoko trenak. Behin betiko agurtu zuten. "Martxan 40 urtez bakarrik egon bazen ere, arrasto handia utzi zuen eskualdean; guztiok gogoratzen dugu". Orain, bide berdeak 39 kilometroko ibilbidea du, eta, Tapiak adierazi duenez, luzatzeko asmoa ere badute. Uda honetarako, gainera, ibilaldi gidatu bat antolatuko dute bisitari guztiei tren txikito-ren historia kontatuz.
Antolatu duten erakusketaren bidez, halaber, burdinbideak Baztan-Bidasoko eskualdean izan duen garrantzia nabarmendu nahi dute: "100 urte beteko diren honetan, une egokia da gogora ekartzeko eskualdean izan zuen eragina".
Herriz herri
Erakusketa Lesakan zabaldu zuten, ekainean, eta hilaren 31ra arte egonen da. Gero, abuztuaren 5etik 12ra bitartean, Etxalarren, eta abuztuaren 20tik 24ra, berriz, Donamarian. Doneztebera joan-etorria eginen du: abuztuaren 27tik irailaren 5era egonen da lehenik, eta, gero, azaroaren 10etik 20ra. Eratsunen, irailaren 8tik 11ra egonen da; Beran, irailaren 13tik 20ra; eta Igantzin, berriz, irailaren 23tik 25era. Sunbillan, irailaren 27tik urriaren 11 bitarte ikusi ahal izanen dute, eta, Baztanen, urriaren 15etik azaroaren 7ra. Zubietan, azaroaren 24tik 27ra egonen da. Abenduaren 2tik 4ra Iturenen izanen da. Bertizaranan abenduaren 7tik 18ra ikusi ahalko da, eta, azkenik, abenduaren 23tik 31ra, Elgorriagan.
Antzerkiak iraganera eramanen du herria
Kattalin Barber
Antzoki bilakatuko da Erriberri aurki. Iraganera bidaiatzeko aukera emanen du Erriberriko Antzerki Klasikoaren 17. jaialdiak, uztailaren 22tik abuztuaren 6ra bitarte. Aurten, William Shakespeare eta Miguel de Cervantesen heriotzen 400. urteurrena da, eta gogoan izanen dituzte hainbat antzezlanekin. Horretaz gain, Nafarroako antzerkigintza presente egonen da Mikroklasikoak sailean, eta Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute. Antzezlanak ez ezik, hainbat ikastaro, hitzaldi eta berrikuntza dakar aurtengo edizioak.
Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria da, eta, hark azaldu duenez, aurten "haize freskoa" eman nahi izan diote jaialdiari: "Antzerki klasikoa da, baina proposamenak oso garaikideak direla uste dut; horrek freskotasuna ematen dio jaialdiari". Berria eta zaharra eskutik helduta doaz Erriberrin, eta ezaugarri hori jaialdiaren "arima" dela esan du. Erregearen Jauregiaren kanpoaldean kokatutako La Cava antzeztokian izanen dira antzezlan nagusiak. 392 lagunentzako lekua du.
Aurten, jaialdiak hiru sail izanen ditu: obra nagusiak bilduko dituen Klasikoak, OT4OS KL2IKO2 saila eta Mikroklasikoak. Asteburuan izanen dira antzezlan nagusiak, La Cava antzeztokian. OT4OS KL2IKO2 sailean, Nafarroako Antzerki Eskolak gomendatutako hainbat lan antzeztuko dituzte. Hirugarren saila, berriz, Nafarroako antzerki taldeek osatuko dute. Kaleko eta familientzako antzerki lanak eskainiko dituzte, halaber.
Lopezek adierazi bezala, jaialdiaren muina antzezlanak izan arren, ikastaroak, eskola magistral bat eta hainbat kaleko ekintza egonen dira. Yayo Caceres aktore ezagunak eskola magistral bat gidatuko du antzerki eta kirolaren inguruan. Erritmoa, musika eta kirola interpretazio lanean nola landu jorratuko du, besteak beste.
Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute Mikroklasikoak sailean. Gehienez, hamabost minutu iraungo dute obrek, eta hainbat egunetan ikusi ahalko dira. Horretaz gain, Nafarroako antzerki konpainia batek egonaldia eginen du Erriberrin jaialdiak irauten duen bitartean. Txori Garcia Uriz eta beste hainbat aktorek osatzen dute taldea, eta In Extremis proiektua aurrera eramanen dute herrian. Generoaren gaia lantzen duen Shakespeareren obra bat izanen dute oinarri.
Aurten, jaialdiak British Council erakundearekin hitzarmena egin du, eta, horri esker, The Complete Walk proiektua ikusgai egonen da. 37 film laburrek osatzen dute proiektua, eta Shakespeareren obren istorioak kokatzen diren agertoki beretan filmatu dira. Haietako bat, zehazki, Erriberriko Errege Jauregian. Galdutako amodiozko lanak du izena obrak, eta bertan idazle ingelesak Nafarroari buruzko esaldi ezagunena idatzi zuen: "Nafarroa munduko miraria izanen da".
Denentzako proposamenak
Iaz abiatutako bideari jarraituz, eta ikusmen eta entzumen arazoak dituztenentzat, bukle magnetikoak jarriko dituzte bi obratan. La Cava antzeztokian taularatuko dituzten Ricardo III —uztailaren 29an— eta Trabajos de amor perdidos —abuztuaren 6an— obretan. Azpidatziekin ikusteko aukera ere egonen da. Gainera, familientzako obretako batean, Los chismes del Quijote y su amigote izenekoan —uztailaren 22an—, keinu hizkuntzako interprete baten laguntza egonen da.
Lopezek adierazi duenez, jaialdia antolatzeko "elkarlanean" aritu dira Erriberriko Udalarekin, eta harreman "estua" dutela esan du. Bi astez, Urrezko Mendera itzuliko da herria; ehunka bisitari jasoko ditu, eta herritarrek "aktiboki" parte hartzen dute jaialdian. "Antzerki klasikoan eredu bilakatu da Erriberri, eta herriak jaialdia bizi du".
Jaialdiak 350.000 euroko aurrekontua du aurten. Antolatzaileak nabarmendu nahi izan du jaialdia ez dela bakarrik ordainpekoa, eta kaleko ekintzen eta doako antzerkien bidez herrian oso giro "atsegina" sortzen dela.
Lopezen ustez, "osasun onean" dago Nafarroako antzerkigintza, eta horren seinale da Mikroklasikoak sailak izan duen "arrakasta": "Lan asko jaso ditugu. Aukera eman genuen euskaraz eta gaztelaniaz aurkezteko, baina, zoritxarrez, gaztelaniazko proposamenak bakarrik jaso ditugu". Antzerkigintza klasikoaren egoitza izanen dira aurki Erriberriko karrikak.
Gola heteropatriarkatuari
Edurne Elizondo
Kirol mundua esparru maskulinizatua da; gizonek egina, gizonentzat". Hori da Iruñeko Bullerak talde transfeministak aldatu nahi duen errealitatea. Lehen urratsa egunotan eginen du: kirol jardunaldi transfeministak prestatu ditu Nafarroako hiriburuan, atzo hasi eta igandera arte. Gola sartu nahi diote Bullerakeko kideek heteropatriarkatuari, sistema horretaz harago zer erran eta zer egin badelako. "Erresistentziarako espazioak behar eta nahi ditugu", erran dute antolatzaileek. Bertze hainbat arlotan bezala, baita kirolaren esparruan ere.
1900. urtean parte hartu zuen emakume batek aurrenekoz Olinpiar Jokoetan. Charlotte Cooper tenislaria izan zen (Ingalaterra, 1870-1966). Ez zen lehian aritu, halere; erakustaldia egin zuen. Cooper hil eta urtebetera, 1967. urtean, Bostongo maratoian aritu zen emakume bat, lehendabiziko aldiz. Inizialekin eman zuen izena Katherine Switzerrek, berez emakumeek parte hartzea debekatua ez zuten arren, praktikan ez zietelako uzten korrika egiten. Laugarren kilometrora ailegatu zenean, hain zuzen ere, antolatzaileak Switzer ibilbidetik ateratzen saiatu ziren, baina aurrera egitea lortu, eta lasterketa bukatu zuen, lau ordu eta hogei minutuko markarekin. 1974an, New Yorkeko maratoia irabazi zuen, eta 1975ean, berriz, bigarren sailkatu zen Bostongoan.
Urte horretan, emakume bat aurrenekoz ailegatu zen Everest mendiko gailurrera. Junko Tabei japoniarra izan zen emakume hori. Everestetik jaitsi zenean, inork ez zuen hark egindako lana nabarmendu. "Ama arduragabea" zela leporatu zioten sorterriko hedabideek, hilabete gutxiko bere haurra aitarekin gelditu zelako, ama mendian zen bitartean.
Emakumeen parte hartzea ohikoa da, gaur egun, goi mailako kirolaren esparruan; horrek ez du erran nahi, hala ere, zer hobetu ez dagoenik. Helmuga, transfeminismoaren ikuspuntutik, urruti da, oraindik ere. Bullerak taldeko kideek argi erran dute: "Genero sistemak egituratzen du gizartea; kirolaren esparruan ere, emakumeok edota emakume gisa sozializatutatako pertsonak ikusezin bilakatzen gaituzte".
Hedabideek egoera horretan betetzen duten rola jarri du mahai gainean Ainhoa Azurmendik. EHUko irakasleak gaur hartuko du parte Bullerak taldeak antolatutako jardunaldietan. Jardunaldi praktikoak izanen dira, neurri handi batean, baina teoriarako eta eztabaidarako tartea ere izanen dute. Heteropatriarkatua kirol munduan izenburupean, eztabaida saioa eskainiko du Azurmendik, hain zuzen, Lo Eizagirrerekin batera. Hedabideen arduraz, Azurmendik gogora ekarri du Carolina Marin badminton jokalari espainiarrari egunkari batean egindako elkarrizketa. "Izenburu gisa Eta bikotekidea ere badu jarri zuten!", salatu du.
Kirola gizonezkoen parametroen arabera egituratuta dagoela azaldu du Azurmendik. "Haiena den mundutzat dute, eta zalantzan jartzen dituzte emakumeon gaitasunak. Erresistentziak badaude, hori delako gelditzen zaien azken muga, indarrarena. Kirola sortu zen gizonezkoen indarra erakusteko. Gizonek diote emakumeek ezin dutela haiek bezain on izan, baina argi izan behar dugu gizonen parametroekin neurtzen dela on hori".
Estereotipoen indarra
Goi mailako kirolaren esparruan, arauek emakume eta gizon nor diren eta nor ez diren ere zehazten dutela erantsi du Azurmendik. "Estereotipoak apurtzeko ordua da". Oraindik indar handia dute, ordea. Caster Semenya atleta hegoafrikarraren kasua jarri du mahai gainean. 2009an, Berlingo Munduko Txapelketan urrezko domina irabazi zuen. "Zalantzan jarri zuten haren sexualitatea, haren gorputzak ohi baino testosterona gehiago eragiten duelako, bai eta lortutako domina ere; sekulakoa da hori, eta beti emakumeei gertatzen zaie".
Gizon-emakume binomio horren mugak gainditzen zailak dira. Kirolaren esparruan, gainera, ustez emakumeenak eta ustez gizonenak diren ezaugarriak indartzen ditu. "Kirolariek ere barneratzen dituzte presio sozial horiek. Boxeoan aritzen diren emakumeei, adibidez, gona jartzen diete. Zergatik? zalantzan ez jartzeko emakumeak direla, feminitatea gal ez dezaten", erran du Azurmendik. Gizonen eta emakumeen ezaugarriak zeintzuk diren zehazteko orduan estereotipoak daude tartean. "Tradizioz ezarritako estereotipo horiek erreproduzitzen ditugu, behin eta berriz. Apurtu egin behar ditugu, ordea".
Gizon-emakume binomioa da nagusi goi mailako kirolaren esparruan, baina sailkapen horretatik kanpo bertzelako errealitateak badirela nabarmendu du Ainhoa Azurmendik, eta, ondorioz, kontuan hartu beharko liratekeela. Bat egin du harekin Lo Eizagirrek. Azurmendirekin batera ariko da gaurko saioan. Eizagirrek bere esperientzia azaldu du. Surflaria da, eta goi mailan aritu da lehian, hainbat urtez. Uztea erabaki du, ordea. "Transexual maskulinoa naiz; lehian emakumeen artean aritu naiz beti; gizon gisa aritu nahiko banu, bi urtez egon beharko nuke hormonak hartzen; duela ez askora arte ebakuntza egin behar zen, gainera, lehiatu ahal izateko. Egoera horren aurrean, nik zer egiten nuen? Emakumeen artean lehiatu. Nork bere estrategiak bilatzen ditu aurrera egin ahal izateko; bizirik irauteko".
Halako egoerak eguneroko kontu dira goi mailako kirolaren esparruan, araudiek eta federazioek gaiari behar bezala eutsi ez badiote ere, oraindik ere. Baina lehiaketaren esparrutik kanpo ere, aisialdia betetzeko kirol jardueretan, bada gogoeta egiteko beharra. "Ni ez naiz hasi hormonak hartzen; igerilekura joaten naizenean, adibidez, emakumeen aldagelan sartzen naiz, eta arropa ahalik eta azkarrena kentzen dut, inork ezer esan ez dezan; egunerokotasunean badago hamaika zailtasun", azaldu du Eizagirrek.
Azurmendik bat egin du Eizagirrerekin, eta haurren artean ere zer teorizatu eta zer hausnartu badela nabarmendu du. Gakoa da, haren ustez, kirola gozatzeko egiten den jarduera bat dela. Ezin dela esparru hori sufritzeko espazio bilakatu. "Umeen artean ere esperientzia txarra izan dezake kirola egin nahi duen transexualak; gure identitatea lotzen da emakume edo gizon izateagatik gizarteak gutaz espero duen horrekin, baina haurrak definitzen ez direnean, edo transexualak direnean, oztopoak aurkitu ditzakete". Azurmendik argi erran du sentiberago izan behar dugula halako egoeren inguruan, eta, batez ere, kirola jarduera gozagarri bilakatzeko hausnarketa egin, eta sor daitezkeen egoerak normalizatzeko neurriak proposatu.
Talde mistoen gaia jarri du mahai gainean. Aisialdiaren esparruko kirol jarduera eta goi mailakoa bereizi ditu. Eta goi mailako kirolaren esparruan, emakumeek beren espazioa izatearen aldekoa da Azurmendi. "Indarra eta boterea ematen dio horrek emakumeari". Lehiaketa ofizialetatik at, berriz, "alternatibak saiatu" behar direla gaineratu du.
Eizagirrek uste du, halaber, emakumeek kirolaren munduan bizi izan duten eta bizi duten bazterketari aurre egiteko garrantzitsua dela haien jarduera babestea eta bultzatzea. Surfaren munduan horretan ari da, Emakumea Surflari programaren bidez. Surfa ez da ageri Bullerak taldeak prestatutako egitarauan, baina bertze hamaika kirol jarduera probatzeko aukera izanen dute igandera arte parte hartzaileek: errugbia, aeroboxinga, herri kirolak, roller derby, eta abar. "Iaz, Valentzian egin zen halako esperientzia bat lehen aldiz; polita da kirola eroso eta askatasunean egitea".
Jantzi berri bat San Ferminentzat
Edurne Elizondo
San Fermini ere ailegatu zaio berritzeko ordua; UPNren agindupean jantzi zituen arropak, behingoz, haizatzekoa. Hori uste dute Pamplona Orain kultur elkarteko kideek, eta asmo horrekin antolatu dituzte sanferminei buruz hausnarketa bultzatzeko jardunaldiak. Gaur eta bihar eginen dituzte, Iruñeko Katakrak liburu dendan eta Kondestable jauregian. Bertze besta eredu bati buruzko gogoeta jarri nahi dute mahai gainean, herritarren artean eztabaida pizteko sexismoaren, jaiak ingurumenean duen eraginaren, bestaren eta kontsumoaren arteko lotura estuaren, ekonomiaren eta animalien erabileraren inguruan, bertzeak bertze.
Iruñeko udal gobernu berriak 2015eko ekainean hartu zuen hiriaren ardura bere gain. Ordurako, ia itxita zegoen uztailaren 6an hasi ziren sanferminetako egitaraua. Aurtengoak izanen dira, beraz, Joseba Asiron alkatea buru duen taldeak osoki prestatutako lehendabiziko bestak. Aldaketak izan dira jada. "Sanferminetako mahaian parte hartu ahal izan dugu. UPNk gizarte eragileak bazter utzi zituen; aurten, gure proposamenak egin ahal izan ditugu, eta hori garrantzitsua izan da. Ekarpen hori egiteko aukera izateak jada irabazten ari garela esan nahi du", nabarmendu du Gora Iruñea plataformako kide Gorka Izkok.
Gora Iruñeak, hain zuzen, proposamena egin du sanferminetan hiriko hiru gunetan egoteko; udalaren oniritziaren zain dago, baina jasoko dutela espero dute plataformako kideek. Santa Ana, San Jose eta Baratxurien plazan izanen dira, baimena jasoz gero. Hori, hala ere, ez da nahikoa sanferminei buruzko gogoeta bultzatu nahi duten guztientzat. Izkok berak aitortu du: "Gora Iruñeak ez ditu hirian dauden sentsibilitate guztiak ordezkatzen". Erantsi du, dena den, haien asmoa dela "ahalik eta jende gehien erakartzea" haien proiektura. "Gora Iruñea sortu zen besta herrikoiak, parte hartzaileak, euskaldunak eta parekideak izateko asmoz; gogoeta prozesua egin dugu guk ere, eta bertze hainbat balio erantsi ditugu: antikapitalistak, ekologikoak, askotarikoak eta kulturalak. Bide horretan lan egin nahi duena ongi etorria izan dadila".
Udalak martxan jarritako sanferminen mahaiak lau atal ditu, eta bakoitza jorratzeko osatu dute mahai propio bat: karrika, entzierroa, egitaraua eta generoa. Pamplona Orain taldeko Arturo Cisnerosentzat mahaiak martxan jartzea ez da nahikoa, eta, are gehiago, uste du ez dutela bermatzen bestek behar duten gogoeta egiteko aukera: "Bilera bat egitea jendeak bere iritzia emateko ez da benetako prozesu parte hartzaile bat. Prozesu hori egin ahal izateko markorik ez du zehaztu udalak; udaleko herritarren parte hartzerako sailak berak ez du sanferminetako mahaia prozesu parte hartzailetzat jo nahi izan".
Cisnerosek onartu du aurrera egin duela udalak, eta ahalegina eskertu du, baina gehiago behar dela berretsi du. Udal gobernua osatzeko akordioan jasotako konpromisoa betetzeko epeak atzeratu izana ere kezkagarritzat jo du. Udalak, hain zuzen, sanferminei buruzko liburu txuria osatzeko ardura bere egin zuen akordio horretan, besta ereduari buruzko gogoeta egiteko. "2017ra atzeratu dute", erran du Cisnerosek.
Ez hori bakarrik. Udalak hainbat gairi buruzko eztabaida egiteko aukerari atea itxi diola nabarmendu du Pamplona Orain elkarteko kideak. Zezenen erabileraren inguruan mahai ingurua eginen du talde horrek bihar, prestatu dituen jardunaldien barruan. "Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du entzierroak ezin direla ukitu". Are gehiago, alkateak "irrigarritzat" jo izan du zezenketak debekatzeko aukera, "tradizioaren" izenean.
Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik ere "tradizioa" jarri du mahai gainean, zezenen erabilerari buruz galdetuta. Udalak eztabaida bultzatzeko hainbat gai zehaztu dituela iragarri du, eta irailean hasiko direla lan horrekin. Gaien zerrenda horretan, ordea, animalien erabilerari buruzko aipamenik ez dago. "Hitz egiteko aukerari ez diot atea ixten, baina guk ez ditugu pausoak emanen aurretik hiriak ez baditu ematen".
Urteak dira Iruñean animalien erabileraren aurka protestak egiten dituztela, eta gora egin dute urtetik urtera. Iaz, Anima Naturalis taldeak, Equo eta Pacma alderdiek eta Iruñeko Ekintza Antiespezistak antolatu zituzten, bertzeak bertze. Gaur hasiko diren jardunaldietara ere eraman du gaia Pamplona Orain taldeak, eta Gora Iruñea plataformak, berriz, bere oinarrizko balioen artean kokatu du "bizirik dagoen inolako animaliarik ez erabiltzea".
Pamplona Orain taldeko kideek zezenketen inguruko eztabaida piztu nahi dute batez ere; ez, hainbertze, entzierroei buruz. Gora Iruñeak onartu du entzierroak kentzea zezenketak bazter uztea baino zailagoa izanen dela, baina plataformak helburutzat jo du animaliak erabiltzen dituzten ikuskizun guztiak kentzea. "Egia da auzi hau ez dugula behar bezala zabaldu, oraindik ere, baina argi dugu ezin dugula bizirik diren animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunik onartu. Eztabaida egiteko prozesu bat adosteko beharra dago", berretsi du Izkok.
Hiriko hoteletako enpresarien ordezkariek ere onartu dute, bestak prestatzeko mahaietan, kalte egiten diela sanferminak zezenekin lotzeak, eta hainbat herritan nahiago dutela Iruñeko bestak ezagutzeko bidaiak ez antolatu. "Bai, mahai gainean jarri dute auzi hori. Hipotesi bat da. Ez dugu daturik", erran du Maider Belokik.
Alde Zaharra, jaiaren gune
Sanferminak zezenekin lotzen ohi dira, batez ere, baina Iruñeko besten inguruko gogoetak anitzez ere esparru gehiago ukitu behar dituela uste dute gaur hasiko diren jardunaldien antolatzaileek. Haietako bat da Nerea Fillat eragile soziala. Zalantzarik gabe erran du: "Azken hamasei urteotan jai eredu bat inposatu digute, eta bada garaia eredu horri buelta emateko. Eztabaida sakona behar dugu".
Hiritarren zati batek ez dituela sanferminak bere sentitzen nabarmendu du Fillatek, eta horri buruzko gogoeta beharrezkotzat jo du. Besta, egun, alkoholarekin lotzen da, batez ere, eta ordutegirik gabeko jaia ekartzen du horrek. "Alde Zaharra bilakatzen da sanferminen erdigune; zaborra eta zarata sufritu behar dute bertako herritarrek". Galdetu du zilegi ote den batzuek besta egitea eta bertzeek, berriz, ondorioak pairatzea. "Egia da festek hiria baldintzatu behar dutela, eta dena aldatu, baina modu zentzudunago batean".
Oraingo sanferminak ez direla denentzat gaineratu du. "Dirua duten gazteentzat dira, eta klase ertain edo altuko helduentzat; egia da festak hamaika aurpegi dituela, eta bakoitza saiatzen dela bere esparrua bilatzen; baina nik sentitzen dut nireak diren esparru horiek gero eta txikiagoak direla".
Sexismoaren auzia ere jarri du mahai gainean. "Feministen lanari esker azaleratu da gai hori; lehen, isilpean gelditzen zen". Emakumeek bestaren esparru nagusietan tokirik ez dutela salatu du. Erasoena ere landu beharreko gaia dela nabarmendu du. Are gehiago, "urte osoan" egin beharreko lana dela argi du Fillatek.
Zeri buruz gogoeta egin bada. Hasteko, besta herrikoiak zer diren zehaztu beharko litzatekeela uste du Nerea Fillatek. Argitu beharko litzateke, halaber, erakundeek gogoeta egiteko benetako borondatea ote duten. Belokik baietz erran du, eztabaidarako prest direla. Aurten egin diren aldaketak, ordea, "gutxienekoak" direla uste du Fillatek, eta urrunago jo beharko lukeela udalak: "Ez da benetako parte hartzea bultzatu. Udalak ez lioke beldurrik izan behar eztabaidari, eta susmoa dut badiola; eredu berberari eusten badiogu, tristea eta pobrea izanen da bidea".
Eskarmentua eta freskura
Maialen Belarra
Talde lana, lagunarteko giroa, antzerkia, auzolana, umorea, parte hartzea, jolasa... Denetarik izan du berriz ere Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoak, eta bihar Etxarri Aranazen egingo den finalean ere horixe islatuko da. Hamar mende geroago, oraindik entzun daiteke Itzaltzuko bardoaren kantuen oihartzuna, molde berriekin osaturik. Gartxoten ondorengoek harrobi sendoa osatzen dute Nafarroan. Guztira 121 parte hartzaile izan ditu aurtengo egitasmoak: hamasei talde eta 71 bertsolari. Hiru taldek itxiko dute aurtengo aldia biharko finalean: Obario Maldikoak, Larungo Antenak eta Atekaberts taldeek.
"Taldekakoak bertsolaritza beste era batean ulertzeko aukera ematen du. Gozamenerako tarte handiagoa uzten du, esperimentaziorako… Txapelketa zurrunagoa da, eta Bardoek oholtza libreago bat marrazten dute denentzat", halaxe ziurtatu du Saioa Alkaiza Obario Maldikoak taldeko bertsolariak. Iritzi berekoa da Julen Zelaieta Larungo Antenak taldeko kidea ere: "Kezkak badaude bi kasuetan, baina bertzelakoak dira. Ez zaigu hainbertze axola zenbat puntu eskuratzen ditugun. Guztia ongi antolatzea eta etxe giroko saio bat egitea da funtsezkoena".
Izan ere, taldekakoak, izenak ongi dioen moduan, elkarlana du zutarri garrantzitsuena. Taldeko kide guztiek zeregin andana dute saio bakoitza baino lehen: kartelak jarri, gaiak egin, bertze saiotara epaitzera joan, etxeko saiorako tokia bilatu, grabatzeko baliabideak bermatu, eta abar. "Nik uste dut horrelakoetan ohartzen garela Txapelketa Nagusian nolako lana egiten duten gutxi batzuek bertsolariok kantatu ahal izateko", dio Zelaietak.
Finean, Bardoetan balioa ematen zaie bertsolaritzaren esparru guztiei; saio baten atzean dagoen lan guztia azaleratzen da: "Garrantzitsua da bertsotan aritzea, baina gainontzeko lan guztia ere maila berean dago, denon lana da, eta hori baloratu behar dugu", azaldu du Alkaizak.
Gainera, bertsolari hasiberrientzat plaza erakargarria eskaintzen du taldekakoak: formatu txikiko saioak, tokian tokikoak, lagunarteko giroa, taldekideen babesa, zurruntasun handiegirik ez... Aurten hogei bertsolarik lehen aldiz kantatu dute jendaurrean. "Lehen pausoa ona izan da, esperientzia positiboa izan dute gehienek. Hori garrantzitsua da", baieztatu du Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Oro har, aurtengo aldiaren balorazio oso ona egiten du elkarteak.
Aniztasuna nagusi
Zelaietak jakinarazi du bertso eskola batzuek urtebete eskas izanagatik ere beren taldetxoa osatu dutela, eta horrek "ilusio berezia" egiten duela. Dena den, beterano gehiagok parte hartzea ere beharrezkoa dela uste du. "Polita da 14 urteko batek 40 urteko batekin kantatzea. Horrelako aukerak ematen ditu egitasmo honek, eta finalean ere denetarik egongo da", ziurtatu du Joanes Illarregi Atekaberts taldeko kideak.
16 urte izan arren, bi aldiz iritsi da Illarregi taldekako finalera. Aurtengoak, baina, badu berezitasunen bat, bere anaia Xabatekin kantatuko baitu oholtzan. "Txikitatik elkarrekin egon gara bertso eskolan, eta askotan tokatu zaigu batera abestea. Polita da hori". Eskolarteko Bertsolari Txapelketan maiz hartu dute parte bi anaiek. "Bardoak oso ezberdinak dira. Agurretik bertatik beste giro mota bat nabari da".
Saioak egiteko molde horrek lotsa kentzeko bidea irekitzen duela uste du Illarregik: "Jendaurrean kantatzeko konfiantza hartzeko balio du, lagun giroan gaudelako. Horrek segurtasuna irabazten laguntzen du. Ongi pasatuz ikasten dugu". Bertso eskolakoen artean ere giro hobea eta harreman estuagoa sortzen dela baieztatu du.
Horrez gain, azken bi hilabeteotan bertsoa hain euskaldunak ez diren zenbait eskualdetara ere iritsi da. "Mezkirizko saioan sekulako giroa sortu zen, adibidez. Nabari zen eurentzat zerbait berezia zela saioa han egitea", jakinarazi du Zelaietak. Illarregik uste du hainbertze umore eta jolas egonik hain bertsozalea ez den hori ere joan dela saioren batera: "Lehen aldiz bertso saio bat ikustera joan direnek esan digute ongi pasatu dutela, barre egin dutela eta gustura egon direla".
Horren harira, Arburuak ziurtatu du txapelketa kutsua alde batera utzi dela, eta biharko finalak batez ere balioko duela Nafarroan "bertso munduan zein ekosistema polita" dagoen ikusarazteko. "Lehia gutxienekoa da, eta hori bertsoak botatzeko eran ere nabari da. Dena den, Txapelketa Nagusia ere beharrezkoa dela uste dut, bertsoaz gozatzeko beste formatu bat eskaintzen baitu", gehitu du Alkaizak.
Bertsolari, nahi duen oro
Obario Maldikoak taldeko kideak baieztatu du bertsolaria bertso bat bota nahi duen edozein dela. "Oso inportantea da profesionala ez den jendea ere aditzea bertsotan. Denetariko ereduak behar direla uste dut, eta Bardoek hori eskaintzen dute". Alkaizaren ustez, bertsolaritza indartsu dago Nafarroan: "Euskara ukatu izan diguten guneetan ere geroz eta indartsuago dago, baina hori ezin da taldekakora mugatu; jendea urte osoan animatu behar dugu".
Baina bertso munduan dagoen oro ez da bertsolaria. Badaude gai egileak, aurkezleak, epaileak, bertsozaleak... Aldi honekin heziketa lan bat ere egin dela uste du Arburuak, bertsoaren ekosistema osatzen ari baita pixkanaka. Biharko egun osoko festa antolatu dute auzolanean. Etxarri Aranazko frontoian izango da finala, 17:00etatik aurrera. Ondoren, triki-poteoa egingo da, eta, eguna ongi amaitzeko, afaria egingo dute frontoian. Festa handi batekin bukatuko da aurtengo ekitaldia, eta finalean ere aniztasuna izango da nagusi: gazteen freskotasunak eta beteranoen eskarmentuak borobilduko dute saioa.
Lizentzia kontua
Asier Garcia Uribarri
Black Roseko programazioaren eten mugagabea". Horrela zioen hilaren 2an Burlatako taberna historiko horren Facebookeko hormako mezuaren izenburuak. Auzokideren batekin izandako arazoak eta kontzertuak egiteko beharrezko lizentzia berria ez lortzeak eragin du hori. Lizentzia lortzeko egin beharrekoak aztertzen ari da Peio Oroz lokalaren jabea. Bitartean, musika taldeak eta zaleak egoera noiz eta nola bideratuko zain daude.
Tabernetan kontzertuak egiteko araudiak garatuz joan dira azken urteotan. "Ireki genuenean, 1990eko hamarkada hasieran, ez zen baimen berezirik behar. Bizilagunak errespetatu, hori zen egin beharreko bakarra", azaldu du Orozek. Urte batzuk geroago, "taberna bereziaren" lizentzia sortu zuen Burlatako Udalak, eta Orozek atera egin zuen. Egun, ordea, lizentzia hori zaharkitua dago, eta kontzertuak eskaintzeko beharrezkoa da "kafe-ikuskizun" lizentzia. Orozek bost urte daramatza tabernan lan egin gabe, lokala alokatua baitauka. Asier Perezek darama egun taberna, eta lizentzia berria lortzeko lanak duela urtebete hasi zituen. "Lokala egokitzeko lanak egin ditugu. Orain proba akustikoa egitea baino ez da geratzen, azkena 2004an egin baitzuten. Behin hori eginda, eta lizentzia ordainduta, ez luke arazorik egon behar".
Hilaren 14an Burlatako udaletxean izan zen Oroz, lizentziari buruzko dokumentazioa jasotzen. Orain, paper guztiak aztertu beharko ditu, eta zer egin erabaki. Perezek kontratua du abendura arte, baina, arazoa konpontzen ez bada, ez du jarraituko. Hori gertatuz gero, betiko Black Rosek ateak itxiko lituzke.
Lokal historikoa da taberna hori. "Burlatan jende guztiak daki non dagoen", adierazi du Orozek. Mikel Mendinueta lagunarekin batera ireki zuen taberna, 1991ko ekainean. "Gaueko giroan ez genuen gustuko tabernarik aurkitzen, eta erabaki genuen geurea irekitzea". Inprimatzaileak ziren biak, baina nahiago zuten musika eta ostalaritza. Tabernaren izena Thin Lizzy taldearen abesti batetik atera zuten. "Diskoaren izenburua Black Rose: A Rock Legend zen. Abestia asko gustatu, eta izena ezin hobea iruditu zitzaigun".
Orozek dio 1990eko hamarkada hasieran Iruñerrian ez zegoela lokalik talde hasiberrientzat. "Beharra nabaria zen, programazioa beti bete-betea izaten baikenuen". Musika talde hasiberrien erakusleihoa zen Black Rose. Orozek dio ez zutela estilo batera mugatu nahi, baina rock and rollak beti izan duela presentzia handia.
Taberna ireki zutenetik musika mundua asko aldatu dela azaldu du Orozek. "Lehen ez zegoen Internetik, eta taldeek asko mugitu behar zuten kontzertuak egiteko. Gu hamaika tokitatik deitu gaituzte kontzertu eske. Maketa bat eta taldeari buruzko informazioa bidaltzen ziguten, taldearen curriculuma. Guztia eskuz idatzia". Horrenbeste material izaten zuten, ezin baitzieten talde guztiei jotzeko aukera eman. "Guk erabakitzen genuen nork jotzen zuen eta nork ez. Ez gara kritikoak. Baina norbaitek hartu behar zuen erabakia".
Musikarien eskola
Talde berrientzat ez ezik, musika zaleentzat ere elkargunea da Black Rose. "Euren etxean ere ezagutzen ez zituzten taldeek jo dute. Gerora, batzuk ezagunak egin dira. Adibidez, Marea. Hemen jo zutenean, haien kuadrilla baino ez zegoen publikoan, eta, handik gutxira, disko piloa saltzen hasi ziren". Erreferentzialtasun horrek eragin du talde ezagun askok tabernan jo izana. "Barricadak kontzertu berezia egin zuen gurean bateria aldatu zutenean, eta gure 20. urtemugan Komak jo zuen".
Eugenio Aristu Flacok dio musikari gisa Black Rosen hasi zela. "Partaide izan naizen talde guztiekin jo dut Black Rosen, hasi Bajo Cerorekin eta Txarrenara arte". Musikarientzat taberna oso ondo antolatua dagoela uste du Aristuk. "Tratua oso ona izan da beti, baita soinuaren kalitatea ere". Urteetan tabernaren inguruan musikarien arteko harreman sare bat osatu zela uste du. "Iruñerrian rockarekin zerikusia duen edonor pasatu da Black Rosetik". Taldeekin egindako kontzertuez gain, Aristuk hainbat aldiz parte hartu du tabernako jam session-etan. "Urtemuga hurbiltzen zenean, horrelako ekitaldiak antolatzen genituen tabernaren inguruko jendeak".
Hala ere, historia hori guztia zintzilik dago orain. Pena handia hartu zuen Aristuk Black Rosen kontzertuak eten behar dituztela jakin zuenean. "Ez dut pentsatu nahi bukatuko denik. Ez dakit zehatz-mehatz zer arazo izan dituzten, baina espero dut konponduko dituztela".
Musika talde hasiberriei agertoki bat eskaintzeko sortu zen Black Rose, eta oraindik ere egiteko hori betetzen duela uste du Aristuk. "Akaso, gazteek aukera gehiago dituzte gitarra bat lortzeko, baina jotzeko orduan ez dakit gauzak askorik aldatu diren". Hala ere, Aristuk uste du rocka dela krisian dagoena. "Errelebo falta dago. Garai batean rockak bazuen publiko zabala. Gaur egun, ordea, gazteek beste estilo batzuetara jo dutela iruditzen zait".
Mundu berri baterako leihoak
Asier Garcia Uribarri
Kasualitatez. Uda bukaerako elkarrizketa arrunt batean sortu zen Lakabe (Nafarroa) herri okupatuan Huts argitaletxea egiteko ideia. Veronica Reza eta Arkaitz Leon liburuzale amorratuak dira, eta iruzkin arrunt batekin hasi zena proiektu bilakatuz joan da. Gaia lantzen hasi, eta egun batzuetara Ines Muñoz batu zitzaien. "Hasieran ideia-jasa egin genuen, eta hortik proiektua definitzera jo. Ideia asko bagenituen ere, konkretura jotzea erabaki genuen: 'zer egin dezakegu?' galdetu genion geure buruari, eta hortik jo genuen", azaldu du Leonek.
Lanean hasi aurretik, ildo editoriala zehaztu zuten. "Beste mundu bat" irudikatzen duten testuak publikatu nahi dituzte. "Definizio horretan denetarik sar daiteke, baina ez genuen genero batean zentratu nahi, ideia batean baizik", dio Muñozek. Badakite egungo gizartearen kritika eta ikuspegi alternatiboak lantzen dituzten argitaletxe ugari daudela Euskal Herrian, eta baita atzerrian ere. Baina, eskaintza horretan, Lakabetik euren "alea" jarri nahi dute. "Egun dagoena osatu nahi dugu. Publikatuko ditugu beste argitaletxe batzuek aterako ez dituzten liburuak, eta, horrela, aukera gehiago egongo da. Guk ez dugu nahi besteak baino hobeto publikatu, beste ikuspegi bat eskaini baizik", esan du Muñozek.
Martxan jarri, eta berehala bi proiektu hartu dituzte esku artean: La poesía de los árboles (Zuhaitzen poesia) eta Un pueblo perdido (Herri galdu bat). Lehena, Ignacio Abellak zuhaitz eta basoen inguruan diharduten poemekin egindako hautaketa bat da, Leticia Ruizfernandezek ilustratutakoa. Aurretik beste argitaletxe batek publikatutako lana da, baina egun katalogotik kanpo dago. Egileekin harremanetan jarri, eta ez zuten arazorik izan baimena eskuratzeko. "Proiektua egileei azaldu genienean berehala eman ziguten baiezkoa. Publikazio berria Lakabetik ateratzeak izugarri poztu zituen", esan du Muñozek.
Un pueblo perdido, berriz, Leonek berak egindako lana da. Fantasia generoko eleberria da, trilogia bateko bigarren zenbakia. "Fantasia genero gisa oso gutxietsia dago. Badirudi dena dela Tolkien edo antzekoa. Nik fantasia epikoa lantzen dut, baina oso nabarmena da gure gizarteari egiten zaion kritika", azaldu du Leonek. Bere lehen lana bere kabuz publikatu zuen, eta bigarrena Hutsekin egingo du. Hala ere, Leonek nabarmendu du Huts ez dela izango euren lanak publikatzeko argitaletxea. "Zerbait publikatzeko orduan, hirurok ados egon behar dugu. La poesía de los árboles lanari berehala eman genion baiezkoa. Nire lana publikatzea, ordea, urtarrilean erabaki genuen. Besteek liburua irakurri eta baiezkoa eman ostean".
Horiek dira esku artean dituzten bi proiektuak, eta nahikoa lan badute proiektua zabaldu eta finantzaketa lortzeko. Baina lehenengo lanak aurrera atera ostean, haur literaturarekin lotutako zerbait publikatu nahiko lukete. Oraingoz euskarazko lanik ez dute esku artean, baina argitaletxean toki nabarmena eskaini nahi diotela azaldu dute Muñozek eta Leonek: "Oraingoz garatzen ari garen proiektuetan buru-belarri sartuta gaude. Behin hauek bukatzean, gure hurrengo pausoak zehaztuko ditugu, eta euskarak tokia izan behar du bertan". Lanak lortzeko, idazten ari diren ezagunengana jo dute, baina edonor jar daiteke harremanetan eurekin.
Argitaletxea martxan jartzeak ordu askoko lana dakar, baina baita publikazioak ordaintzeko diru kopuru handia ere. Gastuei aurre egiteko eta proiektua martxan jartzeko, Interneteko Verkami plataforman finantzaketa kolektiborako kanpaina aurrera eramaten ari dira. "Ez da ohiko finantzaketa kolektiboa, dirua jartzen duen jendea liburuak erosten ari baita. Gero publikatzen ditugunean baino pixka bat bat merkeago. Egia da proiektua aurrera ateratzeko dirua behar dugula, baina hori ez da izan finantzaketa kolektiboa martxan jartzeko helburu nagusia. Hasiberriak gara, eta argitaletxea ezagutarazteko modu bat da", dio Muñozek.
Eskutik eskura
Huts argitaletxearen proiektuak beste mundu baten aldeko ideiak zabaldu nahi ditu, eta hori euren hartu-emanetan ere landu nahi dute. "Hedapena egiterakoan, guk geuk joan nahi dugu liburu denda eta azoketara; liburuak erosiko dituztenekin harremana ahal bezain zuzena izatea nahi dugu", dio Muñozek. Txiki sortu dira, eta horrela jarraitu nahi dute. "Lakaben urteak dira etxeko ogia egiten dutela, baina arrakasta izateagatik ere, ez dute mugarik gabe hazi nahi. Hutsekin bide bera egin nahi dugu".
Lizentzien gaia ere eztabaidagai izan dute Lakaben. "Badira urte batzuk Creative Commons lizentziak heldu zirela Euskal Herrira, eta eztabaida handirik gabe hedapen handia izan dute. Guk, hasteko, Creative Commonseko hirugarren lizentziarekin aterako ditugu lanak. Bertan, egile aitortza eskatzen da, eta irabazi asmorik gabeko kopiak egiteko baimena ematen da, baina ez dira lan eratorriak onartzen. Hala ere, aurrera begira gure lizentzia propioa sortzeko aukera eztabaidatzen ari gara", adierazi du Leonek.
Hutsekin batera, beste proiektu bat ere egin dute: Amaigabea edizioak. Bertan, euren lanak publikatzeko aukera eskainiko diete Hutsetik kanpo argitaratu nahi duten guztiei. "Badago jende asko autoedizioaren alde egiten duena, bai eurek nahi dutelako, eta bai inongo argitaletxek ez duelako haien lana atera nahi. Guk pertsona horiei bitarteko bat eskainiko diegu. Lantalde bera gara, baina proiektu ezberdinak dira", dio Leonek. Modu horretan, beste finantzaketa bide bat irekiko dute.
Martxan da Huts argitaletxea, Lakabetik mundura literatura leiho bat irekitzeko asmoz sortutako proiektua. Udaberriarekin batera, apirilean, esku artean izango dituzte euren lehen liburuak. Mundu berri bat bihotzean daramatenek zer irakurri gabe geldi ez daitezen.