Kattalin Barber
Bertako basoetan galdu eta toki miresgarriak aurkitzeko parada eskaintzen du Irati Aritzak. Orotz-Beteluk, Garraldak, Garaioak eta Aribek beren basoen eta ibaien berri zabaltzeko prestatu duten ibilbide sarea da. Elkarlanean aritu dira ...
Aisialdia
Memoria, lau etapatan
Edurne Elizondo
Ezkabako memoriak badu bere mapa: Nafarroako Gobernuak mendiko ibilbide bilakatu du gotorlekuko presoek egindako ihesaldia. Ezkabatik Urepeleraino (Nafarroa Beherea), 53 kilometroko bidea egin zuten iheslariok, duela 80 urte. 795 preso atera ziren Ezkabatik, 1938ko maiatzaren 22an, baina hiruzpalauk bertzerik ez zuten muga zeharkatzea lortu. Lau etapatan zatitu du gobernuak GR-225 izena hartu duen ibilbidea; aukera ematen du presoek egin zuten bidea ezagutzeko, bai eta bide horri lotutako memorian sakontzeko ere.
Igandea zen 1938ko maiatzaren 22 hura. Igande arratsalde hartan, 795 presok ihes egin zuten Ezkabako gotorlekutik. Haietako 206 tiroz hil zituzten mendian, eta 586 atxilotu egin zituzten, berriz ere. Haietako hamalau fusilatu egin zituzten, ihesaldia prestatzea egotzita. Hiruk lortu zuten muga zeharkatzea: Jovino Fernandezek, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok. Laugarrena izan zela defendatu zuen Fermin Ezkietak Pamielarekin idatzitako Los fugados del Fuerte de Ezkaba 1938 (Ezkabako Gotorlekuko iheslariak. 1938) liburuan, 2013. urtean.
Duela bost urte, hain zuzen ere, Fernandezen, Marineroren eta Lorenzoren alabak Iruñean izan ziren, ihesaldiaren 75. urteurrenean. Ana Fernandezek, Pilar Marinerok eta Cristina Plazak beren aiten memoria berreskuratu zuten. "Miseria eta zoritxarrak bizi izan zituen han", esan zuen Fernandezek; aitarentzat gaia "tabua" zela aitortu zuen Marinerok, ez ziela sekula deus kontatu.
Astunegia izan daiteke memoriaren pisua. Baina ezagutzeko beharra nabarmendu du, halere, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Horregatik egin du administrazioak Ezkabatik ihes egin zutenen bidea berreskuratzeko urratsa. "Ezkabako gotorlekuak tresna bat izan behar du memoria bizi, aktibo eta kritiko bat eraikitzeko, han gertatu zena berriz errepika ez dadin; gure begirada etorkizuneko belaunaldietan jarri behar dugu", erran du kontseilariak.
Egungo gobernuak egin dituen urratsez harago, memoria historikoaren esparruan aritzen diren elkarteen eta eragileen bultzada ezinbertzekoa izan da, urteotan guztietan, ahanzturaren aurka lan egiteko, eta Ezkabako presoen memoriari eusteko. Ezkaba eta Urepele arteko ibilbidea prestatzeko, halaber, boluntarioek egin duten lana agerian utzi nahi izan du Ana Ollo kontseilariak. Ibilbideak dituen lau etapetako bidezidorrak egokitzen eta markatzen aritu dira, bertzeak bertze. Nafarroako Mendi Federazioak ere parte hartu du proiektuan.
Ezkaba eta Urepele arteko 53 kilometroko ibilbidea lau etapatan banatu dute. Ezkaba eta Olabe artekoa da lehendabizikoa, ia 14 kilometrokoa. Olaben, hain zuzen ere, Ezkabatik ihes egindako hamasei presoren gorpuak aurkitu zituzten, 2016an. Bigarren etapa Olabe eta Saigots artekoa da, hori ere 14 kilometrokoa. Bide tarte horretan, Burutainen eta Usetxin, bederatzi presoren arrastoak aurkitu dituzte, azken urteotan egindako lanei esker; sei Burutainen, eta hiru Usetxin.
Hirugarren etapa Saigots eta Sorogain artekoa da, eta hor ere eman dute emaitzarik egindako indusketa lanek: sei presoren gorpuzkiak atera dituzte hobitik, Urtasunen eta Agorretan, eta bertze birenak, Lintzoainen. 15 kilometro luze da hirugarren etapa hori; laugarren eta azkena, Sorogain eta Urepele artekoa, berriz, ia 10.
Batzarra Iruñean
"Ezkabako ihesaldia ikusezina izan da nafar anitzentzat; han gertatu zen tragedia ezagutu gabe hazi gara". Horixe nabarmendu du Ollok. Egoera horri buelta eman nahi dio, eta horregatik egin du gobernuak ihesaldiaren berri emateko ibilbidea.
Ez da ekinaldi bakarra, halere. Ollok ezagutarazi du martxoaren 15ean eta 16an Memoria Historikoaren Erkidegoen Arteko Sareak Iruñean eginen duela lehendabiziko batzarra. Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat erkidegok parte hartuko dute, bertzeak bertze, Aragoik, Kataluniak, Andaluziak, Valentziak eta Asturiasek. Erkidego horietako agintariekin batera, unibertsitateetako ikerlariak ere izanen dira Iruñeko batzarrean.
Udaberrirako, bertzalde, Ezkabako ihesaldiari buruzko erakusketa prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Ihesarekin lotutako hiru arlo jorratu nahi dituzte, zehazki: kartzelaren historia eta hango baldintzak; presoen inguruan sortutako elkartasun sarea; eta ihesaldia bera.
Gobernuaren aitortzaz gain, memoriaren esparruko elkarteena ere jaso dute Ezkabako presoek, urtez urte. Aurtengo omenaldiak ihesaldiaren 80. urteurrena ekarriko du gogora.
Plazak hartuko dituzte bardoek
Edurne Elizondo
Itzuli dira. Nafarroan dira, berriz ere, Bardoak. Bertsolari hasiberriak trebatzeko asmoz sortu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak herrialdeko taldekako txapelketa, eta, 2012. urtean lehendabiziko aldiz egin zutenetik, gora baino ez d...
Berriz piztu da herri zaharra
Kattalin Barber
Uharte moduko bat dira Sarrigurenen Errizar aretoa eta ondoan dituen hiru etxe zaharrak. Inguruan etxe berriak eraikitzen ari ziren bitartean, hamar urtetik gora erabat utzita eta hondamendi egoeran egon da herri zaharra. Orain, berrituta, Eguesibarko kulturaren erdigune izatea nahi du hango udalak. Errizar aretoak joan den astean ireki zituen ateak, eta XII. mendeko eliza izan zenak erakusketak, hitzaldiak eta kulturaren arloko jarduerak hartuko ditu aurrerantzean.
14.779 biztanle ditu egun Sarrigurenek, baina, eztanda demografikoa jazo aurretik, hamar biztanle baino ez zituen. Mari Cruz Mina han bizi izan zen 1956. urtera arte. "Geroztik, itzultzea gustatzen zait, baina ez du zerikusirik izan zenarekin; askotan ez dut herria ezagutu ere egiten", aitortu du. 18 urterekin Sarriguren utzi zuen, eta familia Iruñera joan zen, "etorkizun hobe baten bila". Begi onez ikusi du herri zaharra biziberritzea; Errizar aretoa inauguratu zuten egunean han izan zen, ahizparekin. "Eliza oso polita dago, eta gustatu zait herria berrituta eta apainduta ikustea. Hala ere, areto berriak ez du zerikusirik eliza zaharrarekin. Dagoeneko ez da eliza".
Udan amaitu zituen lanak Nafarroako Gobernuak; Sarrigurengo herri zaharraren eremua eta lau eraikin moldatu ditu. Gizarte eta kultur erabilerarako izanen dira, baina, oraingoz, Errizar aretoa da egokituta dagoen bakarra. "Gure asmoa da aurten beste eraikin bat irekitzea, herritarrek erabiltzeko. Erabilera guztiz definitzeko dago, baina talde kulturalentzat edota gazteentzat izan daiteke", azaldu du Joseba Orduña Eguesibarko Kultura zinegotziak. Hiru eraikin horietako bat izan zen Minaren familiaren etxea, eta "ilusio berezia" egin dio berritzeak eta mantentzeak. "Teilatu berria jarri diote, baina oraingoz ezin da erabili".
Udalak nahi du Sarrigurengo herri zaharra Eguesibarko "kulturaren herria" izatea. Orduñak argi du, halaber, beharrezkoa zela herri zaharrari irtenbide bat ematea, erortzeko zorian baitzegoen. "Herriko populazioa handitu den heinean, ez dira sortu beharrezko egiturak". Gaur egun, hain zuzen ere, Eguesibar Nafarroako hirugarren udalerria da, herritarren kopuruari erreparatuz gero. Besteak beste, ireki berri duten aretoa erabiliko dute erakusketak, hitzaldiak, ekitaldi ofizialak eta ezkontza zibilak egiteko. Egunotan, Ibarretik Ibarrarentzat erakusketa dago, Xabier Morras, Elena Bezunartea, Celia Eslava, Ricardo Laspidea, Mintxo Ilundain eta Rafael Huerta artisten lanekin. Aurrerantzean, Eguesibarko beste artista batzuen lanak paratuko dituzte areto berrian.
Utzikeriak jota
XII. mendeko eliza txikia desakralizatu egin zuten aspaldi, eta hondamendi egoeran egon da azken hamarkadan. Horregatik, Errizar aretoaren irekierak harrera ona izan duela nabarmendu du Eguesibarko Kultura zinegotziak. "Jende asko etorri da erakusketa ikustera, eta, nahiz eta areto txikia izan, horrelako zentro bat sortzea pozgarria da herritarrentzat". Horixe berretsi du Minak.
Eliza zaharra zenak hiru eraikin zahar ditu ondoan, eta hirurak moldatu eta sendotu dituzte; horrez gain, ingurunea urbanizatu dute, berriz ere, bizikidetzako hiri espazio gisa. "Lanean ari gara Eguesibarri behar dituen espazio kulturalak emateko, eta Errizar aurrerapauso bat da bide horretan", esan du Joseba Orduñak.
2003. urtean joan ziren herri zaharreko azken bizilagunak, eta, joan den urtera arte, "erabat utzita" egon da ingurua. "Oso gogorra izan zen alde egin zuen azken familiarentzat, eta gaizki pasatu zuten", gogoratu ditu Minak ordukoak. Orduñak azaldu duen moduan, ordutik landarez eta sastrakaz beteta egon da inguru guztia, eta hesiz inguratuta, gainera, berritzeko lanak hasi zituzten arte. "Itxura txarra zuen".
Nafarroako Gobernua izan da orain arte herri zaharraren jabe, eta, behin berritu eta gero, Nasuvinsa elkarte publikoak eraikin guztiak utzi dizkio Eguesibarko Udalari, erabilera sozial eta kulturaletarako hornidura gisa erabiltzeko. Hurrengo 25 urteotan udala izanen da herri zaharra kudeatuko duen erakundea, beraz. "Beharrezkoa zen hauen gisako espazio publiko berriak izatea, haran osoak erabiltzeko eta gozatzeko", berretsi du zinegotziak.
Orain, gizarte eta kultura arloko erdigune bihurtuko da Eguesibarko kontzejuetako auzokideentzat. Hain zuzen ere, Sarrigurengo urbanizazioa egitearen ondorioz utzi zuten herrixka, eta, hainbat urtez itzalean egon eta gero, berriro ireki ditu ateak, herritarrek bat egiteko gune bat izan dezaten, eta kultura suspertzeko asmoz.
Zeruko paisaiak margotzen
Edurne Elizondo
Zeruan egin dute bat arteak eta zientziak. Uharteko Arte Garaikideko Zentroak egin du bitartekari lana: aperitifa antolatu zuen larunbatean, giro lasai eta atseginean. 50 pertsona inguruk hartu zuten espazioko beheko solairua, Javier Armentiaren eta Pedro Marco Landaren arteko solasaldia entzuteko. Iruñeko Planetarioko zuzendaria da Armentia; artista, berriz, Marco Landa, eta izarrak hartu ditu ardatz bere azken proiektua garatzeko. Artearen eta zientziaren arteko harremanaz aritu ziren biak Uharten, aperitifa hartzen zuten bitartean.
"Munduari buruzko jakin-min bera dute zientzialariak eta artistak; arteak eta zientziak, bi jarduerok daukate inguratzen gaituena ulertzeko beharra; ezberdina da baten eta bertzearen konpromisoa, baina ez daude uste bezain urrun". Horixe nabarmendu zuen Armentiak. Marco Landaren deia jaso zuen duela hainbat hilabete, artista 1-10 elevado a 10 izenburupean Uharteko Arte Garaikideko Zentroan lantzen ari den proiektuan laguntzeko. "Matematika ikasketak egiten hasi nintzen gaztetan", azaldu zuen Marco Landak, larunbateko ekitaldian. Bazter utzi zituen, baina zientziaren inguruko interesa ez du galdu, halere. Biak uztartzeko aukera eman dio, orain, esku artean duen lanak. Ehun izar inguru hautatu, ikertu, eta haietako 30 margo bilakatu ditu jada. "Paisaia abstraktua" osatu duela zehaztu zuen artistak, solasaldian.
Argazkirik ez
Artistak "eraikitako" paisaiaren garrantzia nabarmendu zuen Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradun Nerea de Diegok, hain zuzen ere, larunbatean. Izan ere, izarren behaketan eta ikerketan zientziak ere baditu mugak, eta teleskopiorik onenarekin ere ezinezkoa du zientzialariak izarren benetako irudia jasotzea. "Irudia nagusi den egungo munduan, izarrak benetan nolakoak diren erakusten digun argazkirik ez dago. Ez dugu haien irudirik. Eta Pedro Marco Landa irudirik gabeko errealitate hori erabiltzen ari da bere obra osatzeko. Ez du natura erreproduzitzen; Marco Landaren lanek artistak berak eraikitako paisaia bat erakusten digute. Zeruko paisaia eraikitzen dute lanok".
"Sormen artistikoaren eta naturaren prozesuen arteko loturak eta harremanak jorratu nahi ditut", azaldu zuen artistak, bere proiektuari buruz, Uharten. Bide horretan urratsak egiteko, zientziak bere esku jarri duen informazioa baliatu du Marco Landak. Bidearen hasieran, halere, uste baino zailtasun gehiago aurkitu zituen, izarren tamainari eta adinari buruzko datuak bilatzerakoan iturri anitz eta hagitz bertzelakoak ziren emaitzak aurkitu zituelako. "Horregatik erabaki nuen Javier Armentiarengana jotzea, laguntza eske".
Planetarioko zuzendariak iturri fidagarrien berri eman zion artistari, eta aurrera egin ahal izan zuen Marco Landak, bere paisaia propioa osatzeko izarren bila. Eta bide horretan, bertzeak bertze, kolorea aurkitu zuen artistak.
"Gauez, argirik gabe, txuri eta beltz ikusten dugu kolorez betetako errealitatea", azaldu zuen Armentiak, arte garaikideko zentroan. Ahaleginduz gero, halere, kolore horietako hainbat igartzeko gai da gizakien begia, zientzialariak erantsi zuenez: "Neguko zeruan, ilunabarrean, Orion konstelazioa ikus daiteke, eta, begiratuz gero, ikus daitezke konstelazio hori osatzen duten izarretako biren koloreak; bat gorria da, eta bertzea, berriz, urdinxka".
Horiak, gorriak eta urdinak dira, bertzeak bertze, Marco Landaren paisaia osatzen duten izarrak. Hori, gorri eta urdin, koloreon ñabardura guztiekin. Izarren inguruan ikertutakoak eraman du Marco Landa izarren koloreen eta tamainen inguruko lanak osatzera, izarrongandik ailegatzen den argiak ematen baitie horri buruzko informazioa zientzialariei. "Pedrok [Marco Landa] egindako lanak, neurri batean, izarrak zer diren galderari erantzuten dio. Izarren historia XIX. mende bukaeran hasi ziren idazten, izarren sailkapenak egiten hasi zirenean. Zerrenda horiek ez zioten, ordura arteko mapek bezala, izarron argiari bakarrik erreparatzen. Hasi ziren argi horren kolorea aztertzen. Prismak erabiltzen zituzten, izar bakoitzaren argiak zenbat urdin eta zenbat gorri zuen jakiteko".
Koloreak izarren tenperaturarekin du lotura: "Zehazki, koloreak datuak ematen dizkigu izarren fotosferari buruz, hor sortzen baita izarron argia". Eta, etxeko kanilan ez bezala, izarraren argia gero eta urdinago izan, gero eta tenperatura handiagoa du.
Tenperatura eta koloreak kontuan hartuta, "izugarri zabala" da izarren aniztasuna. "Aniztasun horretan ordena jartzen saiatu zen, AEBetan, Edward Pickering izeneko astronomoa", gogoratu zuen Armentiak. 1890. urtean, hain zuen ere, beren espektroaren araberako 10.000 izarrek osatutako sailkapena argitaratu zuen. Zerrenda hori osatzeko datuak, halere, zientzialariarentzat lanean aritu zen emakume talde batek jaso zituen. Tartean ziren Williamina Fleming, Antonia Maury, Annie Jump Cannon eta Henrietta Swan Leavitt. Emakumeon lana nabarmendu nahi izan zuen Marco Landak, hain zuzen ere, larunbateko solasaldian. "Egungo astrofisikaren sorrera zor diogu emakumeon lanari", erantsi zuen Armentiak. "Haiek ulertu zuten zeruan ikusten genituen argi puntu horiek bertze hainbat eguzkiren argia zirela, eta bazela sailkatzeko aukera".
Batez ere hidrogenoak osatutako masa handiak dira zeruko izarrak. Puntu bat balira bezala ikusten ditugu, hagitz urrun daudelako. Gasak osatutako masa horiek ez dira kolapsatzen eragiten duten beroari esker. "Bero horrek eragiten du gas masa horiek hedatzea; orekari eusten dioten bitartean jarraitzen dute izarrek bizirik", azaldu zuen zientzialariak. Marco Landak osatutakoak betiko biziko dira, kolorez osatutako paisaia bateko parte direlako jada. Zeruko paisaiaren parte.
Ez baitzaizkie pilak amaitu
Edurne Elizondo
E z dute hutsik egin. Emausko Trapuketariek Eguberrietako azoka berezia antolatu dute, bosgarrenez, Iruñeko Arga karrikan duten Triki Traku dendan. Gaur irekiko dituzte ateak, datorren urtarrilaren 5era bitarte. Urte osoan jaso eta biziberritutako jostailuekin osatu dute azoka, helburu bikoitzarekin: batetik, jostailu horiek merke salduta, umerik ez gelditzea oparirik gabe; eta, bertzetik, kontsumoaren inguruko gogoeta piztea gurasoen artean.
Izan ere, Emausko Trapuketarien egoitzara urte osoan ailegatzen dira jostailuak. Egoera onean dira haietako anitz, "armairuak hustu egiten dituztelako etxe anitzetan, jostailu berrientzako toki bila". Horixe azaldu dute Emausko Trapuketariek. Eta, horregatik hain zuzen ere, beharrezkotzat jo dute kontsumo ereduari buruzko gogoeta.
Emausko Trapuketariek "milaka kilo jostailu" jasotzen dute urtean. Jostailu horien %75 garai honetan erosten dira. "Hau da, preziorik garestiena dutenean". Egoera horri buelta eman nahi diote Emausko Trapuketariek, bigarren eskuko jostailuen aldeko apustua eginez.
Eguberrietako azokarako jasotzen dituzten jostailuen artean "onenak eta deigarrienak" aukeratzen dituzte trapuketariek. Sailkatu, garbitu, eta, beharrezkoa bada, konpondu egiten dituzte, Triki Traku dendako apalategietan salgai jarri ahal izateko. "Jabeek jostailuok botatzeak ez du erran nahi ez dutela balio", nabarmendu dute azokako arduradunek.
Jostailuak eta ingurumena
Panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, Lego-ak eta abar; askotarikoak dira trapuketarien eskuetara urte osoan ailegatzen diren jostailuak. Askotarikoak dira, halaber, jostailuok ingurumenean eragin ditzaketen ondorioak. Izan ere, jostailuak egiteko baliabide natural anitz behar da, tartean metala, ura, zura eta petrolioa. Jostailu horiek zabortegira botatzen edo erretzen badira, kalteak eragin ditzakete: kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuek, adibidez, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte.
Gisa horretako auzien inguruko gogoeta piztu nahi du gaur zabalduko duten azokak. Emausko Trapuketariak elkarteko Amaia Olaberrik parte hartzera deitu ditu herritarrak. "Giro berezia sortzen da beti lehen egunean". Berriz erabiliko dituzten umeen zain dira jostailuak.
Auzoan eta auzoarentzat
Edurne Elizondo
Egun berezia izanen da bihar Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideentzat: ateak irekiko dituzte, Nabarreria karrikako Rozalejo jauregi barruan mamitzen ari diren proiektuen berri emateko. Joan den irailaren 3an okupatu zuten eraikina. Atontzen aritu dira geroztik. Hamaika kolektiboren etxe da jada. Gaztetxearen kudeaketarako batzordean, gainera, hogei pertsonak baino gehiagok egin dute bat. Asteartero egiten dute bilera, 17:00etan. Auzoan dira, auzoan lan egin nahi dutelako, eta auzoarentzat. "Auzo ereduan eragiteko; eraldatzeko", nabarmendu dute.
13:00etan irekiko ditu ateak gaztetxeak, bihar. Bisita eginen dute ordu horretan, han lanean ari diren kolektiboen berri jaso dezaten herritarrek. Ordubete inguruko ekinaldia izanen da, eta, amaieran, Alde Zaharreko gaztetxeak aurrerantzean izanen duen izena ezagutaraziko dute: "Pertsona baten izena hartuko du; pertsona horri omenaldia eginen diogu, hain zuzen ere", azaldu du gaztetxeko kide Izaskunek; bihar arte, ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan.
Gaur ere izanen da zer ikusi gaztetxean. Izan ere, Paradisu zinema aretoa inauguratuko du Nabarreriako eraikinak. Hamabost egunean behin, filmak bistaratuko dituzte gaztetxean, "auzo eta herri giro atseginean". Gaur, 18:00etakoa izanen da lehendabiziko emanaldia. Haurrei zuzendutako Kiriku eta sorgina ikusteko aukera izanen da; 20:30ean, berriz, aretoari izena eman dion filma: Paradisu zinema. Ostiralero bezala, gainera, afaria izanen da gaur ere, gaztetxean.
Bi urteko bidea
Alde Zaharreko gaztetxeak bide malkartsua egin behar izan du azken urteotan. 2015eko abenduan, Compañia karrikako eraikin bat okupatu zuten. Iruñeko Udalarekin negoziazio prozesua hasi zuten, eta, haren ondorioz, gaztetxea Caparrosoko txaletaren eraikinera aldatu zuten, 2016ko ekainean. Urrian inauguratu, baina berehala hustu behar izan zuten, "segurtasun arrazoiengatik". Udalak gaztetxean egindako obrak baliatu zituen gaztetxeko kideekin zuen kontratua bertan behera uzteko. Erakundeek dituzten "mugak" onartu dituzte gaztetxeko kideek. "Gizartea eraldatu nahi dugu guk", nabarmendu dute.
Irailetik da gaztetxea Nabarreriako jauregian. Duela hamar urte ere okupatu egin zuten eraikin hori. Bihar ateak irekiko ditu etxeak. Auzoan eta auzoarentzat.
Hazten jarraitzeko arnasa
Kattalin Barber
Batzuek lantoki dute Jazar; beste batzuek, berriz, aisialdirako toki. Guztiak sortzaileak dira, eta guztiak proiektu kolektibo baten kide dira. Sorkuntza eta kultura zentro autogestionatua da Jazar, eta Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago, garai batean Jaso ikastolak hartzen zuen eraikinean. Gaur, Jazarrek ateak zabalduko ditu, bazkide berriak erakartzeko, eta proiektua bizilagunen artean ezagutzera emateko.
Orain dela lau urte jarri zen martxan Jazar. Espazio horretan bat egin zuen sortzaile talde batek, eta han jarraitzen du, etxea alokatuta. Itxaso Iturrioz Jazar espazioko kidea da: "Gutxika-gutxika nabaritu dugu hasieratik egon garen bazkideon energiak behera egin duela, eta horrelako proiektu batek bizirik eusteko beharrezkoa du aire berria izatea, biziberritzea". Horregatik, bazkide berrien bila ari dira.
70 bazkide inguru daude egun Jazar zentro autogestionatuan, askotariko proiektuetan. Besteak beste, inprimatze eta brikolaje tailerra, argazkilaritza plato eta laborategia, informatika gela, arte eszenikoetarako espazioa eta ehungintzarako tailerra biltzen ditu eraikinak.
Lana eta aisialdia
Dozenaka sortzailek bat egiten dute han. Iturrioz, beste bi kiderekin batera, Orekari arkitektura estudioan aritzen da. Jazar da haien lantokia: "Gu egunero etortzen gara hona lanera, baina Jazar erabiltzeko hamaika modu daude". Iruñeko espazio autogestionatuak eman zien elkarrekin lan egiteko aukera Orekariko kideei. Beraiek bezala, hainbat informatikari, txalapartari eta diseinatzaile grafikok dute Jazar lantoki. Beste askok, ordea, aisialdirako eta zaletasunetarako erabiltzen dute Etxabakoizko sormen espazioa. "Sortzaileak gara hemen gaudenak, eta egiten duguna partekatzeko nahia dugu; proiektu kolektiboen zale sutsuak gara, gainera", esan du Iturriozek.
Finean, kulturarekin eta sormenarekin dute lotura han elkartu diren guztiek: margolariak, arkitektoak, musikariak, altzari zaharberritzaileak, zinemagintzan arituak, diseinatzaileak, dantzariak, antzerkilariak eta abar.
"Proiektua martxan jarri genuenetik aritu gara barrura begira, Jazar ongi kudeatzen ikasi behar izan dugulako, eta, nolabait, esan daiteke ez dugula gure jarduera garatu kanpora begira". Gogoan ditu Iturriozek sormen espazioaren lehendabiziko urteak. "Hasiberriak ginen, eta egin beharrekoaz gauza asko ez genekien, proiektu sozialetan eta kolektibotan esperientzia izan arren. Oso zaila izan da, eta, era berean, oso polita. Gauza askorekin egin ditugu saiakerak, eta funtzionatu ez duena aldatu dugu. Orain, jendeak gurekin bat egitea nahi dugu".
Ez da bide erraza izan, baina era autogestionatuan oinarritutako egitasmoek funtzionatzen dutela erakusten ari dira. "Izan ditugun arazo eta oztopo guztiekin, aurrera egin du Jazarrek; hemen gaude, eta ez da gutxi", nabarmendu du.
Hainbat jarduera egiten dituzte Jazarren. Astero, kontakt eskolak, zeramika tailer irekia, txalaparta ikastaroa eta aireko yoga eskaintzen dute zentroan. Joan den asteburuan, adibidez, Kokoro catering begano eta ekologikoak udazkeneko sukaldaritzari buruzko tailer bat egin zuen. Hitzaldiak, zine foroak, kontzertuak eta azokak ere antolatu izan dituzte.
Pumpk autoedizio topaketa, halaber, urteroko hitzordua da Jazar espazioko kideentzat: sortzaile eta editore txikien arteko topagunea. "Aipatu beharrekoa da gutxitan ikusten dugula Jazar bezalako erabateko proiektu autogestionatua. Normalean, erakundeen laguntzak izaten dituzte, baina ez da hori gure kasua". Erakundeen esku hartzerik gabe, autogestioa eta batzarrean hartutako erabakiak dituzte oinarri Jazar espazioan.
Kuotak eta lan taldeak
Urte hauetan guztietan Jazarrek bere txokoa egin du Iruñean, eta ezaguna da hainbat girotan. "Ezaguna da, baina ez dakit erabat ireki den. Ez dakit jendea libreki hona etortzen den edo badakiten bazkide egin daitezkeela eta haien proiektua hemen gara dezaketela", dio Iturriozek. Izan ere, edonori eta edozein proiekturi ongietorria eman nahi diote.
Bazkide guztiek erabili ahal dituzten espazio komunak daude egoitzan, baina badago, halaber, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera. Erabiltzaile bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero, eta, horri lotuta, betebehar batzuk ditu. Lantalde batean parte hartu behar du, adibidez. Egun, komunikazio, administrazio, mantentze eta garbiketa lantaldeak daude. "Erabaki guztiak astero egiten dugun batzarrean hartzen ditugu, baina edozein proiektu jasotzeko prest gara. Proiektua aurrera eramateko Jazarrek ez du oztoporik jarriko, baina proposatzen duenak izan behar du bultzatzailea".
Sormena eta autogestioa dira Jazarreko kideen oinarria. Proiektuarekin bat egin nahi duten pertsona gehiagoren bila ari dira espazioko kideak. Indarberritu nahi dute, zabaldu, garatzen jarraitu ahal izateko. Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko. Gaur izanen dute nahi dutenek Jazar barrutik eta gertutik ezagutzeko aukera.
Harmaila bete irakurle
Edurne Elizondo
Kazetariak. Kirolariak. Eta kirolzaleak. Sutsuak. Orain, gainera, irakurri nahi zuten kirol aldizkaria sortzeko proiektuan murgildu dira Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran: Harmaila. Zero zenbakia sarean jarri zuten uztailean, baina paperean eman nahi dute lehendabizikoa. "Arnasa luzeko" produktua egin nahi dute; patxadaz irakurtzeko aldizkaria, eta futbola protagonista izanen ez duena. Bazter gelditzen ohi diren kirolen berri eman nahi dute, bai eta anitzetan bazter gelditzen diren kirolarien berri ere. "Genero ikuspuntua txertatu nahi dugu", azaldu du Berastegik. Iruñean aurkeztu du proiektua, Manterolarekin batera. Harmaila irakurlez bete nahi dute, aldizkaria, paperean, errealitate bihurtzeko.
Ehun harpidedun behar ditu Harmaila aldizkariak lehendabiziko zenbakia karrikara ateratzeko. Azarorako prest izan nahi dute arduradunek. Bi hilabetean behin argitaratzea da asmoa, eta, horretarako, urtean bost zenbaki kaleratu ahal izateko, hirurehun harpidedun lortzea hartu dute helburutzat. Izena eman daiteke www. harmaila.eus helbidean. Orri horretan irakur daiteke, halaber, aldizkariaren zero zenbakia.
Aldizkariko arduradunek argi dute kirol kazetaritzaren esparruan dagoen "hutsunea" bete dezakeela Harmaila-k. "Eñaut Barandiaran eta biok 2011n hasi ginen proiektua mamitzen. Ikusten genuen euskal komunikabideetan kirolak behar zuela ez zuen toki bat; Euskal Herrian kirolzale asko dago, kirola egiten eta jarraitzen duen jende asko". Kirola maite duten horiek euskaraz zer irakurri ez zutela ohartuta ekin zioten proiektua zehazteari. Lehen saiakera horrek ez zuen arrakastarik izan, halere. Berriz ekin zioten lanari duela urte eta erdi. Iñaki Berastegi kazetariak orduan bat egin zuen proiektuarekin, eta, hiruren artean, eta aldizkariaren inguruan sortu duten kolaboratzaile sareak lagunduta, duela hainbat urte asmo bat zena errealitate bilakatu dute.
Emaitzez harago
"Pasioz" bizi dute Harmaila aldizkariko kideek kirola. Eta pasio berarekin heldu diote proiektuari. Uste dute "emaitzei lotutakoa" dela gaur egun nagusi den kirol kazetaritza, eta bertze bide bat jorratu nahi dute haiek. "Gaur egun, kirola aitzakia bihurtu da kirolarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz hitz egiteko; edozein huskeria berri bihurtzen da", erran du Manterolak.
"Begirada sakonago bat eskaini nahi dugu guk; Euskal Herri osoko gaiak landuko ditugu, gainera. Hemen bada kirolaren eta kulturaren arteko lotura, eta hori ere jorratu nahi dugu, kirolaren eta kulturaren arteko zubiak eraiki", berretsi du Berastegik.
Genero ikuspuntua ez dute ahaztu. Emakumeak protagonista bilakatu nahi dituzte. Emakumeek egiten duten kirolaren berri eman; kirola egiten duten emakumeei hitza eman. Proiektuko bultzatzaileen artean emakumerik ez dago, baina aldizkaria idatziko duten kolaboratzaileen zerrendan jaso nahi dituzte emakume kazetariak. "Arlo horretan ere egin nahi dugu ahalegina", azaldu dute arduradunek.
Harmaila aldizkariaren lehendabiziko zenbakia kaleratzeko irrikan dira proiektuaren bultzatzaileak. Hainbat eduki aurreratu nahi izan dituzte: solasaldia Aimar Zubeldia txirrindulariarekin, kirola uzteko erabakiari buruz; emakumeen eskubaloia; emakumeak buru dituzten kirol taldeak... Argazki erreportaje bat ere prest dute, futbol zelaien inguruan. "Sadarrek 50 urte bete ditu, eta Ipuruak, berriz, 70", azaldu du Berastegik. Urteurren horiek aitzakiatzat baliatu dituzte zelaion historiaren berri irudien bidez emateko. Diseinuak, hain zuzen ere, garrantzi handia du Harmaila aldizkariko kideentzat. Gaztelaniazko hainbat kirol aldizkari eredu hartu dituztela azaldu dute, Panenka, bertzeak bertze.
Euskararen aldeko apustua berretsi dute, halaber, aldizkariko bultzatzaileek. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko ere lan egin nahi dute beren produktuaren bitartez. Asmo horri lotuta, hain zuzen, liburutegietara bidali dute Harmaila aldizkariko kideek beren harpidetza kanpainaren berri. Irakurleak nahi dituzte, harmailak betetzeko bidean lagun.
Ezkutuko ondarea, agerian
Kattalin Barber
Katedrala, gertutik. Ez da ohikoa aldamio batera igo, eta, segurtasun kaskoa buruan, Iruñeko katedraleko klaustroa bisitatzea; hurbiletik ikustea gargolak, kapitelak eta gangak. Aukera hori eskaintzen du Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuak orain, ordea. Bisita gidatuak ari da egiten ekainetik, urtea amaitu arte, klaustroan egiten ari diren obrak bertatik bertara ikusteko.
Iaz hasi ziren Iruñeko katedraleko klaustroa zaharberritzen, eta lanak 2020an amaitzea espero dute. Lehen fasean, teilatua konpondu, euri ura biltzeko sistema hobetu, eta harlauzak egonkortu zituzten. Ekainean, berriz, klaustroko iparraldeko aldea zaharberritzeko lanak amaitu zituzten; hormartearen barnean eta lorategiko fatxadan egin dituzte. Orain, ekialdeko aldea zaharberritzen ari dira: "Alde horrek bi erlikia hobi ditu, eta kapitel asko. Hortaz, arreta handiz egin behar dira lanak. Aurrealdean, gainera, gargola eta trazeriak ari dira konpontzen eta garbitzen. Ia-ia urregileen lana da", esan du Carlos Martinez Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak. Hamabi pertsona inguru ari dira lanean.
Igandero, eta hiru txandatan, taldekako bisitak egiten dituzte katedrala eraberritzeko lanak ikusteko. Carolina Paton Erreka Incoming Navarra enpresako bisita gidariak oso ongi ezagutzen ditu Iruñeko Andre Maria katedraleko txoko guztiak. "Bisita oso interesgarria da, eta bisitari guztien sentsazioa oso positiboa da. Badakite esperientzia paregabea dela, eta errepikaezina: orain ikusten ari direna ezinen dute aurrerago ikusi". Nolanahi ere, gargolak, bobedak eta eskulturak gertu-gertutik ikustea izaten da bisitarientzat deigarriena. "Ez da egunero egin daitekeen zerbait, eta obren prozesua oso interesgarria da: esku hartzea, zailtasunak, narriadura...".
Bisitari gehienak nafarrak dira. "Herritarrek klaustroko kultur ondarea ezagutzea, eta obrak bertatik bertara ikustea da helburua, hain zuzen ere". Interes handia dago, eta, oraingoz, abendura arteko bisitak antolatu dituzten arren, Martinezek ez du baztertzen heldu den urtean berriro ere egitea. "Urrirako jada ez da tokirik, eta aurki zabalduko dugu azarokoetan izena emateko epea", azaldu du Martinezek.
Bisitak ahoz aho asko zabaldu direla gaineratu du Patonek, eta hainbat turistak ere interesa agertu dute, ondorioz. "Baina, aldez aurretik izena eman behar dutenez, eta eskaria handia denez, zaila izaten dute". Bada bisita bitan egin duen jendea ere. "Oso dinamikoa da, eta igandetik igandera aldatzen da". Gazte eta helduek badute interesa. "Denetarik dago; familiak seme-alabekin ere etortzen dira. Guztiei gustatzen zaie ikusten dutena".
Obretara bisitak antolatzeko, Nafarroako enpresa turistikoekin harremanetan jarri zen Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzua. Hiru enpresak agertu zuten interesa, eta txandaka aritzen dira hirurak zaharberritze lanak erakusten. "Horrelako bisitak Erriberriko Andre Mariaren elizan hasi ginen antolatzen. Teknikoki posible bada, oso bisita aberasgarriak dira", esan du Martinezek.
Azken urteetan, klaustroaren egoerak okerrera egin du, eta esku hartzea ezinbestekoa zela argi du Martinezek. "Egia da kanpotik ikustean ez dela nabaritzen narriadura, baina argazki serieekin eta hurbiletik ikustean argi atzematen da gaizkitu dela", jakinarazi du Martinezek. 2013. urtetik premiazko zenbait esku-hartze eta azterketa asko egin dira. Harri zatiak askatu dira, eta elementu askoren deformazio eta hausturak jazo dira. "Pinakuluak, esaterako, tenkagailu eta sareekin behin-behinekoz lotuta zeuden". Polikromian, bestetik, zikinkeria bada, eta materiala altxatuta dago: "Hezetasunak, euriak, klima aldaketak eta kutsadurak eragin handia izan dute. Gainera, beti esaten dugu garai gotikoko obrak ez direla egin asko irauteko. Esku hartzea beharrezkoa zen egoerak okerrera ez egiteko".
Bisitari asko
Ez da lehen aldia zaharberritze lanak egiten direla Iruñeko katedralean. Martinezek jakinarazi du orain dela 40 urte inguru kapiteleko eskulturen irudiak eraberritu zirela. "Argi dago ez dela azken aldia izanen; normala da obrak egotea. Uraren eragina agerikoa da. Denboraren poderioz, harria ia-ia desegin eta harea bihurtu da. Laserrarekin ere aritu dira piezak garbitzen, eta bitxia da ikustea garbi eta zikin diren eremuen arteko aldea".
Nafarroan gehien bisitatzen den monumentuetako bat da Iruñeko katedrala. 2017ko lehen hiruhilekoan, adibidez, 37.575 bisitari jaso ditu, inoizko kopururik handiena. Katedrala monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3an. "Klaustro gotikoa eta hura inguratzen duten gelak Europako Erdi Aroko arkitekturaren ondare aberasgarrienetarikoak dira", nabarmendu du Martinezek. Ia bi mende behar izan ziren eraikitzeko, 1277tik 1472ra. Oraingoan, klaustroa beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera dago. 2020. urtean aurreikusten da obrak bukatzea; oraindik asko dago ikusteko, bai eta egiteko ere.