Zeruko paisaiak margotzen

Zeruko paisaiak margotzen

Edurne Elizondo

Zeruan egin dute bat arteak eta zientziak. Uharteko Arte Garaikideko Zentroak egin du bitartekari lana: aperitifa antolatu zuen larunbatean, giro lasai eta atseginean. 50 pertsona inguruk hartu zuten espazioko beheko solairua, Javier Armentiaren eta Pedro Marco Landaren arteko solasaldia entzuteko. Iruñeko Planetarioko zuzendaria da Armentia; artista, berriz, Marco Landa, eta izarrak hartu ditu ardatz bere azken proiektua garatzeko. Artearen eta zientziaren arteko harremanaz aritu ziren biak Uharten, aperitifa hartzen zuten bitartean.

“Munduari buruzko jakin-min bera dute zientzialariak eta artistak; arteak eta zientziak, bi jarduerok daukate inguratzen gaituena ulertzeko beharra; ezberdina da baten eta bertzearen konpromisoa, baina ez daude uste bezain urrun”. Horixe nabarmendu zuen Armentiak. Marco Landaren deia jaso zuen duela hainbat hilabete, artista 1-10 elevado a 10 izenburupean Uharteko Arte Garaikideko Zentroan lantzen ari den proiektuan laguntzeko. “Matematika ikasketak egiten hasi nintzen gaztetan”, azaldu zuen Marco Landak, larunbateko ekitaldian. Bazter utzi zituen, baina zientziaren inguruko interesa ez du galdu, halere. Biak uztartzeko aukera eman dio, orain, esku artean duen lanak. Ehun izar inguru hautatu, ikertu, eta haietako 30 margo bilakatu ditu jada. “Paisaia abstraktua” osatu duela zehaztu zuen artistak, solasaldian.

Argazkirik ez

Artistak “eraikitako” paisaiaren garrantzia nabarmendu zuen Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradun Nerea de Diegok, hain zuzen ere, larunbatean. Izan ere, izarren behaketan eta ikerketan zientziak ere baditu mugak, eta teleskopiorik onenarekin ere ezinezkoa du zientzialariak izarren benetako irudia jasotzea. “Irudia nagusi den egungo munduan, izarrak benetan nolakoak diren erakusten digun argazkirik ez dago. Ez dugu haien irudirik. Eta Pedro Marco Landa irudirik gabeko errealitate hori erabiltzen ari da bere obra osatzeko. Ez du natura erreproduzitzen; Marco Landaren lanek artistak berak eraikitako paisaia bat erakusten digute. Zeruko paisaia eraikitzen dute lanok”.

“Sormen artistikoaren eta naturaren prozesuen arteko loturak eta harremanak jorratu nahi ditut”, azaldu zuen artistak, bere proiektuari buruz, Uharten. Bide horretan urratsak egiteko, zientziak bere esku jarri duen informazioa baliatu du Marco Landak. Bidearen hasieran, halere, uste baino zailtasun gehiago aurkitu zituen, izarren tamainari eta adinari buruzko datuak bilatzerakoan iturri anitz eta hagitz bertzelakoak ziren emaitzak aurkitu zituelako. “Horregatik erabaki nuen Javier Armentiarengana jotzea, laguntza eske”.

Planetarioko zuzendariak iturri fidagarrien berri eman zion artistari, eta aurrera egin ahal izan zuen Marco Landak, bere paisaia propioa osatzeko izarren bila. Eta bide horretan, bertzeak bertze, kolorea aurkitu zuen artistak.

“Gauez, argirik gabe, txuri eta beltz ikusten dugu kolorez betetako errealitatea”, azaldu zuen Armentiak, arte garaikideko zentroan. Ahaleginduz gero, halere, kolore horietako hainbat igartzeko gai da gizakien begia, zientzialariak erantsi zuenez: “Neguko zeruan, ilunabarrean, Orion konstelazioa ikus daiteke, eta, begiratuz gero, ikus daitezke konstelazio hori osatzen duten izarretako biren koloreak; bat gorria da, eta bertzea, berriz, urdinxka”.

Horiak, gorriak eta urdinak dira, bertzeak bertze, Marco Landaren paisaia osatzen duten izarrak. Hori, gorri eta urdin, koloreon ñabardura guztiekin. Izarren inguruan ikertutakoak eraman du Marco Landa izarren koloreen eta tamainen inguruko lanak osatzera, izarrongandik ailegatzen den argiak ematen baitie horri buruzko informazioa zientzialariei. “Pedrok [Marco Landa] egindako lanak, neurri batean, izarrak zer diren galderari erantzuten dio. Izarren historia XIX. mende bukaeran hasi ziren idazten, izarren sailkapenak egiten hasi zirenean. Zerrenda horiek ez zioten, ordura arteko mapek bezala, izarron argiari bakarrik erreparatzen. Hasi ziren argi horren kolorea aztertzen. Prismak erabiltzen zituzten, izar bakoitzaren argiak zenbat urdin eta zenbat gorri zuen jakiteko”.

Koloreak izarren tenperaturarekin du lotura: “Zehazki, koloreak datuak ematen dizkigu izarren fotosferari buruz, hor sortzen baita izarron argia”. Eta, etxeko kanilan ez bezala, izarraren argia gero eta urdinago izan, gero eta tenperatura handiagoa du.

Tenperatura eta koloreak kontuan hartuta, “izugarri zabala” da izarren aniztasuna. “Aniztasun horretan ordena jartzen saiatu zen, AEBetan, Edward Pickering izeneko astronomoa”, gogoratu zuen Armentiak. 1890. urtean, hain zuen ere, beren espektroaren araberako 10.000 izarrek osatutako sailkapena argitaratu zuen. Zerrenda hori osatzeko datuak, halere, zientzialariarentzat lanean aritu zen emakume talde batek jaso zituen. Tartean ziren Williamina Fleming, Antonia Maury, Annie Jump Cannon eta Henrietta Swan Leavitt. Emakumeon lana nabarmendu nahi izan zuen Marco Landak, hain zuzen ere, larunbateko solasaldian. “Egungo astrofisikaren sorrera zor diogu emakumeon lanari”, erantsi zuen Armentiak. “Haiek ulertu zuten zeruan ikusten genituen argi puntu horiek bertze hainbat eguzkiren argia zirela, eta bazela sailkatzeko aukera”.

Batez ere hidrogenoak osatutako masa handiak dira zeruko izarrak. Puntu bat balira bezala ikusten ditugu, hagitz urrun daudelako. Gasak osatutako masa horiek ez dira kolapsatzen eragiten duten beroari esker. “Bero horrek eragiten du gas masa horiek hedatzea; orekari eusten dioten bitartean jarraitzen dute izarrek bizirik”, azaldu zuen zientzialariak. Marco Landak osatutakoak betiko biziko dira, kolorez osatutako paisaia bateko parte direlako jada. Zeruko paisaiaren parte.