Kirola

Patinen gainean, aske

Patinen gainean, aske

Edurne Elizondo

Sortu zeneko mamiari eutsi dio roller derbyak, eta askatasun espazio bat izan nahi du kirol horrekin bat egiten duten guztientzat, oraindik ere; gizarteak arau bilakatutako ereduez harago, bazterrean gelditzen den errealitateari ere egin nahi dio so roller derbyak, kirolariak patinen gainean ahalduntzeko.

Ez da ohiko kirol bat, eta, kirolaz harago ere, badu zer erran. Herrialdean, Iruñeko Nafarriors taldea da roller derbyaren espirituaren ordezkari, eta bertze hamalau talderekin batera, Liga antolatu du aurten.

1930eko hamarkadan du jatorria roller derbyak, Ameriketako Estatu Batuetan. Emakumeak aritu dira, batez ere, hasieratik. 40 urtez arrakasta izan zuen, eta txapelketak oso sonatuak izan ziren; haatik, gainbehera izan zuen. Baina errautsetatik biziberritu, eta gora egin du berriz. Euskal Herrira ere ailegatu da, eta ari da bidea egiten.

Arauak argiak dira: irristaketa pista batean jokatzen dute hamar pertsonak; bostek talde bakoitzeko. Talde bereko lau lagun batera jartzen dira hesi bat eginez, kontrako taldeko puntu-egilea (jammer) ez pasatzeko; aldi berean, haien taldeko puntu-egileak aurrera egitea ahalbidetu behar dute. Horretarako, lasterketak, bultzadak, blokeoak eta estrategia dira beharrezkoak. Eta hori guztia gurpil gainean.

Ikusgarria eta erritmo biziko kirola da roller derbya, baina ez die jokalariei mugarik jartzen parte hartzeko. Izan ere, haren oinarri nagusietako bat da edozeinek egiten ahal duela bat kirol horrekin. "Arautik kanpo dauden gorputzez osatutako kirol bat da gurea; pertsona trans eta ez-binarioak aritzen dira, eta emakume edo bolleren gorputz argal edo gizenek ere badute tokia". Maia Ansa Diez de Urerenak dira hitzak. Duela urte eta erdi egin zuen bat Iruñeko Nafarriors taldearekin, eta ez du zalantzarik: "Proiektuak maila pertsonalean eta politikoan asetzen nau".

Autogestioaren alde

Aurten martxan jarri duten Roller Derby Ligan ari diren hamabost taldeetako bat da Nafarriors. ARDE izeneko elkartea sortu dute talde horietako jokalari batzuek, eta autogestioaren alde egin dute Liga antolatzeko. Nafarriors taldeko jokalariek urtarrilaren 25ean izan zuten lehen partida, Insubmises Roller Derby Reus taldearen aurka. Porrot batekin hasi dute sasoia, baina martxoaren 14an izanen dute errebantxarako lehen aukera, Bartzelona Roller Derby taldearen aurkako bigarren norgehiagokan.

Garaipena, halere, ez da Nafarriors taldeko kideen helburu nagusia. Patinen gaineko jokoaren bidez, "taldea indartu, ikasi eta gozatu" nahi dute, batez ere. Ikasteko prozesu horretan, roller derbyaren lehendabiziko urratsak gogoan izateko beharra nabarmendu dute jokalariek. "Roller derbya sortu zenean, emakumeak aritzen ziren, gainerako kirol espazioetan sartzea debekatzen zietelako. Beren lasterketa propioak antolatzen hasi ziren egoera horri aurre egiteko", azaldu du Ansa Diez de Urek. Kirol horren bidez, egunerokoak ezartzen zizkien mugak apurtzen zituzten emakumeok, eta patinen gainean korrika eginez azaleratzen zuten muga horiek eragiten zieten amorrua.

Pistan, nolabait, beren alter ego-a eratzen zuten emakumeek, gurpilen gainean. "Hortik dator roller derby taldeko jokalarion derby name edo ezinena", kontatu du Nafarriors taldeko kideak. Ansa Diez de Urek ere badu berea: patinak janzten dituenean, Gata Tangana bilakatzen da patinatzailea.

Karrikan aurkitutako kartel baten bidez izan zuen jokalariak Nafarriors taldearen berri. "Emakume ausartak behar zituztela jartzen zuen, eta berdin zuela patinatzen jakin edo ez". Ansa Diez de Urek bitan baino ez zituen patinak jantzi, taldearekin bat egin aurretik. "Roller derbyaz deus ere ez nekien. Baina harrera beroa egin zidaten, hasieratik".

Talde izaera horrek duen garrantzia berretsi du Nafarriorseko kideak, eta, horrekin batera, zaintzak taldean duen balioa. "Jokalari berri bat sartzen denean, beteranoetako batek babespean hartzen du, nolabait, prozesuan laguntzeko".

Ezaugarri horiek berezi bilakatzen dute taldea, eta ekartzen dute kideen konpromiso handia. "Taldeko kide izan direnek eta orain garenok lortu dugu dugun guztia; inork ez digu deus oparitu. Horrek eman digu egun dugun indarra eta babesa", nabarmendu du Ansa Diez de Urek.

Gorabeheraz betetako bidea izan da azken bost urteotakoa, baina oinarri sendoa lortu du taldeak jada. Hamahiru jokalarik osatzen dute, baina bertze hainbat pertsona aritzen dira taldea laguntzen, eta, denera, hogei lagun inguruko komunitatea osatzen dute.

Ezkabarten entrenatzen dira Nafarriors taldeko kideak, astean bitan. "Partida baten atarian, gehiago". Nafarriors martxan jarri zuten kideek zailagoa izan zuten hasierako bidea, eta hastapeneko entrenamenduak karrikan egin behar izaten zituzten. Zailtasunak zailtasun, ez zuten etsi, halere.

Ligan ari diren taldeen arteko harremana ere hagitz ona dela azaldu dute jokalariek, eta elkar laguntzen saiatzen direla beti, beharra dutenean. Kanpoan inor ez uztea baita kontua. Taldea osatzea. Gozatzea. Patinen gainean askatasun espazioak sortzea.

Futbola, gizartea eraldatzeko tresna

Futbola, gizartea eraldatzeko tresna

Edurne Elizondo Izar den garaian, futbola aitzakia huts bilakatu dute Helena Bengoetxeak, Joseba Zabalzak eta Ivan Pastorrek, Palestinako Markaz Tulkarem taldeari buruzko beren proiektuaren bidez: iaz jarri zuten martxan, finantzaketa kolektiboari esker antolatutako argazki erakusketa batekin; orain, berriz, liburua prestatu, eta Iruñean aurkeztu dute, Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasaterekin batera. Futbola boterearekin eta diruarekin lotzen deneko...

Herrian eragiteko tresna

Herrian eragiteko tresna

Edurne Elizondo

Pilota, sokatira, futbola, tenisa, patinajea, mendizaletasuna, gimnastika erritmikoa, arte martzialak, igeriketa; Sakanan dauden kirol taldeek jorratzen dituzten diziplinetako hainbat bertzerik ez dira horiek guztiak. Berrogeita hamar baino gehiago dira talde horiek, eskualde horretan kirol jarduerek duten arrakastaren adierazgarri. Arrakasta hori azaltzeko, hain zuzen, ezinbertzekoa da Sakanako Mankomunitatetik egindako lana eta ahalegina kontuan hartzea. Eskualdeko bertze hamaika erakunderekin eta eragilerekin batera elkarlanean aritzen direla nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariak. Kirolaz harago, erantsi du mankomunitateak helburu duela herrien eta herritarren arteko sarea osatzea, euskara bultzatzea, eta, batez ere, ongizatea sustatzea.

Finean, kirola tresna edo bide bilakatu dute Sakanan. Aitzakia, neurri handi batean: herritarren bizi kalitatean eragiteko, eta egungo gizarteak mahai gainean dituen hamaika auziri eusteko. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuko kideak oraintxe jorratzen ari diren proiektua da horren adibide: "Haurrak bezala, helduak ere orain arte jorratu ez dituzten hainbat kiroletan has daitezen ikastaroak egin nahi ditugu", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Herritarrek egindako proposamena da hori, hain zuzen ere. Mankomunitateak argi du bere zereginetako bat dela garaian garaiko errealitatera eta beharretara egokitzea; behar horien arabera prestatzea bere kirol eskaintza, alegia. Populazioa zahartzen ari dela kontuan hartu du, ondorioz, eta hasi da adin bateko herritarrentzako jarduera bereziak antolatzen. "Bizi kalitateak hobera egitea da kontua". Osasun zerbitzuekin ere elkarlanean ari dira kirol esparruko arduradunak, asmo hori egia bihurtu ahal izateko: "Mugitzen ez diren zaharrak aktibatu nahi ditugu", erran du Gerrikagoitiak.

2001. urtetik da Amaia Gerrikagoitia Sakanako Mankomunitateko kirol teknikaria. Erakunde horrek antolatzen dituen jarduerek 3.000 erabiltzaile inguru dituzte. Eta 18.000 biztanle inguru dira Sakana osatzen duten Arakil, Burunda eta Ergoiena haranetan. "Kirol zaletasun handia bada", erran du teknikariak.

Mankomunitateak antolatutako ikastaro anitz orain hasiko dira, ikasturte berriarekin batera. Horietako bat da fibromialgia duten pertsonentzat prestatutakoa. Luisa Larrañaga Altsasun bizi da, eta 2009tik dago gaitz horrek jota. Mankomunitateak eskainitako ikastaroa aprobetxatu du azken urteotan, eta, urrian, berriz ere, ariko da. "Niri on egiten dit. Luzatze ariketak egiten ditugu, batez ere. Fibromialgia izan arren, saiatzen naiz nire egunerokoari eusten. Ez da beti erraza, baina ez dut maite etxean gelditzea. Kirolak aukera ematen dit ateratzeko, eta besteekin egoteko", azaldu du.

Ikerketek agerian utzi dutenez, fibromialgiak emakumeei eragiten die, batez ere. Mankomunitateak antolatutako ikastaroan ere, gehienak emakumeak izaten dira. Emakumeentzako kirolaren esparruan ere egin ditu urratsak erakunde horrek, hain zuzen ere. Ahalegin hori nabarmendu du Gerrikagoitiak. "Haurren eta helduen artean, bakarrik emakumeentzako diren jarduerak antolatzen ditugu, uste dugulako garrantzitsua dela emakumeok lasaitasunez eta eroso sentituz aritzea", aipatu du.

Generoa kontuan hartu

Emakumeentzat prestatutako jarduera horietako bat da Sakanako emakumeen atletismo eskola. "Generoa lantzen duten kirol profesionalak esaten ari dira hobe dela emakume taldeak osatzea; umeen artean, bai eta helduen artean ere. Helburua da indartzea eta ahalduntzea, kontuan hartuta egungoa desberdinkeriazko egoera bat dela", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Duela zazpi urte inguru jarri zuten martxan Sakanako emakumeentzako atletismo eskola, eta esperientziarekin hagitz kontent dira mankomunitateko kirol zerbitzuko arduradunak. "Egokitzen joan gara urteotan guztietan; hasieran, adibidez, talde bakarra zegoen, eta, orain, bi ditugu: bat hasten direnentzat, eta bestea hobetzeko asmoz ari direnentzat. Badira eskola martxan jarri genuenetik taldean diren hainbat emakume", azaldu du teknikariak.

Eskolatik kanpo ere, hasieratik ari diren emakume kirolari horien arteko harremana sendotuz joan da, eta ikastaroko ordutegitik at ere entrenatzen dira elkarrekin, edo joaten dira lasterketetan parte hartzera. "Sarea osatu dute, eta askok kirola baino gehiago estimatzen dute hori. Korrika egitea baino askoz ere gehiago da, beraz", gaineratu du Gerrikagoitiak.

Emakumeentzako atletismo eskola, beraz, pistatik kanpo ere sareak osatzeko bide bilakatu dute Sakanan. Bertze hainbat helburu ere bete ditu mankomunitateak bere kirol programaren bidez: adibidez, esparru horretatik at gelditzen ohi diren herritar anitz kirolera lotzea. Ezintasunen bat duten pertsonen kolektiboarekin lan berezia egin dute mankomunitateko kirol zerbitzutik, bertzeak bertze, igeriketa eta gimnastika egokitua egiteko ikastaroaren bidez.

Azken lau ikasturteotan Aitor Mozo lakuntzarra aritu da Arbizuko igerilekuan jarduera hori zuzentzen; 2015. urtetik, hain zuzen. Kirol Zientzietako gradua du, eta eskertu du mankomunitateko lanak emandako esperientzia.

"Mugiaraztea da gako nagusia. Ez dute kirola egiteko ohiturarik, eta egoera hori aldatzea da kontua". Ikastaroan Lakuntzan Tasubinsan ari diren hainbat langilek parte hartzen dute. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak hartzen dituzte lantegian. "Kirola egiteaz gain, aldageletan nola moldatu eta gisako jarduerak ere lantzen ditugu", azaldu du Mozok. Erantsi du ikastaroan ere elkarren arteko harremana "beste modu batera" garatzeko aukera dutela, lantegitik at.

Euskaraz

Kirol zerbitzuetako erabiltzaileen eta ikastaroetako irakasleen arteko harremanari ere so egin dio Sakanako Mankomunitateak, eta eskualdeko testuingurua hartu du kontuan. "Gure jarduera guztiak euskaraz dira; haurren artean, esan dezakegu ia %100 euskaldunak direla; helduen ikastaroetan, norbaitek azalpena behar badu ematen zaio, baina ikastaroak euskaraz egiten ditugu", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Kirola euskaraz izenburuko programa du martxan mankomunitateak, hain zuzen ere. Sakanatik kanpo ere, "erreferente" bilakatu dira Sakanako kirol zerbitzuko kideak, hain zuzen ere, hizkuntzaren alde egindako apustuagatik. Herri anitzetan, irakasle euskaldunak aurkitzea izaten da kirol jarduerak antolatzen dituztenen arazo nagusietako bat. "Formakuntzari garrantzia eman diogu arazo horri aurre egiteko, hain zuzen ere".

Eguneroko erronkei aurre egiteko, elkarri so egitea ere lagungarria dela argi du Gerrikagoitiak. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuaren ardura kirol batzordearen esku dago; hor, eskualdeko udalerri bakoitzeko zinegotzi bat dago, eta, haiekin batera, Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Arbizuko kirol teknikariak. Hiru herri horiek baino ez dute kirol teknikaria, hain zuzen. "Elkarlanean antolatzen ditugu mankomunitateko kirol jarduerak".

Eskolekin ere harreman estua du mankomunitateak, kirol jarduera horiek egiteko behar dituzten azpiegiturak haien bidez lortzen baitituzte, anitzetan. Finean, herritar guztiekin eta herritar guztientzat aritzen dira: kirola eta kirolari lotutako balioak sustatuz, jarduera horiek euskaraz eginez, eta, betiere, kirol arlotik kanpo ere eragina izateko asmoz.

Mendian gozatzen jarraitzeko

Mendian gozatzen jarraitzeko

Edurne Elizondo

Zauria sendatzen jarraitzeko bi urtean behin egiten duten bisita: horixe da Berako Agerra mendi taldeak eta Manttalek Taillon mendira igotzeko antolatzen duten txangoa. 2017an egin zuten azkenekoz, eta bihar itzuliko dira berriz: mendiaz gozatzeko, eta Pirinioetako txoko horretan hildako eskualdeko mendizaleak gogoratzeko. "Ipar paretaren ondotik pasatzen garenean, goiti begiratzen dugu, eta imajinatzen dugu non ibiliko ziren. Momentu hunkigarriak dira, baina aurrera jarraitu, eta txangoa besta bilakatzen da; hori da gure helburua".

Iñaki Pikabearenak dira hitzak. 2007. urtean hil zen haren anaia Luis Mari Pikabea Loro mendizale beratarra, Taillon mendiko ipar paretan. Harekin batera zendu ziren, istripu berean, Xabier Zubieta beratarra eta Xabier Saralegi lesakarra ere. Handik lau hilabetera igo zen Iñaki Pikabea, lehendabizikoz, Taillonera. Tokia ezagutu nahi zuen. Mendira itzuli, mendian gozatzen jarraitu ahal izateko. Anaiak egiten zuen bezala.

2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren 33 urteko Pikabea eta Zubieta, eta 32 urteko Saralegi. Astebete lehenago, Lesakako bertze mendizale baten erreskate lanetan aritu ziren hirurak: 29 urteko Unai Etxepare Anayet mendian (Huesca, Espainia) hil zen, erorita, 2007ko urtarrilaren 6an. Astebetera, hilaren 13an, 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten istripua Zubieta eta Pikabea lehengusuek eta Saralegik, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela.

Edurne Pasabanekin eta Asier Izagirrerekin ziren Bortzirietako mendizaleak, Taillonen, istripua gertatu zenean. "Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan", nabarmendu zuen Pasabanek 2017an, ezbeharra gertatu eta hamar urtera.

Ehun pertsona inguru

Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. Baina Iñaki Pikabeak argi du istripuak "nonahi" gerta daitezkeela. Horregatik, 2007an Taillonen gertatutakoak ez du ekarri zendutako mendizaleen lagunek eta senideek mendia uztea. Bortzirietan beti izan da zaletasuna, eta grina horri bidea eman nahi izan diote Agerra mendi taldeak eta Manttalek, bi urtean behin antolatzen duten txangoaren bitartez.

2009. urtean egin zuten irteera lehendabiziko aldiz. Gero eta jende gehiagok parte hartu izan du. Biharkoan, 80-100 pertsona inguruk bat egitea espero dute antolatzaileek, hain zuzen ere. "Autobusa antolatzen dugu guk, baina bada autoz joaten den jendea ere", azaldu du Iñaki Pikabeak. Autobusez joanen direnak 05:30ean aterako dira Beratik, Iamotenea aurreko aparkalekutik, zehazki. Hamabost euroren truke, bidaia eta bazkaria ordaintzen dute mendizaleek. 21:00-22:00 aldera itzuliko dira denak herrira.

Pirinioetan, bi ibilbide prestatu dituzte Agerra mendi taldeko eta Manttaleko kideek, mendizale guztien neurrira. Batetik, lau ordu inguruko txangoa egiteko aukera izanen da, Gavarnietik Bujarueloko lepora. 600 metrokoa da bide horretako desnibela. Bertzetik, denera sei ordu iraunen duen bertze bideak Taillon mendiko tontorrera eramanen ditu mendizaleak. 1.200 metrokoa da desnibela bigarren ibilbide horretan.

Bujarueloko lepoan eginen dute bat mendizale guztiek. Zubieta, Pikabea eta Saralegi gogoratzeko monolitoa dago han, eta haren aurrean omenduko dituzte. "Gauza xume bat eginen dugu; familia argazkia atera eta kito. Natur parke bat da, eta gu ere ez gara ekitaldi handien zale", erran du Iñaki Pikabeak. Gero, Gavarnie herriaren ondoan bazkalduko dute.

Beratarrak berretsi du egunak mendiaz gozatzeko aukera eman nahi diela herritarrei. "Polita da, beti baitago lehen aldiz joaten den norbait; bakarrik joateko beldurrez direnak gustura joaten dira talde handi baten arrimuan", nabarmendu du Pikabeak. "3.000ko erraza da Taillon, baina jakin behar duzu pixka bat ibiltzen, eta errazagoa da jende artean".

Taillonen zendutako hiru mendizaleen "herentzia" da, nolabait erranda, bi urtean behin Beratik Pirinioetako txoko horretara antolatzen duten txangoa. Horixe erran du Pikabeak. Lehenagotik ere bazuten zaletasuna etxean. "Ni ibili izan naiz, eta Patxi anaia ni baino gehiago; baina zaletasuna beti izan dugu: lagun arteko zaletasuna izan da mendia guretzat".

Luis Mari izan zen mendian bide sendoena egin zuena, halere, Pikabeatarren artean. Zubieta eta Saralegi bezala, mendizale zaildua zen alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren hirurak. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen: 1997an, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera.

Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasabanekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hain zuzen, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen mendizale tolosarra. "Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren", erran izan du Pasabanek.

Elkar babestu

Asmoak eta proiektuak bertan behera gelditu ziren 2007ko urtarrilaren 13an, Taillon mendiak Zubieta, Pikabea eta Saralegi hartu zituenean. Zazpi eguneko tartean lau herritar galdu zituzten Bortziriek Pirinioetan, eta doluak hartu zuen eskualdea. Zendutako mendizaleen familiak eta lagunak izan dira, halere, egoerari aurre egiteko indar handiena erakutsi dutenak, eta mendiaz gozatuz eta mendia maitatuz egin dute hori. "Argi genuen etxean geldituz ez genuela deus konponduko. Bakoitzak ahal duena egiten du. Guk elkarri eman diogu babesa; elkarrekin egin dugu aurrera", erran du Iñaki Pikabeak.

Taillon mendira anaia hil berritan igo zen aurrenekoz. Egun hartako eguraldi txarra du gogoan; lore sorta utzi zutela mendian galdutako anaiaren eta lagunen omenez. Eta tokia ezagutzeak, nolabait, "lasaitua" eman ziola. Bertze hainbat aldiz egin du bide bera, baina, oraindik ere, badu kendu nahi duen bertze arantza bat: anaia hil zen iparraldeko horma eskalatzea. "Badakit bertze urrats bat dela; eskalatu behar dela; baina egin nahi dut", berretsi du.

Taillon mendi berezia izanen da beti Bortzirietako mendizaleentzat. "Berezia da, anaia eta lagunak han gelditu zirelako". Galerak eragindako minaz harago, aurrera segitzeko bidea eman dio Iñaki Pikabeari bi urtean behin txangoa antolatzeko ilusioak eta lanak. Pozten du irteerak hainbertze jende erakartzen duela ikusteak, anaiaren eta lagunen memoria bizirik dela erakusten duelako. "Polita da ohartzea jendea anaiaz oroitzen dela".

Herri kirolak herriarentzat

Herri kirolak herriarentzat

Ainhoa Larretxea Agirre
Isiltasunaren gainetik aizkora hotsa gailentzen da Oronozen (Baztan, Nafarroa) iluntzetan. Aizkorak egurra moztean egiten duen hots berezia. Hantxe dago Gure Kirolen Kluba herri kirolen eskola, eta hangoxea da aizkora hotsa. Pat...

Kirola euskalduntzeko ariketa

Kirola euskalduntzeko ariketa

Edurne Elizondo

Proposamenak eta esperientziak badira, eta horiei egin behar diegu so". Horixe erran du Maite Indak, Emun taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak Ultzamako Larraintzarren egindako Euskara eta kirola izenburuko jardunaldian. Kirolaren esparruan euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko proposamenei eta esperientziei buruz aritu da. Lana egiteko badela nabarmendu du, baina badela, halaber, nondik ikasi.

Indak euskarari eta kirolari buruzko ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu, Ultzaman. Euskarabideak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatuta egin dute ikerketa hori. Zehazki, eremu euskalduneko eta eremu mistoko egoera ezagutu nahi izan dute. Horretarako, galdetegia bidali dute bi eremuotako udal eta kirol elkarteetara, eta, gainera, hiru eztabaida saio egin dituzte, Donezteben, Irurtzunen eta Iruñean. Indak argi utzi nahi izan du ikerketaren bidez aztertutako bi eremuetan dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutu nahi izan dituztela. "Errealitatera hurbiltzeko lehendabiziko urratsa izan da, baina jasotako galdetegi kopuruak ez du aukera ematen emaitzak orokortzeko", zehaztu du. 123 galdetegi bidali, eta 68 jaso dituzte bueltan, erantzunekin, hain zuzen ere.

Ikerketak egungo egoeraren zertzelada nagusiak ezagutzeko parada ematen duela erantsi du Indak, halere. Dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutzekoa, alegia. Datuek agerian utzi duten irudiari buruz, Indak azaldu du "bi errealitate ezberdin" azaleratu dituela ikerketak; bat da eremu euskaldunekoa, eta bertzea mistokoa.

Oro har, euskararen erabilera eta aintzat hartzeko ahalegina handiagoa da eremu euskaldunean mistoan baino. Eremu euskaldunean, gainera, euskararen presentzia are nabarmenagoa da udaletatik edo mankomunitateetatik bultzatutako kirol jardueretan.

Ikerketak agerian utzi du, halaber, adin tarteak aurrera egin ahala, behera egiten duela euskarazko kirol eskaintzak. Jaitsiera are nabarmenagoa da eremu mistoan. "Hainbat faktorek eragiten dute egoera hori. Batetik, euskaldunen dentsitateak, eta, bertzetik, kirol esparruan gora egin ahala eskakizun gehiago badela betetzeko; profesionalizatuz doa jarduera, eta, horren ondorioz, zailagoa izaten da arduradun euskalduna izatea".

Federazioetan, hutsunea

Herri askotan gertatzen dena jarri du horren adibide Maite Indak. "Entrenatzaile lanetan boluntario ari den pertsona euskaldunak izan dezake haurrek osatutako talde bat; ez du titulurik, ordea, eta, kirol eskakizunak zorrozten direnean, titulua izatea nagusitzen da hizkuntzaren ezagutzaren gainetik".

Ikerketaren barruan egindako eztabaidetan parte hartzaileek nabarmendu duten hutsune nagusietako bat da kirol federazioen eragina. Euskararen erabilera urria da erakunde horietan, eta, horren ondorioz, udalek edo kirol elkarteek antolatutako kirol jarduerak erdalduntzen dituzte. "Hor hutsune nabarmen bat dago; gobernutik ez da inolako lanik egin esparru horretan, orain arte. Azken urtean hasi dira ahalegin bat egiten, federazioei, besteak beste, itzulpen zerbitzua eskaintzen, baina lan handia bada, oraindik ere, egiteko", azaldu du Maite Indak.

Euskara eta Kirola izenburupean egindako jardunaldia ere bada Nafarroako Gobernuak azken urteotan egindako urratsen adibide. Bigarrenez egin dute aurten. Balio izan du jada martxan diren jarduerak eta proiektuak ezagutzeko, bertzeak bertze, Indak nabarmendu duenez.

Emun taldeko aholkulariak nabarmendu du, batetik, Sakanako Mankomunitateak egiten duen lana. "Programa oso bat garatu dute; sekulako lana egiten ari dira, eta merezi du nabarmentzea". Kirol jarduera batean izena eman dutenen %70 euskaldunak badira, gutxienez, kirol jarduera hori euskara hutsean eskaintzen dute, adibidez. Baztanen egiten duten lana ere aipatu du Indak.

Eremu euskalduneko lana jarri du mahai gainean, bereziki, baina argi utzi du eremu mistoan ere badirela esperientzia interesgarriak. "Garesen, adibidez, Tortotxiki Fundazioa ari da euskara sustatzen kirol jardueretan; Lizarran, berriz, Brinka izeneko programa jarri du udalak martxan, herriko lau ikastetxeetan, kirol jardueretan euskaraz aritzeko".

Gisa horretako esperientziak partekatzeko beharra nabarmendu du Indak. Azaldu du kirolaren esparruan ari diren udalek eta elkarteek ere eskatu dutela elkarlanean aritzeko espazio bat. "Gauzak egiten ari dira han eta hemen, baina ez dute elkarren berri, eta hori aldatzeko nahi dituzte halako espazio komunak". Prestakuntzaren arloan urratsak eskatu dituztela gaineratu du, eta baliabideak ere galdegin dizkiotela Nafarroako Gobernuari. Ikerketaren bidez, lehen urratsa egin du Euskarabideak. "Bidean jarraitzea da orain kontua".

Baloi bat ere arma bat da okupazioaren kontra

Baloi bat ere arma bat da okupazioaren kontra

Edurne Elizondo

Existitzea erresistitzea da Palestinan. Okupazioaren aurka egiteko estrategia bat. "Okupatzaile israeldarrak palestinarren egunerokoa hankaz gora jarri nahi du", erran du Helena Bengoetxea kazetariak. Testuinguru horretan, eguneroko horri eusteko urratsak egitea, zapaltzaileari erronka jotzeko modu bat da. Eta baloi bat, okupazioaren aurkako arma bilakatzen da. Futbolean aritzea ere existitzea eta erresistitzea baita.

Horixe ikasi du Bengoetxeak Palestinara egindako azken bidaietan. Ez da bakarrik joan. Joseba Zabalza argazkilaria eta Ivan Pastor kazetaria izan ditu bidaide; Nafarroan, gainera, Ruben Marcilla errealizatzailea izan dute hirurek proiektuan lagun.

Iruñean mamitzen hasitako egitasmo baten eskutik, Palestinako futbolari egin diote so, zehazki, kirol horren inguruko dinamikek eta bizipenek komunitatea sendotzeko, egunerokoa egituratzeko eta etorkizuna helburu hartzeko duten indarra jorratzeko asmoz.

Zisjordaniako Tulkarem hirian ikusitakoa eta ikasitakoa partekatzeko eta zabaltzeko, finantzaketa kolektiborako kanpaina jarri dute martxan, liburu bat argitaratzeko eta erakusketa ibiltari bat antolatzeko asmoz. Hamabi egun falta dira gutxieneko kopurua lortzeko. 7.660 eurokoa da gutxieneko kopuru hori, eta helburua da liburua argitaratzeko erabiltzea. Zabalzak egindako argazkiekin eta Bengoetxeak eta Pastorrek idatzitako testuekin osatuko dute. Gutxieneko kopuru hori lortzea ezinbertzekoa dute proiektuko sustatzaileek, bigarren erronda martxan jartzeko, eta, haren bidez, erakusketa ere osatzeko behar duten kopurua lortzeko: denera, 19.800 euro.

2015ean, Mikel Uhartek eta bertze hainbat pertsonak Futbola ere lapurtu ziguten izenburupeko jardunaldiak antolatu zituzten Iruñeko Katakrak liburu dendan. Ekinaldi horretan erein zuten Palestinako Tulkarem hiriko Markaz Tulkarem futbol taldeari buruzko proiektuaren hazia, hain zuzen ere. "Elkar ezagutu genuen Bengoetxeak, Zabalzak eta hirurok, eta ohartu ginen bagenuela kirol horri buruzko antzeko ikuspuntua. Futbol komertziala bazter utzi, eta balio sozialak aldarrikatzen dituen futbol baten alde egiten dugu guk", azaldu du Ivan Pastorrek.

Futbolari buruzko ikuspegi horrek eraman zuen kazetaria Palestinara. Herri hori hautatu zuten jardunaldietan entzundako pasarte batek bultzatuta. "Aipatu zuten futbolari palestinar baten istorioa; atxilotu egin zuten, eta hiru urtez egon zen espetxean. Gose greba egin eta gero, askatu zuten, baina bi hilabeteko baraualdiak osasunari eragin zion, eta ezin izan zuen profesional gisa aritzen jarraitu", gogoratu du Joseba Zabalzak.

Futbolari horren istorioak eraman zituen Pastor, Zabalza eta Bengoetxea Tulkarem hirira. Pastorrek bakarrik egin zuen lehendabiziko bidaia, helburu garbi batekin: futbolaren egoera aztertzea. Lan horren ondorioz, Tulkarem hiriko errefuxiatuen kanpalekuetako batean sortutako futbol taldea hartu zuten beren proiekturako ardatz: Markaz Tulkarem izenekoa, alegia. "Bi jokalari kenduta, gainerako guztiak dira errefuxiatuen kanpalekuko kide", erran du Pastorrek.

Okupazioak zeharkatuta

Existitzea erresistitzea da Palestinan. Horixe argi dute Bengoetxeak, Pastorrek eta Zabalzak. Argi dute aurrera egiteko grina zapaltzaileari aurre egiteko modu bat dela, eta, argi dute, halaber, zapaltzailearen urrats orok baduela egunerokoan eragina. Futbolean ere bai. "Ez genuen okupazioaren auzia bazter utzi nahi; baina nahi izanda ere, ezinezkoa da; okupazioak dena ukitzen du, dena zeharkatzen du".

Markaz Tulkarem taldeak erabiltzen duen zelaiaren izenak islatzen du errealitate hori: Jammal Ghanem izena du estadioak, korner bat ateratzen ari zenean bizkarretik tiro eginez hil zuten jokalariaren omenez, hain zuzen ere. "Lehen intifadan parte hartu zuen. Lagun arteko partida bat jokatzen ari zen hil zutenean", azaldu du Zabalzak. Markaz Tulkarem taldeko jokalarietako baten osaba ere hil zuten israeldarrek, misil baten bidez bere anbulantziari eraso eginez. "Jokalari izana zen, eta epaile aritu zen gero. Paramedikua zen, eta zauritutako herritar bat laguntzen ari zenean hil zuten", erantsi du argazkilariak.

"Itzulera helburu dute palestinar guztiek; beren etxeetara itzuli nahi dute. Gure proiektuaren bidez herri horri buruzko istorio bat kontatu nahi dugu; ez du zer ikustekorik harriekin eta barrikadekin, baina, aldi berean, ez dago hain urruti", nabarmendu du Zabalzak. Baloiak ere badirelako okupazioaren aurkako arma.

Komunitatea

"Futbolean aritzea, finean, aurrera egitea da. Liga antolatzen dute, jarraitzaileek estadioak betetzen dituzte; bigarren mailan denak lehenengora igotzea du helburu. Horrek guztiak erakusten du palestinarrek beren etorkizuna jorratzeko gogoa dutela, eta horrek izorratzen ditu okupatzaileak", azaldu du Bengoetxeak.

Izan ere, Palestinan zer egitekorik ez dago. "Langabezia izugarria da; frustrazioa, ondorioz, handia. Baina dinamika horiek guztiak apurtzen dira futbolean aritzen direnean", erantsi du kazetariak.

Kirol horrek jarraitzaile anitz ditu Palestinan. Han ez dituzte, halere, Europako ligek izan ditzaketen baliabideak. Ronaldoren pareko izarrik gabeko futbola da palestinarrena. Han, taldeko kide guztiak dira bertzeentzat ikur eta erreferente. "Futbolak komunitatea sortzeko indar handia du. Markaz Tulkarem taldean denak dira lagunak; jokalariei on egiten die futbolean aritzeak, eta beren partidak ikustera joaten direnei ere on egiten die beren lagunak zelaian ikusteak", nabarmendu du Ivan Pastorrek.

Tulkarem hirian bi futbol talde badira; bat da errefuxiatuen kanpalekuko kideek osatua. Bertzea, Shabab Al Khalil izenekoa, hiriko taldea da. "Baliabide gehiago ditu, baina errefuxiatuenak du jarraitzaile gehien", azaldu du kazetariak. Hori izan zen talde hori proiektua osatzeko aukeratzeko arrazoietako bat. Klubaren jarduerak, gainera, ukitzen ditu bertze hainbat arlo. 1956. urtean sortu zen, kirol talde gisa ez ezik, kultur eta gizarte gune bat ere izateko asmoz, hain zuzen ere. Komunitatea sendotzeko espazio bat da, finean.

Bengoetxeak, Pastorrek eta Zabalzak beren egitasmoa martxan jarri zutenean, bigarren mailan zegoen taldea. "Azken urteotan, gora eta behera aritu da taldea, Osasuna bezala", azaldu dute proiektuko bultzatzaileek. Nafarren aurrean lortu zuen taldeak lehen mailara itzultzea.

Azken partidaren atarikoek ederki erakusten dute nafarren proiektuak nabarmendu nahi duen palestinarren komunitate izaera. "Denak urduri ziren; ondorioz, klubeko kafetegian lo egitera gelditu ziren hainbat jarraitzaile, eta taldeko jokalari nabarmenenetako batek ere haiekin egin zuen bat", gogoratu du Pastorrek.

Tulkarem "hiri kontserbadorea" dela azaldu du Helena Bengoetxeak. Kazetaria Palestinan sartu da lehendabiziko aldiz futbol zelai batean. "Bi partida ikusten izan nintzen, eta bietan nintzen emakume bakarra".

Horrek ez du erran nahi, halere, Palestinako emakumeek futbola maite ez dutenik. "18 urteko jokalari bat ezagutu genuen. Betleem hirian futbolean aritzen zen, baina Tulkaremera mugitu behar izan zuen, amarekin. Ama kanpalekuko errefuxiatua da. Tulkaremen, hiriko taldearekin entrenatzen zen tarteka. Musulmana da, baina beloa janzten ez duen emakume bakarrenetakoa", erran du Helena Bengoetxeak.

Futbola lapurtu

"Etorkizunik gabeko herri bilakatu nahi dute israeldarrek Palestina". Palestinarrek, ordea, etorkizun bat pentsatzeko eta izateko egiten dute borroka, egunero. Horixe nabarmendu du Bengoetxeak. Eguneroko horretan gainditu beharreko oztopoak ez dira gutxi, ezta futbolaren esparruan ere. "Taldeek partidaren egunean egiten dute bidaia; gerta daiteke kontrol militarrak izatea bidean, eta, ondorioz, norgehiagoka bertan behera utzi behar izatea", azaldu du Ivan Pastorrek.

Gazan eta Zisjordanian liga bana dutela erantsi du, eta finala baino ez dutela jokatzen elkarrekin, "aukera dagoenean". Israeldarrek palestinarrei futbola ere kendu nahi izan dietela gaineratu du kazetariak. "1934. eta 1938. urteetan, Israel sortu baino lehen, Munduko Txapelketarako sailkatze fasean aritu zen Palestinako futbol selekzioa. Futbol talde horretan, ordea, arabiarrik ez zegoen, denak ziren judu sionistak", azaldu du Pastorrek. "Palestina lanean ari da FIFAk bere futbol selekzioa onar dezan; Israelek, berriz, hori ez gertatzeko egiten du presioa", erantsi du.

1967an ezarritako mugaren ondoan dago Tulkarem hiria. "1948. urtean, 700.000 palestinar bota zituzten beren lurretatik; berriz mugitu behar izan zuten 1967ko gerraren ondorioz", erran du Bengoetxeak. Itzultzeko helburuarekin bizi dira. Eta futbolaren bidez beren etorkizuna irudikatzeko saioa egiten dute palestinarrek. Baloikadaz baloikada.

Harmaila bete irakurle

Harmaila bete irakurle

Edurne Elizondo

Kazetariak. Kirolariak. Eta kirolzaleak. Sutsuak. Orain, gainera, irakurri nahi zuten kirol aldizkaria sortzeko proiektuan murgildu dira Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran: Harmaila. Zero zenbakia sarean jarri zuten uztailean, baina paperean eman nahi dute lehendabizikoa. "Arnasa luzeko" produktua egin nahi dute; patxadaz irakurtzeko aldizkaria, eta futbola protagonista izanen ez duena. Bazter gelditzen ohi diren kirolen berri eman nahi dute, bai eta anitzetan bazter gelditzen diren kirolarien berri ere. "Genero ikuspuntua txertatu nahi dugu", azaldu du Berastegik. Iruñean aurkeztu du proiektua, Manterolarekin batera. Harmaila irakurlez bete nahi dute, aldizkaria, paperean, errealitate bihurtzeko.

Ehun harpidedun behar ditu Harmaila aldizkariak lehendabiziko zenbakia karrikara ateratzeko. Azarorako prest izan nahi dute arduradunek. Bi hilabetean behin argitaratzea da asmoa, eta, horretarako, urtean bost zenbaki kaleratu ahal izateko, hirurehun harpidedun lortzea hartu dute helburutzat. Izena eman daiteke www. harmaila.eus helbidean. Orri horretan irakur daiteke, halaber, aldizkariaren zero zenbakia.

Aldizkariko arduradunek argi dute kirol kazetaritzaren esparruan dagoen "hutsunea" bete dezakeela Harmaila-k. "Eñaut Barandiaran eta biok 2011n hasi ginen proiektua mamitzen. Ikusten genuen euskal komunikabideetan kirolak behar zuela ez zuen toki bat; Euskal Herrian kirolzale asko dago, kirola egiten eta jarraitzen duen jende asko". Kirola maite duten horiek euskaraz zer irakurri ez zutela ohartuta ekin zioten proiektua zehazteari. Lehen saiakera horrek ez zuen arrakastarik izan, halere. Berriz ekin zioten lanari duela urte eta erdi. Iñaki Berastegi kazetariak orduan bat egin zuen proiektuarekin, eta, hiruren artean, eta aldizkariaren inguruan sortu duten kolaboratzaile sareak lagunduta, duela hainbat urte asmo bat zena errealitate bilakatu dute.

Emaitzez harago

"Pasioz" bizi dute Harmaila aldizkariko kideek kirola. Eta pasio berarekin heldu diote proiektuari. Uste dute "emaitzei lotutakoa" dela gaur egun nagusi den kirol kazetaritza, eta bertze bide bat jorratu nahi dute haiek. "Gaur egun, kirola aitzakia bihurtu da kirolarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz hitz egiteko; edozein huskeria berri bihurtzen da", erran du Manterolak.

"Begirada sakonago bat eskaini nahi dugu guk; Euskal Herri osoko gaiak landuko ditugu, gainera. Hemen bada kirolaren eta kulturaren arteko lotura, eta hori ere jorratu nahi dugu, kirolaren eta kulturaren arteko zubiak eraiki", berretsi du Berastegik.

Genero ikuspuntua ez dute ahaztu. Emakumeak protagonista bilakatu nahi dituzte. Emakumeek egiten duten kirolaren berri eman; kirola egiten duten emakumeei hitza eman. Proiektuko bultzatzaileen artean emakumerik ez dago, baina aldizkaria idatziko duten kolaboratzaileen zerrendan jaso nahi dituzte emakume kazetariak. "Arlo horretan ere egin nahi dugu ahalegina", azaldu dute arduradunek.

Harmaila aldizkariaren lehendabiziko zenbakia kaleratzeko irrikan dira proiektuaren bultzatzaileak. Hainbat eduki aurreratu nahi izan dituzte: solasaldia Aimar Zubeldia txirrindulariarekin, kirola uzteko erabakiari buruz; emakumeen eskubaloia; emakumeak buru dituzten kirol taldeak... Argazki erreportaje bat ere prest dute, futbol zelaien inguruan. "Sadarrek 50 urte bete ditu, eta Ipuruak, berriz, 70", azaldu du Berastegik. Urteurren horiek aitzakiatzat baliatu dituzte zelaion historiaren berri irudien bidez emateko. Diseinuak, hain zuzen ere, garrantzi handia du Harmaila aldizkariko kideentzat. Gaztelaniazko hainbat kirol aldizkari eredu hartu dituztela azaldu dute, Panenka, bertzeak bertze.

Euskararen aldeko apustua berretsi dute, halaber, aldizkariko bultzatzaileek. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko ere lan egin nahi dute beren produktuaren bitartez. Asmo horri lotuta, hain zuzen, liburutegietara bidali dute Harmaila aldizkariko kideek beren harpidetza kanpainaren berri. Irakurleak nahi dituzte, harmailak betetzeko bidean lagun.

Izebaren sakeari ilobak egin dio orain errestoa

Izebaren sakeari ilobak egin dio orain errestoa

Edurne Elizondo

Utzi? Ezta pentsatu ere! Ametsa betetzen ari naiz!". 8 urte zituenean hasi zen Maite Ruiz de Larramendi pilotan. Eskuz aritzea maite zuen. Mutilekin jokatu behar izaten zuen, bertze neskarik ez zegoelako. 14 urte bete zituenean, baina, frontoietan behin eta berriz errepikatzen ziotenari so egin zion Ruiz de Larramendiren aitak, eta utzi egin zion alaba pilotan aritzera eramateari. "Neska izanda, eskuak urratuko nituela erraten zidaten; hobe nuela utzi". Orduko penak utzitako arrastoa palarekin uxatu du pilotariak, 25 urte luzez. Frontoietatik ez baita inoiz atera Ruiz de Larramendi. Baina beti izan du eskuz aritzeko aukera galduak utzitako arantza barruan, eta, azkenean, kentzea lortu du. Larunbatean, emakumezkoen Nafarroako eskuz banakako txapelketako finala irabazi zuen. Lehendabiziko aldiz antolatu dute aurten, eta Olatz Ruiz de Larramendi iloba izan du pilotariak aurkari azken partidan. 44 urte ditu txapeldunak, baina 14 urteko ilobaren gogo eta ilusio bera. "Utzi? Ezta pentsatu ere!". Ametsa betetzen ari da.

Ametsa baita Ruiz de Larramendirentzat eskuz banakako txapela jantzi izana. 14-22 nagusitu zen ilobaren aurka. "Galdu arren, ni ere garaile sentitzen naiz. Zoragarria izan da finalean izebaren aurka aritzea", erran du Olatz Ruiz de Larramendik. Eta izebari so egin dio hitz egin bitartean. Agerikoa da ispilu duela. Aurrera egiteko bultzada eman diola etxekoak egindako bideak. "Ligatxoan 22-20 irabazi zenidan", gogoratu dio izebak, Eulateko frontoian.

Hantxe jokatu zuten finala. Etxean. Etxekoen eta herrikoen begiradapean; haien babespean. Sumatzen zaie biei gustuko dutela kantxan elkarrekin aritzea. Elkarren ondoan, eta elkarren aurka. "Ederki aritzen da; bizitasun pixka bat falta zaio, oraindik ere, esperientziak ematen dizkizun tresnak, baina badu denbora ikasteko. Eroso aritzen da, eta badu begi ona dejadak egiteko eta bi paretak erabiltzeko. Indarra ere ez zaio falta", erran du izebak ilobari buruz,

Zaletasun bera dute bi emakumeek, baina ezberdinak dira oso batek eta bertzeak izan dituzten aukerak. 14 urte ditu Olatz Ruiz de Larramendik; izebak pilota utzi zueneko adin bera. Ilobak, ordea, kantxan jarraitu bertze asmorik ez du. "Loraldia bizitzen ari da", erran du Maite Ruiz de Larramendik. Ez du tristuraz erran, gainera, ilusioz baizik. 44 urterekin ari delako oraingo aukera ederki profitatzen. Ilobaren adina zuenean ukatu zioten aukera.

"Nik ez nuen ulertzen zergatik utzi behar nion eskuz aritzeari. Eskuak urratuko zitzaizkidala? Harrikoa egiten ere bai! Amorrua eragin zidan neska izateagatik bertzeek zituzten aukerak galdu izanak. Aita gustura aritzen zen nirekin, frontoietara eramaten ninduen, baina behin eta berriz erran zioten ez zela egokia nik jarraitzea, eta, azkenean, etsi zuen", azaldu du Maite Ruiz de Larramendik.

Palan ere, bidea egiten

Lau urtez utzi zuen kantxa, baina 18 bete zituenean itzultzeko aukera eskaini zion palak. Eta ez zuen zalantzarik izan. "Susana Munetarekin hasi nintzen. 1992an, Espainiako selekzioak proba egin zigun trinketean aritzeko. Gaur arte, atsedenik gabe". Palan ere, gizonekin entrenatu behar izaten zuten, emakume gutxi zirelako. "1992an egin zuten Nafarroako txapelketa lehen aldiz; bigarrena, berriz, handik hamar urtera edo. Ez zegoen emakumerik", gogoratu du pilotariak.

Palak anitz eman diola nabarmendu du. Munduko txapelketetan eta nazioarteko hamaika lehiaketatan aritu da, eta sariz bete ditu etxeko apalategiak, egindako lanaren ondorioz. Ez da bide erraza izan, hala ere. Deus ez zegoen tokian dena eraiki behar izan dutelako Ruiz de Larramendik eta belaunaldi bereko emakumezko pilotariek. "Gutxi ginen, eta sekulako lana egin behar izan dugu. Lehiaketak antolatu ditugu, pilota eskolak sortu ditugu harrobia lantzeko. Lanarekin uztartu behar izan dugu frontoia, eta federazioa ere ez dugu beti bidelagun izan. Laguntza eske joan, eta zenbaitetan jaso dugu, eta bertze zenbaitetan ez. Inoiz ez dira saiatu, gainera, guk eraikitako horri jarraipena eta bultzada ematen", erran du, tristura apur batekin.

Maite Ruiz de Larramendi kontent da Olatz ilobak orain arte egin duen bidearekin. "Eskuz aritu nahi zuen, eta eskuz ari da". 7 urte zituenean hasi zen Olatz Ruiz de Larramendi pilotan. Izeba bezala, herriko mutilen aurka hasi zen frontoian. "Beñat nire neba aritzen zen, eta gustatzen zitzaidan. Hastea erabaki nuen". Herriko Ameskoa taldean eman zuen izena lehendabizi, baina, gutxi zirelako desegin zenean, Lizarrako San Miguel taldera joan behar izan zuen. "Mutilen aurka aritu naiz beti, iaz arte. Baten batek erran izan du, neska izanda, erraz irabaziko zuela nire kontra. Baina jokatzen hasi eta konturatzen zen banekiela zertan ari nintzen", azaldu du pilotariak, irribarre zabala erakutsiz.

Emakumeen arteko lehian eskuz aritzeko aukera batera jaso dute izebak eta ilobak. Iaz, Bartzelonako Nafarroako etxeak txapelketa antolatu zuen. Haren berri jaso eta gero, izena ematea erabaki zuten pilotariek. "Ezin nuen sinetsi; sekulako txapelketa antolatu zuten, eta Asegarce eta Aspe ere agertzen ziren babesle gisa. Hemen inoiz ez digute deus eman, eta han ari ziren emakumeen arteko lehiari bultzada ematen", gogoratu du Maite Ruiz de Larramendik.

Bikotekako txapelketa zen Bartzelonakoa. Maite Ruiz de Larramendik Yanira Aristorena izan zuen kantxan lagun. "Inoiz ez zen eskuz aritu, baina, saiatzeko eskatu, eta ongi ematen ziola ikusi nuen. Aurrera egin genuen!".

Azken urteotako bultzada

Eskuz aritzeko aukera eskaini zion Bartzelonak Ruiz de Larramendiri, 14 urterekin txapelketak bazter utzi behar izan eta gero. Orduko urduritasuna gogoan du pilotariak. "Sekulako emozioa sentitu nuen. Zoragarria izan zen. Takoak nola jarri ez nekien, eta ilobak lagundu behar izan zidan". Nafarren arteko finalean, Maite Ruiz de Larramendi eta Yanira Aristorena nagusitu ziren. "Ilobak ere txapela lortu zuen bere mailan!".

Bartzelonako txapelketa pizgarri izan zen Nafarroan ere eskuz aritzen diren emakumeek frontoian nahi zuten tokia eskuratu ahal izateko. 2015ean, gainera, Aldatze pilota taldea sortu zuten Iruñean. Eskuz aritzen ziren emakumeek sortu eta osatu zuten. Halako ekinaldiek bultzatuta, eskuz binakako txapelketa bat egin zuten iaz herrialdean, lehendabiziko aldiz. "Master Cup hori berriz eginen dute aurten, baina banaka. Binaka egiteko asmoa bazen hasieran, baina ez dago pilotari nahikorik. Aldatze taldeko kideak hor ziren iaz, baina desegin dute", azaldu du Maite Ruiz de Larramendik, penaz.

"Ulertzen dut jendeak uztea, ez delako batere erraza. Nik ere izan dut amore emateko tentazioa hamaika aldiz, baina gazteak ikusten ditut, eta argi dut ezin dudala etsi". Oberena taldeko kide da pilotaria, eta 2005ean jarri zuen martxan hango pilota eskola emakumeentzat. "Neskei erraten nien lagunak animatzeko. Kontua zen jakin zezatela aukera hori zutela. Saiatzea. Talde sendoa osatu nahi nuen, batzuek utzi arren, nahi zuenak aurrera egiteko aukera izan zezan".

Orain aukera hori lehen baino gertuago dagoela argi du Maite Ruiz de Larramendik. Hau da, nahi duenarentzat gauzak beretzat baino pixka bat errazagoak direla orain. Herrian ere, Eulaten, Ameskoa taldearen berpiztea bizi izan du pilotariak. Frontoian gozatzen du gehien, hala ere. Udan, hogei jaialdi ingurutan parte hartu du, ilobarekin batera. "Getarian lehen txapela irabazi genuen elkarrekin. Esperientzia ederra izan zen". Bat egin du Olatz Ruiz de Larramendik izebarekin. "Hamaika partida jokatu dugu! Hainbat asteburutan bat baino gehiago ere bai!".

Izebak lanarekin uztartu behar izaten du pilota. Ilobak, berriz, ikasketekin. DBHko hirugarren maila egiten ari da. Arazorik ez duela nabarmendu du. Orain, halere, Uharten jokatuko duen txapelketa baino ez du buruan. "14-17 urte bitarteko emakumeak ariko gara, eskuz eta banaka". Zortzi pilotarik eman dute izena, denera, eta abenduan jokatuko dute finala.

Pilota bizitzeko, palan aritu da Maite Ruiz de Larramendi. Epaile eta entrenatzaile ere bada, emakumeak orain arte egon ez diren tokietara ailegatu nahi baitu. "Epaile emakume gutxi gara; kirol jokoetarako deitzen gaituzte, ez, ordea, gizonezkoen eskuz banakako txapelketara", azaldu du. Bidea egiten jarraitu nahi du; bertzeak bertze, ilobarentzat. Olatz Ruiz de Larramendik izebaren zaletasun eta ilusio bera du. "Profesionala izatea? Zergatik ez".