Kirola

Bideak izan dezan denentzako tokia

Bideak izan dezan denentzako tokia

Edurne Elizondo

Bizikletaren gainean gaudenean, gure gorputza da txasisa". Patxi Etxenikerenak dira hitzak. Txirrindularitza du aspaldiko zaletasun. "47 urte ditut, eta 30 daramatzat bizikletaren gainean". Ez du utzi nahi, biziki maite duelako, baina aitortu du saiatzen dela ibilgailu gutxiago dituzten bideak aukeratzen. "Arriskua, halere, edozein tokitan da". Duela urtebete luze, Etxenike eta haren semea harrapatu zituen auto batek, Endarlatsa inguruan. Lesakan bizi da Etxenike, eta Behobiarako bidea hartu zuen semearekin batera. "Bazterbidean ginen gu, bata bertzearen atzean; autoa gainera etorri zitzaigun. Gidariak ikusi gintuen, baina oharkabetu, eta harrapatu gintuen", gogoratu du.

Etxenikek ukondoarekin apurtu zuen autoaren aurreko kristala; kolpeak fisura eragin zion. Lau saihets-hezur apurtu zituen, gainera, bai eta klabikula ere, bi tokitatik. "Semea 30 metro eraman zuen autoak kapotaren gainean, eta alboko langaren bertzaldera bota zuen, azkenean; erradioa eta kubitua apurtu zitzaizkion, hezur bakoitza hiru tokitatik. Bigarrenez egin behar izan zioten ebakuntza, torlojuak apurtu zitzaizkiolako; urte bat baino gehiago pasatu da, eta oraindik zain gaude ea hezurrak ongi batzen diren", azaldu du Etxenikek.

Lesakako Beti Gazte elkarteko kide da Etxenike. Bortzirietako txirrindulariak batzen dituen Urtxintxa elkarteko kideekin ateratzen da errepidera, halere, bizikletaz gozatzera. Eskualde horretan zale anitz ditu txirrindularitzak, eta sumatzen da hango bideetan. "Gipuzkoatik ere txirrindulari anitz etortzen da honat", erran du Etxenikek. Kezkatzen du N-121-A errepidearen egoerak, eta, horregatik, Urtxintxako Mikel Gomezekin batera, Nafarroako Parlamentuan egon da, bide horretan zer hobetu badela aldarrikatzen; neurriak har ditzatela eskatzen.

Nafarroako Gobernuak ere aitortu du txirrindularien segurtasunak kezka eragiten diola, eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak hartu du konpromisoa hainbat neurri martxan jartzeko. Hasteko, gobernuaren asmoa da txirrindulariek anitz erabiltzen dituzten hiru ibilbidetan seinaleak jartzea: zehazki, Markalain, Ultzama aldea, Erro eta Eguesibar aldean; Ultzama aldean, Bidasoa Garaian, Artesiagan eta Esteribarren; eta Erroibarren eta Artzibarren.

Nafarroako Txirrindularitza Federazioarekin batera lan egin du gobernuak zaleek gehien erabiltzen dituzten bide horiek identifikatzeko eta egin beharreko lanak zehazteko. Federazio horrek 1.650 lizentzia inguru baditu. Erakunde horrek aitortu du, halere, herrialdeko errepideetan ibiltzen diren txirrindulariak anitzez ere gehiago izanen direla, segur aski, lizentzia dutenen adina edo gehiago izanen direlako lizentziarik gabe ibiltzen direnak.

Iruñerriko eta Erdialdeko bertze hainbat ibilbidetan ere seinaleak jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Bide horiek identifikatu ditu jada, eta gauza bera egin nahi du Maria Jose Beaumonten departamentuak Erriberan ere. "Konpromisoa badago", berretsi du kontseilariaren kabineteburu Paula Iberok. Datak ez dituzte zehaztu, halere, plangintza egiteke dagoelako, oraindik ere, Iberok erran duenez. Eta uda pasatu arte, segur aski, ez diote lan horri ekinen.

Hamalau hildako 2010etik

2010. urtetik, hamalau txirrindulari hil dira Nafarroako errepideetan gertatutako istripuetan. 2016. urtean, txirrindulariak tartean izan zituzten 110 ezbehar gertatu ziren, eta, ondorioz, hemezortzi pertsona larri zauritu ziren, eta bertze 95, berriz, arin. Aurten, lau txirrindulari hil dira herrialdean: haietako bi auto banak harrapatuta zendu ziren, ekainean, eta bertze biak, berriz, berez hil ziren errepidean, hilabete berean. Ekainera bitarte, hain zuzen ere, txirrindulariak tartean ziren 31 istripu gertatu, eta 29 pertsona zauritu dira Nafarroan, gobernuak zabaldutako datuen arabera.

Halako datuen atzean dagoen errealitatea ongi ezagutzen du Patxi Etxenikek. Egoerak hobera egin dezan, hasteko, "errespetua eta pazientzia" eskatu ditu txirrindulariak. Errespetua errepidean bat egiten duten guztien artean; eta pazientzia, berriz, mantsoago ibiltzen direnekin. "Autoek eta kamioiek argi izan behar dute txirrindulariak ere bagaudela errepidean, eta kontuan hartu behar gaituztela".

Nafarroako Parlamentuko kideen aurrean egindako agerraldian, N-121-A errepidean gertatzen denaren berri eman zuten Etxenikek eta Gomezek. Bide hori moldatu zutenetik, gora egin du kamioien kopuruak. Trafikoak, oro har, %4,8 egin du gora. Iruñea eta Behobia arteko tartean, egunean ia 9.500 ibilgailu pasatzen dira, eta haietako 2.500 baino gehiago dira astunak.

"Errepidea moldatu zutenean, ordea, txirrindulariak bazter utzi zituzten", salatu du Etxenikek. Eskualdeko egoera kontuan hartuta, horrek ekarri du 15 kilometro eskaseko tarte batean bospasei gune arriskutsu izatea. Horietan neurriak hartzeko eskatu du Etxenikek. Urtxintxako kideekin batera, "inbertsio txikia" eskatzen duten hainbat proposamen egin ditu: bazterbideak maizago garbitzea; edo Bera eta Lesaka arteko bide berdean brea botatzea, adibidez. Azken neurri horren asmoa da N-121-A errepidea saihestea, bertzeak bertze, Lesakatik Ibardingo mendatera joan ahal izateko. Izan ere, bide berdearen erabiltzaileek errepidearen azpitik badute beren sarbidea. "Seguruagoa da".

Bertze hainbat tokitan, tunelek eragiten dute arriskua txirrindularientzat. Beratik ateratzeko tokian, adibidez. "Tunelaren ahoa gertuegi dago", azaldu du Etxenikek. Bertze hainbat zatitan, errepideak bazterbiderik ez izateak sortzen du arriskua. "Bera eta Lesaka arteko tarte batean hori gertatzen da. Bi ibilgailu gurutzatzen badira, jai du txirrindulariak. Duela egun gutxi, autoan pasatu nintzen hortik. Bertze aldetik txirrindulari bat heldu zen, eta atzetik zuen kamioiak aurreratu egin zuen. Nik autoa gelditu nuen, eta txirrindulariak eskua altxatu zion gidariari, ohartarazteko. Baina kamioia ez zen gelditu: indartsuenaren legea ezarri zuen".

Bertze hainbat txirrindularirekin ateratzen ohi da Etxenike errepidera. "Taldearen babesak ematen dizu segurtasun sentsazio bat. Ematen du eragozpen gehiago eragiten diegula ibilgailuei, eta, ondorioz, gelditu bertze erremediorik ez dute, anitzetan". Txirrindulariek bata bertzearen ondoan ibiltzeko aukera badutela gogoratu du. "Klaxona jotzen digute gidari anitzek hori egiten badugu, baina badugu eskubidea; taldea handia bada, gainera, errazagoa da gu aurreratzea binaka joaten bagara", nabarmendu du.

Txirrindulariek ere onartu behar dute beren ardura. Horixe gaineratu du Etxenikek. Nafarroako Gobernuak ere txirrindulariek segurtasunaren alde egin dezaketena mahai gainean jartzeko kanpaina egin du, eta aipatu du, adibidez, aurrean eta atzean argia eramateko beharra.

Txirrindularien erantzukizunaz, "autokritiko" izateko beharra nabarmendu du Etxenikek, hain zuzen ere. "Egia da gaizki ibiltzen diren txirrindulariak badirela". Urtxintxako kideen artean jorratutako gaia dela erantsi du Etxenikek, eta denen artean adostu zutela "zorrotz" jokatu behar zutela arauekin. Semaforoak jarri ditu adibide. "Badira gelditzen ez diren txirrindulariak; guk erabaki dugu, argi eta garbi, laranja edo gorri dagoenean gelditu egin behar dugula". Etxenikek argi du errepidean txirrindulariak duela galtzeko gehien. "Gure esku dagoena egin behar dugu, gure esku diren neurriak hartu", erantsi du. Jakin badaki, halere, hori ez dela beti nahikoa.

Errepideak ulertzeko modua da arazoaren muina, Etxenikeren ustez. Hau da, txirrindulariak ez onartzea errepideetako erabiltzaile gisa. "Baina bagara". Bide bat egiterakoan edo moldatzerakoan errealitate hori aintzat hartu behar dela berretsi du.

Nafarroako Parlamentuko taldeek txirrindularien eskaerei "harrera ona" egin zietela azaldu du Etxenikek. Gobernuak mahai gainean jarri dituen neurriak ere ontzat jo ditu. Hitzak ekintza noiz bilakatu zain gelditu da.

Herbehereetan gertatu zena ekarri du gogora, errepideetako istripuetan hildako txirrindularien kopuru handiak muturreko neurriak hartzera eraman baitzuen hango gobernua. Ezagutu ditu hango errepideak. Istripuek behera egin dutela nabarmendu du. "Baina hil direnak ez dira itzuliko". Egoerak okerrera egin baino lehen, neurriak eskatu dizkie hemengo agintariei. Bideak, finean, denentzako tokia izan dezan.

Artea, kirola, komunitatea

Artea, kirola, komunitatea

Edurne Elizondo

Bat, bi hiru; bat, bi, hiru. Atseden hartzeko denborarik ez da. Asteburuko lehia dute La Unica errugbi taldeko emakumeek buruan. Bertzerik ez. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bertze zazpi talderen aurka, Iruñean, bihar eta etzi. Laugarren aldia da; hirugarrena jarraian. "Etxean aritzea pizgarri handia da guretzat; baina urduriago jartzen gaitu egoera horrek, aldi berean; erantzukizunaren zama sentitzen dugu". Ainhoa Diaz taldeko kapitainarenak dira hitzak; NUPeko zelaian erran ditu, entrenatzen hasi aurretik. Zaleen babesa jasoko dutela badaki. Eta zaleen artean izanen da, zalantzarik gabe, Cristina Nuñez Bakedano argazkilaria. 2015eko abenduan egin zuen bat taldearekin. Entrenamendu bati buruzko lana egitera joan zen, eta oraindik ez du utzi. Unicas izenburuko obra egin du, Nafarroako Gobernuak sorkuntza sustatzeko emandako laguntzarekin. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan dira zintzilik Nuñez Bakedanok eta laguntza jaso duten gainerako artistek egindako lanak, Hamaika izenburuko erakusketan. Maiatzaren 7a bitarte ikusi ahal izanen da. Gero, nork berea eginen du.

Zelaian dena emateko prest den talde bera irudikatu nahi izan du Nuñez Bakedanok bere argazkietan. Hori baino anitzez ere gehiago. Jokalariak bilakatu ditu bere irudietako protagonista: jokalariak zelaian, baina, batez ere, jokalariak aldagelan, autobusean, elkarri txantxak egiten, elkarri besarkada bat ematen, elkar babesten; bizitzen, elkarrekin bizitzen, sufritzen eta gozatzen; komunitate bat osatzen. "Ez dugu urrun joan behar, nahi ditugun istorioak kontatu ahal izateko; finean, emakumeona bertze anitzen istorioa da", erran du egileak. "Ezberdinak dira, adin, toki eta inguru anitzetakoak, baina, guztiaren gainetik, errugbiarekin duten konpromisoak batzen ditu", laburbildu du Nuñez Bakedanok La Unicako emakumeen sekretua.

Familiak medikuntza ikas zezan nahi zuen, baina argazkigintzaren aldeko apustua egin zuen Nuñez Bakedanok, Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan. Publizitatearen esparruan aritu zen, lehendabizi. Ez du utzi, baina freelance moduan egiten du lan orain. Ugandan aritu da, argazkigintza eskola sortu zuen irabazi asmorik gabeko erakunde batekin. Venezuelara joateko asmoa zuen handik itzuli zenean, errugbiarekin lotutako istorio baten berri ematera, baina La Unica agertu zitzaion bidean, eta ezin izan zuen bazter utzi. "Lagun batek eraman ninduen, behin, Arazurira, gizonen errugbi partida bat ikustera. La Unicako emakumeei buruz hitz egin zidan, eta erabaki nuen entrenamendu batera joatea".

1998an, NUPen

Nuñez Bakedanok ezagutu zituenean, 2015eko abenduan, Arazurin entrenatzen ziren, eta hantxe jokatzen zuten La Unicako emakumeek. Lehendabiziko entrenamendu saio hartako hotza ez zaio ahaztu argazkilariari. Jokalariek ez zutela sumatzen ere gogoan du. Orain, NUPen dute entrenatzeko eta jokatzeko zelaia. Izan ere, taldea hantxe sortu zen, 1998. urtean. Ordutik da kide Arantxa Ursua.

"Iñaki Bengoetxea baztandarrak jarri zuen taldea martxan; NUPera etorri zen, kirol zerbitzura, eta errugbian aritzen zenez, emakumeen taldea osatu nahi izan zuen. Lagun batek aipatu zidan, eta bat egin nuen", azaldu du Ursuak. NUPen sortu zen, beraz, orain La Unica den taldea. Ez zuen han luze iraun, ordea. 2003an utzi zuten jokalariek unibertsitatea: "NUPen euskararen aldeko protesta bat izan zen; Bilbon jokatu genuen, eta protesta horrekin bat egiteko, pankarta atera genuen zelaian. NUPen ez zuten ontzat jo; entrenatzaileari egotzi zioten ardura, eta kanporatzea erabaki zuten. Jokalariok, ondorioz, alde egin genuen".

Unibertsitatetik kanpo, beren kabuz ari ziren bertze hainbat emakumerekin bat egin zuten, eta La Unica taldean aurkitu zuten behar zuten aterpea. Gaur arte. Jokalariekin bat egitea ez dela erraza izan onartu du Nuñez Bakedanok. "Hasieran, ikusten ez ninduten sentsazioa nuen; lotsatia naiz ni, baina han nintzela oihukatzeko gogoa sentitzen nuen!". La Unicako jokalarientzat zelaitik kanpo zegoen kide bat zen argazkilaria, eta horrek ezartzen zuen haien arteko hasierako muga. "Zer egin nahi zuen ere ez genuen ongi ulertzen, hasieran. Bazter batean jartzen zen, eta haren kameraren zarata entzun bertzerik ez genuen egiten", azaldu du Ainhoa Diaz kapitainak.

Argazkilariak berak egindako irudiak ikusi gabe gorde zituen hasieran. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasotzeko aukera agertu zen arte. Jokalariei erakutsi nahi izan zien, orduan, bere lana. "Argi nuen haiek proiektuarekin bat egin behar zutela aurrera jarraitzeko; bertzela, ez zuen zentzurik izanen", erran du Nuñez Bakedanok. Ikusi, eta La Unicakoei gustatu zitzaien argazkilariak egindakoa. Aurrera egin zuen argazkilariak. Proiektua martxan zen.

Lehen argazki horiek ikusi zituztenean hasi ziren jokalariak argazkilariaren asmoa ulertzen. Zelaitik kanpoko errealitatea bilatzen zuela, batez ere. Talde bilakatzen dituen elementuak islatu nahi zituela, jokaldi zehatz bat edo partida bateko une jakin bat baino gehiago. Izan ere, La Unicako emakumeak ezagutu zituenean, "komunitate emozional bat" aurkitu zuen Nuñez Bakedanok; hamaika lezio eman dion komunitate sendo eta indartsua.

Ikasi eta ikusitako guztiaren artean, hala ere, bi auzi nabarmendu nahi izan ditu argazkilariak: "Batetik, proiektuak ekarri dizkidan bi haustura jarri nahi izan ditut mahai gainean; egungo gizarteak feminitateari buruz duen kontzeptuaren haustura da lehenengoa; ni neu hamaika estereotiporekin hurbildu nintzen La Unicako jokalariengana, eta denak apurtu dira; bigarren hausturak egungo kirolaren maskulinizazioa jarri nahi du agerian; emakumeak ikusezin bilakatzen dira kirolaren esparruan. Bertzetik, zintzo izan nahi dut, eta argi eta garbi erran bi Iruñea edo bi Nafarroa ezberdin ikusi ditudala La Unicako jokalarien komunitate berean".

"Bi Iruñea badira, bi Nafarroa", berretsi du. "Zatiketa kulturala egon da, euskararekin lotutakoa. Orduak eman ditut jokalariei so, eta euripean ikusi ditut, bata bertzearen alde, bata bertzea babesten; Baztangoa eta Iruñeko Gaztelugibelekoa elkarrekin. Emakumeok ez zuten elkar ezagutu izanen errugbiak batu izan ez balitu; pentsatzeko hamaika moduk egiten dute bat taldean, baina haien artean ez dago mugarik. Lezio ederra da hori. Ni neu, Gaztelugibeleko Iruñe horretakoa naiz, euskaraz ez dakit, baina partidetan inor baino ozenago aritu naiz Neskak! oihukatzen. Ezberdintasunak guk jarri nahi ditugun tokian baino ez daude".

La Unicako jokalariek inork baino hobeki dakite hamaika koloretako taldea osatzen dutela. Hamaika tokitakoak dira, hamaika adinetakoak. 16 urte ditu jokalaririk gazteenak; eta 40 zaharrenak. Ikasleak eta langileak aritzen dira elkarrekin. Eta zerk batzen ditu? errugbiak. Edo, hobeki erranda, kirol horrekiko duten konpromisoak.

"Konpromiso hori zure egiten duzunean, zaila da taldea atzean uztea; finean, konpromiso horrekin lotuta dago dena, ez bakarrik zelaian gertatzen dena; taldea une oro osatzen dugu", erran du Maialen Marturet jokalariak konpromiso horren atzean zer dagoen azaltzeko. Ultzamakoa da, taldeko bertze hainbat kide bezala. Astean bitan egiten dute bat Iruñean, entrenatzeko. Urrunagotik etortzen da Clara Liso, Ejea de los Caballeros herritik, hain zuzen ere (Aragoi, Espainia). "Ordu eta erdiko bidea dut; baina errugbiak merezi du".

Errugbiaren koreografia

La Unicako jokalariekin bat egin baino lehen, Jose Lainez eta Concha Martinez dantzariekin lan egiteko aukera izan zuen Cristina Nuñez Bakedanok. Errugbi partidak ikusten hasi zenean ere, "nolabaiteko koreografia" sumatu zuen argazkilariak kirol horren atzean. "Hagitz estetikoa da".

Errugbian era guztietako gorputzek toki bat dutela nabarmendu du, halaber, Unicas lanaren egileak. "Azkarrak eta mantsoak, indartsuak eta biziak, kirolari bakoitzak badu bere egitekoa". Argazkilariaren hitzak berretsi dituzte La Unicako jokalariek. "Benetako talde kirola da gurea; ez dago partida irabaz dezakeen izarrik", erran du Ursuak.

Horrek badu lotura, jokalariaren ustez, errugbian nagusi diren balioekin. "Ez dugu bertze hainbat kirolak duten arrakasta, eta, ondorioz, eutsi ahal izan diegu errugbiak betidanik izan dituen errespetuzko balio horiei; errespetuzko jarrerak nagusi dira haurren artean, bai eta helduen artean ere", azaldu du La Unicakoak. Partida amaitzerakoan, adibidez, ilaran jarri eta bide egiten diote jokalariek aurkariari. Eta hirugarren zatia deiturikoan, bi taldeek egiten dute bat, elkar ezagutzeko, harremana sendotzeko.

Errugbiaz gozatzen dute La Unicako jokalariek, eta agerikoak dira haien ahaleginaren emaitzak. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bihar eta etzi. Halere, gizartearen gehiengoarentzat ikusezina da haiek egiten duten lana. "Niri amorrua ematen dit; emakume gisa amorrua eragiten dit jendea egiten dugunaz ez ohartzea; jendearentzat futbola baino ez da existitzen, eta errugbia erabat baztertuta gelditzen da. Saiatzen ari gara eskoletan gure kirola mugitzen, baina zaila da", salatu du Ane Zabalzak.

Bat, bi, hiru; bat, bi, hiru. Entrenamendua hasteko ordua da. Beren maila erakutsi nahi dute La Unicako jokalariek asteburuan. Kirolari langileak direla, eta onena emateko prest direla. "Gozatzera aterako gara zelaira; igotzea lortzen badugu, ikusiko dugu zer egin", erran du Ainhoa Diaz kapitainak. Korrika egiten hasi da; ondoan ditu Urzua, Zabalza, Haizea Donamaria, Ana Mariñelarena, Ixiar eta Maddi Brako ahizpak, Maialen Marturet eta taldea osatzen duten gainerakoak. 35 dira denera. Jokalariak, emakumeak. Komunitate bat, kameraren objektiboaren jomugan.

Zazpigarrena, biziberritzeko

Zazpigarrena, biziberritzeko

Edurne Elizondo

Esaldi bera errepikatu zuten iruindar anitzek, duela bi aste, Osasunak Lehen Mailara itzultzea lortu eta gero. "Sanferminak aurreratu dira aurten". Izan ere, Girona 0-1 mendean hartu eta gero, taldeko kideek zaleen omenaldi beroa jaso zuten, ekainaren 19an, Iruñeko Udaletxe plazan. Lepo bete zuten iruindarrek, hiriko besten hasiera iragartzen duen uztailaren 6ko txupinazoan gertatzen ohi den bezala. Sanferminek eta futbolak baino ez dute lortzen hori. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak egin zieten harrera Osasunako kideei, lehendabizi. Jokalarien eta zaleen pozak, halere, jokalariak Iruñeko herriko etxeko balkoira atera zirenean jo zuen goia. Zazpigarren igoera ospatu zuten denek, elkarrekin.

Taldea biziberrituko duen igoera izanen dela uste eta espero dute zale anitzek. Aurtengo igoera testuinguru berezi batean gertatu baita. Izan ere, azken urte luzean zelaitik kanpoko gora-beherek baldintzatu dute Osasunaren ibilbidea: 1920. urtean sortu zenetik talde eredugarritzat jo izan dena, susmopean jarri dute azken hamasei hilabeteotako gertaerek, eta futbolaren alde iluna agerian gelditu da, Iruñean ere.

Osasuna auziak 2015eko otsailean egin zuen eztanda epaitegietan, taldeko kudeatzaile ohi Angel Bizkaik partidak amarruz irabazteko hainbat akordioren berri eman eta gero. Orduan hasi zen Miguel Artxanko eta Patxi Izko presidente ohien gidaritzapean taldeko diruaren erabilera bidegabea gertatu ote den argitzeko ikerketa. Fermin Otamendi epaileak jarri zuen auzia martxan, eta oraindik ez da amaitu.

Epaitegietako gorabeherek Osasunaren arazo ekonomikoekin egin dute bat azken hilabeteotan; taldearen etorkizuna arriskuan jartzeraino. Zentzu horretan, igoera lortu eta berehala, argi eta garbi mintzatu zen taldeko entrenatzaile Enrique Martin Monreal: "Ezin ditugu iraganeko hutsak berriro egin; ezin dugu ez daukagun dirua gastatu; hurrengo sasoian Bigarren Mailara jaisten ahal gara, berriz ere, eta, hala bada, ez da deus gertatuko". Martin Monreal izanen da Osasunako entrenatzaile datorren denboraldian ere. 2015eko maiatzean ailegatu zen taldera, Osasuna auziak eztanda egin eta gero, eta zuzendaritzak baieztatu du jada karguari eutsiko diola hurrengo sasoian, Lehen Mailan.

Sabalzaren erronkak

"Martinen proiektuarekin %100 egiten dugu bat", berretsi du Osasunako presidente Luis Sabalzak. Sabalzak 2014ko abenduan hartu zuen talde gorritxoaren ardura bere esku. Igoera lortu eta gero, egungo taldearen oinarriari eusteko asmoa agertu du. Diruarena zaindu beharreko auzia dela badaki presidenteak, eragin dituen zorrei ere aurre egin behar baitie, oraindik ere, talde gorritxoak.

Kirolaren esparruko garaipenak ospatzeko garaia da, oraingoa, halere, Osasunako kideentzat, lehen taldearen igoera ez baita azken egunotako bakarra izan gorritxoentzat: Osasunako bigarren taldeak ere Bigarren B mailara igotzea lortu zuen, joan den igandean. Erronka berriak ditu Osasunak zelaian, bai eta zelaitik kanpo ere.

Gola heteropatriarkatuari

Gola heteropatriarkatuari

Edurne Elizondo

Kirol mundua esparru maskulinizatua da; gizonek egina, gizonentzat". Hori da Iruñeko Bullerak talde transfeministak aldatu nahi duen errealitatea. Lehen urratsa egunotan eginen du: kirol jardunaldi transfeministak prestatu ditu Nafarroako hiriburuan, atzo hasi eta igandera arte. Gola sartu nahi diote Bullerakeko kideek heteropatriarkatuari, sistema horretaz harago zer erran eta zer egin badelako. "Erresistentziarako espazioak behar eta nahi ditugu", erran dute antolatzaileek. Bertze hainbat arlotan bezala, baita kirolaren esparruan ere.

1900. urtean parte hartu zuen emakume batek aurrenekoz Olinpiar Jokoetan. Charlotte Cooper tenislaria izan zen (Ingalaterra, 1870-1966). Ez zen lehian aritu, halere; erakustaldia egin zuen. Cooper hil eta urtebetera, 1967. urtean, Bostongo maratoian aritu zen emakume bat, lehendabiziko aldiz. Inizialekin eman zuen izena Katherine Switzerrek, berez emakumeek parte hartzea debekatua ez zuten arren, praktikan ez zietelako uzten korrika egiten. Laugarren kilometrora ailegatu zenean, hain zuzen ere, antolatzaileak Switzer ibilbidetik ateratzen saiatu ziren, baina aurrera egitea lortu, eta lasterketa bukatu zuen, lau ordu eta hogei minutuko markarekin. 1974an, New Yorkeko maratoia irabazi zuen, eta 1975ean, berriz, bigarren sailkatu zen Bostongoan.

Urte horretan, emakume bat aurrenekoz ailegatu zen Everest mendiko gailurrera. Junko Tabei japoniarra izan zen emakume hori. Everestetik jaitsi zenean, inork ez zuen hark egindako lana nabarmendu. "Ama arduragabea" zela leporatu zioten sorterriko hedabideek, hilabete gutxiko bere haurra aitarekin gelditu zelako, ama mendian zen bitartean.

Emakumeen parte hartzea ohikoa da, gaur egun, goi mailako kirolaren esparruan; horrek ez du erran nahi, hala ere, zer hobetu ez dagoenik. Helmuga, transfeminismoaren ikuspuntutik, urruti da, oraindik ere. Bullerak taldeko kideek argi erran dute: "Genero sistemak egituratzen du gizartea; kirolaren esparruan ere, emakumeok edota emakume gisa sozializatutatako pertsonak ikusezin bilakatzen gaituzte".

Hedabideek egoera horretan betetzen duten rola jarri du mahai gainean Ainhoa Azurmendik. EHUko irakasleak gaur hartuko du parte Bullerak taldeak antolatutako jardunaldietan. Jardunaldi praktikoak izanen dira, neurri handi batean, baina teoriarako eta eztabaidarako tartea ere izanen dute. Heteropatriarkatua kirol munduan izenburupean, eztabaida saioa eskainiko du Azurmendik, hain zuzen, Lo Eizagirrerekin batera. Hedabideen arduraz, Azurmendik gogora ekarri du Carolina Marin badminton jokalari espainiarrari egunkari batean egindako elkarrizketa. "Izenburu gisa Eta bikotekidea ere badu jarri zuten!", salatu du.

Kirola gizonezkoen parametroen arabera egituratuta dagoela azaldu du Azurmendik. "Haiena den mundutzat dute, eta zalantzan jartzen dituzte emakumeon gaitasunak. Erresistentziak badaude, hori delako gelditzen zaien azken muga, indarrarena. Kirola sortu zen gizonezkoen indarra erakusteko. Gizonek diote emakumeek ezin dutela haiek bezain on izan, baina argi izan behar dugu gizonen parametroekin neurtzen dela on hori".

Estereotipoen indarra

Goi mailako kirolaren esparruan, arauek emakume eta gizon nor diren eta nor ez diren ere zehazten dutela erantsi du Azurmendik. "Estereotipoak apurtzeko ordua da". Oraindik indar handia dute, ordea. Caster Semenya atleta hegoafrikarraren kasua jarri du mahai gainean. 2009an, Berlingo Munduko Txapelketan urrezko domina irabazi zuen. "Zalantzan jarri zuten haren sexualitatea, haren gorputzak ohi baino testosterona gehiago eragiten duelako, bai eta lortutako domina ere; sekulakoa da hori, eta beti emakumeei gertatzen zaie".

Gizon-emakume binomio horren mugak gainditzen zailak dira. Kirolaren esparruan, gainera, ustez emakumeenak eta ustez gizonenak diren ezaugarriak indartzen ditu. "Kirolariek ere barneratzen dituzte presio sozial horiek. Boxeoan aritzen diren emakumeei, adibidez, gona jartzen diete. Zergatik? zalantzan ez jartzeko emakumeak direla, feminitatea gal ez dezaten", erran du Azurmendik. Gizonen eta emakumeen ezaugarriak zeintzuk diren zehazteko orduan estereotipoak daude tartean. "Tradizioz ezarritako estereotipo horiek erreproduzitzen ditugu, behin eta berriz. Apurtu egin behar ditugu, ordea".

Gizon-emakume binomioa da nagusi goi mailako kirolaren esparruan, baina sailkapen horretatik kanpo bertzelako errealitateak badirela nabarmendu du Ainhoa Azurmendik, eta, ondorioz, kontuan hartu beharko liratekeela. Bat egin du harekin Lo Eizagirrek. Azurmendirekin batera ariko da gaurko saioan. Eizagirrek bere esperientzia azaldu du. Surflaria da, eta goi mailan aritu da lehian, hainbat urtez. Uztea erabaki du, ordea. "Transexual maskulinoa naiz; lehian emakumeen artean aritu naiz beti; gizon gisa aritu nahiko banu, bi urtez egon beharko nuke hormonak hartzen; duela ez askora arte ebakuntza egin behar zen, gainera, lehiatu ahal izateko. Egoera horren aurrean, nik zer egiten nuen? Emakumeen artean lehiatu. Nork bere estrategiak bilatzen ditu aurrera egin ahal izateko; bizirik irauteko".

Halako egoerak eguneroko kontu dira goi mailako kirolaren esparruan, araudiek eta federazioek gaiari behar bezala eutsi ez badiote ere, oraindik ere. Baina lehiaketaren esparrutik kanpo ere, aisialdia betetzeko kirol jardueretan, bada gogoeta egiteko beharra. "Ni ez naiz hasi hormonak hartzen; igerilekura joaten naizenean, adibidez, emakumeen aldagelan sartzen naiz, eta arropa ahalik eta azkarrena kentzen dut, inork ezer esan ez dezan; egunerokotasunean badago hamaika zailtasun", azaldu du Eizagirrek.

Azurmendik bat egin du Eizagirrerekin, eta haurren artean ere zer teorizatu eta zer hausnartu badela nabarmendu du. Gakoa da, haren ustez, kirola gozatzeko egiten den jarduera bat dela. Ezin dela esparru hori sufritzeko espazio bilakatu. "Umeen artean ere esperientzia txarra izan dezake kirola egin nahi duen transexualak; gure identitatea lotzen da emakume edo gizon izateagatik gizarteak gutaz espero duen horrekin, baina haurrak definitzen ez direnean, edo transexualak direnean, oztopoak aurkitu ditzakete". Azurmendik argi erran du sentiberago izan behar dugula halako egoeren inguruan, eta, batez ere, kirola jarduera gozagarri bilakatzeko hausnarketa egin, eta sor daitezkeen egoerak normalizatzeko neurriak proposatu.

Talde mistoen gaia jarri du mahai gainean. Aisialdiaren esparruko kirol jarduera eta goi mailakoa bereizi ditu. Eta goi mailako kirolaren esparruan, emakumeek beren espazioa izatearen aldekoa da Azurmendi. "Indarra eta boterea ematen dio horrek emakumeari". Lehiaketa ofizialetatik at, berriz, "alternatibak saiatu" behar direla gaineratu du.

Eizagirrek uste du, halaber, emakumeek kirolaren munduan bizi izan duten eta bizi duten bazterketari aurre egiteko garrantzitsua dela haien jarduera babestea eta bultzatzea. Surfaren munduan horretan ari da, Emakumea Surflari programaren bidez. Surfa ez da ageri Bullerak taldeak prestatutako egitarauan, baina bertze hamaika kirol jarduera probatzeko aukera izanen dute igandera arte parte hartzaileek: errugbia, aeroboxinga, herri kirolak, roller derby, eta abar. "Iaz, Valentzian egin zen halako esperientzia bat lehen aldiz; polita da kirola eroso eta askatasunean egitea".

Proiektu batentzako tokia

Gaztetxe bat lau pareta baino ez lirateke, barruan egiten denagatik ez balitz. Ideia hori oinarri, edukiari eman nahi dio garrantzia Berpizten mugimenduak. Egitasmo bat prestatu du, gaztetxean martxan jartzeko. Txosten batean bildu ditu proiektu horren lerro nagusiak. Hauexek dira:

EREDU ALTERNATIBOAK

"Diruan oinarritu beharrean pertsonengan oinarritutako planteamendu sozioekonomikoak" jarri nahi ditu martxan gaztetxeak, "perspektiba ekofeministatik" abiatuz, betiere.

KULTURA ETA AISIALDIA

Kultur arloan ere eragin nahi du guneak, "herri klaseetatik abiatuko den eredu sortzailea" eta "merkatuaren logikatik haragoko kultur proiektuak" bultzatuz.

HARREMAN SOZIALAK

Harremanak sustatzeko gune ere bilakatu nahi dute gaztetxea, "komunitatean, elkartasunean eta elkarren ikasketan" oinarrituz. "Bazterketarik gabeko" eredu bat jarri dute mahai gainean.

PRAKTIKA FEMINISTA

"Jendarte heteropatriarkalari aurre" egin eta "harremanak, ardurak eta funtzioak sexuagatik, generoagatik edo aukera sexualagatik baztertu gabe" sortzea da beste xedeetako bat. Emakumeak "ahalduntzeko" espazioa ere bilakatu nahi dute gaztetxea.

EUSKARA

Gaztetxeak "euskalduna izan behar" duela uste dute gazteek, eta, "espazioan euskararen erabilera sustatzeaz" gain, haren "balio soziala mahai gainean jarri eta ezagutzen ez dutenen ikasketa prozesua erraztu" nahiko lukete.

LURRAREN DEFENTSA

"Ekoizpen, kontsumo eta bizi ereduen inguruko" hausnarketa bultzatu nahi du gaztetxeak. Era berean, egitasmo "antiespezistak" sustatuko ditu.

TOPALEKUA

Alde Zaharreko auzokideen artean "nagusi den inkomunikazioari" aurre egin nahi dio gaztetxeak, eta "elkarren babeserako praktikak" sustatu. Ideia edo esperientzien "trukerako plaza" bilakatu nahi dute gaztetxea.

HORIZONTALTASUNA

Antolaketari dagokionez, "batzorde bidezko sistemaren eta horizontaltasunaren" alde jo dute kideek. Autoantolakuntzaren eta autogestioaren beharra nabarmendu dute.

ANTIMILITARISMOA

"Estatu polizialari" eta "errepresio judizialari" aurre egingo dion eremutzat jo dute gaztetxea, "inposizioa eta indarraren logika" baztertuko dituen lekutzat.

KULTUR ANIZTASUNA

Iruñea "jatorriz eta kulturalki askotarikoa" dela jakinda, gaztetxea errealitate horren isla izatea nahiko lukete. "Aniztasun kulturala aberastasun gisara" ulertzen dute, "edozein eraso arrazista, xenofobo edo baztertzailearen aurrean antidotoa izan dadin".

BELAUNALDI ARTEKOA

"Adin guztietarako" espazioa osatu nahi dute. Garrantzia jarri dute ume eta nerabeen parte hartzean; zehaztu dute haien rola ezin dela "dekoraziora" mugatu. "Haiei eragiten dieten erabaki guztietan protagonista izan beharko lukete".

Andres Salaberri: «Garrantzitsuena da neskek jakitea pilota badela aukera bat»

Andres Salaberri: «Garrantzitsuena da neskek jakitea pilota badela aukera bat»

Maite Ruiz de Larramendi Eulateko pilotaria munduko onena izendatu zuten 2010eko Paueko (Okzitania)munduko txapelketan, baina inor gutxik ezagutzen du Nafarroan. Ez da askoz ezagunagoa Rosa Maria Flores mexikarra, nahiz eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi. Abiapuntu hori hartu du Andres Salaberri zinemagileak (Iruñea, 1979, Daniel Burgirekin batera Las Pelotaris dokumentala zuzentzeko.

Nola hasi zen hau guztia?

2014ko otsailean hasi zen, Daniel Burgi etorri zitzaidanean. Kazetaria izanda, erreportaje bat egina zuen Goizuetan, eta ohartu zen jendea oso harro zegoela pilota eskolako neskekin. Normalena litzateke herri horretan, eskuko txapeldun gizonak izanda, gizonak izatea erreferenteak, baina esaten zioten oso pozik zeudela neskekin. Niri asko interesatu zitzaidan gaia, Diario de Noticias-en ibilia nintzelako pilota kontuetan lanean. Beti izan dut harreman ona frontoiarekin, hor sortzen den giroarekin. Pentsatu genuen oso gai ona zela, eta hasi ginen irakurtzen ea zer zegoen egina. Eta ez zegoen horrenbeste.

Bazenuten, gainera, istorioa kontatzeko marko aproposa. 2014ko Mexikoko munduko pilota txapelketa, hain justu.

Hori da. Hemen Maite Ruiz de Larramendi zegoen, baina jendeak ez zuen ezagutzen. Harekin harremanetan jarri ginen. Daniel [Burgi] oso tipo mugitua da, eta oso ondo ibiltzen da Internetekin: milaka gauza aurkitzen du. Ikusi genuen gauza asko lotuta zeudela: Mexikon, Rosa Maria Flores pilotaria zegoen, gauza asko irabazi dituena, tartean Bartzelonako domina olinpikoa. Hori da Maite Ruiz de Larramendik ez duen bakarra. Hasi ginen ideia hori garatzen. Lehenbizi, Gernikara joan ginen, emakumeen eta euskal pilotaren inguruko erakusketara, eta han, Arantxa Peredarekin hitz eginez, informazio gehiago atera genuen. Hasieran, beraz, bi ginen, dirurik ez, eta ideia bat. Orduan, diru laguntzen deialdira aurkeztu ginen, eta lortu genuen lehenbiziko bultzada. Eta pentsatu genuen: "Mexikora goaz". Gainera, garai bateko raketistak agertzen dira dokumentalean. Zaharrak dira, eta, beraz, testuingurua eta denbora hau zen; bestela, urte batzuk barru istorio hori desagertuko delako.

Lehen "bultzada" bai, baina askoz gehiago ez zenuten Mexikora joandakoan.

Bai, horrekin bidaia baino ezin genuen ordaindu. Jokin Pascualekin hitz egin genuen, eta haren ekoiztetxea, En buen sitio, sartu zen proiektuan. Istorio honekin ohartu gara jendeak interesa duela. Jende guztiak badu alaba, arreba, lehengusina edo izebaren bat pilotaria izan dena. Jokin Pascualekin ere halaxe gertatu zen; gaia interesgarria iruditu zitzaion, eta berak ere apustua egin zuen. Hala joan ginen Mexikora, jakin gabe nola bukatuko genuen, baina jakinda ezin genuela beste lau urte itxaron. Han izanda lortu genuen Nafarroako Gobernuaren laguntza, eta horri esker bukatu genuen proiektua.

Zuk ezagutzen al zenuen Maite Ruiz de Larramendi?

Nik banuen haren berri, baina ez nuen oroitzen.Ez zegoen asko idatzirik. Gogoan dut BERRIAko Imanol Magrok idatzi zuela emakume pilotariei buruzko erreportaje bat. Baneukan Ruiz de Larramendiren izena, baina ez neukan hari buruzko informazio guztia. Beraz, berarekin hitz egin genuen, ideia aurkezteko. Hasieran, ez zuen garbi ikusi serio ari ginen edo ez, baina ikusi zuen gure ikerketa egina genuela, eta bagenekiela zertaz ari ginen. Eta guretzat, horixe zen abiapuntua: guretzat ezezaguna zela. Eta guretzat ezezaguna izanda, Iruñekoak izanda eta ni gainera pilotan lanean ibilita... asko esan nahi du horrek. Eta hortik hasi ginen.

Zer aurkitu zenuten, bidean aurrera egin ahala?

Futbolean, adibidez, haur askok Cristiano Ronaldo dute eredutzat, fama eta dirutza duelako. Hemen, emakume pilotarien kasuan, ez dago ez famarik, ez dirurik, ez deus. Horregatik esaten dugu hau benetakoa dela, egiazkoa, nabari delako egiten duten guztia pasioz egiten dutela. Hori jaso dugu dokumentalean. Hori da ikasi genuen politena. Beraz, errealitatea erakusten dugu. Askotan esan dugu gu ez gara ez pilotariak, ez emakumeak ere. Ez genuen film feminista bat egin nahi, ahalik eta objektiboen izan nahi genuen; errealitatea erakutsi eta kitto. Informazioa hartu eta erakutsi.

Kontua da errealitateak, berez, badakarrela salaketa.

Noski, baina ez gara horretan sartzen. Filma ikusten duenak aterako du bere iritzia, eta, azkenean, iritziak beti doaz alde beretik.

Mezu positiboa helarazten du dokumentalak. Badago, beraz, esperantzarako arrazoirik?

Aurrestreinaldian Miguel Aristorena esan zidan [neskentzako pilota eskola du Etxarri Aranatzen]: "Agian Las Pelotaris 2 egin beharko duzue hamar urte barru, zer gertatu den azaltzeko". Gauza asko aldatu daitezke hamar urtean. Baina garrantzitsuena da neskek jakitea pilotan jokatzea aukera bat dela. Eskoletan beti futbola eta beste kirol batzuek hartzen dute protagonismoa. Jakin dezatela pilota aukera bat dela, eta gero aukeratu dezatela jokatu nahi duten edo ez.

Profesionaltasuna, ordea, urrun dago oraindik ere.

Profesional izatea ez da lehentasuna haientzako. Haiek egiten dute gustuko dutelako. Kontua da neskak aritzea, eta geroz eta gehiago aritzea. Gizonezko pilotarien kasuan ere gehienak ez dira profesionalak. Babes handiagoa behar dute emakumeek; kitto. Nik ez dut daturik jakiteko zenbat diru mugitzen den, baina argi dago: futbolak edo beste kirolek hartzen dute diru gehiena. Maite Ruiz de Larramendik esaten zigun haiek ere pilotan behar dutela dirua, babesa eta interesa. Nahiko bakarrik sentitzen direla, eta ez dutela laguntza handirik jasotzen.

Joan den astean egin zenuten filmaren aurrestreinaldia, Nafarroako Filmategian. Non ikusi ahal izango da hemendik aurrera?

Guk badugu banatzaile bat, eta harekin mugituko dugu han-hemenka. Kontua da film labur bat izanda ez duela lekurik zine aretoetan. Beraz, festibaletara mugitu nahiko genuke, gaur egun hori baita film laburrak ikusteko modu bakarra. Eta aurrerantzean, gustatuko litzaiguke kultur etxe eta horrelakoetan aurkeztea, haiek nahi badute behintzat. Gustatuko litzaiguke jendeak film hau ikustea. Ez dugu gure armairuan utzi nahi, ikus dadila baizik.

Baliteke gure mugetatik harago zabaltzea. Uste duzu gaiak berdin funtziona dezakeela beste toki batzuetan?

Gai unibertsala da, ziur, emakumeek bere lekua aurkitzeko arlo guztietan izan dituztelako trabak. Kasu honetan, pilotarena da testuingurua, baina pilotan ere herrialde askotan jokatzen dute. Guk beti esan dugu pilota exotikoa dela munduan—nahiz eta guk ezagutu—, baina unibertsala ere badela. Eta, aldi berean, neurri batean exotikoa da guretzat ere, emakume pilotarien gaia hemen ere ezezaguna delako.

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Euskararen aldeko aldarria presente izango da San Fermin Txikiko jaietan. Laugarren urtez, Euskaraz bizi nahi dut lelodun lasterketaren lekuko izango dira Alde Zaharreko kaleak, bihar goizean. Euskalgintzako taldeek abiatutako lasterketa da; prestatzeko, ordea, Imanol Lapeña (Iruñea, 1963) Hiru Herri atletismo taldeko kidearengana jo zuten orain lau urte. Iñaki Mendiorozekin batera, lasterketaren prestaketarako logistikaz arduratzen da urtero Lapeña.

Dioenez, lasterketaren aurreko egunetan izaten dute lan gehien. Finean, "ongi eraman behar dira gauza guztiak, egunean, dena ongi atera dadin". Besteak beste, lasterketarako beharrezkoa den materiala lortzeaz arduratzen da, bai eta ibilbidea markatzeaz ere, adibidez. Eskarmentua du horretan, Iruñerriko bestelako kros eta lasterketen antolaketan ere ibilia baita.

"Zerbait berezia egin nahi zelako" sortu zen 2012an euskararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia. "Zerbait berezia, kirolarekin harremana izango zuena". Izan ere, Lapeñak dioenez, "euskara eta kirola lotzea izan zen helburua lasterketa formatuan. Ez lehiatzeko, baizik eta parte hartzeko, eta, hala, egun eta festa polita sortzeko". Data aukeratzerakoan, San Fermin Txikiko festekin batera egitea erabaki zuten, "jai giroan antolatzeko". Eta bistan da asmatu zutela, "jendearen erantzuna eta sortutako giroa oso polita izaten delako", Lapeñaren hitzetan.

Euskararen aldeko aldarrikapenerako kirola aukeratu izana ez da kasualitatea, Hiru Herri taldeko kidearen ustez. Are gehiago, kirolean, eta bereziki atletismoan, euskararen erabilerako potentzial handia dagoela uste du: "Kirolarena beste mundu bat da. Agian orain arte ez gara ohartu mundu horretan euskara erabiltzeko zenbat aukera dauden. Iruñean asko dira atletismo taldeak, eta horietan dabiltzan asko dira euskaldunak". Horretaz gain, lasterketaren moduko formatuak jendea erakartzeko izan dezakeen gaitasunaz mintzo da Lapeña: "Jendea erakartzeko aukera polita da. Jendea mugitzeko gauza erraza da korrika egitea".

Errezetak emaitza onak eman ditu orain arte. Aurretik egindako

hiru lasterketetan "oso giro polita" sortu izan da, Lapeñaren hitzetan. Partaideen kopurua ere "poliki-poliki" gora doa, "bai helduen eta bai umeen lasterketetan ere". Eta orain arte behintzat, eguraldiak lagundu izan du, eta "hori oso garrantzitsua da".

Guztira, 300 bat lagunek parte hartu ohi dute lasterketan. Ez da kopuru makala. Are gehiago, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin Euskal Herriko beste hainbat herri eta hirietan egiten diren antzeko lasterketen artean, "jendetsuena" omen da Iruñekoa. Orain hiru urte, egun bakarrean egin ziren lasterketa horiek guztiak, 30 bat herritan. Orain, ordea, "hilabeteko epea" ematen zaie antolatzaileei, "herri bakoitzak hilabete horretan nahi duen data aukeratu dezan".

Denetariko korrikalariak

Aniztuna izan ohi da euskararen aldeko Iruñeko lasterketan parte hartu ohi dutenen profila. Batetik, Lapeñak dioenez, "atleta onak izaten dira, Iruñerri ingurukoak, famosoak batzuk". Horietako askok "entrenamendu modura" hartzen dute lasterketa. Antolatzaileak dioenez, Iruñerriko klub gehienetako —Lagunak, Ardoi, Pamplona Atletico, Ederki, Hiru Herri, Beste Iruñea, Berriozar...— kideak izaten dira lasterketan. Bestalde, krosa "oso herrikoia" dela dio Lapeñak, eta "edonork" parte har dezakeela. Aniztasun horrek egiten du lasterka "polita".

Orain arteko erantzunari eustea izango da, aurten ere, antolatzaileen helburua. Horretarako ondu dute bost kilometro inguruko ibilbidea. San Frantzisko plazatik abiatuko da, 10:30ean. Eslava, Kale Nagusia, Udaletxe plaza eta Santo Domingoko aldapa igaroko ditu, Arrotxapea zapaldu aurretik. Curtidoresko zubitik ibaia zeharkatu eta ertzetik ibiliko da, Vergel zubira iritsi arte. Arantzadira eginen du salto handik, eta inguru horretan buelta eman ostean Zumalakarregiko atetik igoko da berriro Alde Zaharrera. Karmen, Navarreria, Mercaderes, Txapitela, Gazteluko plaza eta San Nicolas kaleak igaroko ditu orduan, eta San Migel kaletik iritsiko da berriro San Frantzisko plazara, han bukatzeko. 09:00etan jarriko dituzte izena emateko mahaiak. Puntual izateko eskatzen die Lapeñak korrikalariei.

Helduen lasterketaren ostean izango da haurrena, San Frantzisko plaza inguruko kaleetan. Aurten hiru talde osatuko dituzte antolatzaileek, adinaren arabera. Txikienek, 6 urtera arte, gurasoen eskuei helduta eginen dute lasterketa. 7 eta 9 urte bitartekoek haien lasterketa egiteko aukera izango dute, eta hortik gorakoei helduen lasterketan parte hartzeko aukera emango zaie, hala nahi badute. Dena bukatuta, zozketa eginen dute parte hartzaileen artean. Euskara eta kirola lotzeko aukera, bihar, edonoren eskura.

Bihar, Lasterbidean lasterketa Berriozarren

Bihar, Lasterbidean lasterketa Berriozarren

Igande honetan eginen da Lasterbidean, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa, Berriozarren. 2013an sortu zen ekinbidea, "euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideen eskubideen aldeko elkartasun keinu gisa". Aurreko aldietan bezala, egun osoko egitarau zabala prestatu dute: herri kirolak, herri bazkaria, kontzertuak, haurrentzako gunea... Irudian, lasterketaren aurkezpena, Iruñean.

Senda agiria jaso du Enrique Martin Monrealek

Senda agiria jaso du Enrique Martin Monrealek

Ostiraletik dago ospitaleratua Enrique Martin Monreal Osasunako entrenatzailea. Bularraldean mina izan ostean ospitaleratu zuten Osasunako entrenatzailea. Gaur beste azterketa mediku bat egin diote, ordea, eta senda-agiria jaso du arratsaldeko lehen orduan. Martin Monrealen asmoa asteazkeneko entrenamendua zuzentzea da. Atzo, hala ere, ospitalea utzi eta lehen taldearekin izan zen partida erabakigarri baten aurrean jokalariak animatzeko. Egin eta...