Nafarroa

Nor bere aldaketaren eragile

Nor bere aldaketaren eragile

Edurne Elizondo

Ezintasuna duten pertsonak multzo bakar batean sartzea zaila dela nabarmendu du Nerea Perezek. "Ezintasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala bereizten ditugu, baina talde horietako bakoitzean ere, hamaika errealitate eta esperientzia badira; nork berea du". Elbarritasun fisikoa du Perezek, 14 urte zituenean diagnostikatu zioten eskoliosiak eraginda. Argi du nork bere egoera eta baldintzak bidelagun dituela, baina, berezitasunen gainetik, errealitateak ezintasuna duten emakumeak batzen dituela uste du: "Ezintasuna dugun emakumeok bazterketa bikoitza sufritzen dugulako, emakume eta elbarri izateagatik".

Bazterketa bikoitz horri egin nahi dio aurre Nafarroako Cocemfek, elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioak. Lana lortzeko ahalduntzea eta aktibazioa izenburuko programa jarri du martxan, ezintasunen bat duten emakumeak enplegua lortzeko bidean laguntzeko. Oraingoz, hamasei emakume ari dira parte hartzen Tuteran; Iruñean ere abian jarriko dute; izena ematera deitu ditu Cocemfek interesa duten andreak. Gero, Lizarrara eraman nahi dute programa, denera 75 emakumeri formakuntza eskaini ahal izateko. Caixaren babesa jaso du Cocemfek egitasmoa garatzeko.

Gisa horretako programa batean aritu zen Perez, iaz. On egin ziola nabarmendu du. "Berdinen arteko espazio bat osatu genuen, esperientziak partekatzeko", azaldu du. Ez ohi du bere elbarritasun fisikoaren berri ematen, baina ezkutatzeko ahaleginik ere ez du egiten. "Gauzak normal-normal hartzeko ordua da", nabarmendu du.

Bizkarreko gaitzak baldintzatu du Perezen egunerokoa nerabezarotik. 38 urte ditu orain. Ikasi du eskoliosiak eragiten dizkion mugekin eta min kronikoarekin bizitzen; familia eta lagunak hurbil sentitu ditu beti; baina bertzelakoa da, Perezen hitzetan, lan mundua: hor aurkitu du etsai giro handiena. Esparru horretan ere, bertze guztietan bezala, nor bere aldaketaren eragile izateko beharra nabarmendu du Perezek, halere, oztopo guztien gainetik.

Nafarroan, Cocemfek esku artean dituen datuen arabera, ezintasunen bat duten 25.000 emakume badira; hau da, ezintasuna duten pertsona guztien %58 dira andreak. "Langabezia tasa handia da ezintasuna dutenen artean, eta are handiagoa emakumeon artean", nabarmendu du Perezek. Ezintasunen bat dutenen langabezia tasa, hain zuzen ere, ezintasunik ez dutenena halako bi da.

Zailena, eustea

Lanak, baina, "dena markatzen du". Horixe nabarmendu du Perezek. Enpleguak ematen duela nork bere gaitasunak garatzeko aukera, autonomia lantzekoa, ahalduntzekoa. Lana lortzea baino zailagoa da enplegu horri eustea, Perezen hitzetan. "Auzitan jartzen zaituzte etengabe", salatu du.

"Ni beti saiatu naiz gauzak egiten; ikasi ahal izan dut, eta hamaika lan izan ditut". Gizarte laneko ikasketak egin zituen Perezek, eta esparru horretan egin nahiko luke lan, batez ere. Orain, halere, administrazioarentzat ari da. "Negozio bat ere jarri nuen martxan, bost urtez, baina utzi egin behar izan nuen; langile autonomoa izatea edozeinentzat da gogorra, baina, ezintasun bat baduzu, ia ezinezkoa da".

Lan fisikoak egiteko ditu mugak Perezek; ezin du zamarik hartu. "Egin izan dut, bai eta ondorioak sufritu ere". aitortu du. Gaixo agiria hartu behar izan du haurdunaldiak eragindakoez osatzeko. Hamasei hilabeteko alaba zaintzeko lana ere gogorra da Perezentzat. "Bularra eman diodanez, gainera, ezin izan ditut mina kentzeko botikak hartu".

Hainbat ebakuntza egin dizkiote Perezi, eskoliosia diagnostikatu ziotenetik. Kortseak jantzi behar izan zituen nerabezaroan, lehendabizi; bizkarrezurrean inplanteak jartzeko ebakuntzak egin zizkioten, gero. Denera, hiru. "Hasierako inplanteak hautsi egin zitzaizkidan, oraindik hazten ari nintzelako jarri zizkidatenean. Berriak jarri, eta infekzioa eragin zidaten".

Argi utzi du ezintasun bat dutenentzat ez dela erraza gaixo agiria eskatu behar izatea. "Izan ziur behar dugunean baino beranduago eskatzen dugula, eusten saiatzen garelako. Gehiago ezin dugunean hartzen dugu". Onartu du enpresentzat ez dela atsegina langileek gaixo agiria hartu behar izatea, baina gaixoaldia langileen eskubidea dela nabarmendu du. "Enpresentzat, gainera, badira ezintasuna dutenak kontratatzeko laguntzak", gogoratu du.

Anitzetan, nagusiek ez ezik lankideek ere ezintasuna dutenen hitza eta lana auzitan jartzen dituztela azaldu du Perezek. Ez hori bakarrik. "Kexatzeko arrazoirik ez dugula erran ohi digute, gu kontratatzeagatik diru laguntza horiek daudenez ustez gu hartzen gaituztelako lehendabizi enpresek. Finean, bertze norbaiti lana kentzen ari garela leporatu ohi digute; guk lan egiteko eskubiderik izanen ez bagenu bezala", salatu du Perezek. Gogoratu du administrazioko langileek sinadurak bildu zituztela ezintasuna dutenak kontratatzeko diskriminazio positiboaren aurka, eta parlamentura eraman zituztela. "Halakoekin gizarte osoak egiten du atzera".

Gisako egoerei aurre egitea ez da samurra. Perezek, halere, argi du ezinbertzekoa dela lan egitea. "Gustuko dugun lana aurkitzen ez badugu ere, uste dut garrantzitsua dela gauza bat edo bertze egitea; aritzea. Lanak autonomia ematen digu. Balio dugula erakusteko aukera ematen digu".

Horri buruz inolako zalantzarik ez du Perezek: ezintasuna izan edo ez, nork bere gaitasunak, nork bere ahuleziak eta indarguneak dituela. Eta azken horiei etekina ateratzea dela gakoa. Ezintasuna izan edo ez.

Lan mundura iritsi aurretik ere egin behar izan die aurre Perezek bertzeen aurreiritziei. "Diagnostikoa jaso aurretik ere, eskolan kirola egiten ez zuena nintzen ni. Nekatuta nengoela erraten nuenean, ezin nuela erraten nuenean, orduan ere auzitan jartzen zuten nire hitza". Kirolik ezin du egin Perezek orain, eta horren falta sumatzen du.

Bere esku diren tresnak eta esperientziak jarri ditu, halere, mahai gainean. Bidea hori dela uste du. Eta, batez ere, ezintasuna duten emakumeei dagokiela beren erabakien ardura hartzea. "Eragile aktibo bilakatu behar dugu". Auzitan jartzen dituztenen jarrera agerian utzi du; agerian, halaber, gehiegizko babesa behar dutela uste dutenena. Bazterketen aurka altxatzeko prest da.

Nafarroako idazleen loraldia

Nafarroako idazleen loraldia

Kattalin Barber
Etenik gabeko emaria du Nafarroako literaturak gaur egun. Inoiz baino idazle eta lan gehiago daude herrialdean, eta horren adibide da sortu berri den Nafarroako Idazleen Elkartea. Aurkezpen gisara, eta Liburuaren Eguna ospatzeko, elkart...

Arriskuak ez baitu mugarik

Arriskuak ez baitu mugarik

Edurne Elizondo

Ebroko Ur Konfederazioak berak erran du: Zangoza aldean egin nahi duten Muga meategiak Esako urtegiaren segurtasunari eragiten ahal dio; modu nabarmen batean, gainera, erakunde horrek egindako txostenak jasotzen duenez: agiriak dio enpresak kontrol sistema zehatzak ezarri beharko lituzkeela, eta, behar izanez gero, "esplotazioa bertan behera utzi".

Geoalcali SL etxeak bultzatutako proiektua da Muga. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke proiektua. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea. Egitasmo horren aurkako plataformak 400 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion proiektu horri, 2015eko udan, inguruan eragiten ahal zituen arriskuengatik. "Guk mahai gainean jarritako arrisku horiek berresten ari dira orain egindako txostenak", erran du plataformako kide Enrique Mirandak.

Ebroko Ur Konfederazioak egindakoa eskuratu ahal izan dute plataformako kideek, hain zuzen ere. Ez dira erakunde horrek egindako lanak bakarrik jasotzen txosten horretan. "Bertze hainbat elkartek egindakoak ere badira"; bertzeak bertze, Espainiako Geologia eta Meategi Institutuak eta Espainiako Geografia Institutu Nazionalak egindakoak. Denek bat egin dute kontu batean: Muga meategiak Esako urtegiari eragiten ahal dizkion arrisku egoerez ohartarazi dute.

Nafarroako aurreko gobernua hasi zen Muga meategia martxan jartzeko proiektua tramitatzen, 2015eko ekainean. Egin beharreko urratsetako bat da egitasmo horrek ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena osatzea. Hori betetzeko eskatu zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostena. Iazko ekainean aurkeztu zuen erakunde horrek, baina berriki jaso dute meategiaren aurkako plataformako kideek. "Alegazioak aurkeztu arren, ez genuen txostena zuzenean jasotzeko eskubiderik; azkenean, Nafarroako Parlamentuari egin genion eskaera, Nafarroako Gobernuari eska ziezaion, eta horrela eskuratu ahal izan dugu", azaldu du Mirandak.

Faila eta pitzadurak

"Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak argi eta garbi erran du Geoalcalik egindako ikerketak ez direla inondik inora nahikoak", nabarmendu du Mirandak. Gogoratu du Muga meategia Esako urtegitik kilometro ingurura egonen litzatekeela, eta, bertzeak bertze, Xabier herri azpian eginen lituzketela zuloak. "Azpiegitura horrek sismikotasunean zer-nolako eragina izanen lukeen, adibidez, ez du aztertu enpresak", gaineratu du. Loitiko faila dago inguru horretan, hain zuzen ere. Enpresak dio meategia faila horretatik hegoaldera eginen luketela. "Txostenak agerian utzi du, ordea, faila horrek badituela pitzadura perpendikularrak, eta, hain zuzen ere, urtegitik meategiraino doazela".

Ebroko Ur Konfederazioak ohartarazi du meategiak sismikotasunari eragiten ahal diola, eta nabarmendu du urtegiko magalei ere kalte egiten ahal diela proiektuak. "Txostenak dio, gainera, garaian garaiko datuak jaso baino, denbora tarte batez gertatzen denaren berri jaso beharko lukeela enpresak", erantsi du plataformako kideak. Hau da, hainbat urtez jaso beharko lituzketela datuak, ondorioak zehaztu ahal izateko.

"Bitxitzat" jo du Mirandak Ebroko Ur Konfederazioak berak egiten ez duena eskatzea Muga proiektua bultzatzen dutenei, baina erakunde horrek egindako txostena "sendotzat" jo du meategiaren aurkako plataformak. "Urtegiko arduradunek argi eta garbi erran dute kezka handia badutela, eta meategiak hondamendia eragin lezakeela", azaldu du Mirandak.

Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak mahai gainean jarri du, bertzeak bertze, meategiak urtegia husteko dagoen arriskua. "Gerta daiteke urtegiko ura sartzea meategian, eta horrek hondamendia ekar dezake". Mirandak adierazi du, bertzalde, konfederazioak erran duela jada Geoalcalik ezin izanen duela bete gatza toki batean pilatzeko duen asmoa. "Halako gatz multzoek ondoko ibaiei kalte egiten ahal diete; hori gertatu da hainbat tokitan".

Meategiak eragiten ahal dituen kalteak mahai gainean jarri ditu Ebroko Ur Konfederazioak, eta berretsi ditu, modu horretan, proiektu horren aurkako plataformakoek 2015ean errandakoak. Konfederazioak informazio gehiago eskatu dio enpresari, eta Mirandak argi du proiektua hutsetik hasi eta jendaurrean aurkeztu beharko luketela, berriz ere, aurrera eginez gero.

Zangozako herritarrak ere aspaldi hasi ziren Esako urtegia handitzeko lanak ekartzen dituzten arriskuez ohartarazten. Urtegiko bi magalak mugitzen direla ziurtatu dute adituek. Arrisku horiek gogoratu eta salatuko dituzte maiatzaren 27an, Iruñean: manifestaziora deitu du Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak.

Harri zelatariak

Tania Arriaga Azkarate

Cibecue komunitateko apatxeek, duela 40 urte inguru, antzinako ohiturei eusten zieten. Besteak beste, Keith H. Basso antropologoak mendebaldeko apatxe herriaren toponimia eta hizkuntza aztertu eta bere idazkietan horrela jakinarazi zigun. Adibidez, herrixken inguruko bazterren izenek, hala nola mendi-tontorreko-harri-zuriek; baso-zabalaren-azken-haritzek; errekaren-bihurgune-itxi-ospelek; urrutiko-haitzulo-estu-isilek zein errekarri-zaratatsuek arbasoei eta arbasoen arbasoei gertatutako pasadizoak gordetzen zituzten. Bassok zioenaren arabera, apatxeek gizonen bati buruz intzestu jokaeraren susmoa zutenean "han-goian-multzoka-etzanda-dauden-haitz-latzetan-gertatutakoa" aipatzen zioten. Gisa berean, taldeko norbaitek gizarte ohiturak urratzen bazituen, "cottonwood-zuhaitz-handiek-hemendik-eta-handik-altxatzen-dira" kontakizuna erraten zioten. Lurrak, haizeak eta urak komunitatea kokatzen laguntzen zuten, eta tribuko zaharrek aipatutako kanala sarri erabiltzen zuten gazteak ongi bideratzeko. Istorio horiek entzulearengan zenbait ondorio izaten zituztela ziurtatu zigun antropologo estatubatuarrak. Zazpi efektu aipatu zituen, eta hiru ekarri ditut: "istorioak geziak bezala jaurtiak" zirela, "naturak herriari erakusten diola zuzen nola bizi" eta "istorioak jendea zauritzen eta haiengan lan egiten" zutela.

Iruñera nahi baino gutxiagotan etortzen naiz, baina iristen naizen bakoitzean karrikek, eraikinek, parkeek, erakusleihoek... istorioekin agurtzen naute. Herrimin, malenkonia eta emozioak jota ibiltzen naiz kalez kale; alabaina, Iruñean frankismoa erretinan kolatua dugu Victor Eusaren bistako adreilua dela medio. Begirada pixka bat altxatuz gero, nire adineko iruindar gehienok San Cristobal izenarekin ezagutu dugun Ezkaba mendia dago. Txikitako auzokideekin hainbatetan igo gara meriendatzera, haserrealdiak epeltzera edo bizikletaz ibiltzera. Gogoan dut, bidean gora, txirrion izeneko zabortegi ilegala zegoela. Han, koltxoi, obra-hondakin eta bainuontzi herdoilduak sakabanatuak zeuden. Bagenekien hura ezin zela ukitu, bidearen bukaeran zegoen gotorlekuari buruz galdera askorik ez genuela egin behar genekien bezala. Ezkabak, 80ko hamarkadan, gaztetxooi ez zigun solas egiten apatxeei haien inguruek egiten zieten moduan. Gotorlekua mutu zegoen; hori bai, mamuz beterik. Soilik arima gutxi batzuk ikus zitzaketen mamu deserriratuok; arima gaixoak, gaixoak mamuak. Martin arimak ikusteko ahalmena duen gutxi horietakoa da, eta sufrikario hori gainean eraman behar izan du, isilean.

Ostitzen, Burutainerako bide zaharra hartu eta eskuin aldera bidexka bat dago. Hortik 30 metrora, 1938ko maiatzaren 22an, gotorlekutik ihes egin zuten 795 presoetatik hamar edo hamabi lagun fusilatzen ikusi zuen Martinek; 7 urte zituen. Eskolatik haurrak atera, eta Arletako zubira eraman zituzten erailketak ikus zitzaten. 80 urtez, Martinek iheslarien istorioa "gezi bat bezala jaurtia" barreneraino sartua eraman du. Orain, hildakoei etxea eman die hobi komuneko harriak identifikatuz eta gertatutakoa kontatuz. Gibeletik gatozen belaunaldi berriok zin egiten dizugu ez dugula Arletako zubiko istorioa ahantziko. Gure apatxe miretsiek erranen luketen moduan, "istorioak jendea zauritzen eta haiengan lan egiten baitute". Milesker, Martin.

“Musikak berak nire jatorrira eta sustraietara eraman ninduen”

“Musikak berak nire jatorrira eta sustraietara eraman ninduen”

Kattalin Barber

Altsasu du bizitoki eta sorterri. Han jaio zen Enrike Zelaia, 1939. urtean, eta han mintzatu da musikaz, kulturaz eta identitateaz, besteak beste. Etxeko paretek gordetzen dituzte urte hauetan guztietan jasotako sari eta omenaldiak. Ez dira gutxi. Instrumentista, moldatzaile, konpositore, folklorista, ikerlari eta historialari gisa egin ditu lanak, Euskal Herriko kultura eta ohiturak sustatzen, sentsibilizatzen eta berreskuratzen. Erretiroa hartu bazuen ere, noizbehinka hartzen du akordeoia, eta ez du atsedenik hartzen bere herrian. Hitz errazekoa da Vianako Printzea sarirako hautagaia.

Herrian eman zenuen haurtzaroa, eta bertan hasi zinen musika ikasten. Zergatik aukeratu zenuen akordeoia?

Ez nuen nik erabaki, amak baizik. Haren aginduz, urte luzez egon nintzen musika ikasten. Klarinetea jotzen hasi nintzen, baina zaharra zen, eta, behin, aita eskusoinu batekin agertu zen. Hortaz, jotzen hasi nintzen, baina garai horretan niretzat akordeoia ez zen berezia. Egin behar nuelako egiten nuen.

Hala ere, gazte zinela nabarmendu zinen musikan. Zer-nolako oroitzapenak dituzu?

14 urterekin, jaietan, ezkontzetan eta jaunartzeetan ibiltzen nintzen akordeoia jotzen, hemendik hara. Behin, Urdiaingo kintoetara joan nintzen, eta gogoan dut oinez joan eta oinez itzuli behar izan nuela Altsasutik. Garai horretan akordeoia orkestra bat zen: ez zenuen instrumentu gehiagorik behar. Ongi jotzen nuela esaten zidaten, eta amak Zumarragara ikastera bidali ninduen. Han, Jesus Bastidarekin ikasi nuen, eta bete-betean aritu nintzen musikaren esparruan. Herri musika alde batera utzi, eta musika kultua hasi nintzen jotzen. Rossiniren L'italiana in Algeri izan zen ikasi nuen lehen pieza, eta horrekin joan nintzen lehiaketa askotara. Oroitzapen oso onak ditut. Ongi jotzen nuen, baina mekanikoki egiten nuen dena.

Garai horretan oraindik ez zenuen akordeoia propio sentitzen. Noiz gertatu zen aldaketa?

Hainbat lehiaketatara aurkeztu nintzen, eta lan ona egin nuen. 1958an, Espainiako akordeoi lehiaketa irabazi nuen, eta, hurrengo urtean, Paviako nazioarteko jaialdian bigarren saria eskuratu nuen. Ezaguna izaten hasi nintzen, eta horrek bultzatu ninduen. Energia handiz jotzen nuen, eta nik uste dut entzuleek hori nabaritzen zutela. Ni ere barneratzen hasi nintzen jotzen nuena.

Teknika menperatzeaz gain, zure lanek harago joateko gaitasuna dute. Nola lortu zenuen?

Izan ditudan irakasle guztiek erakutsi ez didaten gauza bat izan da. Akordeoiaren eragozpen bat hauspoa da. Jotzen hastean, ezin nituen notak nahi nituen bezala jo, haizea bukatzen zitzaidalako eta ezin nuelako jarraitu. Soinua mozten zen. Hortaz, konturatu nintzen hauspoa, soinua sortzeaz gain, badela tresna soinu hori nola adierazteko ere. Soinua ñabartzen du hauspoak. Orduan hasi nintzen eskusoinua menperatzen, eta modu desberdinetan adierazten, jotzen. Maitatzen hasi nintzen akordeoia. Egun batean, gainera, musikarekin inoiz izan dudan sentsaziorik bereziena sentitu nuen, plazer hutsa. Musikarekin flotatzen nuela konturatu nintzen. 18 urte izanen nituen, eta ez nekien zer zen sentsazio hura, baina zerbait oso berezia zen. Hortik aurrera dena aldatu zen.

Horrek zure ibilbidea zeharo markatu zuen?

Orduan ikasi nuen zer egin behar nuen mundu honetan nabarmentzeko. Soinuarekin fusionatu nintzen ni, eta ni nintzen instrumentua, objektu fisikoa desagertzen zen. Musikari gutxik lortzen dute hori, eta uste dut zaila dela akordeoiarekin bereziki lortzea. Akordeoiaren aztia deitzen ninduten. Kontzertuak ematen hasi nintzen; bereziki, Gipuzkoan. Arrakasta nuen, baina konturatu nintzen hemen ezin nintzela horretaz bizi, ezin nuen musika ogibide bihurtu. Nik musika kultua jo nahi nuen, eta Madrilera joatea erabaki nuen, abentura bila.

Jasotako sari guztiek ateak ireki zizkizuten Madrilen?

Hori esan zidaten, behintzat. Telebistan eta irratietan lan egin nuen, ikuskizunetan. Kontua da han eskaini zizkidaten aukera guztiak ahitu nituela, eta ezin nion jarraitutasunik eman nire musikari. Bartzelonara joan nintzen, baina gauza bera gertatu zitzaidan. Urte horietan, hain justu, zerbitzu militarra egin behar izan nuen, Afrikan. Bat-batean, musikan egindako lan guztia urtebete eta erdian alde batera utzi behar izan nuen. Frustratuta nengoen, noraezean.

Altsasura itzuli zinen gero, eta musika akademia bat ireki zenuen. Ez zenuen aukerarik ikusten kontzertuak emateko?

Bai, eta hori baino lehenago familiak zuen tabernan aritu nintzen urte luzez. Kontzertuak ematea ez zen bideragarria, eta etsita nengoen. Aldi berean, ez nuen pikutara bidali nahi nire esperientzia guztia, eta musika akademia bat sortu nuen. Baina arazo bat ekarri zuen horrek: ikasleak nabarmentzen hasiak ziren, eta etorkizunaz galdetzen zidaten. Ez nintzen zintzo ari, bai banekien etorkizuna latza zela.

Hala ere, oraindik onena gertatzear zegoen. Nola irauli zenuen egoera?

Garai horretan izan nituen diskoak grabatzeko lehenengo proposamenak. Lehena oharkabean igaro zen, baina bigarrenak, ez dakit zergatik, egundoko arrakasta izan zuen. Festival Vasco lanari buruz ari naiz. Oraindik ere entzuten eta saltzen da. Harrigarria izan zen, nik ez nuen horrelako arrakastarik espero, inolaz ere ez.

Zergatik uste duzu izan zuela hainbesteko arrakasta?

Hori ikertzen hasi nintzen. Oso ongi jotzen nuen, eta, horretaz gain, modu berri batean aritzen nintzen. Hori erakargarria zen oso. Lengoaia musikala eta espresio propio bat garatzen hasi nintzen, eta, horren bidez, entzuleen zuntz sentikorra ukitu nuen, muinean jo nuen. Haiek propio sentitzen zuten lengoaia erabiltzen nuen.

Horren ondotik, Euskal Herriko herrialdez herrialdeko folklorea zazpi diskotan bildu zenuen Zazpiak Bat izenburuko bilduman. Muinean jo, eta batasunaren mezua zabaldu zenuen.

Euskal musika kultua egin nahi nuen, baina herritarrek darabilten lengoaiarekin. Kontua da zaila izan zela, ez zegoelako inolako errepertoriorik. Mende erdian baino gehiagoan herri akordeoilaritzan aurrekaririk gabeko errepertorioa sortu behar izan nuen, sustatu eta zabaldu. 18 urte inguru ibili nintzen lanean, eta giltzarri izan zen: Nafarroan hasi, eta Euskal Herriko lurralde guztietako musika jaso nuen. Lekuan lekuko folklorearen arrastoetan arakatzea zen lehendabiziko lana, eta Resurreccion Maria Azkuek eta Aita Donostiak egindako ikerketa guztiak hartu nituen oinarri. Horiek izan nituen inspirazio iturri euskal musika sortzeko. Nafarroan, adibidez, 600 titulu lortu nituen, eta horietatik hamabi bakarrik aukeratu behar izan nituen diskorako. Musikalki bada ere, zazpi lurraldeak bateratzea lortu nuen, hori zen xedea. Herrialde bakoitzak ehunka urtean gorde dituen doinu esanguratsuenak aurki daitezke Zazpiak Bat bilduman.

Lan horrekin ere hasi zinen garatzen urte luzez garatu zenuen beste alderdi bat: identitatea. Musikak eraman zintuen horretara?

Bai, orduan ere konturatu nintzen ni euskalduna nintzela. Aldez aurretik ez nekien. Nik euskal musika jotzen nuen, baina ez nuen nirea sentitzen. Liburu klandestinoak irakurtzen hasi nintzen. Bitxia da, musikak nire jatorri eta sustraietara eraman ninduen, euskaldun izatera. Esan beharra dugu nondik gatozen, non gauden, nora goazen, bai eta zer nahi dugun ere. Horren isla da Zazpiak Bat bilduma. Eta hori transmititzea lortu nuen, barne-barnean joz.

Altsasun, zehazki, inauteriak, folklorea, herri kantagintza eta mitologia berreskuratu zenituen.

Azken finean, hori da herri baten identitatea osatzen duena. Hemen dantzatzen zen, baina ez genekien dantza horien jatorria. Nondik datoz? Hari horri tiraka egin ditut ikerketa guztiak. Kontua da hemen galtzen ari ziren tradizio guztiek identitate argi bat zeukatela. Nik jakin behar nuen zein zen gure jatorria. Ez ziren garai errazak, baina berreskuratu behar genituen tradizioak, eta zeudenei eutsi. Mundu erdia ezagutu dut akordeoiarekin, baina nire benetako etxea Altsasu izan da beti. 21 abesti eskaini dizkiot nire herriari. Gozamen hutsa izan da alderdi hori garatzea.

Urte hauetan guztietan, hamaika omenaldi izan dituzu, eta aurten Nafarroako Viana Printzearen sarirako hautagaia zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Nik baino gehiago, saria Altsasuko herriak merezi du. Lan handia egin dugu Altsasun, guztiok herria propio sentitzeko, hemengoekin eta baita kanpotik etorri direnekin ere. Hori garaipena da. Guztiok herrian parte hartzen dugu, sentsibilitate desberdinekoak izanik ere. Herriaren batasuna lortu dugu, eta guztiok maitatzen dugu Altsasu. Sariak hori indartzeko balioko luke.

Hilabete zailak izaten ari zarete Altsasun, baina herriaren batasuna agerian da.

Bolada zaila izaten ari da, oso latza; halakoetan ikusten da zehazki nolako herria den Altsasu. Bat egin dugu, eta herriko jendeak jaso du babes hori, elkar laguntzen dugu. Inoiz baino elkartuago egon behar dugu.

Euskal musikako akordeoilari mugimendu bat sortu nahi zenuen, baina ez zenuen denborarik izan. Horri ere segida emanen lioke sariak?

Bai. Nik ez nuen obra bukatu, eta dagoeneko ezin dut. 2004an hartu nuen erretiroa. Egindako lan guztiak argitaratuko nituzke, oraindik ere ez dagoelako ezer idatzita, eta gure ondarea da. Orain sare sozialetan murgilduta nago; egindako lanak sustatzen jarraitzen dut, baina akordeoiak etorkizuna du. Horren berri eman nahi dut; belaunaldi berriei esan identitate musikaletik gauza asko egin daitezkeela. Niri fruituak eman zizkidan, eta, norbaitek esentzia hori lantzen badu, muinean jotzen badu, arrakasta izanen du.

Elkartasuna ehuntzen

Elkartasuna ehuntzen

Asier Garcia Uribarri

Maiatzaren 6a mugarri bilakatu nahi dute Iruñeko Alde Zaharrean. Egun horretan, sakabanaketa politikaren aurka inoiz egin duten mobilizaziorik handiena egin nahi dute auzokideek. Horretarako, txikitik handira joko dute. Auzokide, merkatari eta elkarteetako kideak kalez kale bildu nahi dituzte sakabanaketaren aurkako argazkia atera dezaten. Ohiko mobilizazioetatik harago, norbanakoen parte hartze zuzena bilatu nahi du sortu berri den Arrazoiak auzo ekinbideak. Ildo berean, sakabanaketa salatzeko sinadura bilketa "erraldoia" martxan jarriko dute apirilaren 24tik maiatz erdialderaino. Helburua argi dute: "Alde Zaharra sakabanaketa politikaren aurkako auzo izendatzea".

Arrazoiak auzo ekinbideak martxoaren 30ean egin zuen aurkezpen publikoa, Iruñeko Udaletxeko plazan. Dozenaka pertsonak, kolore ezberdinetako oihalak eskuan zituztela, Alde Zaharreko hiru burguak irudikatu zituzten, plaza erdian auzoko bost euskal presoen egoera deskribatzen duten panelak zeudela. "Alde Zaharrean bost euskal preso ditugu, eta hurbilen dagoena 500 kilometrora dago. Gainera, Josetxo Arizkurenek bihotzeko gaitza du, eta Iñaki Beaumontek zigorraren hiru laurdenak beteak ditu", adierazi du Arkaitz Zudaire Arrazoiak ekinbideko kideak.

Ekinbidea martxo bukaeran aurkeztu bazuten ere, Zudairek dio hilabeteak daramatzatela proiektua lantzen. "Auzoan hutsune bat ikusten genuen euskal presoen gaiarekin, ez zen behar bezala lantzen, eta horrek eragin zezakeen gaiak zentraltasuna galtzea". Zudaireren aburuz, euskal presoen eskubideak bermatzea gutxieneko bat izan beharko luke, baina, gaur egun, ez da hori ere betetzen. Horrez gain, "gaur egungo fase politikoan gatazkaren ondorioei irtenbide bat emateko" beharra dagoela nabarmendu du.

Faktore horiek kontuan izanda, alor ezberdinetako hainbat kide biltzen hasi ziren, eta hortik sortu ziren lehen bi ekinbideak: elkartasuna kalez kale agertzeko mobilizazioa eta sinadura bilketa. "Proposamenak planteatzen hasi ginenean, bi aukera horiek bururatu zitzaizkigun. Beraz, bata edo beste aukeratu beharrean, biak uztargarriak zirela pentsatu genuen. Sinadura bilketa masiboa egin nahi genuen, eta, hori indartzeko, kalez kaleko ekinbidea eta maiatzaren 6ko eguna antolatuko ditugu". Egun horretan ez baitituzte soilik sakabanaketaren aurkako argazkiak aterako. Kalez kaleko ekimenaren ostean, Udaletxeko plazan ekitaldia egingo dute, eta, behin hori bukatuta, elkartasun festa antolatu dute: herri bazkari, kalejira, kontzertu eta abarrekin.

Jendearen parte hartzea

Ohiko baliabidea izan ohi da sinadurak biltzea aldarrikapenen bat egiteko. Arrazoiak-ekoek sinadura "kopuru handi bat" lortu nahi dute auzoa sakabanaketaren aurkakoa dela esan ahal izateko. Horretarako, apirilaren 24tik aurrera etxe guztietako postontzietan utziko dituzte sinatzeko orriak. Horrekin batera, auzoko hainbat denda, elkarte eta egoitzatan postontzi bereziak jarriko dituzte jendeak bere sinadura utz dezan. "Sinadura bilketa Aste Santutik bueltan jarriko dugu martxan, eta hilabete iraungo du. Maiatzaren 6a erdian izango da, eta egun hori giltzarri izatea nahi dugu".

Hori guztia aurrera eramateko harreman sare handia sortzen ari dela nabarmendu du Zudairek. "Kaleetako argazkia koordinatzeko kale bakoitzeko auzokideekin harremanetan jartzen ari gara, euren kaleko argazkia dinamiza dezaten. Kontuan hartzen badugu auzoan 52 kale daudela, gutxienez 52 pertsona behar ditugu ardura batekin". Era berean, sinadurak biltzeko postontziak jartzeko merkatari, elkarte eta kolektiboen oniritzia behar dute. "Postontzia euren negozioan edo egoitzan jarrita parte hartzen dute".

Ildo berean, maiatzaren 6ko egunak "auzo izaera" izan dezala nahi du Zudairek. "Ez dugu nahi soilik sektore politiko bateko jendea mobilizatzea, gure ohiko guneetatik harago joan nahi dugu. Horregatik, egun horretan parte hartuko dute auzoko hainbat kultura eta musika taldek".

Ekinbidea aurkezteko, oihalak eskuetan hartu zituzten auzokideek. Hurrengo asteetan, berriz, elkartasuna da bizilagunen artean ehundu nahi dutena. Lan handia duten arren, pozik dago Zudaire, uste baitu sakabanaketa bukatzeko "arrazoiak egon badaudela".

Liburu egin da memoria

Liburu egin da memoria

Edurne Elizondo

Hau da nire mikromundua: Leitzako eta Goizuetako bazterrak". Leitzan bizi da Patziku Perurena, Amazabal auzoan, baina Goizuetan sortua da, 1959an, Aitasemegi auzoan. Bere mikromundua osatzen duten bi txoko horietan du idazle eta ikertzaileak, beraz, oin bana. Batean eta bertzean egindako urratsak baliatu izan ditu bere lanak osatzeko, eta, oraingoan, Goizuetako memoria liburu bilakatu du, herriko agiri zaharrak paperean jasota. Goizuetako dokumentu zaharrak lana argitaratu berri du, Pamiela etxearekin.

Euskarabidearen babesa jaso du Perurenaren azken obrak. Goizuetakoak egindako ikerketaren "interesa" nabarmendu du erakunde horretako Euskararen Plangintza eta Sustapen Zerbitzuko buru Paula Kasaresek, hain zuzen ere. Liburuak toponimiaren arloari egiten dion ekarpena jarri du mahai gainean, eta, bereziki, Perurenak etxeen izenak jasotzeko egindako lana txalotu du Kasaresek.

Patziku Perurenak hainbat mendetako historia jaso du bere azken liburuan, 1324tik 1918ra bitarteko agirien bitartez. Herriko udal eta eliza artxiboetara jo du, bertzeak bertze. Iturri horiek duten garrantzia nabarmendu du idazleak, eta Euskal Herriko alkate guztiei eskatu die errespeta ditzatela, eta herritarren esku jar ditzatela nork bere herriko artxiboak.

1324. urteko lehendabiziko agiriak burdina merkaturatzeko legeei buruzkoak jasotzen ditu. "Ez da batere harritzeko burniari buruzkoa izatea, horixe izan baita herriotako lehengai preziatua joan den milaka urtetan", adierazi du Perurenak Pamielarekin argitaratutako orrietan.

XIV. mendekoa da idazleak Goizuetako udal artxiboan aurkitutako agiririk zaharrena; hurrengo bi mendeetako bertze bi nabarmendu ditu: 1406ko agiri bat eta 1510eko beste bat, Goizuetaren eta Orreagaren arteko harremana agerian uzten dutenak. "Izan ere, bi agiri horiek Goizuetaren eta Orreagaren arteko akordioak dira, gure herria Orreagaren mende egon baitzen". Agiriotan ikusten da Orreagak ematen zituela Goizuetako legeak, arlo guztietan. Perurenak erantsi du harreman horrek garaian garaiko liskarrak ere sortu zituela haien artean.

Etxeen zerrendak

1427. urteko bertze agiri batek eman dio atentzioa Patziku Perurenari, eta liburuan jaso du: herriko etxeen izenen zerrenda osatu zuten urte horretan. Kasaresekin bat egin du idazleak, eta nabarmendu du etxeen zerrendek informazio anitz ematen dutela. Izan ere, etxeen izenak eta haietan nor bizi zen jasotzen zuten zerrenda horiek.

Herriko etxeen inguruko bertze hamaika pasadizo eta kontu jaso ditu Perurenak. 1555. urtean, adibidez, su hartu zutela herriko 25 etxek. Antza, haizea zakar zebilen, eta Urrutine izeneko etxeak hartu zuen su lehendabizi; handik bertze etxeetara zabaldu ziren garrak, eta suteak, denera, 25 kiskali zituen.

Etxeak ditu protagonista, bertzalde, Perurenak jasotako bertze auzi batek; 1571. urtean gertatu zen. Antza, Patziku Goizuetakoa Marimartin Etxandikoarekin ezkondu zen: ordurako, bizi zeneko etxe erdia hipotekatua zuen, baina berriz bereganatu zuen emazteak emandako doteari esker. Etxeak, baina, bertze jabe bat bazuen, gizonak Katalin Bizargorriri saldu baitzion, emazteari deus erran gabe.

Esku pilotari ere toki egin dio Perurenak bere liburuan. "Aimar Olaizolaren herrikoa izanda" hala behar zuela argi utzi du idazleak azken lana aurkeztu duenean. 1737tik 1915era bitarteko agiriak landu ditu, bertzeak bertze, testua osatzeko. "Blé esaten zioten, hasieran, esku pilotari; eta Iparraldean euskaratu zuten izena", azaldu du, zertzelada gisa.

Eman ditu bertzelako zertzeladak egileak, liburuan jasotakoari buruz; tartean, 1897. urteko udal ordenantzei buruzkoak. Urte horretako ordenantzak euskarara itzuli zituen Martin Arozenak, lehendabiziko aldiz. Herriko telegrafista izan zen Arozena, aurrena, eta udaletxeko idazkari, gerora. "Arozenak, antza, ordenantzak egokitu zituen euskarara; gero, Lorenzo Arratibelek berridatzi zituen", azaldu du Perurenak.

1918. urtekoa da Goizuetakoak bere herriari buruzko historiaren berri emateko jasotako azken agiria. Gripeak jo zuen herria urte hartan, hain zuzen ere. 1918ko irailaren 3an sumatu omen zituzten gripearen lehendabiziko arrastoak, Goizuetan. Handik sei egunera, Queipo de Llano nafar gobernadorea herrira joan zen, Osasun Zuzendari Jimeno medikuarekin batera. Perurenak idatzitako orrietan azaldu du lasaitasuna eskatu ziela gobernadoreak herritarrei, eta ez zela hainbertzerako erran ziela.

Ordurako, 200 kutsatu eta dozena erdi hildako utziak zituen gripeak herrian. Gaitza Nafarroa osora zabaldu zen. Udaleko artxiboan jasota gelditu da senideek gripeak hildakoen berri eman zutela. Gutxienez hogei kasu jaso ditu liburuak.

Mendez mendeko tradizioen, bizipenen, liskarren, istiluen eta gisakoen lekuko da Patziku Perurenak egindako lana. Artxiboetan zegoena batera eman du Pamielak argitaratutako orrietan. Artxibo horiek gordetzen dituzten altxorren garrantzia berretsi du idazleak. Goizuetako herriak duenaren lagin bat utzi du, idatzita, azken liburuan. Lan horrek Perurenaren mikromundua hobeki ezagutzeko aukera ematen dio irakurleari.

Carpe Diem

Jon Barberena
Iraganak nostalgiaz bustitzen du orainaldia, etorkizunak ardurez betetzen duen gisara. Argazki zaharrak ditugu denboraren abiadura azkarra enpirikoki frogatzeko. Gabezien ispilu. Falta zaiguna eta zaizkigunak irudikatzen dituzte, eta bizi...

Bonbek isildu zuten tenorra

Bonbek isildu zuten tenorra

Edurne Elizondo

Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak. Izen horren atzean dagoen izana, ordea, ezezaguna da tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Ahanzturak jan du haren memoria. Orain arte. Bere garaiko abeslari nagusietako bat izandakoarekin duten zorra kitatzen hasi nahi dute beratarrek, eta Fagoaga ezagutzeko eta omentzeko egitaraua prestatu dute, Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean.

Erakusketa zabalduko dute hilaren 21ean, adibidez, eta, 28an, berriz, tenorrari buruzko hitzaldia eginen du German Ereñak. Eibarko txistu bandako kide da Ereña, eta Fagoagari buruzko biografiaren egilea. Argitaratzeko zain da. Beratarrak erakutsitako konpromisoa nabarmendu du Ereñak, bertze edozer gauzaren gainetik. Izan ere, Cataniako Bellini antzokian Walkyrya opera abestu eta gero, Gernika bonbardatu zutela jakin zuen Fagoagak, eta Italia eta oholtzak betiko uztea erabaki zuen, ondorioz. Erabat hunkitu eta ukitu zuen Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak, eta bonbek betiko isildu zuten Berako tenorraren ahotsa. "Mutu bilakatu zen, Italiak Franco lagundu zuela salatzeko".

"Julian Gaiarre denok ezagutzen dugu, baina Euskal Herrian, Bortzirietan, Beran, izan zen beste abeslari handi bat", nabarmendu du Ereñak. Goi mailako tenor dramatikotzat jo du beratarra, hain zuzen ere. "Italiako nagusia izan zen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan". Richard Wagnerren operak kantatzeko erakutsi zuen trebezia aipatu du Ereñak, bereziki, bai eta aktore gisa izan zuen indarra ere. Tenorraren gainetik, halere, "gizon apal eta zintzoa" gailendu zen. "Gailurrean zela, dena uztea erabaki zuen, bere buruarekin zintzo jokatzeko", berretsi du Ereñak.

Berako Ilekueta auzoko Agramontea etxean sortu zen Isidoro Fagoaga, 1893. urtean. Hamalau urterekin, Argentinara joan zen, han bizi zen osabarengana. Florencio Constantino eta Titta Ruffo abeslariak ezagutu zituen Buenos Airesen, eta, haien eskutik, Italiara joateko urratsa egin zuen. Kantuan ikasi nahi zuen.

Parma hirian, Campanini lehiaketan parte hartu zuen Fagoagak, eta hirugarren sailkatu zen, Gigli eta Merliren atzetik. "Lehen mailako abeslariak ziren horiek".

Txapelketak Parmako kontserbatorioko ikasle izateko aukera eman zion Isidoro Fagoagari. "Lehen Mundu Gerra piztu zenean, ordea, eskola ospitale bilakatu zuten, eta Berara itzuli behar izan zuen", azaldu du Ereñak.

Gogorra izan zen itzulera tenorrarentzat. Baina ez zuen etsi. Iruñeko Orfeoiarekin hasi zen lan egiten, eta, Nafarroako Diputazioak emandako beka bati esker, Madrilen jarraitu zituen Italian hasitako ikasketak, Iribarne irakaslearekin. 1919. urtean egin zuen debuta, hiri horretako Gran Teatro antzokian, Sanson y Dalila operarekin.

Fagoagak, halere, Italian jo zuen goia tenor gisa. "1920-1921. urte inguruan egin zuen debuta Napolin; garai hartan, Wagnerren obra nagusiak kanta zitzakeen abeslari onik ez zen Italian. Fagoaga horretan espezializatu zen; italieraz abesten zuen, eta aktore bikaina zen, gainera. Milango Scala antzokian zazpi denboraldi egin zituen", gogoratu du Ereñak.

Abeslari eta idazle

Richard Wagnerren operak bereziki maite ditu German Ereñak. "Sakonak dira, transzendentalak". Zaletasun horrek eraman zuen, duela hainbat urte, Isidoro Fagoaga zena hobeki ezagutzeko lanari ekitera. "Martin Ugalderen Hablando con los vascos liburua hartu, eta hantxe jaso nuen Fagoagaren berri". Wagnerren operak kantatzeko haren gaitasunak erakarri zuen, lehendabizi, baina, tenorraren ibilbidean sakondu ahala, bertze hamaika esparruk ere eman diote atentzioa Ereñari.

Idazle gisa egindako lana jarri du mahai gainean, adibidez. "Fagoagak berak esan zuen abeslari baino gehiago idazle zela". Beratarrak idatzitako lehendabiziko lanak, halere, bazuen musikaren arloarekin harreman estua, Julian Gaiarreri buruz egin baitzuen, eskolako kideekin Erronkarira bidaia egin eta gero.

Hainbat libururen egilea da Fagoaga, eta prentsan ere, zenbait hedabidetarako aritu zen, Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere. Idazteko lana, batez ere, antzokiak utzi eta gero garatu zuen Fagoagak. Italia utzi zuenean, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe beratarrak. Handik, harreman estua izan zuen bertze hamaika euskal errefuxiaturekin. Poesia topaketak antolatu zituen haietako hainbatekin, bertzeak bertze.

"Bere garaiko intelektualekin ere bazuen lotura: Sorozabal eta Escudero konpositoreekin, adibidez; agertu dira, halaber, Barandiaranen edo Jose Antonio Agirreren gutunak. Barojatarrekin ere izan zuen harreman handia, Beran Itzea etxea baitzuten, eta Fagoagak oporrak sorterrian ematen baitzituen", erantsi du Ereñak.

1937an utzi zuen Fagoagak Italia, eta 1948an argitaratu zuen Pedro Garat, el Orfeo de Francia bere lehendabiziko liburua. 11 urte horietako bidea, hala ere, ez zen erraza izan Berako tenorrarentzat. Antzokia bazter uztea erabaki eta gero, Iparraldera mugitu zenean, atxilo hartu eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean. "Baldintzak oso txarrak izan ziren; Fagoagak, batez ere, askatasunaren falta sumatu zuen, idatzita utzi zuenez".

Handik atera eta Donibane Lohizunera itzuli zenean, hankaz gora aurkitu zuen Fagoagak bere etxea. "Han zuen altxorretako bat lapurtu zioten: Julian Gaiarreren lehen kontratu artistikoa", kontatu du Ereñak.

Ahanzturaren aurka

1964. urtean Donostiara mugitu zen Isidoro Fagoaga. "Hitzaldiak ematen zituen, eta jarraitu zuen idazten". Hainbat omenaldi egin zizkioten garai hartan, gainera. Orduko berotasuna, halere, epelduz joan zen. "Tamalez, gaur egun, ezezaguna da Isidoro Fagoaga jende askorentzat", erran du Erañak, tristuraz. Iruñeko Orfeoiaren kasua aipatu du. "Erakunde horretako kide izan zen; kantuan aritu zen, eta ohorezko bazkide ere izendatu zuten; gaur egun, ordea, erakunde horrek ez dio inolako aitortzarik egin Fagoagari".

Bere ideiekin erabateko konpromisoa erakutsi zuela erantsi du Ereñak, baina ez zela alderdi jakin bateko kide izan inoiz. Horregatik uste du Fagoaga ahaztu egin dutela. "Ez da izan etekin politikoa lortu ahal izateko pertsona bat". Fagoagaren apaltasuna berretsi du Ereñak. Izan ere, abesteari uzteko erabakia hartu eta gero, tenorrak ez zuen horri buruzko azalpenik eman inoiz. "Bonbarkadetari buruzko bere iritziaren berri eman zuen bere lehen liburuetan, baina ez zuen hartutako erabakia nabarmendu".

Ereña kontent da Berako agintariek orain egin duten urratsarekin. Isidoro Fagoagaren berri zabaltzea ezinbertzekotzat jo du. Argi du Euskal Herri osoa zorretan dela tenorrarekin, eta badela ordaintzen hasteko garaia. Datozen hilabeteotan eginen dituzten erakusketak, hitzaldiek, mahai inguruek eta bertzelakoek emanen diete horretarako bidea beratarrei eta herrira bilduko direnei.

1971. urtean, El teatro por dentro izenburuko bere seigarren liburua argitaratu zuen Fagoagak. Donostian bizi zen orduan, eta hiri horretan zendu zen, handik gutxira, 1976. urteko martxoaren 15ean. Beran egin zuten tenorraren aldeko hileta elizkizuna.

Herri horretan, Isidoro Fagoagaren izena du musika eskolak. Ikasleek ere parte hartuko dute herriko tenorraren omenezko programan. Izena izanarekin jantzi ahal izanen dute, azkenean, Agramontea etxean sortutako abeslariaren herrikideek. Bilbon, haren izena du karrika txiki batek. Beran ere merezi duela argi du Ereñak. Mahai gainean utzi du ideia. Fagoagaren herrikideek har dezaten. Bada tenorea.

Arnasa hartzeko ebazpenak

Arnasa hartzeko ebazpenak

Edurne Elizondo
Mahai gainean ziren bi proiektu bazter utzi dituzte. Ingurumenari kalte egiten ziotelako, herritarrek haien kontra egin dute urte luzez, eta lan horrek eman du fruiturik: batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Zilbetiko Antzer...