Nafarroa

Iritzia: Bideak

Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zein obsesio-grina-gogo-sentimendumultzo elkartzen diren bat-batean, martxoan eta apirilean. Baina bi hilabeteok badute agenda guztiak betetzeko bokazioa; badute zerbait, udaberriaren hasiera izanen delako agian, edo negu...

Zuzenean, bitartekaririk gabe

Zuzenean, bitartekaririk gabe

Edurne Elizondo

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzua zaharrenetakoa da Iruñean. 1970eko hamarkadan jarri zuten martxan Iruñeko Udalak eta Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek. Nafarroako Gobernuak zuen, orduan, zerbitzuaren ardura, baina udalaren esku utzi zuen 1997an. Hurrengo urtean, zerbitzua zuzenean kudeatzen hasi zen erakunde hori. 21 langile hasi ziren, 1998ko martxoan, eta haien artean zen Nerea Esparza, gerora osatutako Asimec enpresa publikoko langile batzordeko burua. Ia hasieratik ari dira herritarrak etxean artatzeko zerbitzuan, halaber, Marian Velaz eta Loli Serrano; baina biak, beti, lan hori egin duten enpresa pribatuetan izan dira. Bada aldea, nabarmendu dutenez. "Enpresa baten xedea dirua irabaztea da, eta horrek berekin ekartzen du, gehienetan, langileen lan baldintzek okerrera egitea", nabarmendu du Serranok. Horregatik, "kontent" da Iruñeko Udalak hartu duen erabakiarekin: hain zuzen ere, bere esku hartu du orain arte bi enpresaren esku egon den zerbitzuaren kudeaketa, eta udaleko langile mugagabe ez-finko bilakatu ditu Asimec eta Sarquavitaen ari zirenak.

Esparzak argi du enpresa pribatuan ari ziren langileen egoerak hobera egin duela aldaketarekin; eta ontzat jo du hori, "zalantzarik gabe". Kezka agertu du, ordea, orain arte Asimec enpresako kide izan diren langileen etorkizunari buruz. Esparzak nabarmendu du urte luzez borroka egin dutela langileek egun dituzten baldintzak lortzeko, eta beldur direla aldaketarekin atzera eginen ote duten. Ez dira hori onartzeko prest.

"Prozesua hasi bertzerik ez dugu egin, baina lanaren antolaketan arazoak sumatu ditugu; goiz da, eta behar duen denbora emanen diogu udalari. Argi dugu kudeaketa zuzena dela eredurik egokiena, baina adi egonen gara, gauzak ongi egin ditzaten", erantsi du.

Zerbitzu bat eta bi enpresa; bat publikoa, eta bertzea pribatua. Ia 200 langile. Eta erdian, Iruñeko Udala. Egoera hori atzean uzteko eta langile guztiak multzo berean jartzeko prozesua ezberdina izan da batzuentzat eta bertzeentzat. Hasierako asmoa, gainera, bertze bat zen: langile guztiak enpresa publikoan sartzea, alegia. Halaxe aitortu du udalak berak. "Oposizioan ginenean ere argi ikusten genuen bazela tartea zerbitzuak hobera egiteko; lehen apustua langile guztiek enpresa publikoan bat egitea izan zen", azaldu du Edurne Eginok, Gizarte Ekintzako eta Garapen Komunitarioko zinegotziak. Udaleko zerbitzu juridikoek, ordea, txostena egin zuten, eta bazter utzi zuten aukera hori: "Enpresa publikoak sinatua zuen hitzarmena hagitz zurruna zen, eta ez zen hura betetzeko modurik langile gehiago hartuz gero", gaineratu du zinegotziak. Ondorioz, hilaren 1ean errealitate bilakatu zen alternatibaren alde egin zuen udalak: enpresa publikoan eta pribatuan ari zirenak erakunde horretako langile bilakatu ditu.

"Egoera erabat aldatu da guretzat: aldaketak berekin ekarri du gure lana kontuan hartzea eta aitortzea", nabarmendu du Edurne Arandigoienek. Sarquavitaen aritu da azken urteotan familia langilea. Zerbitzuan duela 13 urte hasi zen, eta, geroztik, Gaztelan fundazioko Miluze enpresako, Ammako eta Azvaseko langile izan da, zerbitzua Sarquavitaeren esku gelditu aurretik. Etxe horien artean, Miluze izan da irabazi asmorik gabeko bakarra. "Enpresetan, finean, zenbaki hutsak izan gara. Beti egin behar izan dugu lan gure eskubideen alde, enpresen, bai eta udalaren aurrean ere. Formakuntzaren esparruan egin ditugun urratsak, adibidez, gure ahaleginen ondorio izan dira", nabarmendu du Arandigoienek.

Eginok ez du ukatu orain arteko lan baldintzak ez direla egokienak izan. Batez ere, esparru pribatuan aritu diren langileenak. Iruñeko Udalak 2008an sortu zuen Asimec, eta, geroztik, orain arte, enpresa horren esku egon da herritarrak artatzeko zerbitzuaren zati bat. "Esparru publikoan ezinezkoa zen malgutasuna arlo pribatuan aritu diren langileei eskatu zaie; horrek berekin ekarri du, adibidez, ordu gutxiko kontratuak egitea", azaldu du zinegotziak.

Merkeagoa

Eginok gogoratu du legeak ezartzen duela udalek kudeaketa zuzena hobetsi behar dutela zerbitzu bat ematerakoan; bigarren tokian legokeela kudeaketa hori erakunde autonomo baten esku uztea; hirugarrenean, enpresa publiko baten esku; eta, laugarrenean, azkenik, enpresa pribatu baten esku. "Hemen ez da hori gertatu. Azken hogei urteotan, sinetsarazi nahi izan digute kudeaketa pribatua merkeagoa zela; zerbitzuak enpresen esku utzi ditugu, inolako azterketarik egin gabe. Errealitatea da kudeaketa zuzena gure enpresa publikoa baino merkeagoa ere badela", erran du udaleko zinegotziak.

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzuaren kasuan, hain zuzen ere, urtean bost milioi euro inguruko aurrekontua beharko duela zehaztu du udalak. Hau da, orduko 27,06 euroren gastua eginen luke batez beste 2017an; kopurua, iaz, 28,46 izan zen. Beraz, %5 merkeagoa litzateke.

Eginok errandakoarekin bat egin du Nerea Esparzak; azken urteotan udalak arlo pribatuaren aldeko apustua egin duela uste du familia langileak ere. "Zerbitzua ez da behar bezala garatu: ez dira garatu gure enpresak zituen gaitasun guztiak", salatu du. Esparzak, gainera, Asimec enpresa bera sortu zutenean galdu ziren lanpostuak ekarri ditu gogora. "1998an, zerbitzua zuzenean kudeatzen zuen udalak. 2008an sortu zuen Asimec, eta, enpresa martxan jarri zenean, 35 langile karrikan gelditu ziren; ezin dugu hori ahaztu", erran du langileak.

Hasierako urte zailak gogoan dituzte, halaber, Sarquavitae etxeko Loli Serranok eta Marian Velazek. "Inoiz ez genekien egunean zenbat ordu eginen genuen lan, ezta zenbat kobratuko genuen ere", nabarmendu dute langileek. Lanarekiko eta eskaintzen zuten zerbitzuarekiko konpromisoa berretsi dute biek, halere. "Horri esker egin dugu aurrera".

Arlo pribatuko eta publikoko langileen ezaugarri izan da hori, urteotan guztietan: lanarekiko konpromisoarena. Askotarikoa da artatzen dituzten erabiltzaileen soslaia. Mila baino gehiago direla zehaztu du Edurne Egino zinegotziak. Zenbaki hutsen atzeko istorioak ederki ezagutzen dituzte familia langileek. "Haien etxeetan sartzen gara, haien esparrurik intimoenean; lanak mugak ezartzen ditu, noski, baina ezinbertzean sortzen dira gure eta erabiltzaileen arteko loturak", azaldu du Velazek.

Erabiltzaileetako anitz dira zaharrak. Oro har, mendekotasunen bat duten erabiltzaileak artatzen dituzte. "Gerta daiteke istripu batengatik edo ebakuntza bat egin diotelako ere laguntza behar izatea norbaitek", zehaztu du Arandigoienek. "Finean, erabiltzaileak eta haien familiak laguntzea da gure lana; behar duen horretan artatzea", erantsi du: "Ohetik altxatzea, paseatzea, garbitzen laguntzea, jaten ematea...". Etxe bakoitzean gehienez bi ordu ematen dute.

Familia langileen lana koordinatzeko ardura dute zerbitzuko gizarte langileek. Haietako bat da Cristina Chasco. Duela 11 urte hasi zen. Geroztik egindako lanari so egin, eta zerbitzuaren kudeaketa "gero eta zailagoa" zela nabarmendu du. Horregatik, ontzat jo du orain hartutako erabakia. "Udalak sendo egin du zerbitzuaren alde, kudeaketa zuzenean bere esku hartuta".

Udalaren hasierako asmoen berri bazuten langileek, eta uste zuten, kudeaketa zuzenean egin beharrean, enpresa publikoan bat eginen zutela denek. Nerea Esparzarentzat, urrats egokia zen hori. Bat egin du, halaber, azkenean hartutako erabakiarekin, baina zalantzak dituela berretsi du. Arlo pribatuan ari ziren langileak baino anitzez ere "ahaldunduago" dira enpresa publikokoak, Esparzaren hitzetan. Eta argi utzi du ez dutela bidean atzera egin nahi.

Bada eztabaida sortu duen bertze auzi bat: oposizioarena. Asmoa langile guztiek enpresa publikoan bat egitea zenean ere, Asimec etxean ari zirenek eskatu zuten beraiek enpresa horretan sartzeko egin zuten azterketa egitea arlo pribatutik helduko ziren langileek ere. Egoera aldatu egin da, eta langile guztiak udaleko langile dira orain. Horrek berekin dakar, hain zuzen ere, oposizioa gainditu behar izatea, antolatzen denean. Asimec enpresako kideek, ordea, ez dute uste beraiek berriz egin behar dutenik 2008an egindako azterketa, eta jarrera hori defendatzeko prest dira.

Edurne Egino zinegotziak aitortu du gai horrek "erresumina" eragin duela Asimec enpresako langileen artean, batez ere; argi utzi du, hala ere: "Duela zortzi urte egindako kontratazio zerrendak ez du betiko balio".

Postuak sortzeko aukerari buruz ere, deus gutxi aurreratzen ahal dela erran du Eginok. "Asmoa da, hala ere, postuak ateraz joatea, ahal dugun neurrian, eta, ahal dugun neurrian, halaber, egungo kolektiboari kalte egin gabe".

Arlo pribatuan ari ziren langileek ere aitortu dute "kezka" eragiten diela oposizioa egin behar izateak, baina kudeaketa zuzenaren aldeko apustuak berezko duen urratsa dela uste dute.

Gogoetarako beharra

"Etorkizunera begirako proiektua izan daiteke hau; aukera ematen ahal digu zerbitzuak hobera egin dezan". Horixe nabarmendu du Loli Serranok, eta Edurne Egino zinegotziak bat egin du familia langilearekin.

Egun, astelehenetik iganderako zerbitzua eskaintzen du udalak herritarrak etxean artatzeko; 07:30etik 22:00etara. Hala eta guztiz ere, hainbat esparru zerbitzu horretatik kanpo gelditzen direla aitortu du udalak, eta horri buruzko gogoeta egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzeak bertze, Iruñeko Udalaren babespean diren 144 etxebizitzetan bizi diren herritarrak artatzeko moduaz hausnartzeko beharra aipatu du Eginok.

Oro har, populazioa gero eta zaharragoa dela kontuan hartuta, egungo zaintza ereduak aldatzeko eta moldatzeko aukera nabarmendu du Eginok, gainera. Eutsi beharreko gaia dela argi du, eta udalaren erronken artean kokatu du hori ere. Familia langileen kudeaketa zuzenean bere esku hartu eta gero, tresna interesgarri bat du udalak orain gogoeta prozesu horiei aurre egiteko. Zerbitzua moldatu berri dute, eta goiz da, oraindik ere, emaitzak zein izango diren jakiteko. Alde guztiek ontzat jo dute udalak kudeaketa zuzena egitea. Hori nola gauzatuko den ikusteko zain dira langileak. Adi egonen direla ohartarazi dute Asimec etxetik heldu direnek. Zerbitzuak aurrera egin dezan. Eta ez atzera.

Anarkista ahaztua

Anarkista ahaztua

Kattalin Barber

Nahiko ezezaguna da Nafarroan Gregorio Suberbiola anarkista (Morentin, 1896-Bartzelona, 1924); han-hemenka aritu zen boterearen aurka: Los Solidarios talde anarkistako kide izan zen, besteak beste, eta bankuen lapurretan parte hartu zuen Buenaventura Durruti eta Francisco Ascasorekin; Alfontso XIII.a hiltzeko tunel bat egiten ere aritu zen. Primo de Riveraren diktaduraren garaia zen. Lizarraldeko Morentin herri txikia 18 urte ingururekin utzi, eta handik hamar urtera tiroz hil zuten Bartzelonan.

Iñaki Sagardoi antropologo iruindarrak izan zuen Suberbiolaren berri Navarra. Conflictividad social a comienzos del siglo XX y noticia del anarcosindicalista Gregorio Suberviola Baigorri (1896-1924) Angel Garcia-Sanz Markotegiren liburuan. "Irakurri eta zerbait egitea merezi zuela argi nuen; ezagutzen dugu Durruti eta haren inguruko mitoa, baina Nafarroan jaiotako Suberbiola anarkistaren historia izugarria iruditu zitzaidan", azaldu du. Suberbiolari buruzko nobela grafikoaren bultzatzaile da, Mikel Irure eta Aitor Razkin marrazkilariekin.

Serio hartu dute, eta XX. mende hasierako anarkista nafarraren bizitza jasoko duen komiki proiektua martxan da. Aitzinsolasa kaleratu dute jada, salmentarekin lortutako etekina proiektua finantzatzeko erabiltzeko. "Gainera, lehen helburua bete dugu: eskaner bat erostea", dio Irurek. Iruñeko Karrikiri elkartean eta Katakrak liburu dendan salgai dago Suberbiolaren aitzinsolasa, sei euroren truke. Horrez gain, azalaren grabatua egin dute, eta komikia barne 15 euroan jarri dute salgai.

Kaleratu berri duten liburukian, anarkistak Bartzelonan pasatu zituen azken egunak jaso dituzte: tirokatu zutenetik, eta ospitalean hil arte. Heldu den udaberrian atera nahi dute nobela grafikoa: "Gure asmoa Suberbiolak berak ospitaletik bere bizitzaren kontakizuna egitea da, flashback moduan", azaldu du Sagardoik. Fikzioa eta ez-fikzioa tartekatuko dituzte bertan. Sagardoi aritzen da idazle lanetan, eta Irure eta Razkin, berriz, marrazten eta margotzen. Indarrak batu dituzte hirurek nobela grafikoa aurrera eramateko. Bakoitza bere diziplinatik ari da ekarpenak egiten, eta ongi moldatzen direla diote. Gainera, Bilkuia zigilua sortu dute lan gehiago argitaratzeko.

Asteotan Morentin herria bisitatu dute, eta Zaragoza eta Bartzelonara joateko asmoa dute pista gehiagoren bila. Informazio gutxi dago Suberbiolaren inguruan, eta haren argazkirik ez dute topatu. Zaila egin zaie, halaber, aurkitu duten informazioaren artean zer den egia eta zer den mitoa bereiztea. "Fantasiari heldu diogu, interesgarriagoa egiteko eta pertsonaia gure kabuz moldatzeko", dio Razkinek. Bitxikeria moduan, Pio Baroja idazleak lerro batzuk eskaini zizkion nafar anarkistari liburu batean, eta barazki jalea eta naturista zela zioen. "Mito asko zeuden; horiek guztiak baliatuko ditugu, eta beharbada beste batzuk sortuko ditugu, betiere koherentziarekin", gaineratu du Irurek.

Helburua ez da Suberbiolaren biografia bat egitea, baizik eta orduko giroa islatzea, eta Nafarroan oharkabean igarotako pertsonaia gogora ekartzea. "Garai hori eta anarkismoa ere nahiko baztertuta daude, eta eztabaida berriro mahai gainean jarri nahi dugu", dio Sagardoik. 36ko gerra eta diktadurako garai ilunak etorri ziren gero, eta XX. mende hasierako urteak "arreta handirik gabe" pasatu zirela diote. "Gerrari buruz asko idatzi da, filmak daude... baina aurretik izandako garai hori ez da ia irudikatu. Mamia dago: belle époque garaia, pistolariak, anarkismoaren indarra...", azaldu dute.

Bitxia egin zaie hirurei Suberbiolaren bizitza: "In crescendo joan zen haren bizitza. Angel Garcia-Sanz Markotegik liburuan dio Suberbiolak Durrutiren ospea lortuko zukeela hil ez balute". Los Solidarios taldeko kideak ez ziren txikikeriatan ibiltzen: banku bat lapurtu, eta 1.000 errifle erosi zituzten; Bartzelonako etxe batean granadak egiteko fabrika ere sortu zuten. "Iraultza zen".

Historiaren beste aldea

Ez da kasualitatea Morentin herriko anarkista baten nobela grafikoa argitaratzea. Sagardoik aitortu duenez, helburu politikoa du. Euskal munduaren eta erdal munduaren arteko "identitate bikoitzaz" ari da: "Mendebaldetik heldu zaigu historia eta mitologia gehiena, eta horien bidez eraiki dugu gure identitatea, baina batzuetan iruditzen zait uko egin diogula Iruñetik hegoaldera gertatzen denari, eta hori ere gure historia da". Adibide bezala jarri du bere esperientzia. Gurasoek ez dakite euskaraz, eta aitonaren familia erdia fusilatu zuten. "Asko hitz egin da gauza batzuei buruz, eta ongi iruditzen zait, baina oharkabean igaro dira beste batzuk". Horregatik, Suberbiolaren bizitza gogora ekarri nahi dute haiek, historiaren parte delako. "Ate hori ireki nahi dugu, gure identitatea ere badelako".

“Errazagoa izan da andreak esplotatzea”

“Errazagoa izan da andreak esplotatzea”

Edurne Elizondo

Borroka feminista da gurea, eta emakume guztion kontua da. Egiten duguna lan duin bat da, eta bada kontuan hartzeko ordua. Gure gizartean errazagoa izan da emakumeak esplotatzea, baina gure eskubideak aldarrikatzeko unea da oraingoa". Myriam Barrosenak dira hitzak, Lanzaroteko (Kanariak, Espainia) Las Kellys taldeko kidea. SOS Arrazakeria elkarteak arrazakeriaren aurka antolatu duen astean aritu da, Iruñean. Bertakoak eta kanpotarrak, erresistentziak ehuntzen izenburupean egindako jardunaldietan "izaera mestizodun borroka moldeak ikusgarri" bilakatu nahi izan ditu SOS Arrazakeriak, Natalia Nilo kidearen hitzetan. Biharkoa izanen da azken ekinaldia: manifestazioa eginen dute Nafarroako hiriburuan, Gazteluko plazan, 12:00etan hasita.

SOS Arrazakeriak nabarmendu nahi izan dituen izaera mestizodun borroka molde horien adibide da Las Kellys taldeko kideena. Hoteletako gelak garbitzen dituzten langileek osatu dute elkartea. Lanzarotekoa izan zen lehena, baina gisako bertze anitz sortu dira, jada, hamaika tokitan. 2016ko martxoaren 28an egin zuen Lanzarotekoak lehen bilera. "300 pertsona etorri ziren!", gogoratu du Barrosek. Gehien-gehienak emakumeak.

Zerbitzari gisa aritu izan da Barros, baina azken hiru urteotan hoteletako garbitzaile lan egin du. "Denek erraten zidaten hagitz lan gogorra zela, baina uste nuen baino anitzez ere gogorragoa da", nabarmendu du. Gizarte mugimenduetan aritu izan da beti, eta, ondorioz, garbitzaileen lan baldintza gogor eta eskasen berri izan bezain pronto, zerbait egin behar zuela argi izan zuen.

"Sare sozialen bidez gure arteko taldeak osatu genituen lehendabizi; baina garbi ikusi genuen gure artean salatzen genituen kontu horiek guztiak jendaurrean salatzeko eta mahai gainean jartzeko ordua zela", azaldu du. Eta hori da egin dutena. Beren burua antolatu, eta beren eskubideen eta lan baldintza duinen alde lanean hasi dira.

"Oro har, emakumeek osatutako kolektiboa da gurea; horrek are errazago bilakatu du gure lana prekario bihurtzea, gure gizartean errazagoa delako emakumeak esplotatzea", berretsi du Barrosek. Hoteletako garbitzaileen egoera hori dela nabarmendu du. "Egoera hagitz kaskarra da; lan karga izugarria dugu; enpresek nahi dutena da gero eta gela kopuru gehiago garbitzea denbora tarte gero eta txikiagoan. Eta are eta okerragoa da azpikontratatutako garbitzaileen egoera; anitzetan, 500 euro eskaseko soldata baino ez dute", azaldu du Barrosek. Erantsi du anitzetan kontratuak asterokoak izaten direla, eta oporrak edo baimenak izateko eskubiderik ez dutela. Baldintza horiek guztiek, gainera, ondorioak dituzte langileen osasunean. "Egiten ditugun mugimenduak hagitz errepikakorrak dira, eta maiz gaixotzen gara". Ondorio fisikoez harago, "depresioak edo estresak jota" daude garbitzaile gehienak.

"Garbitzaileon errealitateak ez du tokirik izan sindikatu handien agendetan", erran du Las Kellys taldeko kideak. Horregatik erabaki zuten urrats bat egitea aurrera, beren kabuz antolatzeko. Sindikatu horiek "mehatxutzat" hartu dituztela erantsi du Barrosek. "Ez gara ari oinarrizko sindikalistei buruz, sindikatuetako buruez baizik. Sentsazioa dugu uste dutela beren esparruan sartu garela. Ondoan nahi bagaituzte, gu prest gara, baina ez badute gure alde deus egiten, aurrean izanen gaituzte".

Barrosek onartu du, halere, garbitzaileek ere badutela ardura zati bat. "Orain arte, ez gara mugitu, ez gara borroka sindikaletan murgildu. Negoziazio mahaietatik at izan gara; ez dute gure berri, eta inork ez du egiten gure alde".

Elkarri lagundu

Las Kellys taldeko kideek egiten duten lanaren arlo garrantzitsuenetako bat da langileak laguntzea. "Norbaitek bere enpresa salatzen badu, ez da batere atsegina egunero lan egitera joatea; argi utzi nahi diegu langile guztiei ez daudela bakarrik", azaldu du Barrosek.

Erakundeen laguntza ere bilatu dute iazko martxoan hasitako bidean, eta jasotako erantzunarekin "kontent" dira Lanzaroteko hoteletako garbitzaileak. "Presio handia egin dugu, eta, ondorioz, Lan Ikuskaritzak kanpaina bat egin du: legez kanpoko 5.000 kontratu salatu dituzte; laster, gisako bertze kanpaina bat jarriko dute martxan".

Europara begira jarri dira, halaber, Las Kellys taldeko kideak. Izquierda Unidako Marina Albiolen bidez, Europako Parlamentura bidali dituzte garbitzaileek beren proposamenak; bertzeak bertze, lan arriskuen esparruko araudia betetzen dela kontrolatzea, haurdun diren langileak babestea eta erretiroa hartzeko adina jaistea eskatu dute. "Tramiterako onartu dituzte; Bruselan defendatzeko aukera noiz izango dugun zain gara", azaldu du Barrosek.

Egungo egoerari ezin diotela eutsi berretsi du Las Kellys taldeko kideak. Martxan direla garbitzaileak, eta ez dutela atzera eginen beren eskubideen defentsan. Borrokan direla emakumeak. "Hasieran, bertakoak kontratatzen zituzten; 2000. urtetik aurrera, Hego Amerikakoak kontratatzen hasi ziren; egun, Saharaz hegoaldeko herrialdeetako emakumeak kontratatzen dituzte. Langileon egoera are prekarioagoa da, anitzetan hizkuntzarekin ere arazoak dituztelako, eta nekez aldarrika ditzaketelako beren eskubideak".

Haien eta gainerako garbitzaileen alde lan egiteko sortu dute Las Kellys, hain zuzen ere. Borroka molde propioa osatu dute, orain arte izan ez duten ikusgarritasuna lortzeko. Eragiteko. Aldatzeko.

Iritzia: Enpatia transbertsala

Tania Arriaga Azkarate
Lankide batek, kafe makinan, aipatu zidan bera ismoen kontrakoa zela. Buruko muineko nire prozesadorea ez da oso azkarra, eta, orduan, zer esan jakin gabe gelditu nintzen. Gerora, tarteka marteka, gaiari bueltak ematen harrapatu ...

Sintoma berak, hainbat diagnostiko

Sintoma berak, hainbat diagnostiko

Edurne Elizondo

Polenari buruzko alerta beheko mailan egon da asteon. Halaxe ageri da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Iruñeko Udaleko web orrietan. Informazio hori sakelako telefonoan jaso ahal izan dute Iruñeko Udalaren alerta zerbitzuan izena eman dutenek; 1.182 pertsona dira, denera. Udalak duela astebete jarri zuen martxan aurtengo informazio kanpaina. Ekainaren 27a bitarte, astelehenero bidaliko dizkie Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Epidemiologia Zerbitzuak polenari buruzko datuak erabiltzaile horiei. Usin eta musuzapi garaia hasiko baita, udaberriarekin batera, alergia dutenentzat.

Nafarren %10 inguruk alergia diote polenari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera. Haientzat prestatutakoa da udalaren polenari buruzko alerta zerbitzua. "Kontua da informazioa modu erraz batean jartzea erabiltzaileen esku. 2010. urtean jarri genuen martxan; aitzindari izan gara, doan ematen dugulako. Urtetik urtera gora egin du erabiltzaileen kopuruak; urtean ehun erabiltzaile berri inguru ditugu. SMS edo mezu elektroniko bidez jaso dezakete informazioa", azaldu du Ines Aginaga zerbitzuko arduradunak.

Lastodunen polena da pertsona alergiko gehien eragiten duena. "Aurten aurreratu egin da landare horien polinizazioa; apirilean izaten ohi da, baina martxoan hasi da jada", azaldu du Aginagak. Lastodunen polenari alergia izatea zer den ederki daki Dani Cabriadak. Hamahiru urte inguru zituenean hasi zen sintomak izaten: "Azkura izaten nuen begietan: malkotan izaten nituen. Etxean inork ez zuen alergiarik, baina nirekin batera anaia zaharra ere hasi zen sintoma horiekin", gogoratu du Cabriadak.

Alergiko bilakatu zen. Hitz gutxitan erranda, "gorputzaren erantzun desegoki bat" dira alergiak. Horixe azaldu du Nafarroako Ospitale Guneko Alergologia Zerbitzuko kide eta pediatra Esozia Arroabarrenek. "Substantzia toxiko batek denoi egiten digu kalte; alergien kasuan, ustez kaltegarria ez den substantzia batek eragiten dio gure gorputzari".

"Hori gertatzen da gure sistema immunologikoa gaizki egina dagoenean", erran du Arroabarrenek, modu sinple batean. Sistema immunologikoaren erantzun oker horren atzean genetika dago, batetik; eta, bertzetik, berriz, ingurunea.

Alergia mota anitz dago; oro har, eragiten dituzten sintomen arabera, hainbat multzo nagusi nabarmentzen dira. Batetik, arnasa hartzeko sistemari eragiten diotenak daude. "Polenak, hautsak, onddoek edo animalien azalean dauden proteinek eragiten dute alergia, kasu horretan; arnasarekin lotutako gaitzak eragiten dituzte, errinitisa edo asma, edo biak batera", zehaztu du alergologoak. Bertzetik, erleak eta liztorrak aipatu ditu Arroabarrenek. "Alergia badiegu, azalean sor ditzakete sintomak, edo erreakzio sistemiko bat; anafilaxia, alegia". Hirugarren multzoan daude elikagaiak. "Antzekoak dira sintomak; azalean suma daitezke, edo anafilaxia eragin, zenbait kasutan", erantsi du ospitale guneko alergologoak.

Sintoma berak, ondorioz, hainbat diagnostiko izan ditzake. Horixe nabarmendu du Arroabarrenek, eta alergologia zerbitzuaren egoitzan ikusten dutena jarri du adibide: "Egon daitezke hiru haur, adibidez, bakoitza bere inhalagailua eskuan, eta bakoitza aurrekari eta pronostiko ezberdinarekin; hirurek behar dute botika bera, baina nork bere diagnostikoa du".

Probak eginda zehaztu ahal izanen du alergologoak zerk eragiten duen alergia. Dani Cabriadak orain egin ditu. "Orain arte, familia medikuak emandako antihistaminikoak hartzen nituen; nahikoa nuen. Anitzetan, pilula hartu bezain pronto sentitzen nuen hobera egiten nuela". Egoerak, orain, okerrera egin du Cabriadarentzat, ordea. Txakur batek eragin du aldaketa. "Duela hainbat hilabete hasi nuen txakur bat adoptatzeko prozesua; harekin eta bertze txakur batekin egon nintzen egunean sentitu nituen alergiaren sintomak lehen aldiz".

Tokiaren garrantzia

"Alergiez ari garenean, kontuan izan behar dugu gaixoa non bizi den; toki batetik bertzera aldatzen dira toki bateko edo bertzeko berezko alergenoak; etxe barruko baldintzak ere garrantzitsuak dira, eta kontuan hartzekoa da, adibidez, gaixoa txakur edo katu batekin bizi ote den", nabarmendu du Esozia Arroabarrenek. Geografiak duen garrantzia azaltzeko, adibide bat jarri du mahai gainean: "Tuteran gutxi izanen dira akaroei alergia dietenen kasuak; Baztanen, berriz, akaroak dira alergia gehienen eragile".

Altitudeak, latitudeak, klima motak eta antzekoek duten garrantzia berretsi du alergologoak; ez, ordea, kutsadurarena. "Ematen du alergia dutenak gehiago gaixotzen direla hiri barruan kanpoan baino; egia da, halaber, diesel erregaiek eragina dutela polen partikuletan eta kaltegarriago bilakatzen dituztela. Baina kutsadura gaitz horrekin lotzen duen artikulu bat ateratzen denean, handik gutxira lotura hori kolokan jartzen duen bertze bat agertzen da. Gaia konplexua da. Gaur-gaurkoz, ezin da erran alergia dutenen kopuruak gora egin duela kutsaduragatik", azaldu du Arroabarrenek.

Gehiegizko garbitasunak izan dezakeen eragina ere bazter utzi dute adituek, alergologoak erantsi duenez. "Hipotesi hori modan izan zen duela hogei urte, baina, gaur egun, ezbaian da. Ikerketek ezin izan dute hipotesi hori berretsi", erran du.

Sistema immunologikoak huts egiten duela da kontua. Egoera horren aurrean, gertatzen dena "kontrolatzeko gaitasunik eza" sentitzen duela aitortu du Cabriadak. "Azterketa egin eta gero, hamar alergia inguru ditudala jakin dut; bertzeak bertze, lastodunekin eta txakurrekin batera, katuek eta kakahueteek eragiten didate. Orain arte jan izan ditut deus jakin gabe. Arraroa da hori; kontrolatzeko gai ez izateko sentsazioa dut".

Txakurra adoptatzeko prozesuarekin aurrera egin du Cabriadak. Nabarmendu du artatu duen alergologoak berak argi utzi diola izanen dituela alergiari aurre egiteko tresnak. "Argi dut, lehenik eta behin, garbitasunari ohi baino garrantzi handiagoa eman beharko diodala; kontua da txakurrak ahalik eta zahi gutxien eragitea. Hori saihesteko produktuak ere badira".

Bertzela, txertoa jartzeko aukera jarri dio alergologoak mahai gainean. "Asma duten haurren kasuan gerta daiteke gaitza desagertzea, edo ez. Gurasoak anitz kezkatzen dira, baina badira botikak alergien sintomei aurre egiteko", azaldu du Esozia Arroabarrenek. Antihistaminikoak, kolirioak eta antzekoak alergia dutenen eskura daude. Eta, zenbait kasutan, txertoak. "Gaixoei argi erraten diet kasu guztietan ez dutela funtzionatzen, baina egia da anitzetan gaixoak anitz egiten duela hobera".

Alergologoak bere kasua jarri du adibide: "Asma nuen; lau urtez hartu nuen txertoa, eta hamahiru dira jada inhalagailurik ez dudala behar", aipatu du. Alergia bat nabarmentzen denean, horren aurkako txertoa jartzen ohi dute alergologoek. "Zailagoa da emaitza onak lortzea bi alergia motaren aurkako txertoekin". Argi utzi du, gainera, zenbait kasutan txertoa ez dela egokia: "Asma larria dutenen kasuan, adibidez, arriskutsua izan daiteke; bai eta gaixoak bertze gaitz immunologiko edo onkologiko bat duenean ere", ohartarazi du.

Alergologoak nabarmendu du jendeak gero eta informazio gehiago eskatzen duela alergien inguruan; gero eta kontsulta gehiago dago, eta diagnostikorako gero eta aukera gehiago ere bai. Horrekin lotu du alergia dutenen kopuruak gora egitea. Udaberrian sumatzen dute gaitza anitzek. Bertze anitzek, urte osoan. Alergiarekin bizi behar dute.

Askotarikoa bezain aberatsa

Askotarikoa bezain aberatsa

Kattalin Barber

Nafarroako musika ondarea askotarikoa bezain aberatsa da. Horrela definitu du Maria Guembero-Ustarrozek. Antzinarotik gaur egun arte, tradizioko errepertorio kultua, ahoz transmititutako musika tradizionala eta hiri musika herrikoiak landu ditu Navarra. Música liburuan. "Garai historiko bakoitzean Nafarroaren soinu paisaia osatu duten errepertorioen ikuspegi panoramikoa eskaini nahi izan dut". Emaitza 366 orriko lan bat da: Nafarroako musikaren lehen historia orokorra.

Musikologoa da Guembero-Ustarroz, eta Bartzelonako CSIC Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluan ari da. Beste lurralde batzuekin konparatuz, Nafarroak duen ondare musikala "ikaragarria" dela dio. Nafarroako Errege Teobaldo I.a eta Karlos II.a aipatu ditu. Lehenengoa troberoa izan zen, eta 60 pieza baino gehiago konposatu zituen. "Lurralde gutxik esan dezakete errege konpositore bat izan zutela eta musika gordetzen zuela". Arreta berezia eskaini die idazleak garai bakoitzean nagusi izan ziren musika jardunei, musikari nagusiei eta genero, estilo eta konposizio nabarmenenei.

Erdi Aroan jarri du arreta, garai hartakoak baitira ezagutzen diren lehen musika iturriak. Garai horretan ere Gilen Machault poeta ezagunak Karlos II.a erregearentzat lan egin zuen, adibidez. "Ohiz kanpoko zerbait da Nafarroan gertatu dena. Lurralde txikia da, baina aberatsa". XVI. eta XVII. mendeetan, berriz, Nafarroako eliza batzuetako musika kaperak antolatu eta finkatu ziren, eta ondoren jarraitutasuna izan zuten lurraldeko organo jotzaileen sare garrantzitsuek. Historiaurreko eta Antzinaroko "zertzelada batzuk" besterik ez ditu eman: "Badakigu soinuak egiten zituztela, baina ezin ditugu erreproduzitu. Txilibitu modukoak erabiltzen omen zituzten".

Horrez gain, liburuak Nafarroaren eta beste eremu geografiko eta kultural batzuen arteko truke musikal "oparoak" erakutsi ditu, baita nazio mailan eta nazioartean oihartzuna izan duten garai guztietako musikari nafar ugarien errepasoa egin ere. XVI. eta XVIII. mendeen arteko "aberastasun musikalaz" mintzo da musikologoa. "Nafarroa sakonki aztertzen baduzu, konturatzen zara musika ez zela mugatu bakarrik katedraletara edota Iruñera; lurralde osora hedatu zen: musika bizirik zegoen", azaldu du. Faltzes, Corella eta Viana herrietako elizetan, adibidez, polifonia egiten zuten. Hortaz, ikerlariak uste du garai horretako musika ez zegoela oso zentralizatuta.

Iruñean ez ezik, Nafarroa osoko herrietan musika presente zegoen, bizitzaren parte baitzen. Organo jotzaileen inguruan sortzen zen musika. "Musika edergarri bat balitz bezala ulertzen dugu askotan, zerbait pasiboa balitz bezala, baina XX. mendera arte musika bizitzaren parte izan da".

Diskoak sortu eta musika grabatzeko gailuak zabaldu zirenean, musika kontsumitzeko modua aldatu zen: "XVI. mendeko konpositore bat etxean entzun dezaket; lehen ezinezkoa zen. Baliabideak behar ziren musika sortzeko eta, gainera, musika hori erreproduzitzeko; musika eremu sozial gehien duen artea da".

"XIX. mendearen erdialdera arte, elizak ziren Nafarroako kontserbatorioak; ez zegoen besterik". Pertsona batek musika ikasi nahi bazuen, elizara jo behar zuen, eta parrokietako organo jotzaileekin ikasten zuen hasieran. 1858. urtean sortu zuten Iruñeko Musika Akademia, Mariano Garciaren gidaritzapean, eta horren ondotik zabaldu zen musika: "Erlijioa alde batera utzita, musika irakasten hasi zen, eta geroago zabaldu zuten Nafarroako Kontserbatorioa, 1957an".

Ikerketa bultzatu

Liburua irakurle ororentzat da, ez espezialistentzat. "Informazioa eman nahi izan dut. Kontsultarako material gisa ere erabil daiteke, gero eremu jakin batean ikerketak aurrera eramateko. Gustatuko litzaidake gazteak eta ez hain gazteak honetara animatzea". Idazlearen esanetan, "hutsune" nabarmena zegoen musika arloan, eta hori betetzeko egin du Navarra. Música liburua. "Bitxia da: beste arlo batzuetan badaude lanak, baina Nafarroako musikari buruzko historia orokorrik ez zegoen". Higinio Anglesek 1970ean argitaratutako Nafarroako Erdi Aroko musikaren historia aipatu du, baina, horrez gain, "argitalpen solteak" baino ez dira egon.

Liburua ontzeko garaian, horiek guztiak bildu ditu. Urte asko daramatza Guembero-Ustarrozek Nafarroako musikaren historia lantzen: hamar urte guztira; baina azken lau urteetan "sakonago" lan egin du. "Alde horretatik, zaila izan da materiala biltzea. Oraindik gutxi dira nafar musikariei buruzko ikerketa sakonak, baita kontserbatzen diren musikaren inbentarioak eta iturrien katalogoak ere".

Nafarroan musikaren inguruan sortzen den gehiena "sakabanatuta" dagoela uste du Guembero-Ustarrozek. "Kultur etxeetako musika ikuskizunak, abesbatzak eta musika bandak... Gauza asko egiten dira, baina sortzen diren heinean desagertzen dira; ez dago inor Nafarroan hori guztia biltzeko". Horregatik uste du Nafarroan musikaren dokumentazio zentro batek "zeregin inportantea" izango lukeela. Ondarea eta materiala gorde eta zaintzea ezinbestekoa dela dio musikologoak. "Ondarea ez ahazteko ahalegina egin behar dugu", amaitu du.

Zientzia eta ekoturismoa

Zientzia eta ekoturismoa

Edurne Elizondo

Lindus tontor gainetik iaz 83 espezietako 400.000 hegazti pasatu ziren, abuztua eta azaroa bitarte. Hegazti horiei so egon ziren LPO elkarteko eta Ornitolan etxeko kideak. Nafarroako Gobernuaren ordezkari da azken hori, Lindus 2 izeneko proiektuan. Aurizko Udalarekin eta SEO BirdLife elkartearekin batera osatzen dute lantaldea. Pirinioetako bazter horretatik pasatzen diren hegaztien migrazioari buruzko informazioa jasotzea dute helburu, eta, datu horien bidez, klima aldaketaren gainekoak aztertzea, bertzeak bertze.

Zientzia eta turismoa uztartuz egiten dute lan, gainera: ornitologiak bisitariak erakartzeko duen gaitasuna baliatu nahi dute, Aurizko eta inguruko ekonomiaren pizgarri izan dadin. Proiektuak Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren babesa jaso du: 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta erakunde horrek ordainduko du %65.

Ornitolan etxeko kideak 2009. urtetik ari dira Lindusen lanean, migrazio garaian hango tontorraren gainetik pasatzen diren hegaztiei so. 2010ean, Lindus 1 jarri zuten martxan, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Oraingo Lindus 2 egitasmoarekin bertze urrats bat egin nahi izan dute parte hartzaileek: migrazioari so jarraituko dute uztaila eta azaroa bitartean, baina bertze hainbat ekinaldi ere bultzatuko dituzte; saguzarrak behatuko dituzte, adibidez, Lindusek haien migrazioan zer garrantzi duen argitzeko asmoz.

2009tik, metodologia bera erabili dute migrazioa aztertzen duten Ornitolan etxeko eta LPO elkarteko kideek. Uztailaren bigarren hamabostaldian ekinen diote lanari aurten, berriz ere, eta azaroko lehendabizikoan amaituko dute. Orain arte, argi ordu guztiak baliatu dituzte Lindus gainetik zer espezie eta espezie bakoitzeko zenbat hegazti pasatu diren zenbatzeko. "Saguzarrekin, gauez ere izanen dugu lana aurten", azaldu du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.

Lindus 2 proiektuak duen garrantzia nabarmendu du biologoak. Izan ere, hainbat urtez jasotako datuak behar dira ingurumenean gertatzen diren prozesuen eta gerta daitezkeen aldaketen berri jasotzeko. "Hamabost urte inguruko epemuga batek emanen digu aukera ondorioak mahai gainean jartzeko", erran du Berasategik.

Lindusen lanean aritzen direnak hasiak dira jada, halere, hainbat joeraren berri jasotzen. Argi dute, adibidez, tenperatura igotzeak hainbat ondorio izan dituela eta berekin ekarri duela hainbat espeziek migrazioa hasteko data aurreratzea. "Hori egin dute miru beltzek, adibidez; lehen baino lehenago pasatzen dira orain Lindusetik", azaldu du Ornitolan etxeko kideak.

Europako herrarien %90

Europako hegazti herrarien %90 pasatzen dira Lindusko tontorraren gainetik. 2010. urtetik, denera, bi milioi hegaztik zeharkatu dute Aurizko tontor hori. Datu horiek ornitologoentzako toki aparta bilakatu dute Linduskoa, Berasategik nabarmendu duenez. Azken urteotan, hain zuzen ere, gora egin du bisitarien kopuruak Pirinioetako bazter horretan. Prismatikoak eta teleskopioak hartu, eta Lindusen egin dute bat, zerura eta hegaztiei so egiteko.

Miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak... Luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. "Iruñetik gertu, ikuskizun ederraz gozatzeko aukera dago", berretsi du Gabi Berasategik. "Abuztuaren azken astean, adibidez, milaka zapelatz liztorjale ikus daitezke; uztailaren azkenekoan pasatzen ohi dira miru beltzak; urrian eta azaroan, berriz, kurriloak eta ubarroiak", azaldu du Ornitolaneko kideak.

Hegaztien bideari behatzerakoan, ahalik eta datu gehien jasotzen saiatzen dira ornitologoak: ordua, eguraldia, haizeak jotzen ote zuen... Halako datuen berri izatea garrantzitsua da ulertzeko, adibidez, zergatik egun jakin batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten elkarrekin toki beretik pasatzeko. Iaz, adibidez, urriaren 9an, 448 miru gorri ikusi zituzten Lindus tontor gainetik; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso pasatu ziren, eta 31n, bertze 84.000.

Bisitariak erakarri nahi dituzte Auritzera migrazioaren ikuskizunarekin goza dezaten; gainera, Lindus 2 proiektuko kideek ingurumenarekin lotutako ekinaldiekin uztartu nahi dute turismoaren jarduera hori. SEO BirdLife elkarteko kideak lehendabizikoz ariko dira 2018ra bitarte martxan izanen den proiektuan. 2018tik aurrera ere lanean jarraitzeko aukera izanen dutela espero du Berasategik; datuak jasotzen jarraitzeko. Ikertzen eta gozatzen jarraitzeko.

Iritzia: Zakila edo bulba

Jon Barberena

Hamar urte iragan izanen dira Thomas Laquerren La construcción del sexo. Cuerpo y género desde los griegos hasta Freud leitu nuenetik. Gaur, egunkarian ikusi dudan autobus ñabar batek alarmaturik, apalategia miatu eta berriz ere begi aitzinera ekarri dut liburua. Bertan nabarmentzen da XVII. mendera artio sexu bakarraren teoria nagusitzen zela gizartearen pentsamenduan. K.a III. mendean, Aristotelesek erraten zuen oposizioan zeuden bi gorputz zirela gizonarena eta emaztekiarena, baina funtsean sexu bakarra osatzen zutela. II. mendean ere, hari berari tiraka zebiltzan orduko pentsalariak, eta emaztekia oinarrian gizona zela azpimarratzen zuten. Emaztekiaren organo genitalak garatu gabe omen zeuden bero faltagatik eta, beraz, gizaki perfektua gizona zen haiendako, eta inperfektua emaztekia: "Organo berdinak dituzte, baina okerreko tokian, hain justu".

Gizonak genituen pentsalariak, gizonak agintariak eta gizonena pitokeriak errateko aukera eta lizentzia. Sexua gaur egun ezagutzen dugun gisara, XVIII. mendean asmatua izan zen. Hau da, sexu bakarraren eredutik, bi sexuen eredura pasatu ginen. Ordutik aitzin, sinpletasunean oinarriturik antolatu nahi dugu gure gizarte konplexu bezain anitz hau. Sinpletasuna bilatzen dugun gizaki sinple bihurtu gara. Gizartea ordenatzeko, orokorrean, dikotomizatzeko joera daukagu. Horrelakoetan bi mutur marrazten ditugu: emaztekia- gizona, femeninoa-maskulinoa, heterosexuala-homosexuala, zuria-beltza...

Sexu biologikoak (sexu organoak) markatzen du dikotomia hau. Hau da, hauen arabera gizonezkoak edo emaztekiak izanen gara eta portaera maskulinoa edo femeninoa barneratuko dugu eta hauei atxikitako rolen menpe biziko gara. Sexu organoek markatzen dute gure portaera, eta kontrako jarrerak baztertu egiten dira. Baztertu eta maiz eritasun gisa hartu. Hazte Oir plataforma ultrakatolikoak martxan paratu duen autobus ñabarrak honako mezu hau hedatu du: "Mutikoek zakila dute. Neskek, alua. Ez zaitzatela engaina. Gizona bazara, gizona zara. Emaztekia bazara, hori izaten segituko duzu". Mundua antolatzeko modu sinplea bulkatzen duen leloa. Baina antolamendu dikotomiko eta sinple honek ez ote du pertsona batzuen bizitza korapilatzen eta nahasten? Deus ez dute balio ispiluek, kanpoaldeak barnealdea islatzen ez badu; oraindik gutiago balio dute aurpegiko bi begiek antolamendu huts honen arauetan itsu daudelarik. Nahiz eta mendeetako antolamendu sinple hau batzuek barneratua izan eta egun den-dena begiekin epaitzen den, ozen aldarrika dezagun badaudela zakila duten neskak eta bulba duten mutikoak. Transgenero kontzeptua barnera dezagun. Transgeneroa sozialki paratutako bipolaritate sistemarekin eta genero oposizioarekin eroso aurkitzen ez den pertsona da. Gauzak multzokatu beharrean, identitate indibidualak eta sentipen indibidualak har ditzagun kontuan; sinpletasuna, konplexutasuna bihurtuz. Genitalek markatzen dituzten portaeretatik haratago joan beharra dago. Dikotomiak hautsi behar dira, norberaren identitate pertsonalari eman behar zaio garrantzia.

Harridura ikurrekin edo gabe, laranja, morea edo gorria… Berdin zaigu. Guk zuri-beltzean ikusten dugu zuen autobus deigarria, urteetan gizonek asmatutako arau sinple eta baztertzaileek ez baitituzte itsutu gure begi kritikoak.

Komunismoaren eta hezkuntzaren bidetik

Komunismoaren eta hezkuntzaren bidetik

Edurne Elizondo

Ekintzaile politikoa izan zelako. Gorzako eskolan egiten zuen lanaren bidez etorkizun hobe baten aldeko arma bilakatu nahi izan zuelako hezkuntza. Konpromisoa hartu, eta jendaurrean defendatu zuelako; sutsuki, gainera. Horregatik atxilotu zuten Camino Oskotz, 1936ko uztailaren 31n; horregatik bortxatu zuten; eta horregatik hil zuten, urte bereko abuztuaren 10ean. Espetxetik atera, eta Urbasako Pilatoren Balkoira eraman zuten; handik behera bota omen zuten maistraren gorpua. 26 urte zituen; Alderdi Komunistakoa zen; UGT sindikatuko Hezkuntza Federazioko eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kide; maistra errepublikazalea.

Camino Oskotzi buruzko memoria liburu batean jaso berri du Joseba Ezeolazak (Iruñea, 1979). Duela hamabost urte hasi zen Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartean lanean, eta denbora horretako gogoetak jaso ditu, maistrari buruzko zertzeladekin batera, Camino Oscoz y otras historias del 36 izenburuko lanean (Cenlit, 2017). Liburuaren bidez, "memoria historikoak emakumeekin duen zorra" kitatu nahi izan du Ezeolazak, batez ere. 1936. urte hartan, 47 hil zituzten Nafarroan. "Alargun, alaba, ama edo lagun gisa aurkeztu ohi ditugu emakumeok, baina orduko giro errepublikazalean protagonista eta ekintzaile ere izan ziren; gidari eta buruzagi", nabarmendu du egileak.

Camino Oskotz aukeratu du Ezeolazak emakume ekintzaile eta gidari horien guztien ordezkari; emakume gaztea zelako, alde batetik; eta maistra lanetan ari zelako, bertzetik. Iruñean jaio zen Oskotz, 1910. urteko apirilaren 11n —12a agertzen da hainbat agiritan—. Hiriburuko Santo Domingo aldapako 29. zenbakian sortu zen, eta lau anai-arrebaren artean gazteena izan zen: Josefina eta Maria Pilar izan zituen ahizpa; eta Juan Antonio neba. Maisu izan zen azken hori, arreba bezala. 1936ko gerrak Iruñetik kanpo eraman zuen; Baigorrira, lehendabizi, eta, gero, Marseillara (Frantzia). Han zendu zen.

Iruñeko Kale Nagusiko teresarren ikastetxean aritu zen Camino Oskotz, eta, maistra bilakatu zenean, Gorzako eskola izan zuen lantoki, Zaraitzuko ibarrean. 1930. urtean, 280 biztanle zituen. "Pedagogia modernoaren aldeko jarrera agertu zuen Oskotzek", azaldu du Ezeolazak. Egileak erantsi du Nafarroan egin zituztela ahaleginak, hezkuntzaren bidetik, "gizartean errepublikaren kultura zabaltzeko", eta testuinguru horretan kokatu du, hain zuzen ere, 1932ko irailean egin zuten Aste Pedagogikoa. 750 maisu eta maistrak parte hartu zuten. "Maistrek, batez ere, rol oso garrantzitsua bete zuten, eskolaren esparruan berdintasunaren balioa ikusgarri bilakatu zutelako", erran du liburuaren egileak.

Camino Oskotz izan zen maistra horietako bat. Izan ziren bertze anitz ere. Maria Dominguez aipatu du Ezeolazak, adibidez; hainbat hilabetez aritu zen Almandozko eskolan, eta, gero, 1933. urtean, Gallurko (Zaragoza, Espainia) alkate izendatu zuten. Julia Alvarez Resano nafarra nabarmendu nahi izan du Ezeolazak, halaber, gobernadore zibila izan zelako; bai eta Julia Alvarez ere, maistra, Oskotz bezala, eta UGT sindikatuko Nafarroako Hezkuntza Federazioko idazkari, 1932. urtean.

"Orotariko laidoak"

Maistra, Alderdi Komunistakoa eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kide; grina berak jositako hiru borroka esparru, Ezeolazak nabarmendu duenez. Garesti ordaindu zuen egindako bidea, ordea. "Erregimenarentzat arriskutsua zelako hil zuten Camino Oskotz; hirian barrena atxiloturik eraman zuten, pasieran, sufriarazteko, sari baten gisa, jendearen eskarmenturako".

Atxilotu zutenean, preso hartutako Galo Viergek Camino Oskotzekin egoteko aukera izan zuen, komisarioaren gelan zain zirenean, eta Los culpables izeneko bere liburuan jaso zituen ordukoak: "Gaztearekin hitz egiten hasi nintzen, ahapeka, eta nola atxilotu zuten azaldu zidan; hainbat falangistak hartu zutela erran zidan, eta beren egoitza nagusira eraman zutela, Nabarreria karrikan; han, orotariko laidoak pairarazi zizkioten. Malkoei eusten saiatu zen, eta negarrak etendako hitzen bidez kontatu zidan gero Ezker Errepublikanoaren egoitzara eraman zutela, Gazteluko plazan, falangistek bere egin baitzuten eraikina, altxamenduaren lehendabiziko egunetan. Han, falangistek inguratuta, Alderdi Komunistako kide izateagatik orotariko umiliazioak sufritu zituen, berriz ere; barre eta iseka artean, baso bat errizino olio edanarazi zioten; polizia etxean utzi zuten atxilotuta".

Pio Baroja idazleak ere jaso zuen Camino Oskotzen berri, La guerra civil en la frontera liburuan, Ezeolazak azaldu duenez. "Barojak berak aipatzen du Oskotzek hainbat gutun idatzi ziola; pena da testu horiek gorde ez izana". Barojaren testuak ondokoa dio: "1936ko hasieran gutunak idazten hasi zitzaidan; gutun horietan apaizen aurka agertzen zen, eta komunismoaren alde, sutsuki. Nire liburuak irakurtzen zituen neska gaixo horrek, eta uste zuen ni oker nintzela gogo komunistarekin bat ez egiteagatik. Maistra adoretsua eta ausarta zen".

Barojak bere testuan jaso zuen, gainera, Victoriano Juaristi medikua saiatu zela Oskotz askatzeko bitartekari lana egiten: "Erran omen zion harro ez agertzeko, erran zezala damu zela, ager zedila atsegin, eta konfesioa har zezala, salbatzeko; neskak gomendio horiei ezetz erran zien, mespretxuz".

Oskotzek 11 egun egin zituen kartzelan. Abuztuaren 10ean askatu zuten arte. Halaxe agertzen da espetxeko bere txostenean. Urbasako Pilatoren Balkoitik bota omen zuten maistraren gorpua. "Hori uste dugu, eta, Jimeno Juriok jasotako informazioa kontuan hartuta, hala izan omen zen; Bakedanon lurperatuko zuten, segur aski. Baina ez dakigu non zehazki", azaldu du Ezeolazak.

1936ko irailaren 29an, Abc egunkariko orrietan ageri da Oskotzen heriotzaren berri: "Anitz dira Iruñean hildako pertsonak, tartean Osakar eta Dorronsoro buruzagi sozialistak; Cayuela, zinegotzi errepublikazale ohia; Astiz, Nazioarteko Laguntza Gorriko abokatua; Bengarai, Ezker Errepublikanoko tokiko burua; Sampredo eta Oskotz maistra".

Izenaren atzeko izana mahai gainean jarri du Ezeolazak, Gorzako maistrari buruzko liburuaren bidez. 1936ko gerran hil zituzten guztien memoria nabarmendu nahi izan du. Eta, guztien artean, emakume ekintzaileena.