Iazko sanferminetan, aspaldiko partez, herri-bestendako gune propio bat lortu zen Iruñean, eta aurten, besta horiek hurbil ditugun honetan, orduan lortutakoari eusteko beharra datorkigu gogora. Nabarmentzekoa da, gure ustez, nola Iruñeko Udalak espazio hura lehiaketan eskaini eta enpresa bakar batek ere ez zuen hartu; horren aldean, ehunka herritarren auzolanari eta oro har iruindarren gogo, borondate eta determinazioari esker osatu zen Jaigunea. Hau da, merkatu-ikuspegitik eraginkorra ez izanik ez zen deus ere sortu, eta, aldiz, bai herritarren gogotik, auzolanean, txandak eginez. Merkatu-irizpideak agintzen duen ikuskizuna pasiboki kontsumitzeko ereduari irabazten baitio Gora Iruñea!-k bultzatzen duenak. Diru-irabazi asmoaren aldean, txosnetan, eta bertze, guztion artean txandak egitearen eredua ageri zaigu eraginkor.
Jai gunearen gisako ekimen bat aitzinera ateratzeko behar-beharrezkoa ikusten dugu bai ekintzaileek eta bai herritarrek ere horretarako zilegitasuna onartzea, are gehiago, autoritatea aurka dagoenean. Zilegitasuna izanda ere, gogo eta borondaterik gabe nekez lortuko litzateke indar aski. Eta behar adina indar metatutakoan, berriz, ezinbertzekoa iruditzen zaigu determinazioa, asmoari irmoki eustekoa, bidean ager daitezkeen traba anitz gaindituz aitzinera egiteko. Bertze modu batean ezin uler ditzakegu iruindarrek hamaika aldiz izan dituzten lorpenak hiriaren herri-izaerari bizirik eusterakoan.
Lorpenak aipatzen ditugu, jakinik porrotak ere izan direla. Batzuetan indar aski ez, bertze batzuetan autoritateen ankerkeriaren tamainak prestaketa oro gainditu duelako. Baina badago ezaugarri bat azpimarratu nahi genukeena: autoritateari bere boterea aitortzea ala ez, horra hor herri-indarraren tamainan erabakigarri izan daitekeena. Herri-ekimenak autoritateekin darabilen pultsoan, etengabe neurtu behar du bere ekinaren eta errepresio-ondorioen arteko oreka, eta, noski, jarduera horren nekeak maiz ahitzen du edozein indar eta ahalegin.
Porrotei buelta ematea edo galdutako eremuak berreskuratzea zinez zaila suertatzen da, eta, beraz, ahalegin berezia eskatzen du horiei eusteak. Lortzea bera bezain garrantzitsua, edo are gehiago, baita eustea ere. Zainduz eta babestuz. Lortze-prozesuan bildutako gogo, indar eta determinazio berberaz. Eta determinazioa hor izanen da zilegitasuna aitortzen baldin bada; hau da, autoritateen legitimitatea kuestionatuz, herriaren zilegitasuna gailentzen den heinean.
Iruñeko sanferminek ez lukete gure arreta hainbertze bereganatuko, herri-ekimenak darabilen borrokarengatik ez balitz. Izan ere, aunitz dago jokoan bertan, eta kasu honetan kultura arloan gertatzen ari dena gainerako eremuetara ere eraman genezake. Diru-irabazi eredua elikatzen dugu, ala txandagilearena?