Albisteak

Hamaika ekitaldi Nafarroan, giroa berotzen hasteko

Nafarroako herrietako euskara elkarteek besoak zabalik hartu dute apirilaren 25eko ekitaldia, eta hasiak dira dagoeneko ekitaldi paraleloak antolatzen, Anaitasunako ikuskizunaren aurreko giroa berotzeko.AEK-k eta Arrotxapea kirol elkarteak mendi laste...

70

AHT-aren aurkako protesta babestu duten taldeak

Babes zabala jaso dute Nafarroako AHT Gelditu, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntza taldeek. AHTa "berehala" gelditzeko eskatuko dute bihar, giza katea eginez 12:30ean Iruñeko Sarasate pasealekutik. 70 talde eta eragilek babestu dute azpiegituraren aurkako protesta.

Aldaketarako zenbakiak

Irakurle maiteak, ia ziur naiz lerro hauek irakurriko dituzuen guztiok nahi duzuela maiatzeko hauteskundeetatik aterako den gobernua aurreko gobernuen oso ezberdina izatea. Horretarako, bistan denez, aldaketarako indar guztiek ados jarri beharko dute. Baina borroka horretan sartu aitzin, ikusi beharko dute ea aritmetikak aldaketa hori ekarriko ote duen. Bada, hauteskundeetarako hilabete pasatxo falta delarik, non gauden azal dezaketen zenbaki batzuen entsalada ezkor samarra eskainiko dizuet. On egin. Edo ez.

Volkswagen: Apirilaren 1ean, berriz ere, UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiko hauteskundeak irabazi zituen. 4.352 langileetatik 3.885ek eman zuten botoa (%89,27); horietatik 1.103k UGTri eman zioten bozka (%28,4) eta 790ek CCOOri (%20,3). UGT eta CCOO sindikatuak erregimeneko kidetzat joko bagenitu eta Volkswageneko datuak Nafarroako politikara estrapolatuko bagenitu, emaitzak kezkatzeko modukoak lirateke aldaketa nahi dutenendako.

Baina bada esperantzarako zirrikiturik: UGTk 1.725 afiliatu omen ditu (%39,6) Volkswagenen, eta CCOOk, 1.100 (%25,3). Hau da, Volkswagenen badira langile batzuk UGTko edo CCOOko karneta dutenak —akaso, sartzeko karnet hori eskuratu behar izan zutelako—, baina bi sindikatu horiei botoa ematen ez dietenak.

Aranzadi: Azkenean, apirilaren 2an jakin genuen Podemos alderdiak Aranzadi zerrenda hiritarra babestuko duela Iruñeko Udalerako hauteskundeetan. Aferak berebiziko garrantzia zuen, Iruñeko Udalaren kolorea aldatzeko nahitaezkotzat jotzen baita alderdi morearen konkurrentzia. Iragan astean, beraz, iragarri zuten zein euritakoren azpian aurkeztuko diren pabloiglesiastarrak. Baina erabakia hartzeko prozesuak hainbat kontu kezkagarri azaleratu ditu. Prozesua iskanbilatsua izan da, gatazkatsua —alde batekoek zein bertzekoek sekulakoak bota dituzte sare sozialetan eta hedabideen foroetan—; agerian geratu da Podemosen inguruan gauzak ikusteko modu oso ezberdinak daudela.

Horri guztiari gehitu behar zaio bakarrik 440 pertsonak bozkatu zutela, eta irabazleen eta galtzaileen arteko boto aldea soilik 18koa izan zela. Hagitz jende gutxi, nire ustez, Podemos aldaketa gidatzeko alderdia izatera deitu dutela kontuan harturik.

Lerrook idazteko tenorean, gainera, ezinezkoa da jakitea ea Aranzadik hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortu dituenetz. Apirilaren 1ean, sinadurak biltzeko lehenbiziko egunean, 2 ordutan 30 sinadura bertzerik ez zituzten bildu. Pentsatzekoa da, Podemosen erabakia jakin eta gero, bermeak lortzeko prozesua azkartuko zela.

D eredua: Nafarroako zein Iruñeko gobernuak aldatuko badira, indar abertzaleek gobernu alternatibo horietan egon beharko dute. Baina euskal abertzaletasunak badu arazo bat, D ereduak Nafarroan duen berbera. Azken hamarkadan, bai batak eta bai bertzeak doi-doi gainditu dute gazta zatiaren laurdena. 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan, NaBai 2011 eta Bildu alderdiek botoen %28,33 lortu zuten bien artean. Aurtengo aurrematrikula kanpainan, 2012an jaiotako haurren %26 sartu ditugu D ereduan. Halaxe gaude, herenera ezin ailegatu.

48.427

nafarroan langabezian diren pertsonakBehera egin du langabeziak Nafarroan. Otsailean baino 622 lagun gutxiago daude enplegu zerbitzuko zerrendan: 48.427, guztira. 2014ko martxoan baino 3.246 langabe gutxiago dira aurtengoak (-%7,62).

‘Moderna’ zahar gelditu da

Nafarroako establishment-aren iragarpenak bete izan balira, 2015ean inoizko langabezia tasarik baxuena izanen luke herrialdeak, Nafarroa Europako Batasuneko 30 eskualdeen artean aberatsenetako bat izanen litzateke barne produktu gordinari dagokionez (BPG), eta aurrera urrats itzelak emanak izanen lituzke garapen iraunkor, produktibitate eta bizi-kalitatearen gisako eremu estrategikoetan. Moderna planean aurreikusitakoa bete izan balitz, oso bestelakoa zatekeen Nafarroa. Baina Moderna plana ez da bete. Inondik ere ez. Aitzinera egin beharrean, atzera egin du herrialdeak hainbat alorretan, eta garapenaren aitzakiarekin argazkia atera nahi izan zutenek muturreko galanta jaso dute, errealitate gordinaren kontra.

Izan ere, Nafarroa idilikoa marraztu zuten gobernuak, PSNk, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak, UGTk, CCOOk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Opus Deiren unibertsitateak. Idilikoa, bederen, enpresaburu eta ekintzaileentzat. 2010ean idatzi eta 2011ko martxoaren 10ean aurkeztu zuten Moderna plana, krisialdi ekonomiko betean. Egun hartan, Miguel Sanz presidenteak esan zuen "Nafarroaren etorkizunean sinesten duten guztiek" babestu zutela egitasmoa. Etorkizun horrek, ordea, gainezka egin die berehala, eta aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Moderno izateko jaio zen plana zahar gelditu da, lau urteren buruan.

Agintarien aurreikuspenik eza agerian utzi duen faktorerik nabarmenena langabezia izan da: Moderna planaren sinatzaileek konpromisoa hartu zuten 77.000 lanpostu sortzeko 2030. urtera bitartean. Horren arabera, 298.000 pertsonak eduki beharko lukete lanpostu bat 2015 urtea amaitzerako, baina, egiazki, 264.300 besterik ez dira gaur egun; hau da, aurreikusitakoa baino 33.700 gutxiago. Enplegua sortu ez; kontrara, suntsitu egin da azken bost urteotan: Moderna plana sinatu zenean, 45.866 pertsona zeuden langabezian Nafarroan. Gaur, 48.427 dira. Beraz, egunean 100 bat enplegu sortu beharko lirateke urte bukaerara arte, Nafarroako Gobernuak 2015erako ezarri zituen helburuak betetzeko.

Enpleguaren esparruan, enpresa handiak erakartzea izan zen planaren beste helburuetako bat, baina horretan ere porrot egin du UPNren gobernuak: 2009an, Nafarroako enpresen %1,30ek zituzten 50 langile baino gehiago; 2015erako, kopuru hori handitzea eta %1,60ra iristea aurreikusten zen, baina, gaur egun, Nafarroako enpresa handiek ozta-ozta gainditzen dute %1eko langa.

Aberastasunean ere, atzera

Europara begira eginak ziren Moderna egitasmoan zehaztutako helburu handinahiak, Europako Batasuneko eskualde aurreratuenekin lehiatzeko xedez, baina horrek konparazio gehiago eragin ditu. Eta ez dute Nafarroako Gobernua toki onean utzi.

Hala, herritarreko BPGa aintzat hartuta, Europako Batasuneko hogei eskualderik aberatsenetako bat izateko helburua ezarri zuten sinatzaileek 2015erako. Hitzarmena aurkeztu zenean, 32. postuan zegoen Nafarroa, baina gora egin beharrean, zerrendako 48. postura jausi da. Zenbaki absolutuetan adierazita, herritarreko BPGa 29.487 eurorena dela dio Espainiako Estatistika Institutuak; Moderna planak iragarritako 34.000 euroetatik oso urrun. Gauzak horrela, Nafarroako ekonomiak %21 hazi beharko luke egun batetik bestera, iragarpen baikor horiek bete ahal izateko.

Bestalde, berrikuntzaren alorrean ere, Europako herrialde garatuenen pare egotera heldu nahi zuten gobernuak, sindikatuek, patronalak eta unibertsitateek, eta haiek uste baino kaskarragoak izan dira emaitzak: I+G+B Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan eginiko inbertsioak %2,2koa izan beharko luke aurten, baina, gaur-gaurkoz, ez da %1,8ra iristen —duela lau urte baino gutxiago—. Sinatutako patenteen kopuruak ere behera egin du nabarmen 2011tik gaurdaino. Horrek guztiak argi adierazten du Moderna planaren ardatz nagusietakoa eta etorkizuneko garapen ekonomikoaren oinarri izan beharko lukeen I+G+B sektorea hazi ez, makaldu egin dela gobernuaren egitasmoa indarrean jarri zenetik.

Moderna planak orain arte jasotako kritikak, alta, ez dira mugatzen adierazle makroekonomikoetara eta lorpenetara. Ituna sinatu zen egunean bertan, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek elkarretaratzea egin zuten Baluarte auditoriumaren kanpoaldean, planaren izaera "neoliberala eta atzerakoia" salatzeko.

"Plan berri honek kapitalismo basatira eta zerbitzuen pribatizaziora bultzatzen gaitu. Langileak betiereko krisialdira eta behin-behinekotasunera kondenatzen dituen eredu batean oinarrituta dago", adierazi zuen Iruñerriko Langabeen Plataformak, aurkezpenaren egunean kaleratutako ohar batean.

Diru publikoa, klub pribatua

Planaren kudeaketa ere kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, egitasmoaren inbertsioak eta funtzionamendu egokia ikuskatzeaz arduratzen den erakundea ez da Nafarroako Gobernua, Moderna fundazioa baizik, itunaren sinatzaileek osatutako taldea.

LABeko ordezkarien arabera, "gobernuaren egitekoak eta politika publikoak de facto pribatizatzea da" fundazioaren sorrera bera. "Politikariek, enpresaburuek eta sindikalista otzanek osatutako klub batek arpilatu ditu erakunde publikoek kudeatu beharreko diruak", azaldu dute.

Bere garaian, ELAk ere "nardagarritzat" jo zuen Moderna planaren sorrera, "batez ere, milaka nafar langabezian daudela jakinda". Sindikatu horretako ordezkarien irudiko, "botere politikotik at dagoen egitura paralelo bat" da Moderna fundazioa, eta helburu garbi bat dauka: "Guztion dirua kudeatu nahi dute planaren sinatzaileek, kontrol publikoak saihesteko eta, pixkanaka-pixkanaka, zerbitzu publikoak pribatizatzeko".

Sindikatu abertzaleek eta langabeen plataformak "patronalaren bide orri" gisa definitu dute Moderna plana. Hala azaldu du LABek: "Euren irabaziak bermatu nahi dituzte nafar enpresaburu handiek, langileon bizkarretik bada ere. Ikuspegi horrekin bultzatu dituzte osasunaren pribatizazioa, higiezinen espekulazioa eta AHTaren gisako azpiegitura jasangaitzak".

‘Paparazziak’, euskal hitzen bila

Martxan da, bigarren urtez, Euskara Merkataritzara egitasmoan parte hartzen duten hamar udalek eta Karrikiri Euskaldunen Elkarteak antolatutako Euskal Paparazziak argazki lehiaketa. Iruñerriko eta Gareseko saltokietan euskarak duen presentzia argazkien bidez ikusaraztea du helburu. Apirilaren 26a bitarte aurkeztu ahalko dira argazkiak, WhatsApp edo Telegram aplikazioen bidez lanak 605 75 40 17 zenbakira bidalita. Euskara eta merkataritza ondoen irudikatzen dituen argazkiak 500 euroko bonoa jasoko du.

Zinemara, oztoporik gabe

Itsuen nahiz gorren eguneroko bizimodua oztopoz josia dago. Arloz arlokako gabeziek zaildu dezakete pertsona horien bizimodu arrunta, eta aisialdia ez da salbuespena: pelikula baten proiekzioa, kontzertu bat edo bestelako edozein kultur jarduera oztopo bihur daiteke ikusteko zein entzuteko arazoak dituenarentzat. Navarra de Cine elkartea, Orange fundazioarekin batera, aspaldi ari da zinema pertsona horiengana hurbiltzeko ahaleginean. Berriki, itsu eta gorrentzako prestatutako areto bat ireki du Morea merkataritza guneko Golem zinemetan. Asteartero eskainiko ditu filmak, ohiko emanaldien prezio berean.

Navarra de Cine elkarteak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean garatutako Acceplay sistema erabiliko du areto horrek astearteroko emanaldietan. Itsu eta gorrentzat, bientzako tresnak erabiltzen ditu, pelikula jarraitu ahal izan dezaten. Itsuek entzungailuak eska ditzakete, eta filmean ahots bidezko deskribapena jasoko dute, pantailan agertzen diren elementuak azalduz. Besteak beste, pertsonaien erreakzioen edo paisaien berri emango zaie. Pertsonaien arteko elkarrizketen arteko hutsuneetan doaz mezu horiek, modu sinkronizatuan.

Gorrek, bestalde, zinemako pantaila nagusiaren azpian dagoen pantaila txiki batean jasoko dute filma jarraitu ahal izateko laguntza. Bertan, azpidatzietan irakurriko dute pertsonaiek esaten dutena —kolore bana izango du pertsonaia bakoitzak, errazago identifikatzeko— eta baita pelikulako beste soinu adierazpenen erreferentziak ere; musikarena, kasurako.

Modu horretan, itsuentzat eta gorrentzat ez ezik, gainerako publikoarentzat ere erabilgarria izango da aretoa: soinu bidezko azalpenak itsuek soilik jasoko dituzte entzungailu bidez, eta azpidatziak pantaila nagusitik kanpo izanen dira, behar dituenak bakarrik erabil ditzan. "Denak kontuan hartzen dituen sistema" lortu dutela dio Dimas Lasterra Navarra de Cine elkarteko zuzendariak, "jendea lagunekin edo senideekin zinemara joan ahal izateko, elbarritasuna nork duen eta nork ez kontuan hartu gabe".

Lasterrarentzat, "guztiontzako diseinu bat" sortzea da lehentasuna: "Lortu behar dugu diseinatzen den guztia pertsona guztientzat izatea, pertsona horiek urritasuna izan edo ez". Morean estreinatu berri duten aretoak, behintzat, lortu du hori, "bakoitzari behar duen laguntza eskainiz".

"Asko dago egiteko"

Katixa Castellano Asorna Nafarroako gorren elkarteko komunikazio arduradunarentzat, "albiste bikaina" da aretoaren irekiera, "edozein aurrerapen beti delako positiboa". Aretoko sistema probatzeko aukerarik izan ez badute ere, pozik daude elkartean, "jasotako azalpen teknikoen arabera sistemak itxura ona duelako". Edonola, entzumen edo ikusmen urritasuna duten pertsonei aisialdia hurbiltzeko orduan "oraindik asko egiteko" dagoela uste du. Gorrez mintzo da, batez ere, Castellano, eta bata bestearen atzetik aipatu ditu aisialdian topatzen dituzten gabeziak: "Egokitutako proiekziorik ez, keinu hizkuntzarik gabeko antzerki eta ikuskizunak, interpreterik gabeko ikastaroak...". Telebistak legez derrigortuta daude interpreteekin ordu kopuru jakin bat eskaintzera. Baina, Castellanoren hitzetan, "ez dute betetzen".

Aspaldiko borroka

Urritasuna duten pertsonentzako zinema eskaini ahal izatea ez da izan egun batetik bestera lortutako garaipena. Borroka horretan luze ari dira Navarra de Cine elkartekoak; halako zortzi areto atonduak dituzte Espainiako Estatuko beste zortzi hiritan, eta Iruñekoa izan da azkena.

Lasterrak dioenez, batetik, urritasuna duen pertsona "konbentzitu" behar da, "zinemaz goza dezakeela senti dezan". Bestetik, zinema aretoetako programatzaileak eta banatzaileak ere konbentzitu behar dira, urritasuna duten pertsonentzat egokitutako filmak eskain ditzaten. Lasterrak dioenez, hori egin ezean "masa kritiko bat eta publikoaren zati bat galduko luketela ulertarazi behar zaie".

Bide bikoitzeko lan horretan, beraz, "normaltasunerantz ibiltzen joan behar dugu, halakoak albiste izan ez daitezen, eguneroko kontua baizik". Oraingoz, egunerokoa ez, baina astearterokoa izango da itsu eta gorrentzat zinemaz gozatzeko aukera. Hasteko, Pride filma eskainiko dute (Erresuma Batua, 2015).

BERRIA hizpide, lagunartean

Martxoaren 26an, BERRIAlagunen batzarra egin zen Iruñean, Zaldiko Maldiko elkartean. Lagunarteko giroan, hedabidearen ibilbidea, berritze prozesua eta erronkak azaldu zituzten Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Andoni Alvarez BERRIAlaguna egitasmoaren koordinatzaileak eta Pello Urzelai teknologia berrietarako arduradunak. Nafarroako Hitza-ren garapena eta etorkizuneko proiektuak ere hizpide izan zituzten parte hartzaileek; besteak beste, hil honen bukaeran aurkeztuko den webgune berria.

Absurdoari monumentuak

Bere agintaldiaren atzera begirakoa egin zuen Yolanda Barcinak iragan astelehenean, maiatzeko hauteskundeak antolatzeko dekretua sinatu zuenean. Hitzaldian, UPNren gobernuaren lorpenak nabarmendu zituen presidenteak, eta baita egindako lanaren ardatz nagusiak ere. "Gobernuaren jardunak hiru oinarri izan ditu: seriotasuna, erantzukizuna eta kudeaketa ezin hobea", esan zuen. Agerikoa denez, Barcinak nahiago izan zuen UPNren agintaldia baldintzatu duten polemikak saihestu eta Nafarroako ekonomiari milaka milioi euroren galerak eragin dizkioten proiektu faraonikoen aurrean ezikusiarena egin.

Izan ere, CAN auziak eragindako zulo ekonomikoa albo batera utzita ere, Miguel Sanzen eta Barcinaren beraren gobernuek dirutza xahutu dute inongo fruiturik eman ez duten beste hainbat proiektu erraldoitan. Gaur-gaurkoz, denboraren iragatearen eta politika estilo baten dekadentziaren lekuko bihurtu dira mastodonte horiek guztiak. Edukirik gabeko edukiontzi garestiak. Absurdoari eta xahukeriari eskainitako monumentuak.

NAVARRA ARENA PABILOIA
Erreginak ez daki zer egin koroaren harribitxiarekin

10.000 ikuslerentzako pista nagusi bat, 2.500 pertsonarentzako areto txikiago bat, 2.500 ikusle har ditzakeen frontoia, hainbat solairuko lurpeko aparkalekua, 60 milioi euroren inbertsioa... Navarra Arena pabiloia ez da kiroldegi soil bat. Koroaren harribitxia izateko jaio zen. "Erreferente bat", Miguel Sanz presidente ohiaren esanetan. Egiazki, Nafarroako Gobernuak sustatutako azpiegitura nagusia izan da hainbat urtez... handinahikeriak proiektu osoa hondoratu duen arte. Gaur egun, harribitxi hori UPNren lepoari lotutako harritzar bihurtu da, eta Sanzen oinordeko politikoek ez dakite zama hori gainetik nola kendu.

Azpiegitura horren lanen adjudikazioa 2008. urtean egin zen. Urte hartan, Portland San Antonio eskubaloi taldea elitean zegoen oraindik, baina gainbehera betean —2004-2005eko denboraldian irabazi zuen Asobal liga azkenekoz—, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko pabiloian jokatzen zituen partidak —3.000 ikuslerentzako tokia du areto horrek, eta oso gutxitan bete da—. Bestalde, Nafarroako gainontzeko kirol taldeek (Itxako, Anaitasuna, Xota, Basket Navarra...) nekez erakar zitzaketen 10.000 pertsonarentzako pabiloi bat betetzeko adina zale.

Argi zegoen, beraz, halako inbertsio batek izan zitzakeen balizko onurak baino askoz handiagoak zirela arriskuak. Berehala, ugaritzen hasi ziren Navarra Arena proiektuaren kontrako kritikak, baina Nafarroako Gobernuak entzungor egin zuen: UPN-PSN koalizioak lehentasunezko izaera eman zion proiektuari, Nafarroa 2012 planaren barruan sartuta. Eliteko kirol jarduerak eskaintzeaz gainera, kontzertuak eta bestelako kultur ekitaldiak ere programatzeko balioko zuela esan zuten orduan agintari nafarrek, baina azpiegiturak ez du helburuetako bakar bat ere bete. Alde batetik, pertsona gehien erakar zezakeen taldea, San Antonio, 2013an desagertu zelako; eta, bestetik, kontzertu eta ikuskizunen promotore gehienek ezin dietelako aurre egin pabiloiaren alokatze gastu itzelei.

Iazko irailean amaitu ziren lanak —hiru urteko atzerapenarekin—, baina Navarra Arenaren ateak ez dira oraindik zabaldu. Udal langile bat arduratzen da, noizean behin, argiak pizteaz eta komunetako nahiz aldageletako txorrotek funtzionatzen dutela ikuskatzeaz. Iñigo Alli kontseilariak onartu du, gainera, eraikinak 400.000 euroren gastua eragiten diola administrazioari urtean, argindarra, ura, gasa, segurtasuna eta zergak ordaindu behar baitira, pabiloia zabalik egon ala ez.

Gobernukide eta proiektuaren sustatzaile izandako PSNk ere atzera egin du azken urteetan, eta "UPNren megalomaniaren adibide" gisa definitu du proiektua. Azpiegitura publikoa inbertsore pribatuei saltzea proposatu du PSNko ordezkari Juan Jose Lizarbek behin baino gehiagotan.

LOS ARCOSKO ZIRKUITUA
Diru publikoekin erositako 'scalextric' pribatua

Batek erreskatatu, besteak saldu. Miguel Sanzen nahiz Yolanda Barcinaren gobernuei lotuta egon da Los Arcosko zirkuituaren proiektua hasieratik beretik.

Iragan hamarkadaren erdialdean jaio zen egitasmoa, "Nafarroa auto eta motor lasterketen mapan kokatzeko helburuarekin", baina argi gelditu zen berehala zirkuituaren bideragarritasunik eza. Hala, Samaniego eraikuntza enpresa pribatuaren ekimenez sortutako proiektua hondora zihoala ikusita, eskua sartu zuen gobernuak 2008an, kapitalaren %95 erosita. Alegia, porrot egiteko zorian zen azpiegitura erreskatatu zuen.

Zirkuitua eraikitzeko lanek 62 milioi euroren kostua izan zuten, eta UPNren gobernuak kreditu bat eskatu behar izan zuen gastu itzelari aurre egiteko. Baina zulo ekonomikoa ez zen horrekin amaitu, 2010. urtean zabaldu zenetik galerak etengabeak izan baitira. Hala, 2,6 milioi euro galdu zituen Los Arcosek lehen urtebetean.

Garai hartan Gizarte Politikako kontseilari zen Elena Torresek (PSN) parlamentuan azaldu zuenez, gastua amortizatzen zen neurrian murriztuko ziren galerak ere, baina errealitatea oso bestelakoa izan zen. Handik hiru urtera, 2013ko urriaren 10ean, azalpenak eman behar izan zituen Iñigo Alli kontseilariak zirkuituaren kontura, gastua amortizatu beharrean, zorrak pilatzen zituelako. Azkenik, gobernuak aitortu behar izan zuen urtean milioi bat euro galtzen zituela Los Arcosen zulo beltzean.

2013ko abenduan, UPNren gobernuak Los Arcos Motorsport enpresa pribatuari saldu zion azpiegitura, 15 milioi euroren truke. Oposizioko alderdien arabera, negozioa ezin kaltegarriagoa izan zen Nafarroako ekonomiarendako. "Zirkuituaren truke 60 milioi euro pagatu genituen, eta orain 15 jasoko ditugu. Horrez gain, 27 milioi euroko kreditua eskatu zuen gobernuak, eta urtean 2,6 milioi ordaindu beharko ditugu 2024ra arte. Negargarria da", esan zuen Koldo Amezketa Bilduko legebiltzarkideak.

AHT-AREN KORRIDOREA
Hasiera eta bukaerarik gabeko trenbidea basamortuan

Baina Nafarroan diru publikoen zakukadak irentsi dituen munstrorik bada, hori AHTaren Castejon-Iruñea zatia da: gainontzeko zatiekin lotunerik ez duen trenbide bat, basamortuaren erdian. Inondik etorri ez eta inora ez doana.

2010eko apirilaren 9an sinatu zuten hitzarmena Miguel Sanzek eta Jose Blancok, Nafarroako eta Espainiako gobernuen izenean, hurrenez hurren. Horren arabera, Castejon eta Iruñea arteko zatia eraikitzeko lanak bi urtez aurreratzeko konpromisoa hartu zuen Sanzen gobernuak; eta, ondorioz, baita Madrili zegokion gastua aurreratzeko konpromisoa ere: guztira, 387 milioi euro, 70 kilometroko trenbide zatia eraikitzeko eta, sinatzaileen esanetan, "Espainia uztartzen laguntzeko".

Negozioa ixteko Sanzek "berebiziko presa" izan zuela nabarmendu zuen AHT Gelditu! elkarlanak: "Ia 400 milioi eurotan balioztatutako lanak adjudikatuko ditu gobernuak, eta hortik mozkin ederrak jasoko dituzte enpresa eta bankuek". Ikuspegi ekonomikotik ere, halako inbertsio batek sekulako arriskua zekarrela ohartarazi zuen elkarlanak ohar batean: "Nafarroak 387 milioi euro aurreratuko ditu, baina kopuru horri gehitu behar zaizkio kredituen interesak eta lanen ohiko garestitzea. Horiek guztiak Nafarroak ordainduko ditu bakar-bakarrik". Kritikoek iragarri bezala, lanen atzeratzea eragin zuen krisiak —Cadreita-Villafranca azpi-zatia besterik ez da eraiki—, baina Nafarroak milioiak gastatzen segitu du hala ere.

SANFERMINETAKO MUSEOA
Festa herrikoia, bitrina baten barruan gordeta

UPNk behin eta berriz mahai gainean jarritako proiektua izan da sanferminetako museo edo gune tematikoarena. 2001. urtean abiatu zen proiektua estreinakoz, Yolanda Barcina Iruñeko alkate zela. Orduan, Iruñeko Arrotxapea auzoa hautatu zuten museoaren kokagune gisa, baina, 767.000 euro gastatu ostean, UPNk proiektua gelditzea onartu zuen.

Handik bost urtera, 2010ean, berriz heldu zion UPNk gaiari: 18 milioi euroren aurrekontua aurkeztu zuten gobernuak eta udalak, eta Aralar kaleko orube bat ere atondu zuten azpiegitura eraikitzeko. Hutsik segitzen du lur eremu horrek gaur egun, museoa ez baitzen inoiz eraiki. Kontu Ganberak 2012an argitaratutako txosten baten arabera, 6,5 milioi euro galdu zituen administrazioak, museoarekin lotutako lanen eta kalte-ordainen ondorioz.

NOAINGO AIREPORTUA
Bidaiari kopurua amildu arren, lurreratze pista luzeagoa

2007. urtean, 500.097 bidaiarik erabili zuten Noaingo aireportua. Kopurua harrigarria zen, inoizko handiena, eta, hala ere, aireportu zaharraren instalazioek ez zuten gainezka egin. Aireportua txikia zen, baina egokia, hegazkin konpainien eskaintza murritza kontuan izanda.

Gaur egun, AENA enpresa publikoak —Nafarroako Gobernuaren ekimenez— eginiko inbertsio itzelari esker, aireportu berria du Nafarroak: askoz handiagoa, eta aukera eskaintzen duena urtean 1,1 milioi bidaiariren trafikoa kudeatzeko. 2014an, ordea, erabiltzaileak 138.000 eskas izan ziren, eta aireportuak 10,5 milioi euroren galerak eragin zituen. Pilatutako galerak 140 milioi eurotik gorakoak dira.