‘Moderna’ zahar gelditu da

Nafarroako establishment-aren iragarpenak bete izan balira, 2015ean inoizko langabezia tasarik baxuena izanen luke herrialdeak, Nafarroa Europako Batasuneko 30 eskualdeen artean aberatsenetako bat izanen litzateke barne produktu gordinari dagokionez (BPG), eta aurrera urrats itzelak emanak izanen lituzke garapen iraunkor, produktibitate eta bizi-kalitatearen gisako eremu estrategikoetan. Moderna planean aurreikusitakoa bete izan balitz, oso bestelakoa zatekeen Nafarroa. Baina Moderna plana ez da bete. Inondik ere ez. Aitzinera egin beharrean, atzera egin du herrialdeak hainbat alorretan, eta garapenaren aitzakiarekin argazkia atera nahi izan zutenek muturreko galanta jaso dute, errealitate gordinaren kontra.

Izan ere, Nafarroa idilikoa marraztu zuten gobernuak, PSNk, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak, UGTk, CCOOk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Opus Deiren unibertsitateak. Idilikoa, bederen, enpresaburu eta ekintzaileentzat. 2010ean idatzi eta 2011ko martxoaren 10ean aurkeztu zuten Moderna plana, krisialdi ekonomiko betean. Egun hartan, Miguel Sanz presidenteak esan zuen “Nafarroaren etorkizunean sinesten duten guztiek” babestu zutela egitasmoa. Etorkizun horrek, ordea, gainezka egin die berehala, eta aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Moderno izateko jaio zen plana zahar gelditu da, lau urteren buruan.

Agintarien aurreikuspenik eza agerian utzi duen faktorerik nabarmenena langabezia izan da: Moderna planaren sinatzaileek konpromisoa hartu zuten 77.000 lanpostu sortzeko 2030. urtera bitartean. Horren arabera, 298.000 pertsonak eduki beharko lukete lanpostu bat 2015 urtea amaitzerako, baina, egiazki, 264.300 besterik ez dira gaur egun; hau da, aurreikusitakoa baino 33.700 gutxiago. Enplegua sortu ez; kontrara, suntsitu egin da azken bost urteotan: Moderna plana sinatu zenean, 45.866 pertsona zeuden langabezian Nafarroan. Gaur, 48.427 dira. Beraz, egunean 100 bat enplegu sortu beharko lirateke urte bukaerara arte, Nafarroako Gobernuak 2015erako ezarri zituen helburuak betetzeko.

Enpleguaren esparruan, enpresa handiak erakartzea izan zen planaren beste helburuetako bat, baina horretan ere porrot egin du UPNren gobernuak: 2009an, Nafarroako enpresen %1,30ek zituzten 50 langile baino gehiago; 2015erako, kopuru hori handitzea eta %1,60ra iristea aurreikusten zen, baina, gaur egun, Nafarroako enpresa handiek ozta-ozta gainditzen dute %1eko langa.

Aberastasunean ere, atzera

Europara begira eginak ziren Moderna egitasmoan zehaztutako helburu handinahiak, Europako Batasuneko eskualde aurreratuenekin lehiatzeko xedez, baina horrek konparazio gehiago eragin ditu. Eta ez dute Nafarroako Gobernua toki onean utzi.

Hala, herritarreko BPGa aintzat hartuta, Europako Batasuneko hogei eskualderik aberatsenetako bat izateko helburua ezarri zuten sinatzaileek 2015erako. Hitzarmena aurkeztu zenean, 32. postuan zegoen Nafarroa, baina gora egin beharrean, zerrendako 48. postura jausi da. Zenbaki absolutuetan adierazita, herritarreko BPGa 29.487 eurorena dela dio Espainiako Estatistika Institutuak; Moderna planak iragarritako 34.000 euroetatik oso urrun. Gauzak horrela, Nafarroako ekonomiak %21 hazi beharko luke egun batetik bestera, iragarpen baikor horiek bete ahal izateko.

Bestalde, berrikuntzaren alorrean ere, Europako herrialde garatuenen pare egotera heldu nahi zuten gobernuak, sindikatuek, patronalak eta unibertsitateek, eta haiek uste baino kaskarragoak izan dira emaitzak: I+G+B Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan eginiko inbertsioak %2,2koa izan beharko luke aurten, baina, gaur-gaurkoz, ez da %1,8ra iristen —duela lau urte baino gutxiago—. Sinatutako patenteen kopuruak ere behera egin du nabarmen 2011tik gaurdaino. Horrek guztiak argi adierazten du Moderna planaren ardatz nagusietakoa eta etorkizuneko garapen ekonomikoaren oinarri izan beharko lukeen I+G+B sektorea hazi ez, makaldu egin dela gobernuaren egitasmoa indarrean jarri zenetik.

Moderna planak orain arte jasotako kritikak, alta, ez dira mugatzen adierazle makroekonomikoetara eta lorpenetara. Ituna sinatu zen egunean bertan, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek elkarretaratzea egin zuten Baluarte auditoriumaren kanpoaldean, planaren izaera “neoliberala eta atzerakoia” salatzeko.

“Plan berri honek kapitalismo basatira eta zerbitzuen pribatizaziora bultzatzen gaitu. Langileak betiereko krisialdira eta behin-behinekotasunera kondenatzen dituen eredu batean oinarrituta dago”, adierazi zuen Iruñerriko Langabeen Plataformak, aurkezpenaren egunean kaleratutako ohar batean.

Diru publikoa, klub pribatua

Planaren kudeaketa ere kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, egitasmoaren inbertsioak eta funtzionamendu egokia ikuskatzeaz arduratzen den erakundea ez da Nafarroako Gobernua, Moderna fundazioa baizik, itunaren sinatzaileek osatutako taldea.

LABeko ordezkarien arabera, “gobernuaren egitekoak eta politika publikoak de facto pribatizatzea da” fundazioaren sorrera bera. “Politikariek, enpresaburuek eta sindikalista otzanek osatutako klub batek arpilatu ditu erakunde publikoek kudeatu beharreko diruak”, azaldu dute.

Bere garaian, ELAk ere “nardagarritzat” jo zuen Moderna planaren sorrera, “batez ere, milaka nafar langabezian daudela jakinda”. Sindikatu horretako ordezkarien irudiko, “botere politikotik at dagoen egitura paralelo bat” da Moderna fundazioa, eta helburu garbi bat dauka: “Guztion dirua kudeatu nahi dute planaren sinatzaileek, kontrol publikoak saihesteko eta, pixkanaka-pixkanaka, zerbitzu publikoak pribatizatzeko”.

Sindikatu abertzaleek eta langabeen plataformak “patronalaren bide orri” gisa definitu dute Moderna plana. Hala azaldu du LABek: “Euren irabaziak bermatu nahi dituzte nafar enpresaburu handiek, langileon bizkarretik bada ere. Ikuspegi horrekin bultzatu dituzte osasunaren pribatizazioa, higiezinen espekulazioa eta AHTaren gisako azpiegitura jasangaitzak”.