Asteko Gaiak

Ehunka lagunek omendu dituzte Ezkabako presoak

Ezkabako gotorlekuko presoek Europako ihesaldirik handiena egin zuten 1938. urteko maiatzaren 22an. Egun hartan, espetxean zeuden 2.500 presoetatik 795ek ihes egin zuten. Horietatik hiruk baino ez zuten askatasuna lortu, ordea. Gainontzekoak berriro e...

Txanpon beraren bi aldeak

Sufrikarioz betetako hogei urte luze behar izan ziren 1936 aurreko elikadura maila berreskuratzeko", esan du Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko irakasleak. Espainiako Gobernuak errazionamendu politika martxan jarri ...

Hasi da paisaia aldatzen

Poliki bada ere, Iruñeko hizkuntza paisaia aldatzen ari da", azaldu du Maite Inda Kontseiluko kideak. Urte luzez egindako ahaleginari esker, lehen emaitzak atzematen hasi dira, gaztelania hutsean zeuden hainbat kartel ele bitan jarri baititu Iruñeko Udalak. Aurrerapausoa oraindik "handia izan ez arren", baloratu egin dute Iruñeko Euskalgintza osatzen duten elkarteek, hots, AEK-k, IKAk, Sortzen-ek, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Topaguneak, EHEk eta Administrazioan Euskaraz-ek. Orotara, 2013an, Iruñeko Udalak 14.000 euro baliatu zituen euskararen ordenantza betetzeko. Aurten, berriz, 20.000 euroko aurrekontua dago aurreikusia Iruñeko hizkuntza paisaia eraldatzen jarraitzeko.

Euskarak gaztelaniaren trataera bera izatea ez da Iruñeko Euskalgintza taldekoen gutizia. Legeak dioena betetzea besterik ez dute nahi. "Hizkuntza paisaiak non gauden kokatzeko balio du", azaldu du Indak. Hirigune baten hizkuntza errealitatea islatzeko ere baliagarria dela gaineratu du. Baina, Iruñearen kasuan, egungo hizkuntza paisaia, oraindik ere, errealitate horrekin ez dator bat. "Errealitatea ezkutatu eta herritarrengan pertzepzioa faltsutu nahi dute", ohartarazi du Indak.

Era berean, Asier Biurrun AEK-ko Iruñeko koordinatzaileak aurrerapausotzat jo du Iruñeko Udalak hizkuntza paisaia eraldatzeko aurrekontua zehaztea. "Diru sail hori hor izateak erakusten du gauzak ez dituztela ongi egin", salatu du. Izan ere, Iruñeko Udalak kale izendegian udal ordenantza bete ez duenez, diru publikoa "xahutu" duela ohartarazi dute. "Azken finean, gastua bikoitza da; lehenik, ordenantza bete gabe plaka jarri dute, eta, ondoren, ordenantza betetzeko aldatu egin behar izaten dute", salatu du Indak.

Erabat ados dago Indarekin Sagrario Aleman IKAko arduraduna. Baina jakinarazi du eskubide urraketa ez dela kaleko seinaleetan bakarrik gertatzen. Izan ere, gogorarazi du iruindarrek eskubidea dutela udal zerbitzuetan gaztelaniaz zein euskaraz arta ditzaten. Hala ere, Iruñeko Udalak hori bermatzeko ez duela "ezer" egiten irizten dio Alemanek: "Akats larria da lan eskaintza publikoetan euskararen ezagutza beharrezkoa ez izatea". Aurrerago, langile horiek euskalduntzeko programetan parte hartu beharko dutelako eta, beraz, beste behin diru publikoa baliatu beharko dutelako horretarako.

Ia lau urteko ibilbidea

2010ean hasi ziren Iruñeko Euskalgintza taldekoak hizkuntza paisaiaren diagnosia egiten, hainbat lagunek igorritako hizkuntza paisaiaren argazkien bidez. Gainera, orduan indarrean zegoen Euskararen Ordenantza ere aztertu zuten. Ondorioztatu zuten araudi hori euskara sustatzeko baino gehiago euskararen normalizazioa "galgatzeko" baliatzen zuela UPNk. Hala, 2012an, sinadura bilketa bat egin zuten, eta, 2.600 herritarren babesari esker, Iruñeko Udaleko Geroa Bai, Aralar, PSN, Bildu eta Ezkerra alderdiek bat egin eta ordenantza hori aldatzea adostu zuten. Horren bitartez, egun Iruñeko Udalak kudeatzen dituen karteletan euskarari eta gaztelaniari trataera bera eman behar die.

Zaitasunak zailtasun, hizkuntza paisaian berdintasunaren bidean da Iruñea. Hala ere, hainbat gertaera paradoxiko jazotzen dira egunerokoan. Izan ere, Indak jakinarazi duenez, duela gutxi, Zuhaitzaren Eguna zela eta, eskuorri batzuk kaleratu zituen Iruñeko Udalak. Baina, beste behin, gaztelania hutsean zeudela ohartu ziren. Ondorioz, esku orri horiek baztertu eta ele bitan inprimatu behar izan zituzten. "Paradoxikoa da ordenantza ez betetzeagatik gastatu beharreko dirua eta papera bikoitza izatea", ohartarazi du Indak.

Aurrerantzean zer egingo duten galdetuta, hizkuntza paisaiaren afera lantzen jarraitzeko prest daude Iruñeko Euskalgintzako kideak. Orain, hizkuntza paisaiaren mapa osatzekotan dira. Telefonoz zein korreo elektronikoz bidalitako argazkien bidez. Izan ere, "borroka" horretan ezinbestekoa izan da norbanakoen laguntza eta babesa.

Horrez gain, bestelako erronkak ere badituzte. Izan ere, kale izendegiaz gain, Iruñeko sarreran gaztelaniaz soilik dauden kartelak ere aldatzeko eskaera egin dute. Aldaketa hori egitea noren eskuduntza den zalantza dagoela azaldu du Alemanek. Antza denez, hasiera batean udalen eskuduntza zela uste zuten, eta badirudi zeregin hori Nafarroako Gobernuarena dela. Laster espero dituzte afera horren inguruko argibideak.

Merkataritzan euskara sustatzeko lehiaketa

Berriobeitiko, Berriozarko, Oltzako, Antsoaingo, Zizur Nagusiko, Burlatako, Atarrabiako, Uharteko, Arangurengo eta Garesko euskara zerbitzuek lehiaketa bat jarri dute martxan, merkataritzaren sektorean euskararen erabilera sustatzeko xedez. 1990eko hamarkada erdialdetik aurrera hasi ziren herri horietako merkatariak euskara erabiltzeko akordioak sinatzen. Lehiaketan parte hartzen dutenek Iruñerriko eta Garesko saltokietan euskaraz dauden kartel, errotulu eta bestelakoei argazkiak atera eta WhatsApp edo Telegram komunikazio aplikazioen bidez bidali beharko dituzte 692 73 02 46 zenbakira. Irabazleak 500 euro eskuratuko ditu Iruñerriko zein Garesko dendetan gastatzeko.

Euskal Jai hustu zutela hamar urte beteko dira abuztuan

Euskal Jai gaztetxekoentzat urteurrenen urtea da 2014a. Herenegun, hogei urte bete ziren Iruñeko Gazte Asanbladak Caldereria kaleko Euskal Jai pilotalekua okupatu zuela. Hamar urteko ibilbidearen ostean, 2004ko abuztuan, eraisten hasi ziren, Yolanda Barcina Iruñeko Udaleko buru zela. Beraz, hiru hilabete barru urteurren hori ospatzeko asmoa dute Euskal Jai gaztetxeko kide izan ziren hainbat lagunek. Hala ere, oraindik ez dute ospakizun hori zertan den jakinarazi. Jai horren bidez, egun haietan Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunen eskutik jaso zuten elkartasuna eskertu nahi dute. Izan ere, ehunka lagun bildu ziren gaztetxearen alde borroka egin zuten lagunei babesa adieraztera.

Nafarroan hutsik dauden etxebizitzak.

Nafarroako Gobernuak ezagutarazitako ikerketa baten arabera, egun 35.466 etxebizitzatan ez da inor bizi. Datu hori aintzat hartuta, Nafarroan orotara dauden etxebizitzen %15 hutsik daude.

Gazteek sortutako uhartea

Desobedientzia zibilaren gunea izan zen ia hamar urtez. Erresistentzia pasiboaren mugarria Iruñean. Urtebetez lanean aritu ostean, Iruñeko Gazte Asanbladak azkenean Euskal Jai pilotalekua eta ondoan zegoen eraikina okupatzea lortu zuen. 1994ko maiatzaren 7a zen. Herenegun bete zen okupazioaren hogeigarren urteurrena. Desobedientziaren Iruñeko uhartea deiturikoa gogoratzeko asmoz, aste honetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideek. Bihar, egun osoko jai berezia egingo dute Caldereria kalean.

1909. urtean eraiki zen Euskal Jai erremonteko pilotalekua. Estilo modernistakoa zen. Munduko erremonte pilotaleku handienetakoa izan zen. Baina, 1994ko maiatz hartan, pilotaleku zahar hari beste erabilera bat eman ziezaiokeela pentsatu zuen gazte talde batek, eta bai lortu ere. Dozenaka ikastaro, mintzaldi, bilera, kontzertu eta bazkari egin ziren bertan hamar urtean.

Haurra zen arren, ondo gogoratzen da okupazioaren egunaz Sergio. Biharko festa antolatu duenetako bat da, eta isunen beldur delako ez du bere abizena jakinarazi nahi. "Gogoratzen dudana da aitarekin Alde Zaharrean nengoela okupatu zutela Euskal Jai. Egun horretan izugarrizko euritea egin zuen", dio, irri artean. Maia, hondartza nahi dugu lelopean egingo dute biharko jaia, eta hura ospatzeko ez dute udalean baimenik eskatu. "Bihar ere desobedientzia eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Nor da udala esateko guk gure lagunekin kalean ezin dugula bazkaldu eta dantzatu? Horixe egin nahi dugu, gaztetxeko lagun eta alde zaharreko ezagunekin jai giroan bildu".

Hain justu, auzokideekin Euskal Jai gaztetxekoek lortu zuten harremana nabarmendu du Sergiok: "Hasiera batean errezeloz begiratzen ziguten, baina gero izugarrizko harremana sortu zen". Harreman horren sendotasuna Euskal Jai hustu zutenean "agerian" gelditu zela uste du. Gaztetxea eraistearekin batera borroka egin zutelako hiriarena zen "ondasun hura" desager ez zedin.

2000. urte inguruan egin zen Sergio Euskal Jaiko batzordeko kide: "Ohartu ginen asanbladako gehienak zahartzen ari zirela eta belaunaldi aldaketa behar zela". Gaztetxearen azken urteak kudeatzea egokitu zitzaion, eta aitortu du ez zela lan erraza izan: "Gaztetxeak 2.000 metro koadro baino gehiago zituen, eta hori kudeatzea izugarri zaila zen". Zailtasunak zailtasun, dozenaka ekitaldi gauzatu ziren. Esaterako, Korrikari Iruñeko Udalak jaia egiteko debekua ezarri ondoren, gaztetxean egin zuten festa. Horrez gain, Euskal Jain jarri zituzten sanferminetako txosnak hainbat urtez. Eragile ezberdinei laguntzeko prest zeudela jakinarazi du Sergiok.

Dena den, Sergiorentzat bizitzako eskola ere izan zen gaztetxea. "Batzar bitartez funtzionatzen zen; beraz, erabakiak modu horizontalean hartzen ziren", azaldu du. Horrez gain, Euskal Jai egoera txarrean zegoenez, batez ere eraikina zaharberritzen ikasi zuten. "Ez dakit zergatik, baina gaztetxeko kide asko igeltseroak ziren, eta haien ofizioa primeran ikasi genuen".

Baina lagun asko ikastaroek erakarrita joan ziren lehen aldiz gaztetxera. Hori da, hain zuzen ere, Miriam Bravoren kasua. 16-17 urte zituela, eskujoko ikastaro batean parte hartu zuen. Horren bidez hasi zen gaztetxera joaten. "Iruñean hotz handia egiten du, eta gaztetxean goxo egoteko aukera genuen zentimorik gastatu gabe", dio Bravok, irri artean. Horrez gain, gaztetxean zegoen aniztasuna nabarmendu du: "Mota guztietako jendea joaten ginen, punkiak, borrokak.... Ezberdinak ziren lagunekin harremana izaten ikasi genuen, eta hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait". Egun, aldiz, halako harreman pluralak izatea kosta egiten dela irizten dio.

Une garrantzitsuen bizitoki

Nostalgia apur batekin mintzatzen da Euskal Jai gaztetxeaz Julieta Itoitz rap abeslaria. Nabarmendu du gaztetxearen bidez erakutsi zela beste gizarte antolaketa bat posible zela. "Euskal Jai oso momentu berezian okupatu zen; 1990eko hamarkadan diru asko zegoen, eta Iruñeko Gazte Asanbladak beste gizarte antolaketa bat aldarrikatu zuen", azaldu du Itoitzek. Hura sekula ez zen izan gaztetxea kudeatzen zuen taldeko kidea. Hala eta guztiz ere, harreman estua izan du beti bertako kideekin.

Jakinarazi duenez, hasiera batean hainbat auzokidek ez zuten begi onez ikusi Euskal Jairen okupazioa. "Askok ez zekiten zein asmorekin okupatu zuten, eta horrek kezka sortzen zuen". Hala ere, apurka-apurka, denbora aurrera joan ahala Alde Zaharreko Auzokideen Elkartearen eta gaztetxearen arteko harremanak sendotzen joan zirela jakinarazi du Itoitzek.

Caldereria kaleko pilotaleku zaharraren inguruan bizitako hainbat une ahaztezinak egiten zaizkio, han ezagutu baitzuen bere bi haurren aita. Horrez gain, rap abeslari moduan gaztetxean egin zuen debuta: "2004ko inauteriak ziren, eta Rap del Carnaval [Inauterietako Rapa] abestu nuen; Orduan jaio zen La Chula Potra".

Bihar, gainera, kontzertua emango du okupazioaren urteurrena ospatzeko. Sergio, Miriam Bravo eta Julieta Itoitz bat datoz biharko eguna "egun handia" izango dela. Azken finean, desobedientzia zibilaren uhartean parte hartu zuten haiek berriz elkartzeko parada aproposa izango da. Uharte izan zen hori hondartza bilakatu nahi dute. Horregatik, bihar Caldereria plazara joateko asmoa dutenei bainujantzi eta eskuoihala hartuta joateko gomendatu diete jaiaren antolatzaileek.