Asteko Gaiak

Euskararen egoera dela eta, “kezka” agertu du Nafarroako euskalgintzak

Nafarroa eta euskara. Horiek dira Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko hainbat kide mugiarazi dituen ardatz nagusiak. Izan ere, Nafarroan euskararen normalizazio prozesuak dituen oztopoek kezkatuta, euskalgintza osatzen duten AEK, IKA, Sortzen-Ikasbatuaz, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Topagunea eta EHE erakundeak bertako egoera aztertzeko diagnostiko bat egiten hasi ziren. Hain zuzen ere, hori partekatu nahi izan dute martxotik ekainera bitartean zazpi batzarretan Nafarroako euskalgintzarekin zein norbanakoekin.

Maite Inda Kontseiluko kideak adierazi duenez, guztia 2010etik dator: "Maiatzean euskaraz bizitzeko eskubidearen bermea eskatu genuen Iruñean manifestazio jendetsu batean, eta, ordutik, buru-belarri dabil lantaldea". Ondorengo bi urteak, 2011 eta 2012, hausnarketa egiten eman zituzten eragileek. Argi zeukaten egindako lana ezin zela geratu sei erakunde horiek biltzen ziren mahaiaren bueltan, eta horregatik erabaki zuten diagnostikoa sozializatzea. Joxerra Olano IKAko kideak azaldu duenez, batzarren helburua euren iritzia partekatzea eta jendearen ekarpenak jasotzea zen: "Garbi genuen hasieratik euskaldun eta euskaltzaleontzako batzarrak izango zirela".

Martxoan egin zen lehen batzarra Iruñean, euskalgintzan nahiz euskalgintzatik at euskararen eremuan zeresana daukan jendearekin bilduta. Horrez gain, beste sei batzar egin zituzten, Nafarroa sei eskualdetan banatuz. Saioak Tuteran, Agoitzen, Lizarran, Etxarri-Arantzen, Atarrabian eta Donezteben izan ziren. Doneztebeko euskara teknikari Eneko Anduagak oso ontzat eman du herritarrak euskararen alde mugitu izana eta tartean gazteak egotea. "Kantitatea baino gehiago, kalitatea bilatzen dute, eta hori oso ona da", gaineratu du Anduagak. Indak baieztatu du parte hartzea kolore aldetik oso plurala izan dela.

Aurrera begira, irailean berriro elkartuko dira, han eta hemen jasotakoak analizatu eta plangintza bat prestatzeko. Egitasmoen kateatze bat sortzeko asmoa dute Kontseiluko kideek, helburuak erdiesteari begira. Garikoitz Torregrosa Sortzen-Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaileak argi du beharrezkoa dela etorkizun hurbilean norbanakoak aktibatzea: "Dinamika iraunkorrak eraiki behar dira, jendea berriro ilusioz euskararen alde lan egiteko".

Bertzalde, Gorka Iriarte EHEko kideak adierazi duenez, eskualde batzuk ukitu gabe gelditu dira, eta horietara hurbiltzen saiatuko dira. Lantaldeko kide guztiak bat datoz etorkizuna indar metaketan dagoela: "Asko ari gara euskalgintzan lanean, eta bada garaia gure indar guztiak egoki artikulatzeko", azaldu du Indak.

Horrez gain, euskalgintzako kideek jakin badakite ezin direla inoren oparien zain egon. Olanok gogorarazi du duela ez hainbeste euskararen aldeko "pauso mardulak" eman zirela eta garai hartako ilusioarekin lan egin behar dela: "Orduko indarra berreskuratu behar dugu, eta gure eskutan dagoen guztia egin, euskaldunok baitugu giltza; inork ez dizkigu babak eltzetik aterako".

Tokiko hutsuneei aurre egiteko asmoz, maiatzean Iruñeko euskalgintzak hiriko hizkuntza paisaia euskalduntzeko dinamika martxan jarri zuen, Aldatuko dugu! lelopean. 2010ean indarrean zegoen Ordenantza aldatzeko lanetan hasi ziren. Maite Inda Kontseiluko kidearen arabera, "guk Iruñeko kartel eta seinaleetan euskara agertzea aldarrikatu genuen, eta 2012an ordenantza aldatzea lortu genuen, 2.600 iruindarren sinadurei esker".

"Hizkuntzapaisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute". Hori dio ordenantzak teorian, baina praktika bestelakoa da, eta hori aldatzeko sortu da dinamika hori.

Gakoa herritarrek

Giltza herritarrek izanik, iruindarrei oker dauden hizkuntza paisaiaren seinaleei argazkia atera eta eurei helarazteko eskatu diete. Dagoeneko, 50 argazkitik gora jaso dituzte, eta batzuk erregistroan sartu dituzte. Gainontzekoak irailean sartuko dituzte. "'Pamplona' jartzen duten hiri sarreretako kartelak aldatzeko eskaera tramitatu dugu, eta gero hurrenkera bat jarri dugu, lehentasunen arabera", dio Indak.

Garikoitz Torregrosak jakinarazi duenez, oposizioarekin elkarlanean aritzeari esker, aurtengo aurrekontutik 14.000 euro desegokiak diren kartelak aldatzeko bideratzea erdietsi dute. Indaren arabera, "zenbateko hori urtea amaitu baino lehen exekutatu behar du udalak, bestela dirua galduko da. Horregatik ekingo diogu jo eta ke gai horri irailetik aurrera".

Euskalgintzako kideek garrantzitsutzat jotzen dute norbanakoen indarra azpimarratzea. "Herritarrak herri mugimenduarekin elkarlanean arituta, irabazteko aukera handia dago", esan du Indak. Hori dela eta, euskaltzaleek elkar hartuta, eta garai bateko ilusioa berreskuratuz, lanari ekiteko beharra nabarmendu du.

Leitzako Udalak azokan euskara sustatu nahi du

Leitzako Udalak onartu egin du Euskara Batzordeak egindako proposamena. Euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizatzeko asmoz, Leitzako ostiraleroko azokan jendaurreko elementuak gutxienez euskaraz jartzeko erabakia hartu du Udalak. Hortik aurrera...

Besta iragartzeko, Juan Angel Perotxenaren irudi bat

Elizondoko diseinatzaile Juan Angel Perotxenaren irudi batek iragarri du igandean ospatuko duten Baztandarren Biltzarra. Lehiaketa egin zuten kartela aukeratzeko, eta Perotxenaren lanak irabazi zuen. Epaimahaiak nabarmendu zuen irudi soila eta, aldi b...

@sarean

Baztandarren Biltzarra elkarteari buruzkoak jakiteko helbidea:

www.baztandarrenbiltzarra.com Igandeko bestari buruzkoak eta Baztandarren Biltzarra elkartearen ingurukoak ezagutzeko aukera ematen du helbideak. Parte hartu nahi duenak hor ditu jakin beharreko xehetasunak.

Hamabost bakarra dira

Baztango herrien besta. Horixe da Baztandarren Biltzarra. Bat egiteko eguna. Hamabost herriak bakarra izateko ospakizuna. Jendetza hartzen du, urtero, Elizondok, jai horren lekuko eta protagonista izateko. Igandean ez dute hutsik egin nahi izanen ibar...

Elbetek eskuratu zuen lehen saria 2012ko biltzarrean

Orga desfilea izaten da Baztandarren Biltzarreko ekitaldi nagusia, eta iazkoa Elbetekoak irabazi zuen. Haientzat izan zen lehendabiziko saria. Herriko elizako ezkila lapurtu zutenekoa izan zuten gogoan Elbetekoek. Elizondoko Aise taldea gelditu zen bi...

@sarean

Nafarroan babesgabeko animaliak laguntzeko jakin beharreko helbideak:

www.protectoranavarra.org. Nafarroako Animaliak Babesteko Elkartea.

www.cpaetxauri.com.Etxauriko egoitzako helbidea.

www.basati.org.BASATI taldeko kideen webgunea.

“Etxeko mahaiaren gainean egiten ari dira ebakuntzak”

Iruñeko Donibane eta Iturrama auzoetan aritzen da Javier Yabar albaitaria lanean. Iratxe monasterioko Mascompany klinikan hartu gaitu, sukarra zuen txakur bat artatu eta gero. Krisiak albaitarien jardueran izan duen eraginaz mintzatu zaigu, eta, batez ere, gurekin etxean bizi diren animalien osasunean izan dituen ondorio larriez.

Albaitari gisa, nola sumatzen dituzu krisiaren ondorioak?

2010. urtera arte, klinika guztion jarduerak egin zuen gora. Gizartean bazen gaitasuna etxean animaliak izateko, eta modu egoki batean zaintzeko. 2011. urtean gauzak aldatzen hasi ziren, BEZak pixka bat gora egin zuen, eta sumatu genuen horren eragina. 2012an, berriz, igoera nabarmena izan zen, %8tik %21era pasatu baitzen. Krisia gehiago sumatu zen gizartean, eta gure kliniketan ere bai. Gero eta bezero berri gutxiago etortzen zela ohartu ginen. Hau da, gero eta animalia gutxiago zegoela etxeetan. Eta etortzen ziren bezeroek ere gero eta diru gutxiago gastatzen zuten.

Datu ekonomikoak dira horiek, baina zer eragin dute animalien osasunean eta ongizatean?

Eragina nabarmena da. Gero eta animalia gutxiago dago etxeetan, eta gaixotzen direnean, tamalez, eutanasia izaten da, anitzetan, jabeek erabakitzen duten bidea. Lehen baino anitzez ere azkarrago hartzen da animaliei eutanasia egiteko erabakia, bertzelako sendabideak saiatu gabe. Jendeak aurrekontu bat badu, eta ez du hori baino gehiago gastatu nahi. Lehen baziren 11 edo hamabi urteko animaliak, ebakuntza egin eta hamasei urtera arte lasai bizitzen ahal zirenak; orain, gaixotu eta berehala, eutanasia egiten zaie; aurrekontuak agintzen du.

Etxeetan animalia gutxiago dagoela diozu; abandonatu egin direlako?

Animaliak Babesteko Elkartearekin dudan harremanagatik badakit hori, batez ere, azken bi urteotan gertatu izan dela. Baina krisiak eragin du bertze egoera dramatiko anitz.

Nolako egoerak?

Gertatzen ari da guk ditugun baliabideak ez dituzten klinika txikiak jartzen ari direla martxan. Animalien osasuna bermatzeko behar diren baliabide guztiak ere ez dituzte. Gisa horretako lehia dugu orain, baina ez digu bakarrik guri eragiten, animaliei ere bai, eskaintzen duten zaintzaren kalitatea eskasagoa delako.

Animalien osasuna arriskuan jar dezakete?

Gertatzen ari da, adibidez, ebakuntzak ez direla behar diren baldintzetan egiten. Gauza bat da kirofano batean aritzea, dena kontrolatzen duen monitore batekin, albaitari batekin, laguntzaile batekin eta anestesista batekin. Eta bertze gauza bat da katu bati, adibidez, etxeko mahai gainean egitea ebakuntza, anestesia xiringatuz. Hori gertatzen ari da.

Elikaduran ere sumatzen da krisia?

Bai. Animalientzako janaria kliniketan erosi ordez, supermerkatuetako pentsua hartzen hasi da jendea. Pentsua erosterakoan argi izan behar dugu zer osagai dituen. Ulergarria izan daiteke, langabezian dagoen pertsona batentzat gastu handia izan daitekeelako.

Animaliak ikusteko gure moduak ere badu zerikusirik?

Nik uste dut anitzetan animaliekin bizi diren pertsonek ez dakitela, benetan, horrek zer erran nahi duen. Zenbaitentzat, zerbaiterako balio duen zerbait bertzerik ez dira animaliak. Niri, adibidez, harrigarria iruditzen zait norbaitek mailegua eskatzea oporretara joateko baina etxeko animaliari ebakuntza ez egitea eta hiltzen uztea dirurik ez duelako gastatu nahi.

Animalia zama bilakatzen zaie?

Hala da. Eta kontuan izan behar dugu gurekin bizi den animaliak hamaika arazo izaten ahal dituela. Kontua ez da bakarrik gaixotzen ahal direla. Haien osasun psikologikoa ere zaindu behar dugu, haien beharrak ongi ase. Eta horri ez diogu garrantzirik ematen, gaur egun.