Asteko Gaiak

“Gainpresioa da etxean kantatzea”

Nafarroako Bertsozale Elkarteak lan "ona" egin duela goraipatu du Xabier Maiak (Elizondo, 1981). Duela lau urte inguru hasi zen Baztango bertso eskolan. Iaz, Bardoak txapelketan parte hartu zuen, eta, aurten, Nafarroako Bertsolari Txapelketan da lehen...

Martxan da BBK Bizkaiko Gazteen XXI. sariketa

Asteazkenean hasi zen BBK Bizkaiko Bertsolari Gazteen XXI. sariketa. Igorren (Bizkaia) egin zen lehenengo kanporaketa, asteazkenean. Sariketa heldu den martxoaren 22an amaituko da, Bilbon. Denera, Bizkaiko zazpi eskualdetako 50 gazte inguruk parte har...

Ia 50.000 bidaiari gutxiago izan dira Noaingo aireportuan 2012an

Ez dira garai errazak aire nabigazioko sektorearentzat. Krisi ekonomikoaren eraginez, gero eta gehiago dira ixtear dauden bidaia agentzia eta hegazkin konpainiak. Horri, azkenaldian, Euskal Herriko aireportu txikietako bidaiari kopuruaren beheranzko joera gehitu behar zaio. Noaingoa da bidaiari gehien galdu duenetako bat. Izan ere, 2011ren aldean, 2012an ia %20 murriztu zen bidaiatzeko hegazkina hautatu zutenen zenbatekoa. AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioak jakinarazi dituen datuen arabera, iaz Noaingo aireportuan 190.295 bidaiari izan ziren; 2011n, berriz, 238.511.

Iruñerriaren garapen geografiko, sozial eta ekonomikoarekin batera inauguratu zen 1972an Noaingo aireportua. Lehen urtean, 29.600 lagunek erabili zuten. Ordutik aurrera, bidaiari kopurua apurka-apurka haziz joan zen. Esaterako, 1977an, 86.000 ziren. Baina, AENA 1990eko hamarkada amaieran, aireportuak berriztatzen hasi zen, hegazkinen erabilera gero eta handiagoa zela argudiatuta.

Egia da loraldi ekonomikoaren garaian abian jarri ziren low cost hegazkin konpainiei esker hegaldi merkeen bitartez bidaiatzen zutenen zenbatekoa gero eta handiagoa zela. Noaingo aireportuaren kasuan, 2007an bidaiari kopuruak goia jo zuen, 500.097 lagun igaro baitziren bertatik.

Baina, krisi ekonomikoarekin batera, zenbateko hori urtetik urtera murrizten joan zen. AENA Espainiako Sustapen Ministerioaren menpeko enpresak ez zuen eten aireportuak berriztatzeko programa. Gauzak horrela, Noaingo terminal berria 2010eko azaroan inauguratu zuten. Ordurako, bidaiari kopurua jaisten ari zen urtetik urtera. Berez, 1,1 milioi bidaiari hartzeko prestatua dago, nahiz eta oraindik ez den zenbaki horretara inoiz iritsi.

Aste hau berezia izan da Noaingo aireportuan ere, Iberiako langileek deitutako grebaren harira —3.807 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du AENAk—. Hain justu, gaur egun, hegazkin konpainia horrek soilik eskaintzen ditu hegaldi erregularrak. Aireportuko langileek ez dute hitz egin nahi izan. "Aireportuan lan egiten dugunok ezin dugu lanean ari garen bitartean komunikabideekin hitz egin", ohartarazi du autoak alokatzeko enpresa bateko langileak.

Dozenaka hegaldi bertan behera gelditu dira aste honetan Iberiako langileen grebaren eraginez. Gaur amaituko da lehenengo deialdia; martxoan ere beste greba saio bat egiteko asmoa dute hegazkin konpainia horretako langileek. Asteartean, bi hegaldi soilik irten ziren Madrilera. Bertan behera geratu ziren Bartzelonakoak. Ondorioz, aireportua goizean goizetik irekita zegoen arren, zaila zen bidaiariak aurkitzea. Aparkalekua ere ia hutsik zegoen, dozena bat auto besterik ez. Hala ere, eguerdirako mugimendua hasi zen aireportuan. Atzematen zen 13:00etan Madrildik hegaldi bat iristekoa zela. Handik 40 minutura irten zen berriz bueltan.

Kaltetuen testigantzak

Grebaren harira haserre agertu denetako bat da Yola Caseida bidaiaria. Angolakoa da, eta Iberiako grebak zuzenean eragin diola adierazi du. "Berez astelehenean joan behar nuen Iruñetik, baina, grebaren ondorioz, gaur arte [asteartea] itxaron behar izan dut; horrek nire bidaia garestitu du".

Marta Garcia ere Madrilera joateko hegaldia hartzekoa zen asteartean, 13:40ean. "Zortea izan dut, nire hegaldiari ez diolako grebak eragin". Noaingo aireportua txikia izan arren, oso zerbitzu ona eskaintzen duela irizten dio.

Juanna Andona, berriz, Errumaniakoa da. Iruñean lau egunez egon ostean, Munichera joatekoa zen lan kontu batzuengatik. Hegaldiak ondo antolatuta zeuzkala aitortu du. "Antolakuntza ondo egina nuen, baina grebarengatik hegaldiak galdu ditut. Bihar [asteazkena] egun osoa Madrilen igaro beharko dut". Dena den, aitortu du ulertzen dituela Iberiako langileek greba egiteko dituzten arrazoiak.

Behin-behineko arazoez gaindi, Nafarroako enpresari zein politikariek kezka azaldu dute Noaingo aireportua behar baino gutxiago erabiltzen delako. Oraingoz, Bartzelonara eta Madrilera joateko aukera besterik ez da. Udan, noranzko gehiago izaten dira, aro horretarako hegaldi bereziak antolatzen dituztelako konpainiek.

Amaitzear dagoen epea

Kezkatuta agertu dira Noaingo aireportuan lanean aritzen diren AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigaziorako langileak. Azpiegituraren segurtasunaz zein mantenuaz arduratzen dira, besteak beste. Noaingo aireportuak 500.000 bidaiari baino gutxiago...

Elkarretaratzea egingo dute gaur Iberiako langileek

Iberia aire konpainiaren berregituratze planaren aurka azalduko dira gaur Noaingo aireportuko Iberiako langileak. Astelehenean egin zuten bezala, 13:00etarako deitu dute elkarretaratzera aireportuan. Dozenaka hegaldi bertan behera gelditu dira aste ho...

Urtean ia bi metro mugitzen da Esako eskuin hegala

Esako urtegiko eskuin hegala berriz ere mugitzen ari dela jakinarazi zuen joan den astean CHE Ebroko Ur Konfederazioak ohar baten bitartez. Azaldu du azkenaldiko eurite eta elurteengatik izan dela lur mugimendu hori. Gainera, aitortu du hegal horretan "betidanik" izan direla lur mugimenduak eta proiektua onartu zutenerako hori gerta zitekeela bazekitela. Astean bi zentimetro mugitzen da. Batez beste, urtean bi metro higatuko da eremu hori adituen arabera.

Esako urtegiaren inguruan bizi direnen bizitza arriskuan jartzen delakoan, handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu du Esa + Ez herri plataformako kide Iker Aramendiak. Iritzi berekoak dira Rio Aragon Artiedako (Aragoi, Espainia) elkartekoak ere. "Esa handitzeko lanak faraonikoak dira, eta diru xahuketa izugarria", aditzera eman du Aramendiak. Hain zuzen ere, Ebroko Ur Konfederazioak onartu duenez, gutxienez 10 milioi euro baliatuko ditu eskuineko hegala egonkortzeko lanetan.

Konfederazioak "lur mugimenduen" berri joan den astean eman zuen arren, Nafarroako Gobernuak informazio hori abendurako bazuela jakinarazi du Aramendiak. "Abenduan jaso genuen konfederazioaren jakinarazpena, eta ordutik jarraipen mekanismoak martxan daude". Haserre dago gobernuak auzi horretan duen jarrerarekin. "Gobernura joz gero, beti diote hori ez dela beren auzia, Espainiako Gobernuarena baizik", adierazi du. Esako urtegiko presa Nafarroako lurretan dagoela eta arazo klaseren bat izanez gero lehenengo kaltetuak inguruko herrietako biztanleak izango liratekeela ohartarazi du, Zangozakoak eta Esakoak, besteak beste.

Ebroko Ur Konfederazioak dioenaren arabera, eskuineko hegaleko lur mugimendua "motela" da. Baina lehenengo kalteak eragin ditu Esako Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioan. Denera, ehun etxebizitza inguru daude. Gehienak bigarren etxe gisa erabiltzen diren arren, bederatzi lagunek beste toki batera joan behar izan dute bizitzera. Gutxienez, hamar hilabetez ezin izango dira itzuli.

Aramendiak iragarpen ezkorra egin du: oso zaila izango da pertsona horiek etxera itzuli ahal izatea. "Hamar hilabete dio administrazioak, baina ziur gaude arraildurak gero eta handiagoak izango direla eta horrek bizilagunen itzulera zailduko duela".

Handitze lanekin bueltaka

Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu du eskuin hegala ez dela egonkorra. 2001ean hasi ziren urtegia handitzeko lanak. Jaume Matas orduko Ingurumen ministroak jarri zuen lehenengo harria. Hegalen ezegonkortasuna "aurreikusi" arren, ez dute asmatu proiektuaren aurrekontuak zehazten. Hasiera batean, Espainiako Gobernuak iritzi zion Esa handitzeko 77 milioi euro nahikoa izango zirela. Baina, proiektu bera behin baino gehiagotan berregin behar izan dutenez, aurrekontuaren zenbatekoa ere aldatu behar izan dute. Hala, egitasmoaren bigarren zuzenketan aurrekontua 113 milioi eurokoa zen; hirugarren zuzenketan, berriz, 242 milioi eurokoa. Orain, berriz, zenbatekoa handitu egin dute, besteak beste, lur mugimenduengatik. 2013ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan jasotzen denez, Esa handitzeko lanetarako 376,8 milioi euro erabiliko dituzte.

Baina Esako luiziak ez dira gauza berria. Izan ere, 1930eko hamarkadan —1936an hasi ziren eraikitzen— gertatu ziren lehen luizi eta arazo geologikoak. Adibidez, ezkerreko hegalean 2003an arraildurak agertu ziren. 2006ko uztailean, hegal horretan bertan, 3,5 milioi metro kubo lur irristatu ziren, azpiegitura eraikitzean sortutako hondakinak bertan pilatu ostean.

Eskuin hegalaren kasua ere antzekoa da. Lur irristaketak izan ziren 1930ean, 1960an eta 1964an, urtegia bete zutenean. 2004an, urtegia handitzeko lanetan ari zirela, 1930ean eta 1964an izandako lur mugimenduak aktibatu ziren. Horren eraginez, ur filtrazio handiak izan ziren, nahiz eta 2007 arte Ebroko Ur Konfederazioak ez zituen onartu.

Gertatuak gertatuta, urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko nahikoa arrazoi badagoela irizten dio Aramendiak, batez ere herritarren segurtasuna kolokan dagoelako. Hala, bihar, 13:00etan, protesta keinu bat egingo dute: Zangozako udaletxeko plazan elkarretaratzea egingo dute eta Esako lanak eten ditzatela eskatuko dute bertan.

Lasaitasunik ez Esan

Hutsik dago Esako Lasaitasuna urbanizazioa astelehenaz geroztik. Urte osoan bertan bizi diren bederatzi lagunek etxea utzi behar izan dute; ondoan duten Esako urtegiko eskuin hegala, eta mugitzen ari deenz, luiziren bat eragin dezake. Ez dute batere lasaitasunik izan egunotan, eta "ezusteko handia" hartu dute.

Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak diote euriteen ondorioz mugimenduak izan direla, eta dagoeneko eskuineko hegala egonkortzeko lanak hasi dituzte. Baina Lasaitasunako bizilagun Cristina Igoak ez du uste euriteak arrazoi bakarra izan direnik. "Eremua ez da egonkorra. Alde batetik, urtegiko eskuin hegala mugitzen delako eta, bestalde, Pirinioetako autobia egin zutenetik pitzadurak agertu direlako etxeetan". Egunkarien bidez jakin zuen berria. "Iruñean nengoen, eta ez nuen inolako abisurik jaso; nik deitu behar izan nuen zer gertatzen zen jakiteko", azaldu du. Astelehena bitarte izan du denbora etxetik ezinbesteko gauzak ateratzeko. Gurasoek etxea dute urbanizazio berean, eta Esako Udalak herriko beste etxe batera lekualdatu ditu. Haiekin biziko da denbora batez beste etxe bat eman artean.

Ehun etxe inguru daude Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioetan. Gehienak bigarren etxebizitzak dira: "Seguruenik, denbora batez etxerik gabe geldituko dira", azaldu du Roberto Martinez Esako alkateak. Inoiz ez dutela horrelako egoerarik pasatu azaldu du Martinezek, eta oso kezkatuta daudela jakinarazi du. "Azkenaldian euri asko egin du inguruan, eta horrek eragin zuzena izan du", aditzera eman du. Ez du ukatu, hala ere, urtegiko lanek eta autobideak eragina izan dutela.

Maria Angeles Ruizek lehenbailehen itzuli nahi du etxera. "Ez dakit zenbat denbora egonen garen etxetik kanpo; batzuek lau hilabete esaten dute, beste batzuek, urtebete; batek daki. Baina noiz itzuliko naizen ez jakiteak kezkatzen nau gehien". Ruizek ez du ezustekorik hartu. "Argi zegoen egoerak txarrera eginen zuela", aitortu du.

Astelehenean bilera izan zuten urbanizazioetako bizilagunek Raimundo La Fuente Ebroko Ur Konfederazioko zuzendari teknikoarekin eta Patxi Fernandez Nafarroako Gobernuko Barne ordezkariarekin. Bai Ruizek baita Igoak ere alboratu egin dituzte Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak eman dituzten arrazoiak. "Ez zuten askorik esan, eta euriteengatik gertatu dela argudiatu zuten; kalte-ordainak ez zituzten aipatu ere egin", azaldu du Igoak. Haserre dago, informazio gutxi duelako eta ez dakielako zer gertatuko den.

Orain Guardia Zibilak "zaintzen" ditu bi urbanizazioak, eta bizilagunak baino ezin dira sartu. "Segurtasuna jarri behar izan dugu lapurretak ez izateko", azaldu du alkateak. Pasa den ostiralean, Nafarroako Gobernuarekin bildu zen, eta bi urbanizazioak husteko "gomendioa" eman zioten. "Neurri prebentiboa izan da, baina pertsonen segurtasunak du lehentasuna".

Azken urteetan zundaketak eta leherketak bizi izan dituzte Esan. Bai urtegian, bai eta Pirinioetako autobia egitean ere. Tunelak egiteko leherketak egin zituzten mendian, eta, ondorioz, pitzadurak agertu dira urbanizazioetako hainbat etxetan. "Urtegia handitzeko lanek zerikusia izan dute pitzaduretan, baina ez dute onartzen", esan du Igoak. Oraingoz, lasaitasuna ez da itzuliko herrira. Lurrak behera egiteko arriskua dago. 2006an gertatu zen bezala.