gaiak

Sistemari eusteko indarkeria

Sistemari eusteko indarkeria

Edurne Elizondo

Desberdinkerian oinarritutako sistema orok behar du indarkeria dosi bat eutsi ahal izateko; zenbat eta aurrerago egin emakumeen eskubideek, orduan eta indarkeria handiagoa dago, bere burua defendatzen duelako sistemak". Horixe nabarmendu du Sare erakundeko buru Julia Munarrizek, elkarte horrek Creacion Positivarekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera egindako Indarkeria Matxistei eta GIBari Buruzko Jardunaldian. Laugarrenez antolatu dute, eta indarkeria instituzionalaren gaia jarri dute mahai gainean.

Blanca Fernandez Viguera soziologo eta ekintzaile feministak aurretik errandakoak dira Munarrizek bere solasaldiaren hasieran erabilitako hitz horiek; haien bidez, dagokion testuinguruan jarri nahi izan du indarkeria instituzionalaren gaia. Gehiago erran du: "Sistema patriarkalak indarrean jarraitzen du; jada ez du bertze garai bateko forma autoritarioa, baina paperean jasotako eskubideak ez dira gauzatzen. Patriarkatuak eta kapitalismoak, gainera, elkarri egiten diote mesede. Feminismoa behar dugu, denontzat gizarte bizigarriago bat lortzeko".

Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidente Esther Erizek parte hartu du NUPen egindako jardunaldian. Iaz, sexu indarkerien auziari buruz antolatutakoan aritzera deitu zuten, baina ezezkoa eman zuen. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruko epaiketa egin zuten, hain justu, garai hartan.

Egiturazko arazo bat

Iaz eta aurtengo jardunaldian aritu diren bertze adituetako bat da Montse Pineda. Iazkoan, hain zuzen ere, Iruñeko talde bortxaketaren epaiketari egin zion so, argi baitzuen Pinedak epaileen lana zein den: "Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira", erran zuen.

Ideia hori da Munarrizek nabarmendutakoa, eta Pinedak ere eutsi egin dio aurtengo bere solasaldian: "Indarkeria instituzionalaz ari garenean, sistemaren egituran bertan dagoen indarkeriaz ari gara. Sistemak berezkoa du indarkeria hori. Sistema heteropatriarkalaz ari garenean, erakundeez ari gara, baina gero kosta egiten zaigu instituzio horiek ikustea eta identifikatzea", erran du Pinedak.

Instituzio horietako batetik aritu da Esther Erize NUPeko jardunaldian, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea baita. Bere solasaldian legeak jasotako eskubideez eta laguntzez mintzatu da. Zehazki, gorroto delituari buruzko artikuluak aztertu ditu Erizek, eta agerian utzi du figura hori gaur egun ez direla erabiltzen ari sortu zuten kasuetarako. "Hainbat kolektibo kaltebera babesteko sortu zen, baina egiten den interpretazioa hagitz zabala da, eta, ondorioz, egun, sare sozialetan txisteak egiten dituztenen edo rap abeslarien aurka baliatzen dute", nabarmendu du auzitegiko kideak.

Erizek argi du gorroto delitutzat jo daitekeela indarkeria matxista, eta uste du figura hori indarkeria matxistari aurre egiteko dauden lege zehatzekin batera erabili beharko litzatekeela, jardunaldian agerian utzi duenez.

Pinedaren aburuz, ordea, "motz" gelditu da Esther Erizek NUPeko ekinaldian egindako analisia. Ikuspuntu kritikoagoa erakutsi du Creacion Positiva taldeko kideak erakundeen lanarekiko. Jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu dute Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek, hain zuzen. Haien babesa eskertu du Pinedak; ez, ordea, ekinaldia hasteko hitzaldian parte hartu eta gero alde egin izana.

Legeak bete

Osasun Departamentuko kide Lazaro Elizaldek hartu du hitza jardunaldian gobernuaren izenean, eta nabarmendu du, batetik, 2017ko bukaeran erakunde arteko akordioa sinatu zutela, indarkeria matxistari aurre egiteko asmoz; eta, bertzetik, gobernuak ikerketa egin duela azken hilabeteotan eta laster mahai gainean jarriko dituztela emaitzak. Asmoa da osasun zerbitzuetatik indarkeria mota sotilak antzeman ahal izateko tresnak garatzea. Elizaldek erantsi du koordinazioa sustatzeko asmoz ekintza protokoloa prestatzen ari direla.

"Erakundeek protokoloak eta planak egiten dituzte legeak ez betetzeko. Duten helburua benetan beteko duten politika publikoak egiten badituzu, ez duzu planen edo protokoloen beharrik", erantzun du Pinedak. "Egiten dituzten politikak koherentziaz betearaztea da gakoa; horrela sortuko dira koordinazio sare eraginkorrak", erantsi du. Iruñean, hain zuzen ere, udalak antolatuta, indarkeria sexistei buruzko biltzarra egin zuten urrian, eta arlo juridikoan nabarmendutako arazoetako bat izan da koordinaziorik ezarena, indarkeria matxistaren auzian.

Legeak betetzeko eskatu du Pinedak. Eta, horrekin batera, legeak bete ahal izateko baliabideak. Errealitateak erakusten du ahalegin anitz paperean baino ez direla gelditzen, Pinedak salatu duenez. GIBa duten pertsonak artatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana jarri du adibide gisa; jasotzen dituzten diru laguntzen kopuruari egin dio so, zehazki: "Estatu osoan dauden gobernuz kanpoko erakundeek, denera, 1,4 milioi euro baino ez dute jasotzen; zenbatekoa da kopurua Nafarroan?", galdetu du. Sareko Julia Munarrizek erantzun dio: "300.000 eurora ez da ailegatzen".

Eguzki izpiak liburutegian

Eguzki izpiak liburutegian

Edurne Elizondo

Erakusketa bat, Nafarroaren eta Japoniaren arteko harremana ospatzeko. Maiela Zurutuzak Komorebi izenburupean egindako lanak hartu ditu Iruñeko Yamagutxi plazako liburutegiak. Hilabetea amaitu arte ikusi ahal izanen dira. Zurutuzak Josu Jimenez Maiaren haikuak oinarri hartuta osatu ditu bere obrak. Bisitari bereziak izan ditu azken egunotan, gainera, Japoniako Yamagutxi hiritik etorritako ordezkaritzako kideak izan baitira Iruñean.

Nafarroako hiriburua eta Yamagutxi duela hamabost urte senidetu ziren, eta Japoniako hiriko ordezkaritzako kideak adiskidetze akordioa berritzera etorri dira orain.

"Polita eta berezia da Japoniatik etorritako bisitariek erakusketa ikusi izana", erran du Maiela Zurutuza artistak. Gasteiztarra da, eta hiri horretan erakutsi zituen bere lanak lehendabizikoz, joan den otsailean, artista gazteentzako lehiaketa batera proiektua aurkeztu eta irabazi ondoren.

Komorebi hitza izan zuen Zurutuzaren proiektuak abiapuntu. "Interneten aurkitu nuen, eta bitxia iruditu zitzaidan", gogoratu du. Japonierazko hitz horrek zuhaitzen hostoen artean pasatzen den eguzki izpia izendatzeko balio du, hain zuzen ere.

Eta Zurutuzak horixe egin du bere erakusketaren bitartez: led argiak eta arroz papera baliatuz, Yamagutxiko liburutegi barrura eraman ditu artelan bilakatutako bere eguzki izpiak. Lau osatu ditu, denera, bat urtaro bakoitzeko. Piezak prestatzeko, Josu Jimenez Maiak idatzitako haikuak erabili ditu artista gazteak.

Euskarazko haikuak erabili nahi zituela erabaki eta gero, Josu Jimenez Maiaren Gerezi garaiko haikuak izenburuko liburuarekin egin zuen topo Zurutuzak. "Interesgarria iruditu zitzaidan, liburuko haikuak urtaroen arabera banatuta zeudelako", azaldu du artistak. Egindako pieza bakoitzean Jimenezen bost haiku jaso ditu.

Haiku tailerreko arduradun

Josu Jimenez Maiak "kontent" hartu zuen, hasieratik, Maiela Zurutuzak bere haikuak erabiltzeko proiektua. Nafar Ateneoko euskara eleduna da, eta erakunde horrek egiten duen haiku tailerreko arduraduna, hain zuzen ere. "Tailer irekia da; bost pertsona inguruk egiten dugu bat, eta gustura aritzen gara".

Iaz, Zurutuzak egin zuen bisita haiku tailerrera. Han ezagutu zuten elkar artistak eta idazleak. Jimenez Maiak bi liburutan jaso ditu bere haikuak. Lehendabizikoa duela zazpi urte plazaratu zuen, Maiatz argitaletxearen bidez. Lan horretakoak dira Zurutzak erabilitakoak. "Egindako egiturak erakutsi zizkidanean, txundituta gelditu nintzen!", erran du Jimenez Maiak.

Komorebi hitzaren eta Zurututzaren lanaren artean sortu den lotura nabarmendu du Jimenez Maiak. Idatziz jasotako haikuak artelan bateko parte bilakatu izana ere "pozgarritzat" jo du. Liburuaren bidea luzatzeko modu bat izan dela uste du idazleak. "Liburu asko argitaratzen dira, eta laster gelditzen dira bazter". Erakusketaren bidez, ordea, bidea egiten jarraitzen du lanak. "Literatura beste esparru batean jartzeko sormen lan bat da", erran du idazleak, Maiela Zurutuzaren obrei buruz.

Yamagutxitik etorritako ordezkariek gertutik ikusi ahal izan dituzte obra horiek. Zortzi pertsonak osatutako taldea etorri da, zehazki, Japoniatik. Tartean izan da Tsugumasa Muraoka, Yamagutxiko prefekturako gobernadorea. Yamagutxi parkea eta liburutegia bisitatu ez ezik, Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosekin ere bilera egin dute Japoniako ordezkariek. Nafarroako Parlamentuan ere izan dira, eta energia berriztagarrien inguruko hainbat proiektu ezagutu dituzte, gainera.

Maiela Zurutuzaren erakusketa hilabete bukaerara arte egonen da ikusgai Yamagutxiko liburutegian. Astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 15:00etatik 21:00etara. Eguna hodei artean ernatzen bada ere, eguzki izpiak eraikin barruan izanen dira Konorebi erakusketako obren bidez. Ez edozein eguzki izpi, ordea: zuhaitzen hostoen artean pasatzen diren eguzki izpiak, zehazki. Komorebi.

Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Ane Eslava

Hezetasunez betetako 15 metro koadroko logela hotz batean; egongelan egoteko aukerarik gabe; sukaldea eta komuna jende gehiagorekin partekatzen. Hala bizi izan dira Philomena Ebere eta haren semea, Iruñera iritsi zirenetik. Baina, urriaren 30ean, Eberek bigarren semea izan zuen, eta erabaki zuen ez zela ospitaletik aterako etxebizitza duin bat lortu arte. Azkenean, lortu du: Iruñeko Udalak pisu bat utziko dio, eta laster joango da hara, bere bi semeekin. "Oso pozik" dagoela esan du Eberek, baina ez du bidea erraz izan. Bere bizitzako garairik gogorrena izan dela ziurtatu du.

Orain dela hemeretzi urte heldu zen Ebere Nigeriatik Espainiara, Cadizera, baina hango eguraldia kaltegarria zen bere semearentzat, azal eta arnasa arazoak dituelako. Horregatik, orain dela bi urte, Iruñera etortzea erabaki zuen. Hemen, ordea, beste arazo batekin egin zuen topo: etxebizitza lortzeko ezintasuna. Inork ez zion etxebizitzarik alokatzen, eta pisu bateko logela batean sartu zen. Ordutik, han bizi izan da, oso egoera latzean.

"Logela bat ez da etxe bat", errepikatu du behin eta berriz Eberek, azken bi urteetan zer baldintzatan bizi izan den deskribatzerakoan. "Ohe bakarra genuen semeak eta biok, eta askotan aulki batean lo egiten nuen, umeak jada 9 urte dituelako, eta bakarrik lo egin nahi izaten zuelako", azaldu du. Jan, jolastu, ikasi... Guztia ohe horretan egiten zuten, ez baitzuten beste tokirik.

Bestalde, etxea zaharra zenez, oso hotza zen, eta hezetasun handia zuen. "Etxe barruan berokiarekin egon behar genuen, kalean bezala; eta, hezetasunarengatik, batzuetan toallarekin garbitu behar nituen paretak", kontatu du. Horrek kalte egiten zion bere semeari, eta askotan joan behar izaten zuten medikuarengana. Horrez gain, etxeko gainontzeko logeletan beste familia batzuk zeuden, eta garbitasunarekin arazoak izaten zituztela esan du: "Haiek txatarra ekartzen zuten etxera; nik inoiz ez nien esan ez zezatela hori egin, baina ume bat neukan etxean, eta garbi izan nahi nuen".

Kontatu duenez, umeak ez zuen gaizki eramaten egoera horretan bizitzea, baina askotan galdetzen zion ea noiz izango zuten "benetako" etxe bat. "Eta nik jada ez nekien zer esan; erantzunak amaitu zitzaizkidan". Haurra egoera horretan izateagatik asko sufritu duela adierazi du: "Ama txarra sentitzen nintzen, ez nintzelako gai nire semea ongi zaintzeko".

Denbora horretan guztian, etxebizitza duin bat alokatzen saiatu da, eskura izan dituen bitarteko guztietatik: Nasuvinsan, Eisovin, enplegu bulegoan eta antzeko sustatzaileetan eman du izena, baina inork ez dio pisu bat errentan utzi. Kontatu duenez, oso fidantza garestiak eta soldata handiak exijitzen zizkioten. Azken urteetan lorezaintzan eta ostalaritzan lan egin du, eta zazpi urte ditu kotizatuak; baina hori ez da nahikoa izan.

Bitartean, laguntza bilatu du: PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak Iruñeko Alde Zaharrean egiten dituen bileretan parte hartu du astero; emakumeak ahalduntzeko tailerretan egon da; udalaren osoko bilkuretara joan da bere egoera azaltzera... baina ez du irtenbiderik aurkitu. Adierazi duenez, sentitzen zuen udalak eta gobernuak ez ziotela jaramonik egiten: "Esaten zidaten nik baino arazo gehiago zituzten pertsonak bazeudela, eta nik banekien hori egia zela, baina ezin nuen gela horretan jarraitu".

Azkenean, haurdun geratu zenean, etsirik, erabaki bat hartu zuen: erditu ondoren, ez zen ospitaletik aterako etxebizitza bat lortu arte. Erabakia jakinarazi zuen, eta PAH plataformak hasieratik eman zion babesa. Urriaren 29an sartu zen ospitalean, eta hurrengo egunean izan zuen haurra.

Orduan, PAHko kideek Ebereren arazoa jendaurrean salatu zuten, eta egoera kudeatzeko pausoak eman zituzten. Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta proposamen bat egin zieten: Eberek udalaren etxebizitza bat partekatzea antzeko egoeran dagoen beste pertsona batekin. Udalak proposamena onartu zuen, eta kontaktuan jarri zen Ebererekin eta etxegabetze agindua zuen beste emakume batekin. Biek aurretik ezagutzen zuten elkar, PAHko bileretan topo egiten baitzuten, eta haiek ere egokitzat hartu zuten aukera hori.

Eberek esan duenez, pozten dira elkarrekin bizitzeaz, biak antzeko egoeran daudelako: "Ama gara biak, eta gure seme-alabentzako onena bilatzen ari gara". Udalak utzi dien pisuak ez zuen altzaririk, baina PAHk kanpaina bat egin du, eta dagoeneko altzariz hornitu dute pisua. Bi emakumeek iragan ostiralean sinatu zuten kontratua, eta laster joango dira beren etxe berrira.

Zoriontsu sentitzen dela adierazi du Eberek: "Azkenean lasai egin dezaket lo, amesgaiztorik gabe". Eskerrak eman dizkio PAHko bere "familiari", beragatik egin duten ahaleginarengatik, eta baita Iruñeko Udalari ere. Gizarteari eskatu dio ez dezala alde batera begiratu: "Ni bezalako emakume asko daude".

Philomena asko daude

Mikel Otazuk, Iruñeko Alde Zaharreko PAHko kideak, "lorpen handitzat" jo du Ebereren garaipena, eta "balorazio positiboa" egin du udalaren jarreraz, egoerari irtenbidea bilatzeko negoziazio bideak ireki dituelako. Baina hark ere nabarmendu du Iruñean pertsona asko daudela Philomena Ebereren egoera bertsuan, eta gehienak seme-alabak dituzten emakume senargabeak direla: zehazki, 48 dira halako kasuak.

Azaldu duenez, horiek etxebizitza bat eskuratzeko baliabideak dituzte, gehienek alokairurako diru laguntzak jasotzen dituztelako, baina ez dute lortzen: "Inork ez die errentan uzten bere etxebizitza, etorkinak edo pobreak direlako: arrazismoaren eta aporofobiaren faktoreak daude hor".

Arazoari aurre egiteko, PAHk beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak errehabilitatu ditzala hutsik dauden udal etxebizitzak, eta alokairu sozialeko etxebizitza parke zabalagoa osa dezala. Hala ere, Otazuk azpimarratu du nabaria dela Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua arazoa konpontzeko egiten ari diren lana, emaitzek erakusten duten moduan: "Urte hasieran hirurogei familia inguru zeuden Philomenaren egoera berean, eta hamabik etxebizitza bat lortu dute jada". Hori dela eta, adierazi du arazo handiena gizartean dagoela, eta premiazkoa dela biztanleriarekin lan egitea: "Kontzientzia sozial handiagoa behar da".

“B aldea” ezagutzeko leihoa

“B aldea” ezagutzeko leihoa

Edurne Elizondo

Gizartearen B aldea ezagutzeko leiho bat eskaintzen dugu". Esaldi horren bidez azaldu du Ignacio Ciscarrek zer egiten duten Antsoaingo Atica irratiko El cofre del capitán Morgan saioan. Saio solidarioa da, eta helburu hartu du, 2015. urtean sortu zutenetik, gobernuz kanpoko erakundeen lanaren bozgorailu izatea. Bere laugarren denboraldia hasi du. Martxan jarri zenetik, laurehun erakundetako baino gehiagotako kideak pasatu dira irratiko mifrokonoen aurretik. Elkarte handiei eta txikiei, eta beren istorioak kontatzera joan nahi izan duten norbanako guztiei ireki dizkiete ateak, arautik kanpoko edo gizarteak normaltzat jotzen duen horretatik urruntzen diren errealitateen berri emateko.

Askotarikoak izan dira irratian bat egin dutenen bizipenak, egoerak, gorputzak eta buruak. Saioko gidari bilakatu diren boluntarioak ere halakoxeak dira, askotarikoak. Maria Blascok, adibidez, Friedreichen ataxia du. Gaixotasun horren ondorioz, aulki gurpildun batean mugitzen da Blasco; hitz egiteko ere, zailtasun handiak ditu. Hala ere, El cofre del capitán Morgan saioko esataria da. Idatziz bidaltzen ditu bere parte hartzeak, eta irratiko bertze kideek irakurtzen dituzte mikrofonoen aurrean. Bosquejando en el aquí y en el ahora izena du Blascoren tarteak.

"Nik ezin dut hitzez nahi dudana adierazi; irratian, ordea, nire testuak irakurtzen dituztenean, bertzeek nire hitzak entzun ditzakete. Saioak aukera ematen dit bertzeek errateko dudana entzun dezaten. Ondorioz, hitz egiteko zailtasunak izan arren, jendeak ulertzen ahal nau, eta... normal sentitzen naizela erran behar nuen, baina ez dut gustuko nire burua normaltzat jotzea".

Komunitatea

Blascok irri egin du normal izatea gustuko ez duela erran duenean. Irratiko saioa prestatzen duten gainerako boluntarioen aurpegietan ere irribarre bat agertu da Blascoren hitzak entzun dituztenean. Saioan egin dute denek bat. "Aurretik ez genuen elkar ezagutzen, baina taldea osatu dugu", erran du Txema Gracia koordinatzaileak. Taldea baino gehiago, ia komunitate bat osatzen dute. "Saio solidario bat egiteko ideia martxan jarri eta gero, gonbidatu gisa etorritako anitz esatari moduan lan egitera gelditu dira", erantsi du koordinatzaileak.

Ana Zabalza eta Iñigo Juango dira lanera gelditu direnetako bi. Ikusmen arazoak dituzte biek. Zabalzak kazetaritzako eta gizarte laneko ikasketak egin ditu. Bi esparru horien arteko harremana aldarrikatu du, hain zuzen ere, eta hedabide anitzetan dagoen formakuntzarik eza utzi du agerian. "Komunikatzen duzunean, irudi bat eraikitzen duzu. Hedabideek anitzetan egiten dute huts; ez dira kontuz aritzen, eta jendea etiketen pean sailkatzen dute, etengabe", erran du Zabalzak.

Etiketei ihes egitea da Atica irratiko saioan bat egin dutenen asmoetako bat, hain zuzen ere. "Hemen jendeak errateko duena entzun nahi dugu. Ikaragarria da zenbat istorio eta zenbat pertsona ezagutu dugun. Niretzat hagitz esperientzia aberasgarria izan da", azaldu du Juangok.

Astean lau egunez egiten dute El cofre del capitán Morgan saioa, Atica irratian: astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 21:00etara. Elkartasunarentzako bertze txoko bat du irratiak: Atica Elkartasuna izeneko ekinaldiaren bidez, gobernuz kanpoko hogei erakundek hartzen dute hitza, txandaka, astelehenetik ostiralera, 13:00etatik 14:00etara.

Arratsaldeko saioan, binaka aritzen dira esatariak. Soinu teknikari lanetan Atica elkarteko presidente Fernando Rodriguez aritzen da guztietan. "Ez gara profesionalak, baina horrek ez du erran nahi irratiko gure lana serio hartzen ez dugunik", azaldu du. Rodriguezek erantsi du boluntarioak direla irratian parte hartzen duten guztiak, eta ez dutela diru laguntzarik jasotzen. "Gure saioak aireratzeko dirua jarri behar dugu guk". Horregatik, iragarleak eta babesleak lortzearen garrantzia nabarmendu du Juantxo Martinez boluntarioak. "Gizartearen babesa behar dugu orain arte egindako lana egiten jarraitu ahal izateko".

Hedabideetara ailegatzeko zailtasunak dituztenak lagundu nahi dituzte Atica irratiko saio solidarioetan. "Bertze toki anitzetan ahotsik ez dutenentzat funtzio bat betetzen dugu, eta hori erantzukizun handia da guretzat", azaldu du Ignacio Ciscarrek. Irratia maite duela erantsi du, baina isiluneei beldur diela ere onartu du. "Zuzenean aritzen gara, eta, tarteka, hedabide zaila da irratia".

Zaila, baina esker onekoa. Saiora eramaten dituztenekin sortzen den giro berezia nabarmendu dute esatari guztiek. Saioak prestatzeko lanak duen garrantzia jarri du agerian Alba Mañeru esatariak. "Ni duela gutxi hasi naiz lanean, baina hagitz kontent nago. Jende zoragarria ezagutu dut, eta hagitz berezia da beren istorioa kontatu nahi dizuten horiekin hitz egitea, elkarrizketa prestatzea, eta, azkenean, elkar ezagutzea, mikrofonoen aurrean".

Hasi berria da Cristina Jaurrieta ere, eta, Mañeruk bezala, irratiak ematen dion guztia nabarmendu du. "Hunkitzen nau honat etortzen den jendeak. Lehengoan, adibidez, lan istripu baten ondorioz ospitalean sei hilabetez egondako pertsona bat etorri zen, aurrera nola egin zuen kontatzera. Bere bizipenak balio du bertze jende anitz laguntzeko, eta hori hunkigarria da".

Mezua zabaltzeko tresna

El cofre del capitán Morgan saioak jarraitzaile sutsuak ditu, eta denen artean sutsuena da Daniel Carceller. "Jarraitzaile taldeko presidentea naiz. Saioak zer duen? Honat etortzen den jendeak ez duela gezurrik erraten. Jendea etortzen da laguntza behar duelako, eta laguntza behar duenak ez du gezurrik erraten".

Patricia Valle eta Koldo Eneriz ere taldeko kide dira; bat egin dute Carcellerrekin, eta nabarmendu dute beren istorioen berri eman nahi dutenen mezua zabaltzeko tresna bat dela beren saioa. Badute zer kontatu. Eta horretan aritzen dira, astean lau aldiz.

Behar denean, babesik gabe

Behar denean, babesik gabe

Edurne Elizondo

Fauna laguntzea da Ilundaingo zentroko kideen zeregina, baina ez dira lan hori egiten ari". Horixe salatu du Gurelurrek. Zehazki, talde ekologistak agerian utzi du Ilundaingo zentroan ez direla artatzen ari laguntza beharrean diren sai arre eta zikoina gazteak. Animaliok, anitzetan, arazoak izaten dituzte beren lehendabiziko hegaldietan. Kolpe txiki baten ondorioz, ezin elikatu gera daitezke hegaztiok, eta, ondorioz, laguntza behar izaten dute aurrera egiteko. Ilundaingo zentroa du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak horretarako, baina ez da bere ardura betetzen ari, Gurelurrek salatu duenez. "Herritar anitzek deitu gaituzte, zikoina edo sai arre bat aurkitu eta gero, Ilundainen ez dutelako animalia hartu", salatu du Gurelurreko Toño Munillak.

"Dirua da kontua; Ganasak diru sail bat jasotzen du gobernuaren eskutik zentroa kudeatzeko; gutxieneko gastua egiten du betebehar duen horretan, ordea", erran du Munillak, argi eta garbi.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunek ukatu egin dute Gurelur talde ekologistak egindako salaketa. "Zikoinak eta saiak artatzen ari dira Ilundaingo zentroan; beharra duen edozein animalia artatzen dute zentroan", erran dute.

"Ez da egia", berretsi du Munillak. Talde ekologistak Ilundaingo funtzionamenduari buruzko txosten bat egin du, 2012tik 2016ra bitarteko eperako, Ingurumen Departamentuak berak helarazitako datuak oinarri hartuta. 1998. urtean, adibidez, 51 sai hartu zituzten zentroan, eta, 2012. urtean, berriz, 54; 2015ean, 11 baino ez zituzten artatu, eta, iaz, berriz, hamasei. Zikoinen inguruko datuak ere mahai gainean jarri ditu Gurelurrek: 1998an 258 bikote ugaltzaile baziren herrialdean, eta Ilundainen 46 zikoina hartu zituzten; 2012an, 889 bikote baziren, eta 40 hartu zituzten; 2016an, berriz, 946 bikote izanda, 30 artatu zituzten. "Datu horiei so egitea nahikoa da baieztatzeko Ilundaingo zentroa ez dela bere lana egiten ari", berretsi du Munillak.

Fiskaltzaren artxiboa

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin nahi du Gurelurrek. Zikoinak eta sai arreak espezie babestuak direla gogoratu du Munillak. Talde ekologistak Kontuen Ganberara eraman ditu Ilundaingo zentroko kontabilitateari buruzko datuak, eta salaketa aurkezteko asmoa ere badu. "Bada garaia Ilundainen gertatzen ari den horretan esku hartzeko; gobernua geldirik dago hegaztiak hiltzen ari diren bitartean", erran du Gurelur taldeko kideak.

Ingurumen Departamentuko kideek gogoratu dute Gurelurrek fiskaltzaren aurrean aurkeztu zuela Ilundaingo zentroari buruzko salaketa, baina erakunde horrek artxibatu egin zuela. "Hala izan zen. Baina fiskalak ez zuen erran guk salatutakoa gertatu ez zenik; datuak eskatu zituen. Orain, gure abokatuaren eta prokuradorearen bidez joko dugu epaitegira salaketa jartzera".

Zikoina eta sai arre gazteen esperientziarik ezak ekartzen du, anitzetan, arazoak izatea. Habia utzi eta gero, kableekin, antenekin edo eraikinekin kolpeak har ditzakete hegaztiok, Munillak azaldu duenez. "Kolpe larriak ez badira ere, jateko modurik ez badute, laguntza beharko dute aurrera egiteko".

Ohikoa da sai arreak habiatik ateratzen direnean herri eta hirietatik gertu ikustea, adibidez. Iruñean ere agertu izan dira. "Sai arre gazte bat hartzeko aukera izateak erakusten du animalia ez dagoela ongi. Habiatik zortzi kilo ingururekin ateratzen dira, eta bost inguru izan ditzakete aurkitzen dituztenean". Koipea galtzen dute, lehendabizi, elikatzeko aukera ez dutenean. Gero, giharra galtzen hasten dira. Ondorioz, animaliok erreskatatzea lortzen denean, premiazkoa da behar duten arreta eskaintzea. "Ezin dute bertzerik gabe jaten hasi; horrek kalte egiten ahal die, eta heriotza eragin".

Sai arreek, adibidez, bi hilabete inguruko prozesua behar izaten dute, halako egoera batean aurkitzen dituztenean, berriz ere beren kabuz hegan egin eta elikatu ahal izateko. "Horretarako dago Ilundaingo zentroa". Munillak salatu du Ganasak ez duela sosik gastatu nahi bi hilabeteko prozesu horretan, eta, ondorioz, aurkitutako animaliak hilikitegietan uzten dituztela. "Zer jatekorik gabe, ordea; eta zer jan izanen balute ere, elikatzeak kalte eginen lieke, behar duten arreta jaso gabe". Ondorioz, "utzikeria" horren emaitza animalion heriotza dela salatu du Munillak.

Auzo bizigarri bat eraikitzeko

Auzo bizigarri bat eraikitzeko

Ane Eslava

Garai gorabeheratsua bizitzen ari dira Iruñeko Alde Zaharrean. Turismoaren eta gentrifikazioaren ondorioz, auzoan bizitzea geroz eta zailagoa da bizilagunentzat, eta horren inguruko erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte. Aldi berean, ordea, loraldi bat gertatzen ari da: auzoko kolektiboak saretzen eta proiektu berri asko sortzen ari dira. Testuinguru horretan, bizilagunek topaketa bat antolatu dute, denen artean auzo bizigarriago bat sortzeko helburuz. Gaur eta bihar egingo dute, AZ Ekimenak deituta, garrantzitsuak ikusten dituzten gaiak lantzeko.

Ez da lehenbiziko aldia Alde Zaharreko bizilagunek halako batzar bat egiten dutena. Orain dela urte batzuk hasi ziren ikusten auzotarrak beren kolektiboetan bakanduta lan egiten ari zirela, eta ez zegoela guztien arteko komunikaziorik, ezta estrategia komunik ere. Hori konpontzeko, 2015ean jardunaldi bat antolatu zuten, talde guztien artean auzoaren etorkizunerako garrantzitsuak ziren gaiak lantzeko. Horrela sortu zen AZ Ekimena.

Ordutik, batzarrak egin dituzte urtero, eta pozik daude horietatik ateratako emaitzarekin. "Aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa da jendea eta proiektuak elkartzea, eta AZn jende asko bildu dugu", adierazi du Toni Iragik. Alde Zaharreko biztanlea eta AZ Ekimeneko kidea da Iragi, eta ziurtatu du aurtengo jardunaldiak garrantzi berezia izango duela. Gaur, auzoan sortu diren proiektuak aurkeztuko dituzte; bihar, berriz, gaur egun garrantzia duten auziak landuko dituzte: turismoa, etxebizitza, Plazara! proiektua, Santa Ana plazako hutsunea eta Maravillas gaztetxea.

Horien artean, turismoak eragiten die auzotarrei kezkarik handiena. Izan ere, azken urteetan aldaketa handiak jazo dira Alde Zaharrean: lehen etxebizitzak eta denda txikiak zeuden tokietan orain ostatuak, tabernak eta kate handien saltokiak daude. Iragik salatu du datuak kezkagarriak direla: "Auzoan 245 ostatu daude legez kanpokoak zenbatu gabe, eta Iruñe osoko turismo tokien %42". Horrekin lotuta, Vive Unzu izeneko proiektua aipatu du: "277 tokiko ostatu bat eraiki nahi dute; hori izango da gainezka egiteko falta den tanta". Donostiako edo Bartzelonako datuetatik oraindik urrun egon arren, Iragik ohartarazi du Iruñeko Alde Zaharra bide horretan doala. Hori saihesteko, bizilagunek eskatzen dute auzoa gune saturatu izenda dezatela.

Auzoko jardunaldietako batean, gaia lantzeko lantalde bat sortu zuten, eta, ordutik, zenbait urrats egin dituzte. Udal gobernu taldearekin elkarrizketak izan zituzten, eta, ondoren, moratoria bat aurkeztu zuten, eta turismo jarduera erregulatzeko araudi berri baten zirriborroa egin zuten. "Araudi hori onartu egin zen, eta alegazioak aurkezteko tartea ireki zuten. Baina orain prozesua geldirik dago, eta ez dakigu zergatik; kezkatuta gaude", adierazi du Iragik. Erantsi du "garrantzitsua" dela une honetan auzokoak aktibatzea eta egoera salatzea. "Bestela, honek gero ez du atzera-bueltarik izango".

Auzoaren masifikazioak eragiten dituen arazoen artean etxebizitzen prezioen garestitzea da kezkagarriena; hori da bihar landuko duten bigarren gaia. Iragik emandako datuen arabera, azken urteetan alokairuaren prezioak %17 egin du gora Alde Zaharrean, eta horrek populazioaren beherakada ekarri du: "2006tik, auzoak biztanleriaren %10,9 galdu du, eta Iruñeak, berriz, %3,9 irabazi. Atzerritarren artean, 2006tik, %41,5 joan egin dira". Arazoari irtenbidea bilatzeko helburuz, Pisuteka proiektua sortu zuten, bi zeregin dituena: batetik, etxebizitzaren arazoa salatzea, eta, bestetik, pisuak prezio eskuragarrian alokatzeko auzoko sare bat sortzea. "Bizilagunek osatutako poltsa bat da: pisu bila dabiltzanek eta berea alokatu nahi dutenek osatzen dute. Arazoa da eskaera askoz handiagoa dela eskaintza baino", azaldu du Iragik. Gaurko eta biharko topaketa baliatuko dute auzia lantzeko eta Pisutekari indarra emateko.

Kolektibotasuna da AZ Ekimenaren oinarrietako bat, eta 2015eko jardunaldian ikusi zuten hori bultzatzeko beharrezkoa zela zentro komunitario bat sortzea. Kale Nagusiko Redin Cruzat jauregi abandonatua toki egokia iruditu zitzaien horretarako, eta udalari proposamena egin zioten. Udalak baietz erantzun zuen, eta parte hartzeko prozesu bat egin zuten, zentroaren erabilera eta kudeaketa diseinatzeko. Proiektuari Plazara! izena jarri zioten. Hala ere, prozesua moteldu egin da, eta horrek biztanleak desilusionatu egin ditu, Iragik esan duenez. Hortaz, zentroari bultzada emateko ere baliatuko dute asteburua.

Gune autogestionatu berria

Bestalde, Kale Nagusian eraikin bat eraitsi berri dute, eta espazio ireki bat geratu da Pellejeria zokoaren eta Santa Ana plazaren artean, Piparrika hiri baratzearen ondoan. Auzotarrek "aukera bikaina" ikusi dute han proiektu autogestionatu bat sortzeko. "Toki bikaina da, eta ondoan Piparrikaren esperientzia izatea lagungarria izan daiteke", esan du AZ Ekimeneko kideak. Haren hitzetan, aukera ona da: batetik, bizilagunek espazio publikoak berreskuratzeko, eta, bestetik, Nabarreria plazako gehiegizko jarduera beste toki batzuetara ere eramateko. Bihar, proiektu horretarako ideiak jasoko dituzte.

Azkenik, gaur egun Alde Zaharrean pisu handia duen gai bat landuko dute: Maravillas gaztetxearen etorkizuna. Iragik azaldu duenez, gaztetxea hustu zutenean, bizilagunek bi batzar egin zituzten, eta hiru puntu adostu zituzten kolektibo gehienen artean: "Bat, Alde Zaharrarentzat beharrezkoa ikusten dugu gaztetxe bat; bi, eskatzen dugu huste bortitzik ez egitea puntu hau ez da bete; eta hiru, irtenbide adostu bat eskatzen dugu. Hirugarren hori errazteko, batzorde bat sortu genuen". Gaineratu du topaketan mahai gainean dauden hainbat proposamen landuko dituztela. Jardunaldia San Frantzisko eskolan egingo dute. Gaur hasiko da, arratsaldeko seietan, eta bihar eguerdian amaituko da, ordu batean.

Mundua, zuhaitz gaineko etxolatik

Mundua, zuhaitz gaineko etxolatik

Edurne Elizondo

Tiradera batean aurkitutako hainbat marrazki dira Cosimoren katiuskak izenburuko liburuaren abiapuntu; zehazki, Ana Ibañez ilustratzaile iruindarrak egin, eta Dani Martirena kazetari legasarrak tiradera batean aurkitutako marrazkiak. "Marrazkiei begira, pentsatu nuen bazela haien inguruan zerbait idazteko aukera", gogoratu du Martirenak.

Pentsatu eta egin. Elkarrekin lanean hasi, eta Cosimoren katiuskak izenburuko liburua sortu zuten kazetariak eta ilustratzaileak. Adin guztietako haurrentzat da, eta Etxepare saria eskuratu zuen, iaz. Orain, Pamiela etxeak eman du argitara 32 orrialdeko lana.

Ingurumenaz hitz egiten du liburuak; gaurko gizarteaz, gaurko munduaren arazoez eta erronkez. Cosimo du protagonista, izenburuak argi utzi duenez. Zuhaitz batean etxola eraiki du haurrak, eta handik egiten dio so inguruari: "Hiriko parkerik txikienean nago eta Cosimo dut izena. Trebea izan nahi dut zuhaitzetan gora. Trebeena. Adarretik adarrera ibili nahi duzunean, beherantz ez begiratzea da hoberena".

Adin guztietako haurrentzako lana da, Martirenak nabarmendu duenez. Hartzeko moduan, halere, bada aldea, adinaren arabera. "Helduek erran izan didate tristea dela; baina haurrek badute itxaropena". Gazteenen irakurketaren alde egin du egileak. Argi utzi du haurrentzat idaztea ez dela nolanahiko erronka.

Martirenak ere baikor izan nahi du. Liburua eskuetan, "kontent" dela nabarmendu du, eta harekin bat egin du Ibañezek ere. Pozik da lanarekin. Ez da, hala ere, elkarrekin egindako lehendabizikoa. Ibañezen irudiek eta Martirenaren hitzek bertze bi liburutan egin dute bat: Hankaz gora du amak mundua (2015) eta Jonek Jone izan nahi du (2017). Haurrentzako literaturaren arlokoak dira bi horiek ere, eta bietan egileak izan dira autoekoizle.

Bost aldiz hartu dute parte bi egileek Etxepare sarian, eta bosgarrenean irabazi egin dute. Horrek ekarri du Pamielak beren lana argitaratzea. Martirenak eskertu du babes hori, baina onartu du, aurreko liburuekin alderatuta, prozesua ezberdina izan dela. "Ongi dago argitaletxe batek ardura hartzea, baina zure kabuz egiten duzunean, dena kontrolatzeko eta zaintzeko aukera gehiago duzu. Zuk nahi duzun bezala egiten duzu". Emaitzarekin gustura gelditu dela zehaztu du, hala ere.

Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Asun Agiriano haur liburuzaina izan ziren iazko Etxepare sariko epaimahaiko kide. Hirurek nabarmendu zuten Martirenaren eta Ibañezen lana "gogoetarako kontakizuna" dela. Gainera, testuak poesia, umorea eta jolasa badituela erantsi zuten. Martirena ados da horrekin, eta erantsi du "kaosak" ere baduela bere tokia Cosimoren katiusken artean. Kaos horrek, azkenean, ordena ekartzen duela zehaztu du istorioaren egileak.

Bere burua idazletzat jotzea kosta egiten zaio Martirenari. Ogibidez kazetaria da. "Idazle hitzari errespetu handia diot; ez da nahikoa zerbait idaztea idazle zarela errateko". Hamaika lehiaketatan parte hartu du, eta bere lanak hainbat liburutan argitaratu ditu. Pamielak emandako 39 idazle nafar (2017) izenburuko argitalpenean jasota daude, bertzeak bertze, Martirenaren testuak. Liburu horretan Martirenaren Listu balak ageri da, hain zuzen ere.

Ana Ibañez Arte Ederretako lizentziaduna da, eskulturaren alorrean. Hainbat sari eta beka jaso izan ditu. Martirenarekin batera lan egiteak "konfiantza" eman diola onartu du ilustratzaileak. Kanpoko bultzada bat jasotzea aurrera egiteko pizgarri izan duela azaldu du egileak, zehazki. Martirenak Ibañezen lanaren kalitatea nabarmendu du, hain zuzen ere. "Marrazki liburuak, gainera, haur eta helduek maite dituzte", erran du. Haurrentzako istorioak ere badira helduen gogoeta pizteko gai, erantsi duenez. Adina, beraz, ez da Cosimoren unibertsoa ezagutzeko muga. Gustura dira Martirena eta Ibañez elkarrekin lanean, eta argi dute lan horrek emanen duela bertze fruiturik.

2019ko sariketa, prest

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek antolatutako sariketa da Etxepare izenekoa. Haurrentzako bilduma ilustratuen sariketa da, zehazki. 2004. urtean sortu zuten. 2006an, haurrentzako lanak sortzeko beka bilakatu zuten saria, baina 2009. urtetik sari izaera du, berriz ere. Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza badute euskara zerbitzuek Etxepare sariketa antolatzeko.

Iazko irabazleen lana argitaratu eta gero, prest da lehiaketaren hurrengo aldia, 2019. urtekoa alegia. Iaz, denera, hemeretzi lan aurkeztu zituzten sariketara. 2019. urtekoan parte hartzeko, maiatzaren 17ra bitarte izanen da lanak aurkezteko aukera. Bakarka parte hartu ahal izanen dute egileek, edo, bertzela, ilustratzaileentzako eta idazleentzako osatutako taldean.

Balioak kantu bilakatu nahi dituzte

Balioak kantu bilakatu nahi dituzte

Edurne Elizondo

Mutilak eta neskak berdinak gara; eta denak izan behar du denontzat". Horrela azaldu du Kaiet Albizuk berdintasuna zer den. Bederatzi urte ditu, eta Getariakoa da. Baloreak taldeko kide da, Netsanet Iriart, Luna Gonzalez, Iradi Gonzalez eta Asier Lusarretarekin batera. Deepsoda ekoiztetxea da Baloreak proiektuaren bultzatzaile. "Giza balioak sustatzeko egitasmoa da", azaldu du Pello Reparaz kideak. Musikari nafarrak idatzi ditu Baloreak taldeko kideak grabatzen ari diren zortzi kantak. Durangoko azokarako kaleratuko dute lehendabiziko diskoa.

Zortzi kanta horietatik hiru Baloreak taldeko bost kideek landu dituzte, elkarrekin. Gainerako bostak, berriz, bakoitzak Euskal Herritik kanpoko bertze haur batekin prestatutakoak dira. "Balio jakin baten inguruan aritu da bikote bakoitza, eta hitz egindako hori abiapuntu hartuta osatu dut nik kanta", azaldu du Pello Reparazek.

Kaiet Albizu berdintasunari buruz aritu zen Mexikoko bere kidearekin. Eta ondorio hori jarri zuten biek mahai gainean: mutilak eta neskak berdinak direla, alegia. "Oso pozik" dago Albizu Baloreak taldeko gainerako kideekin. "Musika eskolako andere-ñoak kontatu zigun casting bat egiten ari zirela, eta parte hartzea erabaki nuen".

"Semearentzat bezala, guretzat ere esperientzia berri bat da hau", azaldu du Albizuren ama Josune Aizpuruak. Nabarmendu du parte hartzeko ideia haurrarena izan zela. "Guk ez genion deus esan; castingaren berririk ere ez genuen. Azken egunean bidali zuen bere bideoa, eta hartu egin zuten; dena izan da ezuste bat guretzat".

Deepsoda ekoiztetxeko kideen babesa nabarmendu du Aizpuruak. Hasieratik sentitu dute taldea osatu duten haur eta gazteenganako erabateko errespetua eta zaintza. "Gurasook ere babes hori sentitu dugu, eta horrek dena errazago bilakatu du". Reparazek argi du gurasoak ere proiektuko parte direla, eta azaldu du Baloreak taldeko sustatzaileentzat "garrantzitsua" dela haien babesa izatea.

Deepsoda etxean Reparazek, Joseba Razkinek eta Paxkal Etxeparek egin dute bat. Vendetta taldeko kide da Reparaz, musikaria eta ekoizlea. Razkin, berriz, musika managerra da, eta Etxepare, soinu teknikaria. Etxeparek eta Reparazek, halere, badute musika baino zerbait gehiago komunean, eta partekatzen duten interes hori da, hain zuzen, Baloreak taldea sortu duena: "Irakasletza ikasi genuen biok. Musikaren aldeko apustuak urrundu gintuen arlo horretatik; bagenuen gogoa, ordea, zerbait egiteko, eta Baloreak taldea sortzea erabaki genuen, bi diziplinak uztartzeko", azaldu du Reparazek.

Arbizukoa da musikaria, eta herri hori bilakatu dute, neurri handi batean, Baloreak taldeko kideen egoitza nagusi. Han grabatu dute taldearen izena hartu duen lehen kantaren bideoklipa, eta han ezagutu zuten elkar taldea bera osatu duten kideek.

"Askotarikoa eta aberatsa"

Deepsoda etxeko hiru kideek martxoan jarri zuten martxan Baloreak osatzeko castinga. "Bideoak bidaltzeko eskatu genien Euskal Herriko haur eta gaztetxoei. Asko jaso genituen, eta denak aztertu eta gero, taldea osatu duten bostak aukeratu genituen", azaldu du Reparazek egindako prozesua.

Euskal Herriko hainbat txokotakoak dira taldekideak: Netsanet Iriart Baionakoa, Kaiet Albizu Getariakoa, Luna Gonzalez Bilbokoa, Iradi Gonzalez Berriozarkoa eta Asier Lusarreta, berriz, Iruñekoa. "Sentitu genuen talde honek zerbait ematen ahal diola gizarteari; talde askotarikoa eta aberatsa da".

Haien ahotsen bidez, giza balioen esparruan egin nahi dute lan Deepsodako kideek. "Errespetuaren, elkartasunaren edo umiltasunaren gisako balioak, neurri handi batean, desitxuratuta daude egun. Erlijioaren ikuspuntutik lantzen dira askotan, adibidez. Guk hori bazter utzi nahi izan dugu, eta giza balio gisa landu".

Taldea ari da diskoa grabatzen, eta Durangon aurkeztea da asmoa. Kontzerturik eskaintzeko intentziorik ez dute, ordea; oraingoz, ez, behintzat. "Ez dugu epe luzerako helbururik zehaztu nahi", azaldu du Reparazek.

Argi utzi nahi izan du abeslarien lehentasuna orain ikasketak direla, eta beren prozesuak errespetatu nahi dituztela. Haiekin eta beren gurasoekin hartuko dituzte hartu beharreko erabakiak, musikariak erantsi duenez.

Orain diskoa egiteko prozesuaz ari dira denak gozatzen. "Esperientzia polita" izaten ari dela nabarmendu du Kaiet Albizuk, eta bat egin du Reparazek. Lanaz disfrutatzen ari dira.

Ahanzturatik atera dute haren izena

Ahanzturatik atera dute haren izena

Ane Eslava

Carmen Baroja Nessi idazlea Iruñeko Kale Berriko 30. zenbakian jaio zen, 1883an. Orain, eraikin horren aurrealdean plaka bat dago haren omenez. Iruñeko Udalak jarri zuen, iragan astean, Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen eskariz. Urrats garrantzitsu bat izan da idazlea ahanzturatik ateratzeko eta aintzat hartzeko kulturan eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan egin zuen lana.

"Emakume feminista, adimentsua, kosmopolita eta euskalduna zen, eta, gaurko hitzak erabilita: ahaldundua". Hala definitu du Carmen Baroja haren biografoak, Amparo Hurtado filologo eta itzultzaileak. Hain zuzen, Baroja 98ko belaunaldiko idazlea eta etnologoa izan zen, eta artikuluak, liburuak eta katalogoak idatzi zituen. Izen handiko gizonez inguratuta bizi zen, baina lortu zuen horien artean bere tokia egitea: Pio Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja margolariaren arreba zen, baita Julio Caro Baroja antropologoaren eta Pio Caro Baroja zinemagilearen ama ere. Hainbat hiri eta herritan bizi izan zen: Madril, Valentzia, Zestoa (Gipuzkoa) eta Donostia. 30 urterekin, Rafael Caro Raggiorekin ezkondu zen.

Emakume engaiatua izan zen. 1926an, Lyceum Club Femenino taldea sortu zuen, beste emakume batzuekin batera, Madrilen, kulturaren bitartez emakumeen independentzia bultzatzeko. Idazleak lan garrantzitsua egin zuen konferentziak eta erakusketak antolatzen. Hurtadok elkarte horren garrantzia azpimarratu du: "Europa osoan eta AEBetan zeuden halako klubak, eta garrantzi handia izan zuten emakumeentzat, baina gutxi hitz egiten da horien inguruan". Barojak talde horretako emakumeengan aurkitu zuen sostenguari esker egin ahal izan zuen bere bidea, Hurtadoren arabera: "Beste emakume batzuekin aliatu zelako egin zuen bere tokia gizonen artean; Lyceum Cluben, emakumeak elkartu ziren elkarri laguntzeko eta babesteko". 36ko gerra piztu zenean itxi zuten elkartea.

Barojak frantsesa, ingelesa eta pianoa ikasi zuen. Poemak eta haurrentzako ipuinak idatzi zituen, baina haren gairik kuttunenak etnografiari eta folkloreari lotutakoak ziren. 1933an, El encaje en España liburua idatzi zuen, eta, lanak hain oihartzun zabala izan zuen, ezen idazlea Prado museoko patronatuko batzorde exekutiboko kide izendatu baitzuten. Horrez gain, 1945ean, Catálogo de la colección de amuletos lana publikatu zuen, Trabajos y materiales del Museo del Pueblo Español serieari hasiera eman ziona. Kazetaritzaren arloan ere egin zuen ekarpenik: artikuluak idatzi zituen Buenos Airesko La Nación egunkarian, Vera de Alzate ezizenez. Halaber, haren anaia Pioren zenbait obra zinemara moldatu zituen. 1925ean, antzerki talde berritzaile bat sortu zuen hainbat intelektualekin batera, Madrilen: El Mirlo Blanco.

Carmen Baroja Nessiren historia ahaztuta egon zen urte askoan, Amparo Hurtadok haren berri izan zuen arte. Julio Caro Barojaren memoriak irakurtzen ari zenean ezagutu zuen. Hurtado: "Hark aipatzen zuen bere etxean guztiek idazten zutela: osabek, aitak, anaiak… eta amak. Orduan, nik pentsatu nuen: zein bitxia… Andre bat Baroja familiaren etxean".

Oroitzapenak berreskuratu

Emakume horren historia ezagutzeko irrikaz, Hurtadok familiarengana jo zuen: gutun bat idatzi zien. Haiek azkar erantzun zuten, eta Beran zuten Itzea izeneko baserrira gonbidatu zuten. Han gordetzen zituzten emakumearen argitaragabeko idatziak. Karpeta batean aurkitu zituzten ipuinak, erreportajeak, oharrak, zinema gidoiak, komediak eta oroitzapenak. "Memoriak eskuz idatzitako ehun orri inguru ziren, inolako ordenarik gabeak". Hurtadok horiek txukuntzeari ekin zion. Anabasa sekulakoa bazen ere, ziurtatu du idatziak kalitate handikoak zirela eta emakumearen adimena, sentiberatasuna eta umorea erakusten zutela.

Ondoren, idazlearen bizitza ikertzen aritu zen bost urtez, eta, azkenik, 1998an Recuerdos de una mujer de la generación del 98 liburua idatzi zuen, Barojaren eta haren belaunaldiko emakumeen inguruan. Idazleak berak, oroitzapenetan, esan zuen 98ko belaunaldiko parte sentitzen zela; haren anaiek, ordea, ez zuten inoiz azpimarratu hori. Hurtadoren arabera, hark bere tokia aldarrikatu nahi zuen: "Erakutsi nahi zuen, isilarazi nahi bazituzten ere, 98ko belaunaldian bazirela emakume idazleak ere".

Orain dela 25 urte, Baroja ahanzturatik ateratzen hasi zen Hurtado, eta ordutik lortutakoarengatik kontent dagoela dio: "Barojatarren etxera joan nintzenean, esan zidaten inork ez zuela inoiz hari buruz galdetu; orain, berriz, plaka bat dauka Iruñean. Pozik nago: ahotsa eman diot".