Ingurunea

Txinpartak itzali, suak ez pizteko

Txinpartak itzali, suak ez pizteko

Edurne Elizondo

Zaratak iragarri du Miluzeko parkean suhiltzaileak bueltan direla. Abisua jaso dute Zangoza ondotik; norbaitek kea ikusi omen du. Deia jaso, eta berehala abiatu da helikopteroa; barruan dira pilotua, lau suhiltzaile eta haien kaboa. Basoko esku hartze azkarreko brigada osatzen dute. "Ez zen suterik; irteera baliatu dugu, halere, ariketa bat egiteko", azaldu du Kike Arizaleta kaboak, itzuli direnean. Aurizko parkeko kide da Arizaleta, baina udako kanpainarako Miluzera mugitzen da.

Sute bat pizten denean, basoko esku hartze lasterreko brigadetako kideak dira tokira ailegatzen lehenak. Helikopteroak ematen die inor baino azkarrago iristeko aukera. Haien helburu nagusia da ahalik eta lasterren hastea lanean, sua zabal ez dadin. Txinpartak itzali, suteak ez pizteko. Arizaleta buru duen brigadak ekainarekin batera hasi zuen udako kanpainako bere lana; atzo, berriz, bertze bi hasi ziren lanean, bertze helikoptero batekin. Bi brigada horietako bakoitzean emakume bana dago.

Ohi baino goizago jarri da martxan aurten suteen aurkako udako kanpaina, aurreratzea erabaki baitu Nafarroako Gobernuak: batetik, bereziki herrialdeko hegoaldean dagoen lehorteagatik; bertzetik, laboreen uzta ohi baino lehenago hasiko dutelako; eta, hirugarrenik, datozen hilabeteotarako bero handia eta euri gutxi espero delako. "Pentsa daiteke basoko sute handi bat izan dezakegula aurten ere", azaldu du Juantxo Cisneros sarjentuak.

Miluzeko parkean 11 orduko lanaldia dute udako kanpainarako kontratatu dituzten suhiltzaileek. Zangozatik itzuli eta gero, zain gelditu dira. Zain, baina adi. Bero handiko eguna da, eta, lurraren hezetasuna kontuan hartuta, edozein momentutan piztu daiteke sute bat eraginen duen txinparta. "Gauez hobera egiten du egoerak, baina, egunez, nabarmen egiten du behera lurraren hezetasunak", azaldu du Arizaletak. Uzta garaian laboreak biltzeko erabiltzen dituzten makinek sortzen dituzte, kasu anitzetan, gero suteak eragiten dituzten txinpartak. Larreak erretzeko ohiturak ere eragiten ditu suak, haizearen eraginez, adibidez, egoerak kontrolari ihes egiten dionean.

Suteren baten berririk ematen duen deirik ez, oraingoz, Miluzeko parkean. Han, Tafallako iazko sua dute denek gogoan. Azken urteotako handiena izan zen. Suak 3.500 hektarea hartu zituen abuztuan. "Azken urteotako joera da sute handi bat gertatzea udan", azaldu du Cisnerosek. Iaz, hagitz lehorrak izan ziren udako hilabeteak, eta larreak ahitu egin ziren herrialde osoan. Tenperaturari buruzko datuak jasotzen direnetik, iazko abuztua izan zen inoizko beroena.

Iazko udako kanpainan, denera, 516 sute izan ziren herrialdean; 4.600 hektarea erre zituzten su horiek. 198 hektarea baino ez ziren erre 2015. urtean, eta 894, berriz, 2014ko udan. 218 hektarea hartu zituen suak 2013. urtean, eta, 2012. urtean, berriz, 1.297. Urte hartan, 621 sute gertatu ziren Nafarroan, udan, hain zuzen ere. Iparraldean, neguan gertatzen ohi da sute gehien. Klimaren aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak direla argi dute suhiltzaileek.

"Lan teknikoa"

Basoko esku hartze lasterreko brigadako kideen lana "oso teknikoa" dela nabarmendu dute kideek. Helikopterotik jaisten direnean, aizkora, pala edo arrasteluaren gisako tresnak dituzte suari aurre egiteko. Bizkar zorroan 20 litro ur badituzte. Gehiago ez. Helikopteroak, halere, badu ura hartu eta botatzeko poltsa. "Suhiltzaileok beti gara helikopteroarekin harremanetan; ura non bota esaten ahal diogu; pilotuak, halaber, toki txarrean bagara, ohartarazten ahal gaitu". Bai eta lagundu eta diren tokitik atera ere, arriskuak gora eginez gero.

Helikopteroak du, finean, sutearen irudirik argiena. Horregatik, basoko esku hartze azkarreko brigadako kideen lana funtsezkoa da, lurretik ailegatzen diren lankideek ezin baitute izan sutearen irudi orokor bat. Kamioiak ailegatzen ez diren tokietara iristen ahal dira, gainera.

Aurtengo udan, denera, ohiko taldeko 400 suhiltzaileekin ariko dira kanpainarako kontratatutako bertze 150. Nafarroako Gobernuak azaldu du 140 suhiltzaile boluntario ere ariko direla lanean, bai eta Ingurumen Departamentuko 109 basozainak ere. Suhiltzaile boluntarioei buruz, Arizaletak argi utzi du ezin direla sartu suteak itzaltzeko moduan direnen taldean. "Boluntarioak dira; horrek esan nahi du sua pizten denean, akaso, lanean edo oporretan direla; hasierako esku hartzerako ez dira prest izaten". Lan egiteko moduan direnean, halere, haien parte hartzea eskertu ohi dute suhiltzaileek, tokia ongi ezagutzen dutelako.

Nafarroan, suhiltzaileen taldeak zerbitzu integrala eskaintzen du. Hau da, edozein motatako suteen kontra egiten dute lan. Hainbat tokitan, basoko suteetan aritzen diren suhiltzaileek talde berezia osatzen dute. "Hemen ez, baina ohiko taldea ez da nahikoa udako eta neguko kanpainei aurre egiteko", salatu du Arizaletak. Horregatik kontratatu behar dituzte suhiltzaile gehiago suteen aurkako kanpainetan aritzeko. 150, aurten. Basoko suteetan aritzen dira bakarrik.

Gobernuak, zehazki, suhiltzaile laguntzailetzat ditu langileok. Haiek ez dira kontent. "Egiten dugun lanari ez diote duen balioa aitortzen", erran du Iñigo Lasheras suhiltzaileak. "Gehiago profesionalizatu beharko lukete", erantsi du Toño Jasok. Izan ere, kanpainarako kontratatzen dituzte; hau da, hainbat hilabetez, eta, ondorioz, bertze lanen bat bilatu behar izaten dute, egunerokoari aurre egin ahal izateko. Egoera horrek zerbitzuari kalte egiten diola uste dute suhiltzaileek: "Udako eta neguko kanpainak egiten badituzu, gehienez zazpi hilabetez egiten duzu lan; jende berria etortzen da, bertze lan batzuk bilatu behar dituzulako. Formakuntzari egiten dio kalte egoerak", erran du Jasok.

Segurtasuna

Lasheras duela bederatzi urte hasi zen suhiltzaile lanetan. Lehendabizikoa du aurtengoa Miluzeko parkean. Rafa Aullo, berriz, esperientzia handiko suhiltzailea da. 1983. urtean hasi zen udako eta neguko kanpainetan lan egiten, eta Miluzeko parkean da 2007. urtetik. "1982an hasi nintzen berez, baina hilabete bat pasata bota ninduten, 17 urte baino ez nituela konturatu zirenean", gogoratu du Aullok. Sumatzen zaio suak itzaltzeko lanak betetzen duela. Horregatik, inorentzat baino mingarriagoa da beretzat iazko Tafallako sutearekin oroitzea, hangoa baita.

2004an jarri zuten Miluzeko parkean martxan basoko esku hartze azkarreko brigada. Geroztik, gauzak anitz aldatu direla uste du Aullok. "Orain, protokolo gehiago dugu, adibidez, geure burua zaintzeko; hasieran, esperientzia gehien zuenak erraten zuenari egiten genion kasu".

Hala eta guztiz ere, oraindik ere zer hobetu badela nabarmendu du Arizaletak. Basoko esku hartze lasterreko brigadak helikopteroak duen tokia baino ez du bere materiala garraiatzeko; toki mugatua da, alegia. Jasoren lana da, hain zuzen ere, errepidetik joatea, helikopteroan sartzen ez den materialarekin. Suari basoan aurre egiteko, partikula solidoen kontrako maskara baino ez dute. "Ez gaude behar bezain ongi babestuta", erran du Arizaletak. Etxebizitza bateko sutera joaten den suhiltzaileak erabiltzen duen maskarak babes handiagoa ematen du, baina Arizaletak onartu du basoan halako batekin lan egiteko zailtasun handiak izanen lituzketela. "Jende gehiago beharko genuke txandak osatzeko; edonola ere, babestuta lan egiteko dugun eskubidea aldarrikatu behar dugu".

Solastatzeko gairik ez da falta Miluzeko parkean, surik ez dagoenean. Lasheras, Aullo eta Jasorekin batera, Luis Elizegik eta Enrique Martosek osatzen dute Arizaletaren brigada. Basoko suhiltzaileak direla nabarmendu dute, administrazioak izen hori onartzen ez badie ere. Adi dira. Prest. Suak itzaltzeko prest.

Iragana delako geroaren hazi

Iragana delako geroaren hazi

Edurne Elizondo

Munduak haziak behar ditu elikatu ahal izateko; iraganeko eta egungo hazi horiek baitira etorkizuneko elikagaien giltza. Horregatik, munduko hainbat txokotan, haziak gordetzeko biltegiak badira. Artikoan dago nagusienetako bat, Norvegiako Svalbard artxipelagoan, hain justu. Munduaren azkenaren bobeda erraten diote; baita XXI. mendeko arka ere. Biltegia ez da uste zuten bezain segurua, ordea, eta arriskuan dira han jasotako haziak, urak gainezka egin, eta biltegian sartzeko tunela hartu eta gero.

Klimaren aldaketaren ondorioak sufritu ditu Artikoko biltegiak. Inoizko negurik epelena izan dute han, eta tenperaturak ohi baino zazpi gradu gehiago egin du gora. Horrek ekarri du permafrosta urtzea, eta ura tunelean sartzea. 150 metro sakon eraiki zuten biltegia, izotzak hartutako mendi batean. 4,5 milioi hazi barietate gordeta daude han, zero azpitik 18 graduko tenperaturan. Norvegiako Gobernua da biltegiko arduradun, eta urak ez diela haziei kalte egin azaldu du. Hasi dira ura ateratzeko eta bideratzeko neurriak martxan jartzen. "Haziak, oraingoz, seguru daude, behar duten tenperaturan", erran dute Norvegiako ordezkariek.

Mundu osoko haziak gordetzen ditu Svalbard artxipelagoko biltegiak. Tokian tokiko bertze hamaika ekinaldi ere badira tokiko bertako barietateak gordetzeko, eta hazi horiek lotuta duten ezagutzari eusteko. Nafarroan, herrialdeko hazi sarea ari da lanean, adibidez; tokiko haziak bilatzea du helburu, hazi horiek gordetzeko, ereiteko eta partekatzeko. Ez hori bakarrik. "Tokiko barietate tradizionalak nekazaritza bioaniztasunari eusteko funtsezkoak direla nabarmendu nahi dugu; zabaldu nahi dugu premiazkoa dela haiei eustea", azaldu du Nafarroako Hazi Sareko Esther Morenok.

Gizartea ohartarazi

Morenok uste du gizartea, oraindik ere, ez dela auziak duen garrantziaz ohartu. "XX. mendean, munduko hazien hiru laurdenak galdu genituen; oraindik ere, eta hemen, Nafarroan, tokiko barietateak galtzen ari gara; horrek erran nahi du nekazaritza bioaniztasuna galtzen ari garela, egunero, eta bioaniztasun hori behar dugu etorkizunean ere elikatu ahal izateko". Erlojupeko lasterketa bat da egungo belaunaldiak egiten ari direna, finean.

Arbasoen ondarea dira tokiko haziak, Morenoren hitzetan, baina "ondare bizia" direla zehaztu du, etorkizunerako giltza direlako. "Tokiko hazien barietateak denontzat dira ezinbertzekoak", berretsi du. Gakoa da, Nafarroako Hazi Sareko kideek nabarmendu dutenez, tokiko barietateak gogorragoak direla; hobeki egokitzen direla klimaren aldaketetara; eta egokiagoak direla nekazaritza ekologikoaren esparruan garatzeko. Saretik, hain zuzen ere, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustu garbia egin dute. Gaur egungo testuinguruak ezarritako baldintzak ezin direla bazter utzi argi du Morenok: "Krisi garaia da egungoa; ingurumen krisia dugu, klimaren krisia, nekazaritzaren krisia. Errealitatea erakusten ari da nekazaritza industriala eredu duen sistemak porrot eginen duela. Nekazaritza ahalbidetzen duten baliabideak suntsitzen ari da sistema hori".

Hitz gutxitan erranda, tokiko barietateek berezkoa duten bioaniztasuna galtzea ekartzen dute nekazaritzaren industriak bultzatutako hazi hibridoek eta transgenikoek. "Kontua ez da bakarrik tokiko haziak hobeki egokitzen direla; gainera, ikerketek agerian utzi dute nutriente, bitamina eta antioxidatzaile gehiago dituztela", erran du Monterok. Ez hori bakarrik. "Barietate bereko landareen artean ere bada aldea; tokiko hazien landareek informazio genetiko gehiago dute; barietate bereko landareak ere ezberdinak dira, eta gaixotasunen batek kalte eginez gero, ondorioz, gehiagok lortuko dute aurrera egitea", gaineratu du Nafarroako Hazi Sareko Elena Saucak. Arrea elkarteko kide ere bada.

Tokiko hazi tradizionalen eta hazi modernoen eta transgenikoen arteko aldea harago doa; ez da bakarrik zapore edo egokitzeko ahalmen kontua. Jabegoaren auzia jarri dute Saucak eta Monterok mahai gainean, hain zuzen ere. Saucak argi erran du: "Haziak ez dira inorenak, eta, aldi berean, denonak dira". Bat egin du Monterok. Gehiago erran du: "Gaur egun ditugun haziak gure arbasoek ehunka eta ehunka urtez egindako lanaren ondorio dira; nekazariek sortu dituzte". Industriak, ordea, haiena den hori kendu nahi die nekazariei, Monterok salatu duenez. Edo prezio bat ordainarazi, gutxienez.

Izan ere, barietate hibridoek jabego intelektualaren eskubideak dituzte, eta transgenikoak, berriz, patenteak babestuta daude. "Nekazariek, gainera, ezin dituzte berriz erabili", zehaztu du Saucak. "Lehen, haziak sortzeko prozesua milaka nekazariren esku zegoen; orain, antza, teknikariek baino ezin dute hori egin; haziak, gainera, gero eta etxe gutxiagoren esku dira. Sistema erabat maltzurra da", erantsi du Monterok.

Legeak ez du laguntzen. "Hazien katalogoetan sartzeko baldintzak hazi hibridoen eta transgenikoen neurrira egiten dituzte, oro har; tokiko haziak ez dituzte sustatzen, inondik inora", salatu du Monterok. Ondorioz, haien tokia, kasu anitzetan, autokontsumorako baratze txikiak dira.

Monterok "etsigarritzat" jo du herritarrak, oraindik ere, gertatzen ari denaz ez ohartzea. Nafarroako Hazi Sarearen bidez, hain zuzen ere, lan hori egin nahi dute: haziak bilatu, erein, partekatu, eta haien inguruko errealitatearen berri eman gizarteari. Haziekin batera, haiei lotuta dauden ezagutzei eustea ere garrantzitsua dela argi dute Saucak eta Monterok. "Nekazaritzari lotutako ohitura multzo eta kultura bat badirelako".

Hazien azoka

Boluntarioek osatzen dute Nafarroako Hazi Sarea; herrialde osoan bada jendea lanean, tokiko hazien bila. "Ehun baino gehiago sailkatu ditugu jada; tokiko hazitzat jotzeko 50 urtez erein behar izan dute, gutxienez, eta izan behar du kulturan isla; errotua egon behar du", azaldu du Monterok. Ezagunak dira haietako anitz: Tuterako orburuak, Azkoiengo kardua edo Zangozako potxa, adibidez. Bertze hainbat, ez dira hain ezagun, eta, gainera, galtzeko bidean dira: Ustaizeko tipula, edo Batavia letxuga.

Sareko kideen lana, halere, hasi da emaitzak ematen, eta gero eta herritar gehiagok badute interesa haziei eusteko. Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan izan dira, adibidez, hitzaldia ematen, eta erakunde horrek bere egin du tokiko hazien inguruko kezka. Urratsak egiten hasi dira, eta hilabetean behin haziak partekatzeko azoka antolatzen dute; hilaren 6, 7, 8 eta 9an eginen dute hurrengoa. "Oraingoz, tokikoak ez diren eta ekologikoak ez diren haziak ere onartzen ditugu; martxoan hasi ginen, bide motza egin dugu, oraingoz, baina uste dugu bide horretan aurrera eginez tokiko hazien esparruan eginen dugula lan, azkenean", azaldu du museoko arduradun Gurutze Santxok.

Sareko kideek ere egiten dituzte hazi trukeak; bai eta ikastaroak eta produktuak dastatzeko azokak ere. Ezagutzea da kontua. Balioa emateko. Zaintzeko.

Ubarroiak badu nork babestu

Ubarroiak badu nork babestu

Edurne Elizondo
Ubarroi handia aspalditik dute jomugan arrantzaleek. Hegaztion dieta da, haien ustez, animalia hori etsaitzat hartzeko arrazoia: amuarrainak jan, eta ibaiak hustea egotzi diete, hain zuzen ere. Ubarroiak uxatzeko baimenak lortu izan dit...

Basogintza, bidegurutzean

Basogintza, bidegurutzean

Asier Garcia Uribarri
Mende laurden bete berri du Foresna-Zurgaia Nafarroako baso elkarteak. Herrialdeko baso-jabeak batzeko, eta beren interesak defendatzeko sortu zuten elkartea hainbat baso-jabek. "Nafarroa oso lotua dago nekazaritzarekin, eta badi...

Arnasa hartzeko ebazpenak

Arnasa hartzeko ebazpenak

Edurne Elizondo
Mahai gainean ziren bi proiektu bazter utzi dituzte. Ingurumenari kalte egiten ziotelako, herritarrek haien kontra egin dute urte luzez, eta lan horrek eman du fruiturik: batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Zilbetiko Antzer...

Zientzia eta ekoturismoa

Zientzia eta ekoturismoa

Edurne Elizondo

Lindus tontor gainetik iaz 83 espezietako 400.000 hegazti pasatu ziren, abuztua eta azaroa bitarte. Hegazti horiei so egon ziren LPO elkarteko eta Ornitolan etxeko kideak. Nafarroako Gobernuaren ordezkari da azken hori, Lindus 2 izeneko proiektuan. Aurizko Udalarekin eta SEO BirdLife elkartearekin batera osatzen dute lantaldea. Pirinioetako bazter horretatik pasatzen diren hegaztien migrazioari buruzko informazioa jasotzea dute helburu, eta, datu horien bidez, klima aldaketaren gainekoak aztertzea, bertzeak bertze.

Zientzia eta turismoa uztartuz egiten dute lan, gainera: ornitologiak bisitariak erakartzeko duen gaitasuna baliatu nahi dute, Aurizko eta inguruko ekonomiaren pizgarri izan dadin. Proiektuak Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren babesa jaso du: 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta erakunde horrek ordainduko du %65.

Ornitolan etxeko kideak 2009. urtetik ari dira Lindusen lanean, migrazio garaian hango tontorraren gainetik pasatzen diren hegaztiei so. 2010ean, Lindus 1 jarri zuten martxan, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Oraingo Lindus 2 egitasmoarekin bertze urrats bat egin nahi izan dute parte hartzaileek: migrazioari so jarraituko dute uztaila eta azaroa bitartean, baina bertze hainbat ekinaldi ere bultzatuko dituzte; saguzarrak behatuko dituzte, adibidez, Lindusek haien migrazioan zer garrantzi duen argitzeko asmoz.

2009tik, metodologia bera erabili dute migrazioa aztertzen duten Ornitolan etxeko eta LPO elkarteko kideek. Uztailaren bigarren hamabostaldian ekinen diote lanari aurten, berriz ere, eta azaroko lehendabizikoan amaituko dute. Orain arte, argi ordu guztiak baliatu dituzte Lindus gainetik zer espezie eta espezie bakoitzeko zenbat hegazti pasatu diren zenbatzeko. "Saguzarrekin, gauez ere izanen dugu lana aurten", azaldu du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.

Lindus 2 proiektuak duen garrantzia nabarmendu du biologoak. Izan ere, hainbat urtez jasotako datuak behar dira ingurumenean gertatzen diren prozesuen eta gerta daitezkeen aldaketen berri jasotzeko. "Hamabost urte inguruko epemuga batek emanen digu aukera ondorioak mahai gainean jartzeko", erran du Berasategik.

Lindusen lanean aritzen direnak hasiak dira jada, halere, hainbat joeraren berri jasotzen. Argi dute, adibidez, tenperatura igotzeak hainbat ondorio izan dituela eta berekin ekarri duela hainbat espeziek migrazioa hasteko data aurreratzea. "Hori egin dute miru beltzek, adibidez; lehen baino lehenago pasatzen dira orain Lindusetik", azaldu du Ornitolan etxeko kideak.

Europako herrarien %90

Europako hegazti herrarien %90 pasatzen dira Lindusko tontorraren gainetik. 2010. urtetik, denera, bi milioi hegaztik zeharkatu dute Aurizko tontor hori. Datu horiek ornitologoentzako toki aparta bilakatu dute Linduskoa, Berasategik nabarmendu duenez. Azken urteotan, hain zuzen ere, gora egin du bisitarien kopuruak Pirinioetako bazter horretan. Prismatikoak eta teleskopioak hartu, eta Lindusen egin dute bat, zerura eta hegaztiei so egiteko.

Miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak... Luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. "Iruñetik gertu, ikuskizun ederraz gozatzeko aukera dago", berretsi du Gabi Berasategik. "Abuztuaren azken astean, adibidez, milaka zapelatz liztorjale ikus daitezke; uztailaren azkenekoan pasatzen ohi dira miru beltzak; urrian eta azaroan, berriz, kurriloak eta ubarroiak", azaldu du Ornitolaneko kideak.

Hegaztien bideari behatzerakoan, ahalik eta datu gehien jasotzen saiatzen dira ornitologoak: ordua, eguraldia, haizeak jotzen ote zuen... Halako datuen berri izatea garrantzitsua da ulertzeko, adibidez, zergatik egun jakin batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten elkarrekin toki beretik pasatzeko. Iaz, adibidez, urriaren 9an, 448 miru gorri ikusi zituzten Lindus tontor gainetik; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso pasatu ziren, eta 31n, bertze 84.000.

Bisitariak erakarri nahi dituzte Auritzera migrazioaren ikuskizunarekin goza dezaten; gainera, Lindus 2 proiektuko kideek ingurumenarekin lotutako ekinaldiekin uztartu nahi dute turismoaren jarduera hori. SEO BirdLife elkarteko kideak lehendabizikoz ariko dira 2018ra bitarte martxan izanen den proiektuan. 2018tik aurrera ere lanean jarraitzeko aukera izanen dutela espero du Berasategik; datuak jasotzen jarraitzeko. Ikertzen eta gozatzen jarraitzeko.

Hautsak harrotu dira

Hautsak harrotu dira

Kattalin Barber
Lizarraldeko herri txiki bat da Azketa. Ondoan ditu Iguzkitza, Labeaga eta Urbiola. Iguzkitzaibarko herriak dira laurak, eta laurak batu dira Aridos Reciclados de Navarra Arena enpresak eskualdean egin nahi duen lohien tratamendurako pl...

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Edurne Elizondo

Antonio Aragon izan zen, Nafarroako presidente ohi Gabriel Urralbururekin batera, Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egiteko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat. 1991ko irailean, Ebroko Ur Konfederazioko presidente izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilari izan zena. Kargu berritik, ubidearen bigarren fasea "neurrigabea" zela aitortu zuen Aragonek; "neurriz kanpoko" inbertsioak eskatzen zituela. "Nafarroako gobernuek, bideragarria ez dela jakin arren, bigarren fase horren erabilera demagogikoa egin dute 1991tik; okerrena da, ubidearen aitzakiarekin, 30 urte daramatela Erriberan uraren arazoa konpontzeko zain".

Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezenak dira hitzak eta salaketa. Erakunde horrek txosten bat egin du ubidearen bigarren fasea bazter uzteko alternatibak aztertzeko; lehen fasea egina dago, eta lehen fase hori zabaltzeko lanak ere amaitutzat jo dituzte jada; horko lurrek ubideko ura har dezaten prestatzeko obrak amaitzea falta da. Bigarrena egiteko beharrik ez dagoela uste dute Urbiziko kideek, ordea, eta aitzinera ihes egiteko arriskuaz ohartarazi dute. Izan ere, krisi ekonomikoak baztertu egin du, azken urteotan, bigarren fase hori, baina mahai gainean jarri du berriz Uxue Barkos buru duen egungo gobernuak. Bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, eta lurpeko hoditeria baten bidez egitekoa hobetsi du; baina proiektua mapan jarri du, berriz ere.

Fito Jimenezek Charo Brinquis Urbiziko kide eta aditua izan du lagun bigarren fasea bazter uzteko alternatibei buruzko txostena osatzeko prozesuan; Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errentagarritasunik eza utzi zuen agerian, jada, 2012an egindako lanean. Asteon, Jimenezek eta Brinquisek prestatutako agiria defendatu du jendaurrean erakunde bereko teknikari Julen Mendigurenek. Attac elkarteak Nafarroako ubideari buruz antolatutako mahai inguruan parte hartu du, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberorekin, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecarekin eta Intia (Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak) enpresa publikoko teknikari Idoia Ederrarekin batera. Nork bere ikuspuntutik heldu dio ubidearen auziari.

Intiaren txostena

Bigarren faseari buruzko eztabaida mahai gainean jarri zuen gobernuak 2015eko abenduan. Prozesu bat iragarri zuen orduan, parte hartzea sustatzeko, eta alternatibak lantzeko. Prozesu horren barruan, hain zuzen ere, txosten bat egin du Intiak. Erriberako nekazarien artean inkesta egin dute enpresako kideek, Ederrak azaldu duenez. Bigarren faseko hasierako proiektuak hartuko lukeen eremuaz harago jo dute, eta, denera, ureztatzaileen 53 komunitatetako kideekin egon dira. Intiako kideen helburua da lurrak ureztatzeko dagoen beharra identifikatzea, behar horri erantzun ahal izateko. "Dauden proposamen guztiak aurkeztu nahi dizkiegu, haiek erabaki dezaten", erran du Intiako teknikariak.

Txosten horretan, lau proposamen jaso ditu Intiak. Lehena litzateke egungo egoerari eustea. Bigarrenak 15.000 hektarea ureztatu ahal izateko aukera jartzen du mahai gainean, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du ubidearen bigarren fasea. Hirugarren proposamenak Val urtegiko ura baliatzea aipatzen du, haren bidez 5.000 hektarea ureztatzeko. Hektarea kopuru bera ukituko luke azken proposamenak: Lodosako ubidea baliatuko luke, eta ureztatze sistemak hobetzeko beharra jartzen du mahai gainean, gainera. Datozen hilabeteotan, proposamen horiek guztiak aurkeztuko dizkiete Intiako kideek nekazariei, eta ureztatzaileen komunitateetan bozketak egin beharko dituzte, bat edo bertze aukeratzeko.

Urbizik ontzat jo du Intiak egindako lana, eta, batez ere, nekazariei parte hartzeko aukera eman izana. Mendiguren kritiko agertu da, ordea, Nafarroako Gobernuarekin. Izan ere, 2015ean iragarritako eztabaida prozesua amaitu baino lehen egin du administrazioak bigarren fasearen alde. "Hainbat proposamen aurkeztu, baina bat hobetsi du jada: ubidea Pitillastik Ablitasera eramateko asmoari eutsi dio gobernuak". Bigarren fasearen aldeko apustuak "Canasaren tunelean aurrera egitea" ekartzen duela salatu du.

Canasa Espainiako eta Nafarroako gobernuek osatutako enpresa publikoa da; haren ardura da ubidea egitea. Urbiziko kideen hitzetan, enpresa horren "finantza krisia" estaltzea da, neurri handi batean, bigarren fasearen helburua. "2014. urtean, 8,6 milioi euroren galerak izan zituen, eta 10,5 milioi eurorenak, berriz, 2015. urtean", aipatu izan du Charo Brinquisek. Haren hitzetan, galera horien atzean dago uste baino diru gutxiago jaso duela ekoizpen hidroelektrikoagatik, uraren kontsumoa ere uste baino txikiagoa izan dela, eta proiektuaren plangintza ekonomikoa, gainera, ez dutela ongi egin. "4-5 milioi euroren gastuak ditu Canasak urtean, mantentze eta ustiatze lanengatik, baina hori ez da inongo paperetan ageri", erantsi du Brinquisek.

Intiak egindako txostena ontzat jo du Mendigurenek, baina ez, ordea, Nilsa enpresa publikoak osatutakoa. Intiak ureztatzeko beharrak aztertu ditu; Nilsak, berriz, hornidurarakoak. Etxeetara, zerbitzuetara eta industrietara ailegatzen den urari buruzkoak dira Nilsaren ardurak, hain zuzen ere. Mendigurenek salatu du Nilsak bigarren fasearen alde egin duela bere txostenean, eta zalantzan jarri ditu lan horretan jasotako ur beharrak.

Iruñerriko Mankomunitatearekin alderatu ditu Mendigurenek datu horiek. "2015ean, etxeetan, zerbitzuetan eta industrian 30 hektometro kubo kontsumitu ziren Iruñerrian; 360.000 biztanle ditu. Erriberan 90.000 dira, eta 18,5 hektometro kuboko beharrak jarri ditu Nilsak mahai gainean". Fito Jimenezek ere zalantzan jarri ditu kopuru horiek, eta uste du ez dutela justifikaziorik. "Iruñerriko kontsumoa halako bi dute Erriberan; kontrolatu gabeko uraren kopurua ere izugarri handia da; urak ihes egiten duela erran nahi du horrek, bertzeak bertze. Beti gertatu da datuak puztu direla ubidea justifikatzeko", erantsi du Urbiziko kideak.

Garai batean, adibidez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Itoizko urtegia eta ubidea egin behar zirela Iruñerriak txorrotako ura behar zuelako. Errealitatea da Iruñerriak gutxitan kontsumitu duela Itoizko ura. "1,1 milioi euro ordaintzen ditu Iruñerriko Mankomunitateak, urtean, erabiltzen ez duen uragatik", salatu du Mendigurenek. Hau da, kopuru finkoa da hori, ura kontsumitu edo ez ordaindu behar dena. Egoera hori aldatu nahi du mankomunitateak berak, eta, antza, aurten kopuru horren erdia ordaintzeko akordioa egin du.

Datuen inguruko kezkak agerian utzi ditu Urbizik, baina ez du ukatu Erriberan arazo bat dagoela uraren kalitatearekin, eta konpondu beharra dagoela aitortu du. Zalantzan jarri du, ordea, bigarren fasea gauzatzea aukerarik onena ote den hori egiteko, eta alternatiba gisa aipatu ditu El Ferial urtegia eta Queilesko iturriak.

Nekazaritza eredua

Gobernuak, oraingoz, ubidearen bigarren fasearen alde egin du horniduraren esparruan dauden arazoak konpontzeko eta lurrak ureztatzeko sistema gisa. Aurreko gobernuek mahai gainean jarritako datuak ez lirateke beteko, hala ere. Bigarren faseak 21.500 hektarea ingururi eraginen ziela erran izan da urte luzez; oraingo gobernuak uste du 15.000 hektarea inguru ureztatzeko gaitasuna duela ubideak, eta, kopuru horretatik abiatuta, 9.000-10.000 hektarea inguruko azalera proposatu du. Lur azpitik obra %40 merkeago izanen litzatekeela erantsi du.

Datuez eta kopuruez harago, nekazaritzari buruzko ikuspuntu zabalago bati eusteko beharra nabarmendu du, hala ere, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberok. Urtegiaren eta ubidearen aurka agertu da sindikatu hori hasieratik, eta halako azpiegiturek ekartzen dituzten kalteak berretsi ditu Iberok, berriz ere. Batetik, salatu du ubideari lotutako ereduak bazter uzten dituela nekazari txikiak, eta monolaborantzako lurrak hedatzen dituela. Ubidea nekazarientzat uste zuten baino garestiagoa dela ere salatu du, eta gobernuak proiektua "saldu" egin duela, "zentzuzko plangintza" egin gabe.

Bertzetik, Iberok agerian utzi du ubideak erabat baldintzatzen duela Ingurumeneko, Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrekontua. "Bertzelako laguntzetarako dirurik ez da; aurrekontua 76,7 milioi da, eta 21 zuzenean doaz ubidearentzat".

Kexa horrekin bat egin du Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecak; bertze hainbat departamentuk ere gastuaren zati bat hartu beharko luketela uste du; Canasak ureztatzaileei kobratzen dienarekin ere baditu desadostasunak. "Argi dut erabiltzaileok ordaindu behar dugula azpiegituraren zati bat; baina obra guztia egin gabe, orain lanean ari garenok ari gara azpiegitura osoa ordaintzen". Eta ez du bidezkotzat jo. Ubidearen alde egin du, hala ere, argi eta garbi. Eta nekazari gehienen artean ere jarrera azpiegitura horren aldekoa dela uste du. "Lehen fasean, lurren %12 baino ez dira gelditu proiektutik at".

Bertze datu bat, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak eragindako guztien artean. Azpiegitura horien benetako dimentsioari neurria hartzea, hala ere, ez da erraza. Lehen fasea egina da. Bigarrena, oraingoz, mahai gainean. Harekin batera, batzuen kezkak, eta bertzeen itxaropenak. Behar ote den da gakoa.

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Edurne Elizondo

Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramaile Alberto Friasek ez du ezkutatu gertatu denak "harritu" egin duela. "Harritu, bai eta haserretu ere", argi utzi duenez. "Inoizko jokalekurik okerrena dugu aurrez aurre", nabarmendu du Friasek. Azken asteotan hainbat udaletan jasotako mezuak eragin du egoera hori: Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak ezagutarazi die martxan jarri duela Ezkio-Itsaso eta Orkoien arteko 220 kilowatteko linea berrindartzeko proiektua. Ingurumenean izanen lukeen eragina aztertzeko prozesua abiarazi du jada. Proiektu horrek, hala ere, ez du ekarri aurretik mahai gainean zegoena bazter uztea. "Indarrean jarraitzen du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean 400 kilowatteko linea egiteko asmoak", salatu du Friasek. Ogirik nahi ez duenari, beraz, taloa eman nahi dio Espainiako Sare Elektrikoak.

Hemeretzi herritan jaso dute Espainiako Ingurumen Ministerioaren gutuna; haietako hamahiru dira Nafarroakoak. Orkoiengo azpiestazioak bi linea ditu: Altsasu-Orkoien 1 da lehena, eta Altsasu-Orkoien 2, bigarrena. Azken horrek Sakanako herriak zeharkatzen ditu, eta Etzegaratetik ailegatzen da Ezkio-Itsasora. "Hori da berrindartu nahi dutena", azaldu du Friasek. Hori egiteko, zazpi kilometroko azaleran dauden zuhaitzak moztu nahi dituzte, bertzeak bertze. "Haritzak eta pagoak dira hor dauden gehienak", zehaztu du Friasek.

Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak erantsi du linea berrindartzeko erabilitako argudioek agerian uzten dutela Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko 400 kilowatteko linea berria ez dela beharrezkoa. "Egungo linea berrindartzeko asmoa saltzeko, aipatu dute hori egiteak ekartzen ahal duela bertze linea berririk ez egitea; onartzen ari dira linea berririk ez dela behar", azaldu du Friasek.

Espainiako Sare Elektrikoak, ordea, ez du bertze linea hori egiteko proiektua bazter utzi. Inondik inora. "Aurrera jarraitzen dute", salatu du Friasek. "Argi dago ingurumenean kalte gutxiago eraginen lukeela jada eginda dagoen linea bat berrindartzeak, bertze berri bat egiteak baino; baina hemen biak egin nahi dituzte, eta hori ezin dugu inolaz ere onartu", berretsi du proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Espainiako Gobernuak 2011. urtean jarri zuen martxan 400 kilowatteko linea berri hori egiteko proiektuak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko azterketa egiteko prozesua. Behin betiko bidea erabaki eta gero, 2013. urteko udan alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Espainiako Gobernuak; Nafarroatik eta Gipuzkoatik, hain zuzen ere, 13.000 baino gehiago aurkeztu zituzten. Alegazio horiek ez dute erantzunik jaso, oraindik ere. "Proiektua geldirik dago, baina ez dute bertan behera utzi", ohartarazi dute plataformako kideek. Ingurumenean eta herritarren osasunean eraginen lituzkeen kalteak nabarmendu ditu Friasek.

Bozeramaileak berretsi du goi tentsioko linea berri horren helburua ere ez dela bertako herriak hornitzea. "Azpiestaziorik ez dute eginen; helburua da argindarra Frantziara eramatea", azaldu du. Hori bera salatu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, behin baino gehiagotan. "Kontsumitzen dugunaren bikoitza ekoizteko gai gara; gisa horretako proiektuen atzean negozioa baino ez dago", erran du fundazioko kide Martin Zelaiak. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artekoa, gainera, ez da proiektu bakarra. Sustrai Erakuntzak mahai gainean jarri du, azken hilabeteotan, Europak bertze linea bat bultzatu nahi duela Iruñerritik Landetara, Pirinioak zeharkatuz.

Gobernua, isilik

Espainiako Ingurumen Ministeriotik jasotako mezuari erantzuten hasi dira udalak. "Alegazioak aurkeztuko ditugu". Alberto Friasek onartu du, hala ere, proiektu berriak "ezustean" harrapatu dituela herri anitz, eta zenbaitetan, segur aski, erantzuteko epez kanpo izanen direla. Amore emateko asmorik ez dute, hala ere.

Plataformak, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak duen ardura jarri du mahai gainean. Bozeramaileak erran du jakin badakitela Espainiako Sare Elektrikoko arduradunek bilerak egin dituztela Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. "Ez dute hitzik ere erran, ordea", salatu du Friasek.

Gogoratu du, gainera, plataformak iazko maiatzean eskatu ziola bilera Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiri. "Ez dio erantzunik eman gure eskaerari". Ondorioz, Nafarroako presidente Uxue Barkosi zuzendu diote, orain, bilera egiteko eskaera. Gobernuko arduradunen "isiltasuna" ez du batere ontzat jo Friasek, eta gogoratu du egungo gobernua babesten duten taldeen arteko akordio programatikoan jaso zela goi tentsioko linearen auzia.

Akordio horretan aipatu zuten, hain zuzen ere, azterketa bat eginen zutela goi tentsioko beste linea bat beharrezkoa ote zen edo ez zehaztu ahal izateko. Proiektuak kalte egindako herrietako biztanleen iritzia kontuan izanen zutela jaso zuen agiriak, gainera. "Baina ez dute gurekin hitz egin nahi", salatu du Friasek. Eta kezkagarritzat jo du egungo egoera. Plataforman ez daude prest ogia eta taloa jasotzeko.

Udaberriak jo du Erronkari

Udaberriak jo du Erronkari

Edurne Elizondo

Etnografiak eta landareen biologiak bat egin dute Erronkarin, eta elkarlan horren emaitza da Erronkari ibaxako gida etnobotanikoa izenburuko lana. Euskaraz eta gaztelaniaz plazaratu berri du Lamiñarra argitaletxeak. 400 orrialde baino gehiagoko liburua da, eta, 211 fitxaren bidez, 300 landareren baino gehiagoren berri jasotzen du. Udaberriak bertze inon baino lehenago jo du Erronkariko bazterretan.

300 landare horiek ez dira, inondik inora, Erronkarin dauden guztiak. "Lagin txiki bat besterik ez da", gidaren egileek nabarmendu dutenez. Gisako lehendabiziko gida da, ordea, eta bide bat zabaltzen duelako badu balio erantsi bat, hain zuzen ere, Pascualek eta Ordunak argi utzi dutenez. Liburuaren bitartez, paisaiaren eta Erronkariko biztanleen arteko harremana jorratu dute. "Paisaiaren eta kulturaren arteko harremana, alegia", Ordunak zehaztu duenez.

Etnografoa da Orduna, eta 1998an hasi zen Erronkarin lanean. Lanbideak eman zion Erronkariko herrietako bizilagunek paisaiarekin duten loturaren berri, hain zuzen ere. Orain arte landutako gaiez harago jo nahi zuen, eta horregatik jarri zen harremanetan Virginia Pascualekin. "Gizakiek naturan utzitakoa eta, alderantziz, naturak gizakiengan utzitako hori aztertzeko". Landareen biologian doktore da Pascual. Malagakoa da (Espainia), eta Lamiñarrak plazaratutako liburuarekin izan du Erronkari aurrenekoz ezagutzeko aukera. "Oro har, etnobotanikako lan gutxi egin dira hemen. Hego Ameriketan ari dira esparru hori lantzen, batez ere".

Erronkariko landareak aztertzeko, hango herrietan gora eta behera aritu dira Orduna eta Pascual. Batetik, Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute, Erronkariko lurren %60 inguru babestutako eremua baita. "Gobernuak hasieratik bat egin du gure lanarekin, Erronkariko biodibertsitatea ezagutzeko lagungarria baita; ezer gutxi jorratu denez gaia, guk lortutako datuak Ingurumen Departamentuarentzat ere badira baliagarriak", azaldu du Pascualek.

Bertzetik, herritarren parte hartzea nabarmendu dute gidaren egileek. Izan ere, herriz herri, Erronkariko biztanleen ahotik jaso dute landare baten eta bertzearen inguruko informazioa. "Landareen izenak eta landare horiek zertarako erabiltzen zituzten azaldu digute, bertzeak bertze", erantsi du Ordunak.

Jakintza tradizionala

Egileek bat egin dute: "Garrantzitsua da herriotako biztanleen ezagutza ez galtzea". Eta liburua zabaltzeko, hain zuzen ere, erronkariarren eta lurraren arteko lotura agerian uzten duen kopla jaso dute: "Ardantzak/ emoitan dei ardaua/ eta alorrak garia,/ atzeek fruitua eta,/ kartxiriak kaparrona".

Pascualek eta Ordunak gogoratu dute Nazio Batuek 1992. urtean dibertsitate biologikoari buruz egin zuten hitzarmenean jaso zutela landareei eta beren erabilerari buruzko jakintza tradizionala balio handikoa zela biodibertsitate horri eusteko, hain zuzen. Erronkariko landareen inguruan osatu berri duten gida etnobotanikoa da jakintza horren adibide. Egileek gaztelaniaz eta euskaraz eman dituzte landare horien izenak, eta herriz herri erabili izan dituztenak ere jaso dituzte, kasu anitzetan, Erronkariko euskaraz.

Izen horien eta landareen marrazkiekin eta argazkiekin batera, herriz herri zituzten erabileren berri jaso dute egileek. Basaporruari, adibidez, auxporru erraten zioten erronkarieraz. Hau da, frantses porrua. Mendian jasotzen zuten, eta jateko erabiltzen zuten. Astigarra, berriz, zuhaixka gogorra zenez, eskailerak egiteko baliatzen zuten, batez ere. Lapabelarra, bertze landare anitz bezala, zauri txikiak sendatzeko erabiltzen ohi zuten. Burgin, halere, lore zurixkako landare igokari bati erraten diote lapa. Hormetan gora gogoz egiten du landare horrek.

Burgin, hain zuzen, liburuaren lehendabiziko aurkezpena egin dute egileek jada. Herriz herri aurkezteko asmoa badute, hala ere, "jasotakoa itzultzeko", Ordunaren hitzetan. Berretsi du haiek egindako gida Erronkariko landareak ezagutzeko lehen urratsa baino ez dela, eta beren lanak ekarriko dituela bertze anitz.