Iragana delako geroaren hazi

Edurne Elizondo

Munduak haziak behar ditu elikatu ahal izateko; iraganeko eta egungo hazi horiek baitira etorkizuneko elikagaien giltza. Horregatik, munduko hainbat txokotan, haziak gordetzeko biltegiak badira. Artikoan dago nagusienetako bat, Norvegiako Svalbard artxipelagoan, hain justu. Munduaren azkenaren bobeda erraten diote; baita XXI. mendeko arka ere. Biltegia ez da uste zuten bezain segurua, ordea, eta arriskuan dira han jasotako haziak, urak gainezka egin, eta biltegian sartzeko tunela hartu eta gero.

Klimaren aldaketaren ondorioak sufritu ditu Artikoko biltegiak. Inoizko negurik epelena izan dute han, eta tenperaturak ohi baino zazpi gradu gehiago egin du gora. Horrek ekarri du permafrosta urtzea, eta ura tunelean sartzea. 150 metro sakon eraiki zuten biltegia, izotzak hartutako mendi batean. 4,5 milioi hazi barietate gordeta daude han, zero azpitik 18 graduko tenperaturan. Norvegiako Gobernua da biltegiko arduradun, eta urak ez diela haziei kalte egin azaldu du. Hasi dira ura ateratzeko eta bideratzeko neurriak martxan jartzen. “Haziak, oraingoz, seguru daude, behar duten tenperaturan”, erran dute Norvegiako ordezkariek.

Mundu osoko haziak gordetzen ditu Svalbard artxipelagoko biltegiak. Tokian tokiko bertze hamaika ekinaldi ere badira tokiko bertako barietateak gordetzeko, eta hazi horiek lotuta duten ezagutzari eusteko. Nafarroan, herrialdeko hazi sarea ari da lanean, adibidez; tokiko haziak bilatzea du helburu, hazi horiek gordetzeko, ereiteko eta partekatzeko. Ez hori bakarrik. “Tokiko barietate tradizionalak nekazaritza bioaniztasunari eusteko funtsezkoak direla nabarmendu nahi dugu; zabaldu nahi dugu premiazkoa dela haiei eustea”, azaldu du Nafarroako Hazi Sareko Esther Morenok.

Gizartea ohartarazi

Morenok uste du gizartea, oraindik ere, ez dela auziak duen garrantziaz ohartu. “XX. mendean, munduko hazien hiru laurdenak galdu genituen; oraindik ere, eta hemen, Nafarroan, tokiko barietateak galtzen ari gara; horrek erran nahi du nekazaritza bioaniztasuna galtzen ari garela, egunero, eta bioaniztasun hori behar dugu etorkizunean ere elikatu ahal izateko”. Erlojupeko lasterketa bat da egungo belaunaldiak egiten ari direna, finean.

Arbasoen ondarea dira tokiko haziak, Morenoren hitzetan, baina “ondare bizia” direla zehaztu du, etorkizunerako giltza direlako. “Tokiko hazien barietateak denontzat dira ezinbertzekoak”, berretsi du. Gakoa da, Nafarroako Hazi Sareko kideek nabarmendu dutenez, tokiko barietateak gogorragoak direla; hobeki egokitzen direla klimaren aldaketetara; eta egokiagoak direla nekazaritza ekologikoaren esparruan garatzeko. Saretik, hain zuzen ere, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustu garbia egin dute. Gaur egungo testuinguruak ezarritako baldintzak ezin direla bazter utzi argi du Morenok: “Krisi garaia da egungoa; ingurumen krisia dugu, klimaren krisia, nekazaritzaren krisia. Errealitatea erakusten ari da nekazaritza industriala eredu duen sistemak porrot eginen duela. Nekazaritza ahalbidetzen duten baliabideak suntsitzen ari da sistema hori”.

Hitz gutxitan erranda, tokiko barietateek berezkoa duten bioaniztasuna galtzea ekartzen dute nekazaritzaren industriak bultzatutako hazi hibridoek eta transgenikoek. “Kontua ez da bakarrik tokiko haziak hobeki egokitzen direla; gainera, ikerketek agerian utzi dute nutriente, bitamina eta antioxidatzaile gehiago dituztela”, erran du Monterok. Ez hori bakarrik. “Barietate bereko landareen artean ere bada aldea; tokiko hazien landareek informazio genetiko gehiago dute; barietate bereko landareak ere ezberdinak dira, eta gaixotasunen batek kalte eginez gero, ondorioz, gehiagok lortuko dute aurrera egitea”, gaineratu du Nafarroako Hazi Sareko Elena Saucak. Arrea elkarteko kide ere bada.

Tokiko hazi tradizionalen eta hazi modernoen eta transgenikoen arteko aldea harago doa; ez da bakarrik zapore edo egokitzeko ahalmen kontua. Jabegoaren auzia jarri dute Saucak eta Monterok mahai gainean, hain zuzen ere. Saucak argi erran du: “Haziak ez dira inorenak, eta, aldi berean, denonak dira”. Bat egin du Monterok. Gehiago erran du: “Gaur egun ditugun haziak gure arbasoek ehunka eta ehunka urtez egindako lanaren ondorio dira; nekazariek sortu dituzte”. Industriak, ordea, haiena den hori kendu nahi die nekazariei, Monterok salatu duenez. Edo prezio bat ordainarazi, gutxienez.

Izan ere, barietate hibridoek jabego intelektualaren eskubideak dituzte, eta transgenikoak, berriz, patenteak babestuta daude. “Nekazariek, gainera, ezin dituzte berriz erabili”, zehaztu du Saucak. “Lehen, haziak sortzeko prozesua milaka nekazariren esku zegoen; orain, antza, teknikariek baino ezin dute hori egin; haziak, gainera, gero eta etxe gutxiagoren esku dira. Sistema erabat maltzurra da”, erantsi du Monterok.

Legeak ez du laguntzen. “Hazien katalogoetan sartzeko baldintzak hazi hibridoen eta transgenikoen neurrira egiten dituzte, oro har; tokiko haziak ez dituzte sustatzen, inondik inora”, salatu du Monterok. Ondorioz, haien tokia, kasu anitzetan, autokontsumorako baratze txikiak dira.

Monterok “etsigarritzat” jo du herritarrak, oraindik ere, gertatzen ari denaz ez ohartzea. Nafarroako Hazi Sarearen bidez, hain zuzen ere, lan hori egin nahi dute: haziak bilatu, erein, partekatu, eta haien inguruko errealitatearen berri eman gizarteari. Haziekin batera, haiei lotuta dauden ezagutzei eustea ere garrantzitsua dela argi dute Saucak eta Monterok. “Nekazaritzari lotutako ohitura multzo eta kultura bat badirelako”.

Hazien azoka

Boluntarioek osatzen dute Nafarroako Hazi Sarea; herrialde osoan bada jendea lanean, tokiko hazien bila. “Ehun baino gehiago sailkatu ditugu jada; tokiko hazitzat jotzeko 50 urtez erein behar izan dute, gutxienez, eta izan behar du kulturan isla; errotua egon behar du”, azaldu du Monterok. Ezagunak dira haietako anitz: Tuterako orburuak, Azkoiengo kardua edo Zangozako potxa, adibidez. Bertze hainbat, ez dira hain ezagun, eta, gainera, galtzeko bidean dira: Ustaizeko tipula, edo Batavia letxuga.

Sareko kideen lana, halere, hasi da emaitzak ematen, eta gero eta herritar gehiagok badute interesa haziei eusteko. Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan izan dira, adibidez, hitzaldia ematen, eta erakunde horrek bere egin du tokiko hazien inguruko kezka. Urratsak egiten hasi dira, eta hilabetean behin haziak partekatzeko azoka antolatzen dute; hilaren 6, 7, 8 eta 9an eginen dute hurrengoa. “Oraingoz, tokikoak ez diren eta ekologikoak ez diren haziak ere onartzen ditugu; martxoan hasi ginen, bide motza egin dugu, oraingoz, baina uste dugu bide horretan aurrera eginez tokiko hazien esparruan eginen dugula lan, azkenean”, azaldu du museoko arduradun Gurutze Santxok.

Sareko kideek ere egiten dituzte hazi trukeak; bai eta ikastaroak eta produktuak dastatzeko azokak ere. Ezagutzea da kontua. Balioa emateko. Zaintzeko.