Ingurunea

Helburua betetzeko oxigenorik gabe

Helburua betetzeko oxigenorik gabe

Edurne Elizondo

Nafarroako ingurumenari mehatxu egiten dioten proiektuen mapa aurkeztu zuen Sustrai Erakuntza fundazioak, martxoaren amaieran, erakunde horretako bazkideen eta lagunen aurrean. 2015eko gatazkei egin diete so fundazioko kideek mapa hori osatzeko, eta hamaika auzi jarri dituzte mahai gainean: abiadura handiko trena, Esa handitzeko proiektua, handik gertu harrobia egitekoa, Aroztegiko egitasmoa, Castejongo zentral termikoak, goi tentsioko lineak, eta abar. Luzea da zerrenda. Sustrai Erakuntzako kide Xabier Zubialdek, halere, denak arazo beraren hainbat aurpegi direla nabarmendu zuen aurkezpen hartan: elkarri lotutako auziak direla, eta egungo gizarte ereduaren ondorio direla denak.

Sustrai Erakuntza fundazioak egindako mapatik kanpo gelditu arren, egungo gizarte eredu horrek ibaiengan duen eragina ere mahai gainean jarri nahi izan zuen, martxoko bilera hartan, Juan del Barrio ekologistak. Zehazki, Argak Iruñetik beheiti duen egoera salatu zuen. Hainbat adituk egindako ikerketek ere agerian utzi dute errealitate hori: 2015erako bete behar zituen helburuak ezin izan ditu bete, ibaiaren egoera ez baita ona, hainbat zatitan, Europak zehaztutako kalitate irizpideen arabera. Ondorioz, 2027ra arte atzeratu behar izan dute kalitate ona lortzeko epea, Argako hainbat zatitan.

Nafarroako herritar gehienak Iruñerrian bizi dira. 350.000 biztanle baino gehiagoko populazioa du eskualde horrek. Eta Arga ibaiari eragiten dio herritar horien bizimoduak, egunero, bertzeak bertze. Arazurin, 1990. urtean araztegia inauguratu zuten, Iruñerriko urak garbitzeko. Arazketa primarioa eta sekundarioa egiten dute azpiegitura horretan, baina ez da nahikoa ibaiak behar duen kalitatea izan dezan.

Garbitzeko gaitasunik gabe

145 kilometro luze da Arga. Goi ibarrean Eugiko presak heltzen dio urari. Handik behera, berriz, Iruñerriko industriak eta bidean dituen presa txikiek eragiten diote, batez ere. Ebroko Ur Konfederazioak berak egindako txostenek argi diote ibaiaren egoera zein den: "Argaren kalitatea aski hondatua dago; horrek harreman zuzena du ibaiak Iruñerrian barrena egiten duen bidearekin; Barañain inguruan dauden gatz ustiapenekin; bai eta bere bidean dauden presekin ere". Arazuriko araztegiak ez du arazketa tertziarioa egiten, eta, ondorioz, gatzen arazoa ez da konpontzen. Kutsatzaile guztiak desagerrarazteko ahalmenik ere ez du, eta ibaian gelditzen dira herritarrek erabiltzen dituzten xaboi, kosmetiko edo botiken arrastoak ere.

Arazo hori onartu du Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezek. Presek eragiten dutena nabarmendu du, bereziki, halere. Zehazki, Garesko udalerriko Sarriako presak aipatu ditu. "Eremu horretan ur lasterrak baziren lehen, eta ura berez garbitzen zen, berez oxigenatu egiten zen". Egindako presek, ordea, dinamika hori apurtu egin dute, eta, ondorioz, ibaiak berez garbitzeko zuen gaitasun hori galdu egin du.

Sarriako presen aurka Arga Bizirik elkarteko kideek egin zuten borroka, urte luzez, Garesen. Sarriako lursailaren jabe Felix Huarteren familiak 1959. urtean jaso zuen han presa bat egiteko kontzesioa. 1991n, presa horren ordez hiru egiteko proiektua jarri zuen mahai gainean Iniciativas Energeticas izeneko enpresak. Konpainiak 2004. urtean lortu zuen egitasmo hori gauzatzeko baimena.

Kantabriako Unibertsitateak Argari buruzko txostena egin zuen, 2011n, eta Belaskoain eta Gares arteko presa horiek nabarmendu zituen Argak dituen arazo nagusien artean. Jimenezek, halere, ez dio konponbide erraza ikusten auzi horri. "Kantabriako Unibertsitatean egindako txosten horrek ere aipatu zuen garestiegia litzatekeela presa horiek behera botatzea", azaldu du.

Bertzelako neurriak jarri izan ditu administrazioak mahai gainean, azken urteotan, auzi horri buruz. Adibidez, udan Eugiko urtegiko ura erabiltzea Argaren emaria handitzeko, eta, ondorioz, garbitzen laguntzeko. Uraren Kultura Berria fundazioak ez du neurri horrekin bat egin, ordea. Egindako zenbait txostenek ere ez dutela neurri hori eraginkortzat jotzen nabarmendu du. "Helburua da Iruñerriak Itoizko ura behar duela justifikatzea", erran du Jimenezek. Are gehiago orain, Iruñerriko Mankomunitateak berak zalantzan jarri duenean Canasarekin duen ituna. Urtean milioi bat euro baino gehiagoko kanona ordaintzen du mankomunitateak "uraren erreserba" gisa, baina Itoizko ura Iruñerriak kontsumitzen duenaren %6,4 baino ez da.

Rios con Vida elkarteko Jorge Tenientek ere presek ibaien berezko ur dinamikak nola aldatzen dituzten nabarmendu du. "Garai batean, iragazkorrak ziren; egun, berriz, hormigoizko paretak dira. Aingirek, adibidez, ezin dituzte gainditu". Argako berezko espezie anitz desagertu dela nabarmendu du , eta gizakiak kanpotik ekarritako bertze hainbatek hartu dutela haien tokia.

Bertzelako hainbat azpiegituraren eragina ere jarri du Tenientek mahai gainean; uholdeei aurre egiteko erabiltzen diren lubetak, adibidez. "Ibaitik hurbilegi jartzen dituzte; ondorioz, uholdea dagoenean uraren abiadura azkartu bertzerik ez dute egiten; ibaiari gainezka egiteko espazioa eman behar zaio".

Horrek eskatzen du nekazariekin negoziatu beharra. "Egin, egiten da. Argan bertan, bisoi europarraren habitata hobetzeko kendu dituzte hainbat presa txiki". Halako neurriak eraginkorrak direla azaldu du Tenientek, eta administrazioari eskatu dio ibaian gora egiten jarrai dezala, gisako neurriak martxan jartzeko.

Urtarrilean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizalderekin egin zuen bilera Tenientek. Ez zen hagitz kontent gelditu, ordea. Arazoetako bat aurrekontua dela uste du. "Elizaldek berak erran zuen aurrekonturik txikiena duen departamentua dela harena".

Bidasoan, Life proiektua

Ausardia ere eskatu du Tenientek, eta Bidasoan azken egunotan piztu den eztabaida jarri du horren adibide. Nafarroa eta Gipuzkoa Irekibai izeneko Life proiektuan ari dira parte hartzen. Ia hiru milioi euroko aurrekontua dute egitasmo hori garatzeko. Europak jarriko du %60. Proiektu horren helburua da uraren zuzentarauak zehaztutako helburuak betetzeko neurriak martxan jartzea. Ondorioz, hainbat presa botako dituzte Bidasoa ibaian. Itsasotik gora Endarlatsan dagoena da behera botako dituztenetako bat. Itsasotik Bidasoan gora sortu ziren errekaren bila sartzen diren izokinak harrapatzen saiatzen diren arrantzaleak kontra agertu dira, ordea.

"Elizalderi erran diogu Life proiektu hori betetzen ez badu Europan salatuko dugula", ohartarazi du Tenientek. "Ibaiak behar du presa horiek botatzea, eta gobernuak ezin du atzera egin 20 arrantzalek ez dutelako nahi".

Ingurumen Departamentuko Ur arloko teknikaria da Luis Sanz, eta Irekibai proiektuan parte hartzen ari diren profesionaletako bat. "Asmoa da lau presa botatzea, eta bertze batean lanak egitea iragazkor bilakatzeko; bi presa 2016 honetako agorraldian botako ditugu, eta bertze bi 2017. urteko agorraldian", nabarmendu du.

Sanzek azaldu du Life proiektuak direla Europak estatuetako ingurumen politikak finantzatzeko duen tresna. "Irekibai izeneko proiektuaren bidez, uraren eta habitaten zuzentarauek jasotako helburuen alde eginen dugu". Habitaten zuzentarauak zehazten du Europaren intereseko tokiak kudeatzeko planak egiten direnean, babes bereziko eremu bilakatzen direla. Halakoa da Bidasoa ere.

Ibaiari mesede handia eginen dio presak botatzeak. Argi eta garbi erran du hori Sanzek. Endarlatsakoarekin batera, San Martingoa botako dute Bidasoan. Erdian bada bertze bat, baina hori ez dute ukituko, hango zentral hidroelektrikoa martxan delako. Hartuko dituzten neurriekin, Bidasoako bi kilometro inguruko tarteari eraginen diote. "Orain ura bilduta dago, baina presak kenduta, ibai askea izanen dugu; horrek on eginen dio".

Ingurumenaren ikuspuntutik presak ez direla onak berretsi du Sanzek. "Lortzen eta galtzen dugunaren arteko oreka bilatu behar da, ordea". Argan Iruñetik behera daudenek ere ibaiari eragiten diotela onartu du Ingurumen Departamentuko teknikariak. "Arazoa da Iruñerriko populazioaren presioa jasan behar duela; agorraldian, gainera, ur emari txikia du. Presak badaude, noski, arazoak okerrera egiten du", azaldu du. Argan zer hobetu badela argi du. "Okerragoak ere badira, halere; Zidakos, adibidez", erran du.

Europako zuzentarauek ibaien egoerak ona behar duela izan eskatzen duela gaineratu du. "Uraren kalitateak izan behar du ona, baina ez hori bakarrik. Ibaiak izan behar dituen espezieak izan behar ditu, eta bere bidea egiteko aukera". Hau da, ibaiari ibai izaten utzi behar zaio. Gizakien eta ibaien arteko hartu-emanak ez dira oraingoak. Presioa gehiegizkoa denean, ordea, ibaiak bere izaera gal dezake. Ibai izateko gaitasuna gal dezake.

Rotaflexaren prozesioa

Rotaflexaren prozesioa

Edurne Elizondo

Aste Santua zen. 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera. Desconstrucciones Itoiz enpresako zortzi langile eraikitzen ari ziren Itoizko urtegiko hormara hurbildu ziren. Lan jantzien azpian, Itoizko urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatzarekin joan ziren urtegira: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten.

Hogei urte beteko dira datorren astean, hilaren 6an, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek kableak moztu zituztela. Hura izan zen solidarioen ekintzarik ikusgarriena, bai eta eraginkorrena ere. Ez bakarrik lanak hainbat hilabetez gelditzea lortu zutelako; Itoizko auzia Euskal Herriko mugetatik kanpo eraman zutelako ere bai. Bederatzi hilabeteko etenaldiaren ondotik, hala ere, obrek aurrera jarraitu zuten. 2004. urteko urtarrilaren 19an, urtegia betetzen hasi zirela ospatu zuen Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Baluarten.

"Oso ekintza interesgarria izan zen, eta piztu zuen halako garra. Garai hartan, proiektua gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude". Horixe nabarmendu zuen Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Julio Villanuevak, 2013an, urtegiaren azpian gelditu diren herriak bota zituztela hamar urte bete zirenean.

Villanueva izan zen kableen mozketagatik espetxean sartu zituzten hiru solidarioetako bat. Iñaki Garia Koch izan zen kartzelan sartzen lehena, 2001. urtean. Ia lau urte eman zituen barruan. 2004ko martxoan, Ibai Ederra espetxeratu zuten, eta bi urte eta erdi pasatxo egon zen kartzelan. Villanueva, berriz, 2007ko abuztuan sartu zuten espetxean, eta urte bereko abenduan atera zuten.

Itoizko urtegiko kableak moztu zituzten Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kideek lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. "Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko", gogoratu zuen Villanuevak, 2013an egindako elkarrizketan.

Kazetariak lekuko

Solidarioekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6ko ekintza haren lekuko. Tartean zen Egunkaria-ko Iruñeko delegazioko kide Ana Unanue. Kableen mozketaren hamargarren urteurrenean, goizalde hartakoak gogoratu zituen Unanuek BERRIA-n: "Eguna argitu aurretik lo kuluxka egiteko esan ziguten. Baina nik ezin nuen. Nerbioek jota nintzen, gaizki aterako zela pentsatuz. Baina oso azkar joan zen dena, eta garbi".

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik. Unanuek argi zuen ekintzaren irudiak suntsitu nahiko zituztela zinpekoek eta guardia zibilek. Ez zuten lortu, ordea. Argazkiak egin, eta berehala atera zituzten filmak handik taldeko hainbat kidek. Unanuek berak, bularretakoan bazituen bi film gordeta. Kableen mozketa gertatu eta gero, Egunkaria-ko Iruñeko egoitzako atea indarrez ireki, eta hankaz gora jarri zuten bulegoa. Ustez, argazki film haien bila. Ez ziren han gordeta, ordea.

Ekintza egin eta gero, kazetariek ordu eta erdi egin zuten Agoizko Guardia Zibilaren egoitzan. Anitzez ere denbora gehiago eman zuten han Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Nafarroako eta Espainiako gobernuak hasieratik saiatu ziren haien jarduera kriminalizatzen, solidarioek salatu zutenez. Langileen lanpostuen gaia baliatu zuten jendearen artean eztabaida pizteko.

Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek ere eztabaida piztea izan zuten helburu, eta Europan bira egin zuten, haien aurkako auziaren eta Itoizko urtegiaren berri zabaltzeko. Elkartasuna jaso zuten trukean, munduko hamaika txokotatik.

Ez zen nahikoa izan, ordea, proiektua behin betiko gelditzeko. Kableak moztu zituztenean, bazen urtegia legez kanpokoa zela erraten zuen sententzia. Betetzeko ezin ordain zitekeen bermea jarri zutela izan zen proiektua ez gelditzeko gakoa.

2003. urtean bota zituzten urtegiak egun azpian dituen herriak. Geroztik, zazpi herri pobreago da Nafarroa. Auzia, halere, ez da amaitu. Segurtasun arazoak ez dira desagertu. Galdutako herrien memoria ere ez.

Zaborra baliabide bilakatzeko

Zaborra baliabide bilakatzeko

Edurne Elizondo

Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera. Asmo hori jarri du mahai gainean Nafarroako Gobernuak, aurkeztu berri duen hondakinak kudeatzeko planaren zirriborroaren bidez. Agiria 2016-2025 eperako da, eta epaileek hutsean utzitako aurreko planaren tokia betetzea du helburu.

Abiapuntua hagitz bertzelakoa da, eta ez bakarrik apustu egiten duelako hondakin gutxiago eragin, eta sortzen diren horiek berrerabiltzea eta birziklatzea helburu duen ekonomia zirkularraren alde; aurreko planak ez bezala, herritarren eta eragileen parte hartzea bultzatu duelako ere bai. Hondakinak errausteko aukerari buruz ere aldea nabarmena da: aurreko planak errauste planta eraikitzea lehenesten zuen, eta aurrekontuaren %92 bideratzen zion eraiki nahi zuen azpiegitura horri; oraingoak, berriz, baztertzen ez badu ere, bertzelako proposamenak eta alternatibak jartzen ditu mahai gainean, errausketaren ordez.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek "asmo handikotzat" jo du plana. Onartu du, hala ere, zehaztutako helburuek Europako eta Espainiako legedietara egokitzen dutela testua. Hau da, legeak agintzen duena egiten ari direla. Xedetzat hartutako neurrietako hainbat nabarmendu ditu: etxeko hondakinen kopurua %10 murriztea; hondakin guztiak tratatzea; Nafarroa osoan martxan jartzea etxebizitzetan eragindako materia organikoa biltzeko sistemak, eta hondakin horien %70 birziklatzea, bertzeak bertze.

Ekonomia zirkularraren alde egindako apustuaren bidetik, hondakinak baliabidetzat hartzeko beharra jarri du kontseilariak mahai gainean: "Horrek ekartzen du prebentzioa lehenestea, kudeaketa publikoa protagonista izatea eta enplegu berdea sortzeko dugun gaitasuna bultzatzea", azaldu du Isabel Elizaldek.

Helburuak argi utzi ditu gobernuak. Helburu horiek nola bete, ordea, bertze gauza bat da. Asmoak paperean jasotzea baino gehiago beharko dute. Horixe nabarmendu dute zirriborroa aztertu duten hainbat eragilek. Alderdi argi eta on anitz ikusten diote plan berriari, aurrekoarekin alderatuta 180 graduko norabide aldaketa ekarri duelako; baina baditu ilunak ere. Sustrai Erakuntza fundazioko buru Martin Zelaiak helburuetan "zorrotzago" izateko eskatu dio gobernuari; "2025erako errefusa, oraindik ere, %34 izatea onartzea gehiegi da", jarri du adibide. Ekologistak Martxan taldeak eta Nafarroako Greenpeaceko bozeramaile Ana Malonek hondakinen bilketaren esparruari egin diote so, eta atez ateko sistemaren alde egin dute, "onena" delako; Malonek sistema hori ezartzearen alde egin du, "halabeharrez".

Jesus Arbizu industria ingeniaria zorrotzagoa izan da bere kritiketan, eta nabarmendu du gobernuaren planak helburuak betetzeko moduan egiten duela huts: "Ingeniaritzaren ikuspuntutik ari dira, eta azpiegitura handiak proposatzen dituzte; hondakinena, baina, arazo soziala da, eta biologoak eta soziologoak behar ditugu hari heltzeko", erran du.

UPNren gobernuak 2010. urtean onartu zuen aurreko hondakinen kudeaketari buruzko plana. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak helegitea jarri zuten haren aurka, eta, ondorioz, epaileek atzera bota zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak 2015. urteko urtarrilean berretsi zuen baliorik ez zuela. Gobernuak, urte hartako otsailean, hutsetik hasi zuen plana osatzeko prozesua, berriz ere. Oraingo gobernuak aurkeztutako zirriborroa prozesu horren ondorioa da, beraz. Eta hori da, Jesus Arbizuren ustez, haren akats nagusietako bat. Industria ingeniariak parte hartu du prozesu horretan guztian. "Oraingo gobernuko arduradunak azken bileretan baino ez dira egon", azaldu du.

Toki entitateen ardura

Zirriborroak hainbat datu jarri ditu mahai gainean, irudikatzen duten errealitate hori abiapuntutzat hartuta, hainbat helburu zehazteko. Arlo horretan kexarik ez du Arbizuk. "Diagnostikoa egin, eta legeak eskatutakoa hartu dute helburu". 2014. urtean, 262.601 tona etxeko hondakin eragin zituen Nafarroak. Toki entitateen ardura da hondakin horiek biltzea eta tratatzea. Baztango Udala bazter utzita, gainerako udalek mankomunitateen esku utzi dute hondakinak biltzeko ardura. Denera, beraz, hamasei erakunde ari dira lan horretan. Baztango Udala eta mankomunitate horiek hondakinen partzuergoan egiten dute bat; denek, Iruñerrikoak izan ezik. Hondakinak tratatzeko lana Iruñerriko Mankomunitateak eta bertze erakundeek osatzen duten partzuergoak egiten dute, hain zuzen.

Mankomunitateek ez dute sistema bera erabiltzen hondakinak biltzeko. Emaitzak ere, ondorioz, ez dira berdinak, birziklatze kopuruei buruz, adibidez. Arbizuk eta gainerako eragileek Sakanak, Malerrekak, Bortziriek, Baztanek eta Iratik egindako apustua nabarmendu dute: gaika biltzea, hainbat kasutan atez ate, eta, bertzeak bertze, konposta egitea jasotako materia organikoarekin. Bidea hori dela nabarmendu dute Arbizuk eta Malonek. "Herritarrok argi izan behar dugu arazoaren parte garela, eta, ondorioz, konponbidearen parte ere izan behar dugula", erran du lehenak; Malonek erantsi du "derrigorrean" egin beharko luketela herritarrek hondakinak gaika sailkatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko ahalegin hori. Administrazioak saritu beharko lukeela gaineratu du, eta zigortu, berriz, ahalegintzen ez direnen jokabidea.

Gaur egun, ahalegintzen ez direnen aldean jarri du Malonek Iruñerriko Mankomunitatea. Duen ardura handia da, ordea, Greenpeaceko kideak nabarmendu duenez, eskualde horretan sortzen direlako Nafarroako hondakinen erdiak. Iruñerriak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du. Nahi duenak uzten du hor materia organikoa. Giltza erabiltzen dute, bertzelako hondakinik bota ez dezaten.

"Katalunian bide luzea egin dute sistema horrekin, eta agerian gelditu da ez duela funtzionatzen; %35 ere ez dute biltzen". Arbizuk ere kritikatu du Iruñerriko Mankomunitatearen lana. "Ez ditu legeak betetzen; hondakinen arazoari buruzko kontzientziazio kanpainak egin beharrean, ingurumenari kalterik ez diotela egiten herritarrei sinetsarazteko publizitate kanpainak egiten ditu".

Sakanako edo Bortzirietako mankomunitateek bezala, materia organikoa konpost bilakatzeko aukera bere egin du gobernuak aurkeztutako zirriborroak. Bat egin du apustu horrekin Arbizuk, baina, ez, ordea, prozesua gauzatzeko hautatutako bidearekin. Gobernuaren asmoa da Iruñean planta handi bat jartzea, eta bertze hiru txiki, Zangozan, Donezteben eta Arbizun. "Ez da hori bidea; Austriako ereduari jarraitu beharko genioke, eta planta txiki gehiagoren aldeko apustua egin". Zirriborroak berak jasotzen du hondakinak sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen tratatzeko beharra. "Proposatzen dituen azpiegiturek, ordea, ez dute oinarri horrekin bat egiten", salatu du Arbizuk.

Ontziak biltzeko azpiegituren inguruan antzeko kritika egin du Arbizuk. Gaur egun, lau planta ari dira lanean, baina gobernuak zirriborroan jaso du behar dena baino gaitasun handiagoa dutela azpiegitura horiek. Gobernuaren asmoa da Iruñekoa eta Tuterakoa bakarrik uztea martxan. "Berriz ere, ez dute hurbiltasuna kontuan hartzen", erran du Arbizuk.

Horren harira, bertze kritika bat jarri du mahai gainean 3R Konpainiak: "Ontziak berrerabiltzeko aukera aipatu ere ez du egiten zirriborroak". Esparru horretan urratsik egiteko asmorik ez dela beldur dira taldeko kideak.

Erraustea, eztabaidagai

Aurreko planak hondakinak errausteko planta egiteko asmoa zuen izar. Alderantzizkoa da egoera oraingo zirriborroan, baina errausketaren aukera ez du bazter utzi gobernuak. Gogor kritikatu du hori Arbizuk, zirriborroa prestatzen hasi zirenean eragile guztiek adostu zutelako bide horri ez jarraitzea. "Nork eta zergatik sartu du orain errausketaren aukera?", galdetu du.

Zehazki, gobernuak hiru bide proposatu ditu: lurperatzea, Nafarroan erraustea, edo hemendik kanpo erraustea. "Nafarroatik kanpo errausteko aukera hori mahai gainean jartzea ezin dugu onartu; guretzat txarra dena hemendik kanpo ere bada", salatu du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak. Greenpeaceko Ana Malonek ere lurperatzearen alde egin du. "Hondakinak ongi tratatzen badira, ez du zertan arazorik egon".

Ekaina bitarteko epea zehaztu du Nafarroako Gobernuak zirriborroari ekarpenak egiteko. Asmoa da urtea amaitu baino lehen 2016-2025erako plana onartzea. Eragileek uste dute orain mahai gainean dagoen agiria hobetzeko aukera anitz badirela. Ana Malonek esparru guztietako ordezkariei egin die deia, prozesuan parte har dezaten: "Sindikatuek, herri mugimenduek eta abarrek parte hartzea behar dugu; politikariek ere bai; azken urteotako eztabaidetan ez dira egon". Hondakinena "denon arazoa" dela berretsi du Arbizuk, eta, ondorioz, neurriak herritarrekin jorratu eta adostu behar direla. Hitz egin.

Hitza nahi dute baztandarrek

Hitza nahi dute baztandarrek

Edurne Elizondo

Ez daitezela modu desegokian erabil udalerriz gaindikoak ez diren proiektuetan". Horixe jaso zuten Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeek —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— akordio programatikoan, udalerriz gaindiko eragina duten planei buruz (UGEP).

UPNren aurreko gobernuek udalerriz gaindiko plantzat jotako hainbat proiektuk orduko oposizioko taldeen kezka eta kexa eragin zituzten. Donapeakoak sortu zuen zalapartarik handiena. Lanbide Heziketako zentroaren lurrak erosi nahi izan zituen Nafarroako Unibertsitateak, hiru laborategi eraikitzeko. UGEP gisa tramitatu zuen gobernuak; erabaki horrek "Iruñeko Udalaren subiranotasunaren aurka" egiten zuela salatu zuen, orduan, Geroa Baik.

Iritzi bera du Baztango alkate eta Baztango Batzar Nagusiko presidente Joseba Otondok, Aroztegiko oraingo proiektuari buruz: "Bertako erakundeen gainetik, Lekarozko herriaren gainetik eta baztandarren gainetik erabaki du Nafarroako Gobernuak egitasmo horrekin aurrera jarraitzea". Geroa Baik hartu du oraingoan erabakia, udalerri bakar bati eragiten dion egitasmo bati buruz.

Etsita agertu dira Aroztegia... eta gero zer? plataformako kideak erabaki horrekin, eta bete beharreko galdeketa egiteko eskatu dute, baztandarrek hitza hartzeko aukera izan dezaten. Premiazkotzat jo dute hori. Lekarozen, 2009. urtean egin zuten galdeketa, eta herritarren gehiengoak erran zion ezetz Aroztegiko egitasmoari. Baztango gainerako herritarrek ere hartu beharko lukete hitza, plataformako kideen ustez.

Lekarozen luxuzko 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi ditu Aroztegia Jauregia SM enpresak. Hau da, egun 320 biztanle inguru dituen herri batean, 700 pertsonarentzako urbanizazioa egin nahi dute. "Kalitatezko turismoa erakarri nahi omen dute; oraingoa ez al da ba kalitatezkoa?, dirudunena bakarrik al da?", galdetu du plataformako kide Agurtzane Orbegozok. Otondok gogoratu du Baztanen 860 etxebizitza huts badirela.

Aroztegiko proiektuaren tamainak ondorio nagusi bat izanen luke Baztanen, haren hitzetan. "16. herria litzateke urbaninazio berria". Bat egin du Orbegozok. "Horrek erabat aldatuko luke herriko egunerokoa", erantsi du. Ingurumenean, zerbitzuetan eta abarretan izanen luke eragina. "Eta testuinguru sozial berri bat ekarriko luke", erran du, argi eta garbi, Baztango Batzar Nagusiko presidenteak. "Gure etorkizuna erabat baldintzatuko duen proiektu bat ezarri nahi dute, baztandarrek deus erabaki gabe", salatu du Otondok, gogor.

Gakoa: modua

Hori da gakoa, orain, Baztango alkatearentzat. Gauzak egiteko modua. Joan den abenduaren 30ean erabaki zuen gobernuak Aroztegiko udalerriz gaindiko eragina duen planarekin aurrera jarraitzea. UGEPa, berez, UPNren aurreko gobernuak onartu zuen, maiatzeko hauteskundeak baino hainbat egun lehenago. Gobernuan aldaketa gauzatu eta gero, Nafarroako agintari berriei prozesu hori bertan behera uzteko eskatu zieten Lekarozko herriak eta Baztango Batzar Nagusiak. Irailaren amaieran egin zuten eskaera hori; hamabost eguneko edo hilabeteko epean espero zuten erantzuna, baina abendura arte ez zuten jaso. Gobernuak, urteko azken bileran, UGEParekin aurrera jarraitzea erabaki zuen.

"Erabaki teknikotzat" jo zuten gobernuko kideek. Baina Otondo ez da, inondik inora, ados. "Nafarroako Gobernuak 2008. urtean hartutakoa izan zen erabaki teknikoa; oraingoa, ez". Orduan, 2008an, Aroztegiko proiektuaren sustatzaileek udalerriz gaindiko plan gisa tramitatzeko eskatu zioten UPNren gobernuari, lehen aldiz. Baina ezezkoa jaso zuten. "Geroztik, hamaika erabaki politiko hartu dituzte auzi horren inguruan", salatu du Otondok.

Epaileek ere bitan eman diote ezezko biribila proiektuari. Ezezko hori bazter uzteko, hain zuzen, hasierako proiektuan hainbat aldaketa egin zituzten Aroztegia Jauregia SM enpresako kideek. Eta moldatutako proiektu horrek lehenengoak ezin izan zuena lortu zuen: UGEP gisa tramitatzea.

"Alimaleko iruzurra da proiektu hau udalerriz gaindiko eragina duen plantzat aurkeztea. Uste genuen aldaketaren gobernua bagenuela, erreala zela, eta bazter utziko zituela inposizioak; ez genuen uste aldaketaren gobernu honek etorkizuna kenduko zigula", erran du Otondok. "Baztan landa eremu bizia da; sozialki kohesionatua dago, eta justizia sozialaren bidean egin nahi ditu urratsak; ez genuen uste aldaketaren gobernu batek hori egiten utziko ez zigunik".

Otondok krisia eragin duen ereduaren ikur jo ditu Aroztegikoaren gisako proiektuak. Ez da halako egitasmo batek lotua duen garapen eredua Orbegozok nahi duena ere. Geroa Bairekin batera Nafarroako Gobernua babesten duten gainerako taldeek ere ez dute ontzat jo proiektu hori. Gobernuak abenduan aurrera jarraitzeko hartutako erabakiaren aurrean, ordea, ez dute eman Aroztegia... eta gero zer? plataformako kideek espero zuten erantzuna. Horixe utzi du agerian Agurtzane Orbegozok. "Epela baino, hotza izan da erakutsi duten jarrera". Hala eta guztiz ere, gobernua babesten duten talde guztiekin egin nahi dituzte bilerak, datozen egunotan, galdeketa antolatzeko bidean urratsak egiteko.

Gobernua babesten duten taldeen artean Geroa Bai da proiektuaren alde agertu den bakarra. Horrek tentsioak eragin ditu taldeen artean. Baztango Udalean ere, agerian gelditu dira taldeek dituzten iritzi ezberdinak. "Gutxiengo gobernua dugu", azaldu du EH Bilduko Otondok. Koalizio horretako zinegotziak eta Ezkerrakoak dira Aroztegiko proiektuaren eta UGEParen aurka; Auzolanean taldekoak, Geroa Baikoak eta UPNkoak, berriz, alde.

Bertze hainbat kasu

"Aldaketa da herritarrek erabakitzea". Horixe nabarmendu du Otondok. Sustrai Erakuntza Fundazioko ordezkari Martin Zelaiak ere bat egin du: "Bertako biztanleek erabaki behar dute; proiektuak udalerri bakar bati eragiten dio, eta ezin da UGEP baten bidez egin".

Ez dela kasu bakarra gogoratu du Zelaiak. Aurreko gobernuek udalerriz gaindiko eragina duten plantzat jo dituzten bertze hainbat proiektu jarri ditu mahai gainean. "Udalerri bakar bati eragiten zioten horietako hainbatek ere, tartean Olatzagutiko Portland lantegiko proiektuak eta Castejongo zentral termikoena".

Etxabakoitzen tren geltoki berria eta urbanizazio bat egiteko proiektua ere nabarmendu du Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak. 2010ean onartu zuten, eta, geroztik, "hamaika irregulartasun" izan dira, Sustrai Erakuntzak salatu izan duenez. "Aurreko gobernuek onartutako proiektua da, abiadura handiko trenarekin lotuta, baina ematen du oraingo gobernuak ez duela bazter utzi nahi. Ez dute argi hitz egin, baina Manu Aierdi presidenteordeak esan du geltokiak Etxabakoitzen behar duela". Gelditzeko eskatu du Zelaiak.

Argindarra bermatuko duen merkaturatzailea abian jarri nahi du Iruñeak

Lehen urratsa egin du Iruñeko Udalak, argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailaren barruan dago Energia Berdearen Zerbitzua, eta, haren eskutik, martxan da argindarra merkaturatzeko balizko udal zerbitzu baten bideragarritasunari buruzko ikerketa. Otsailerako eginen dute txostena. Pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna izan nahi du udal merkaturatzaileak, irizpide etikoak, gardentasuna eta parte hartzea bultzatuz.

Badira Nafarroan bertan antzeko adibideak. Urdazubin, adibidez, izen bereko argindar merkaturatzailea du udalak. Iruñeak bere zerbitzu propioa abian jartzea lortzen badu, "jauzi handia" litzateke, hiriaren tamainagatik. "%100ean energia berriztagarria merkaturatuko lukeen udal zerbitzua litzateke", azaldu du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradun Joel Dozzik.

Aranzadik egin du proposamena, baina udal gobernua babesten duten bertze taldeek ongi hartu dutela azaldu dute taldeko kideek; Euskal Herritik kanpo ere, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilen, bertzeak bertze, antzeko proiektuak aztertzen ari dira.

Ekoizle ere bai

"Ideia da udala argindar merkaturatzaile izatea, eta, ahal den neurrian, energia ekoizle ere bai", azaldu du Dozzik. Onartu du Iruñean herri txiki batean baino zailagoa izan daitekeela ildo horretan urratsak egitea, baina energiaren esparruan burujabe izateak "askatasun handiagoz" jarduteko aukera ematen duela erantsi du. "Bere energia baliabideak kontrolatzen dituen hiriak erabakitzeko eskumen handiagoa du", erran du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradunak.

Gizarte zerbitzuekin eta gizarte mugimenduekin elkarlanean ariko litzateke merkaturatzailea, gainera, "pobrezia energetikoari modu eraginkor batean aurre egiteko". Udalak argindarra bermatuko lukeela nabarmendu du Dozzik. Ez hori bakarrik. "Udala izanen litzateke lehen bezeroa, baina nahi duten herritar eta enpresa guztiek izanen lukete zerbitzua jasotzeko aukera. Bai eta merkaturatzaileko parte hartzaile izatekoa ere".

Goiener eta SomEnergiaren gisako kooperatiben adibidea jarri du Dozzik. "Azken horrek 30.000 bezero ditu estatuan, eta 25.000 bazkide. Bazkide bakoitzak boto bat du". Jorratu nahi duten ildoa hori dela azaldu du Dozzik, "gardentasunaren eta etikaren izenean".

Europatik ere "interes handiz" egin diote so Iruñeko Udalak garatu nahi duen proiektuari, Dozzik azaldu duenez. "Energy Cities elkarteak gure egitasmoaren berri jaso nahi duela erran digu".

Berokia Castildetierrarentzat

Berokia Castildetierrarentzat

Bardea izan zenaren lekuko da hango Castildetierra muinoa. Haizeak eta urak zizelkatutako paisaiaren irudi eta ikur. Garai batean, lautada izan zen inguru hori; hareharriak zeuden goiko aldean, eta, azpian, berriz, tuparriak. Urak eta haizeak eragindako higadurak sortu du egungo paisaia, eta Castildetierraren gisako muinoak iraganaren lekuko bilakatu dira. Ez betiko, ordea, higaduraren eraginak ez baitu etenik. Adituek ere ezin dute gelditu. Mantsotu egin nahi dute, ordea, Castildetierran, eta hori egiteko moduak aztertzen ari dira. Berokia jarri nahi diote, nolabait, higaduratik babesteko.

Castildetierraren oinarrian tuparriak badira; goiko aldean, berriz, hareharriak. Azken horiek tuparriak baino gogorragoak dira, eta ez dira hain erraz higatzen. Oinarrian diren tuparriek eusten diete goiko hareharriei, ordea, eta oinarriak huts egiten duen unean, muino osoak eginen du behera.

Momentu hori atzeratu nahi du Bardeako Batzarrak, eta erakunde horrek eskatuta ari dira zer egin daitekeen aztertzen. Zaragozako (Espainia) Metopa enpresak hartu du ardura hori. Asteon egon dira Bardean azkenekoz, iazko udaberrian martxan jarritako saioak gainbegiratzen.

Castildetierraren gisako ondoko muino bat aukeratu zuten saio horiek egiteko. Lan horretan Nafarroako Gobernuko geologo Esteban Faci dute laguntzaile. "Castildetierraren ezaugarri bertsuak dituen eremu bat hautatu dute, erabili nahi den produktuak zer eragin duen aztertzeko". Urtebeteko epea ezarri zuten iazko udaberrian; ondorioz, datorren udaberrian emaitzak aztertu, eta erabakiko dute zer egin.

Metopa enpresako geologo Cristina Marinek argi eta garbi erran du: "Ez da erraza izanen". Ezta merkea ere, segur aski. Zaragozako enpresak harrizko monumentuetan gertatzen den higadurari aurre egiteko moduak jorratzen ditu, batez ere. Lehenbiziko aldiz ari dira Bardeakoaren gisako monumentu natural batean lanean. "Esperientzia aitzindaria da hau", nabarmendu du Marinek.

Horregatik erabaki zuten urtebeteko saioa egitea, inolako erabakirik hartu baino lehen. Higadura mantsotzeko produktu batekin inpregnatu dute tuparria. Produktu horrek inpermeabilizazioa ematen du, baina transpirazioa egiten uzten du, aldi berean. "Harriari gore-tex geruza bat jartzearen gisakoa litzateke, nolabait erranda", azaldu du Esteban Facik.

Oraingoz, erabilitako produktuak ez du aldaketarik eragin tuparrian. Hiru hilabetetik behin egiten dituzte kontrolak, produktuak harriaren kolorea aldatu ote duen edo arrakalak eragin ote dituen ikusteko. "Oraingoz ez da halakorik gertatu; orain arte, hala ere, eguraldi epela izan dugu, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Ikusteko dago, adibidez, izotzak zer eragin izanen duen".

Nafarroaren irudi

Bisitari anitzek lotzen dute Nafarroa Castildetierra muinoaren irudiarekin. Hori dela eta, hari eusteko ahalegintzea garrantzitsua dela uste du Cristina Marinek. Geologoak nabarmendu du, halaber, muinoan esku hartzeko moduak ezin duela muinoa bera desitxuratu. "Badira epe motzera eraginkorragoak izan daitezkeen alternatibak; sareak jar daitezke, adibidez, baina horrek erabat aldatuko luke muinoaren itxura". Horregatik bazter utzi dituzte halako aukerak.

Marinek eta Facik argi dute, azkenean, muinoak behera eginen duela. Noiz gertatuko den erratea, hala ere, zaila dela azaldu du Facik. Nafarroako Gobernuko geologoak, edonola ere, ez du uste muinoak bertze ehun urte eginen dituenik zutik. "Hemendik bost edo hamar urtera ere eror daiteke. Gainetik egindako kalkuluak baino ez dira, hala ere".

Higaduraren ondorioak mantsotzea du helburu Metopa enpresa egiten ari den lanak. Aurretik egin izan dituzte Castildetierra betikotzeko bertze hainbat urrats. 2011. urtean, adibidez, muinoa eskaneatu egin zuten, hiru dimentsioko irudia lortu ahal izateko. "Hareharrizko tontorrean ere badira arazoak, pitzadurak baitaude. Ez da erraza, baina har daitezke neurriak hori konpontzeko. Hiru dimentsioko kopia ere erabiltzen ahal da", erran du Marinek.

Castildetierrari eutsi nahi diote. Ahalegin horrek ez du justifikaziorik, ordea, geologiaren ikuspuntutik. Hori uste du Jose Luis Piedrafita geologo eta Iruñeko UNEDeko irakasleak. Are gehiago, ez du ontzat jo horretan diru publikoa gastatzea. "Erabakiak ez du geologiarekin zerikusirik; merkatu kontu bat da. Castildetierrak turismoa erakartzen duelako nahi dute behera egin ez dezan", azaldu du. "Gertatzen diren prozesu geomorfologikoak, ordea, direnak dira. Naturak bere lana egiten du".

Enpresak produktua probatzeko hartutako urtebeteko epea motz gelditzen dela uste du Piedrafitak. "Herri lanetan ere ikusten dugu lehendabiziko urtean dena dagoela ongi: gero hasten direla arazoak". Kontua Bardearen ikur bilakatu den muinoaren irudiari eustea bada, hiru dimentsiokoa baliatzen ahal da, geologoaren ustez. "Egin daiteke kopia oso bat. Baina erori behar badu, eror dadila".

Lurrari hozka egiten diotenak

Lurrari hozka egiten diotenak

Leherketak, kamioien joan-etorri etengabea, hautsa, paisaiaren nahiz ondarearen suntsitzea, kalteak etxebizitzetan, faunaren desagertzea... Ustezko garapen ekonomikoaren izenean, anitz dira meategi eta harrobi handiek inguruko lurretan eragiten dituzten kalteak. Erdiz, Alkerdi eta Zilbetiko kasuak hedabideetako lerroburuetan agertu dira azken hilabeteetan, ustiatze proiektu horiek piztutako oposizio irmoari esker, batez ere. Baina ez dira bakarrak, inondik ere.

Minerala ustiatzeko proiektu handienei buruzko txostena argitaratu zuen iaz Sustrai Erakuntza fundazioak, 2014an eginiko topaketa batean oinarrituta. Iragan abenduan eguneratu zuten azkenekoz, Zangoza eta Urdazubiko kasuak ere aipatzeko. Honako hauek dira Nafarroako lurrak zuloz eta orbainez bete dituzten proiektu handienak edo polemika mikatzena eragin dutenak.

OSKIAKO HARROBIA

Arakil ibarrari eta Itza zendeari eragiten die Bizkaia mendian dagoen harrobi honek. 1987an hasi ziren Oskiatik kareharria ateratzen, eta harrobia, ofizialki, 2004an itxi zuten arren, "errestaurazio" plan bat aurkeztu zuen Canteras Oskia enpresak. Atondoko kontzejuak bertan behera utzi zuen egitasmoa, enpresak ez zuelako ingurumenaren gaineko eraginari buruzko planik aurkeztu. 2010ean, berriz, proiektu berria aurkeztu zuten. Hiru milioi metro koadro lur erauzteko asmoa aipatzen dute bertan, eta "itzalpeko ustiaketa plan bat" dela uste du Sustraik.

Proiektuaren kontra dauden erakundeek —Atondoko kontzejuak, Arakilgo Udalak eta Itza Zendeako Udalak— erabili dituzte jada bide judizial guztiak. Nafarroako Gobernuak, gainera, lur komunal guztiak desjabetu ditu. Beste aukerarik ezean, jarraipen batzorde bat osatu dute inplikatutako eragile guztiek, planaren garapenean irregulartasunik ez dagoela zaintzeko.

ALDAZKO HARROBIA

Aspaldi erabili gabeko marmol harrobi zahar bat da Aldazkoa. Horgobisa enpresak hamabost urterako kontratua sinatu zuen 2006an herriko kontzejuarekin, han gelditzen ziren hondakinak erretiratu eta erabiltzeko. Hondarrak, ordea, berehala bukatu ziren, eta ustiatzeko era berriak aztertu zituen Horgobisak.

Larraungo Kalaxka taldeak salatu zuenez, irregulartasun ugari gertatu dira prozesu osoan, eta Sustrai Erakuntza fundazioak ere "kontrolik eza" nabarmentzen du bere txostenean: "Ez zen neurririk hartu harrobitik ateratako material kopurua mugatzeko, ezta ingurumenaren egoera neurtzeko ere". Lehergailuak erabiltzen hasteko nahia agertu zuen enpresak, gainera, eta Larraungo Udalak baimentzen ez zuenez, araudia aldatzeko presioa egin zuen. Azkenean, azpilan horrek guztiak fruitua eman zuen, eta, iaz, udal plana moldatu zuten. Gaur egun, legezkoa da harrobian lehergailuak erabiltzea, eta, enpresak oraingoz urratsik egin ez duen arren, kezka agertu dute bizilagunen elkarteek eta talde ekologistek.

ALKERDIKO HARROBIA

Urdazubikoa da, seguruenik, Nafarroan kalapita handiena sortu duen ustiatze proiektua, harrobiko lanek ez baitiote paisaiari soilik eragin. Handik 500 metrora dauden Alkerdi, Zelaieta, Ikaburu eta Berroberriko haitzuloek gordetzen duten ondare historikoak pairatu ditu ustiatze lanek eragindako kalterik handienak.

2014ko uztailaren 15ean, Zelaieta III leizezuloko sabaia erori egin zen, Alkerdin baimenik gabe eginiko leherketa baten ondorioz. Leherketaren hedatze uhinak, gainera, kalteak eragin zituen inguruko baserrietan, auzoetan eta Ikaburuko haitzuloetan. SOS Alkerdi plataformak gertatutakoaren ardura egotzi zien Marmoles del Baztan enpresari eta Nafarroako Gobernuari. Izan ere, 2013an, harrobiaren ustiatze ituna luzatu zuen Yolanda Barcinaren gobernuak, eta urtean 24.000 kilo lehergailu erabiltzeko baimena eman zion enpresari —ordura arte 150 kilo erabiltzeko baimena zuen—.

Urdazubiko udal planak eta Kultura Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak, baina, espresuki debekatzen dute inguruan lehergailuak erabiltzea, balio kultural eta arkeologiko itzeleko leizea baita Alkerdikoa. Izan ere, hango paretetan daude Nafarroako irarlan paleolitiko bakarrak. Hortaz, harrobiko lanak geldirik daude oraingoz, baina enpresa Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari da, debekua ken dezan.

ZILBETIKO PROIEKTUA

Aldude mendia zaintza bereziko eremu izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2005ean, eta Natura 2000 sarean ere sartu zuten eskualde osoa. Handik bi urtera, baina, Magna Magnesitas de Navarra enpresak iragarri zuen harrobi bat irekitzeko asmoa zuela Zilbetin. Nafarroako Gobernuak, UPNren esku, ez zuen kontrako iritzirik eman, eta berehala onetsi zuen egitasmoa, Natura 2000 sarearen helburuekin bateraezina izan arren.

2011n, hitzetatik ekintzetara pasatu zen Magna: Eguberri garaian, oporrak profitatuta, Antzeriko hainbat pago botatzen hasi zen baimenik gabe. Alduide Mendia koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak auzitara jo zuten, eta proiektua geldiaraztea lortu zuten. Iazko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien talde ekologistei, eta bertan behera utzi zuen egitasmoa.

ZANGOZAKO PROIEKTUA

Orain mahai gainean dagoen meatze proiektu handiena da Geoalcali enpresak Zangoza eta Zaragoza (Espainia) artean eraiki nahi duena. Talde ekologisten aburuz, gainera, kutsagarriena ere izanen da, inoiz gauzatzen bada: urtean 6.300 milioi tona potasa aterako lirateke, 512 kamioi ibiliko lirateke joan-etorri etengabean egunero, eta 800.000 metro koadro ur erabiliko lirateke urtean —17.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duen kopuru bertsua—. Handik metro gutxira, gainera, Esako urtegia dago, eta horrek arazo ugari eraginen dituela uste dute Zangozako oposizioko taldeek; besteak beste, sismikotasunaren handitzea edota uraren kutsatzea.

Zeruak kur-kur egiten du

Zeruak kur-kur egiten du

Ikusi baino lehen, entzun. Ez da hegaldi isila kurriloena. Kur-kur egiten du zeruak hegaztiok batetik bertzera mugitzen direnean. Kur-kur hori, gainera, gero eta ozenago aditzen ari da Nafarroan, gero eta gehiago direlako hegoalderako urteroko bidean ...