Iritzia

Iritzia: Kuadrilla-eskolekin adi

Tania Arriaga Azkarate

Eguraldi oneko egun urri horietako larunbat arratsalde batean, menditik hirira jaitsi ginen kaña bat hartzera. Terraza eremu bat aukeratu genuen. Gunea oinezkoentzako prestatu berri dute, eta hiru eta zortzi urte bitarteko haur andana jolasean zebilen gustura asko: batzuk korrika, beste batzuk baloiarekin, besteak errekara ogitxoak botatzen eta gaztetxoenak hula hoop txiki eta distiratsua jiratzen eta biratzen. Arratsaldeko zortziak zirela, hor ondoan dagoen elkarte gastronomiko batetik haurren gurasoak, hau da, helduen kuadrilla (ongi edana) atera zen; eta nola ez, mozkorren zegoen gizona txikiekin jolasten hasi zela ikusi genuen. Lehendabizi, haurrekin korrika, bultzaka eta txantxetan zebilen, mutiko bati mina eman eta negarrez hasi zen arte. Ondoren, neskatiko gazteenari, hiru urte edo izanen zituenari, zirikatzen hasi zitzaion: besoetan hartu; itzulipurdiak airean eman; txikiak disimuluan bere amarengana ihes egin zuen arte.

Jolas horiek egiten zituen bitartean, mozkorrak gintonikari trago luzeak ematen segitu eta bere jarrera matxiruloa erakusten zigun guztioi, hirietako alde zaharretako jauntxoen performancea; manspreading autoktonoa; kaleak nireak dira, putoamoa eta jatorra' naizelako.

Tragoa, zigarroa eta lagunari lau hitz esan eta gero, mozkor astunak haurrengana jo zuen berriz. Oraingo honetan, baloia kendu zien jolasean ederki segitzen zuten kuadrillaren seme-alabei. Gaztetxoak behin eta berriz, baloia berreskuratzen saiatu baziren ere, gizonak haurrei burutik bultzatu eta urruntzen zituen, txiki ausart batek barrabiletan ostikada bat eman zion arte. Mozkorrak pilota eskuetan hartu, ostikada eman eta baloia errekara bota zuen. Neska-mutilek, "gure baloia, gure baloia" oihukatuz, amore eman gabe jarraitu zuten. Orduan, kuadrillakoek, bai emakumeak eta baita gizonak ere, haurrak lagundu ordez, mozkorra babestu zuten. Potroetako mina joaten ez zitzaionez, edo kuadrillak eskaini zion inpunitatearekin harrotua, gizontxoak hula hoopa hartu eta hori ere errekara bota zuen. Umeak haserre, frustratu, sumindu eta negarrez harengana joan ziren tropelean, baina kuadrillak, berriz, mozkorraren alde egin zuen. Are gehiago, neskatiko gazteena negarrez gogor ari zenez, amak besoetan hartu eta… mozkorrarengana eraman zuen, hari muxua emateko!

Mozkorra eta bere lagunak gu geunden tabernara etorri ziren gintonic bila. Gure ondotik pasatzerakoan, emakume bat aulkitik altxatu eta gizonari zera esan zion: "Nik zure diru-zorroa hartu eta errekara botako banu, ongi irudituko litzaizuke? Ba oraintxe oso gustura eginen nuke hori". Gizontxoari entzundakoa oso gaizki iruditu eta, "hija de puta" oihuka esan ondoren, emakumea jotzera bota zen. Kuadrillakoek, ahal izan zuten moduan heldu bazuten ere, emakumearen kontra ere gogor egin zuten: "Zu zertarako sartzen zara? Pozik egonen zara lortutakoarekin!".

Etxera gorputz txarrarekin abiatu ginen, ikusirik haurrek zer ikasi zuten: egiturak erasotzailea babesten duela, eta ahularen ahotsak ez duela baliorik.

Iritzia: Onesten zaitut

Jon Barberena

Adio erran aitzinetik, besarkatzaile onari bizkarrik ez emateko aholkatu zigun Bi Bala musika taldeak. Euskaldunok, jatun onak izaki, hitza aise jaten omen dugu, topikoak hautsi dituen rock talde honendako. Topikoen topikoa baita euskalduna isila bezain zuzena dela. Hau da, teorian hitzeko pertsonak gara, eta, hitzemanez gero, bete egiten dugu. Akaso, hitzekoak gara, guti solastatzen garelako. Isiltasunak bere bentajak ditu. Ahotik arin kanporatzen diren solasek pisua har dezakete eta pertsonaren egunerokoa zamatu. Inon eskribitu gabeko hitzek, forma fisikorik ez duten hitzek, eginbeharra edo konpromisoa eska diezagukete, eta konpromisoek lot gaitzakete.

Euskaldun maskulino peto-petoaren irudian, isiltasunaren dimentsioa eta sentimenduekiko zurruntasuna gehiago handitzen da. Bihotza soinean egunero darabilgun arren, gutitan azaleratzen dugu bihotzean altxatzen duguna gizonezko euskaldunok. Ez da konpromiso handiegia eskatzen duten hitzak direlako. Lotsak trabatzen du Eusko Labela duen gizonezkoaren mingaina, eta isiltasunean babesten da.

Maite izena hedatua da gurean. Neska anitzen izena da egun, baina euskal izenak debekaturik egon ziren sasoian normala zen haurrari Maria Teresa paratzea, gero Maite deitzeko. Orain ez ditugu umeen euskal izenak bertze izen baten gibelean altxatzen, baina maite hitzarekin hasten diren sentimenduak bai.

Bernart Etxepare handiak ez zuen maite zaitut esaldirik bere liburu famatuan eskribitu, eta haren partez onesten zaitut erabiltzen zuen. Onespenetik maitasunera aldea dago. Maitasuna hitz potoloagoa da. Ikaratu ote zen?

Kirmen Uriberen Maite zaitut, ez poeman, berrogei urtez labe garaietan lan egin zuen aitak maite zuela erran ezin zion alabari opari neketsu baten bidez erran zion hitzez adierazi ezin zuena. Hitz guti batzuk ahoskatzea eta sentimenduak azaleratzea baino errentagarriagoa eta errazagoa suertatu zitzaion lan delikatu hura. Lantegitik banan-banan ebatsi zituen piezak soldagailuarekin josi eta altzairuzko ohatzea egin zion ezkontzera zihoan alabari.

Xabier Lete ere ez zen atrebitu Jardin bat zuretzat kantu egin berria kantatu aitzinetik Lurdes Iriondori publikoki sentitzen zuena zuzen-zuzenean erratera. 1999ko buruilean eman zuen azken kontzertu hartan, ingelesez eta frantsesez egin zion eskaintza Lurdesi: "To my wife… Pour ma femme". Lotsati agertu zen Lete, bertze hizkuntza batzuetan biluztea erosoago suertatu zitzaion.

Sentimenduak azaleratzeko lotsa ondorio kulturala da. Eraikia. Gizarteak markatutako jokabidea. Gizonezko euskaldunok batik bat isiltasunean sufritzen dugun sindromea da. Ez naiz hitzen erranahia gastatu artio hitz potoloak behin eta berriz zentzugabe ibiltzearen aldekoa. Baina erran gabeko damuak gehiago zamatzen du pertsona, errandakoaren damuak baino. Alda dezagun euskaldun prototipo maskulinoaren irudia. Beraz, urrikitu aitzinetik, adieraz diezaiegun familiakoei, lagunei, bikotekideari... lotsarik gabe sentitzen duguna. Arinago eta zoriontsuago sentituko gara. Zuk nor maite duzu?

Iritzia: Iraingarria

Lohizune Amatria
Bideoetan ez dut antzematen leku zikin, narras eta babesgabe batean emandako bost gizon eta emakume baten arteko sexu harreman latz eta desinhibitu bat ez denik; zeinetan inork (emakumeak ere ez) ez duen bere gorputza edo sexu-organoak...

Iritzia: Bi guardia zibil ezagutu ditut

Saioa Alkaiza

Bi guardia zibil ezagutu ditut, hala esan didatenak bai behintzat. Bat, Blablacar-en egin nuen bidaia batean: Bilbora joateko bere autoan hartu ninduen Iruñean. Garesen bizi zela kontatu zidan, lanarengatik zegoela iparraldean, eta herrira bueltatzea gustatuko litzaiokeela. Ez zuen deus esan bere lanari buruz. Guardia zibila zela pentsatu nuen, dena dela, ordu laurdeneko solasalditxo baten ostean, eta zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen: gelditzeko eskatu eta lehen herrian jaitsi edo isilik geratu, Bilboraino joan, eta aparkatu bezain azkar martxa egin. Isilik eman nuen bidaia, eta Bilbora sartzen ari ginela galdera egin nion. Guardia zibila zara? Bai. Beldurtu egin nintzen.

Almerian oporretan nintzela ezagutu nuen bigarrena. Ezagun baten etxean geunden Euskal Herritik joandako bi lagun, eta hor zeuden haren lagunak eta lagunen lagunak eta oso ongi ezberdintzeko gai ez nintzen jende amalgama bat. Hamar bat izanen ginen. Lanari buruz solasean hasi zen haietako bat, kexaka, zeregin asko zeuzkala, eta baldintza txarrak, gutxi ordainduta zegoela, gogorra zela, baina, bueno, bazela zerbait. Zertan lan egiten duzu ba? Guardia zibila naiz. Ni eta beste euskalduna harrituta geratu ginen, eta, gero, etxera bueltatzeko gogoa piztu zitzaigun. Pentsatu nuen zer eginen zukeen hor topo egin beharrean errepideko kontrol batean gurekin topo eginez gero, bi euskaldunekin.

Guardia Zibilak torturatu duela frogatu dute epaitegiek; Guardia Zibilak itxi zituen Egin eta Egunkaria; Guardia Zibilak sarekadatan eraman ditu herritarrak, asko epaiketaren ostean aske geratzeko, hori bai, kartzelan denboralditxoa pasa eta gero; Guardia Zibila da herri batzuetan egunean hiru kontrol jartzen dituena eta bertakoak isunez zigortzen dituena; toki askotan izenez deitzen dituena herritarrak, nor diren badakiela argi gera bedi; euskaraz ez hitz egiteko agintzen dizuna; arma eskutan edozein gauza galde diezazukeena...

Delitu dirudi, ordea, indar armatu baten presentzia eta legitimitatea ikusi ez eta alde egin dezaten nahi izatea, ikusi besterik ez dago Altsasuko gazteen kasuan Alde hemendik aldarriari buruz esandakoak: Guardia Zibilaren txostenen batean, zuzenean ETArekin loturiko leloa dela diote, gezur hutsa den baieztapena, 1958an jaio baitzen ideia eta Euskadiko Ezkerra izan zen, 1978an, Alde Hemendik kanpaina bataiatu zuena —Iñaki Egaña historialariak bikainki azaldu du Gara-n—. Zergatik ez da zilegi, orduan, zuzenean galdetzea ea militarizaturiko herri batean bizi nahi dugun?

Guardia zibilekin aurrez aurre egotea suertatu izan zaidanean, izuak hartu nau, aski ongi baitakit non bizi garen. Argi baitut inoiz ostaturen batean liskar bat haietako batekin izanez gero Auzitegi Nazionalean buka nezakeela aldez aurretik diseinatutako epaiketa batean. Eta, orduan, galdetuko lidakete ea inoiz arazorik izan ote dudan Guardia Zibilarekin, eta, ezetz erantzunda ere, artikulu hau nahikoa litzateke terroristatzat hartzeko.

Iritzia: Duintasun eredu

Lur Albizu Etxetxipia

Ez dakit zenbat aldiz idatziko nuen hemen dagoeneko Altsasuren inguruan. Ez da gutxiagorako ere. Oroitzen naiz nola izan zen dena hain surrealista 2016ko urriaren 15 hartaz geroztik. Gogoratzen naiz lehen aste haietako urduritasunaz, zer gertatuko zen ez jakiteak eragiten zigunaz. Baina uste dut oso jende gutxik imajinatzen zuela zer gerta zitekeen, eta inork ez zuela pentsatuko gertatu den guztia gertatuko zenik. Batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen duen bezala, oraingoan ere espainiar estatuak beste jauzi bat eman du.

Hainbat astez zer gertatuko zen jakin gabe geundela atxilotu zintuzteten eta amesgaiztoa handitu besterik ez zen egin handik aurrera: Audientzia Nazionalean epaitzeko erabakia; defentsa proben ukazioa; Jokin, Oihan eta Adur kartzelan mantentzea; zer gertatuko ote den egunez egun ez jakitea; dispertsioa eta urruntzea; Lamela epailea; Espejel epailea, guardia zibilak saritua eta guardia zibil baten emaztea; hilabeteetan zehar egon den epaiketa mediatikoa; muntaia polizial eta politiko guztia; beldurra erraietaraino. Gogoratzen ez ditudan beste hamaika kontu.

Baina ez dakizue nola mugitu den herri hau. Aste eta hilabete luze hauetan Altsasuk lezio bat eman dio Euskal Herriko herri bakoitzari. Jarraitu dute Altsasun ekimenak egiten; bertako eragileek haien lana eskaini eta eman dute; eman diote itzulia Nafarroari, eta nola eman ere; egin dituzte elkarrizketak, komunikatu dituzte mila kontu; erakusketa egin eta toki batetik bestera garraiatu dute; hitz egin dute lagun eta ez hain lagunekin; saldu dituzte kamiseta, poltsa, bandera tonak; egin diote aurre beldurrari, lanaren bidez; sortu dituzte abestiak; barre egin dute, negar, desesperatu dira, jarraitu dute aurrera, erori dira eta behin eta berriz altxatu egin dira berriz ere. Egia esan, infinituraino luza zitekeen zerrenda amaigabea. Zuengatik eta Altsasurengatik. Tinko eta zorrotz, duin.

Epaiketa Auzitegi Nazionalean izanen zela jakin genuenean edo konfirmatu zenean, bagenekien aurreko manifestazioa, egotekotan, izanen zela. Ez zegoen beste aukerarik. Baina pasa den larunbateko manifestazioak lezio asko eman ditu. Aurten, Iruñera udaberria apirilaren 14an heldu zen, eta ez bakarrik eguzkia atera zelako. Aurreko egunetik bertatik ikusten zen egun handi baten bezperan geundela. Ez da gutxiagorako, 50.000 pertsona batzea orain arte ez du beste inork lortu. Garrasia Navalcarnero, Aranjuez eta Estremeran entzuteko modukoa izan zen. Ez dira bederatzi pertsona epaitzen ari; herri oso bat eta gazteria epaitzen ari dira.

Jende uholdeak ez zuen besterik adierazten: bihotz eta buru asko (imajina dezakeguna baino gehiago, beharbada) mugitu dituela Altsasuk. Astindu dituela kontzientziak eta ozen oihukatu duela hemen herri duin bat dagoela, eta ez dagoela prest txikitua izateko, gazteak defendatuko dituela. Zutik jarraituko duela, duintasuna ezin dela lapurtu eta askatasuna lortu arte ez duela etsiko.

Iritzia: Ultzamaldeko tranbia

Tania Arriaga Azkarate

Euskotrenekin Hendaiatik Bilbora joan behar izan genuen aurrekoan. Igande goizean hamar eurora ailegatzen ez zen txartela erosi ondoren, satorra hartu eta hiru ordu eta berrogei minutuan Bilbon ginen. Bidean, Euskal Herriko kostaldeko ia txoko guztiak pasatzen ikusi genituen: ibilbideak 56 geldialdi ditu.

Kalkulatzen dut Hendaian 40 bat lagun igo ginela, eta inongo oinarri zientifikorik gabe botako dut haien artean hamar bat espainol, hamabost bat frantses, zortzi lapurtar eta Hegoaldeko beste zortzi bat lagun geundela (baita bi turista zeharrargi eta galdu ere, baina azalaren gardentasuna dela-eta zenbatzean desagertu ziren). Berehala, trenaren populazioaren ehunekoak aldatuz joan ziren; batetik, Errenteria eta Pasaia artean, hamaiketakoa hor nonbait janen zuten nerabe kuadrilla polita sartu zelako, eta, bestetik, 70 urte inguruko emakume bakarti franko igo baitziren. Kantauriko perlan gelditu ziren Donostiara iritsi eta gurekin haraino etorritako gehienak.

Trenez aldatu, eta ibilbidearen bigarren parteari ekin genion. Amaratik aurrera, bagoietako bidaiarien profila dibertsifikatu zen: bertako zein kanpoko turistak; gaztetxoen futbol taldeak; ondoko herrira gurasoekin bazkaltzera zihoazen familia gazteak; gaupasero menderaezinak; apez bat; pentsiodunak; autorik gabeko Senegalgo mantero langileak; Errumaniako burdin biltzaileak gurditxoa eta guzti; bermut zale klasikoak ere ikusi genituen, alkoholemia kontrolei irri eginez.

Sinistuko ez duzuen arren, triki-traka etengabearen eraginez, beste behin, trantze mistiko batean sartu eta ikuspen dohatsua agertu zitzaidan trenaren leihatilan. Hara non! Panoramikoan, Basaburua, Imotz, Ultzama, Odieta eta Atezko mapa ikusi nuen. Zientzia fikziozko film batean egonen banintz bezala, irudia handitu eta herrietara hurbildu nintzen, eskuarekin mugimendu azkar bat eginez. Han ziren, ikusgai, NA-411 eta NA-4130 errepideak, zirkulua osatu eta bailara hauetako herriak elkartzen. Errepide ondoan, tranbia txiki txukun bat zegoen. Eskuarekin irudia zabaltzeko agindu eta indar elektrikoari esker mugitzen zen trentxoarengana hurbildu nintzen. Makinistaren atean, hizki larriz, Cincinnati irakur zitekeen, ziurrenik hiri horren oparia delako, pentsatu nuen. Auzako egurrezko geltokian, berriz, Nekazalguneak lotzeko garraio egitasmoa idatzita zegoen. Tom Cruisek Minority Report-en egiten zuen bezala, eskuen keinua errepikatu eta tranbiaren barnean nengoen. Gazte talde bat ondoko herrira zihoan, beste gaztetxo batzuekin, etxeko lanak egitera; adineko bi lagun ere ikusi nituen, Auzako ile-apaindegian hitzordua hartua zutelako; Iruñerriko bi ezagun agurtu nituen eta bikote bati entzun nion, zeinen gustura bazkaldu behar zuten autoaren ardurarik gabe. Euskotreneko ahots grabatuak ikuspen dohatsutik atera ninduen, "hurrengo geltokia, Zazpi Kaleak" aditzera eman zuenean.

Ultzamako trenbidea ametsa da, oso eztabaidagarria; azken buruan, ia lau orduko bidaian ongi pasatzeko jolas jarduera niretzat, baina, gure herri zoragarrietan duintasunez bizitzen segitu ahal izateko, gisa horretako ariketa asko egin beharko ditugu. Imajinazioaren biraderari eragin beharko diogu etorkizuna gure herrien beharretara egokitzeko, eta, bai ala bai, ondarearen kudeaketa ekuazioaren aldagaia izanen da.

Iritzia: Euskarafobia

Jon Barberena

Mingarria zait gurasoengandik jaso nuen hizkuntzaren kontra nola solastatzen diren aditzea. Maitemindu berrien gisa, hasi dira alderdi politikoen arteko txolinkeriak nabarmentzen gurean. Hasmentan altxapeka eta agerian dagoeneko, gero eta hurbilago dauden hauteskundeetarat eskutik hartuta joan daitezen. Horren adibide, PSNko Maria Txibitek berriki emandako gosari informatibo batean errandakoa. UPNren argudio berberak erabili zituen alderdiaren oinarri "sozialista" defendatzeko. To! Gosarirat gonbidatua zen Javier Esparzari keinu ttipi bat egin eta euskal abertzaletasunaren kontra gogorki solastatu zen, haien izaera nafarra eta espainiarra defendatuz. Ongi iduritzen zait bere proiektua plazaratzea eta defendatzea. Baina Pedro Sanchez ondoan zuela, argudioen besta horretan… atx! belarrietan adina samin, bihotzean sentitu nuen. Hitz batek belarriak eta bihotza zulatu zizkidan: "Euskara… Euskara… Euskara".

Euskara hitza behin eta berriz erabili zuen gazteleraz ari zen mingainak. Bere idurikoz, Euskara Nafarroan gainbaloratua omen dago, eta euskalduna ez dena lanpostu publikoetatik kanpo gelditzen hasia omen da gobernu berri honekin. Argudio beretsua erabili zuen UPNko Iñaki Iriartek ere, idatzi batean: "Euskara ikasi dutenek ezin dute hezkuntzan,lanbide publikoan edo diru publikoaren banaketan lehentasunik izan".

Ez dakit nola biziraunen duen gure hizkuntza ttipi honek leku publikoetan tokirik ez badu, edo etxerat irratiaren edo telebistaren bidez sartzerik ez baldin badu. Oroitarazi nahi dizuet, murrizketak aitzakia hartuta, sosik gabe utzi zenituztela euskaraz mintzo diren komunikabideak eta haietako bat, Euskalerria irratia, urte luzez lizentziarik gabe. Berriki artio, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kredituen %20 egin zitekeela bakarrik euskaraz. Ia ingelesaren pareko proportzioan; kredituen %18 eskaintzen baitzuen ingelesez NUPek.

Igual-iguala pasatzen da oraindik ere administrazio publikoan; gazteleraz gure beharrak asetzeko ez dugu inongo problemarik izaten, baina euskaraz aritzeko ezintasuna agerikoa da egunerokotasunean. Paper administratibo bat betetzerakoan, medikuarenerat joaterakoan… Ezin gara euskaraz aritu eta beraz, ezin gara normaltasunez euskaraz bizi. Iduritzen zait, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahian zabiltzatela. Etxeko hizkuntza edo menditarren hizkuntza bihurtu nahian, edo makurragoa dena oraindik, folklore hila bihurtu nahian. Kristalezko kutxa batean izandakoaren azken aztarnak sartu eta museo batean zokoratu nahian. Gorroto duzuena, maita dezakezue? Nola idurikatzen duzue zuena ere badela diozuen euskararen etorkizuna, kalean eta administrazio publikoan lekua ukatuz? Harrigarria bezain mingarria zait nola zabiltzaten azken aldian euskararen kontrako argudioetan tematuak zuen identitatea defendatzeko.

Guk ez dugu deus inposatu nahi; euskaraz bizi nahi dugu, bertzerik ez. Beraz, ez zaitezte arrangura eta saiatu zuen asmoa bertze argudio batzuekin defendatzen. Zuen mingainetan ez ezik, zuen xilkorat begira egoten diren begi gorrituetan gorrotoa nabarmentzen da. Kezkatzeko moduko gorrotoa. Ana Beltranen sindromea hedatzen ari ote da? Espero dut ezetz.

Iritzia: Terrorismo sistematikoa

Lohizune Amatria
Oraindik ere, askotan irakurri eta entzuten dugu terrorismoari gorazarre adiera komunikabideetan; eta, oraindik ere, askotan erabiltzen dute gure herria eta herritarrak kondenatzeko. Asteotan jaso dugu azken adibideetako bat. Eta honek...

Iritzia: Pobre izateak lotsatzen zaitu?

Saioa Alkaiza

Autokazetaritza ariketa bat da hau, autoetnografia saiakera bat, objektibitatea kapitalismoaren lubakian gordetako gezurra dela dakigunontzat.

Ez dakit zenbat elkarrizketa egin ote ditudan nire bizitzan, kazetari gisa daramatzadan urteetan; euskal prentsaren ekoizpen maila azkarra aintzat hartuta, ehunka izan daitezke. Baina, gaur, amarekin eseri naiz mahaian.

Langabezian dago. Orain gutxi arte, edadetuak zaindu ditu ospitalean, unerik okerrenetan, egun gutxi geratzen zitzaizkienean, hil-hurren zeudenean, eta ez daki zenbatek eman duten azken hatsa haren aurrean Nola da posible ez jakitea? Ba, ez dakit, Saioa; asko, nahi baino askoz gehiago. Zaharren zaintzaile eta unean uneko erizaina, etxe garbitzailea, ostalaria, dendaria, tapizaria… 62 urte dauzka, lanak laztutako eskuak, larritasunak puztutako begi zuloak eta 600 euroko bermatutako errenta.

"Gaizki bizi gara, oso justu; alokairua ordaindu behar dut, komunitatea, gasa, ura, telefonoa, garraio publikoa, jakiak… 600 euro gutxienekoa da". Kalkulu matematiko finak zehazten ditu hilaren hondar egunak; bere buruari ezarritako gastu kantitatetik ez ateratzeko saiakerak hartzen du egunerokotasuna.

"Ni moldatzen naiz etxean bakarrik nagoelako, eta ez dudalako ia gasturik". Galdera: Eta luxurik ba al daukazu? "Etxerako erosketak egiteaz gain, kafetxoren bat hartzen dut, baina deus gutxi gehiago. Ez dit ematen". Luxuari buruz galdetuta, kafea aipatu du.

Harentzat ez dira existitzen kanpora joateko egunak, eta barrez lehertu da galdera entzutearekin batera: "Oporretara? Ez, inondik inora ez, bai zera! Keba. Gastuak neurtuta dauzkat, ez gehiago ezta gutxiago ere. Ez, ez, ezinezkoa da".

Uste ustel asko dago oinarrizko errentaren inguruan, tartean behar ez duten batzuek jasotzen dutela, nahiz eta frogatuta dagoen oso urria dela behar ez eta eskatzen dutenen kopurua. Hari ez zaizkio axola besteen esanak. "Egia esan, sekula ez naiz larritu jendeak pentsa dezakeenarekin; errenta da gaur-gaurkoz daukadan bizirauteko modu bakarra. Ez da inolako desohorea. Nik lan egin dut, pila bat, bizitza guztian, eta, hala ere, ez dut nahikoa kotizatu; badakizu, beti etxeko lanetan eta zaintzan eta kontraturik gabe… eta, orain, nire adinean, ez dut lanik. Ezin dut besterik egin".

Emakumezkoa, 60 urtetik gorakoa eta ikasketarik gabea. Larri iristen da hilabete bukaerara. Errenta berritu behar diote eta bi hilabetez ez du dirurik jasoko, behin kasua berraztertuta, galdutako hilabeteetako dirua sartuko dioten arren. Nola egin dezake aurrera errenta kobratzen duen batek hilabete horietan? Areago, eta inguruan babes sarerik ez balu, beste askok ez duten gisan, zer eginen luke?

Kezkatuta amaitu dut elkarrizketa. Ama, lotsa ematen dizu nik errentari buruz galdetzeak eta hau argitaratzeak? "Ez, inondik inora ez! Zergatik?". Begira-begira geratu zait, begiak iltzatuz: "Eta zuri? Lotsa ematen al dizu jendeak hau irakurtzeak?". Ez dakit zer erantzun.

Iritzia: Zuentzat, zuekin, zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Planto eginen genuela esan, eta egin dugu. Ez dugu inoren leziorik behar, badakigu zertan ari garen. Emakumeek*, feminismoek, kaleak hartu ditugu. Geratzeko etorri gara. Kontuan hartuko gaituzue? Kontuan hartuko dituzue militatzeko beste erak? Kontuan hartuko dituzue gauzak egiteko moduak? Kontuan hartuko duzue beste inon baino askoz emakume* gazte gehiago bildu dela prozesu honetan? Aintzat hartuko duzue emakumeon* hitza, edo erabakiak zuen kabuz eta zuen "kudeaketetan" hartzen jarraituko duzue?

Hitz hauek greban parte hartu zenuten emakume* guztiei. Azken aste eta hilabeteetan gelditu gabe lanean ibili zareten guztiei. Egunero greban pentsatu duzuenei, ekitaldiak prestatzen egon zaretenei. Batzarrak antolatu dituzuenei, batzuk eta besteak prestatzeko erotu zaretenei. Hasieratik honekin aurrera egin behar zela zenekitenei. Konbentzituta zeundetenei eta apustu erraldoia egin duzuenei. Txandak egin dituzuenei; ahal zenutena egiteko prest agertu zaretenei.

Gertukoen eta ez hain gertukoen zalantzak (pazientzia handiz) argitu dituzuenei. Herriz herri batzarrak, egitasmoak eta ekintzak loratu dituzuenei. Lehen haziak jarri zenituztenei. Amantalak zintzilikatu dituzuenei. Bideoak egin dituzuenei. Batzarretan aspertu zaretenei, haserretu zaretenei, barre egin duzuenei. Urduri jarri zaretenei. Lan-kargak itoko zintuztetela uste zenutenei. Señorei. Egunak telefonora itsatsita egon zaretenei. Institutuetan greba onartzeko izateko arazoak izan dituzuenei, beste hezkuntza baten alde jo eta ke ibili zaretenei. Mila diseinu egin, eta Whatsapp taldeetan desesperatu zaretenei. Pankartak nola egiten diren irakatsi nahi izan diguzuenei.

Aliantzak josi eta saretu dituzuenei. Hasieran beste batzuekiko mesfidantzak zenituztenei; ostegunean mesfidantzak besarkada bihurtu ziren. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi duzuenoi. Antolatzeko beste era bat dagoela demostratu duzuenei. Beste dimentsio batzuk ikusarazi dizkiguzuenei. Ematen duena baino errazagoa zela esaten zenutenei.

Greba feministak eztanda egin zuenean, gauez, egunak izanen zuen tamainaz ohartu zinetenei. Ur kuboa gainera bota zizuetenei. Piketeak egin zenituztenei; auzoa, herria, hiria pankartaz josi zenutenei. Ekintzak egin nahi izan eta lortu ez zenutenei. Errepideak moztu eta paretetan oihuak margotu zenituztenei. Dantzatu, txalo egin zenutenei. Aski dela esateko elkartu zinetenei. Bideak moztu, Corte Inglés inguratu, Inditex itxi zenutenei.

Posible izanen zela sinetsi zenutenei. Aurreikuspenak gainditu eta plaza guztiak bete zenituztenei. (Jo)ahaldundu zinetenei. Pankarta eraman, eta zoriontsu izan zinetenei. Jendaurrean hitz egin zenutenei. Elkar besarkatu zenutenei. Egunaren amaieran negar egiteari eutsi ezin izan zeniotenei eta eutsi zeniotenei. Gorputzak eztanda eginen zuela pentsatu zenutenei. Lagunak egin dituzuenei. Bideko lagunei.

(Donibanekoei, irribarre egiten jarraitzeagatik; keinu bakoitzarengatik. Oso harro egoteko moduko auzoa eta kideak dituzu, Antxo. Jtk!).