Iritzia

Raxoi ez da Rajoy

Bai, jaun-andreok. Aldaketa etorri da. Raxoy ez da jada Raxoi, Rajoy baizik. Urtarrilean, oraindik ere, Raxoi zen, eta izen horrekin, 24an eta 25ean, adierazi zuen burujabetzari buruzko Kataluniako parlamentuaren adierazpenak ez zuela "ezertarako" balio, ez zuela "inolako ondorio juridikorik". Urtarrilaren 30ean, berriz, Urkullu Raxoirekin elkartu zen Moncloan, ez Rajoyrekin. Eta urtarrilaren 31n, PPren ustelkeria auziak Raxoi eta alderdiko buruzagiak zipriztindu zituen.

Baina, kasu!, otsailaren lehenbiziko egunean etorri baitzen aldaketa, hurrengo eguneko egunkarian islatu zena. Egun hartan, beraz, Rajoyk hitz egin zuen, eta ez Raxoik. Eta, hortik aurrera, Rajoyk, eta ez Raxoik, bere aurkako salaketa oro ukatu zuen, eta bla bla bla.

Irakurle, honaino ailegatuta piperrik ere ulertu ez baduzu, jakin ezazu diagnostikatu gabeko patologia sendaezina dudala: edozein testu irakurtzen dudalarik —izan kaleko afixa, zirkulazio seinalea, dendako oharra zein egunkariko albistea—, begirada beti, baina beti-beti, xehetasun linguistiko tontoenera joaten zait. Bortz axola maisu lana irakurtzea ere; gaizki idatzitakoa eta/edo oso ezberdin izkiriaturikoa gelditzen baitzait beti kaskoan.

Gaixotasun kronikoa da. Baina ez kezkatu. Ongi nago.

Eta gaixotasun horregatik ikusi dut —eta, nik bezala, ni bezain gaixo daudenek ikusi dute— BERRIAk dagoeneko ez duela Mariano Raxoi idazten, Mariano Rajoy baizik.

Aldaketa egin zuten egunean berean ohartu nintzen aldaketaz —egunero irakurtzen baitut BERRIA, eta zuk ere gauza bera egin beharko zenuke!—. Hasieran pentsatu nuen Politika saileko erredaktorea Rajoy X-z eta I-z idazteko arauaz ahantzia zela. Baina gero konturatu nintzen AEBetako korrespontsalak eta zuzendariak berak ere Rajoy zerabiltela. Alegia, arau aldaketa zegoela horretan.

Bere garaian, Euskaldunon Egunkariaren Estilo Liburuak zehazten zuen "Herri Katalanetako eta Galiziako izenak katalanez eta galegoz" eman behar zirela. Oker ez banago, BERRIAk arau horri eutsi zion. Eta horren, arabera, Rajoy Raxoy moduan eman behar genuen. Eta guk, txintxo-txintxo, Raxoi.

Eta orain berriz buelta. Ongi. Rajoy.

Beharbada, nik hau idatzi (otsailak 6) eta zuk irakurri duzunerako (otsailak 15 edo geroago), BERRIAk azalpenak eman ditu aldaketa honen inguruan. Ezetz espero dut. Bertzenaz, hurrengo bi paragrafoek grazia guzti-guztia galduko lukete.

Ergelkeriaren kasualitatea. Aldaketa gertatu baino astebete lehenago, nik Raxoi idatzi nuen arbelean, izen sintagma zer den azaltzeko adibide batean. Ikasleek, noski eta berriz ere, pentsatu zuten ni Martekoa nintzela. Eta nik baietz, Martekoa nintzela, eta Marteko euskaldunek Raxoi idazten zutela. Eta beraiek Martekoak izan nahi bazuten, Raxoi idatzi beharko zutela. Orain Venuskoak izan beharko dugu.

Eta bukatzeko, eskaera bat: mesedez, abisua eman Anjel Lertxundiri, Raxoi idazten segitzen baitu.

PRESIDENTEAREN IBILBIDEA IRUDITAN

2011ko maiatzaren 11n izan zen Aizarotzen Yolanda Barcina Nafarroako presidentea hautatzeko hauteskunde kanpainaren harira. Ekitaldia, ETAren aldeko pintaketa bat atzean zuela egin zuen. Bide batez, herrian ETAren jarrerarekin epelak zirela salatu zue...

6.500

Heldu den ikasturterako aurrematrikulatutako haurrak. Gaur arte, Nafarroako 6.500 haurren aurrematrikula eginen dute gurasoek. 231 ikastetxe dituzte aukeratzeko: horietariko 171 publikoak dira, eta gainontzekoak (60), itunpekoak.

1.700

Trinitarioseko egoitzan aterpetutako etxerik gabeak. Trinitarioseko etxerik gabeko pertsonentzako zentroak, Iruñean, 1.700 lagun hartu zituen iaz. Zentroak 50 leku ditu, eta pertsona bakoitzak hiru gau igaro ditzake aterpean.

Saltxitxa taloa

Paderborn 140.000 biztanle inguru dituen hiria da, Alemaniako Ipar Renania-Westfalia land edo estatuan dagoena. 1992. urtean gure hiriburuarekin senidetu egin zen, eta, lotura horri esker, Oberena dantza taldearekin hara abiatu ginen 2008. urtean. Krisiaren hastapenetan joan ginen Sanferminetako egitarauan sarri irakurri genuen hirira. Oraindik ez zen alarmarik, eta oraindik ere ez genekien Errepublika Federaleko kantzilerraren aurpegia behin eta berriro ikusiko genuenik gure etxeko telebistan.

Esan bezala, Paderbornera abiatu ginen, saltxitxak eta garagardoa dastatzeko gogoz (badakizue, aurreiritziak). Autobusa lepo bete genuen, eta dantzari guzien artean pertsona bakarra mintzo zen alemanez. Arraroa zen; bitxia iruditu zitzaigun iruindar batek hizkuntza hori ezagutzea. Bidaian zehar, beraz, bere alboan izan ginen hau eta hura nola esaten zen galdezka: danke, hallo, bitte...

2013. urtean, baina, orduan arraroa edo exotikotzat genuena ohiko bihurtu da, edo bihurtzen ari da behinik behin. Gazteok Alemaniara joan behar dugula esaten digute han eta hemen. Hego Euskal Herrian no future, hanka egin lehenbailehen! Eta hasi dira batzuk alemana ikasten, eta hasi da alemana nonahi agertzen, eta orain badirudi alemana jakin behar dugula gazte guziok. Hizkuntza eskolan, adibidez, 1. mailan eskari gehien izan duen hizkuntza da dagoeneko (1.415 eskari); ondotik, ingelesa eta frantsesa (1.228 eta 1.222).

Baina, hara! Derrigorrezko lehen hezkuntzara ere ailegatu da. Heldu den ikasturtetik aitzinera alemanezko ereduan ikasteko parada izanen dute Iruñeko haurrek. Victor Pradera Ikastetxe Publikoak eskainiko du hizkuntza horretan oinarrituriko eredua. Orain arteko eredu eleaniztun bakarrari, hau da, D ereduari aurre egiteko eredu elebiduna asmatu zuen Nafarroako Gobernuak (edozein eredutan txerta daitekeen PAI). Orain, eredu eleaniztun bakarrari, hau da, D ereduari aurre egiteko eredu eleaniztun berri bat asmatzeko asmoa ez ote duten ere pentsatzen hasi naiz. Badakizue hemen denak balio duela euskararen kaltetan baldin bada.

"Neska-mutil orok, nonahi bizi delarik ere, ingelesa ikasteko eskubidea du", esan du berriki Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek. Euskara ez, euskara ikasteko eskubidea ez baitzaio bermatzen nonahikoa den nafarrari. 2008an, Paderbornen ginelarik, pentsaezina zen kontseilari batek ingelesa ikasteko eskubidea defendatzea. Bost-hamar urteren buruan, agian, adituko dugu kontseilari baten ahotik alemana jakiteko eskubidea dutela haur guziek. Euskalerria irratiak ez du lizentziarik izanen, Euskal Telebista ikusteko arazoak izanen ditugu, baina lasai, taloan saltxitxa sartu eta alemanez ikasteko eskubidea aldarrikatuko dugu.

ZIKOINEI ONGIETORRIA SAN ADRIANEN

Zikoinei ongietorria egin zien Gurelur elkarteak San Adrianen lehengo larunbatean. Izan ere, Erriberako herria da zikoina bikote gehien duenetako bat. Udaletxeko lorategian zikoinei buruzko materiala ikusgai izan zuten bertan bildu zirenek, eta, zikoi...

155

Atzerriko turistek 2012an gastatutako milioi euroak. Joan den urtean, atzerritik Nafarroa ezagutzera etorri ziren turistek 156 milioi euro gastatu zituzten. Gastua 2011ko datuekin alderatuz gero, %15,5 hazi da. Batez beste, 8,9 eguneko egonaldiak egin dituzte.

8.612

Mendekotasun laguntzak jasotzen dituzten lagunak. Denera, Nafarroan, 8.612 lagunek jasotzen dituzte mendekotasun laguntzak. 2011n baino 483 lagunek gehiagok jaso ahal izan dute 2012an laguntza hori.

Epaile gogorrarena

Epaileak onartu du, CAN auzia dela eta, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren kontrako salaketa. Yolanda Barcinak konfiantza osoa du beraren kontra ere ezarri den salaketa irabaziko duela. Batek daki, irudikatu ohi denez, Justizia itsua izan beharrean, gorra baldin bada. Garai bateko zuzenbide tratatuetan espresuki debekatuta zegoen epailea gorra izatea (iudex surdus esse non potest), adingabea edo eroa ere ezin zen bezala. Hau bitxia da, gorraren beste adiera bat gupidagabea edo errukigogorra delako.

Haurtzaroan gehien inpresionatu ninduten eszenetako bat, berrirakurri ez arren oraindik gogoan izateraino, honekin lotuta dago. Victor Hugoren Notre-Dame de Paris nobelako pasarte bat da. Quasimodo konkorduna, begibakarra, itxuragabea eta gorra epaitu behar dute eta egokitu zaion epailea ere gorra da, ezindura ezkutatzea lortu badu ere, izan ere, txostena gainbegiratuta, itxurari erreparatuta, erraza baita juzgatzea, edo aurrejuzgatzea. Baina bai epaitua, bai epailea gorrak direnean sortzen den nahastea ezin da aurreikusi. Elkarrizketa eroak eragindako barre algarak epaileak akusatuaren erantzun begirunerik gabeei egozten dizkie. Lehengo karguei autoritateari men ez egitea gehitzen die, kondena biderkatuta. Laguntzaile batek, bidegabekeriaz ohartuta, Quasimodo gorra dela, eta ez errespetu gutxikoa, epaileari kontuan hartzeko belarrira esaten dionean, epaileak, entzungabe, gehitu du: "Ez nuen hori aintzakotzat, zigorra handitu beharko zaio".

Gerora jakin dut Victor Hugok Kristo ondorengo lehen mendeko Nikarko poeta greziarrak sortutako epigrama, ia txistea dena, edo bere bertsio anitzetako bat izanen zuela inspirazio iturri. Esaterako, Tomas Morok In iudicium ridiculum izenpean itzuli zuen. Inor gutxik daki Utopia-ren egileak epigramak ere idatzi zituela, batzuk salaketa sozialak eta guzti, agintariekin batere atsegin gabeak. Haietako batean, esaterako, nekazari bat erregeaz trufatzen da. "Hori da erregea, ez egidazu irri, mozorrotutako gizon bat ematen du". Beste batean hala dio: "Gortesau bat zalditik jaitsi eta hor zebilen bati zera esan zion: Aizak, eutsi zaldiari. Hor zebilenak, izuak harturik, esan zion: Jauna, esadazu, nahikoa da gizon bakar bat zaldi basati bati eusteko? Gortesauak baietz erantzun. Hor zebilenak esan zion: Gizon bakar batek egin ahal badu, orduan eutsi iezaiozu zuk zeuk".

CAN auzian inputatukoei desira diet dagokien epailea gorra ez izatea (hitzaren zentzu batean bai, bestean ez), beraiek gizarteak esaten zienarekiko gorrak izaten erakutsi baitute.

KUDEAKETA TXARRAREN SUSMOA

Negu gorria izan da urtarrilean, ekaitza, elurra, euritea... Euriteak eraginda eta elurra urtu ondotik, ibai eta errekastoek gainezka egin dute zenbait tokitan, Tuteran eta Castejonen esaterako. Uholde horien kalteak izugarriak izan dira, eta zenbatz...