Maialen Belarra
Sartagudako istorioak historiaren parte dira. 1936an gerra itxurako mamuak belztu zuen herria; sartagudarrak sartagudarren aurka. Batzuk hiltzaileak, besteak hildakoak; bizilagunak nahiz odol berekoak. Guztira 86 gizon fusilatu zituzten...
Nafarroa
Rotaflexaren prozesioa
Edurne Elizondo
Aste Santua zen. 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera. Desconstrucciones Itoiz enpresako zortzi langile eraikitzen ari ziren Itoizko urtegiko hormara hurbildu ziren. Lan jantzien azpian, Itoizko urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatzarekin joan ziren urtegira: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten.
Hogei urte beteko dira datorren astean, hilaren 6an, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek kableak moztu zituztela. Hura izan zen solidarioen ekintzarik ikusgarriena, bai eta eraginkorrena ere. Ez bakarrik lanak hainbat hilabetez gelditzea lortu zutelako; Itoizko auzia Euskal Herriko mugetatik kanpo eraman zutelako ere bai. Bederatzi hilabeteko etenaldiaren ondotik, hala ere, obrek aurrera jarraitu zuten. 2004. urteko urtarrilaren 19an, urtegia betetzen hasi zirela ospatu zuen Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Baluarten.
"Oso ekintza interesgarria izan zen, eta piztu zuen halako garra. Garai hartan, proiektua gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude". Horixe nabarmendu zuen Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Julio Villanuevak, 2013an, urtegiaren azpian gelditu diren herriak bota zituztela hamar urte bete zirenean.
Villanueva izan zen kableen mozketagatik espetxean sartu zituzten hiru solidarioetako bat. Iñaki Garia Koch izan zen kartzelan sartzen lehena, 2001. urtean. Ia lau urte eman zituen barruan. 2004ko martxoan, Ibai Ederra espetxeratu zuten, eta bi urte eta erdi pasatxo egon zen kartzelan. Villanueva, berriz, 2007ko abuztuan sartu zuten espetxean, eta urte bereko abenduan atera zuten.
Itoizko urtegiko kableak moztu zituzten Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kideek lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. "Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko", gogoratu zuen Villanuevak, 2013an egindako elkarrizketan.
Kazetariak lekuko
Solidarioekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6ko ekintza haren lekuko. Tartean zen Egunkaria-ko Iruñeko delegazioko kide Ana Unanue. Kableen mozketaren hamargarren urteurrenean, goizalde hartakoak gogoratu zituen Unanuek BERRIA-n: "Eguna argitu aurretik lo kuluxka egiteko esan ziguten. Baina nik ezin nuen. Nerbioek jota nintzen, gaizki aterako zela pentsatuz. Baina oso azkar joan zen dena, eta garbi".
Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik. Unanuek argi zuen ekintzaren irudiak suntsitu nahiko zituztela zinpekoek eta guardia zibilek. Ez zuten lortu, ordea. Argazkiak egin, eta berehala atera zituzten filmak handik taldeko hainbat kidek. Unanuek berak, bularretakoan bazituen bi film gordeta. Kableen mozketa gertatu eta gero, Egunkaria-ko Iruñeko egoitzako atea indarrez ireki, eta hankaz gora jarri zuten bulegoa. Ustez, argazki film haien bila. Ez ziren han gordeta, ordea.
Ekintza egin eta gero, kazetariek ordu eta erdi egin zuten Agoizko Guardia Zibilaren egoitzan. Anitzez ere denbora gehiago eman zuten han Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Nafarroako eta Espainiako gobernuak hasieratik saiatu ziren haien jarduera kriminalizatzen, solidarioek salatu zutenez. Langileen lanpostuen gaia baliatu zuten jendearen artean eztabaida pizteko.
Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek ere eztabaida piztea izan zuten helburu, eta Europan bira egin zuten, haien aurkako auziaren eta Itoizko urtegiaren berri zabaltzeko. Elkartasuna jaso zuten trukean, munduko hamaika txokotatik.
Ez zen nahikoa izan, ordea, proiektua behin betiko gelditzeko. Kableak moztu zituztenean, bazen urtegia legez kanpokoa zela erraten zuen sententzia. Betetzeko ezin ordain zitekeen bermea jarri zutela izan zen proiektua ez gelditzeko gakoa.
2003. urtean bota zituzten urtegiak egun azpian dituen herriak. Geroztik, zazpi herri pobreago da Nafarroa. Auzia, halere, ez da amaitu. Segurtasun arazoak ez dira desagertu. Galdutako herrien memoria ere ez.
Bizirik
Lur Albizu Etxetxipia
Zaila egiten zait egoera irudikatze hutsa. Zaila eta mingarria. Dagoeneko ia laurogei urte pasatu dira Artazutik eraman eta hil zituztela.
Lau anaia ziren: Jose, Felix, Ezekiel eta Florencio Bengoetxea Arellano. Antzeko zortea izan zuten denek: hiru Etxauriko hobi komunean daude, eta laugarren anaia, Erreniegan. Lanean zeudela harrapatu zituzten Jose, Felix eta Ezekiel, segan ari zirela, eta atxilo eraman. 1936ko abuztua zen. Handik, Ezkabako kartzelara bidali zituzten. Gerora, Iruñeko espetxera mugitu zituzten, eta handik atera zituzten Etxaurin erailtzeko. Florencio Garesen egon zen preso, Astraingo atakan hil zuten ondoren. Haien delitu bakarra sindikatu bateko kide izatea zen. Akusazioa: "Lurraren Langileen Elkartearen propagandista eta buruzagiak" izatea.
Garesti ordaindu zuten, garestien ordaindu zutenak izan ziren, baina ez bakarrak. Sortzez Artazukoa baina Garesko herritarra zen Clemente Reta Viguriari ere heriotza esleitu zioten, eta Etxauriko hobi komunean dago, lehen aipatu ditugun beste hiru anaiekin batera. Longidan bizi eta jaiotzez Artazukoa zen Zakarias Bengoetxea Ruiz ere hil zuten Elon.
Bengoetxea Arellano anaietatik bi gelditu ziren bizirik; Flaviano eta Timoteo, biak ala biak frontera bidaliak, haien anaiak hil zituztenen ondoan, derrigorturik. Azanza anaiak eta Doroteo Urra, Herriko Etxeko kideak denak, preso izan ziren Iruñean. Valeriano Ugarte eta Pedro eta Victor Bengoetxeak nahiago izan zuten ihes egin; Tomas Aldazek taberna itxi eta Frantziara egin zuen alde (han hil zen bere semeetako bat, nazien kontra borrokan). Severiano Bengoetxeak ere muga pasatu zuen, baina errepublikarrekin borrokara itzuli zen. Santoñako kartzelan egon zen. Ez zen hartaz besterik jakin, baina Errusian ikusi omen zuten azkenekoz, II Mundu Gerran.
Ez zen samurra gure herrian bizitzea. Tradizio karlista handiko herria zen Artazu; gutxi ziren (aurretik ere kasik nahitaezkoa zen) arautik ateratzen ziren herritarrak. Gutxi ziren, baina errepresioa zuzenean jasan zuten. Modesto Azkonak uko egin zion gerrara joateari eta, jazarpenak bultzatuta, Garesera joan zen bizitzera. Ondotik, sei hilabetez izan zen espetxean anaiarekin, Franco eta gerrari buruzko iruzkinak egitea egotzita. Artazuk ez zituen 400 biztanle ere, eta badaude kontatzekoak. Historiaren atzeko aldean egoten diren horiek guztiek ere, emakumeek, izanen zuten zer esana. Izanen zuten zer bizia eta zer sufritua. Gizonen historia kontatzen dugu, baina zer gertatu zitzaien emakumeei? Nolakoa izan zen haien aurkako errepresioa?
Irailean omenaldi txiki bat eginen zaie hildakoei eta Artazuko lurretan erail zituzten beste bi gizon ezezaguni. Isiltasunak hartu zituen gure herriak. Berandu da; senide gutxik ikusiko dute, baina ez gaitzala berriz ahanzturak harrapa. Bizirik jarraitzen dutelako gure memorian.
Elkartasunaren ordua
Edurne Elizondo
Lotsa-lotsa eginda nago". Irune Lekaroz iruindarrak erran ditu hitzok, baina sentimendu hori herritar anitzengan nagusitu da, ikusita Europa nola hartzen ari den Siriatik eta gerra pairatzen ari diren bertze hainbat herritatik ihes egindakoak. "Ailegatzen zaizkigun irudiek guztiz lotsatzen eta tristetzen naute". Lekaroz Nafarroako Gobernuak osatutako zerrendan diren boluntarioetako bat da. Hainbat hizkuntza badaki, eta gela bat hutsik du etxean. "Lagundu nahi dut".
Are gehiago, orain. Ostiralean, Europako atea ixtea erabaki zuen Bruselak; kolpe batez, gainera. Gerratik ihes egindakoei babesa emateko legezko betebeharra du, baina bizkarra eman dio. Bai betebehar horri, bai eta Europara babes horren bila etorri diren migratzaileei ere. Bruselak Turkiarekin tratua egin du, eta Europara sartu nahi dutenei atea blokeatu die. Astelehenean, gobernuz kanpoko erakundeak kanporatzen hasi ziren Lesbos irlatik (Grezia); Europako Batasuna hasi da iheslariak Turkiara itzultzen.
"Hau da Europaren benetako aurpegia; baina ez da oraingo kontua. Ceutan eta Melillan ere gertatu zen; handik sartu nahi zuten migratzaileak bota zituen Espainiak, eta mozal legea erabili zuen legez kanpokoa zena legezko bilakatzeko; gauza bera egiten ari dira orain". Horixe salatu du Javier Indurainek. SOS Arrazakeria taldeko kidea da, bai eta Iruñea Harrera Hiria plataformakoa ere. Hainbat aldiz atera da karrikara azken egunotan, ehunka herritarrekin batera, migratzaileei "benetako Europaren" mezua helaraztera: "Ongi etorri!".
Irune Lazkozek ere karrikan salatu du azken egunotan Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa. Etsipena eragin dio hitzarmen horrek. Lagundu nahi eta zer egin ez jakiteak ere amorratzen duela onartu du. Duela astebete Nafarroako Gobernuko eta Gurutze Gorriko kideekin bilera egin zuten iheslariak laguntzeko izena eman dutenek. Ehun herritar baino gehiagok egin zuten bat. Proposamenak eskatu zizkieten gobernuko ordezkariek boluntarioei, eta batek baino gehiagok eskatu zien agintariei hegazkin bat bidal dezatela, Nafarroak hartuko dituen iheslarien bila. "Badakigu ez dela posible, baina etsita gaude, suminduta, haserre. Ezin dugu gertatzen ari dena onartu".
Nafarroako Gobernua 300 iheslari hartzeko prest agertu zen, joan den irailean. Oraingoz, hamasei baino ez dira ailegatu herrialdera, Gurutze Gorria erakundearen bitartez. Siriarrak dira, baina Ceuta eta Melillatik ailegatu dira Nafarroara. Egunotan hogei pertsonako bertze talde bat ailegatzekoa da, bi hiri horietatik ere.
300eko kupotik, bat ere ez
"Nafarroak hartu nahi zituen 300 horietatik, beraz, bakar bat ere ez da ailegatu", nabarmendu du Indurainek. Egoera antzekoa da bertze hamaika tokitan. Izan ere, iheslarien krisia hasi zenean, 159.000 hartzeko prest agertu zen Europako Batasuna. Denera, 1.000 ere ez ditu hartu. Nafarroan, gobernuak argi utzi du "arrazoi humanitarioak lehenetsi" behar direla, bertzelako arrazoien gainetik, baina iheslariak laguntzeko eta hartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena dela.
Eskumenen eta arduren banatze horren erdian daude zerbait egin nahi duten herritar anitz. "Lagundu nahi dugu, baina ez digute uzten; ez dakigu nola egin". Horixe nabarmendu du Irantzu Ansorenak. Irurtzungoa da, baina Zizurren ari da iheslarientzako haur-eramaileak jasotzen, iheslariei bidaltzeko. "Donostiako bi emakumek jarri zuten egitasmoa martxan, eta bat egitea erabaki nuen. Haur anitz ikusten ditugu hedabideen bidez ailegatzen zaizkigun irudietan; besoetan eraman behar dituzte haien gurasoek. Haur-eramaileak bidaltzea da ahal dugun neurrian laguntzeko modua, erosoago eta seguruago mugi daitezen".
Martxoarekin batera hasi zen Ansorena haurrak eramateko motxilak eta antzekoak biltzen; hilaren amaieran Madrilera bidaliko ditu, eta handik eramanen dizkiete iheslariei. "Denera 40 inguru izanen ditut bidaltzeko".
Ansorenak bezala, elkartasuna azaltzeko moduak bilatu dituzte bertze herritar anitzek ere. Iheslariei ongi etorriak direla erran diete sare sozialetan zintzilikatu dituzten kartelen bidez, adibidez. Erakundeek ere bilatu dituzte keinuak egiteko bideak. Eguesibarko eta Zizur Nagusiko udalek, adibidez, Europako bandera kendu dute udaletxetik, azken egunotan. Nafarroako Parlamentuak ere bai. Iruñeko Udalak, berriz, adierazpena onartu zuen joan den astean, Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa gaitzetsi eta Europako mugak irekitzeko eskatzeko. Joan den irailetik, harrera hirien sareko partaide da Nafarroako hiriburua.
"Elkartasuna ongi dago, eta behar da. Baina haratago jotzeko beharra ere bada. Gorago egin behar dugu so; agintariek ez badute deus egiten, elkartasunak bakarrik ezin izanen du arazoa konpondu". Horixe uste du Unai Beroiz fotokazetariak. Turkian eta Grezian izan zen iaz, Dani Burgi eta Luis Carmona lankideekin. Beroiz ere karrikara atera da Turkiaren eta Bruselaren arteko akordioa salatzera. Argi du hobe dela akordio horrek lotuta duen diru saila bertze modu batera gastatzea: "Erabil dezatela, adibidez, gerra gelditzeko". Badaki ez dutela eginen. Eta badaki, halaber, ateak itxi dituen Europa ere badela milaka eta milaka pertsona horiek iheslari bilakatu dituzten gerren erantzule.
Beroizek argi utzi du: "Fotokazetariak gara, eta gure lana egitea da laguntzeko dugun modurik onena, gertatzen ari dena zabalduz, hitzaldiak emanez eta abar". Onartu du, hala ere, Lesbosen gisako toki batean zuzenean esku hartu eta lagundu bertze erremediorik ez dela.
Bizi izandako hainbat pasadizok bereziki ukitu eta hunkitu zuten Beroiz, azaldu duenez. "Gogoan dut, adibidez, ordenagailu eramangarriari helduta ailegatu zen gizona. Txalupatik jaitsi, eta lehortzen hasi zen. Gailu horretan bere bizitza osoa zegoela erran zigun, eta, batez ere, bere curriculuma. Ingeniaria zen".
Lesbosera ailegatu zen familia bat ere gogoan du Beroizek, bereziki, kideen eskuzabaltasunagatik. "Ez zuten deus, eta zuten apur hori eman nahi zizuten, lagundu izana eskertzeko". Beroizen eta lankideen autoan sartu ziren familiako haurrak berotzeko, erabat bustita ailegatu baitziren. "Alaba txikiak bere panpina eman zigun eskertzeko".
Arrazakeriaren arriskua
Javier Indurainek "benetako Europa" hori aipatu du, berriz ere; Grezian iheslariak lagundu dituzten bertako herritarren adibidea. Bertze aldean kokatu du lagundu nahi izan duten herritar horiei isunak jarri dizkien Europa. Ez du erabaki horrek harritu SOS Arrazakeria taldeko kidea: "Europak bere egin ditu eskuin muturreko alderdien programak". Kezkagarritzat jo du egoera hori, arrazakeriak gora egiteko testuingurua eman dezakeelako.
Nafarroan ere bai. Izan ere, iheslarien aurkako mezuak agertu dira hainbat tokitan. 2013an, herrialdean gertatu ziren 20 gorroto delituetatik 14 izan ziren arrazakeriagatik; 2014an, berriz, 24tik 13. Horren aurka egin zuten larunbatean, Iruñean. Arrazakeriaren aurkako eta migratzaile guztien aldeko mezua zabaldu zuten, karrikan, SOS Arrazakeriak, Amnesty Internationalek eta Paperak Denontzat elkarteak. "Gerrak, pobreziak edo klimaren aldaketak martxan jarritako migratzaile guztiei: ongi etorri!".
“Une historikoa da hau; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela”
E. Elizondo
Iruñea Harrera Hiria plataformako kide da Txantreako Auzo Elkartea. Haren eskutik, hitza hartu zuen Dani Burgi fotokazetari iruindarrak, joan den astean, auzo horretako liburutegian. Lepo bete zuten aretoa haren azalpenak entzutera joan zirenek. Jakin-minez ziren. Turkian eta Grezian izan zen Burgi 2015 urte bukaeran; Alemaniaraino egin zuen bidaia iheslariekin. Hamaika galdera egin zizkioten entzuleek. Burgik ez du zalantzarik: "Argi izan behar dugu une historikoa dela oraingoa; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela. Gizarte oso bat ari da mugitzen", azaldu zien.
Burgik Turkian ikusitakoa nabarmendu zuen bere hitzaldian; Lesbosera jendez beteta ailegatzen ziren ontziak ateratzen ziren tokian gertatzen zena, alegia. Batetik, Izmir hiriko errealitatea jarri zuen Burgik mahai gainean: "Etorbide handi bat zegoen, iheslariz beteta; han mafiak ez ziren ezkutatzen; eta dendetan ere agerikoa zen errefuxiatuen kontura egiten zuten negozioa; plastikozko txalekoak eta antzekoak saltzen zituzten nonahi".
Bertzetik, iheslari horiek ontziratzeko unekoak azaldu zituen fotokazetari nafarrak. Asos izeneko herrixka batean izan ziren Burgi eta haren bi lankideak. "Izmir hiriko etorbidean ikusitako jendetza ez zen inon ageri; egunean, ordea, 70 ontzi ari ziren Lesbosera gurutzatzen; non zegoen jendea?". Basoan aurkitu zuten erantzuna. Han ezkutatzen ziren iheslariak, txalupan sartzeko unea ailegatu arte.
Une horretan gertatzen zenaren lekuko izan zen Burgi. "Beldurgarria zen; pertsona horiek 1.500 edo 2.000 dolar ordaintzen zuten 10 kilometro eskaseko bidaia egiteko, eta inolako segurtasunik ez zuten". Giza eskubideak etengabe urratzen zirela azaldu zuen Burgik: "Mafietako kideek plastikozko hodiekin kolpatzen zituzten. Labanak eta pistolak ere bazituzten".
Emakumeak eta haurrak jartzen zituzten ontzien erdian. Haien inguruan, berriz, gizonezkoak. "Tokia ahalik eta ongien aprobetxatzeko, bizkar-zorroa bota behar izaten zuten anitzetan. Hondartza ihes egin nahi zuten pertsona horien oroitzapenez beteta gelditzen zen. Zuten apurra, bota egin behar zuten".
Milaka hildako
Urduritasun handiko momentuak zirela erantsi zuen Burgik. "Ontzi bakoitzaren ardura zuen pertsonak ez zuen bidaia iheslariekin egiten; ontzian zirenen artean bat izendatzen zuten arduradun, eta hark gidatu behar izaten zuen ontzia, deus jakin gabe ere". Txalupen egoera ere kaskarra izaten da. Elementu horiek guztiek egiten dute 10 kilometro eskaseko bidaia hain arriskutsu. "2016. urtea hasi zenetik hilaren 15a bitarte 456 pertsona hil dira, gutxienez, Mediterraneo itsasoan; 2015ean 3.695 hil ziren". Iaz, hain zuzen, milioi bat pertsona sartu ziren Europan. Iheslarien kopurua, munduan, 60 milioira ailegatu da jada.
Errealitate horren aurrean, herritar guztiek duten ardura nabarmendu zuen Burgik bere hitzaldian. "Gizarte gisa erantzun bat eman behar diogu gertatzen ari denari". Kazetariak kezka agertu zuen iheslarien aurkako jarrerengatik. "Gorrotoaren diskurtsoak gora egin du, eta herritarrok ezin dugu horrelakorik onartu. Ez dago gure esku Siriako gerra gelditzeko boterea, adibidez, baina gure ardura da gerra hori geldi dezatela eskatzea; nire auzoan mezu hori zabaltzeko egin behar dut lan, eta, batez ere, iheslari horien larruan jartzeko ahalegina egin behar dugu". Turkian eta Grezian ikusitakoak gogora ekarri zituen: jendearen beldurra, txalupatik jaisterakoan laguntzen zituzten ezezagunei ematen zizkieten besarkadak... eta, batez ere, aurrera egiteko duten gogoa.
Hamabost labankada, bi tiro
E. Elizondo
Isiltasuna da nagusi aretoan, Alexandra Andinok (Tegucigalpa, Honduras, 1980) hitz egiten duen bitartean. Entzuleen emozioa baino ez da sumatzen. Eta nabarmena da. Naturaltasunez kontatu du Hondurasko ekintzaile transexualak bere istorioa. ...
Eredu euskaldunak lortu du solaskidea
Asier Garcia Uribarri
Beharra, borondatea, edo biak batera. Arrazoi batengatik edo besteagatik urtetako borrokaren ostean euren helburuak lortuko dituzte Iruñeko Biurdana institutuan eta Sarrigurengo eskolan (Eguesibar). Lehenengoan urteak daramatzate ikastetxe berria eskatzen, masifikazioa dela eta. "Hiru aldiz handitu dute eraikina, baina jada ezin da gehiago zabaldu", azaldu du Asier Azpilikueta Biurdanako ikasketa buruak. Sarrigurenen antzeko masifikazio arazoak dituzte, eta gainera, eskola bakarrean hizkuntza eredu guztiak nahastuak dituzte. D ereduko gurasoek hamaika mobilizazio egin dituzte eskola euskaldunaren alde. Orain, Nafarroako Gobernuak bi egoerei aurre egiteko hitza eman du: Iruñeko Sanduzelai auzoan institutu berria egin, eta Sarrigurenen bigarren eskola eraiki. Azken horretan, gainera, ikasleak hizkuntza ereduaren arabera banatzea lortu dute gurasoek.
Biurdana institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta eskola askotako ikasleak jasotzen ditu egun: lehenengo mailan Patxi Larrainzar eta Sanduzelai eskoletatik, eta hirugarrenean Irurtzundik. Era berean, hurrengo ikasturtean Orkoiengo eskolatik jasoko ditu gazteak, eta, bi urte barru, baita Buztintxuritik ere. Datozen urteetan institutuak ikasle berri ugari jasoko baditu ere, egun daudenak ez dira sartzen. Aurreko ikasturtetik, batxilergoko eskolak ondoan dagoen Donibane institutuan ematen dituzte. "UPNk ez du inoiz institutu berri bat egiteko erabakia hartu, adabakiak baino ez dituzte jarri", salatu du Azpilikuetak.
Urtez urte ikasle gehiago jasotzen ari dira Biurdanan, demografikoki asko handitu den inguru bateko D ereduko institutu bakarra delako. Egun erreferentzia edo tutoretza gela bakarra dute "soberan". Hala ere, arazorik larrienak gela bereziekin dituzte: musika, plastika, teknologia eta gimnasioarekin. "Musika gela bat badugu, eta beste gela bati musika gela II deitzen diogu, baina ez dago horretarako prestatua. Teknologiarekin beste horrenbeste, tailer bat badugu, baina beste gela bat jarri behar izan dugu tailer gisa, eta plastika gelekin gauza bera". Gela falta badute ere, horrek ikasle ratioetan eraginik ez duela azaldu du Azpilikuetak. "Ratio ofizialak DBHn 32koak dira, baina erabiltzen ditugu laguntza orduak ratio horiek jaisteko. Buruz ari naiz, baina izan daiteke lehenengo mailan 21-22, bigarrenean 22-23, hirugarrenean 21, laugarrenean 25, eta batxilerrean zerbait handiagoak".
Zentro berria eraikitzea berri ona da Biurdanako ikasle, langile eta irakasleentzat. Hala ere, Azpilikuetak dio ikastetxea berandu helduko dela. "Gure kalkuluen arabera 2017-2018 ikasturterako ikasleak ez dira sartuko, ez gure eraikinean ezta ondoko institutuan dugun solairuan. Zentro berria 2018-2019 ikasturterako egingo dute. Beraz urte batean nahiko larri ibiliko gara".
Sarrigurenen bi urrats
Sarrigurengo eskolako gurasoen borroka luzea izan da. Eguesibarko herri berria da Sarriguren: 16.000 lagun bizi dira eta eskola bakarra dute. "Herria eraiki zutenean, UPNk agindu zuen bi eskola egingo zituela", azaldu du Amaia Zufiaur Sarrigurengo eskolako amak. Baina ez zen hori gertatu. Ikastetxe bakarra egin zuten, eta hizkuntza eredu guztiak nahastu zituzten: A, G eta D. Eredu euskalduneko gurasoek bi borroka izan dituzte beraz: eskola berria lortu, eta hizkuntza ereduaren arabera banatzea.
"Eskola 700 ume hartzeko prestatua dago, eta 1.000 ikasle izan ditu", salatu du Zufiaurrek. Urteetako borrokaren ondorioz, iaz Nafarroako Gobernuak eskola handitu zuen beste eraikin batekin. Hori adabaki hutsa dela uste du Zufiaurrek, eurek eskola berria eskatzen baitzuten. Hala ere, ikasturte honetan gobernuak adierazi die heldu den ikasturterako eskola berria izango dutela. Lehen garaipen horren ostean, ereduen arazoa argitu nahi zuten.
Eskola berriaren aldeko mobilizazioetan guraso elkartea eta Hazi eta Hezi plataforma izan dira protagonistak. Bertan eredu guztietako gurasoek parte hartu dute. Baina, behin eskola lortuta, eredu euskalduneko gurasoek Denok Bat Denok D plataforma sortzea erabaki zuten. Nafarroako Gobernuak eskolen antolaketaren inguruko iritzia eskatu zion eskola kontseiluari, eta guraso euskaldunak lanean jarri ziren.
"A eta G ereduetako gurasoak ereduen banaketaz konbentzitzea zaila izango zela uste genuen, eta mugitzen hasi ginen. Bilerak eskatu genituen nonahi: eskolan, Hezkuntza Departamentuan, Sarrigurengo Udalean, eta alderdi politikoekin", azaldu du Zufiaurrek. Horrez gain, murgiltze ereduaren inguruko hitzaldiak antolatu eta hedabideetara idazkiak bidali dituzte.
Guraso elkarteak eredu banaketaren alde egin zuen. Baina, Zufiaurrek azaldu duenez, zuzendaritzak eta irakasleek ez zuten iritzia eman nahi, hori gobernuak hartu beharreko erabakia zela uste zutelako. Orduan, Denok Bat Denok D plataformak eredu erdalduneko Edusarri taldearekin batera hizkuntza ereduen banaketaren aldeko manifestua idatzi zuen. Azkenean, duela bi aste, gobernuak baieztatu zuen heldu den ikasturtean Sarrigurengo eskolak hizkuntza ereduen arabera banatuko dituztela.
Bi garaipenak lortuta ere, Sarrigurengo gurasoak ez dira geldituko. "Hurrengo helburua, herrian D ereduko institutu bat lortzea da". Egun, Sarrigurengo ikasle guztiak Iruñeko Mendillorri institutura doaz. Gainera, Nafarroan eskola euskaldunaren alde bide luzea egiteko dagoela uste du Zufiaurrek. Hala ere, aurrera jarraitu aurretik, lortu dutena baloratzeko eta ospatzeko aukera izanen dute gurasoek.
Zer greba?
Idoia Sobrino
LOMCEri buruz anitz solastatu da azken aldian egondako greba eta manifestaldiengatik. Pasa den astekoa, administrazio eta zerbitzuetako langile (AZL) izanda bizi izandako lehen ikasle greba izan zen; hau da, hezkuntza egoitza batean ikasle izan gabe bizi izan dudan lehena. Zenbait gauzak harritu naute.
Alde batetik, AZLen artean, ez profesionalki ezta pertsonalki ere, ez zela grebaz solastatu. Ez aitzineko egunetan ezta gerokoetan ere. Ez greba zegoenik ezta grebaren arrazoiez. Deus pasatuko ez balitz bezala. Grebaren aferak beraiekin (gurekin) zerikusirik izango ez balu bezala. Aipatu beharra dago, hezkuntza legearen baitan eskola liburutegiak eta unibertsitateko liburutegiak ere arautuak gelditzen direla, beraz, liburuzain gisa, gaiak ukitu ukitzen gaituela. Zer erranik ez pertsonalki, bai guraso izanagatik, bai anai-arrebak izanagatik, bai dena delakoagatik ere, hezkuntzaren kalitateak eta funtzionamenduak hurbileko kezka izan beharko lukeela. Baina langileen artean, aipamenik ez.
Bertze aldetik, eta aitzinekoarekin lotuta pentsatzen dut nahiz eta ez duten horregatik bidezkotzat jotzen, lanean nabilen hezkuntza zentroaren sare sozialetan ere ez zen ikasle grebaren inguruko aipamenik egin. Ez alde, ez kontra, ezta txio ziztrin bat erez. Greba? Zer greba?
Jaso nuen bakarra, posta elektronikora ailegatzen diren mezuen artean, irakasle baten mezua izan zen; omen, berak eskola ordua zeukan greba egun horretan eta ikasle gutxi batzuk joan ziren bere eskola entzutera, egun normala izango balitz bezala. Baina greban zeuden bertze ikasle batzuk ere agertu ziren eta irakasleak gelan sartu eta grebaren zergatiak azaltzeko aukera eman omen zien. Lehendabizikoz eta azkenekoz emandako aukera izan zela zioen; greban zeuden ikasleek, manifestaldirako prestatutako bi leloez gain, arrazoi gutxi omen zekiten grebaren aferari buruz.
Tristea iduritu zitzaidan hori gertatzea. Agian ez da ikasleriaren gehiengoaren ispilu izanen. Beharbada anitzek jakinen dute zeren kexu diren, baina nik ikasle horiei langileen antza ere hartu nien. Orduan ulertu nuen, nolabait, zergatik ez zen gure artean grebari, LOMCEri buruz solastatzen: inor gutxik dakielako ezer. Hala izanen ote da? Hori bai dela larria…
Jakingo al dute liburuzainek lege berri honek eskola liburutegiak ez dituela bermatzen? Ez dituela eskola liburuzainak bermatzen? Gure ogibidearen kontrako legea dela? Eta arestian erran bezala, gure xilkotik haratago begiratuta ere, jakinen al dute beraien seme-alabengan, anai-arrebengan, lehengusu-lehengusinengan… horrek denak izanen duen eragina? Hau da, bizi garen gizarte honetan lege honek, eta batez ere bere gabeziek, izanen duten eragina?
Informazioaren garaian bizi garela eta… ez al da hori ere bertze lelo bat bakarrik izanen?
Zaborra baliabide bilakatzeko
Edurne Elizondo
Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera. Asmo hori jarri du mahai gainean Nafarroako Gobernuak, aurkeztu berri duen hondakinak kudeatzeko planaren zirriborroaren bidez. Agiria 2016-2025 eperako da, eta epaileek hutsean utzitako aurreko planaren tokia betetzea du helburu.
Abiapuntua hagitz bertzelakoa da, eta ez bakarrik apustu egiten duelako hondakin gutxiago eragin, eta sortzen diren horiek berrerabiltzea eta birziklatzea helburu duen ekonomia zirkularraren alde; aurreko planak ez bezala, herritarren eta eragileen parte hartzea bultzatu duelako ere bai. Hondakinak errausteko aukerari buruz ere aldea nabarmena da: aurreko planak errauste planta eraikitzea lehenesten zuen, eta aurrekontuaren %92 bideratzen zion eraiki nahi zuen azpiegitura horri; oraingoak, berriz, baztertzen ez badu ere, bertzelako proposamenak eta alternatibak jartzen ditu mahai gainean, errausketaren ordez.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek "asmo handikotzat" jo du plana. Onartu du, hala ere, zehaztutako helburuek Europako eta Espainiako legedietara egokitzen dutela testua. Hau da, legeak agintzen duena egiten ari direla. Xedetzat hartutako neurrietako hainbat nabarmendu ditu: etxeko hondakinen kopurua %10 murriztea; hondakin guztiak tratatzea; Nafarroa osoan martxan jartzea etxebizitzetan eragindako materia organikoa biltzeko sistemak, eta hondakin horien %70 birziklatzea, bertzeak bertze.
Ekonomia zirkularraren alde egindako apustuaren bidetik, hondakinak baliabidetzat hartzeko beharra jarri du kontseilariak mahai gainean: "Horrek ekartzen du prebentzioa lehenestea, kudeaketa publikoa protagonista izatea eta enplegu berdea sortzeko dugun gaitasuna bultzatzea", azaldu du Isabel Elizaldek.
Helburuak argi utzi ditu gobernuak. Helburu horiek nola bete, ordea, bertze gauza bat da. Asmoak paperean jasotzea baino gehiago beharko dute. Horixe nabarmendu dute zirriborroa aztertu duten hainbat eragilek. Alderdi argi eta on anitz ikusten diote plan berriari, aurrekoarekin alderatuta 180 graduko norabide aldaketa ekarri duelako; baina baditu ilunak ere. Sustrai Erakuntza fundazioko buru Martin Zelaiak helburuetan "zorrotzago" izateko eskatu dio gobernuari; "2025erako errefusa, oraindik ere, %34 izatea onartzea gehiegi da", jarri du adibide. Ekologistak Martxan taldeak eta Nafarroako Greenpeaceko bozeramaile Ana Malonek hondakinen bilketaren esparruari egin diote so, eta atez ateko sistemaren alde egin dute, "onena" delako; Malonek sistema hori ezartzearen alde egin du, "halabeharrez".
Jesus Arbizu industria ingeniaria zorrotzagoa izan da bere kritiketan, eta nabarmendu du gobernuaren planak helburuak betetzeko moduan egiten duela huts: "Ingeniaritzaren ikuspuntutik ari dira, eta azpiegitura handiak proposatzen dituzte; hondakinena, baina, arazo soziala da, eta biologoak eta soziologoak behar ditugu hari heltzeko", erran du.
UPNren gobernuak 2010. urtean onartu zuen aurreko hondakinen kudeaketari buruzko plana. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak helegitea jarri zuten haren aurka, eta, ondorioz, epaileek atzera bota zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak 2015. urteko urtarrilean berretsi zuen baliorik ez zuela. Gobernuak, urte hartako otsailean, hutsetik hasi zuen plana osatzeko prozesua, berriz ere. Oraingo gobernuak aurkeztutako zirriborroa prozesu horren ondorioa da, beraz. Eta hori da, Jesus Arbizuren ustez, haren akats nagusietako bat. Industria ingeniariak parte hartu du prozesu horretan guztian. "Oraingo gobernuko arduradunak azken bileretan baino ez dira egon", azaldu du.
Toki entitateen ardura
Zirriborroak hainbat datu jarri ditu mahai gainean, irudikatzen duten errealitate hori abiapuntutzat hartuta, hainbat helburu zehazteko. Arlo horretan kexarik ez du Arbizuk. "Diagnostikoa egin, eta legeak eskatutakoa hartu dute helburu". 2014. urtean, 262.601 tona etxeko hondakin eragin zituen Nafarroak. Toki entitateen ardura da hondakin horiek biltzea eta tratatzea. Baztango Udala bazter utzita, gainerako udalek mankomunitateen esku utzi dute hondakinak biltzeko ardura. Denera, beraz, hamasei erakunde ari dira lan horretan. Baztango Udala eta mankomunitate horiek hondakinen partzuergoan egiten dute bat; denek, Iruñerrikoak izan ezik. Hondakinak tratatzeko lana Iruñerriko Mankomunitateak eta bertze erakundeek osatzen duten partzuergoak egiten dute, hain zuzen.
Mankomunitateek ez dute sistema bera erabiltzen hondakinak biltzeko. Emaitzak ere, ondorioz, ez dira berdinak, birziklatze kopuruei buruz, adibidez. Arbizuk eta gainerako eragileek Sakanak, Malerrekak, Bortziriek, Baztanek eta Iratik egindako apustua nabarmendu dute: gaika biltzea, hainbat kasutan atez ate, eta, bertzeak bertze, konposta egitea jasotako materia organikoarekin. Bidea hori dela nabarmendu dute Arbizuk eta Malonek. "Herritarrok argi izan behar dugu arazoaren parte garela, eta, ondorioz, konponbidearen parte ere izan behar dugula", erran du lehenak; Malonek erantsi du "derrigorrean" egin beharko luketela herritarrek hondakinak gaika sailkatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko ahalegin hori. Administrazioak saritu beharko lukeela gaineratu du, eta zigortu, berriz, ahalegintzen ez direnen jokabidea.
Gaur egun, ahalegintzen ez direnen aldean jarri du Malonek Iruñerriko Mankomunitatea. Duen ardura handia da, ordea, Greenpeaceko kideak nabarmendu duenez, eskualde horretan sortzen direlako Nafarroako hondakinen erdiak. Iruñerriak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du. Nahi duenak uzten du hor materia organikoa. Giltza erabiltzen dute, bertzelako hondakinik bota ez dezaten.
"Katalunian bide luzea egin dute sistema horrekin, eta agerian gelditu da ez duela funtzionatzen; %35 ere ez dute biltzen". Arbizuk ere kritikatu du Iruñerriko Mankomunitatearen lana. "Ez ditu legeak betetzen; hondakinen arazoari buruzko kontzientziazio kanpainak egin beharrean, ingurumenari kalterik ez diotela egiten herritarrei sinetsarazteko publizitate kanpainak egiten ditu".
Sakanako edo Bortzirietako mankomunitateek bezala, materia organikoa konpost bilakatzeko aukera bere egin du gobernuak aurkeztutako zirriborroak. Bat egin du apustu horrekin Arbizuk, baina, ez, ordea, prozesua gauzatzeko hautatutako bidearekin. Gobernuaren asmoa da Iruñean planta handi bat jartzea, eta bertze hiru txiki, Zangozan, Donezteben eta Arbizun. "Ez da hori bidea; Austriako ereduari jarraitu beharko genioke, eta planta txiki gehiagoren aldeko apustua egin". Zirriborroak berak jasotzen du hondakinak sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen tratatzeko beharra. "Proposatzen dituen azpiegiturek, ordea, ez dute oinarri horrekin bat egiten", salatu du Arbizuk.
Ontziak biltzeko azpiegituren inguruan antzeko kritika egin du Arbizuk. Gaur egun, lau planta ari dira lanean, baina gobernuak zirriborroan jaso du behar dena baino gaitasun handiagoa dutela azpiegitura horiek. Gobernuaren asmoa da Iruñekoa eta Tuterakoa bakarrik uztea martxan. "Berriz ere, ez dute hurbiltasuna kontuan hartzen", erran du Arbizuk.
Horren harira, bertze kritika bat jarri du mahai gainean 3R Konpainiak: "Ontziak berrerabiltzeko aukera aipatu ere ez du egiten zirriborroak". Esparru horretan urratsik egiteko asmorik ez dela beldur dira taldeko kideak.
Erraustea, eztabaidagai
Aurreko planak hondakinak errausteko planta egiteko asmoa zuen izar. Alderantzizkoa da egoera oraingo zirriborroan, baina errausketaren aukera ez du bazter utzi gobernuak. Gogor kritikatu du hori Arbizuk, zirriborroa prestatzen hasi zirenean eragile guztiek adostu zutelako bide horri ez jarraitzea. "Nork eta zergatik sartu du orain errausketaren aukera?", galdetu du.
Zehazki, gobernuak hiru bide proposatu ditu: lurperatzea, Nafarroan erraustea, edo hemendik kanpo erraustea. "Nafarroatik kanpo errausteko aukera hori mahai gainean jartzea ezin dugu onartu; guretzat txarra dena hemendik kanpo ere bada", salatu du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak. Greenpeaceko Ana Malonek ere lurperatzearen alde egin du. "Hondakinak ongi tratatzen badira, ez du zertan arazorik egon".
Ekaina bitarteko epea zehaztu du Nafarroako Gobernuak zirriborroari ekarpenak egiteko. Asmoa da urtea amaitu baino lehen 2016-2025erako plana onartzea. Eragileek uste dute orain mahai gainean dagoen agiria hobetzeko aukera anitz badirela. Ana Malonek esparru guztietako ordezkariei egin die deia, prozesuan parte har dezaten: "Sindikatuek, herri mugimenduek eta abarrek parte hartzea behar dugu; politikariek ere bai; azken urteotako eztabaidetan ez dira egon". Hondakinena "denon arazoa" dela berretsi du Arbizuk, eta, ondorioz, neurriak herritarrekin jorratu eta adostu behar direla. Hitz egin.
Eskarmentua eta freskura
Maialen Belarra
Talde lana, lagunarteko giroa, antzerkia, auzolana, umorea, parte hartzea, jolasa... Denetarik izan du berriz ere Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoak, eta bihar Etxarri Aranazen egingo den finalean ere horixe islatuko da. Hamar mende geroago, oraindik entzun daiteke Itzaltzuko bardoaren kantuen oihartzuna, molde berriekin osaturik. Gartxoten ondorengoek harrobi sendoa osatzen dute Nafarroan. Guztira 121 parte hartzaile izan ditu aurtengo egitasmoak: hamasei talde eta 71 bertsolari. Hiru taldek itxiko dute aurtengo aldia biharko finalean: Obario Maldikoak, Larungo Antenak eta Atekaberts taldeek.
"Taldekakoak bertsolaritza beste era batean ulertzeko aukera ematen du. Gozamenerako tarte handiagoa uzten du, esperimentaziorako… Txapelketa zurrunagoa da, eta Bardoek oholtza libreago bat marrazten dute denentzat", halaxe ziurtatu du Saioa Alkaiza Obario Maldikoak taldeko bertsolariak. Iritzi berekoa da Julen Zelaieta Larungo Antenak taldeko kidea ere: "Kezkak badaude bi kasuetan, baina bertzelakoak dira. Ez zaigu hainbertze axola zenbat puntu eskuratzen ditugun. Guztia ongi antolatzea eta etxe giroko saio bat egitea da funtsezkoena".
Izan ere, taldekakoak, izenak ongi dioen moduan, elkarlana du zutarri garrantzitsuena. Taldeko kide guztiek zeregin andana dute saio bakoitza baino lehen: kartelak jarri, gaiak egin, bertze saiotara epaitzera joan, etxeko saiorako tokia bilatu, grabatzeko baliabideak bermatu, eta abar. "Nik uste dut horrelakoetan ohartzen garela Txapelketa Nagusian nolako lana egiten duten gutxi batzuek bertsolariok kantatu ahal izateko", dio Zelaietak.
Finean, Bardoetan balioa ematen zaie bertsolaritzaren esparru guztiei; saio baten atzean dagoen lan guztia azaleratzen da: "Garrantzitsua da bertsotan aritzea, baina gainontzeko lan guztia ere maila berean dago, denon lana da, eta hori baloratu behar dugu", azaldu du Alkaizak.
Gainera, bertsolari hasiberrientzat plaza erakargarria eskaintzen du taldekakoak: formatu txikiko saioak, tokian tokikoak, lagunarteko giroa, taldekideen babesa, zurruntasun handiegirik ez... Aurten hogei bertsolarik lehen aldiz kantatu dute jendaurrean. "Lehen pausoa ona izan da, esperientzia positiboa izan dute gehienek. Hori garrantzitsua da", baieztatu du Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Oro har, aurtengo aldiaren balorazio oso ona egiten du elkarteak.
Aniztasuna nagusi
Zelaietak jakinarazi du bertso eskola batzuek urtebete eskas izanagatik ere beren taldetxoa osatu dutela, eta horrek "ilusio berezia" egiten duela. Dena den, beterano gehiagok parte hartzea ere beharrezkoa dela uste du. "Polita da 14 urteko batek 40 urteko batekin kantatzea. Horrelako aukerak ematen ditu egitasmo honek, eta finalean ere denetarik egongo da", ziurtatu du Joanes Illarregi Atekaberts taldeko kideak.
16 urte izan arren, bi aldiz iritsi da Illarregi taldekako finalera. Aurtengoak, baina, badu berezitasunen bat, bere anaia Xabatekin kantatuko baitu oholtzan. "Txikitatik elkarrekin egon gara bertso eskolan, eta askotan tokatu zaigu batera abestea. Polita da hori". Eskolarteko Bertsolari Txapelketan maiz hartu dute parte bi anaiek. "Bardoak oso ezberdinak dira. Agurretik bertatik beste giro mota bat nabari da".
Saioak egiteko molde horrek lotsa kentzeko bidea irekitzen duela uste du Illarregik: "Jendaurrean kantatzeko konfiantza hartzeko balio du, lagun giroan gaudelako. Horrek segurtasuna irabazten laguntzen du. Ongi pasatuz ikasten dugu". Bertso eskolakoen artean ere giro hobea eta harreman estuagoa sortzen dela baieztatu du.
Horrez gain, azken bi hilabeteotan bertsoa hain euskaldunak ez diren zenbait eskualdetara ere iritsi da. "Mezkirizko saioan sekulako giroa sortu zen, adibidez. Nabari zen eurentzat zerbait berezia zela saioa han egitea", jakinarazi du Zelaietak. Illarregik uste du hainbertze umore eta jolas egonik hain bertsozalea ez den hori ere joan dela saioren batera: "Lehen aldiz bertso saio bat ikustera joan direnek esan digute ongi pasatu dutela, barre egin dutela eta gustura egon direla".
Horren harira, Arburuak ziurtatu du txapelketa kutsua alde batera utzi dela, eta biharko finalak batez ere balioko duela Nafarroan "bertso munduan zein ekosistema polita" dagoen ikusarazteko. "Lehia gutxienekoa da, eta hori bertsoak botatzeko eran ere nabari da. Dena den, Txapelketa Nagusia ere beharrezkoa dela uste dut, bertsoaz gozatzeko beste formatu bat eskaintzen baitu", gehitu du Alkaizak.
Bertsolari, nahi duen oro
Obario Maldikoak taldeko kideak baieztatu du bertsolaria bertso bat bota nahi duen edozein dela. "Oso inportantea da profesionala ez den jendea ere aditzea bertsotan. Denetariko ereduak behar direla uste dut, eta Bardoek hori eskaintzen dute". Alkaizaren ustez, bertsolaritza indartsu dago Nafarroan: "Euskara ukatu izan diguten guneetan ere geroz eta indartsuago dago, baina hori ezin da taldekakora mugatu; jendea urte osoan animatu behar dugu".
Baina bertso munduan dagoen oro ez da bertsolaria. Badaude gai egileak, aurkezleak, epaileak, bertsozaleak... Aldi honekin heziketa lan bat ere egin dela uste du Arburuak, bertsoaren ekosistema osatzen ari baita pixkanaka. Biharko egun osoko festa antolatu dute auzolanean. Etxarri Aranazko frontoian izango da finala, 17:00etatik aurrera. Ondoren, triki-poteoa egingo da, eta, eguna ongi amaitzeko, afaria egingo dute frontoian. Festa handi batekin bukatuko da aurtengo ekitaldia, eta finalean ere aniztasuna izango da nagusi: gazteen freskotasunak eta beteranoen eskarmentuak borobilduko dute saioa.