Moztuta ere hiltzen ez den lilia

Moztuta ere hiltzen ez den lilia

Edurne Elizondo

Memoria historikoak Josefina Lambertoren aurpegia du Nafarroan: moztuta ere hiltzen ez den mendiko lilia. Hezur-haragizko memoria da harena: memoria bizia; oroitu, egin eta eragin nahi duen memoria; oroitu eta justizia eskatzen duena. Josefinak Vicente Lamberto zuen aita; Maravillas, berriz, ahizpa. Biak eraman eta hil egin zituzten falangistek, 1936ko abuztuan. Familiaren historia bere egin du Lambertok, eta Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zinemagileek Florecica (Loretxo) dokumentalean jaso dute orain. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean.

"Kontatu, zabaldu, ez ahaztu". Bertzerik ez die eskatu Josefina Lambertok bere bizitzari buruzko laneko egileei. Bertzerik ez du egin hark, 1936ko abuztuaren 15ean senideak ondotik indarrez eraman zizkiotenetik. 1929. urtean sortu zen Josefina Lamberto, Larragan; zazpi urte bertzerik ez zituen 1936ko abuztu hartan, baina, hala eta guztiz ere, inoiz ez du ahaztu: "Etxeko atea jo zuten goizeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan. Hala, gizon horiek metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitaren bila joan ziren".

2014. urteko uztailean, Josefina Lambertok Berria egunkariko orrietan kontatu zuen falangistek aitari eta ahizpari zer egin zieten: "Maravillasek 14 urte zituen, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko. Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz".

Bilatu eta bilatu, baina Josefinak ezin izan ditu aurkitu Vicente eta Maravillas Lambertoren gorpuzkiak. "Antza denez, aita Ibirikura eraman zuten. Ingurune guztia induskatu zuten, baina ezer ere ez. Ahizpari dagokionez, herritar batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela eta, gauean haien bila joan zenean, hilotz usaina sumatu zuela. Hara hurbildu, eta gorpu bat ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua; txakurrek janda. Gainera, ordurako erabat usteldua zegoen, eta erre egin ei zuten".

Latza eta gordina da Lambertoren kontakizuna. Eta latzak eta ezin adierazgarriagoak dira Florecica lanean jaso dituzten haren isiluneak ere. "Izugarri ukitu naute Josefinaren isilune horiek; hainbat segundoz gelditzen zen begirada galduta, auskalo zein oroitzapenera iltzatuta", nabarmendu du Virginia Senosiain egileak.

"Oparitzat" jo du Lambertoren testigantza jasotzeko aukera eduki izana, eta zehaztu du errepresioaren inguruko Insurgencia (Insurgentzia) dokumentalerako egindako elkarrizketa izan dela Lambertori buruzko lanaren abiapuntua: "Sei-zazpi minutuko elkarrizketa egitera joan, eta ordu eta erdiko solasaldia oparitu zigun Josefinak".

Solasaldi horretan, Josefina Lambertok aitaren eta ahizparen bozgorailu izan nahi zuen: egin zietena kontatu, denek jakin eta eta inork ez dezan ahaztu. Senosiainek eta Napalek, baina, Josefina Lamberto ere jarri nahi izan dute erdigunean: errepresiorik gordinena sufritu zuelako, baina, samin eta arantza guztien gainetik, "memoria bizi" eta "benetako ekintzaile" bilakatu delako. "Merezi du aitortza", erran du Napalek.

Senosiainek nabarmendu nahi izan du Lambertok elkartasunerako izan duen gaitasuna. "Bide ezin gogorragoa egin du haur bat zenetik, baina, hala eta guztiz ere, elkartasunez jokatu du beti; maitasuna dario. Horrek hunkitu nau". Paris 365 proiektuko boluntario gisa urte luzez egindako lana aipatu du zinemagileak, bertzeak bertze. "Orain, bisitan baino ez da joaten, baina inoiz ez esku hutsik". Napalek azaldu du "gerra ondoko jarrerak" badituela Lambertok: "Dena gordetzen du, bertzeei emateko".

Kalean eskean

Esku hutsik egotea zer den ederki daki Lambertok. Falangistek aita eta ahizpa hil eta gero, ama kartzelara eraman zuten. "Bizpahiru egunez egon zen espetxean, eta ahizpa eta biok bakar-bakarrik geratu ginen etxean. Ama espetxetik aterata, militar baten etxera joan zen lanera, eta gu beste familia batekin utzi gintuen urtebetez. Oso egoera txarrean bizi ginen, behin eta berriz mespretxatzen gintuzten. Ez hori bakarrik: etxe hartatik atera ondoren jakin genuen etxe hartako semeak bortxatu eta hil zuela gure ahizpa".

Larragatik Iruñera mugitu zen familia. "Gure ama eskean ibili zen hasieran. Oso haurtzaro tristea izan genuen". Gero, moja sartu zen: "Asko damutu naiz nire bizitzako 46 urte eta nire osasuna bizimodu hari eskaini izanaz. Kriminal hutsak dira: ez dute beste izenik. Segituan erakutsi zidaten esklaboak behar zituztela, eta ez mojak". Pakistanen eta Madrilen egon zen Lamberto, Iruñera itzuli baino lehen.

"Elizaren ardura erdigunean jarri nahi izan du Josefinak", erran dute Napalek eta Senosiainek. "Behin eta berriz erran digu kriminalak direla; sekulako irmotasunez errepikatu du mezu hori". Pakistanen malariak jo zuen, behin baino gehiagotan. Osasun txarrak eraman zuen Madrilera, eta, hango komentuan aitaren eta ahizparen berri galdetu zuen, Francisco Franco diktadorea hil eta gero: "Zerbait eginen zuten". Hori erantzun zion komentuko arduradunak, Iñaki Egaña historialariak 2009ko artikulu batean jaso zuenez.

Napalek eta Senosianek sumatu dute errepresioak Josefina Lambertori eragin dion minaren arrastoa haren hitzetan. Baina, horren gainetik, zapalduen alde jartzeko egin duen ahalegina nabarmendu dute, eta jarrera horrek bilakatu duela bertzeentzat erreferente. "Bai eta gazteentzat ere".

Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideekin duen harremana aipatu dute, batez ere, dokumentalaren egileek. Eraikina 2018. urtean hustu zutenean, han egon zen Lamberto. "Iruñeko udaletxera joan zen lehendabizi; Joseba Asiron alkatearekin hitz egin nahi zuela erran zien ateko udaltzainei. Gaztetxearen aurrean, foruzainen eta polizien aurrean saiatu zen bitartekari lana egiten", azaldu dute zinemagileek. "Bihotz hondoan gordeta du gaztetxeko kideek Maravillasi egin zioten omenaldia; 'nire gaztetxoak' erraten die", kontatu du Juan Luis Napalek.

Bada Lambertok bihotz hondoan gordetako bertze oroitzapen berezi bat: Iruñeko Udalak Maravillas plaza inauguratu zuenekoa. "Asironi sekulako esker ona dio Josefinak. Ahizparen plaza opari ezin politagoa izan da harentzat".

Omenaldia

Florecica dokumentala pasa den martxoan estreinatzekoa zen, baina osasun krisiak aurkezpena atzeratu du. Ekainean, Laudioko (Araba) Orbeko Etxean bota zuten, eta Ondarroan (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa) ere ikusi dute. Josefina Lamberto atzo Iruñean egindako aurkezpenean egotekoa zen, baina ezin izan zuen, azkenean, hiriburuko Erruki Etxean —han bizi da— koronabirusarengatik ezarritako protokoloen ondorioz. Lambertok jaso zuen, halere, dokumentalaren egileek egin nahi zioten omenaldia, egoitzan bertan, egun bat lehenago. Atzoko aurkezpenean, gainera, Fermin Balentzia musikariak eta Leizeak taldeak gogoratu eta omendu zituzten Maravillas eta Josefina Lamberto.

Florecica dokumentalaren bidez, sorta bereko bi loretxo horien memoria zabaldu nahi dute egileek: "Hori da Josefinak eskatu diguna, eta hori egin nahi dugu. Memoria lantzeko tresna bilakatu nahi dugu dokumentala", erran du Virginia Senosiainek.

Zenbait kultur etxetako eta memoria jorratzen duten elkartetako arduradunak harremanetan jarri dira jada zinemagileekin, Florecica erakutsi ahal izateko. Gainera, egileek asmoa dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko agintariekin hitz egiteko, dokumentala herrialdeko ikastetxe eta institutuetara eramateko.

"Balio dezala gure lanak zer gertatu zen jakiteko, eta ez errepikatzeko", nabarmendu dute. "Faxismoaren oraingo gorakadaren aurkako borrokara batzeko" beharra ere aipatu dute, eta haiek dokumentalaren bidez egin dutela bat borroka horrekin.

Mahai baten bueltako agurra

Mahai baten bueltako agurra

Edurne Elizondo

Omenaldi izan nahi du mahai inguruak, eta hori baino gehiago lortu du, azkenean: lagunari agur errateko saio xume eta benetakoa egin dute Katakraken Bixente Serrano Izko ezagutu eta bidean lagun izan zutenek. Geronimo Ustariz Institutuak, Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatu dute saioa, Bixente Serrano historialari, dibulgatzaile eta sortzailea gogoratzeko (Saratsa, 1948-Iruñea, 2020). Pasa den ekainaren 4an zendu zen, erietxean. 72 urte zituen.

Katakraken bat egin duten gehienentzat Bixentiko zen Bixente Serrano Izko. "Bixentiko esaten genion, ez txikia zelako, baizik eta estimu handia geniolako; gizon apala izan zen, baina lan handia egin zuen, baldintza zailetan", erran du Josu Chueca historialariak. "Historia aztertu eta historia egin zuen", erantsi du.

Historia horretako urrats batzuk nabarmendu nahi izan ditu Chuecak jendaurrean, hain zuzen ere: 1969an deportatu egin zutela, Opus Deiren unibertsitatean izandako istiluen ondorioz; 1972an ikasketak amaitu, eta ETAn sartu zela; 1973az geroztik sasian ibili behar izan zuela, 1974an atxilotu zuten arte, eta Segoviako (Espainia) espetxeko ihesaldian parte hartu zuela, 1976an.

Serrano Izko 1977. urtean atera zen kartzelatik, "baina jarraitu zuen militantzia politikoan; beti espiritu kritiko batekin: Euskadiko Ezkerratik alde egin zuen, adibidez, 1980ko hamarkadan, Nueva Izquierda korrontea osatzeko", erran du Chuecak.

Segoviako espetxealdian "euskaldundu" egin zen Bixente Serrano Izko, historialariak gogoratu duenez, eta nabarmendu du euskararen aldeko lan hori irakaskuntzara eraman zuela, 1987an. "Hutsetik aritu behar zuten garai batean sekulako lana egin zuen ikasle askoren aurrean".

Serrano Izkok ikasle izan zituenetako bat da Amaia Alvarez NUPeko irakaslea. Euskokultur Fundazioan ere aritzen da, Nafarroaren historiari buruzko ikastaroko arduradun. Serrano Izkoren eskutik hartu zuen Alvarezek ardura hori. "Parte hartzen jarraitu nahi zuen, baina ez dugu denborarik izan elkarrekin aritzeko", azaldu du Alvarezek.

Iturrama institutuan irakasle izan zueneko garaia gogoratu du, eta Serrano Izkok han erakutsitako "jarrera pedagogikoa" eskertu du, bereziki. Ez hori bakarrik: "Gauzak azaltzeko zuen lasaitasuna dut gogoan, irakasle eta dibulgatzaile gisa zuen gertukotasuna", erantsi du. Serrano Izko irakasle izan zuten anitzek erran dutenarekin egin du bat: "Oso irakasle gustukoa nuen; komunikatzeko modu zintzo eta gertukoa zuen", nabarmendu du Amaia Alvarezek.

Pamielarekin sortzaile

Historia aztertu eta historia egin zuen Bixente Serrano Izkok, eta historia hori azaltzeko, gizarteratzeko eta zabaltzeko interes berezia izan zuen, gainera. Serrano Izkok historiaren eta dibulgazioaren arloan egindako lanaz gain, baina, sormenaren esparruan egindako ekarpena jarri nahi izan du erdigunean Pamielako Pello Eltzaburuk. Proposamen zehatz bat egin die mahaiaren bueltan lagun izan dituen erakundeetako arduradunei: "Bixente Serrano Izkoren dokumentu funtsa sortzea".

Serrano Izkoren eta Pamielaren arteko harremana estua izan zen, argitaletxea 1983an martxan jarri zuten unetik beretik. "40 urtez ezagutu genuen elkar. Topikoa dirudi, baina benetan gizon apala zen; gizon ona. Isiltasun luzeko gizona ere bai; urduritu ere egiten ninduen batzuetan!".

Ia mende laurden batez partekatutako bidean hamaika dira Serrano Izkok Pamielarekin sortutako lanak, eta horietako zenbait ekarri ditu Eltzaburuk gogora: 1987ko Onkoteak izenburuko narrazio liburua argitaratu zuen. "Bixentek literaturan egindako lehen sartu-ateraldia izan zen".

2000. urtetik aurrera egindako bidea nabarmendu du Eltzaburuk: 2002ko Beldurra bera zaldi, eta 2003ko Bakezale gerlari horiek, bertzeak bertze. "Juan Zelaia sariko finalista izan zen lan horrekin". 2003ko urte horren bueltako garaia "zaila" zela erran du Eltzaburuk: "Ematen zuen indarkeriaren zirimola zoro horretatik inoiz ez ginela irtengo; Bixentek oso hausnarketa ausarta egin zuen, eta, zorionez, ezker abertzalearen munduan, hamar urteren bueltan, askok bere egin zuten hausnarketa hori".

2011ko Jauzika liburuarekin bertze urrats "txiki" bat egin zuen Serrano Izkok, Eltzabururen hitzetan: "Haren konpromiso politikoa utzi gabe, hor hasten da literatura hausnarketarako bide bat". Aforismo liburu bat da Jauzika, zehazki. "Hor hasten da bukatu ez den bide bat", berretsi du Pamielakoak. Izan ere, Serrano Izkok argitaratu gabe dagoen liburu bat aurkeztu zion Pamielari 2018an. "Eguneroko baten gisa dago antolatua, eta hamaika arlori buruzko hausnarketak jasotzen ditu. Liburu sailkaezina da". Hasitako lana utzi behar izan zuten Pamielak eta idazleak, Serrano Izko gaixotu zelako. Tumore bat zuen burmuinean. "Onik atera zen, eta ari ginen, berriz ere, edizioa prestatzen". Espero ez zuten berriak bide hori moztu zuen arte: "Ekainean joan zitzaigun".

Eltzaburu damu da memoriak idatzi gabe joan delako Serrano Izko. Baina Euskokultur Fundazioko kideek eman diote esperantzarako helduleku bat: "Lau orduko elkarrizketa grabatu genion". Pozik hartu du oparia Pamielakoak, sortzailearen bidea ez delako benetan amaitu.

Inoren etxe ez diren horiek

Inoren etxe ez diren horiek

Uxue Rey Gorraiz

Hutsak bete daitezen. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak, haren arduradunen esanetan: foru erkidegoan hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesu bati ekin diote, horiek merkatuan jartzeko, alokatzeko moduan. Gaur-gaurkoz, sei udalerritan egin dute bilaketa, eta 1.971 etxebizitza identifikatu dituzte "etxe huts" modura, hau da, azterketak ondorioztatu du ez dela inor bizi horietan.

Iruñean, Burlatan, Antsoainen, Tafallan, Erriberrin eta Caparroson egin dute miaketa. Osotara, 2.638 etxebizitza aztertu dituzte, hutsik egon zitezkeen zantzuak antzeman ondotik. Batik bat etxebizitza horietako uraren kontsumoari erreparatuz osatu zuten aztergai izanen ziren etxebizitzen zerrenda, eta, gero, gutunak bidali zitzaizkien jabeei. Azkenik, baieztatu dute hutsik daudela horien %74, ia bi mila etxebizitza, alegia. Halaber, bankuren baten jabetzakoak dira horietatik 596.

Jose Maria Aierdi Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak azaldu du helburua dela etxebizitza horiek alokatzeko erabilgarri izatea. "Kontraesana da Nafarroan milaka pertsona egotea alokatzeko etxebizitza bila eta, aldi berean, hainbat etxebizitza hutsik egotea. Berdin asko edo gutxi izan", adierazi du parlamentuan. Eneko Larrarte Etxebizitza zuzendari nagusiak esan du, gainera, etxebizitzak "eskubide bat" izan behar duela, eta ez "espekulatzeko ondasun bat".

Parlamentuko talde gehienekbegi onez ikusi dute hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesua abian jarri izana. Navarra Sumak, ordea, gogor kritikatu du. "Herritar batzuei (jabeei) legez zilegi ez diren kalte batzuk egin zaizkie, eta gutunari mehatxu kutsua dario", adierazi zuen Juan Luis Sanchez de Muniainek.

Prozesuaren bigarren faseari ekin diote irailean. Oraingoan, Nafarroako beste 30 bat udalerritan eginen dute azterketa. Honezkero, beste 952 kasutan dute hutsik dauden susmoa.

“Krisiak agerian utzi du erizainek eskolan egon behar dutela”

“Krisiak agerian utzi du erizainek eskolan egon behar dutela”

Edurne Elizondo

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietan aritzen da Oihane Vieira erizaina (Abadiño, Bizkaia, 1985). Martxoan egoerak gainezka egin ziela gogoratu du, eta ordukoak berriz ez gertatzeko lan egin behar dela.

Zertarako sortu duzue Patrullacovid.com web orria?

Eskolara itzultzeko garaia hurbildu ahala, ohartu ginen haurrek behar zutela trebatzeko tresnaren bat. Informazio anitz ematen diegu, baina ez dute erraza dena barneratzen. Gure asmoa da gaitzari aurrea hartzeko jakin behar duten hori guztia jolasaren bidez ikas dezaten.

Kontua izan da mezua haurrentzat egokitzea?

Bai. Gainera, kontuan izan behar dugu orain arteko mezua hagitz bertzelakoa izan dela: hezi ditugu elkar besarka dezaten, gauzak parteka ditzaten, eta, orain, kontrako ideia barnera dezatela nahi dugu: ikaskideekin ez egoteko, ez partekatzeko, ez besarkatzeko... Aldaketa handia da haientzat. Erraz egokitzen dira haurrak, baina gauzak anitz aldatu dira epe laburrean.

Hezkuntza komunitate osoak parte hartu behar du haurrak oraingo egoerara egokitzeko lan horretan?

Bai, zalantzarik gabe. Gurasoek etxean egin behar dute lan, eta irakasleek gelan. Baina osasun komunitateak ere zuzenean parte hartu beharko luke prozesu horretan: familia erizainak, medikuak, pediatrak... Denon ardura da haurrek barneratzea ez gaixotzeko egin behar dituztenak.

Zer-nolako baliabideak ematen dizkie zuen webguneak?

Lau zati ditu denera, eta lehenengo biak dira haurrentzat prestatutakoak. Atal horietan jolasen bidez badute informazioa jaso eta ikasteko aukera. Bertze bi ataletako bat irakasleentzat da: haien esku jartzen ditugu ipuinen, infografien eta jolasen gisako baliabideak, gelan izateko aukera gaia jorratzeko. Laugarren atala blog baten modukoa da, eta horren bidez helburua da gurasoei lehen eskuko eta kalitatezko informazioa ematea.

Egungo egoerak agerian utzi du erizainak behar direla ikastetxeetan?

Aspaldiko aldarrikapena da Nafarroako Erizainen Elkargoarentzat, ez da oraingo kontua. Duela bi urte hasi genuen bi ikastetxetan erizainaren figura sustatzeko programa pilotu bat, baina Nafarroako Gobernuak ez du horren aldeko apustu garbia egin izan nahi. Oraingo osasun krisiak agerian utzi du, baina, prebentzioa lantzeko ardura erizainei dagokiela, eta eskolan egon behar dutela. Zoritxarrez, pandemia etorri arte ez gara horretaz jabetu.

Pandemiarik ez dagoenean ere behar dira erizainak ikastetxeetan?

Bai, zalantzarik gabe. Pandemiarik ez bada ere haurrek ikasi behar dute garrantzitsua dela eskuak ongi garbitzea, edo elikadurari buruzko oinarrizko informazioa jasotzea. Haurrak ere izan daitezke gaixo kronikoak, eta hori gertatzen denean hagitz garrantzitsua da eskolan osasunaren arloko profesional bat egotea.

Eskolek zer diote?

Nafarroako ikastetxe batzuetan badute erizaina, baina, tamalez, itunpeko ikastetxeak dira guztiak. Guk argi dugu sare publikoan egon behar dugula, ikastetxe guztietan.

Zein da sare publikoan ez egoteko arrazoia? Dirua?

Guk uste dugu arrazoi nagusia dela erizainen beharraz ez direla jabetu. Finean, sinetsi nahi dugu haurrak ez direla gaixotzen, osasuntsu daudela, eta, ondorioz, erizainaren beharrik ez dugula. Baina sendatzea ez da gure zeregin bakarra. Gure ardura da ere prebentzioaren arloa. Jarrera osasuntsuak irakatsi behar dizkiegu haurrei. Oraingo egoerak argi utzi digu prebentziorako lan hori funtsezkoa dela.

Gizartea ari da horretaz jabetzen?

Bai. Pandemiaren ondorioz, hori gertatu da. Gurasoak ari dira erizainak eskatzen eskoletan. Osasun krisia hasi zenean horri buruz aritu ginen, berriz ere, Nafarroako Gobernuarekin, eta Osasun Departamentuko arduradunekin bat egiten dugunean mahai gainean jarriko dugu auzia. Badakigu, halere, zaila izanen dela gure eskaera betetzea.

Zergatik?

Nafarroako Gobernuak behin eta berriz nabarmendu duelako erizain nahikorik ez dela. Ondorioz, uste dugu nekez eramanen dituztela profesionalak osasunaren arlotik hezkuntzakora. Gure ustez, baina, inportantea da. Gutxienez, gaia jorratu beharko lukete, zehaztu zer baliabide behar diren. Argi dago oraingo egoerak luze joko duela.

Egia da erizain nahikorik ez dagoela?

Osasun krisia hasi baino lehen, urteko garai zehatz batzuetan izan dira ordezko erizainak aurkitzeko arazoak: udako oporraldian, edo Eguberrietan, adibidez. Osasun krisiarekin, noski, egoerak okerrera egin du, eta erizain gehiago behar dira: erizain aztarnariak, PCR probak egiteko erizainak... Aspalditik ari gara eskatzen postu gehiago sor ditzatela, eta orain are beharrezkoagoa da.

Kalkulatu duzue zenbat erizain gehiago behar diren?

Egia erran, ez; halere, pandemiak dena hankaz gora jarri du, eta iraileko datuek, errate baterako, jada ez dute balio. Beharrak gora egin duela argi dugu; ez dakigu noiz arte iraunen duen oraingo egoerak, baina, akaso, hainbat esparrutan, beharrak ez du behera eginen.

Zer esparrutan, adibidez?

Zaharrentzako egoitzetan, adibidez. Koronabirusak gogor jo ditu egoitza horiek, eta agerian gelditu da hor egon behar dutela erizainek.

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietan ari zara zu lanean. Nolakoak izan dira hilabeteok han?

Lehengoan, lankide batekin gogoratu nituen otsaileko gure arteko elkarrizketak: harriduraz egiten genion so Txinatik heldu zitzaigun informazioari. Orduan nekez imajinatu ahal genuen egoerak gainezka eginen zigula.

Baina egin dizue?

Bai. Hasieran agintariek erraten zuten birusa kontrolpean zela, baina martxo hasieran jada ohartu ginen egunetik egunera okerrera egiten zuela egoerak; egunetik egunera biderkatu egiten zen gaixo kopurua, eta ez genuen ikusten hobera egiteko aukerarik. Egoerak gainezka egin zigun.

Zer izan da okerrena?

Lan karga baino, izan dugun ziurgabetasuna. Egunetik egunera dena aldatzen zen, eta egunetik egunera protokoloak egokitzen aritu behar genuen. Orain ere, ziurgabetasunak hartzen gaituela sentitzen dugu.

Kezkatuta zaudete etor daitekeenaz?

Kezkatuta gaude, azken asteotako egoerak bere horretan segitzen badu ez dakigulako zer gerta daitekeen: martxoan bezala egonen gara, edo ezberdina izanen da dena? Ziurgabetasun puntu bat badugu, eta horrek antsietatea eragiten digu.

Orain artekoak zer irakatsi dizue?

Denon ardura dela gure burua zaintzea. Martxoan baino prestatuago gaude orain, baina ezinbertzekoa da prebentzioa jorratzea. Funtsezkoa da sistemak gainezka ez egitea.

Iritzia: Zinemaldian, bai

Iritzia: Zinemaldian, bai

Lohizune Amatria

Aitortuko dizuet. Duela bost urte esan zigutenean ez nuen sinetsi: "Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dugu". "Baina zer diote? Zinemaldian? Erotuta al daude?". Mikel Zabalzaren auziaren inguruko dokumentala egiteko idea familiari proposatu zigutenean baieztatu zuten; eta, noski, sendiarentzat gauza pentsaezina zen hori. Ez dut uste orduan inork imajinatuko zuenik osabaren historia pantaila handian idatzirik, duela 35 urte egunkarietako albiste solte eta euskal herritarren bizipen izan zirenak bildurik. Nik ez behintzat.

Eta azken emaitza zein izanen zen zalantza horrekin, hasi ziren lanean. "Kaixo, Lohizune! Gogoratuko duzunez, zurekin eta zure amarekin pare bat kontu grabatu behar ditugu. Zer moduz datorkizue urriaren 28an?". Hasi ginen lanean, eta aurreikusi gabe ezagutzen ez nituenak ezagutzen hasi nintzen: amak inoiz kontatu ez zizkidanak eta nik inoiz galdetu ez nituenak. Osabaren heriotzaren urteurrena gerturatzen den bakoitzean etxean nabaria da hutsunea. Mina. Eta, horregatik, agian, inoiz ez gara gaiaz asko hitz egitekoak izan. Honek, baina, zeharo aldatu du egoera: azken bost urte hauetan sufrimenduaren inguruan hitz egiten ikasi dugu, kalean, kamera aurrean, baita etxean ere. Eta oraindik ere ari gara horretan.

Gogorra da hurbilekoak sufritzen ikustea, gogorra ere egin zutenaren testigantza zuzena entzutea. Bide honetan izan nuen Ion Arretxe ezagutzeko plazera. 1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuten Arretxe ere. Atxilotu eta torturatu. "Nik ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina Mikel Zabalza ezagutzen dut. Badakit bizitzea maite zuela", esan zuen duela bost urte. "Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut". Guk ere beti gogoratuko zaitugu, Ion; eskerrik asko hitz egitera ausartzeagatik.

Haren hitzak parafraseatuz, nik ez nuen nire osaba ezagutu, baina ezagutzen dut; eta hori herriak egin duen memoria ariketa kolektiboari esker gertatu da. Nik ez nuen auziak gure herrian sortu zuen samina ezagutu, baina ezagutzen dut. Sentitu dut. 35 urte igaro dira, eta erakunde arrotzen dokumentuetan idatzita dagoena gezurra izaten jarraitzen duen arren, egia ez da ahaztua izan.

Horren erakusle izanen da asteartean Donostiako Principe aretoko pantaila handian ikusiko dena. Bai, azkenean, Zinemaldian izanen da osabaren historia. Bost urte luze izan dira, gorabeheratsuak. Bidean itxaropena eta indarra galdu dugu une zenbaitetan; baina beti izan da baten bat erortzen ari zen horri eskua luzatzeko. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet Non dago Mikel? filma posible egin duten guztiei: egileei lehenik, baina baita ere diru bilketan parte hartu zuten guztiei, bileraz bilera ibilitakoei, dokumentalerako txartelak edota kamisetak saldu zituztenei, erosi zituztenei, haien doinu, hitz eta artea oparitu digutenei…

Isiltasun eta gezurrei memoriarekin erantzun diegu, elkarrekin. Memoria zer den galdetu zidaten behin; niretzat nire osaba da; eta Mikel herriak egiten du orain. Jarrai dezagun horretan.

Musika, dena astintzeko

Musika, dena astintzeko

Edurne Elizondo

Erresistentzia ekinaldi bat". Horixe da Iruñean hasi berri den NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdia, egungo koronabirusaren pandemiaren jokalekuan. Halaxe nabarmendu du Garaikideak proiektuko kide eta jaialdiko zuzendari Yolanda Campos konpositoreak: "Kultura aldarrikatzeko garaia dugu oraingoa".

Eta kultura aldarrikatzeko, duen balioa emateko, eta, kulturaren bidez "gizartea astindu eta pentsamendu kritikoa bultzatzeko", atzo hasi eta hilaren 20ra bitarteko programa prestatu dute Garaikideak kolektiboko kideek: eboluzioaren eta iraultzaren ideiak uztartuz, musika klasikoaren eta abangoardiaren arteko loturak jorratuko dituzte, erakusteko deus ez dela hutsetik sortzen. "Klasikoa beti dugu erreferente; jaialdiaren bidez, omenaldi bat egin bainoago, argi utzi nahi dugu badakigula gure musika sorkuntza nondik datorren", erran du Camposek.

Musika "pasio" du konpositoreak, eta, horregatik, martxoan ezarritako itxialdiak eragin zizkion kezkak erabat uxatzea lortu ez badu ere, "esperantzaz" egin dio aurre azken hilabeteotako lanari. "Argi genuen egun batetik bertzera dena aldatu eta jaialdia bertan behera gelditzen ahal zela; baina parte hartzaile guztien babesa sumatu dugu, denen aurrera egiteko gogoa, eta indar horrek bultzatu gaitu gure bidean segitzera".

2010. urtetik

Garaikideak proiektua 2010ean jarri zen martxan, egileen eta jotzaileen arteko topaketa batean. Hego Euskal Herriko eta Errioxako eta Aragoiko (Espainia) zenbait musikarik egin dute bat taldean, geroztik. 2015. urtea "giltzarri" izan zen Garaikideak-eko konpositoreentzat eta interpretatzaileentzat, urte horretan erabaki baitzuten NAK jaialdia antolatzen hastea. Ordura arte, urtean obra bat sortzea eta aurkeztea zen kideen zeregin nagusia. 2015etik, eta jaialdiaren bidez, entzuleak musika garaikidera hurbiltzeko asmoz ari dira lanean. Martxoan, Garaikideak proiektuaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Valentziako Mostra Sonora jaialdian egotekoak ziren taldeko musikariak, baina osasun krisiak zapuztu egin zuen aurrenekoz herrialdetik eta Euskal Herritik at aritzeko aukera hori.

Atzo hasi zen aurtengo programari ere eragin dio pandemiak ekarri duen egungo egoerak. Urrian, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko 35 ikaslerekin hasi ziren lanean jaialdiko arduradunak, baina, krisiarengatik, ikasleek etxera joan behar izan zuten martxoan, eta haiekin egin behar zuten proiektua hurrengo urtera arte atzeratu behar izan dute. "Asmoa dugu, halere, kontserbatorioko musikariekin lanean segitzeko", azaldu du Yolanda Campos zuzendariak.

Jaialdia prestatzeko aurrez aurreko bilera eta saio anitz Interneten bidez egin behar izan dituzte Camposek eta gainerako konpositoreek eta interpretatzaileek, itxialdia arintzeko neurriak martxan jarri arte. "Aukera eduki bezain pronto hasi ginen elkartzen". Izan ere, kideen arteko komunikazioa eta elkarlana dira Garaikideak proiektuaren oinarri, eta lan egiteko modu hori ederki islatzen dute urtero prestatu eta estreinatzen duten obran.

Aurtengoa hilaren 19an aurkeztuko dute, Baluarte auditoriumean, 20:00etan. Ars Nova musika korrontea hartu du (R)Evolución II izenburuko lanak abiapuntu. "Italian eta Frantzian garatu zen mugimendu hori, XIV. mende hasieratik XV. mende bukaerara arte. Erdi Aroko musikaren arau zurrunak hautsi egin zituen Ars Novak, eta Errenazimentuko musikarako zubi bilakatu zen", azaldu du Camposek.

Lau konpositorek egindako lau piezak osatzen dute obra: Yolanda Camposen Ars, David Cantalejoren Color, Ignacio Fernandez Galindoren De Subtilitate, eta Sonia Megiasen KR2: Kriam Nama. Garaikideak proiektuko konpositore dira Campos, Cantalejo eta Fernandez Galindo. Megias, berriz, propio gonbidatu dute jaialdiko antolatzaileek. Berak konposatutako pieza Garaikideak-eko interpretatzaileek joko dute: Ainara Martinez, Aitor Urkiza eta Xabier Olazabal (txistuak) eta David Johnstone (biolontxeloa); ahotsa, berriz, Megiasek eta Eva Guillamonek osatutako Dua de Pel taldeak jarriko du.

2018. urtean aritu zen Megias aurrenekoz NAK jaialdian. Itzultzeko aukera "biziki eskertu" du, eta txalotu du, batez ere, antolatzaileen ahalegina. "Ikaragarria da; kulturaren arloan gertatu dena benetako hondamendia da. Kontzertu eta proiektu anitz gelditu dira bertan behera. Hori ikusirik, zoragarria da NAK jaialdiaren gisako ekinaldi batek aurrera egitea", erran du konpositoreak. Bere piezari buruz, "zaharra eta berria" lotzen dituela nabarmendu du. "Gaztela-Mantxako folklorea eta Euskal Herrikoa ere nahastuko ditugu, gure ahotsen eta txistuaren bidez".

Txistuaren garapena

Aitor Urkiza Garaikideak-eko interpretatzaileak argi du txistuak ederki egin duela bat proiektu horretako asmoekin eta aritzeko moduekin. Txistuak berak izan duen garapena nabarmendu, eta tresna "bizia" dela erran du. "Urtzi Iraizozen eskutik sartu zen txistua Garaikideak-en; ia urtero aurkeztu ditugu txistuarentzat osatutako pieza berriak. Aurten, 19ko Garaikideak-en kontzertuko lau piezetatik hiruretan agertzen da txistua", erran du.

Aurtengo NAK jaialdiko ildo nagusiari egin dio so Urkizak, eta nabarmendu du txistua musikaren garapenaz eta aldaketez hitz egiteko "tresna egokia" dela. Camposek mahai gainean jarri duen ideiarekin ere bat egin du: "Deus ez da hutsetik sortzen; aurretik ezarritako arauak hausteko ere, ederki ezagutu behar dituzu arau horiek. Sortzaileek, finean, oinarri klasikoa hor dute nahi bezala erabiltzeko, edo garatzeko".

Ars Novak musikaren arloan eragindako iraultza hartu dute (R)Evolución II obrako konpositoreek beren piezak osatzeko abiapuntu. Gaiaz harago, musikarekin batera Martin Etxauri Txo!? bideo sortzaileak oholtza gainean eginen duen lanak emanen dio batasuna obrari. Iaz ere NAK jaialdiko hainbat saiotan aritu zen Etxauri, eta, Yolanda Camposen eskutik, "gogoz" hartu du aurtengo aldian parte hartzeko aukera. Bideo sortzailea da Etxauri; hau da, irudia du lan tresna nagusi. Baina musikaren arloan ere badu formakuntza, eta horrek anitz laguntzen duela nabarmendu du. "Finean, ni ere interpretatzaile bat naiz".

Etxauri ohituta dago bertze norbaitek sortutakoarekin lan egitera, baina prozesuan piezak bere egiten ditu; are gehiago, bere parte hartzeak ere eragiten dio azken emaitzari. Izan ere, bat-batekotasuna da sortzaileak erabiltzen dituen tresnetako bat, eta, ondorioz, "obra ezberdina" da jotzen den bakoitzean. Are gehiago erran du: "Pieza, berez, estreinatu arte ezin izanen dugu bukatutzat jo". Yolanda Campos konpositoreak bat egin du Etxaurirekin. Bien arteko lanak erakusten du beren hartu-emanek elikatzen dutela obra. "Interpretatzaileek ere badute zer erran, noski; haiek dakite inork baino hobeki jotzen duten tresnak zer eman dezakeen", erantsi du Etxaurik.

Sortzaileak maite du interpretatzaileak zuzenean entzutea, entseguetan. "Grabazioak ere erabiltzen ditut; entzungailuak jarri eta paseo luzeak ematen ditut obrak barneratzeko; baina zuzenean baino ezin dugu une horretako sentimendua jaso, eta hori funtsezkoa da niretzat".

Entseguen garaia amaitu da. Martxan da jaialdia. Gaur, Klexos Ensemble izanen da Baluarte auditoriumean, 20:00etan, Electric Motions obra aurkezten. Bost piezak osatutako ikuskizuna da. Bihar, berriz, 20:00etan karmeldarren komentuan, Requiem for my friend aurkeztuko dute: Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin ariko dira Jose Luis Etxetxipia organo jotzailea eta Dorota Grzeskowiak sopranoa.

Hilaren 17an, FeedBack hirukotea ariko da Iruñeko Kondestablearen jauregian, 20:00etan: Feedback Evolution izenburuko lana aurkeztuko dute. Biharamunean, hilaren 18an, gazteenentzat propio prestatutako saioa eginen dute NAK jaialdian, Enigma hirukotearen eskutik. Civicanen eginen dute, 18:00etan.

Hilaren 19an, Garaikideak-ekoen kontzertua ez da izanen eguneko saio bakarra: Hardware Musical izenburuko tailerra hasiko dute —19an eta 20an eginen dute—, batetik, eta, bertzetik, haur eta gazteentzat prestatutako ekinaldien osagarri, "kontzertu sinestesikoa" eginen dute, 18:00etan, Civicanen. Atena Fundazioko kideak eta Iruñeko Planetarioko Miren Karmele Gomez ariko dira. Gomezek sinestesia du: bi zentzumen edo gehiago loturik agertzen direneko fenomeno neurologikoa da.

Pandemia dela-eta saio guztietan mugatua izanen da ikusle kopurua. Sarrerak eskuratu ahal izateko informazio osoa jaialdiaren webgunean dago: Nakfestival.com.

Lerro eteneko sormen bideak

Lerro eteneko sormen bideak

Edurne Elizondo

Kontu zail batera etorri naiz". Arazorik gabe onartu du Angel Errok ez zaiola erraza bere lanaz hitz egitea. Iruñean, Civican fundazioak antolatutako Letrakide programan aritu da bere obraz: ez irakurleak jasotzen duen azken emaitzaz, baizik eta liburua irakurleen esku jarri aurreko prozesuez: idazteko moduez eta letren bidez azaldu nahi dituenez. Horretarako, Lerro etena (2004-2018) bere azken liburua hartu du abiapuntu (Elkar, 2019). Lerro etenez jositako bidea baita Errok literaturan eta bizitzan egindakoa, egileak jendaurrean eta maskara jantzita azaldu duenez.

Civican egoitzako patioan aritu da Erro, eguraldia eta egungo osasun krisiaren jokalekuan baimendutako ikus-entzule kopuru mugatua lagun. "Ohitu beharko dugu halako tokietan aritzera". Karrikara eraman ditu koronabirusak kultur ekinaldi anitz, eta hortxe, karrikan, herabetasun puntu batekin, ireki egin du Errok bere kontuen, bere liburuen eta bere literaturaren oharrak gordetzen dituen kutxa.

"Pixka bat zaila da", berretsi du. Civican erakundeko euskarazko irakurle klubeko arduraduna da idazlea aspalditik, baina bere buruaz aritzeko hartu du hitza, oraingoan. "Ez nago ohituta".

Poema liburuak dira Errok idatzitako lehendabiziko biak: Eta harkadian ni (Elkar, 2002) eta Gorputzeko humoreak (Alberdania, 2005). 2019an argitaratu zuen Elkarrekin orain arteko azkena: Lerro etena (2004-2018). 2005eko eta 2019ko liburuok lerro etenez osatutako bere sormen prozesuaz mintzatzeko erabili ditu Angel Errok: batetik, balio izan diote kronologikoak ez diren gertaeren arteko harremanak sortzeko; eta, bertzetik, agerian utzi dute idazlearen genero aldaketa. Poesiaren lerroa eten, eta dietarioarena hasi du egileak bere azken liburuarekin. Baina zintzo jokatu nahi izan du irakurleekin: "Tranpa egin dut". Memoriak ez duelako bide kronologikoa egiten Lerro etena liburuko orrietan, eta liburua "eginda" zegoela sentitu duelako idazten hasi aurretik. Eta gehiago erran du: "Idazten sufritzen duten idazle horietakoa naiz ni; emaitza bat lortu nahi duzu, eta emaitza hori eskuan duzula disfrutatzen duzu; baina, horrat iristeko, nik sufritu egiten dut".

Aspaldiko koaderno bat

Denboraren perspektibak emandako kokapenetik egin dio so Errok Lerro etena osatzen duen "ernamuinari": "Kasualitatez eta etxe aldaketa batean aurkitu nuen koadernoa; nire oharrak eta nire gauzak gordeak zituen".

Garai jakin bateko kontuak jaso zituen Errok aurkitutako koaderno horretan, eta, haiei berriz ere so egin zienean, konturatu zen amaren gaixoaldiak eta Gorputzeko humoreak liburua kaleratzeko prozesuaren azken txanpak bat egin zutela: editoreak liburuari buruz bidalitako zuzenketen ingurukoak idatzi zituen amak ospitalean emandako garaiari buruzkoekin batera, bertzeak bertze. "Baina amari buruz idazten nuen ez barrua husteko, baizik eta egunero gertatzen zena jasotzeko. Ohar horiek berriz ere irakurri nituenean ohartu nintzen poema liburua sortzeko prozesuaren bukaerak amarenarekin bat egin zuela, hilabete horretan hil baitzen. Horrek ukitu ninduen, eta iruditu zitzaidan adierazgarria izan zitekeela, polita. Horrek eraman ninduen hautatutako generoaren alde egitera".

Dietarioa osatu du Errok bere lerro etenen bidez. Eta dietarioak, ezinbertzean, niaren literaturara eraman du. Eta egin du hausnarketa: "Garai batean eleberriak zuen freskotasuna galdu egin du: garai batean, dena har zezakeen edukiontzia zen eleberria, baina fosildu egin da". Dietarioan aurkitu du Errok aitortzak, hausnarketak eta bertze jasotzeko euskarria. "Esku libreagoa izaten dute idazleek dietarioetan eta egunerokoetan. Irakurle gisa maite dudan genero bat da", erran du.

Aitortzak, hausnarketak, eta memoria. Lerro eteneko memoria. Horixe gorde du Erroren azken liburuak. Memoria ez da kronologikoa, ezta Erroren liburua ere. "Gure memoria ez baita lineala; kronologikoak ez diren gertaeren artean harreman magikoak sortzen ditugu". Lerro eten horiek maite ditu idazleak; lotura magikoek osatutako memoriak. Baina ezin izan du isildu: "Hamalau urtekoak jaso ditu liburuak; gehiegi, jarraian jartzeko".

Lerro etenen arteko harreman magiko eta bitxien aldekoa dela berretsi du Errok. Liburua osatzeko, baina, harriari puskak kentzen dizkion eskultorearen gisa aritu behar izan du, "autozentsuraren bidetik": "Niretzat katartikoak izan zitezkeen testu guztiak ez ziren egokiak liburuarentzat". Eta, halere, "gehiegi biluzi" ote den pentsa dezake irakurleak, egilearen ustez. "Nik badakit zer ez dudan sartu, eta ez zait iruditzen gehiegi biluzi naizenik".

Bere idazteko moduaz aritzea zaila zaiola aitortuz hasi du Errok solasaldia. Argi utzi du, bukatu arte, bere burua lerro eten baten gisa ikusten duela, eta bere memoriako lerro etenak ageri direla bere testu guztietan. Erroren sokak lotutako lerro etenak.

Gizakiak azken aukera direnekoa

Gizakiak azken aukera direnekoa

Edurne Elizondo

Beren senak gizakiengandik urruntzen ohi ditu naturan bizi diren animaliak. Gaixo edo zaurituta direnean, ordea, ezin mugitu edo minez daudenean, gizakiak bilakatzen dira euren aukera bakar, salbatzeko. "Hartzen uzten badigute, hagitz gaizki diren seinale", azaldu du Ilundaingo fauna zaintzeko zentroko arduradun Enrique Castiensek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzuko burua da Castiens, eta argi erran du: "Jasotzen ditugun animalien erdiek baino ezin izaten dute naturara itzuli, suspertzea lortu eta gero".

Helburu nagusia hori da: artatzen dituzten animaliak euren berezko habitatera itzultzea. Anitzetan, baina, egindako ahaleginak hutsean gelditzen dira. Uztailean, adibidez, Iruñeko Udaleko langileek enara azpizurien bederatzi habia jaso zituzten, Buztintxurin, eraistekoak ziren eraikin batetik, eta, denera, hamahiru arrautza eraman zituzten Ilundaingo zentrora: "Bi txita bertzerik ez ziren jaio; bat berehala hil zen, eta bertzea, jaio eta zenbait egunera", azaldu du Castiensek.

Babestutako espezie bat da enara azpizuria, eta legez babestuta daude hegaztion habiak ere; hala ere, anitzetan, suntsitu, eta lurrera botatzen dituzte. "Jendeak pazientzia gutxi du: etxe ondoko habiak suntsitzen dituzte, gorotzak traba egiten dielako. Gero, kexu dira eltxoak etxean sartzen zaizkielako. Kontraesan handi bat da; izan ere, enarek, sorbeltzek eta saguzarrek, bertzeak bertze, eltxoak jaten dituzte", erran du Castiensek.

Hegaztiok jatekoa duten tokietan bilatzen dute habia egiteko lekua. Buztintxurin, eraikina eraisteko lanetan ari ziren langileak berandu ohartu ziren arrautzak han zirela: "Eraikina botatzen hasiak ziren; lanak geldituz gero, bazen arriskua ezbeharren bat gertatzeko. Horregatik hartu genituen habiak. Arrautzak, baina, jarri berriak ziren, eta ezin izan zuten aurrera egin", azaldu du Ilundaingo arduradunak.

Basa animalientzat

Ilundainen hartzen dituzten gizakiz bertzeko animalia gehienak hegaztiak izaten dira. Zentroko atea ez da hegazti guztientzat zabalik, halere. "Karrikan zauritutako uso bat aurkitzen baduzu, adibidez, ez dugu hemen jasoko", zehaztu du Castiensek. "Ezta karrikan aurkitutako eta zaurituta dagoen katu bat ere", erantsi du. Azken batean, Ilundainen ez dute artatzen "etxekotutako" animaliarik. "Haientzat, bertzelako baliabideak bideratzen dituzte erakundeek. Guk basa animaliak hartzen ditugu, mehatxatuta dagoen fauna". Bada salbuespen bat, halere: "Espezie exotiko guztiak jasotzen ditugu, bertakoei kalterik egin ez diezaieten".

Berezko habitatera itzultzeko aukerarik ez duten basa animalien kasuan, hainbat bide daude: "Aztore heldu bat hartzen badugu hegala erabat txikituta, adibidez, eutanasiaren alde egiten ohi dugu. Gisa horretako animalia batentzat, sekulako sufrimendua ekarriko luke itxita egoteak, jendaurrean. Pentsa: beldurrez egonen litzateke uneoro, eta gizakien ondotik ihes egiteko aukerarik gabe", erran du Castiensek. Egoera bestelakoa da jasotako hegazti mota arriskuan den espezie batekoa denean, adibidez. "Halakoetan, animaliok itxita hazteko programetan erabiltzen ahal dira".

Jasotako arrautzek aurrera egiten dutenean, bertzalde, Ilundaingo langileek bertze toki bat bilatzen ohi dute jaiotako txitentzat. "Ez dira hemen gelditzen; toki egokiagoak bilatzen ditugu". Toki horietako bat Arguedasko Sendaviva zoologikoa da, Castiensek adierazi duenez. Ekainean, hain zuzen, Nor talde antiespezistak zentro horren inguruko ikerketa bat aurkeztu zuen, eta agerian utzi zuen, bertzeak bertze, han bizi diren zenbait animalia gaixo direla, "zookosiak jota", eta arrautzaren zikloa azaltzeko egunero erakusten dituzten txitak bertze animaliei jaten emateko erabiltzen dituztela. "Ez dut horren berririk", azaldu du Castiensek. Erantsi du gero eta gehiago hausnartzen dela gizakien eta bertze animalien arteko harremanari buruz, eta argi erran du Ilundainen "gizarteak nahi dituen animaliak" artatzen dituztela. "Hurbil sentitzen dituen animaliak inporta zaizkio jendeari, batez ere".

“Orain arteko bidetik segitu nahi dugu: harrobia sendotu”

“Orain arteko bidetik segitu nahi dugu: harrobia sendotu”

Edurne Elizondo

Maria Urtasun (Auritz, 1986) Nafarroako Errugbi Federazioko buru da, hilaren 2az geroztik. Koronabirusak baldintzatutako jokaleku bat egokitu zaio, baina gogoz hartu du ardura berria. La Unica taldeko jokalaria ere bada, eta ez du zelaia uzteko asmorik.

Zergatik erabaki duzu federazioko lehendakari izateko urratsa egitea?

Orain arteko lehendakari Javier Lorentek eta nire taldeak proposatuta egin dut urrats hori. Asmoa da orain arte egindako bidetik aurrera jarraitzea.

Jokalari izateari utziko diozu?

Ez. Nire asmoa da jokatzen jarraitzea. Egungo osasun krisiak uzten badigu, behintzat.

Anitz baldintzatu du pandemiak zuen lana?

Orain, adibidez, seniorrak baino ez dira ari entrenatzen, gizonezkoen taldekoak eta emakumezkoenak. Fisikoa lantzen ari gara, batez ere, eta teknika, baina bakarka. Gainerako kategorietako jokalariek ere lanean behar zuten jada, baina egungo egoeragatik urrira arte atzeratu dugu sasoiaren hasiera. Bertze taldeen egoera ere antzekoa da.

Zaila da segurtasuna bermatzea?

Egia da errugbia kontaktuzko kirola dela, baina ez dut uste, koronabirusari dagokionez, gurea bertze kirol anitzen egoeraren bertzelakoa denik. Iruditzen zait talde kirol gehienen egoera antzekoa dela. Gerta daitekeenaren zain gaude.

Futbolaren esparruan hartzen diren neurrien berri bada. Zuek zer-nolako informazioa jaso duzue erakundeetatik?

Futbolak diru anitz mugitzen du, eta azkarrago hartu dituzte hartu beharreko erabakiak eta neurriak. Gu zain gaude. Batetik, Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuak erraten digunari egin behar diogu so. Joan den astean, kirol jarduerak berriz ere martxan jartzeko hainbat jokaleku aurreikusten zituen agiria kaleratu zuen erakunde horrek. Baikor samarrak direla uste dut, gobernuaren asmoa baita irailaren erdialderako talde guztiak entrenatzen aritzea, eta lehiari ekitea urriaren erdialdean. Espainiako Errugbi Federazioak ere hartu ditu neurriak, eta horiek bete behar ditugu.

Nolako protokoloa ezarri dizuete?

Talde guztiek koronabirusaren auzirako ordezkari bat izan behar dute, adibidez. Azpiegiturak garbitzeko egin beharreko urratsak ere zehaztu dituzte, eta markatu dituzte entrenamendu saioetan bete beharreko neurriak. Protokolo hori bete behar dugu guk.

Zaila da zuentzat egoerara egokitzeko neurri horiek guztiak martxan jartzea?

Egia erran, handia da egin behar dugun ahalegina. Ziurgabetasuna da nagusi, gainera, eta horrek dena zailtzen du. Egun batetik bertzera aldatzen dira gauzak, eta ez da erraza erabakiak hartzea. Zorionez, jendeak ulertzen du egoera denentzat dela zaila, eta pazientziaz ari da.

Ezohiko garai batean hartu duzu federazioaren ardura zure bizkar. Zer asmo duzu?

Asmo nagusia da hasitako bidea egiten segitzea, eta bide horren helburua da, batez ere, harrobia lantzea. Gure kirolak oinarri sendo bat izan dezala nahi dugu. Duela gutxira arte, herrialdeko errugbiko fitxa gehienak ziren seniorrenak, eta gutxi ziren hemezortzi urtez azpiko kirolariak. Azken urteotan lan egin dugu gazteek errugbia aukera gisa har dezaten. Kirolaren berri ematea da kontua, eta edozeinek egin dezakeela erakustea.

Sumatu dituzue jada egindako lan horren emaitzak?

Bai. Azken urteotan handitu egin da zaletasuna, eta gora egin du errugbian ari diren gazteen kopuruak. Bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dugu, eta, bereziki, emakumeak animatu errugbian aritzera. Egun, 18 urtetik beheitikoen lau fitxetatik bat da emakumeena. Arlo hori sustatzen jarraitu nahi dugu.

Zaila da gazteak erakartzea?

Hasieran bai, errugbiaren inguruko mito faltsu anitz badelako. Taldeek, hain zuzen, lan ederra egin dute dauden estereotipoak apurtzeko, eta eskoletara joan dira gazteenei errugbia benetan zer den erakustera. Lan hori funtsezkoa izan da.

Errugbian ari den emakume talde bat benetan zer den erakutsi zuen Cristina Nuñez Bakedano argazkilariak 2017an, zure taldeari buruzko Unicas lanarekin. Halakoek ere laguntzen dute?

Proiektu zoragarria izan zen, benetako opari bat guretzat. Ez genuen uste guk egiten genuenak aparteko interesa pizten ahal zuenik.

Sumatu zenuten eragina?

Ez dakit zer eragin izan duen proiektuak kanpora begira, baina niri jende anitzek erran dit, erakusketa ikusi eta gero, errugbia ez dela uste zutena. Kirola egiteko bat egiten duen emakume talde bat gara; denak ezberdinak gara, adin ezberdinetakoak, baina komunitate bat osatzen dugu. Dena emanen genuke bertzeen alde.

Errugbiak batzen zaituzte?

Bai, zalantzarik gabe. Lotura sendoa sortu du kirolak gure artean.

Zu nola hasi zinen errugbian?

Ni pilotan aritzen nintzen, palaz. Kide bat errugbian hasi zen, probatzeko erran zidan, eta geroztik. Duela zazpi urte hasi nintzen, eta hagitz pozik nago.

La Unica da emakume taldea duen bakarra?

Bai. Baina bada emakume gehiago jokatzen. 16 urtera arte mutilekin batera aritzen dira. Seniorren mailara jauzia emateko orduan gertatzen da emakume gehienek uzten dutela.

Hori da aldatu nahi duzuna?

Bai. Taldeekin egin nahi dugu lan, eta selekzioarekin ere bai. 18 urtetik beheitiko emakumeen selekzioa jarri nahi dugu martxan.

Zuri zer eman dizu errugbiak?

Bertze familia bat eman dit. Naizena naiz familia horretan. Errugbian denok dugu toki bat. Horrek ahalduntzen lagundu dit.

Iritzia: Koloreztatzeko ardura

Iritzia: Koloreztatzeko ardura

Naiara Elola
Ez! Hori izan zen iragan ostiralean, duela astebete justu-justu, Bigarren Hezkuntzako ikasleek entzun zuten lehenengo hitza. Ia sei hilabete ikastetxera joan gabe igaro ondotik, itzuleraren eguna izan zen institutu askotan irailaren 4a. Ba...