Indarrez eutsi dio

Indarrez eutsi dio

Edurne Elizondo
Semea jolasean da, amak telefonoz hitz egiten duen bitartean. Tarteka, haurraren algara gailentzen zaio Eva Jimenez Blancoren kontakizunari. Umeak ere zerbait erran nahiko balu bezala. Indarrez egiten du oihu eta irri; gurasoek ere bai....

Iritzia: Fin dabil konfinamendua

Iritzia: Fin dabil konfinamendua

Amets Aranguren Arrieta

Egun bat gehiago, edo egun bat gutxiago. "Hau ez da momentua" esaldiaren bidez bazterturiko dena egiteko momentua da oraingoa. Norberak ikusiko du etxealdiak/itxialdiak berez sortu duen parentesiaren barnean zenbat parentesi gehiago nahi duen ireki, edo itxi. Edo ireki eta itxi. Burbuilaren barneko burbuilak.

Eta bitartean hautua egiten du balkoietako jendeak: kalekoak agurtu edo egurtu. Zabor poltsa esku batean eta txakurra bestean. Kirola egiteko egutegi inprimatu bat, bideo-deiak eta mahai-jokoak mahaian, hautsa kendu berri. Ordutegiak prestatu dituen jendea; horien artean, ordutegia beteko duen baten bat. Datuak zorrozki jarraitzen dituztenak, paso egiten dutenak eta zer gertatuko den badakitenak. Eta bada bazkaltzea ere ahaztu eginen zaionik.

Bakarrik hil da Haizegoaren amatxi zahar-etxeko gelako ohean. Gure buruetan irakasleak, erizainak, zaintzaileak, eri daudenak, musikariak, liburuzainak, langile ohi bihurtu direnak. Krak handi bat bizitzaren eskema ordenatua dutenen buruetan. Wifi kaxkarra eta hamasei e-mail pilatuta. Baina hau noiz arte da?

Burbuilarik ez balego bezala ari dira saiatzen batzuk bizitzen. Egoerak gainditu du fikzioa. Barnean herdoiltzen hasiak diren zauriak ehorzteko balioko die batzuei, ukendua jartzen jarraitzeko balioko die beste batzuei eta baita zauri berriak irekitzeko beste zenbaiti ere, zergatik ez. Dena (des)ordenatzeko pausa bat.

Bertso saio bat 18:30ean, Egunean Behineko berrogeialdiko saio berezia 19:00etan, zuzeneko kontzertu bat Instagramen eta uso bat gela barruan. Iruñeko Alde Zaharrean 20. aldiz entzun dugu La jota de tu Navarra. Berdin zaizun gaurko seigarren bideoa heldu zaizu sakelako telefonora. Deskargatu gabe hatza irudiaren gainean segundo batez mantendu eta: ezabatu. Ziur al zaude bideoa ezabatu nahi duzula? Bai.

Pisukideak esan dizu bere urtebetetzea dela, noiz eta bihar. Zu zara bere opariaren %100aren arduradun. Kroketak eta browniea. Kedada sekretua amarekin merkatuko ilaran. Militarrak kaleak "desinfektatzen". Espainiako ereserkia haien furgoietan (2020).

Irakasle batekin duzu gero Skype, Classroom bidez bidaliko du etxerako lana, gero Meet-en sartzeko esteka helduko zaizu. Youtuben daude beste ikasgai horretako ariketak egiteko bideoak eta telefonoz grabatu beharko duzu astearterako muntatzen ari zaren pieza, WeTransferrez bidaltzeko. Konposatu beharreko baltsak ere bukatua egon behar du ostiralerako.

Eskolako zuzendariaren dei galdua eta mezu bat: "Dei egin iezadazu, mesedez, ahal duzunean". Kontratua deuseztatu dizute, ERTE batean sartzeko aukerarik gabe.

Etxeko jabeak ez dio deus, idatzi beharko zaio. "Noiz bota zaituztete? Denak geratu zarete lanik gabe? Nola eginen diezue aurre dituzuen gastuei? Nik ez dut arazorik alokairuan beherapena egiteko, baina argudio sendoak behar ditut horretarako". (????) Paso.

Eskerrak kantuak ditugun.

Fin dabil konfinamendua eta, beste behin ere, denbora da bide bakarra.

Iritzia: COVID-19aren krisia kartzelan

Iritzia: COVID-19aren krisia kartzelan

Libertad Frances eta Lorena Aleman

Talde asko orain dela urte batzu-batzuk hasi ginen salatzen eta plazara ateratzen nolakoa den osasun arreta Espainiako Estatuko presondegietan, haren egoera kritikoa baitzen COVID-19a iritsi baino lehenago ere. Iruñeko espetxean, zehazki, muturreraino txartua zegoen urte honen hasieran: hilabete oso batean ez zuten medikurik izan presoak artatzeko.

Horregatik, ezinbestekoa zen Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak kartzeletan osasun neurri espezifikoak ezartzea; izan ere, itxialdiaren berezko ezaugarrien ondorioz (pertsonak pilaturik egoten dira, elkarrengandik gertu eta kontaktuan), kartzelak toki ezin aproposagoak dira gaixotasunak zabaltzeko, ez baitira betetzen gutxieneko osasun baldintzak distantziari, higieneari eta abarri dagokienez, eta, gainera, presoak bereziki ahulak direnez alde soziosanitariotik begiratuta, are arriskutsuagoa da birusak kutsatuta egotea.

Hala ere, halako zerbait egin ordez, Espetxeen Idazkaritzak oso bestela kudeatu du COVID-19ak sortutako arazo sanitarioa: hasieratik, beren eskubide eskasak kendu dizkie presoei; murriztu egin dizkie bai gizarteratzeko elementuak, bai familiekin eta kanpoko hurbilekoekin duten harremana; eta mespretxuz tratatu du presoen osasuna. Aurrena, jarraibide hau eman zion kartzeletako pertsonalari, COVID-19aren antzeko sintomak baldin bazituen askatasunaz gabeturiko norbaitek: pertsona hori bakarturik edukitzea hamalau egunean (horixe da birusa inkubatzeko epea). Martxoaren 6an, Espetxeen Idazkaritzak neurri batzuk hartu zituen, eta, haien ondorioz, presoen komunikazioak mugatu egin ziren, irteerak debekatu, eta espetxeetarako sarbidea zaildu. Neurri horiek presondegi batzuetan bakarrik ezarri ziren hasieran (Madrilen, Errioxan eta Araban); martxoaren 12an, ordea, estatuko kartzela guztietara zabaldu, eta, hala, bakartuta utzi zituzten espetxeak.

Kartzeletan sartzeko bidea zaildu denez, funtzionarioak, beste langileak eta espetxetik kanpoko pertsonala soilik sartzen dira, baldin eta haien lana "ezinbestekoa" bada, eta horrek kanpoan uzten ditu gobernuz kanpoko erakundeak, entitate laguntzaileak eta beste profesional akreditatu batzuk; horren ondorioz, etenda daude espetxe barruko jarduera guztiak, baita gizarteratzeko direnak ere: alegia, baita kartzela zigorra gizarteratzeko bide bihurtzeko direnak, konstituzioan agindutako gizarteratze hori lortze aldera. Horrek guztiak agerian utzi du Espetxeen Idazkaritzarentzat gizarteratze jarduerak ez direla ezinbestekoak inondik ere.

Martxoaren 15ean, 463/2020 Errege Dekretua argitaratu zuten: alarma egoera ezarri zuten horren bitartez, baina ez zuten ezertarako aipatu alarmak zertan eragingo zien presondegiei. Nolanahi ere, egun horretan bertan, Barne Ministerioak agindu bat eman zuen, baina kartzeletan murrizketa gehiago ezarri besterik ez zuen egin, alarma egoera baino lehenagoko bide berean: komunikazioak, baimenak eta irteerak eten, eta telefono bidezko komunikazioa areagotu. Presoak berak ordaintzen du telefono bidezko komunikazioa, eta, dirurik ez badu, kanpokoekin harremanik izan gabe geratzen da, edo gutxien-gutxienekoa besterik ez du. Aginduan, ez zuten ezertarako aipatu nola babestu behar den presoen osasuna, ez zuten azaldu nola eta zer tresnarekin zaindu behar den gaixoen osasuna, eta zer prebentzio neurri hartu behar diren osasuntsu daudenentzat: bakartzea baino ez.

Martxoaren 16an, hamabi bat organizaziok idazki bat bidali genien Barne Ministerioari eta Espetxeen Idazkaritzari (geroztik, hirurogei taldek baino gehiagok eman diote atxikimendua), eta kartzeletan neurriak hartzeko eskatu genien presoen bizitzeko eskubidea, osasuna eta osotasun fisikoa babestu eta bermatze aldera, eta eskatu genien, era berean, ez aplikatzeko zigor edo tratu krudelik, ankerrik edo umiliagarririk. Hona hemen eskatu genituen neurrietako batzuk: osasun arloko lantaldea sendotzea, kutsatutako gaixoak instalazio medikoetan bakartzea, gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak kartzelatik ateratzea, arrazoi humanitarioengatik hirugarren gradurako bidea erraztea, erregimen irekian daudenak kartzelatik ateratzea, eta presoek kanpokoekin duten komunikazioa handitzea, telefono deiak dohainik jarrita.

Martxoaren 17an, ordea, estatuko kartzeletako osasun auziari heltzeko kontingentzia plan bat lantzen aritu beharrean, Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak gutun ireki bat idatzi zien presoei. Gutun anakroniko bat, sermoilari batena dirudiena eta ez ministro batena: funtsean, etsia hartzeko eta ulertzeko eskatu zien. Lotsagarria ezin gehiago.

Horregatik, eskaera berberak egin genizkien Nafarroako Parlamentuari, Diputatuen Kongresuari, estatuko Arartekoari eta Europako Legebiltzarrari. Gizarte taldeok eskatutako neurrietan, nabarmendu dugu osasun arrazoien arabera atera behar direla presoak kartzeletatik, eta ez arrazoi juridikoen arabera, hori baita modurik onena gaixotasunetik babesteko eta prebentzioa lantzeko. Neurri horiek berak proposatu dituzte Europako Kontseiluaren mendeko Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CTP), Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Hain zuzen, herrialde batzuek hartuak dituzte halako neurri kolektibo batzuk, hala nola Frantziak eta Turkiak. Badirudi Espetxeen Idazkaritza, poliki-poliki, hasia dela gizarte zibilaren eskaera batzuk onartzen, ekin diola hirugarren gradukoak etxera bidaltzeari (oraingoz, 2.100 laguni bakarrik eman die aukera hori), eta 200 telefono erosi dituela presoek komunikazio handiagoa izan dezaten kanpokoekin, bideo deien bitartez.

Zoritxarrez, COVID-19agatik hildako lehenbiziko presoaren berri eman zuten martxoaren 24an: 78 urteko emakume bat, Madrid VII espetxean zegoena. Badakigu gutxienez 43 lagun kutsatu direla, gehienak funtzionarioak; 300 lagun baino gehiago berrogeialdian daudela, eta 125 preso bakarturik daudela espetxe barruan. Egoera argitu nahian, eta behar diren neurriak har ditzaten, Nafarroako Salhaketak kexa bat aurkeztu zion Nafarroako Arartekoari martxoaren 24an, aktiboki jardun dezan Iruñeko espetxeko egoera zertan den jakiteko, egoeraren berri jakinarazteko gizarteari, eta Nafarroako Gobernuaren jardunbidea fiskalizatzeko.

Zehazki, hau eskatu dugu: 1.- Kontuan har dezala osasunerako zein arrisku larria den espetxeetan COVID-19a zabaltzea; beraz, aktiboki jardun dezala jakiteko zer gertatzen den Iruñeko espetxean, eta eska diezaiela estatuko administrazioari eta Nafarroakoari Europako Kontseiluaren mendeko CPTk onarturiko oinarriak betetzeko. 2.- Modu aktiboan eska eta bil dezala informazioa, jakiteko zertan den Iruñeko espetxea alarma egoerak dirauen bitartean, eta 3.- Kontrola ditzala zer egiten ari diren Nafarroako Gobernua eta haren departamentuak Iruñeko espetxeari eta COVID-19aren pandemiari dagokienez.

Gainera, ezinbestekoa da osasun neurri urgenteak hartzea presoen eskubideak babesteko, eta ezinbestekoa, era berean, egoera honen kudeaketa ez izatea ordenaren ingurukoa bakarrik, eskubideak modu indiskriminatuan urratzeko bakarrik. Ezinbestekoa da abokatuen laguntzaz baliatzeko eskubidea bermatzea: eskubide hori larriki urratu da kartzeletan, etenda baitaude Lege eta Espetxe Orientabiderako Zerbitzuak.

Dena dela, zerbitzu horiek ematen dituzten abokatuei esker, telefono bidezko laguntza jasotzen ari dira zenbait kartzelatan, Iruñekoan besteak beste, baina presoek ordaindu behar dituzte deiak, nahiz eta zerbitzu publiko eta doakoa den. Era berean, presoek familiekin eta lagun hurkoekin kontaktua dutela segurtatu beharra dago, eta etengabe, zehatz eta zorrotz eman behar zaie kanpoko informazioa presoei, eta presoen inguruko informazioa gizarteari.

Eta, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Nazio Batuen Goi Mandatariak gomendatu duten bezala, presoak kartzelatik ateratzeko mekanismoak lehenetsi behar dira. Krisialdietan, begien bistan geratzen dira egituren gabeziak eta ahultasuna. Krisi honek, jakina, agerian utzi du zein krudela den kartzela, eta nola sistematikoki mespretxatzen diren presoen eskubideak eta, batik bat, osasuna. Arduragatik eta elkartasunagatik (guztion ahotan daude asteotan etengabe), ezin diegu bizkarra eman gehien ahuldutako pertsonei. Koronabirusa kartzelan sartzen bada, kartzelak hustu egin behar dira.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Paz Frances, Iranzu Baltasar, Maje Martinez Soto, Amelia Gonzalez, Manuel Ledesma, Ruth Martinez, June San Millan, Maria Rodes, Javier Martinez eta Irune Juanena.

Aparteko arrazoi bat etxean egoteko

Aparteko arrazoi bat etxean egoteko

Edurne Elizondo

Hagitz ongi nago, hagitz kontent". Horixe errepikatu du Maite Biurrarenak, behin eta berriz; eta poza erraz igartzen zaio ahotsean. Transplante baten zain hasi zuen martxoa, eta giltzurrun berri batekin bukatu du. Koronabirusaren pandemiak berezi bilakatu du ebakuntza egin eta geroko etapa: ohi baino azkarrago bidali dute etxera, ospitalea arrisku gune bilakatu baita beretzat eta bere egoera berean direnentzat. Aparteko arrazoi bat badute bakartzeko.

Duela hamar urte, gibel-giltzurrunetako polikistosia zuela erran zioten Biurrarenari. Orriotan kontatu zuen martxoan dialisia etxean egin duela azken hamar hilabeteotan, eta transplante bat jasotzeko zain zirenen zerrendan sartu zutela urtarrilaren 8an. Martxoaren 3an deitu zuten ospitaletik lehendabiziko aldiz. Giltzurrun bat bazen beretzat. Baina azken probek huts egin zuten, eta beratarrak ebakuntza egin gabe itzuli behar izan zuen etxera.

Gutxien espero zuenean, baina, berriz deitu zuten. "Martxoaren 13an erizainarekin mintzatu nintzen goizean, eta erran zidan lasai egoteko, pandemiaren kontuak dena hankaz gora jarri zuela". Egun bereko ilunabarrean, bere nefrologoaren deia jaso zuen Biurrarenak. "Niretzat urrezko giltzurrun bat bazela erran zidan".

Nafarroako Unibertsitatea klinikan egiten dituzte herrialdeko transplante guztiak, eta han hartu zuten Biurrerena, martxoaren 13an. "Hasieratik azaldu zidaten egoera berezia zela, koronabirusarengatik. Baina aukera hagitz ona nuela nabarmendu zidaten, eta zainduko nindutela. Erabakia nik hartu behar nuela erran zidaten, eta ez nuen zalantzarik egin. 'Aurrera', erran nien".

Koronabirusaren proba izan zen Maite Biurrarenari egin zioten lehendabizikoa, horren emaitza positiboa bazen transplantea egiteko aukerarik ez baitzen izanen. Biharamunean, 14:30 aldera, medikuek erran zioten birusaren arrastorik ez zela, eta handik ordubetera ebakuntza gelara eraman zuten. Gauerdian, ZIU zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten. Hogeita lau ordu ere ez zituen egin han: martxoaren 15eko ilunabarrerako, gela arrunt batean zen. Giltzurrun berri batekin, eta 21 puntuko zauriarekin. "Hagitz ongi, eta hagitz kontent".

Bere gaixotasunaren berri jaso zuenetik, Maite Biurrarena saiatu da egoerari dramatismorik gabe aurre egiten, egunean egunekoak kudeatzen. Medikuek erran diote bere jarrerak lagundu diola ebakuntza egiteko garaian. Dialisiak ere bai. "Bizkor ailegatu naiz ebakuntza gelara, eta, horri esker, ongi eta azkar suspertu naiz".

Ospitaleko deia jaso baino lehen, Biurrarenak onartu zuen transplanteak beldurtzen zuela. "Okerrago egonen nintzela uste nuen". Orain, orduan ezezaguna zuen bidea egin eta gero, lasaitua hartu du. Jasotako giltzurrunak ere lagundu dio baikor izaten. "Transplantea egin eta handik 11 minutura lanean ari zen jada; hainbat ordu edo egun esperatu behar izaten ohi da, baina medikuek erran zidatenez, ia josteko denborarik ere ez zuten izan!". Emailea pertsona gazte bat zen, eta horrek bilakatu zuen Biurrarenak jasotako giltzurruna hain egoki. "Gainera, odol proben arabera, bateragarritasuna handia da, %96".

Birusaren beldur

Ebakuntza egin eta gero, beldur hori atzean utzi du beratarrak. Baina badu bertzerik orain: giltzurruneko transplantea koronabirusaren pandemia dagoen honetan jaso izanak are zaurgarriago bilakatu du bere egoera. "Ospitaletik martxoaren 19an atera nintzen; astebete ere ez nuen egin han. Medikuek argi erran zidaten hobe nuela etxean egon, niretzat ospitalea arriskutsuagoa zelako".

Une honetan, katarro batek ere kalte handia egiten ahal dio Biurrarenaren osasunari. Botikak hartu behar ditu bere gorputzak giltzurruna errefusa ez dezan —denera egunean sei pilula hartzen ditu—, eta, ondorioz, "defentsarik gabe" dago. "Gutxienez bi hilabetez etxean egon beharko dudala erran zidaten medikuek, ospitaletik atera baino lehen". Gurasoen etxean da, ebakuntza ongi atera bazen ere nekatuta dagoelako, eta denbora pixka bat beharko duelako berriz ere sasoi betean egoteko.

Etxean, maskara eta eskularruak jantzi behar ditu Biurrarenak. "Koronabirusak kezka eragiten didala ezin dut ukatu. Giltzurruna galtzen ahal dut, gaixotuz gero. Etxekoak beharrezkoa denean baino ez dira ateratzen, eta itzuli bezain pronto bidaltzen ditut eskuak garbitzera".

Irri artean erran du azken esaldi hori Biurrarenak. Kezka badu, baina baikor izateko arrazoiak ere bai. Ongi eta kontent dela berretsi du. Karrikara itzultzeko gogoz da, baina badaki hori lortzeko etxean gelditu behar duela orain.

56 transplante 2019an

Martxoaren 25a izan da transplantearen eguna. Hego Euskal Herrian. Nafarroan, 56 transplante egin zituzten iaz, eta haietako 33 izan ziren giltzurrun bat transplantatzeko ebakuntzak. Biurrarenak bi hilabete eman ditu organo bat jasotzeko zain; bertze anitzek gehiago esperatu behar izaten dute. Herrialdean, hainbat elkartek artatzen eta laguntzen dituzte zain diren edo transplantea jaso duten pertsonak, bidea bakarrik egin ez dezaten. Alcer, Atehna eta Nafarroako Fibrosi Kistikoaren Kontrako Elkartea dira nagusiak.

Elkarteok beren egunerokoaren berri eman nahi izan dute egunotan, koronabirusaren pandemiak nola eragin dien azaltzeko gizarteari. Fibrosi kistikoak jota diren gaixoak artatzen dituen elkarteko buru Cristina Mondragonek nabarmendu du, adibidez, birusak ez duela askorik aldatu beren errutina: "Fibrosi kistikoa dutenentzat eguneroko kontu bat dira maskara jantzi edo eskuak hamaika aldiz garbitu behar izatea; infekzio bat hartzeko arrisku handia dugu, are gehiago biriketako transplantea jaso behar izan dutenek".

Atehna elkarteko Conchi Sotok, bertzalde, "informazio fidagarria" jasotzeko beharra nabarmendu du pandemiaren egunotan. Elkarte horrek bere kideen esku jartzen du informazio hori, hain zuzen ere, beren osasuna zaintzeko asmoz. "Badakigu edozein bakteriok edo birusek kalte egiten ahal digula; gainerako herritarrak baino lehen gelditu ginen gu etxean", azaldu du.

Alcer elkarteko buru Manuel Arellanok ere ongi daki etxean bakartuta egotea zer den. Duela hainbat urte egin zioten giltzurruneko transplantea. "Arduraz jokatu behar dugu guk ere, eta etxean gelditu; medikuarengana edo botikak erostera atera behar duten gaixoek argi dute kontuz ibili behar dutela, eta neurriak kontuan izan behar dituztela". Osasunaren arloko profesionalen arreta eskertu du, etxetik. Aurrez aurre egiteko zain.

Txinparta guztiak ez dira itzali

Txinparta guztiak ez dira itzali

Edurne Elizondo

Zenbat oroitzapen!". Horixe idatzi du Ana Unanue kazetariak, berriki, Twitter sare sozialean. Maddi Barber zinemagilearen 592 metroz goiti izenburuko lana berriz ikusi, eta irudiek astindu egin dute Unanueren memoria. Itoizko urtegiari buruzko film bat da Barberrena, eta azpiegitura hori eraikitzeko obretan zen Unanue, duela hogeita lau urte, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideek porlana garraiatzeko kableak moztu zituztenean.

Aste Santua zen, 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera, lan jantzietan Desconstrucciones Itoiz idatzia zeramaten zortzi ekintzaile Itoitzen eraikitzen ari ziren urtegiko hormara hurbildu ziren. Jantzien azpian, urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatz bat zuten: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Itoizko urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten, beren ekintzarik ikusgarrienean.

Maddi Barber haurra zen solidarioek Itoizko urtegiko kableak moztu zituztenean, baina rotaflexak piztutako txinpartek ere eragin zioten. "Gogoan ditut manifestazioak, eta itsasgarriak saltzen nituela. Gurasoak Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ziren, gainera, eta ni neu Lakaben jaio nintzen", kontatu zuen orriotan, duela bi urte.

Unanue, berriz, lanean harrapatu zuten solidarioen ekintzek. Bereziki duela 24 urte egindakoak. Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6 hartan Itoitzen gertatu zenaren lekuko, eta Unanue izan zen haietako bat, Egunkaria-n ari zela.

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik.

Lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten zortziei, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Zortzietatik hiru atxilotu eta espetxeratu zituzten. Lehena izan zen Iñaki Garcia Koch. Ia lau urte egin zituen kartzela barruan, hagitz baldintza gogorretan. 2004ko abenduan atera zen espetxetik, hirugarren gradua lortu eta gero. 2017ko urtarrilaren 4an zendu zen, Agoitzen. Handik hilabetera, omenaldia egin zioten Garcia Kochi, Artzin. Solidario anitzek egin zuten bat kidea agurtzeko.

Ibai Ederra eta Julio Villanueva izan ziren espetxera sartu zituzten bertze bi ekintzaileak. "Ekintzak piztu zuen halako garra. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude", erran zuen Villanuevak, 2013an, Itoitz bota eta handik hamar urtera. Herria urpean da, baina solidario anitzek eutsi egin diote ingurumenaren aldeko beren konpromisoari. Txinparta guztiak ez baitira itzali.

Abiadura moteltzeko garaia

Abiadura moteltzeko garaia

Edurne Elizondo

Espainiako Estatua alarma egoeran dago, baina koronabirusaren pandemiak ere ez du lortu AHT abiadura handiko trena egiteko lanak gelditzea herrialdean. Nafarroako Gobernuak berretsi du hori: ez duela eman obrak eteteko agindurik, alegia.

Egun, gobernuak aurreko legegintzaldian esleitutako zatietako lanak daude martxan: lau dira, denera, eta 32 kilometro inguru luze, Alesbes eta Tafalla artean. Castejon eta Alesbes arteko hamalau kilometroko bi zatietako obrak dira, oraingoz, bukatuta dauden bakarrak, eta egin zituzten aldaketaren gobernuaren aurreko garaian, UPNren gobernuen agindupean.

"Aldaketaren gobernuak sekulako bultzada eman zion abiadura handiko trenari". Horixe nabarmendu dute Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkari Pablo Lorentek eta AHT Gelditu Elkarlana taldeko Nafarroako kideek. Bi talde horiek eta AHTaren aurka ari diren bertze hainbatek koordinakundea sortu dute herrialdean. Hilaren 15erako antolatutako jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiagatik, eta joan den astean ere, Nafarroako Parlamentuan egin behar zuten agerraldia ezin izan zuten egin. Abiadura handiko trenaren aurka lanean jarraitzen dute, halere, eta herritarrak batzera deitu dituzte. "Esprintak ez du balio; iraupen lasterketa bat da AHTaren aurkakoa".

Bati eman, bertzeari kendu

Duela hogeita zazpi urte hasi zen iraupen lasterketa hori, 1993. urtean AHTaren aurkako lehen batzarra sortu zenean. Espainiako Estatuak 1992. urtean inauguratu zuen abiadura handiko lehendabiziko trena, Madril eta Sevilla artean. Geroztik, 25 urtean, 56.000 milioi euro baino gehiago gastatu ditu proiektuan, eta 3.240 trenbide kilometro baino gehiago eraiki ditu.

"Administrazioak abiadura handiko trenaren alde egindako apustuak baliabiderik gabe utzi ditu gainerako zerbitzuak. 2014an, adibidez, 30 milioi bidaiarik erabili zuten abiadura handiko trena, eta 405 milioi bidaiarik erabili zituzten, berriz, aldiriko trenak; AHTak 3.194 milioi euroren aurrekontua izan zuen urte horretan, eta, aldiriko trenek, berriz, 121 milioi eurorena". Ekologistak Martxan taldeko Madrilgo kide Elena Diaz Caserorenak dira hitz horiek; Iruñera etortzekoa zen, AHTaren aurkako jardunaldira. 2017an egindako analisian jada zuzenean lotu zituen abiadura handiko trenaren aldeko apustua eta tren publiko eta sozialaren gainbehera, inbertsiorik ezagatik.

Nafarroan ere milioiak jaso ditu AHTak, azken urteotan. Aldi berean, tokiko hainbat geltokitan zerbitzuak murriztu dituzte: Tafallan, Castejonen eta Altsasun, adibidez, txartelak saltzeko leihatilak itxi dituzte. Datuak mahai gainean jarri ditu Pablo Lorentek: 9 milioi euro baino gehiago eraman zituen abiadura handiko trenak, Nafarroan, 2015ean; 45 milioi izan ziren, 2017an; ia 8 milioi, 2018an; eta 24 milioi, 2019an.

Datuok eta, oro har, abiadura handiko trenari lotutako guztiak egungo testuinguruan kokatzeko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntzako kideak: "Osasunaren esparruan dauden gabeziek erakusten dute dirua bertze toki batera joan dela. Ehunka eta ehunka milioi xahutu dituzte AHTa eta gisako azpiegiturak egiteko lanetan, lehentasunezkoak edo beharrezkoak ez izan arren; Nafarroan ere gertatu da hori. Baliabide naturalak eta ekonomikoak suntsitzen dituen kapitalismoa da birusik hilgarriena".

"Ekintza burutuen politika"

Nafarroako AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek ez dute zalantzarik: "AHTa da Euskal Herrian inoiz martxan jarritako obrarik faraonikoena, garestiena eta suntsitzaileena". Sistemak bere abiadura moteldu behar izan duen honetan, "aukera baliatzera" deitu dute: "Aldaketa handiak egiteko, lehendabizi gelditu egin behar dugu, hausnartu, eta ondorioak mahai gainean jarri. Oraingoa momentu interesgarria da hori egiteko".

Abiadura handiko trena gelditzeko aukera badela berretsi dute, azpiegitura horren sustatzaileek "ekintza burutuen politika" erabili arren. "Atzera egiterik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, baina ez da egia". Izan ere, obrek aurrera jarraitzen badute ere, hainbat dira, oraindik ere, Nafarroako proiektuaren inguruan lotu edo erabaki gabe daudenak.

Eta ez dira kontu txikiak. "Castejon eta Zaragoza arteko lotura zehaztu gabe dago", erran du Lorentek, batetik. "Zati horren fase informatiboa ere ez dute egin, oraindik ere", berretsi dute AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek. Asmoa da Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko zati horretan Ebroren gaineko zubi bat egitea. "Bertze 90 milioi euro beharko lituzkete, gutxienez", erantsi du Lorentek.

Bertzalde, Iruñeko geltokiaren auzia jarri dute mahai gainean AHTaren aurkako ekintzaileek. Asmoa da Etxabakoitzen geltoki berria egitea, eta, horrekin batera, 10.000 etxebizitza eraikitzea, auzo horretan, bai eta oraingo geltokia dagoen Sanduzelai auzoan ere. Udalez gaindiko eragina duen plan baten bidez ari dira kudeatzen proiektu hori. Otsailean, hain zuzen, plan hori bertan behera uzteko eskatu zien Iruñeko alkate ohi Joseba Asironek hiriko egungo agintariei. Geltokiari buruzko plana garatzeko partzuergoa osatu dute Adif erakundeak, Nafarroako Gobernuak eta Barañain, Zizur eta Iruñeko udalek, eta partzuergo horrek berriki egindako txostenak ere kolokan jarri du proiektuaren bideragarritasuna. Lorentek argi du "erabat zentzugabea" dela egitasmo horri eutsi nahi izatea.

Bada zehaztu gabe jarraitzen duen beste kontu bat: abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko modua, hain zuzen ere. "Oraindik ere, hainbat aukera dago mahai gainean. Aralar zeharkatzea zen hasierako asmoa; azken urteotan, berriz, Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a Gasteiztik lotzeko aukera nabarmendu dute, batez ere", azaldu dute AHT Gelditu Elkarlanako Nafarroako kideek.

2018ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak bere lehentasuna zein den argitu zuen: Gasteizen nahi du lotunea. Baina ez da, halere, proposatu duen aukera bakarra: lotunea Ezkion egitea da bertzea. "Hamaika kontu airean dira, oraindik ere; baina, bitartean, aurrera jarraitzen dute lanekin, atzera bueltarik ez duen egitasmo bat dela irudikatzeko", salatu dute proiektuaren aurkako taldeek.

Ez da hori AHTaren inguruko "gezur" bakarra, erantsi dutenez. Nagusietako bat da salgaiak garraiatzeko aukerari buruzkoa, Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek nabarmendu nahi izan duenez. Joan den astean Nafarroako Parlamentuan egitekoa zuten agerraldian, hain zuzen ere, gai hori jorratu behar zuten abiadura handiko trenaren aurkakoek. Lorentek argi eta garbi erran du: "AHTak Nafarroan ez du salgairik garrraiatuko".

Sustrai Erakuntzak egindako txostena izan du abiapuntu Lorentek hori errateko; agiri horren arabera, Nafarroako AHTak ez dituela salgaiak garraiatuko erran dute ekonomiaren eta garraioaren esparruetako eragile garrantzitsu anitzek; eta horixe jasotzen du proiektuaren jatorrizko agiriak ere. "Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak ere onartu du Volkswagen enpresak tren konbentzionala erabiltzen jarraituko duela", jaso du txostenak.

Abiadura handiko trena "arlo guztietan" da "suntsitzailea", Pablo Lorentek salatu duenez. "Klima aldaketako egungo testuinguruan, ezin dugu jarraitu AHTaren gisako azpiegiturak bultzatzen dituen eredu kapitalista defendatzen". Gehiago erran dute AHT Gelditu Elkarlana erakundeko kideek: "Gure espeziearen etorkizuna kolokan dago, eta herritarrok kriminal batzuen esku gaude". Abiadura handiko trenaren aurkako lanari eustera deitu dute jendea, azpiegitura horretan egun xahutzen duten dirua osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte zerbitzuen esparruetara bidera dezaten. Horietan dagoen beharra agerikoa da.