Literaturak eta euskarak lotuta

Literaturak eta euskarak lotuta

Iñaki Etxeleku, Edurne Elizondo

Duela lau urte sortu zuten Maiatzaldia Iruñeko Karrikiri eta Zaldiko Maldiko elkarteek eta Baionako Maiatz argitaletxeak, euskaratik eta literaturatik. Beste gisaz mamitu nahi dute Baiona eta Iruñea hirien senidetzea, hiri bakoitzeko bestetako irudikatze sinboliko, instituzional eta erdaldunetik harago.

Baiona eta Iruñea: oraingo literaturaren bizipenak eta bizipozak izenburuko gaia jarri diete aurten Baionako ekitaldi nagusira eta Iruñekora etorriko diren hizlariei. Baionako hitzaldian parte hartuko du Zaldiko Maldiko elkarteko Kike Diez de Ultzurrun itzultzaile eta esatariak. Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak aspaldikoak direla azpimarratu du: "Loturak izan dira beti. Euskara zela, literatura zela, kazetaritza dela. Zer gertatu zen? Alde batetik, Nafarroa Garaiko zenbait tokitan euskara galdu egin dela, eta, euskara galtzearekin batera, harreman horiek murriztu".

Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretak ere ohar bera egin du, ez idurian, bi estatuen eraginez harreman horiek deseginez bezala joan direla: "Espainoltze eta frantseste politikekin bereizten ari garela, ohartu gabe. Luzaideko haurrak lehen beti Donibane Garazirat joaten ziren; orain, Iruñerat buruz ikasketekin".

Diez de Ultzurrunek ere Garazirekiko lotura historiko hori azpimarratu du: "Garai batean, Donibane Garaziko merkatua sekulakoa zen. Jende anitz joaten zen, ez bakarrik Baztan aldetik: Ultzamatik, Esteribar aldetik, Aezkoatik, Iruñerritik ere bai".

Nafarroako erresumaren historian ezaguna da Iruñearen eta Baionaren arteko lotura, baina Diez de Ultzurrunen ustez hori baino gehiagokoa izan da: "Iruditzen zait mendez mende euskal kulturaren eragile nagusiak edo hiri nagusiak izan direla, lotura bat izan dela Iruñea eta Baiona artean. Hori behintzat XVIII. mende bukaera arte. Gero ja XIX. mendearen hasieran, edo lehen herenetik aurrera, euskara galtzen hasi baitzen hemen Iruñerrian, gauzak aldatu ziren". Gizarte eta hizkuntza bilakaerak diren bezalakoak izanik ere, muga buruetan dela argi du, eta gainditzeko bideak badirela: "Muga psikologikoa da. Gazteen artean, bertsolaritzaren bitartez, edo rockaren bidez ere, muga gainditzeko bide franko daude. Kulturak ematen du lotzeko aukera, zalantzarik gabe".

Maiatzaldiaren antolatzaileek euskal literatura dute lokarri, beraz. Baina arlo horretako harremana ez du gaurkoa Etxezaharretak: "Adiskidetasunezko harremanak ditugu idazleekin eta argitaletxeekin".

'Herria' eta 'Escualduna'

Etxezaharretak oroitarazi du idatzitik egin harreman hori irudika zitekeela jada Herria eta Escualduna kazetetan, hala nola Iruñeko Larreko izenekoaren kroniketan. Funtsean, Diez de Ultzurrunek Baionan eginen duen hitzartzean aipatzekoa duen lotura da. "Nik landuko dudana izanen da Baionan izan zen aspaldiko Escualduna aldizkariari buruzkoa. Iruñeko zer idazlek idatzi zuten aldizkari horretan gerra baino lehen, adierazteko gerra aurrean eta aldizkari horren bitartez lotura handia izan zela".

Euskararen egoeran eta euskalkien ezaugarrietan ere ikusten du eitea Etxezaharretak: "Euskalkien mailan, Nafarroan eta Iparraldean baditugu gure berezitasunak, atxiki nahi ditugunak. Iruñeak ere euskal mundu berri bat egiten du, hemengo kostaldearekin antza zerbait lukeena—. Hori, eta Euskal Herrian periferia izateak: "Egia, periferia hitza erabil daiteke Nafarroa eta Iparraldearentzat. Ikusiz, eman dezagun, euskal kulturaren industria edo komunikabideen indarra, eta, oro har jendetza aldetik, Bizkaia-Gipuzkoak aitzindari toki bat dutela nolabait. Onerako eta txarrerako. Urbanizazioaren eta industrializazioaren ondorio larriak ere badira batzuetan".

Antzekotasunak antzekotasun, harremanak urriak dira, eta Maiatzaldiak parada sortu nahi du. Karrikiriko Juan Luis Etxaburu Ondarruk argi du helburua: "Kontua da guk hemendik haiek gehiago ezagutzea, eta haiek gu. Beharra bada. Era xume eta goxo batean bultzatu nahi dugu elkar ezagutzea". Eta, ahal balitz, loturak baluke arlo gehiagotan txirikordatzeko gutizia. "Nahi dugu berdin eragin handik honat eta hemendik harat. Polita da elkarlan hau. Poliki, baina bagoaz. Jende gehiago inplikatuko balitz, gauza gehiago eginen genuke".

Hasi da aulkia sari duen jokoa

Hasi da aulkia sari duen jokoa

Edurne Elizondo

Martxan da jokoa. Bart gauerdirako, lasterketaren irteera marran ziren hautagai guztiak, eta, pistolaren hotsa entzun orduko, korrika hasi dira. Bi aste luze barru ailegatuko dira helmugara: hilaren 26ko Nafarroako Parlamentua osatzeko hauteskundeetara, alegia. Nafarroako Gobernuko egungo presidente Uxue Barkosekin batera, bertze 11 lehendakarigai ariko dira boto bila. 50 aulki daude jokoan, eta, haien bidez, herrialdeko gobernua osatzeko aukera.

483.783 herritarrek izanen dute bi aste barruko bozetan botoa emateko eskubidea. Duela lau urteko hauteskundeetan, %68,26 izan zen parte hartzea. Hilaren 26rako, hain zuzen ere, boto emaileak aktibatzea izanen da alderdi eta koalizio guztien helburu nagusietako bat. Gaur egungo egoera ez da duela lau urtekoa bezalakoa, eta hilabete eskaseko denbora tarte batean bigarrenez deitu dituzte herritarrak bozkatzera.

Apirilaren 28an egin zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta emaitzek Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan zer-nolako eragina izan dezaketen argitzea izanen da gako nagusietako bat. Legegintzaldian, aldaketaren eta erregimen zaharraren arteko tirabirek markatu dute jarduera politikoaren erritmoa, baina azken txanpan oholtza gainera igo dira orain arte oihalaren atzean ezkutatuta ziren bertze hainbat aktore, eta horrek ekarri du giroa aldatzea.

Joan den apirilean, eskuin muturrari eta faxismoari aurre egiteko asmoak baldintzatu zuen herritar anitzen botoa. Nafarroan, %76,29 izan zen parte hartzea, eta Navarra Sumak jaso zuen boto gehien. Bi aulki eskuratu zituen UPNren, Ciudadanosen eta PPren arteko eskuineko koalizioak Espainiako Kongresuan; bertze bi, PSNk; eta bakarra, berriz, Ahal Dugu-k, Ezker Batuak, Equok eta Batzarrek osatutako koalizioak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gauza bat dira, eta bertze gauza bat dira Nafarroako Parlamentua osatzeko bozak. Hala eta guztiz ere, PSNk maiatzeko hauteskundeetan bete dezakeen rolari so dira herritar anitz.

Gehiengoen jokoa

Geroa Baiko Uxue Barkosi dagokio agintean jarraitzeko erronkari aurre egitea. 2015etik, EH Bilduren, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin izan da Geroa Baiko Barkos gobernuko presidente, eta hilaren 26rako hauteskundeen testuinguruan, argi eta garbi erran du lauko gobernuaren aldekoa duela apustu nagusia.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gehiengoa eman dieten 26 aulki izan dituzte Nafarroako Parlamentuan, azken lau urteotan. Gehiengo horri eustea du Barkosek helburu, baina zehaztu du "gehiengoen jokoa" herritarren esku dagoela, eta beren botoen bidez erabakiko dutela, hain zuzen ere, hilaren 26an. PSNrekin akordioa egiteko aukerari buruz, "behar diren gehiengoak gehitzeko prest" dela erantsi du, beraz.

Barkosek eta gainerako hautagaiek datozen bi asteotako kanpaina aprobetxatu beharko dute gehiengo horiek beren aldera eramateko. Azken hitza herritarrek izanen dute, hilaren 26an. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzeko aukera izanen dute eskubide hori kendu zieten 2.000 pertsona inguruk, lehen aldiz. Adimen desgaitasuna duten pertsonak dira. Sistemak botoa emateko eskubiderik gabe utzi zituen, baina, hauteskunde legea aldatu eta gero, berreskuratu dute. Apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izan zuten botoa emateko aurtengo lehen aukera.

Apirileko hauteskunde horien aurretik, hain zuzen ere, karrikan egin zuten protesta Nafarroako gobernuz kanpoko hainbat erakundek, migratzaile anitzek ere botoa emateko eskubiderik ez dutela salatzeko. SOS Arrazakeriak eta Paperak Denontzat, Africa United eta Afrikako Lorea elkarteek agerian utzi zuten herrialdean bizi diren 50.000 migratzailek ezin izanen zutela parte hartu Espainiako Gorteetarako bozetan. Nafarroako Parlamenturako bozetan parte hartzeko ere, Espainiako herritartasuna izan behar dute botoa eman nahi duten migratzaileek.

Udal hauteskundeetan, berriz, Europako Batasuneko migratzaileek badute botoa emateko eskubidea, bai eta bertze herriren batekoak direnek ere, baldin eta Espainiako Gobernuak herri horiekin akordiorik sinatu badu. Herrialdean, zehazki, 2.915 migratzaile dira maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izanen dutenen zerrendan.

Nafarroan bizi diren migratzaile guztiek ezin dute botoa eman; ezta jaso ere. EH Bilduk Africa United elkarteko Modou Faye Beltxa sartu zuen Iruñeko Udalerako bere hautagaien zerrendan, baina ezin izan dute erregistratu, azkenean, ez duelako Espainiako herritartasuna. Duela hamar urtetik baino gehiagotik ditu Modou Fayek legeak Nafarroan egoteko eskatzen dizkion agiri guztiak, baina, hala eta guztiz ere, ezin izanen du zinegotzigai izan.

Are eskubide gutxiago dute paperik ez dutenek. 5.700 inguru izan daitezke herrialdean, gobernuz kanpoko erakundeen gutxi gorabeherako datuen arabera. Maiatzaren 26an parlamentuan eta udaletan banatuko dituzten aulkietan eseriko direnek ezarriko dituzten politikek, halere, haiei ere eraginen diete, jokoan diren gehiengoak osatzeko eskubiderik ez izan arren.

Giroa aldatu da

Joxerra Senar
Berriro PSNko idazkari nagusi izendatu ostean, 2017ko uztailean, Maria Txibitek honako promesa hau egin zuen: "2019an, Nafarroako Gobernuaren lidergoa hartu nahi dugu". Askok irrigarritzat jo genuen aipu hura, ikusirik garai hartan PSN b...

Zenbateraino berri, hori izanen da gakoa

Zenbateraino berri, hori izanen da gakoa

Edurne Elizondo

Oraingo Iruñeko Udaleko hogeita zazpi zinegotzietatik, hamahiruk ez dute parte hartuko gaur hasi den hauteskunde kanpainan, erabaki dutelako ez aurkeztea hilaren 26ko bozetara. Horrek ezinbertzean ekarriko du erakunde hori berritzea; halere, boto emaileek erabakiko dute maiatzetik aurrerako udala zenbateraino izanen den berri edo ezberdin, haien esku baitago azken lau urteotako bidetik aurrera jarraitzea, edo bertze bide baten alde egitea.

Iruñeko Udalean aldaketa irudikatu duten taldeei dagokie hautesleen konfiantzari eusteko erronka; eskuinak, berriz, helburu du boterea berreskuratzea. UPNk Ciudadanosekin eta PPrekin bat egitea erabaki du hori lortzeko.

Herrialdeko 346 kontzejuetan eta 272 udaletan deitu dituzte nafarrak hauteskundeetara, hilaren 26rako. Guztietan ez dituzte eginen, ordea: adibidez, 31 udalerritan ez da hauteskunderik izanen ez delako hautagaitzarik aurkeztu; eta 92 kontzejutan ere ez. 113 udalerritan eta 223 kontzejutan, berriz, zerrenda bakarra aurkeztu da bi aste barruko hauteskundeetarako.

Hiriburuan, lehia handiagoa izanen da, zalantzarik gabe. Hamabi taldek aurkeztu dute Iruñeko alkate izateko hautagaitza; halere, haietako bat Ganemos Pamplona, zehazki, inpugnatu du Ahal Dugu-k.

Joseba Asiron alkatea izanen da EH Bilduko hautagaia berriz ere; Itziar Gomez, Geroa Bairena; eta Enrique Maia, berriz, Navarra Sumarena. Koalizio horretan UPN, PP eta Ciudadanos alderdiek egin dute bat.

Bertzalde, Maite Esporrin izanen da PSNko alkategaia; Edurne Egino Ezkerrarena; eta Andoni Romeo Aranzadi-Equorena. Aranzadi da hautagaia aldatu duen bakarra, hain zuzen. Gainera, ez da talde horren barruan gertatutako aldaketa bakarra. Izan ere, duela lau urteko udal hauteskundeetan, Aranzadi Ahal Dugu alderdiaren udal ordezkaria izan zen. Ana Lizoain izan zen 2015eko hauteskundeetan alkategaia, baina legegintzaldia amaitu baino lehen utzi zuen udaletxea, 2016ko urtarrilean. Orain, berriz, talde bakoitzak zerrenda propioa osatu du: Romeo da Aranzadi-Equoren alkategaia, eta Gaxan Sad Irisarri, berriz, Ahal Dugu-rena.

Krisiak

Bukatzear den legegintzaldi hau ez da gorabeherarik gabekoa izan Joseba Asiron alkatearentzat, behin baino gehiagotan agerian gelditu baitira udal gobernua babestu duten taldeen arteko desadostasunak. Taldeok 2017an hasi ziren soka tenkatzen, Pio XII.a etorbidea birplanteatzeko proiektuarekin. Aranzadiren eta EH Bilduren arteko tirabirak gelditu ziren agerian orduan. Egoerak okerrera egin zuen 2017ko abenduan, Aranzadiko hautetsi batek aurrekontuen aurkako botoa eman baitzuen. Soka, halere, hirugarrenean hautsi zen, 2018. urteko uztailean: sanferminen bezperan, uztailaren 5ean, Joseba Asiron alkateak udal gobernutik kanporatu zituen Aranzadiko hiru zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino. Bi egun lehenago egindako bozketak eragin zuen alkatearen haserrea, sei milioi euroko superabita zertan inbertitu erabakitzean Aranzadi eta Ezkerra abstenitu egin baitziren. Joan den urtarrilean, gainera, 2019ko aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen Aranzadi, berriz ere, eta hutsean utzi zuen kontuen aldeko EH Bilduren, Geroa Bairen eta Ezkerraren ituna.

2015eko hauteskundeek Iruñerriko bertze hainbat herritako udal gobernuetara eraman zuen aldaketa; bertzeak bertze, Barañainera, Berriozarrera, Antsoainera eta Atarrabiara. Herriotako alkateak karguari eusten saiatuko dira hilaren 26ko hauteskundeetan.

Lizarrako alkate Koldo Leoz ere ariko da aginteari eusteko lehian, bai eta Tuterako alkate Eneko Larrarte ere. Tafallako lehen zinegotzi Arturo Goldarazenak, berriz, ez aurkeztea erabaki du.

Hilaren 26an, 483.783 nafarrek izanen dute beren udalerrietako eta kontzejuetako gobernuak osatzeko hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Duela lau urte, %71,25ekoa izan zen parte hartzea.

Bazterretik ateratzeko

Bazterretik ateratzeko

Edurne Elizondo

Azken berrogei urteotan egindako lehiaketetako bakar batean ere ez dute irrati komunitarioentzako lizentzia bakar bat ere banatu; bada garaia bazterketa historiko horren auzia konpontzeko". Horixe nabarmendu dute Eguzki irratiko eta hedabide hori babesten duen Apice elkarteko kideek, jendaurrean egindako agerraldi batean. Azaldu dute izena eman dutela Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak emateko martxoan abiatutako azken lehiaketan. Hori ere irrati komertzialentzat antolatu dute bakarrik. Egoera hori salatu, eta konponbidea eskatu dute Eguzkiko ordezkariek.

1982. urteko abenduan egin zuen Eguzki irratiak lehendabiziko saioa, Jarauta karrikako egoitzatik. Alde Zaharrean da irratia oraindik ere, Nabarreria karrikan. Lehen saio hori egin zuenetik, lizentziarik gabe egin du aurrera proiektuak; maldan gora egin behar izan du bidea anitzetan, azken lau hamarkadetan lau aldiz itxi baitute irratia.

1983. eta 1984. urteetan itxi zuten, Euskal Herriko beste irrati libre anitz bezala, eta 1988. urtean ere bai, Espainiako erregeak Iruñera egindako bisitak eragindako istiluen inguruko informazioa zabaltzeagatik. 1992. urtean saiatu ziren isilarazten azkenekoz. Baina airean jarraitzen du irratiak. "Gurearen gisako hedabideek ezin dute duintasunez eta berdintasunean lan egin, erregularizatzen ez badituzte", erran du Eguzki irratiko kide eta esatari Jorge Riberak, halere.

Martxoan antolatutako azken lehiaketan, Nafarroako Gobernuak Iruñean banatzeko irrati lizentzia bat gorde du. Lehiaketa horrek 2017. urtean antolatutakoa ordezkatu du, duela bi urtekoa bertan behera utzi eta gero. Eusko Media erakunde pribatuak helegitea aurkeztu zuen 2017an, eta, aintzat hartu eta gero, gobernuak bazter utzi zuen lehiaketa. 2017. urtekoan bazen lizentzia bat irrati komunitarioentzat; haren ordez martxoan antolatutako lehiaketan, ordea, ez.

Eguzki irratiko kideek "tamalgarritzat" jo dute irrati komunitario bati lizentzia emateko aukera galdu izana. "Aurreko gobernuen bidetik egin du aurrera ustezko aldaketaren egungo gobernuak ere, eta ez da gai izan arazoa konpontzeko. Bere esku zegoen hori egitea; ez dugu ulertzen zer-nolako interesen arabera erabaki duten irrati komunitarioak bazter uzten jarraitzea", salatu du Otanok.

Herri mugimendua ardatz

Herri mugimenduen bozgorailu izateko sortu zuten Eguzki irratia, 1982. urtean; Iruñeko garai hartako talde ekologista eta antinuklearra izan zen proiektu horren bultzatzaile. Eguzki izeneko aldizkariarekin hasi, eta uhinetara egin zuten jauzia gero. "Beharrezkoa zen ahotsik ez zutenei ahotsa ematea", arduradunen hitzetan. Xede bera dute ardatz orain ere. "Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Aurrera egin dugu; garatu dugu proiektua, baina oinarri horri eutsi diogu". Krisi ekonomikoari ere egin diote aurre, eta, bazkideen eta entzuleen babesarekin, zutik jarraitzen du Eguzki irratiak.

Zutik da, eta urratsak egiten segitu nahi du, gainera. Horregatik erabaki dute irratiko kideek martxan den lehiaketan parte hartzea. Izena emateko epea berriki amaitu da, eta datozen hilabeteetan erabakiko da. "Hurrengo gobernuaren lana izanen da", erran du Riberak.

Irratiko kideek ez dute zalantzarik Eguzkik lizentzia merezi duela. 36 urtez egindako bidea nabarmendu dute, eta erantsi dute baimena jasotzeak "hedabideen demokratizazioari eta adierazpen askatasunari" eginen liekeela mesede.

Gaineratu dute Europan anitz direla lizentzia duten Eguzkiren gisako irrati komunitarioak. "Espainiako Estatuan ere badira; aukera badago". Eguzkiko kideek salatu dutenez, ordea, borondatea falta izan da orain arte.

Irratiko arduradunak borondate hori aldarazten saiatu dira, irrati komunitarioentzako lizentziarik gabeko lehiaketa ekarri duten agindu eta dekretuen aurka eginez. Egoera jendaurrean salatzea izan da egindako azken urratsa. Eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. "Eguzki irratiak lizentzia lortzen duenean, Nafarroako gizarte osoak irabaziko du, askotarikoa dela erakutsiko baitu", bukatu dute Otanok eta Riberak.

“500 lagun pasatu gara Lesbosko sukaldetik”

“500 lagun pasatu gara Lesbosko sukaldetik”

Ane Eslava

Gerretatik eta pobreziatik aldentzeko Afrikatik Europara doazen iheslarien egoerarekin kezkatuta, Euskal Herriko hainbat lagunek Zaporeak elkartasun proiektua sortu zuten, 2016an. Greziako errefuxiatuen kanpalekuetan lan egiten dute, han dauden lagunei janaria ematen. Proiektua haziz doa, eta, aurrera jarraitzeko dirua lortzeko, Koxk jardunaldia egingo dute igandean, Iruñean, Egin Koxk elkartasunari! lelopean. Mariano Galarza (Iturmendi, 1955) boluntarioetako bat da, eta adierazi du igandeko jaia "garrantzitsua" dela, jendearen babesa "ezinbestekoa" baita lanean jarraitzeko.

Zertan datza, zehazki, Zaporeak egitasmoa?

Zaporeak-eko kideok Greziako Lesbos hirian lan egiten dugu, errefuxiatuei janaria ematen. Sukalde bat muntatu dugu, eta egunean mila otordu baino gehiago banatzen ditugu. Errefuxiatuen kanpaleku baten ondoan gaude, kanpoan, ez baitigute uzten hara sartzen, eta beste GKE baten lanaren osagarri moduan aritzen gara. GKE horrek emakume eta haurrentzako ekintzak antolatzen ditu, eta guk emakume eta haur horiei ematen diegu janaria.

Nola sortu zen egitasmoa?

2016an sortu zen. Jende askok alde egiten zuen Siriatik, gerratik ihesi, eta Donostiako lagun batzuk, egoerarengatik kezkatuta, hara joan ziren, laguntzera. Horrela hasi ziren, eta, poliki-poliki, handituz joan da. Euskal Herrian arrakasta izan du, eta jende asko azaldu da laguntzeko prest.

Greziako Gobernuak oztopoak jartzen dizkizue?

Bai, batez ere kanpalekuetara sartzeko. Lehen izan ziren beste sukalde batzuk, Atenasen eta Kiosen, baina itxi egin behar izan genituen, traba administratiboengatik. Lesboskoa otsailean jarri genuen martxan; kanpalekuaren ondoan egoteko baimena bakarrik dugu, eta janaria emateko zehazki pertsona horiei: emakumeei eta haurrei.

Nola funtzionatzen duzue?

Han sukaldari finko bat dago, eta hemendik boluntario taldeak joaten gara sukaldean lan egitera. Hiru astean behin talde berri bat joaten da, eta hango errefuxiatu batzuen eta beste GKE batzuen laguntza ere izaten dugu tarteka. Ni neu joan den urtean joan nintzen, Atenasko sukaldea oraindik martxan zegoenean.

Zuk nola bizi izan zenuen?

Positiboa izan zen, eta aldi berean gogorra. Hurbiletik ikusten duzu nolakoa den hango egoera, nola bizi diren han, eta hori gogorra izaten da. Baina, aldi berean, pozgarria da, guk janari on bat ematen diegulako, eta haiek beren esker ona adierazten digutelako; hizkuntzarekin ez bada, irribarre batekin. Hori pozgarria da.

Zenbat boluntario zarete?

Zaporeak-ek bi egoitza nagusi ditu, bat Donostian eta bestea Iruñean. Hemen, Iruñean, 30 pertsona inguruko talde finko bat dago, eta, momentu zehatzetan, laguntzaileak ditugu. Donostialdean, jende gehiago dago, 50etik gertu. Gero, beste toki batzuetan ere badira taldeak; adibidez, Irunen eta Gasteizen. Pertsona asko pasatu gara Lesbosko sukaldetik: hasi ginenetik, 500 lagun inguru denera.

Zer helbururekin egingo duzue igandean Koxk jaialdia?

Koxk pintxoen festa bat da, eta Iruñeko San Frantzisko plazan egingo dugu; helburua da jendearen parte hartzearekin dirua biltzea Lesbosera eramateko, proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Izan ere, janaria hemendik bidaltzen dugu, baina gauza batzuk han erosten dira, eta eguneroko gastu bat da.

Nolakoa izango da eguna?

Inaugurazioa 10:00etan izango da —errefuxiatu bat egongo da—, eta 14:30ak edo 15:00ak arte egongo gara pintxoak dastatzen. Festako ezinbesteko kolaboratzaileak dira Iruñeko tabernak: berrogei tabernak baino gehiagok prestatuko dituzte pintxoak, eta Ostalaritza Eskolak ere parte hartuko du. Pintxo dastaketaz gain, kultur jarduerak ere egongo dira, hala nola Iruñeko dantzariak, txarangak eta Ene Kantak-eko kideak. Jaialdia Iruñean egingo den bigarren aldia izango da aurtengoa, baina lehenagotik beste bost aldiz egin da, Donostian, eta arrakasta handiz, gainera.

Gizartea sentsibilizatzeko ere erabiliko duzue eguna?

Bai, jakina. Dirua biltzeaz gain, nahi dugu hurbiltzen den jendea pixka bat kontzientziatzea, ikustea hor badirela errefuxiatuak, eta behar handia dutela. Festa giroan egingo dugu, baina, aldi berean, aldarrikatzailea izango da ekitaldia.

Aurrera begira, zer erronka dituzue Zaporeak-en?

Zoritxarrez, Greziako egoerak bere horretan jarraitzen du, eta ez da konponbiderik ikusten; horregatik, gure eginkizuna ez da amaituko. Beraz, erronka izango da proiektuari eustea, jarraitzea laguntza eramaten beharra dagoen tokietara. Horretarako, ezinbestekoa da laguntza ematen duen jendeak horretan jarraitzea, noski; bestela, ez da posible. Gu boluntarioak gara, baina jende asko behar dugu atzetik, lanean jarraitu ahal izateko.

Zu itzuliko zara Greziara?

Nire asmoa da udazkenean joatea, baina, betiere, beharra dagoenean joango naiz.

Iritzia: Ametsetako txupinazoa

Iritzia: Ametsetako txupinazoa

Lohizune Amatria

Mundu fantastikoa, ametsetakoa, ekarri du sanferminetako kartelera aurtengo lehiaketako irabazleak. Uztailaren 6an jaiki, balkoia zabaldu, eta txupinazoa jaurtitzear direla plazara begira ezarri gaitu egileak. Jendez gainezka dago Udaletxe plaza. Irudian ez da soinurik ageri, baina hiria borborka imajinatu dut, oihuka. Hala sentitzen du egileak ere hiria une horretan, urduritasuna jaso nahi izan du, atzerako kontua egiten ari denaren sentimendua.

Ez naiz orain hasiko kartela polita edo itsusia iruditu zaidan argudiatzen. Baina zutabera ekarri nahi izan dut afixa, arrotz egiten zaidan ezaugarri bat gaineratu diolako egileak ametsetako mundu horri. Gaineratu edo ezabatu egin du, ikuspuntuak ikuspuntu. Udaletxeko balkoian lau bandera ageri dira, gorriak denak. Nafarroa irudikatuta egotea nahi izan du. Baina hortik haratago, haren esanetan, mundu horretatik at utzi du politika guztia: "Bandera neutroak dira, ikur eta zigilu politikorik gabeak, ikuslearengan bestelako interesak sortuz, gizartea etengabe banatzen duenaz haratago".

Ametsetako sanferminak irudikatu ditu, nahiko lituzkeenak, pentsatzen dut. Eta horietan ez dago politikarako tokirik. Edo bai. Izan ere, ez al da erabaki politiko bat bandera "neutroak" ezartzea udaletxeko balkoian? Ez al da erabaki politikoa txupina nork jaurtiko duen erabakitzea? Nola ospatuko diren hiriko jaiak?

Gehienetan pentsatzen dugu erakundeetan ematen den hori baino ez dela politika. Zein bandera dagoen balkoian. Baina hortik haratago doa; eta politikak ere eremu pertsonala hartzen du. Ametsetakoa, esaterako.

Une magikotzat hartu ohi da txupinazoarena. Kartelaren aurkezpenaren egunean bezala, kazetari andana biltzen ditu hitzorduak. Bi orduko saio berezi bat izaten da telebista ikusleentzat, postal bateko irudia beste askorentzat. Baina txupinazoa ez da une hori bakarrik, unea eta unearen aurretik gertatuko guztia da. Ezin diogu, beraz, politikaz duen hori kendu.

Aurten biziko dugun txupinazoa ez zen berdina izango, Juanito Etxeparek 1931. urtean, Gazteluko Plazan, suziria bota izan ez balu; Joaquin Ilundain eta Jose Maria Perez Salazar falangistek suziria botatzeko ardura haien esku hartu ez balute; udaletxeko balkoitik botatzeko erabakia hartu ez balute; 2010. urtean istiluak izan ez balira; 2013. urtean arrantzaleak agertu ez balira… Gaur egun direnak ez lirateke berdin izango, gertatu diren horiek gertatu izan ez balira.

Ametsetan bada ere, ezin dut imajinatu pankartarik gabeko txupinazorik, edo argazkian azaltzeko tokia egiten saiatzen ari den politikaririk gabeko ekitaldirik. Atzera begiratu ondoren, ezin dut ulertu inguruko etxeetako balkoietan banderarik ez egotea, edo hegaka baloi erraldoirik ez azaltzea…

Gaur abiatu da hauteskunde kanpaina. Bi aste hauetan eta ondorengoetan gertatuko den horrek guztiak ere aldatuko du aurtengo sanferminetako txupinazoa, seguru. Etengabe banatzen gaituzte halakoek, baina ezabatuta ez dugu aldatuko.