Zutik jarraitzen dute emakumeek

Zutik jarraitzen dute emakumeek

Edurne Elizondo

Martxoaren 8a. Emakumeen greba. Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu andreak, aurten, bigarrenez. "Heteropatriarkatu kapitalistari planto!". Nafarroan zutik dira emakumeak. Zutik jarraitzen dute. Grebarako eta borrokarako prest.

Herriz herri antolatu dituzte protestak, gaurko, herrialdeko talde feministek eta grebarako propio sortutako batzordeek. Iruñean, egunarekin batera hasi dituzte mobilizazioak, gauerdian manifestazio batek zeharkatu baititu Alde Zaharreko karrikak, gaua emakumeena ere badela aldarrikatzeko.

Ekitaldi nagusiak, halere, 08:30ean hasiko dira. Piketeak eginen dituzte grebalariek Nabarrerian, emakumeak plantora deitzeko. 12:00etan elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, Gazteluko plazan. Bazkaria eginen dute 14:30ean, eta, 19:00etan, berriz, eguneko manifestazio nagusia abiatuko da, Golem zinema aretoen paretik.

Bost ardatz ditu aurtengo greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. Arlo horietan guztietan, berdintasunaren eta justiziaren aldarria zabaldu nahi du gaurko protestak, heteropatriarkatu kapitalistaren zapalkuntzaren aurka. Bizitza jarri nahi izan dute emakumeek erdigunean.

Adin eta arlo ezberdinetako hainbat andrek hartu dute hitza orriotan, greba egiteko beren arrazoien berri emateko. Gogoa eta helburuak partekatzen dituzte, baina ezberdina da batzuen eta bertzeen abiapuntua eta testuingurua.

ANA SAROBE

Oneka elkarteko pentsioduna

"Emakumeok etxean egiten dugun lana agerian utzi behar dugu"

Etxetik kanpo lan egiten zuen Ana Sarobek, iaz, mugimendu feministak lehendabizikoz grebara deitu zuenean. Planto egin zuen. Abenduan hartu zuen erretiroa. Pentsioduna da orain, eta Oneka taldearekin egin du bat. Euskal Herriko emakume pentsiodunek sortutako elkartea da, eta babestu dute gaurko greba. Sarobek ere greba eginen du, berriz ere. Ez du hutsik egin nahi. "Greba egin beharra dago. Emakumeok etxean egiten dugun lana agerian utzi behar dugu. Ezkutuko lana da, zaintza lana, baina mahai gainean jartzeko ordua da".

"Gizon asko oso eroso bizi izan da orain arte. Guk egin dugu dena etxean. Baina argi izan behar dute ez direla gure gainetik", erran du Sarobek. Etxeko giroa ekarri du gogora, eta "berdintasunezkoa" zela nabarmendu du. Orain, gazte anitzen jarrera ikusirik, "harrituta" gelditzen dela onartu du. "Lan handia bada, oraindik ere, egiteko; bai eta emakume gazteen artean ere".

Beren burua feminismoaren aliatutzat jotzen dituzten gizonen inguruan ere gogoeta egin nahi izan du Sarobek. "Badira greba egin nahi duten gizonak. Eta ez dute ulertzen greba emakumeona dela. Ez zaie buruan sartzen haiek ere greba egiten badute ez dela agerian geldituko guk egun horretan egiten ez duguna". Egiteko lan handia badela berretsi du Oneka elkarteko kideak.

CARIDAD JEREZ

Nafarroako Etxeko Langileen Elkartekoa

"Langileak gara, eta dagozkigun eskubideak nahi ditugu"

Aspaldi hasi zen Caridad Jerez gaurko grebarako prestaketak egiten. Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko burua da. Langileok existitzen ez direlako erabaki zuen Jerezek elkartea sortzea: "Langile izaera ere ukatu egiten digu egungo sistemak". Etxean eta etxetik kanpo emakume langilea delako eginen du Jerezek greba, gaur. "Amantal more bat erosi dugu hainbat lagunok. Hori jantzita aterako gara karrikara. Atzera egiteko inolako asmorik ez dugula argi utziko dugu".

Etxeko langile anitzek gaur greba egiteko aukera ez dutela izanen erran du Caridad Jerezek. Horixe salatu du. Etxeko langile anitzentzat greba egiteak berekin ekarriko zuelako enplegua galtzea. Errealitate hori aldatu nahi dute elkarteko kideek, hain zuzen ere. "Langileak gara, eta dagozkigun eskubideak nahi ditugu". Etxetik kanpo, bai eta etxean ere. Esparru guztietan, berdintasunaren aldeko aldarria bere egin du Jerezek. "Nik 61 urte ditut; nire belaunaldiko emakumeon patua izan dira erratza eta seme-alabak. Bada garaia gauzak aldatzeko", bukatu du.

FATIMA DJARRA

Afrikako Lorea elkarteko kidea

"Migratzaile anitzek ezin izanen dute greba egin, lana galduko luketelako"

Munduko Medikuak elkartean aritzen da Fatima Djarra. Ginea Bissautik etorri zen Nafarroara, eta, herrialdean, Afrikako bertze hamaika emakumerekin batera, Afrikako Lorea izeneko elkartea jarri zuen martxan. Greba eginen du gaur. "Greba, emakumeon eskubideen alde".

Elkarteko bertze emakumeak izanen ditu Djarrak greban lagun. Erran du, halere, emakume migratzaile anitzek ez dutela gaur karrikara ateratzeko aukera izanen. "Ezin izanen dute greba egin, plantoarekin bat eginez gero lana galduko luketelako. Baldintza kaskarretan ari dira, eta beren eskubideak zapaltzen dituzte", salatu du. Erantsi du greba egiteko aukera izanen ez duten horiek ere ordezkatuko dituztela gaur protesta egitera aterako diren gainerako emakumeek.

Iazko Martxoaren 8ko grebak mahai gainean jarri zuen auzi hori, hain zuzen ere. Egun nagusi den feminismoak zein neurritan ordezkatzen ote dituen talde nagusi horretatik at gelditzen diren emakumeak, alegia. Urratsak egin direla azaldu du Djarrak. "Iaz ez genuen sentitu gure aldarrikapenak ordezkatzen zituztela protestek; aurten bai; guregana etorri dira bertze talde feministetako kideak. Izan dugu aukera iritziak partekatzeko, eta aurrera egin dugu. Ez dago lehen eta bigarren mailako emakumerik".

MIKELE GRANDE

Uharteko ikaslea

"Sistemak emakumeok zapaltzen gaitu; lan egin nahi dut hori aldatzeko"

"Greba? Noski eginen dudala!". Zalantzarako tarterik ez du utzi Mikele Grande ikasle uhartearrak. Barañaingo Alaitz institutuan ari da batxilergo artistikoa egiten. Zentroko talde feministako kidea ere bada. Eta gaur, ikastetxeko kideekin batera, Iruñeko karriketan izanen da, feminismoaren alde.

Iaz ere greba egin zuen Grandek. "Emakumeok zapaltzen gaitu egungo sistemak; horren kontzientzia badut, eta errealitate hori aldatzeko egin nahi dut lan. Oso garrantzitsua da greba egitea, borrokatzea emakumeon alde".

Etxean beti izan du berdintasunaren aldeko giroa. Hori ikasi du. "Beti azaldu didate argi emakumeok zer-nolako zapalkuntza jasaten dugu; eta irakatsi didate hori ez dela bidezkoa".

Barañaingo institutuko talde feministarekin bat egiteak ikasten jarraitzeko aukera eman diola erantsi du, eta eskertu du. "Taldean sartu nintzenean konturatu nintzen informazioa behar nuela, behar nuela trebatu. Hor ikasi dut feminismoa zer den, eta kontent naiz".

LOLA ESLABA

Irunberriko gaztea

"Guk emakume aske izan nahi dugu gure herrietan"

Hiriburuko protestak izanen dira gaurko nagusiak; hau da, jende gehien erakarriko dutenak, hiriburuan eta inguruko herrietan bizi baita populazioaren gehiengoa. Nafarroako herrietan ere entzunen da aldarri feminista, hala ere.

Irunberrin eginen du greba Lola Eslabak. Protesta prestatzeko lanetan aritu da, bertze emakume anitzekin batera. "Feminismoaren inguruan antolatuta ez dauden emakume batzuk ere aritu dira lanean", azaldu du.

Herri baten testuinguruan egin du feminismoari eta emakumeen aurkako zapalkuntzari buruzko gogoeta: "Herrietan handiagoak izan dira gure askatasunaren aurkako erasoak; zaintza lanak emakumeoi egokitu zaizkigu, eta zerbitzu publikoak kendu dizkigute. Zaila da emakume izanda herrietan bizitzea".

Asmo eta nahi hori du Eslabak, halere. Bai eta bertze emakume anitzek ere. "Kapitalismoak, baina, landa eremuko baliabideak hustu eta hirietara bultzatzen gaitu. Guk emakume aske izan nahi dugu gure herrietan", nabarmendu du.

Emakumeon aldarriak Iruñera eramanen dituzte Irunberriko gazteek, arratsaldeko manifestazioarekin bat eginez. Emakumeak saretzeko beharraren garrantzia nabarmendu du Eslabak.

ESMERALDA AMADOR

Gaz Kalo ijitoen elkarteen federaziokoa

"Emakume ijitoak gara, eta horrek zailtasun gehiago ekartzen digu"

Lizarran bizi da Esmeralda Amador. Gaur, herriko protestetan parte hartuko du. "Greba eginen dut, bai. Gaz Kaloko langile guztiok eginen dugu". Amadorrek azaldu du iaz ez zuela egin, baina aurten sentitu duela berdintasunaren aldeko urratsa egiteko eta plantoarekin bat egiteko beharra. "Azken urte hau aldaketa urtea izan da emakume ijitoentzat. Greba eginez erakutsi nahi dugu guk ere berdintasunaren alde egin nahi dugula lan".

Gaz Kalo federazioko berdintasun saileko arduraduna da Amador, eta Lizarrako Udaleko Berdintasun Batzordeko kide ere bai. Argi du emakumeen aurkako zapalkuntzaren kontrako borroka ez dela egun batetik bertzera irabaziko. Baina egunez egun urratsak egiteko beharra azaldu du. Are gehiago emakume ijitoen artean. "Gu bertze emakume anitz baino atzerago gaude, oraindik ere. Emakumeak gara, emakume eta ijito, eta horrek zailtasun gehiago ekartzen digu; zailtasunak, bertzeak bertze, etxebizitza edo enplegua lortzeko".

Estereotipoen aurkako borrokarekin lotu du gaurko greba feminista Esmeralda Amadorrek, gainera. "Ijitoen inguruko aurreiritziak apurtzeko ere egin behar dugu lan. Berdintasunaren alde ari garela erran nahi dugu ozen, eta askotarikoak garela", gaineratu du.

Ez baitira VIPentzako tokiak

Ez baitira VIPentzako tokiak

Edurne Elizondo

Ez da pribilegio bat; ez da VIPentzako gune bat. Behar batek bultzatuta, autoa aparkatzeko gordetako toki bat da. Agerikoa ematen du, baina oraindik ere hori gogoratzeko eta gogorarazteko beharra badela erran du Nafarroako Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioko buru Manuel Arellanok. Kanpaina bat jarri berri du martxan erakunde horrek, Iruñeko Udalaren babesarekin, elbarritasuna duten pertsonen eskubideak bete ditzaten.

Ez da VIPentzako gune bat; behar bat da. Lelo horrekin hasi dute kanpaina. Elbarritasuna dutenentzako Iruñeko 40 aparkalekutan jarri dituzte esaldi hori idatzia duten itsasgarri handiak; gainera, gidarien artean banatu dituzte lelo bera zabaldu nahi duten eskuorriak. Eskuorri horiek jaso dituzte elbarritasuna dutenentzako tokiak behar dituzten hainbat gidarik errandako hitzak: "Niretzat gordetako tokian zuk bost minutu ematen dituzu, baina nik, ondorioz, 30 gehiago behar ditut aparkatzeko", azaldu du Mikel Bidaurrek. Elena Garciak galdera zuzenagoa egin nahi izan die gordetako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituztenei: "Nire aparkalekua nahi duzu? Nire ezintasuna ere bai?". Gordetako tokia gaizki erabiltzeak zer ekartzen ahal duen kontatu du, berriz, Irene Aspurzek: "Nire tokian uzten baduzu zure autoa, fisiora joateko aukera galduko dut, eta behar dut".

Kanpaina egiteko beharra ere badela erakutsi dute datuek, Cocemfeko ordezkariek azaldu dutenez. 2017. urtean, adibidez, 405 gidari salatu zituzten Iruñeko udaltzainek, elbarritasuna dutenentzako tokiak erabiltzeagatik, hori egiteko baimenik izan gabe. 2018. urtean, berriz, 383 salaketa jarri zituzten udaltzainek. Berrehun euroko isuna ezarri zieten gidarioi, eta garabiak eraman zien autoa, gainera.

"Arazoa datuek erakusten dutena baino larriagoa da", onartu du Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Itziar Gomezek. Izan ere, gordetako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituzten gidari anitzek isuna jaso gabe alde egitea lortzen dute. "Azken asteotan, sare sozialetan ikusi ditugu baimenik gabe aparkalekuak erabili dituzten autoen argazkiak. Ongi dago sareetan salatzea gertatzen dena, baina herritarrei eskatu nahi diegu udaltzainei deitzeko", eskatu du zinegotziak.

"Bi minutu bakarrik". Cocemfeko buru Manuel Arellanok nabarmendu du "aitzakia" hori erabiltzen dutela baimenik gabe aparkatzen duten gidari gehienek.

Denbora ez da berdin neurtzen, ordea, elbarritasunen batek norbaiten mugikortasunari eragiten dioenean. Horixe azaldu du Jesus Mari Caballerok. Gordetako tokietan aparkatzeko txartela du. "Erosketak egitera joateko, edo fisioterapia jasotzera joateko erabiltzen dut autoa. Tokia gaizki erabiltzen badu norbaitek, ni ezin naiz zain gelditu bide erdian. Buelta eman behar dut, eta bertze toki bat bilatu. Baina joan behar dudan tokitik urrun aurkitzeak ez dit egoera konpontzen", kontatu du.

Cocemfeko kideek argi dute kontua errespetuz jokatzea dela, eta hori nabarmendu nahi izan dute. Gordetako tokiak erabiltzeko eskubidea badutela berretsi, eta hori errespetatzeko eskatu diete gidariei. "Izan dezatela gutxieneko elkartasuna mugitzeko zailtasunak dituztenentzat. Hiriak denentzat izan behar du atsegin".

Txartela dutenen jokabidea

Gordetako tokietan autoa uzteko udalak ematen duen baimena behar da herrialdean. Baimen hori dutenen artean ere ongi jokatzen ez duenik badela onartu dute Cocemfeko kideek, eta salatu egin dute. "Txartelaren jabeak erabili behar du txartela; ezin du bertze inork erabili. Eta txartela duenak jaso badu bere ardurapean dagoen norbaitek elbarritasunen bat duelako, harekin denean baino ezin ditu erabili gordetako tokiak", gogoratu du Manuel Arellanok.

Iruñeko Udalak 126 baimen kendu zituen iaz, txartela behar bezala ez erabiltzeagatik. Kopurua handiagoa izan zen 2017. urtean: 155 kendu zituzten. 2016an, berriz, 275. Txartela gaizki erabiltzen dutenentzat 500 eurokoa da isuna, gainera.

"Guk ez dugu isunen bidea lehenetsi nahi; ez da hori gure asmoa. Jendea kontzientziatu nahi dugu. Kontua da anitzetan horrelako neurriak behar direla jendeak behar den bezala joka dezan", azaldu du Arellanok.

Udalak gordetako tokietatik kanpo, aparkalekua arautua duten guneetan ere uzten ahal dute autoa elbarritasunen bat dutenek, txartela badute. Ez dute ordaindu behar. Kontua da ohiko tokiak gordetakoak baino estuagoak direla, eta, ondorioz, zailtasunak dituzte erabiltzaileek autotik ateratzeko edo berriz sartzeko. "Makuluak edo aulkia erabiltzen duenak ez du tokirik izaten, ondoko autoa hagitz gertu dagoelako", erran du Jesus Mari Caballerok. Gordetako tokiak zabalagoak dira autotik ateratzeko eta sartzeko lanak errazteko asmoz, hain zuzen ere.

"Nahikoa zailtasun badugu berez; ez dezala zailtasun gehiago ekarri bertze gidarien jokabideak", berretsi du Arellanok. Bat egin du Caballerok: "Errespetua eskatzen dugu. Gure eskubidea delako".

Cocemfeko kideek erakunde publikoek duten ardura ere jarri nahi izan dute mahai gainean, erakunde horietako autoek ere erabiltzen dituztelako elbarritasuna dutenentzako tokiak, sare sozialetan hainbat herritarrek zabaldutako argazkiek erakutsi dutenez. "Gu ere bagara kanpaina honen hartzaile, eta badugu zer hobetu", onartu du Itziar Gomez zinegotziak.

"Gizarteak badu zer hobetu, denen eskubideak betetzeko", bukatu du Arellanok.

“Teknologiak aurrera egin du; horretan izan behar da konfiantza”

“Teknologiak aurrera egin du; horretan izan behar da konfiantza”

Edurne Elizondo

Urtegi bati lotutako herria da Esa, eta hango alkate Roberto Martinez Luiando (Iruñea, 1984). Urtegia handitzeko lanek baldintzatu dute eskualdeko egunerokoa. 103 etxebizitza desjabetu zituzten, 2013ko lur jausiagatik.

Noiz eta zergatik eskatu zenuten kalte-ordaina?

2013. urtean lur jausia izan zen Esako eskuineko hegalean, eta urbanizazioak hustu behar izan zituzten, segurtasunagatik. Horren ondorioz, proiektua aldatu behar izan zuten; aurretik ere hirutan egokitu zuten plana. Aldaketa horren bidez, konponbidea eman nahi izan zioten urbanizazioetan sortutako arazoari, lur mugimenduak 103 etxebizitzari eragin ziolako. Udalak, gainera, herri lurrak bazituen mugimendu horrek ukitutako eremuan.

Hori gertatu baino lehen, Esak jaso izan du ordainik urtegiko lanek eragindako kalteengatik?

Bai. Lanek eragindako kalteak ordaintzeko sail bat badu Ebroko Ur Konfederazioak. Zortzi milioi eurokoa da, eta, orain arte, sei inguru ordaindu dizkiote udalari. Gu sartu ginenean, ordainketa horiek bertan behera gelditu ziren. Konfederazioak erran zuen diru anitz gastatu zuela jada ordura arte. Uler dezakegu, neurri batean. Baina hegaleko lur mugimendua gertatu, eta lurrak eta etxebizitzak galdu eta gero, uste genuen ordaina jasotzeko eskubidea bagenuela, eta konfederazioari zegokiola ordainketa horiek egiteko plan berri bat prestatzea edo aurretik zegoenari segida ematea.

Nola eragin dio etxebizitza horiek galtzeak herriari?

Anitz da 103 etxebizitza galtzea. Egia da gehienak bigarren etxebizitza zirela jabeentzat, baina urbanizazio horiek jende anitz erakartzen zuten Aste Santuan eta udan, batez ere, eta sumatzen da galdu izanaren eragina. Horko jendeak herrian kontsumitzen zuen, eta beherakada hori sumatu da. Horregatik uste genuen ordaina jasotzeko plana martxan jarri behar zela, berriz ere.

Ebroko Ur Konfederazioari egin zenioten eskaera?

Bai. Eta isiltasuna izan zen jasotako erantzuna. Ondorioz, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo genuen helegitea aurkeztera. Erakunde horrek kolpe batez konpondu nahi izan zuen auzia: auziaren mamiari ez diote eutsi, eta erran dute guk proiektua aldatzeko prozesuan aurkeztu behar izan genituela gure alegazioak. Gure abokatuek kontrakoa diote, ordea. Proiektua egokitu dutenean alegazioak aurkezteko epea zehaztu dute, baina lur jausiak eragindako aldaketaren kasuan ez dute horrelakorik egin.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen ebazpenari helegitea jarriko diozue?

Bai. Egin dugu jada. Abokatuek erran digute ez dela erraza izanen, baina saiatu behar dugula uste dugu. Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain auzia, beraz.

Esako urtegia handitzeko lanek zertan aldatu dute herriko egunerokoa?

Eragin diote. Urtegian bi kanpaleku baziren, eta urtegia handitzeko lanen ondorioz itxi egin dituzte. Kanpalekuak ez zeuden berez gure herrian, baina Esa zen gertuen zuten herria, eta bizia ematen ziguten. Urbanizazioak galdu ditugu, eta ertzeko bertze 30-40 etxebizitza ere bai. Kendu eta kendu, eta ematen ez badizute, azkenean desagertuko gara. Egoerak, gainera, ez dio onik egiten herriaren ospeari, alderantziz.

Orain arte urtegiari lotutako herria izan zarete.

Bai. Baina urtegia handitzeko lanek kalte egin digute. Galdutako etxeak ez dira arazo bakarra. Errepideena ere badago. Desjabetutako etxebizitzak botako dituzte orain, eta errepidea moztuko dute. Autobia baino ez dugu izanen, eta herritik ez dugu sarbiderik.

Etxeak desjabetu zituzten lur jausia izan zelako. Kezka duzue segurtasunarekin?

Konfederazioak neurriak hartu ditu, eta ni lasaitzen naute neurri horiek. Hegala mugimendua neurtzeko gailuz beteta dago. Kontrolpean dute magala. Gutxira arte, datuak bidaltzen zizkiguten. Bazen mugimendu txiki bat.

Hegala ez da gelditu, beraz?

Ez. Baina gutxi mugitzen da. Hasieran hilabetero bidaltzen zizkiguten datuak; orain, sei hilabetean behin edo urtean behin.

Konfederaziotik kanpoko hainbat adituk erran dute Esa ez dela segurua. Zer deritzozu?

Ez dakit, ez da nire esparrua. Teknikariek erraten dutena hartu behar dugu kontuan.

Ez duzu kezka?

Kezka badut. Zangozan egiten dut lan. Baina lasai joaten naiz.

Gobernuak ere eskatu ditu txosten gehiago.

Nik uste dut gauzak argi ez baleude ez luketela aurrera eginen lanekin. Mugimendua gertatu zenean bai kezkatu nintzen. Baina inbertsio handia egin dute. Egia da Rene Petitek erran zuela handitzea arriskutsua zela. Baina teknologiak aurrera egin du. Horretan izan behar dugu konfiantza.

Iritzia: Zutabe hau ez da existitzen

Iritzia: Zutabe hau ez da existitzen

Saioa Alkaiza
Zutabe hau ez da existitzen eta bere buruaz beste eginen du bere existentzia ezaren ezaugarriak azaldu ondoren. Zutabe hau ez da martxoaren 8an idatzi, baina martxoaren 8an argitaratuko da, eta, beraz, greba feministari uko eginen lioke b...

Nafarroako Hitzako emakumeok, grebara

Nafarroako Hitzako emakumeok, grebara

Aurten ere, Berria Taldeko Emakumeen Batzarrak erabaki du bat egitea Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitutako emakumeen grebarekin: kazetari, diseinatzaile, zuzentzaile, harrerako arduradun, publizista, banatzaile, komertzial eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileok egun osoko lanuztea egingo dugu. Iaz bezala, hedabideetako langileok ere arrazoi ugari ditugu greba egiteko. Batetik, sektorearen prekarizazioak langileon eguneroko lanean, osasunean eta bizimoduan eragiten duelako. Eta...

Komunitatea Paristik elikatzen

Komunitatea Paristik elikatzen

Edurne Elizondo

Desagertzeko helburuarekin sortu zuten Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Hamar urte joan dira geroztik, eta Iruñeko aterpe horretako ateek zabalik segitzen dute. Bazterketa egoeran direnentzako babesleku bat da, eta, oraindik ere, sortu zutenean bezain beharrezkoa. Horregatik ez ditu ateak itxi. Iruñeko Alde Zaharreko gizarte eragile bilakatu da, eta komunitatea elikatzen jarraitu nahi du, bere sukaldetik.

Urteotan guztietan, halere, egoera aldatuz joan da, eta proiektua garatu egin dute bultzatzaileek. Jantokitik bertze hainbat egitasmo sortu dira, eta erabiltzaileak jarri dituzte, gero eta gehiago, erdigunean. Esentzia galdu gabe, betiere: justizia sozialaren aldeko aldarria da, oraindik ere, Paris 365 jantokiko sukaldean erabiltzen duten osagai nagusia; justizia soziala da egun oroko jaki.

Hamar urteotan, 277.982 gosari, bazkari eta afari partekatu dituzte Paris 365 jantokiko erabiltzaileek, espazio atsegin batek ematen duen berotasuna eta giro lasaia lagun. 10.241 elikagai saski banatu ditu Gizakia Herritar fundazioak, gainera, proiektu horren bidez, eta 1.430 zopa bero eman ditu Iruñeko karriketan bizi direnentzat, neguan, abendutik martxora garatutako programan.

35.571 kontsulta jaso dituzte proiektuko aholkularitza juridikorako zerbitzuan, eta 471 haur hartu dituzte elkartearen ludotekan. 1.700 boluntario aritu dira hamar urtez Paris 365 jantokian eta sortutako gainerako proiektuetan lanean, eta 560 bazkide lortu ditu egitasmoak, urteotan, denera.

Zenbakiek nekez isla dezakete Paris 365 proiektuaren inguruan sortutako komunitateak duen garrantzia. Baina hori nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen ere, Gizakia Herritar fundazioko kide Patxi Lasak, Myriam Gomezek eta Maite del Campok. Sortu duten komunitateak duen garrantzia eta indarra.

Lasa da Paris 365 egitasmoko sortzaileetako bat, eta fundazioko patronatuko presidentea. Del Campo boluntario hasi zen, duela sei urte, jantokiko sukaldean, baina, gaur egun, proiektu horren babespean sortutako bigarren eskuko dendetan ari da.

Gomez izan da ailegatzen azkena. Duela bi urte eta erdi hasi zen patronatuan lanean. Jantokia, halere, zabaldu zenetik ezagutzen du. Argi du berdinen arteko harremanak sustatu nahi dituela proiektuak, eta ahalegin horretan egin duela azken hamar urteotako bidea.

Krisi garai betean

2008. urtean egin zuen eztanda azken urteotan herritar anitzen egunerokoa baldintzatu duen krisi ekonomikoak; Paris 365 jantoki solidarioa krisi horrek eragindako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zuten martxan, hain zuzen. Gizakia Herritar fundazioko kideek beti argi izan dute erakunde publikoei dagokiela herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea, baina krisi ekonomikoak itota zirenen premiazko egoerari konponbidea emateko beharrean zirela sentitu zutelako jarri ziren martxan.

Lehen asmoa izan zen bazterketa egoeran zirenen elikadura bermatzea; eta, horrekin batera, pertsona horiek laguntzeko aholkularitza juridikorako doako zerbitzua eskaintzea ere bai. "Jantokia sortu baino lehen, hiriko beharrak aztertzeko ikerketa egin genuen, eta ikusi genuen bi lan ildo horietan urratsak egiteko beharra bazela", gogoratu du Patxi Lasak.

Elkartasunaren eta justizia sozialaren ikuspegitik egin ditu Paris 365 proiektuak orain arteko urrats guztiak. "Bazterketa egoeran direnak laguntzeko edo artatzeko jarduera duindu nahi izan dugu, hasieratik". Horregatik, jantokiko menuak 0,50 euroren truke eman dituzte beti. "Salneurria jarri dugu erabiltzaileek senti dezaten deus ez digutela zor", erran zuten arduradunek, abian jarri zirenean.

Geroztik joan diren hamar urteotan gauzak anitz aldatu direla nabarmendu du Lasak. Krisiaren ondorioz edo haren itzalpean sortutako langile pobreak aipatu ditu Paris 365 proiektuko arduradunak, eta haiek artatzeko beharra. Argi utzi du sare baten babesa izan ez dutenentzat zailagoa izan dela lanpostu bat lortzea; eta lortu dutenentzat, soldatak behera egin duela eta baldintzak lehen baino kaskarragoak direla erantsi du.

Horrek guztiak sortu du erantzuteko modua aldatzeko beharra. "Argi dago guk adabaki bat baino ezin dugula eskaini. Baina uste dugu garrantzitsua dela arazoari aurrea hartzeko lan egitea ere, enplegua sustatzeko neurriak jorratuz eta hezkuntza bultzatuz", azaldu du Gomezek.

Txokoa, sukaldea, dendak

Paris 365 jantoki solidarioak Jarauta karrikan zabaldu zituen ateak, 2009. urtean; hamar urteko bidean egindako urratsek tokiz aldatzera eraman dute, hainbat aldiz. Egun, Descalzos karrikan dago jantokia. Inguruko karriketan, gainera, egoitza horretan mamitutako bertze hainbat proiektuk hartu dute beren tokia.

Lehendabizikoetako bat izan zen Paris 365 Txokoa. "Jantokira etortzen zirenen ahotik ikasi genuen behar zutela egoteko toki bat; neguan, batez ere, eskertzen zuten bat egiteko, lasai egoteko espazio bat izatea", azaldu du Lasak.

Komunitatea osatzen ari zen jada, Paris 365 proiektuaren inguruan. Taldeak bertze urrats bat egin zuen sukaldea eta jakientzako gordailua zabaldu zituenean. Sukaldearen bidez, batetik, helburu hirukoitza lortu du fundazioak. Batetik, jantokian zerbitzatzeko menuak prestatzen dituzte han; bertzetik, kanpora saltzeko menuak ere egiten dituzte, proiekturako finantzaketa lortzeko; eta, hirugarrenik, jantokiko erabiltzaileen formakuntza sustatzeko erabiltzen dute.

Gordailuaren bidez, bertzalde, erabiltzaileek saskia betetzeko aukera dute, hilabetean behin. "60 pertsonak jasotzen dute zerbitzu hori. Elikagai banku baten gisakoa da, baina denda baten itxura eman nahi izan diogu, erabiltzaileek berek erabaki dezaten zer hartuko duten. Bazterketa egoera batean egoteak ez du erran nahi erabakitzeko gaitasunik ez duzunik", erantsi du Lasak.

Paris 365 proiektuaren inguruan bat egin duten erabiltzaileen artean nagusi dira haurrak dituzten emakumeak. Guraso bakarreko familiak osatzen dituzte emakumeok, gehienetan, eta zaintza lanak, anitzetan, oztopo bilakatzen dira emakumeok enplegu bat bilatzeko, edo aisia propioaz gozatzeko, bertzeak bertze. "Lagun batekin kafe bat hartzera joateko aukera ere ez dute, ezin badituzte seme-alabak norbaitekin utzi".

Behar horrek bultzatuta, ludoteka jarri zuen martxan Gizakia Herritar fundazioak. Ludoteka horren funtzionatzeko modua garatuz joan da, eta, egun, Garabato izenburupean, ikasteko komunitatea da. "Ez da bakarrik proiektuko erabiltzaileek baliatzeko espazio bat. Auzoko guraso eta haur guztientzat zabalik dago. Hamaika tokitako pertsonek egiten dute bat, eta elkarrekin ikasten dituzte zaintza onari buruzkoak", nabarmendu du Gomezek.

Hiritar ekintzaileak

Komunitatea sendotzeko pizgarri garrantzitsua dira Paris 365 egitasmoaren babespean sortutako dendak ere. Maite del Campo da arduradunetako bat. "Boluntarioak eta erabiltzaileak ari gara elkarrekin. Hasieran, denda txiki bat genuen, baina handituz joan zen proiektua". Orain, bi dituzte, biak Iruñeko Alde Zaharrean. 90 pertsona inguru ari dira lanean, denera. "Jostunak ere baditugu, ematen dizkiguten arropak moldatzeko, saldu aurretik. Dendek emandako pieza berriak ere saltzen ditugu, bai eta guk erositako hainbat ere".

Auzoan bere tokia lortu du Paris 365 proiektuak. Auzoko bizitzan eragin du, eta auzoko kideen arteko harremana sendotzeko balio izan du. "Elkarri laguntzea da kontua; hiritarrak ekintzaile bilakatzea". Lan horrek ekarri du saririk: jantoki baten inguruan sortutako komunitatea.

Berotegi efektuaren aurkako billabesak

Berotegi efektuaren aurkako billabesak

Edurne Elizondo

Iruñeko billabesen bederatzigarren linea elektrikoa izanen da, aurrerantzean. Iruñerriko Mankomunitateak hilabete honen bukaeran berrituko du zerbitzua, mankomunitateko presidente Aritz Aiesak ezagutarazi duenez. Egun zehatza erabakitzeke dagoela erantsi du.

Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Iruñerriko Mankomunitateak proiektu hori garatu ahal izateko. Bi erakundeok akordioa sinatu zuten, iazko udan, %100 elektriko diren sei autobus erosteko, eta ibilgailuok kargatzeko azpiegitura jartzeko bederatzigarren linea hasten eta bukatzen den geltokietan. Tren geltokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lotzen ditu linea horrek, zehazki.

Iruñerriko Mankomunitateak erregai fosilen kontsumoa murriztea hartu du helburu, eta hori lortzeko jarriko du martxan bederatzigarren linea elektriko bilakatzeko proiektua. Berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak behera egin dezan lortu nahi du mankomunitateak, "mugikortasun iraunkorrago baten aldeko" apustuaren bidez.

Asmo hori txalotu du Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, hain zuzen ere, eta Clima programaren bidez, babesa eman dio. Ez da Espainiako Gobernuaren aitorpena jaso duen proiektu bakarra, gainera; zehazki, Iruñerriko Mankomunitateak garatutako hiru proiektu nabarmendu ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, berotegi efektuaren aurka egiteko ematen duten aukeragatik.

Bederatzigarren linea berritzeko egitasmoa da bat; bigarrenak eskertu nahi izan du Iruñerriko Mankomunitateak ibilgailu hibridoak erabiltzeko egindako ahalegina. Ibilgailu zaharren ordez hibridoak erosteko ahalegin horren ondorioz, hain zuzen ere, kontsumoak eta gasen isuriak %25 inguru egin dute behera billabesetan. Egun, 143 autobus ditu mankomunitateak, eta haietako 33k dute motor hibridoa (diesel eta elektrikoa).

Hirugarren proiektuak nabarmendu nahi izan du, oro har, autobus elektrikoen kopurua handituz joateko mankomunitateak agertutako konpromisoa. Autobusak aldatzerakoan elektrikoen alde eginen du erakunde horrek. Iruñerriko Mankomunitateak 2011. urtean egin zituen lehendabiziko probak autobus elektrikoekin. 2015. urtean beste ibilgailu elektriko bat erosi zuen mankomunitateak, bigarrena, zerbitzua eskaintzeko eta funtzionamenduari buruzko datuak jasotzeko asmoz. Bederatzigarren lineako autobus guztiak elektriko izatea da hurrengo urratsa.

4.000 tona CO2 gutxiago

Espainiako Trantsizio Ekologikorako Clima programaren bidez, Espainiako Gobernuak 40.000 euroko diru saila emango dio Iruñerriko Mankomunitateari. Programak uste du billabesen zerbitzuan autobus hibridoak eta elektrikoak erabiltzeko urratsak ekarriko duela 4.000 CO2 tona gutxiago isurtzea.

132 proiektu jaso ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, denera, Clima programaren barruan. Hiru dira Iruñerriko Mankomunitatearenak. Erakunde horretako presidente Aritz Aiesa egon da Madrilen, proiektu horiek garatzeko akordioa sinatzen. Mankomunitateak egin du bertze berrikuntzarik billabesen zerbitzuan; berrikuntza teknologikoaren esparruan zehaztutako planaren arabera, hain zuzen ere, hemezortzigarren lineako autobusetan wifi zerbitzua bada jada. Linea hori aukeratu dute bide luzea egiten duelako; Zizur Nagusia eta Sarriguren lotzen ditu, zehazki. Bederatzigarren linean ere wifi jartzeko asmoa du mankomunitateak, ibilgailuak berritzen dituztenean.

Zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea da Iruñerriko Mankomunitatearen helburua. 2018. urte bukaeran, ordura arteko bidaiarien kopuruari buruzko datuak ezagutarazi zituen erakunde horrek. Goranzkoa da joera, hain zuzen ere, datuek agerian utzi dutenez. Iaz, hain zuzen ere, 38,3 milioi bidaia egin zituzten Iruñerriko herritarrek eskualdeko billabesetan. %5,5 egin du gora kopuruak, zehazki.

“Denentzako hitzarmen bat” eskatzeko lanuztea

Iruñerriko billabesetako langileek borrokan jarraitzen dute, eta lanuztea egin zuten atzo, berriz ere, "denentzako lan hitzarmen bat" eskatzeko. 19:00etatik 23:00etara egin zuten autobusetako gidariek lanuztea, zehazki.

Otsailaren hasieran ezagutarazi zuten ELA, LAB eta ATTU sindikatuek hilabete horretan mobilizazioak izanen zirela, hitzarmenarekin gertatutakoa salatzeko. Izan ere, abenduan egindako hauteskundeetan, UGTeta CCOO sindikatuek gehiengoa galdu zuten langile batzordean, baina, hala eta guztiz ere, enpresak egindako lan hitzarmenerako azken proposamena sinatu zuten. Protesten deitzaileek salatu dute UGTk eta CCOOk "negoziazio kolektiboa zartarazi" zutela.

TCC da Iruñerriko garraio publikoko zerbitzua eskaintzen duen enpresa. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek "langile guztientzako hitzarmena" eskatzeko deitu dute protestara. Otsailaren 14koa izan zen lehendabiziko lanuztea; 12:00etatik 16:00etara egin zuten. Hil horren 21ean, berriz, 19:00etatik 23:00etara egin zuten protesta langileek.

Atzo ere, denbora tarte bera aukeratu zuten gidariek lanuztea egiteko. Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu mobilizazioak izan diren egun guztietan.

Euskarari bidea egiten

Euskarari bidea egiten

Edurne Elizondo

Badute zer ospatu. Arangurengo Irulegi euskara taldeak hamabost urte bete ditu, eta egindako bidea gogoratu eta aitortu nahi izan dute kideek. 2004. urtetik, hain zuzen ere, euskarari egin diote bidea ibarreko herrietan, hizkuntzaren aldeko apustua lehenetsiz. Euskara eta euskal kultura bultzatzea hartu dute xede, hasieratik, eta udalerriko jardueretan txertatu du taldea asmo horrek.

Taldea ekarri zuen hazia 2004a baino lehen erein zuten Arangurengo biztanleek. "Udalak zuen diru laguntza baliatu, eta Euskararen Eguna antolatzen hasi ziren, 2001. urte inguruan", azaldu du Irulegiko kide Urtzi Alkasenak. Euskararen inguruan bat egiteko gogo horrek taldearen sorrera ekarri zuen, 2004. urtean, eta hainbat herritarren arteko asmo xumea zenak lortu zuen egitura sendoago bat.

Euskararen Eguna Euskararen Aste bilakatu zen Arangurenen, Irulegi taldeak emandako bultzadari esker. Aurtengoa prestatzen ari dira jada kideak: maiatzeko bigarren astean eginen dute, asteazkenetik igandera bitartean. Lehenago, martxoaren 16an, bertso bazkaria eginen dute, hamabosgarren urteurrena ospatzeko giroa berotzen hasteko.

Euskararen Astea amaituta ere, ekain aldera, izanen da urteurrena ospatzen jarraitzeko aukerarik Arangurenen, dantza emanaldi berezia prestatzen ari baitira Irulegiko kideak, Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera. "Dantzari beteranoen topaketa egin nahi dugu", erran du Alkasenak.

Gaur egun, ia ehun bazkide ditu Irulegi euskara taldeak. "Talde eragilean, halere, hamar-hamabost pertsona ari gara lanean. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduerak prestatzea da gure zeregin nagusia", erran du Irulegiko kideak. Euskararen Astearekin batera, bertzeak bertze, Olentzero antolatzen dute Irulegi taldeko kideek. "Herriko jardueretan parte hartzea da kontua".

Irulegi taldeko kideen lanak eman du bertze fruiturik. Duela bost urte, hain zuzen ere, joaldun izateko ikastaroa prestatu zuten euskara taldean, eta egitasmo horren barruan sortu zen, 2014. urtean, Arangurengo Joaldun Taldea. "Bosgarren urteurrena beteko du joaldun taldeak, aurten". Ospatzeko arrazoi gehiago badute, beraz, Irulegi taldeko kideek.

2010ean, eremu mistora

Irulegi euskara taldeak bere bidea hasi zuenean, udalerria eremu ez-euskaldunean zegoen. 2010. urtetik, ordea, eremu mistoko udalerri bat da Arangurengoa. Horrek ekarri du, bertzeak bertze, eskolan D eredua ezartzea. "Mutiloan bada D ereduko ikastetxea. Institutua falta zaigu, oraindik ere", zehaztu du Urtzi Alkasenak.

Aranguren 2010. urtean eremu mistora eraman zuen prozesua 2006an jarri zuen martxan hango udalak. Urte hartan, ikerketa soziolinguistikoa egin zuen udalak, eta emaitzak argi utzi zuen herritarrek bertze harreman bat nahi zutela euskararekin. %56k erran zuten hori, hain zuzen ere.

Arangurengo Udalak "naturaltzat" jo zuen eremu mistoan sartzeko prozesua eta urratsa, lortu zuenean. Izan ere, Iruñerrian dago udalerria, eta eskualdeko udalerri gehienak eremu mistokoak dira. 2010ean, eremu mistora egindako jauzia ospatzeko, besta ibiltaria egin zuen udalak ibarreko herrietan.

Ez da hori Irulegi euskara taldea sortu zenetik ibarrean gertatutako aldaketa bakarra. Populazioaren bilakaerak ere izan du zer erranik euskararen egoeran, Alkasenak nabarmendu duenez. Mutiloa jarri du Irulegiko kideak adibide: "Duela hamazazpi urte, 2.000 biztanle zituen; gaur egun, berriz, 10.000". Herritar gehienak seme-alabak dituzten gazteak direla erantsi du Alkasenak, eta horrek eman diola bultzada euskarari, D ereduaren aldeko apustuaren bitartez. "Euskararen egoerak hobera egin du urteotan guztietan", gaineratu du.

Urratsak egiten jarraitu nahi dute Irulegi euskara taldeko kideek. Euskarari bidea egiten, alegia. Hamabosgarren urteurrenak horretarako aukera emanen diela zalantzarik ez dute. Izanen dute bertze aukerarik, gainera, Arangurenen euskararen eta euskal kulturaren alde egiten segitzeko. "Korrika prestatzen hasi gara jada!", erran du Urtzi Alkasenak. Korrika, Euskararen Astea, bertso bazkaria... Hamabosgarren urteurrena ibarreko herritarrekin ospatu nahi dute Irulegiko kideek, eta denak batu euskara taldearen egunerokora. Bidea egiten jarraitzeko.