Iritzia: Klika

Iritzia: Klika

Lur Albizu Etxetxipia

Beti jartzen naiz urduri. Hitzordua goizeko bostetan, arratsaldeko zazpietan, gaueko bederatzietan edo eguerdiko ordu batean dela ere, urduri jartzen naiz. Euria egin, eguzkia egin, bero, hotz. Karkarren, Isun, San Adrianen, Irunberrin, Iruñean edo Garesen (Artazutik ez baita duela hamar bat urte pasatzen).

Ekitaldi, egun edo ekimen batzuetarako nahiko ohitura-zalea naiz (tradizioak traizionatzea plazera ere bada, baina batzuetan...). Txupinazoaren aurretik zuriz janztea bezalakoa izaten da Korrikaren kilometroa zein izanen den aurretik begiratzea, zain egotea; eta ez da preseski korrika egitea bereziki maite dudalako.

Eta aurtengoa bereziagoa izanen da, bereziena, beharbada. Denok ez dugu hori bizitzeko plazera eta zortea, herritik apenas lau kilometrora Korrika hastea, alegia. Tontakeria bat irudituko zaio norbaiti agian, baina ez da gutxi eremu diskriminatuaren mugan (nahiz eta muga horiek pixka bat urrunago dauden duela bi urte baino, eta nahiz eta muga horiek pixka bat lausotu diren) Korrika hastea eta hori gertu(ago)tik bizitzea.

Zein gutxi aldatu diren gauza batzuk, beste batzuk aldatu badira ere. Eta ez dakit duela lau urte orain non egonen ginen pentsatzen genuen, zer imajinatzen genuen 2019az, urrun edo gertu ikusten genuen. Segur aski, beste gauza asko esperoko genituen; batez ere, eremu diskriminatutik atera ahal izatea. Baina eremu diskriminatuarekin amaitu nahi genuelako eta amaitu nahi dugulako.

Korrika ez delako bakarrik korrika. Korrika egitea, lekukoa hartzea. Korrika aurrera egiteko konpromiso bat, euskara ez galtzeko konpromiso bat. Baina ez bakarrik ez galtzekoa: saltoak ematekoa, eremuak birkonkistatzekoa, berreskuratzekoa. #Klika egitekoa. Mundua eraldatzekoa, baita kulturalki eta musikalki ere. Bardeako ziertzoa guregan arnasteko tartea ere bada Korrika, eta "korrikarako balio" ez omen duten abestiak hizketagai bihurtzekoa (ez da gutxi hori lortu izana; "korrikarako balio" omen duten abestiak gutxiago gustatzen zaizkigu beste batzuei). Korrikak, hamarkada batzuen ondoren, apurtzailea izaten jarraitzea lortzen du; horregatik bakarrik, merezi du.

Korrika bada ofizialtasunaren aldeko lasterketa. Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak desagertzeko apustua egiten duen furgoneta. Lagunak urtean behin batzen dituena. Korrika bada ahobizien oihua, belarripresten garrasia. Korrika bada instituzioei duten ardura behingoz har dezaten exijitzea.

Eta bada txinaurri lan oso handia eta urte luzeetan egin duten horientzako omenaldi txiki bat ere; hori baino askoz gehiago merezi dute herria euskalduntzen, beren burua euskalduntzen, D eredua bultzatzen, euskara(z) irakasten, ahalegin guztiak egiten ibili diren horiek. Isilik, baina gelditu gabe. Isilik, baina esfortzu handiz, apustu handiak eginez, bai pertsonal eta bai kolektiboak. Haiei esker gaude gu hemen, eta ez dakit konturatzen ote garen zein balio handia daukan horrek guztiak denontzat. Lekukorik garrantzitsuena zarete zuek. Ez dadila haria eten!

Eskubide guztiak hiritar guztientzat

Eskubide guztiak hiritar guztientzat

Edurne Elizondo

Senegalen jaiotako nafarra da Farmata Watt. Afrikako Lorea elkarteko kidea da, eta, orain, Munduko Medikuak erakundeko langilea. 2004. urtean ailegatu zen herrialdera. Duela gutxira arte, alokatutako gela batean bizi izan da, partekatutako etxebizitza batean. Orain, lanpostu berriari esker, bakarrik bizi da. "Lagun baten bidez lortu dut etxea alokatzea; agentzien bidez saiatu naizenean, trabak bertzerik ez dizkidate jarri. Jaso ditudan begiradak izan dira okerrena; nire egoeraren berri jaso aurretik ere erran izan didate niretzat ez zegoela deus. Afrikarra naizelako; beltza naizelako. Ezin dugu horrelakorik onartu".

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eguna izan zen atzokoa, eta, bihar, zapalkuntza horren aurka protesta egiteko, manifestaziora deitu dute SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat eta Afrikako Lorea erakundeek, bertze hainbat eragileren babesarekin. 12:00etan hasiko da, Iruñeko Gazteluko plazan.

Han izanen da Watt, argi baitu karrikara atera behar dutela bidezkoa ez dena aldatzeko. Sistemak bere erroan du arrazakeria, senegaldarraren hitzetan, eta egoera hori irauli ahal izateko, zapalkuntza hori sufritzen dutenek egon behar dute borrokaren "lehen lerroan". "Ongi da bertze herritarren eta elkarteen laguntza eta babesa jasotzea, baina guk gidatu behar dugu prozesu hau. Karrikan egon behar dugu", erantsi du.

Orainak kezka sortzen dio Watti. "Egoerak okerrera egin duela uste dut. Lehen lasai ibiltzen nintzen karrikan; orain ez; orain, beldurrez". Eskuin muturraren eta talde faxisten gorakadak eragin dio beldur hori. Watten kezkarik nagusiena, halere, etorkizunari buruz duena da: haurrek hezurmamitzen duten etorkizuna, alegia.

Kezka hori azaltzeko, Munduko Medikuak taldearen eskutik zuzendutako tailer batean gertatutakoa jarri du adibide. Haurrekin egotea egokitu zitzaion Watti. Adingabeak marrazten hasi ziren, eta haietako bik Ez naiz pobrea leloa idatzi zuten egindako marrazkietan. "Harrituta gelditu nintzen, eta esaldi hori zergatik idatzi zuten galdetu nien. Erantzun zidaten eskolan barre egiten zietela, pobreak direla erraten zietela, eta sorterrira itzuli behar zutela oihukatzen zietela; lur jota gelditu nintzen. Etxean entzundakoa errepikatzen zuten haur horiek".

"Anitz kezkatzen nau gure umeak triste eta sufritzen ikusteak; nola sentituko dira harro afrikar izateaz, eskolan kontinente horri buruz entzuten duten guztiak lotura badu pobreziarekin eta gosearekin? Ez dute beltz izan nahi. Eta horrek biziki mintzen nau. Eskolek irakatsi beharko lukete Afrikan benetan gertatzen dena, gure herriek sufritzen duten espoliazioa; haurrei erreferente afrikarrak eskaini behar dizkiete", erran du, irmo.

Atzerritarren legea

Egungo sistema arrazista dela zalantzarik ez du Farmata Wattek, eta afrikarren historia, errealitatea eta erreferenteak ezkutatzea sistema horren ondoriotzat jo du. Gehiago ere badira. Arrazakeria instituzionalak aurpegi anitz dituela erantsi du, eta denen aurka egin behar dela lan. Atzerritarren legearen kontra, hasteko. "Tranpa hutsa" da, Watten hitzetan.

Bat egin du SOS Arrazakeria erakundeko kide Beatriz Villahizanek. Arrazakeria instituzionalaren ondorio jo du lege hori. Erakunde horrek "sistemak bere egituran" duen arrazakeria salatu nahi du, aurtengo protestaren bidez, hain zuzen ere.

"Atzerritarren legea maltzurra da; sekulako gehiegikeriak onartzen ditu. Lege horrek merkatu globalaren interesei baino ez die mesede egiten. Langileria bitan banatzen du; batetik beren eskubideak murriztuta dituzten langileak daude; bertzetik, eskubide horiek lortzeko aukerarik ere ez dutenak. Sistemak bi kategoriak behar ditu eutsi ahal izateko", erran du Villahizanek.

Nafarroan ere arazo anitz bada, oraindik ere, konpontzeko, SOS Arrazakeriako kidearen hitzetan. "Migratzaileak hartzeko benetako planik gabe jarraitzen dugu; herritarren elkartasun sareak ari dira administrazioaren rola betetzen. Administrazioak, gainera, joera du migrazio eskubidea mugatzeko; denei ez die aitortzen. Gobernu batek bere administraziopean bizi diren herritarren eskubideak bermatu behar ditu", azaldu du. Ez da hori gertatzen, ordea. "Paperik ez baduzu, sistemak bazterrean uzten zaitu. Zure kabuz egin behar duzu aurrera, eta lortzen baduzu, orduan hartzen zaitu administrazioak bere besapean", erantsi du SOS Arrazakeriako kideak.

Adibide bat jarri du, egoera hori azaltzeko: Osasunbidean gertatu dena. Iazko apirilean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Nafarroako osasun legea. Arau horren helburua zen herritar ororen arreta bermatzea. Legea hutsean gelditu eta gero, dekretu bat onartu zuen gobernuak, zerbitzua bermatzen jarraitzeko. "Horrelako aldaketek nahasketa eragiten dute, eta horrek ekarri du hainbat pertsonak zegokien arreta jaso ez izana".

Azken garaiko joerek ez diote baikor izateko aukerarik uzten Villahizani. "Eskuin muturreko alderdien eta taldeen gorakadak kezkatzen nau, batez ere, migrazioaren auzia botoak eskuratzeko tresna bilakatu dutelako".

Legeari egin nahi izan dio so, berriz ere; atzerritarren legeari. "Bada garaia berrikusteko indarrean dauden arauek zer baimentzen duten". Beatriz Villahizanek nabarmendu du egun indarrean dagoen legeak ekarri dituela CIE izeneko atzerritarrentzako zentro itxiak.

Nafarroan gisa horretako zentrorik ez da. "Herrialdetik Madrilgo Alucheko zentrora eramaten dituzte migratzaileak", azaldu du Villahizanek. Zentro hori eta gisako guztiak ixteko eskatzeko plataforma sortu dute Madrilen, eta talde horretako kide Jose Arizak hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, Zabaldin.

"Duela lauzpabost urte jarri ginen martxan, atzerritarrentzako zentro itxiak existitzeak berez urratzen dituelako giza eskubideak", erran du Arizak. Aluchekoa 2005. urtean zabaldu zuten. 60 pertsonarentzako tokia zuen hasieran; orain, berriz, 280rentzat. 2017an, ia 9.000 pertsona hartu zituzten Espainako Gobernuaren pean diren zazpi zentro itxietan, eta pertsona horien %65,5 kanporatu zituzten.

2011ra arte, gizarte eragileek debekatua zuten sarrera zentro itxi horietan. "Orain sartzen gara. Salatzeko, eta laguntzeko", erantsi du Arizak. "Itxi arte".

Oraindik bukatu ez den ehiza

Oraindik bukatu ez den ehiza

Edurne Elizondo

Patriarkatuak emakume libreari erraten dio sorgin. Inkisizioak hildako andreen memoria gaur egungo emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu zuen Silvia Federicik, Iruñean, 2017ko irailean egin zuen hitzaldian. Gaur asmo berarekin ariko da, 18:30ean, hiriburuko Gurutze plazako institutuan. Sorgin ehizaren historiari buruzko topaketa feminista eginen dute lehenengo aldiz, Katakrak eta Traficantes de Sueños liburu dendek bultzatuta. 2017an hasi ziren Federicirekin proiektua mamitzen, eta, gaurtik igandera bitarte, errealitate bilakatuko da azkenean.

"Historia aztertuz eta ulertuz, egunerokotasunaren politizazioan sakondu nahi dugu", hala laburbildu du Katakrakeko kide Nerea Fillatek topaketen helburua. Jardunaldiek bat egin dute Federicik martxan jarritako kanpainarekin, Elizak eta estatuek bultzatutako emakumeen aurkako jazarpen prozesua nazioartean salatzeko. 1535. urtetik 1650. urtera, hirurehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin. Gehienak emakumeak ziren, eta haietako anitz jendaurrean hil zituzten, urkatuta edo bizirik erreta. "Europan, 100.000 emakume hil zituzten sorgin ehizaren ondorioz", erantsi du Fillatek. Eta bertze anitz, gero, Ameriketan. Konkistarako eta kolonizaziorako tresna gisa erabili zuten sorgin ehiza; batez ere, Brasilen, Kolonbian eta Perun.

Egungo sistema heteropatriarkalak ere bere menpe nahi ditu emakumeak. Ez du emakume librerik nahi. Sorgin etiketa jartzen die, ehizan jarraitzeko. "Sorginak ez ziren existitu, baina; sorgin ehiza emakumeen gorputzak diziplinatzeko prozesu handi bat izan zen. Helburua zen emakumeok ez izatea aukerarik bizitza autonomo bat garatzeko. Horretarako, sorginaren irudia sortu zuten, eta iruditeria horri eutsi dio patriarkatuak mendetan", azaldu du Fillatek.

Sorgin ehiza eta egungo emakumeen aurkako indarkeria lotzen dituen soka aztertzeko eginen dute topaketa. Hazi bat erein nahi du, gainera, uzta bildu ahal izateko. "Tokian tokiko taldeak sortu nahi ditugu sorgin ehizaren ondorioz hildako emakumeen memoria lantzeko", erran du Katakrakeko kideak.

Historia feminista

Federiciren hitzaldia izanen da gaurko ekitaldi nagusia, 18:30ean, Gurutze plazako institutuan. Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Katakrak liburudendan eginen dute, 10:30ean hasita. Amaia Nausia eta Gemma Pierola historialariek eta Nuria Morello antropologoak hartuko dute parte lehen saioan; sorgin ehizari buruzko "historia feminista" egitea hartuko dute helburu. Fillatek agerian utzi du, hain zuzen ere, Nafarroan ere auzi horri buruz egindako lanak gizonek idatzi dituztela, eta ez dutela emakumeen ikuspuntua erakusten. "Hori aldatzeko garaia da".

Arratsaldeko saioan, Federicik, Morellok, Eva Vazquezek eta Alice Markham-Cantorrek hartuko dute hitza. Vazquez Ekuadorko ikerketa taldekoa da; Markham-Cantor, berriz, AEBetakoa. Egungo sorgin ehiza izanen dute ardatz.

Lau adituok txostena aurkeztuko dute, 16:30ean, eta, gero, 18:00etan hasita, mahai ingurua eginen dute. Horretan ariko dira Markham-Cantor, Iraitz Agirre, Lisset Coba (Ekuador) eta Elena Pina (Espainia).

Biharko saioa afari batekin amaituko dute, Katakraken. Igandean, berriz, topaketako parte hartzaileak Zugarramurdira eta Sarara mugituko dira. Sorgin ehizarekin lotutako memoriaren tokiak dira horiek, eta halakotzat aldarrikatu nahi dituzte igandeko bisiten bidez, hain zuzen ere. Fillatek azaldu du bilera bat egitea eskatu dutela Zugarramurdin eta Saran sorgin ehizarekin lotutako espazioak kudeatzen dituzten erakundeetako arduradunekin. Baiezkoa jaso eta gero, egiteko zain daude.

Antolatzaileek kezka dute herriotan ustezko sorginen inguruan zabaltzen duten irudiarekin. "Irudi horren arabera, sorginak emakume zahar, itsusi eta beldurgarriak dira. Gure lana da hori deuseztatzea", erran du. Gizarte osoari dagokio sorgintzat jotako emakumeon memoria gogoratzea eta jorratzea, Fillaten hitzetan. "Haien historia ezkutatu egin da; agerian uzteko garaia da". Eta agerian uzten den horri begirada feministarekin so egiteko beharra erantsi du Katakrakeko kideak.

Horretan ariko dira sorgin ehizaren historiari buruzko lehen topaketa feministan, gaur hasi eta igandera bitartean. Atzoko eta egungo sorgin guztien omenez. Libre izateko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Zortzi buru txapel bila

Zortzi buru txapel bila

Ainhoa Larretxea Agirre

Gozatua" eta "oparia". Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistei finalak zer sentiarazten dien galdetuta, hitz horiek errepikatu dituzte gehien. Gozatua, finalean kantatzea gozatzeko modukoa delako. Oparia, batek baino gehiagok ez zuelako espero finalean kantatzea eta opari gisa jaso dutelako aukera. Bihar jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan. Bertan kantatuko dute Eneko Lazkozek, Xabier Terrerosek, Joanes Illarregik, Eneko Fernandezek, Julio Sotok, Xabat Illarregik, Julen Zelaietak eta Xabi Maiak. Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi ariko dira gai jartzaile.

Txapela irabazteko, erruz egin beharko dute bertsotan zortzi finalistek. Bi fase izanen ditu finalak. Lehen fasean, zortzi bertsolariek kantatuko dute. Binaka, gaia emanda aritu beharko dira zortziko handian, zortxiko txikian eta hamarreko txikian. Banaka, puntua emanda hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian eta gaia emanda bi bertso nahi duten neurri eta doinuan. Fase horretan puntuazio onena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Buruz burukoan, binaka gaia emanda puntuka zortzi bertso osatu beharko dituzte, binaka hiru bertso osatu beharko dituzte sei puntuko motzean, eta, azkenik, kartzelako lanean, hiru bertso egin beharko dituzte nahi duten neurri eta doinuan. Lan horietan denetan puntuazio altuena jasotzen duen bertsolaria izanen da irabazle.

Joxema Leitzak jarriko dio txapela. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan, Leitzak urte luzez bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi izan dio elkarteak keinu horrekin. Arbizun sortua izanik, Nafarroako txapelketan hainbatetan kantatu du Leitzak. Gainera, bertsolari izateaz gain, epaile eta gai jartzaile ere izan da, eta saio andana ere antolatu du. Sakanako bertso eskolaren sortzaile eta sustatzailea ere bada.

Aurpegi berriak izanen dira aurtengo finalean: Xabat eta Joanes Illarregi anaiak, bata 17 urtekoa, eta bestea 19koa. Lehen aldiz kantatuko dute Anaitasunan. Txapelketa fina eginda ailegatu dira biak finalera. Joanes, kantatutako bi saioak irabazita, indartsu iritsi da. Finalean "gozatzeko helburua" duela adierazi du, nahiz eta bertzelako helbururik ez duen baztertu nahi.

Xabatek ere txapelketa fina egin du; irregularrago ibili da, baina ongi merezita lortu du finalerako txartela. Galtzeko deus eta irabazteko dena dute Illarregi anaiek eta litekeena da sorpresa ematea.

Bertze sei bertsolariak aitzineko finalean arituak izanen dira. Zelaietak hamaikagarren finala du aurtengoa eta bera da denetan beteranoena. Txapelketa fina egin du nahiz eta onartu duen "urduri" ibili dela. Finala "opari" gisa hartu du beratarrak.

Bederatzi finalekin Soto da beteranoetan bigarrena. Lau aldiz irabazi du txapela, eta bera da egungo txapelduna. Aurtengo txapelketan egindako lana "bide xelebre" gisa deskribatu du Sotok. Finalaurreko saioan ideiak josten bereziki asmatu zuen, nahiz eta bi poto ere egin zituen. Hala ere, txapelerako hautagai sendoa da Soto.

Terrerosek eta Lazkozek seina finaletan kantatu dute. Beren finalaurrekoa irabazita igaro dira finalera biak. Terrerosek maila ona erakutsi du txapelketa guztian. Oholtzan "disfrutatu" duela dio, eta finalera begira "ilusioz" dago. Atarrabiako finalaurrekoan kantatu zuen Lazkozek, eta saio borobila egin zuen, hasi eta buka. Akatsik gabe, dotore ibili zen bertsotan. Atarrabian hartutako bidean "segitu" nahi du finalean ere. Orain arteko maila emanez gero, txapelerako hautagi sendoa da etxarriarra.

Emakumerik gabe

Eneko Fernandezek laugarren finala izango du biharkoa. Lesakako finalaurrekoan indartsu ibili zen. Txapelketarako prestatzea kostatu zaion arren, kantatutako bi saioetan inoiz baino gehiago gozatu du, eta finalerako ere helburu bera du: "Gozatzea".

Xabi Maia da azken finalista. Bigarren finala da Elizondoko bertsolariarentzat. "Neure buruarekin bakeak egiteko txapelketa izan da", azaldu du Maiak. Badu finalerako bertze asmorik, halere: publikoarekin duen zorra kitatu nahi du bertsolariak, alegia.

Arratsaldeko bortzetan hasita zortzi buru izango dira txapel bakarraren bila. Azken txapelketetan bezala, ordea, emakumezkorik ez da izanen finalean. "Finaleko argazkiak ez du bere osoan erakusten Nafarroako bertsolaritzaren errealitatea", adierazi du Ander Perez elkarteko ordezkariak. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak izango dira aurtengo finalean; ez da anitz falta emakumeek berriro Anaitasunako plaza hartzeko.

Iritzia: Zelofana eta mamia

Iritzia: Zelofana eta mamia

Jon Barberena Ibarra
Egun on" erran, eta 45 minutuko egonaldia egin zuen Pedro Sanchezek, Espainiako presidenteak, Euskaltzaindiko egoitza nagusian. Ohorezko liburuan letra aldrebes xamarrez eta espainolez hitz batzuk idatzi eta gero, ozen irakurri zi...

Zergatik, zertarako eta zenbat

Zergatik, zertarako eta zenbat

Edurne Elizondo

Martxan da. Drogen eta bertzelako menpekotasunen prebentziorako III. plana onartu du Nafarroako Gobernuak, 2023ra bitarteko eperako. 2019. urterako, zehazki, 1,4 milioi euroren aurrekontua prest du Osasun Departamentuak. Funtsean, bigarren planari segida ematen dio onartu berri duten testuak, baina baditu hainbat kontu berri: batetik, jokoaren eta substantziarik gabeko menpekotasunen auzia jaso du planak; bertzetik, gazteen ingurunean eragiteko neurriak hartzeko beharra aipatzen du.

Hegoak elkarteak txalotu egin du gobernuak "egoera berrietara" egokitzeko egindako ahalegina, hain zuzen ere. Substantziarik gabeko menpekotasuna jorratzeko urratsa eskertu du, bereziki, eta ontzat jo du hala egin izana talde horretako kide Leire Blasquizek. Ez hori bakarrik. "Elkarlan sareak sortzeko asmoa ere bada, eta hori ona izanen da. Substantziak jarri dira denbora luzez erdigunean; baina aztertu behar dugu gazteek zergatik, zertarako eta zenbat kontsumitzen duten".

Esparru horretan lanean ari direnen esperientzia baliatzea da kontua. Hegoak da gazteekin harreman zuzena duten elkarte horietako bat; Gizakia Helburu fundazioa da bertze bat. Erakunde horretako Suspertu programako kide Garikoitz Mendigutxiak planak inguruneari ematen dion garrantzia nabarmendu du, bereziki. "Ingurunean eragitea da kontsumoari eta menpekotasunari aurrea hartzeko modurik eraginkorrena", erran du. Azaldu du ingurunean eragitea zer den, adibide sinple baten bidez. "Tabakoaren legeak horixe egin du; erretzeko espazioak murriztu ditu, eta horrek ekarri du kontsumoak behera egitea".

Badira, halere, ingurunean eragiteko bertzelako moduak. Europako hainbat herritan hemen baino urrats gehiago egin dituzte, eta horietako bat jarri du Mendigutxiak mahai gainean: Islandia. "Herri horretako agintariek etxeko eta etxetik kanpoko lanak uztartzeko neurriak onartu zituzten, gurasoek haurrekin egoteko denbora gehiago izan zezaten; aisialdirako espazioak ere atondu zituzten, bertzelako alternatibak martxan jartzeko, eta nerabeen etxera itzultzeko ordua adostu zuten. Kontsumoak nabarmen egin du behera herri horretan", kontatu du Suspertu programako arduradunak.

Nerabeekin egin daitekeen lana da aldaketa bat gertatzeko giltzarri, Mendigutxiaren hitzetan. Gobernuak onartutako planak, halere, gazteen eta helduen artean dauden joerak ere nabarmendu nahi izan ditu, eta kezkagarritzat jo du, bertzeak bertze, gazte eta helduon "alkohol kontsumo intentsiboa". Alkohola da, hain zuzen ere, gehien kontsumitzen den droga. "Gazteek gehien kontsumitzen dituzten substantziak dira helduek gehien kontsumitzen dituztenak ere", azaldu du plana jaso duen testuak.

Alkoholarekin batera, tabakoa dago lehen postuetan. Hirugarrena kalamua litzateke, Mendigutxiak azaldu duenez. Nafarroako Gobernuak kalamuaren kontsumoari buruzko kanpaina egin du, eta Iruñeko hamaika txokotan ikus daitezke jada substantzia horrek gizakion burmuinari eragiten diotela ohartarazteko prestatutako kartelak.

Osasun Departamentuak hainbat datu jarri ditu mahai gainean: gazteen %30ek erretzen dute tabakoa; gazteen %85ek edan dute alkohola noizbait, eta adingabeen %80k edan dute, adinez nagusi izan aurretik. Alkohola edaten hasteko batez bertzeko adina, hain zuzen, 14,7 urte da.

Kalamuaren kasuan, 14 eta 64 urte bitarteko herritarren %40k probatu dute; kopurua %39 da, 14 eta 18 urteko gazteen artean. Inkestak azken hilabetean kontsumitu ote duten galdetu dienean gazteoi, %19k erran dute baietz, 18 eta 29 urtekoen artean; %22k, berriz, 14 eta 18 bitartekoen artean.

Lehentasunak ezarri

Kezkagarriena alkoholaren kontsumoa "normalizatzeko" prozesua izan dela uste du Suspertuko Garikoitz Mendigutxiak. Kontsumoa errazten duten elementu anitz badela erantsi du, eta arlo horretan ere beharrezkoa dela aldaketak gertatzea. "Nerabeei esaten diegu ez edateko; baina nerabe horiek beren gurasoak ikusten dituzte edaten. Alkoholaren, tabakoaren edo jokoaren arloan, adibidez, enpresek botere handia dute, eta horrek ere badu eragina". Kalamuaren kontsumoa ere, neurri batean, "normalizatu" egin dela nabarmendu du gobernuak, abian jarri duen kanpainaren harira.

Mendigutxiak argi du "lehentasunak ezartzeko garaia" dela. "Nerabeei esaten diegu ez kontsumitzeko, baina, aldi berean, helduak kontsumitzen ikusten dituzte. Kate hori apurtu behar dugu benetako prebentzio lan bat egiteko, nerabeoi bertzelako ereduak emanez". Adibide bat aipatu du Suspertuko arduradunak: "Amsterdamera joaten bazara, tren geltokitik atera, eta bizikleta pila ikusiko dituzu; zuk ere bizikleta hartuko duzu hiritik mugitzeko, hiriak berak erakusten dizulako hori egin behar duzula. Kontsumoaren esparruan gauza bera gertatzen da. Bestelako ereduak erakutsi behar ditugu", erantsi du Mendigutxiak.

Hegoak erakundeko kideek pertsonen prozesuak jarri nahi dituzte erdigunean. Hori da egin beharreko lanaren funtsa, haien ustez. Horregatik, gobernuak onartu berri duen planak "autonomiaren begirada sartzeko" egin duen urratsa nabarmendu du Leire Blasquizek. "Orain arte, substantziak egon dira erdigunean, batez ere; gure lana da pertsonen prozesuak aztertzea, ordea. Nork bere erabakiak hartzen ditu, eta erabaki horiek hartzeko autonomia izan behar da, pertsona horren osasunaren inguruko lan intentsiboa eginez".

Kontsumitzen duenak arduraz kontsumi dezala hartu dute Hegoak elkarteko kideek helburutzat. "Gure asmoa da lan egitea jakiteko kontsumitzen duen pertsona horrek zergatik, zertarako, zer, noiz eta zenbat kontsumitzen duen; kontsumo mota guztiak ez dira berdinak, ezta arriskuak ere", azaldu du Blasquizek. Hausnarketa hori menpekotasunen inguruko planetan jasotzea hagitz garrantzitsua dela uste dute Hegoak elkarteko kideek, hain zuzen ere. "Alkoholarekin gertatu da, adibidez, kontsumoa normalizatu egin dela, eta horrek ekarri du dituen arriskuak hain garbi ez ikustea".

Arduraz egindako kontsumoak eta gehiegizkoak ez dutela arrisku bera ekartzen erantsi du Blasquizek. "Ez da berdin egunero kontsumitzea, edo ospakizun batean egitea, jakinda zeintzuk diren norberaren mugak".

Mendigutxiak uste du nerabeek kontsumitzen dutela bertzeek ere egiten dutelako. "Gehiegi pentsatu gabe; ez dago hausnartutako erabaki bat atzean". Hegoak elkarteko kideek, ordea, bertzelako errealitate bat ezagutu dute artatzen dituzten gazteen bidez. "Guk ikusten dugu gazteek erabaki arduratsuak hartzen dituztela, eta beren osasunarekin kezka badutela. Informazioa jasotzen dute, eta gogoeta egiten dute, kontsumitzea edo ez kontsumitzea erabakitzeko", azaldu du Blasquizek.

Soslai bat osatzea zaila dela uste du Hegoak elkarteko kideak, eta erabaki horien atzean era askotako irizpideak badaudela. Taldeak duela hogeita bost urte hasi zuen bere bidea, eta urteotan guztietan arduraz kontsumitzeko interesak gazteen artean gora egin duela argi du Leire Blasquizek. "Ikusi dugu, halaber, erakunde publikoen inplikazioak ere gora egin duela, eta polita da haien eta elkarteon artean sortu den elkarlana".

Zabala da jorratu beharreko esparrua. Gobernuak onartutako planak ere nabarmendu du anitz direla kontsumoaren atzean dauden faktoreak, bertzeak bertze, substantzia bera, kontsumitzen duenaren testuingurua, inguru hurbila, bai eta testuinguru sozioekonomikoa ere. Pertsonen osasuna jarri nahi du planak erdigunean, eta, horretarako, drogen arriskuez ohartaraztea hartu du xede. Alkoholaren gisako drogen normalizazio prozesuak ere jarri nahi ditu zalantzan.

Animalientzat ez baita besta

Animalientzat ez baita besta

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat. Iruñe Antitaurinoa kolektiboak aurrera egin nahi du 2017. urtean zezenketen aurka hasitako bidean, eta, hiritarren artean gogoeta pizteko asmoz, erakusketa bat antolatu du, Zezenak izenburupean. Kondestablearen jauregian ikus daiteke, hilaren 21era bitarte.

Hiru egileren lanekin osatu dute erakusketa Iruñe Antitaurinoa taldeko kideek: Aitor Garmendia, Jaime Alekos eta Iago Pradaren argazki eta bideo lanekin, hain zuzen ere. Aitor Garmendia ekintzaile antiespezista bat da, eta Tras Los Muros izeneko proiektuaren arduraduna. Kamera bilakatu du animalien askapenaren aldeko bere lanerako tresna. Hain zuzen ere, 2014ko sanferminetan egindako zezenketen inguruko erreportajea izan zen Garmendiak sinatutako lehendabizikoa.

Geroztik, gizakiz bertzeko animaliek sufritzen duten zapalkuntzari buruz ekintzaile horrek egindako argazkiek nazioarteko hainbat sari jaso dituzte: 2018an, Picture of The Year International saria jaso zuen Hiltegi izenburuko argazki sortagatik; aurten, berriz ere eman diote sari hori, Italian Essere Animali talde antiespezistako ekintzaileen lanari buruz egindako irudi sortagatik.

Aitor Garmendiak Fiesta izenburupean bildutako lanak ekarri ditu Iruñera. Argazki gehienak Iruñeko sanferminetako zezenketetan egindakoak dira. Jaime Alekosek, berriz, Tauromaquia izeneko dokumentala du ikusgai Kondestablearen jauregian. Ordu erdi eskaseko lana da, xehetasun planoan grabatutakoa. Hamabost hiritan egindako hogei zezenketatan baino gehiagotan filmatutako irudiekin osatu du Alekosek dokumentala. Hiru urteko lana dago atzean, hain zuzen ere, eta egunero erakutsiko dute, erakusketak iraun bitartean.

Iago Pradaren Bullfight dokumentalaren inguruko lanek osatzen dute erakusketa. Batetik, zezenketetan egindako argazkiak ekarri ditu Pradak Iruñera; bertzetik, eskultura bat jarri du Kondestablearen jauregian, zezenketetan hildako animalion omenez. Zezenak hiltzeko erabiltzen dituzten tresnak ere jaso ditu Pradak erakusketan. Hilaren 21ean, ekinaldia ixteko, Bullfight dokumentala aurkeztuko du egileak, erakusketaren egoitzan.

Aldaketarako garaia

"Argi dugu ordua dela herritarrek zezenketen inguruko gogoeta egiteko; erakusketaren bidez, bultzada eman nahi diogu hain beharrezkotzat jotzen dugun eztabaida horri", azaldu du Iruñe Antitaurinoa kolektiboko kide Txaro Buñuelek. Erantsi du "animalien aurkako tratu txarrak" daudela sanferminetako besten zati baten oinarrian, eta badela ordua horren zilegitasunari buruz hausnartzeko.

Buñuelek argi du zezenketak antolatzea ez dela zilegi. "Bada garaia dibertitzeko halako moduak bazter uzteko". Zezenketen aurkako kolektiboko kideak gaineratu du gizarteak aurrera egin duela, eta horrek isla izan behar duela bestak ospatzeko moduan ere. "Bazter utzi behar ditugu zezenketak eta halako ekitaldi krudel eta anakronikoak". Erakusketak Zezenak izena du, baina zaldiak ere erabiltzen dituzte zezenketetan. Buñuelek animalioi egiten dietenari so egiteko eskatu die plazara joaten direnei. Zezenketen inguruko eztabaida piztu den bakoitzean, zezenketetara joaten diren Iruñeko peñetako kideek nabarmendu izan dute "besta egitera" joaten direla plazara. Buñuelek argi du hori ez dela aitzakia onargarri bat. "Plazan gertatzen dena ezin da hutsaldu besta egitera joaten zarela erranez", nabarmendu du Iruñe Antitaurinoa taldeko kideak.

2017. urtean martxan jarri zenetik, Iruñe Antitaurinoa kolektiboak hamaika protesta eta ekinaldi antolatu ditu zezenketen aurkako jarrera zabaltzeko asmoz. Buñuelek argi du lehenik eta behin herritarren artean piztu behar dela eztabaida. "Hori lortu eta gero joko dugu erakundeetara", azaldu du.

Eztabaida mahai gainean dela erakusten dute, hain zuzen ere, azken urteotako protesta, manifestazio eta zezenketen aurkako gainerako ekintzek. Gora egin du mobilizazioen kopuruak.

Iruñe Antitaurina taldeko kideek ez ezik, Animalien Askapenerako Fronteak ere esku hartu du auzian, bertzeak bertze. Iazko ekainean, hain zuzen ere, AAFko kideek makina jasotzaile bati su eman zioten Iruñeko Gaseko eskortetan. Suteaz gain, zezenketen kontrako pintaketak egin zituzten, eta zementua eta burdinak sartu zituzten entzierroko hesiak jartzeko zuloetan. "Sanferminetan animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak gelditu nahi ditugu, eta horiekin aberasten diren enpresa eta instituzioei kalte ekonomikoa sortu", erran zuen AAF taldeak, erasoa bere gain hartzen zuela adierazteko oharrean. Abuztuan, gainera, Animalien Askapenerako Fronteak eraso egin zion Iruñeko Zezenzaleen Klubari.

“Lehen, lo egitea oinarrizko zerbait zen; orain, luxua da”

“Lehen, lo egitea oinarrizko zerbait zen; orain, luxua da”

Ane Eslava

Loaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta loaren espezialistek dibulgazioa egiteko eta gizartea kontzientziatzeko baliatu nahi dute. Horietako bat da Elena Urrestarazu, Nafarroako Unibertsitatea klinikako neurologo eta neurofisiologoa (Soraluze, Gipuzkoa, 1972). Urrestarazuk azaldu du egungo bizi erritmo azkarra dela-eta loari garrantzi "gutxiegi" ematen zaiola: "Sobera dugun denbora eskaintzen diogu". Ondorioz, gero eta jende gehiagok ditu loarekin lotutako arazoak. Horregatik, loa zaintzeko neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du.

Zergatik da garrantzitsua ongi lo egitea?

Epe laburrean, gaizki lo egiten badugu edo loarekin loturiko arazoren bat badugu, nekatuago egongo gara, eta, ondorioz, suminkor egongo gara, kostatu egingo zaigu kontzentratzea, oroimen okerragoa izango dugu... Epe ertain eta luzean, berriz, ikusten ari gara gaizki lo egiteak gaixotasun larri batzuen arriskua handitzen duela: hipertentsio arteriala, miokardio infartua, iktusa, immunologia arazoak eta baita minbizia ere.

Zer da ongi lo egitea?

Helduek, oro har, zazpi eta zortzi ordu artean lo egin behar dute. Halere, hori aldatu egiten da pertsona batetik bestera, eta bakoitzak ikusi behar du zenbat ordu behar dituen. Zortzi ordu lo eginda hurrengo egunean nekatuta bazaude, horrek esan nahi du ez duzula ongi edo nahikoa lo egin. Aldiz, sei ordurekin ongi sentitzen bazara, ez baduzu insomniorik, ordu horiekin nahikoa duzu. Orduez gain, faseak daude: lo sakonaren faseak indarberritzen du gehien, gauaren lehenbiziko orduetan ematen denak. Azaleko loak ez du horrenbeste indarberritzen. Eta hori asko aldatzen da adinarekin: pertsona adinduek gutxiago lo egin behar izaten dute, eta haien loa ez da sakona.

Garrantzitsua da loa zaintzea?

Bai; garrantzitsuena ez baita ordu kopurua, loaren kalitatea baizik. Ez badugu loa zaintzen, ordu asko eman ditzakegu lotan, baina kalitaterik gabeko loa izango da, eta ez gara deskantsatuko.

Zer egin behar dugu?

Ohera joan aurreko orduetan lasai egon behar dugu: gauza lasaiak egiten, gailu elektronikorik erabili gabe, eta argi gehiegirik gabe. Gauza horiek oso garrantzitsuak dira sakon lo egiteko. Bestela, buruaren hiperaktibitateak ez dio utziko burmuinari desaktibatzen, loa sakona izan dadin. Lokartuko zara, baina zure buruak oso aktibo jarraituko du, eta erraza izango da berriz esnatzea.

Zeintzuk dira loarekin lotutako gaixotasun nagusiak?

Gaur egun dugun arazo nagusia da loaren higiene falta izenaz ezagutzen dena: denbora gutxi eskaintzen diogu loari, eta ez dugu betetzen inolako araurik lo egiteko; oso ohikoa da hori. Hori egiten duten pertsonak nekatuta egoten dira; badirudi loaren arazoren bat dutela, baina ez: haien arazoa da ez dutela loa zaintzen. Bestela, ohikoena insomnioa da: oso ordu gutxi eta gaizki lo egitea, eta hurrengo egunean gaizki egotea. Gaur egun, jende askok du insomnioa. Horren ondotik doaz loaldiko apnea eta atsedenik gabeko zangoen sindromea; horiek ere nahiko ohikoak dira. Eta horien atzetik doa gauean jokaera arraroak izatea; adibidez, haurren kasuan, ohikoak dira somnanbulismoa eta gaueko izua.

Badira egunerokoa asko baldintzatzen duten beste gaixotasun larriago batzuk, ezta?

Bai. Narkolepsia, adibidez, oso ezohikoa da, baina asko baldintzatzen du egunerokoa. Gaixotasun hori duten pertsonak edozein tokitan lokartzen dira: siesta laburrak egiten dituzte, haientzat oso indarberritzaileak direnak. Edozein tokitan gera daitezke lo: autoa gidatzen, azterketa bat egiten... Eta gauez ere gaizki egiten dute lo.

Loaren gaixotasunek zaildu egiten dute gaixoen bizimodua?

Bai; gaixotasunaren larritasunaren araberakoa da, baina, orokorrean, gaixoaren bizitza erritmoa asko jaisten da: haren burmuinaren jarduera murriztu egiten da, eta askoz gehiago kostatzen zaio zerbaitetan arreta jartzea. Horregatik, eguneroko edozein jarduera egiteak ahalegin handia eskatzen dio. Gogorra da gaixoarentzat.

Zer faktorek eragiten dituzte loarekin lotutako gaixotasunak?

Horri erantzutea zaila da. Lo egiteko, burmuinaren zati batzuk desaktibatu behar dira, eta beste batzuk aktibatu, eta oreka hori zuzena ez denean hasten dira arazoak. Insomnioaren kasuan, batzuetan hormonen aldaketengatik izaten da; beste batzuetan, antsietate edo depresioarengatik... Eta, askotan, arrazoi jakin batengatik hasten zara gaizki lo egiten —adibidez, haur jaioberri bat duzunean, gauez lo gutxi egiten duelako—, eta, gero, arrazoi hori desagertu denean ere, zuk gaizki lo egiten jarraitzen duzu; arazoa kroniko bihurtzen da. Loaren apnea, berriz, ohiturekin lotua dago: gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin. Fisionomiarengatik ere sortzen da batzuetan; mingaina edo amigdalak handiegiak izateagatik, adibidez.

Zer tratamendu erabiltzen dira gaixotasun horientzat?

Loaren tratamenduetarako asko jotzen da piluletara, baina, arazoa kronikoa denean, pilulak ez dira aukerarik onena; hobe da psikologoengana joatea eta loaren higienerako neurriak hartzea.

Zer neurri dira horiek?

Batetik, ez egotea denbora gehiegi ohean esna; hogei minutuan ez bazara lokartu, hobe da jaikitzea, burutik kentzeko ohean esna denbora gehiegi egotearen sentsazioa. Bestetik, positiboa izan daiteke espezialista batengana joatea eta harekin ikastea nola egin behar den lo, horrek lasaitzen gaituelako; terapia kognitiboa da hori. Azkenik, erlaxazio teknikek ere laguntzen dute. Baina gakoa da hainbat teknika batera erabiltzea.

Egungo bizi erritmoarengatik ugaritu dira loaren arazoak?

Bai; gaur egun, behar dugun baino lo gutxiago egiten dugu, eta gero eta jende gehiagok ditu loarekin lotutako arazoak. Izan ere, bizi erritmo azkarregia daramagu, eta, gaua iristean, ezin dugu erritmoa jaitsi.

Duena baino garrantzi gutxiago ematen zaio loari, beraz?

Bai. Egun osoko plangintza egiten dugu, egin beharrekoak egiten ditugu, eta sobera dugun denbora eskaintzen diogu loari; baina hobeto planifikatu beharko genuke loa. Lehen, oinarrizko zerbait zen lo egitea; orain, luxu bat da.

Halere, orain gehiago jotzen da medikuarengana?

Bai. Lehen, norbaitek lo egiteko arazo bat baldin bazuen, ez zen medikuarengana joaten, eta orain, bai. Gero eta gehiago diagnostikatzen dira loaren gaixotasunak, eta horiei tratamenduak emateko aukera gehiago daude orain. Kontzientziatuago gaude.

Loaren eguna ospatuko da gaur. Zein da egun horren helburua?

Loaren Nazioarteko Eguna dibulgazioa egiteko erabiltzen dugu, gizartea kontzientziatzeko eta loaren arazoren bat dutenek ikasi ahal izateko.

Iritzia: Zenbatezina

Iritzia: Zenbatezina

Lohizune Amatria

Iazko argazkia gaindituko ote zen zalantzarekin atera nintzen kalera martxoaren 8an. Iazko arrakastaren mamuak baldintzatu du aurtengo mobilizazioaren irakurketa. "2018koa izugarria izan zen; nola aurreikusten duzu aurtengoa?", galdetu zidaten egun gutxi geratzen zirela. "Ez dakit" erraz bat erantzun nuen; eta, geroztik, behin eta berriz agertzen zait galdera hura.

Gazteluko plaza utzi, eta etxerako bidean, zortzi bider begiratu genuen sakelakoan zenbakirik aipatzen ote zuten egunkari eta agerkariek. "Zenbatezina". Hori da aurkitu genuen erantzuna. Martxoaren 8ko greba feministaren lorpena kuantitatiboki neurtzeko joera dugu; baina zenbaki ez-erreal batek erakusten al du etxe barruan, enpresetan edo kalean geratutakoa?

Egunkariak utzi, eta ingurukoetara jo dut erantzun bila. Egunero bezala, goiz jaiki da Izaro martxoaren 8an. Gaztea da, eta bikotekidearekin bizi da. Maitaneri baino errazago egin zaio berari zaintza lanak alde batera uztea. Maitane ama da: "Ez ditut semeak bazkaldu gabe utziko". Izarok, berriz, bazkaria egin gabe utzi du; baita ohea ere. Zalantzati da, ordea, bikotekidea etxera itzultzean, ohea egingo ote duen.

Alaiari ere egunero egokitzen zaio berarentzat eta bikotekidearentzat bazkaria egitea; baita ohea ere, eta zenbaitetan, afaria. Gosaldu ondoren, inertziari jarraikiz, logelara hurbildu da. Ohea begiratu, eta egin edo ez erabaki behar izan du. Izarak esku artean topatu ditu erantzuna aurkitu aurretik. Egin du ohea. Eta arrazoia aurkitzea errazagoa egin zaio: "Ezin dut ohea egin gabe ikusi, hautsez beteko da".

Greba egin dute hirurek. Norberak bere moldera, baina. Langabezian da Izaro, eta goizean goizetik kalera irten da aldarrikatzera. Alaia eta Maitane mobilizazio nagusietara baino ez dira joan. Ez dira lantokira joan. Maitanek, baina, opor eguna eskatu du. Ez dio eguneko soldata enpresari eman nahi, eta dirua mugimendu feministara bideratzeko asmoa du.

Ez dira egoera berean izan, Aitorren lantokiko emakumeak. Soldata prekarioa dute; hipotekaturik, fakturak pilatzen zaizkie etxeko apalategian. Ezin dute diru sarrerarik galdu, eta lantokira joan dira. Astebete lehenago jakin zuten Aitorrek eta haren gizonezko lankideek euren egoeraz. Enpresaren mantentze lanak egiten dituzte; makina bat hautsi, eta ekoizpena eten ez dadin, hori konpontzeko ardura dute. Greba egiteko aukerarik izan ez duten emakumeen aldarrikapena ikusarazteko, ez dira lantokira joan. Matxuragatik ekoizpena eten bada, enpresan ez da izan hori konponduko duen langilerik.

Lantokian ez, Beñatek bere gurasoen etxean topatu du greba babesteko bidea. Amaren egitekoak hartu ditu beretzat, eta konturatu da hori ez duela, gainera, egun honetan egin bakarrik. Lehen ere saiatu da arintzen bere amak duen gainkarga. Nahikoa ez dela iruditzen zaio, baina; bere amak ez baitu grebarik egin.

Denetariko adibideak aurkitu ditut inguruan, eta denak lotzen dituen ezaugarri bat: denek auzitan jarri dute ordura arte egiten zutena. Hori ez da zenbakietan islatzen. Eta bada lorpen bat.