Bardean ere prestatzen da gerra

Bardean ere prestatzen da gerra

Edurne Elizondo

Soka luze batek lotzen ditu Bardea eta gerra sufritzen duten herrietan jaurtitzen dituzten bonbak; Erriberako azpiegituran eta gisakoetan probatzen baitituzte gero herri horietan lehertzen diren gailuak. Soka luze horrek berak lotzen ditu, gainera, Bardea eta sorterritik alde egiten duten milioika migratzaileak; bonbak atzean uzteko, edo iparraldeko herriek hegoaldekoetan eragindako espoliazioak bultzatuta egiten baitute ihes.

Soka hori mozteko beharraz hitz egiteko mahai ingurua egin du Bardea Libre plataformak, Iruñean. Igandean, gainera, manifestazioara deitu du, Tuteran. 12:00etan hasiko da protesta, Erriberako hiriburuko Foruen plazan. Bonbak eta Nafarroa lotzen dituen tiro eremuko soka behin betiko moztu nahi du Bardea Libre plataformak. "Ez hemen, ez inon ez dugulako gerrak prestatzeko azpiegiturarik nahi", nabarmendu du Iñigo Jurado plataformako kideak.

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Datorren abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berrituko da, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko duten ordainaren kopurua izanen da: bikoiztu eginen da. "2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; hemendik aurrera, berriz, bikoiztu eginen da kopuru hori, eta hamalau izanen dira", azaldu du Andoni Romeok, Alternatiba Antimilitaristako ordezkariak.

Bardeako Komunitatean hemeretzi udalerri daude, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrak, eta Olivako monasterioa; denera, 22 erakunde, alegia. Bakoitzak 108.000 euro inguru jaso ditu, urtean, azken urteotan, Bardea Libre plataformako kideek agerian utzi dutenez. Bardeako Komunitateak berak ere jasotzen du zati bat.

Diru hori ez du ongi kudeatu erakunde horrek, ordea, Kontuen Ganberak txosten batean salatu duenez. Bardeako Komunitatearen gastuak ikertu ditu Kontuen Ganberak, eta ondorioa da Bardeako Komunitateko kideek dirua "xahutu" egin dutela. 2006tik 2012ra, adibidez, Egipto, Argentina, Senegal eta Costa Ricara egin zituzten bidaiak Bardeako ordezkariek. Egiptora 34 pertsona joan ziren, eta 64.000 euro gastatu zituzten. Senegalera, berriz, 29, eta 72.000 euroren gastua izan zuen bidaiak.

2001eko aukera galdua

Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiari egin dio so Bardea Libre plataformak, erakunde hori delako tiro eremua alokatzeko kontratua sinatzen duena. Julian Isla da egungo presidentea; aurretik, eta, urte luzez, Jose Antonio Gaiarre izan zen kargu horretan. "Pribatuan, bai eta jendaurrean ere, Gaiarrek onartu zuen tiro eremuaren aurkako mugimenduak mesede egiten ziela, horrek ekartzen zuelako ordain gisa jasotako diru kopuruak gora egitea", erran du Romeok.

Alternatiba Antimilitaristako kidea duela hogei urte baino gehiago hasi zen Bardeako tiro eremuaren aurka lanean. 2001. urtean, borroka hori irabaztekotan izan zirela gogoratu du. "Urte horretan berritu behar zuten kontratua; lauzpabost urte lehenago hasi ginen gaia jorratzen. Bardea Armagabetua izeneko plataforma sortu genuen, eta herri mobilizazioa lantzen aritu ginen". Romeok uste du huts egin zutela ez zirelako gai izan borroka erakundeen esparrura eramateko. "Ez genuen asmatu udalekin lan egiten; berandu hasi ginen gaia haiekin jorratzen". Azkenean, 2001ean, zazpi urterako sinatu zuten kontratua Espainiako Gobernuak eta Bardeako Komunitateak, orduko 600 milioi pezetaren truke.

Martxan jarraitu du urteotan guztietan Bardeako tiro eremuak. "Egunero ari dira ariketak egiten, Bardeako Komunitatearen webgunean edo hedabideetan jarduera horren berri ematen ez badute ere", zehaztu du Iñigo Juradok. Bardeakoaren gisako tiro eremu bateko jarduerak ondorio zehatzak ditu, eta horiek jarri dituzte mahai gainean Fernando Armendarizek eta Beatriz Villahizanek. Giza eskubideen auzian aditua da Armendariz, eta argi eta garbi erran du: "Bardean eta gisako azpiegituretan benetako gerra prestatzen da. Giza eskubideen urraketen %60 armen bidez egiten dituzte, eta armak tiro eremuetan probatzen dituzte. Gaur egungo gerretan herritarrak militarren jomugan dira".

Siria eta Yemen aipatu ditu gerrek ekartzen duten suntsiketaren adibide gisa. "Sirian, herritarren erdiak egin dute ihes herrialdetik kanpo; Yemenen, berriz, 6.000 herritar hil dituzte jada, eta 50.000 zauritu. Herrialde barruan toki batetik bertzera mugitu behar izan dute hiru milioi pertsonak". Espainiako Gobernuaren ardura nabarmendu du: "2015ean, Espainiak 400 doitasun bonba inguru saldu zizkion Saudi Arabiari; armak bidaltzen jarraitu du geroztik: 2015etik 2017ra saldutako armen truke 932 milioi euro jaso ditu".

Bonbak "ongi hiltzeko" probatzen dituzte tiro eremuetan. Horixe nabarmendu du Armendarizek, eta, horregatik, hain zuzen ere, igandean "Tuterako karrikak betetzera" deitu ditu herritarrak. "Jendeak sorterritik egin behar du ihes, armen negozioak aurrera egin dezan", bukatu du.

SOS Arrazakeria erakundeko ordezkari Beatriz Villahizanek ihes egiten duten horiei egin die so bere solasaldian. Bonben ondorioz edo bertze edozein kausa dela-eta ihes egiten dutenei, hain zuzen ere. "Migratzaileen eta errefuxiatuen arteko bereizketa maltzurra da. Gakoa da Europak ez duela nahi bere gain hartu jendea bere sorterritik aterarazten duten arrazoien ardura". Migrazioen inguruko "begirada zabala" eskatu du, ondorioz, Villahizanek, eta gogoratu du herritar orok baduela migratzeko eta nahi duen tokian bizitzeko eskubidea. "Eskubide horrek balio zuen europarrok mugitzen ginenean, baina, orain, gurera etortzen direnean bertze hainbat herritatik, hutsean uzten dugu". SOS Arrazakeria taldeko kideak erantsi du gerrak ez direla bakarrik hegoaldeko hemisferioko herrialdeetan gertatzen: "Europa, nahi ez duen migrazioaren aurka ari da gerra egiten".

Nahi ez duena. Horixe da bertze gakoetako bat, Villahizanen erranetan. "Egungo garapen eredua ez da iraunkorra, eta badu baliabideen espoliazioari eusteko beharra; behar du mugituko den langileria, zaurgarria, arautu gabekoa. Horrek ekarri du hegoaldeko herrien independentzia prozesuak baldintza zehatzetan garatzea; prozesu horiek ez dira amaitu, eta hegoaldeko herriak kanpo zorren bidez lotu dituzte iparraldekoek. Ustez, iparraldeko herriek askatasuna eta demokrazia badute. Errealitatea bertzelakoa da: egungo ordenari eusteko, gatazkak eragiten dituzte, bertze herrietan egiten dituzten esku hartzeak justifikatzeko, eta herriok ustiatzen jarraitzeko".

Dena aldatzeko lanean

Europako mugak "espazio militar" bilakatu dituztela salatu du Villahizanek, eta gainditzen dituztenentzat ere, egunerokoa ez dela erraza. "Nazioarteko babesa emateko hamaika oztopo daude; babes hori eskatzen duen pertsonak erakutsi behar du babes hori behar duela. Nafarroan, babesa eskatzeko lehendabiziko elkarrizketa lortzeko itxaron zerrenda bada; hamahiru hilabetez egon behar dute zain". Hori guztia aldatzeko beharra nabarmendu du Villahizanek.

Eta hori guztia aldatu nahi dutelako ari dira Bardeako tiro eremuaren aurka lanean Bardea Libre plataformako kideak. Iñigo Juradok onartu du iaz sortu zirenean zehaztutako helburuetan ez dituztela nahi zituzten urrats guztiak egin, oraindik ere, baina lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Herri kontsultena da oraindik bete gabe duten helburuetako bat. "Argi dugu herritarrei eman behar diegula erabakitzeko aukera". Juradok azaldu du Nafarroako Gobernuan eta hainbat udaletan 2015eko hauteskundeen ondotik sortutako aldaketa giroak bultzatu zuela plataformaren sorrera. Lan egin nahi dute borroka "Nafarroa osora" zabaltzeko, eta auzia erakundeen agendetan jartzeko. Ari dira.

Sistemari eusteko indarkeria

Sistemari eusteko indarkeria

Edurne Elizondo

Desberdinkerian oinarritutako sistema orok behar du indarkeria dosi bat eutsi ahal izateko; zenbat eta aurrerago egin emakumeen eskubideek, orduan eta indarkeria handiagoa dago, bere burua defendatzen duelako sistemak". Horixe nabarmendu du Sare erakundeko buru Julia Munarrizek, elkarte horrek Creacion Positivarekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera egindako Indarkeria Matxistei eta GIBari Buruzko Jardunaldian. Laugarrenez antolatu dute, eta indarkeria instituzionalaren gaia jarri dute mahai gainean.

Blanca Fernandez Viguera soziologo eta ekintzaile feministak aurretik errandakoak dira Munarrizek bere solasaldiaren hasieran erabilitako hitz horiek; haien bidez, dagokion testuinguruan jarri nahi izan du indarkeria instituzionalaren gaia. Gehiago erran du: "Sistema patriarkalak indarrean jarraitzen du; jada ez du bertze garai bateko forma autoritarioa, baina paperean jasotako eskubideak ez dira gauzatzen. Patriarkatuak eta kapitalismoak, gainera, elkarri egiten diote mesede. Feminismoa behar dugu, denontzat gizarte bizigarriago bat lortzeko".

Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidente Esther Erizek parte hartu du NUPen egindako jardunaldian. Iaz, sexu indarkerien auziari buruz antolatutakoan aritzera deitu zuten, baina ezezkoa eman zuen. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruko epaiketa egin zuten, hain justu, garai hartan.

Egiturazko arazo bat

Iaz eta aurtengo jardunaldian aritu diren bertze adituetako bat da Montse Pineda. Iazkoan, hain zuzen ere, Iruñeko talde bortxaketaren epaiketari egin zion so, argi baitzuen Pinedak epaileen lana zein den: "Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira", erran zuen.

Ideia hori da Munarrizek nabarmendutakoa, eta Pinedak ere eutsi egin dio aurtengo bere solasaldian: "Indarkeria instituzionalaz ari garenean, sistemaren egituran bertan dagoen indarkeriaz ari gara. Sistemak berezkoa du indarkeria hori. Sistema heteropatriarkalaz ari garenean, erakundeez ari gara, baina gero kosta egiten zaigu instituzio horiek ikustea eta identifikatzea", erran du Pinedak.

Instituzio horietako batetik aritu da Esther Erize NUPeko jardunaldian, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea baita. Bere solasaldian legeak jasotako eskubideez eta laguntzez mintzatu da. Zehazki, gorroto delituari buruzko artikuluak aztertu ditu Erizek, eta agerian utzi du figura hori gaur egun ez direla erabiltzen ari sortu zuten kasuetarako. "Hainbat kolektibo kaltebera babesteko sortu zen, baina egiten den interpretazioa hagitz zabala da, eta, ondorioz, egun, sare sozialetan txisteak egiten dituztenen edo rap abeslarien aurka baliatzen dute", nabarmendu du auzitegiko kideak.

Erizek argi du gorroto delitutzat jo daitekeela indarkeria matxista, eta uste du figura hori indarkeria matxistari aurre egiteko dauden lege zehatzekin batera erabili beharko litzatekeela, jardunaldian agerian utzi duenez.

Pinedaren aburuz, ordea, "motz" gelditu da Esther Erizek NUPeko ekinaldian egindako analisia. Ikuspuntu kritikoagoa erakutsi du Creacion Positiva taldeko kideak erakundeen lanarekiko. Jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu dute Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek, hain zuzen. Haien babesa eskertu du Pinedak; ez, ordea, ekinaldia hasteko hitzaldian parte hartu eta gero alde egin izana.

Legeak bete

Osasun Departamentuko kide Lazaro Elizaldek hartu du hitza jardunaldian gobernuaren izenean, eta nabarmendu du, batetik, 2017ko bukaeran erakunde arteko akordioa sinatu zutela, indarkeria matxistari aurre egiteko asmoz; eta, bertzetik, gobernuak ikerketa egin duela azken hilabeteotan eta laster mahai gainean jarriko dituztela emaitzak. Asmoa da osasun zerbitzuetatik indarkeria mota sotilak antzeman ahal izateko tresnak garatzea. Elizaldek erantsi du koordinazioa sustatzeko asmoz ekintza protokoloa prestatzen ari direla.

"Erakundeek protokoloak eta planak egiten dituzte legeak ez betetzeko. Duten helburua benetan beteko duten politika publikoak egiten badituzu, ez duzu planen edo protokoloen beharrik", erantzun du Pinedak. "Egiten dituzten politikak koherentziaz betearaztea da gakoa; horrela sortuko dira koordinazio sare eraginkorrak", erantsi du. Iruñean, hain zuzen ere, udalak antolatuta, indarkeria sexistei buruzko biltzarra egin zuten urrian, eta arlo juridikoan nabarmendutako arazoetako bat izan da koordinaziorik ezarena, indarkeria matxistaren auzian.

Legeak betetzeko eskatu du Pinedak. Eta, horrekin batera, legeak bete ahal izateko baliabideak. Errealitateak erakusten du ahalegin anitz paperean baino ez direla gelditzen, Pinedak salatu duenez. GIBa duten pertsonak artatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana jarri du adibide gisa; jasotzen dituzten diru laguntzen kopuruari egin dio so, zehazki: "Estatu osoan dauden gobernuz kanpoko erakundeek, denera, 1,4 milioi euro baino ez dute jasotzen; zenbatekoa da kopurua Nafarroan?", galdetu du. Sareko Julia Munarrizek erantzun dio: "300.000 eurora ez da ailegatzen".

Eguzki izpiak liburutegian

Eguzki izpiak liburutegian

Edurne Elizondo

Erakusketa bat, Nafarroaren eta Japoniaren arteko harremana ospatzeko. Maiela Zurutuzak Komorebi izenburupean egindako lanak hartu ditu Iruñeko Yamagutxi plazako liburutegiak. Hilabetea amaitu arte ikusi ahal izanen dira. Zurutuzak Josu Jimenez Maiaren haikuak oinarri hartuta osatu ditu bere obrak. Bisitari bereziak izan ditu azken egunotan, gainera, Japoniako Yamagutxi hiritik etorritako ordezkaritzako kideak izan baitira Iruñean.

Nafarroako hiriburua eta Yamagutxi duela hamabost urte senidetu ziren, eta Japoniako hiriko ordezkaritzako kideak adiskidetze akordioa berritzera etorri dira orain.

"Polita eta berezia da Japoniatik etorritako bisitariek erakusketa ikusi izana", erran du Maiela Zurutuza artistak. Gasteiztarra da, eta hiri horretan erakutsi zituen bere lanak lehendabizikoz, joan den otsailean, artista gazteentzako lehiaketa batera proiektua aurkeztu eta irabazi ondoren.

Komorebi hitza izan zuen Zurutuzaren proiektuak abiapuntu. "Interneten aurkitu nuen, eta bitxia iruditu zitzaidan", gogoratu du. Japonierazko hitz horrek zuhaitzen hostoen artean pasatzen den eguzki izpia izendatzeko balio du, hain zuzen ere.

Eta Zurutuzak horixe egin du bere erakusketaren bitartez: led argiak eta arroz papera baliatuz, Yamagutxiko liburutegi barrura eraman ditu artelan bilakatutako bere eguzki izpiak. Lau osatu ditu, denera, bat urtaro bakoitzeko. Piezak prestatzeko, Josu Jimenez Maiak idatzitako haikuak erabili ditu artista gazteak.

Euskarazko haikuak erabili nahi zituela erabaki eta gero, Josu Jimenez Maiaren Gerezi garaiko haikuak izenburuko liburuarekin egin zuen topo Zurutuzak. "Interesgarria iruditu zitzaidan, liburuko haikuak urtaroen arabera banatuta zeudelako", azaldu du artistak. Egindako pieza bakoitzean Jimenezen bost haiku jaso ditu.

Haiku tailerreko arduradun

Josu Jimenez Maiak "kontent" hartu zuen, hasieratik, Maiela Zurutuzak bere haikuak erabiltzeko proiektua. Nafar Ateneoko euskara eleduna da, eta erakunde horrek egiten duen haiku tailerreko arduraduna, hain zuzen ere. "Tailer irekia da; bost pertsona inguruk egiten dugu bat, eta gustura aritzen gara".

Iaz, Zurutuzak egin zuen bisita haiku tailerrera. Han ezagutu zuten elkar artistak eta idazleak. Jimenez Maiak bi liburutan jaso ditu bere haikuak. Lehendabizikoa duela zazpi urte plazaratu zuen, Maiatz argitaletxearen bidez. Lan horretakoak dira Zurutzak erabilitakoak. "Egindako egiturak erakutsi zizkidanean, txundituta gelditu nintzen!", erran du Jimenez Maiak.

Komorebi hitzaren eta Zurututzaren lanaren artean sortu den lotura nabarmendu du Jimenez Maiak. Idatziz jasotako haikuak artelan bateko parte bilakatu izana ere "pozgarritzat" jo du. Liburuaren bidea luzatzeko modu bat izan dela uste du idazleak. "Liburu asko argitaratzen dira, eta laster gelditzen dira bazter". Erakusketaren bidez, ordea, bidea egiten jarraitzen du lanak. "Literatura beste esparru batean jartzeko sormen lan bat da", erran du idazleak, Maiela Zurutuzaren obrei buruz.

Yamagutxitik etorritako ordezkariek gertutik ikusi ahal izan dituzte obra horiek. Zortzi pertsonak osatutako taldea etorri da, zehazki, Japoniatik. Tartean izan da Tsugumasa Muraoka, Yamagutxiko prefekturako gobernadorea. Yamagutxi parkea eta liburutegia bisitatu ez ezik, Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosekin ere bilera egin dute Japoniako ordezkariek. Nafarroako Parlamentuan ere izan dira, eta energia berriztagarrien inguruko hainbat proiektu ezagutu dituzte, gainera.

Maiela Zurutuzaren erakusketa hilabete bukaerara arte egonen da ikusgai Yamagutxiko liburutegian. Astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 15:00etatik 21:00etara. Eguna hodei artean ernatzen bada ere, eguzki izpiak eraikin barruan izanen dira Konorebi erakusketako obren bidez. Ez edozein eguzki izpi, ordea: zuhaitzen hostoen artean pasatzen diren eguzki izpiak, zehazki. Komorebi.

Iritzia: Ordu aldaketa

Jon Barberena Ibarra
Urriko azken asteburuan ordua aldatzen da, eta ondorioz, jarraian datorren hilabeteari giroa belzten zaio. Erlojuaren orratzak atzerantz mugitzen ditugu eta haiekin batera atzean utzi ezin ditugun arrangurak enegarrenez ahoratu. Ud...

“Aitorpena emango digute AEB-etako kalte-ordainek”

“Aitorpena emango digute AEB-etako kalte-ordainek”

Ane Eslava

Amiantoa zuntz mikroskopikoetan desegiten den mineral bat da: oso toxikoa da, eta, arnastuz gero, minbizia eta halako eritasunak sor ditzake. XX. mendean, amiantoa AEBetatik ekarri, eta lantegietan inolako babesik gabe erabiltzen zuten. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Maria Asun Fernandez (Iruñea, 1960), Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea. Orain, kalte-ordain bat jasoko du amiantoa saltzen zuten AEBetako enpresek sortutako funtsetako batetik. Halako bigarren kasua da Nafarroan: iaz, Ananar elkarteko beste kide batek jaso zuen.

Zer kalte eragiten du osasunean amiantoa arnasteak?

Amiantoa ileak baino askoz ere txikiagoak diren zuntzetan deskonposatzen da. Zuntz horietako bakar bat arnastuz gero, biriketan itsatsita geratzen zaizu, eta 30 bat urteren ostean, gaixotasun bat agertzen zaizu; gehienetan, minbizia. Egun ez da amiantoarekin lan egiten, baina toki guztietan dago: eskoletan, lantegietan, etxeetan... Eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake. Guk eskatzen dugu amianto guztia ken dezatela; baina, oraingoz, ez dute ezer egin.

Zuri, zein kalte eragin dizu?

Senarrak Nafarroako enpresa batean lan egin zuen, Superserren, eta 2016an pleurako mesotelioma diagnostikatu zioten: amiantoarekin lotutako minbizia. Hamalau urtez aritu zen enpresaren kalitate kontrolean, eta ez zuen amiantoa ukitzen. Baina kate batean zegoen, eta hor amiantoa zatitzen, kardatzen eta orrazten zuten; giroan zegoen. Iazko azaroan hil zen, AEBetako kalte-ordaina jasotzeko izapideak egiten ari ginela.

Bere garaian, babesik gabe maneiatzen zuten amiantoa?

Bai, inolako babesik gabe. Dirudienez, lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Eta jendeak jan, erre, eta denetarik egiten zuen amiantozko plaken gainean.

Mediku kontrolik egiten zuten?

Gure kasuaz hitz egingo dizut: enpresen eta langileen zerrenda batzuk daude, eta horietan daudenei mediku kontrolak egin behar dizkiete. Bada, Superser zerrenda horretan dago, baina senarra ez zegoen zerrendan. Ez zuen inolako kontrolik izan, minbizia diagnostikatu zioten arte. Areago, azaroaren 19an hil zen, eta urtarrilean jaso zuen mediku azterketa egiteko lehenbiziko gutuna. Oso gogorra da.

AEBetako kalte-ordaina jaso duzu. Garrantzitsua da zuretzat?

Kalte-ordainak oso garrantzitsuak dira: ez digute galdutako pertsona itzuliko, baina aitorpena emango digute. Ez da diruarengatik; nik dirua elkarteari emango diot; aintzatespenarengatik da.

Nolakoa izan da kalte-ordaina lortzeko prozesua?

Houstongo [AEB] abokatu bulego baten bidez eskatzen da. Betekizunak dira amiantoarekin 1983 baino lehen lan egin izana, pleurako mesotelioma izatea, eta zure enpresak AEBetan amiantoa erosi izana. Gure kasuan, iazko uztailean, Houstongo abokatuak gurekin harremanetan jarri ziren, eta esan ziguten eska genezakeela kalte-ordaina, eta ez genuela dirurik aurreratu behar: irabaziz gero, haiek kalte-ordainaren %25-40 kobratuko zuten. Xehetasun guztiak aztertu genituen, eta aukera ona iruditu zitzaigun; ez genuen ezer galtzekorik. Baina prozesua luzatu da: bi urte kostatu zaigu.

Zergatik sortu zituzten konpentsazio funts horiek amiantoarekin lotutako enpresek?

AEBek amiantoa aurkitu zuten, eta mundu osoan saltzen hasi ziren. 1989an debekatu zuten, baina askoz lehenago bazekiten arriskutsua zela: Osasunaren Mundu Erakundeak 1940an ohartarazi zuen amiantoak arnas aparatuko arazoak sortzen zituela, eta heriotza eragiten zuela. Beraz, amiantoarekin lotutako enpresa estatubatuarrek bazekiten arriskutsua zela, eta funts horiekin beren burua babesten zuten.

Nafarroatik kanpo, kalte-ordain gehiago eman dituzte?

Espainia mailan ez diote inor gehiagori eman, eta gainontzeko herrialdeetan, ez dakit. Uste dugu gure elkarteak aurrekaria ezarri duela, eta eskaera egitera animatu nahi ditugu baldintzak betetzen dituztenak.

Kutsatutako jendearen zerrendarik ba al dago?

Hutsune izugarria dago: portzentaje batzuk baino ez daude. Gu hasi gara hildako pertsonen errolda zehatz bat egiten, pertsonen eta enpresen datuekin, baina lan handia dugu.

Tratamendurik dago amiantoak sortutako gaixotasunentzat?

Ez dago ezer: minbizi horiek sendaezinak dira. Gaixoei kimioterapia ematen diete, minbizia motelago hazteko, baina horrek ez ditu sendatzen.

Eta ikertzen ari dira?

Gizarte Segurantzak ez du ezer ere ikertzen. Zerbait egiten ari den bakarra Nafarroako Unibertsitatea klinika da: bizi kalitatea hobetzeko zerbait lortu du, eta entsegu bat egin behar du amiantoaren minbiziarentzako tratamendu zehatz bat lortzeko. Gure elkartetik ere ikerketa bultzatzen dugu, CIMArekin [Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroa]. Bestalde, Frantzian, ikerketa garrantzitsu bat abian da: txerto bat aurkitu dute, ez duena minbizia sendatzen, baina gelditu egiten duena, eta orain probatuko dute ea funtzionatzen duen. Urrats txiki bat da, baina, aldi berean, oso handia.

Amiantoak eragindako minbizia gaixotasun profesional gisa hartzen dute?

Minbizi mota asko daude, baina Gizarte Segurantzak lau hartzen ditu gaixotasun profesionaltzat: laringekoa, biriketakoa, urdailekoa eta pleurakoa. Ez dituzte guztiak onartzen, ez dutelako onartu nahi haiek izandako errua. Izan ere, Espainiako Gobernuarena izan zen errua, materiala sartzen utzi zuelako; enpresena, sartu zutelako; eta Gizarte Segurantzarena, ez zuelako ezer egin gobernuak segurtasun neurriak jartzeko agindu zuenean.

Horiek ez dute onartu izandako errua?

Epaiketak daude, baina oso zaila da. Izan ere, epaiketan zerbait eskaintzen dizute, eta ez baduzu onartzen, urte askotan ibili behar duzu epaiketa batetik bestera. Horregatik, jendea, normalki, eskaintzen diotenarekin konformatzen da. Izan ere, urte bateko bizi itxaropena baduzu, ez duzu atsekaberik nahi... Eta horrekin jolasten dira.

Zuri zertan lagundu dizu Ananar elkarteak?

Elkarteko kide guztiok familia bat gara, arazo bera pairatu dugulako. Gaixoarentzat oso lagungarria da egoera berean daudenekin hitz egitea. Eta atzean gaudenoi asko laguntzen digu elkarri begiratzeak, besarkatzeak, elkarrekin negar egiteak... Azalpenik eman behar ez izateak. Nik liburu txiki bat idatzi dut, uste dudalako oso garrantzitsua dela sufrimendua elkarri azaltzea: norberarena, bikotearena, familiarena... Nik kontatzea erabaki dut. Kostatu zait, baina niretzat lasaitu bat izan da.

Iruñe euskaldun bat uhinetan

Iruñe euskaldun bat uhinetan

Edurne Elizondo

Oztopo lasterketa bat izan da gurea". Horixe erran du Iruñerriko Euskalerria Irratiko esatari Reyes Ilintxetak, hedabide horrek orain arte egindako bideari buruz. On air seinalearen argia itzali da. Mikrofonoak jada ez du inoren ahotsa zabaltzen. Irrintzi dorreko egoitzan, begirada atzera botatzeko baliatu du saioa amaitu eta geroko tartea kazetariak. Oraingo momentuak merezi du: 30 urte bete ditu irratiak, asteon.

1988. urteko azaroaren 7an egin zuen lehendabiziko emanaldia Euskalerria Irratiak. Ilintxeta 1992. urtean hasi zen Irrintzi dorrean lanean. Harekin batera sartu zen irratian Amaia Lasa teknikaria ere. Arratsaldetako oraingo lan taldea Lohizune Amatria kazetariak osatzen du. 1992. urtean jaio zen, eta joan den abuztuan hasi zen Euskalerria Irratian esatari lanetan. Lankideen ahotik entzun ditu hasierako urratsen ingurukoak; hedabide horren oraina, berriz, estudiotik ari da marrazten Amatria, Ilintxetarekin eta Lasarekin batera.

Goizeko lan taldean ere, irratiko kide historikoek, beteranoek eta ailegatu berriek egiten dute bat. Mikel Bujanda zuzendaria da irratia martxan jarri zutenetako bat; 1995. urtetik ari da Pello Argiñarena; Maialen Uhartek irratiaren adin bera du, eta 2010ean hasi zen esatari lanean. Administrazioren esparruan eta arlo komertzialean Maite Elizagarai eta Joseba Ripa ari dira.

Kontrol gelan egin ditu azken zazpi-zortzi urteak Igor Eskuderok, eta ailegatzen azkena izan da Haritz Pascual. Bi asteko bidea egina du Irrintzi dorrean. Irratia, halere, ezaguna du, han egin zituelako praktikak. "Harrobiko kidea naiz", erran du Pascualek, irribarrea erakutsiz.

Ikasteko garai horri buruz, kontrol gelan aritzen zen Ibon Gaztanbide teknikaria ekarri du Pascualek gogora. "Harekin ikasi nuen teknikari on baten lana zeinen garrantzitsua den", nabarmendu du.

Gaztanbide 1995. urtetik ia hogei urtez aritu zen irratiko teknikari. 2014ko abenduan zendu zen. Hurrengo urtean ailegatu zen irratiak hamaika urtez eskatutako lizentzia. Ezin izan zuen gozatu. Irrintzi dorrean utzi zituen lankideentzat, ordea, mugarri izan da administrazioak beren lanari egindako aitortza publiko hori. Entzuleen eta Iruñerriko euskaltzaleen babesa hasieratik izan du Euskalerria Irratiak. Haiek eman diete lan egiteko baimena eta bidea.

Itxita ziren bertze mota bateko ateak ireki dizkie lizentzia ofizialak, halere: diru laguntzak eta publizitate instituzionala jasotzeko aukera, batez ere. "Ez da pagotxa", nabarmendu du Ilintxetak. "Prekarietatean bizi gara; baina bizi izan gara miserian", onartu du.

"Momentu berezia"

Iruñeko Irrintzi dorrera iritsi zenean, Maialen Uhartek ez zuen Euskalerria Irratian egin lehendabiziko geldialdia. BERRIA-n aritu zen bekadun, lehendabizi. Handik, 2010. urtean, paretaz bertzaldeko egoitzara egin zuen bidea. Irratiak lizentzia jaso zuela iragarri zuten egunean, lanean zen kazetaria. "Gobernutik deitu zuten, bileran hartutako erabakien berri emateko prentsaurrekoa iragartzeko. Gu han egotea garrantzitsua zela esan zidaten, baina ez zidaten zergatik azaldu nahi izan. Mikel Bujandarekin edo Juan Kruz Lakastarekin hitz egin nahi zuten", gogoratu du Uhartek.

Bujanda ez zen egoitzan, eta ezin harrapatu aritu ziren. "Bere eguna zen, hainbeste urtez eskatutakoa jasotzeko eguna, eta ezin aurkitu!". Lakasta elkarrizketa bat egiten ari zen irratian gobernuko kideen deia jaso zutenean. "Estudiotik aterarazi behar izan nuen. Deia jaso, eta horrela jakin genuen baimena lortu genuela, azkenean". Orduko urduritasuna nabarmendu du Uhartek. "Oso momentu berezia izan zen denontzat".

Uhartek fresko ditu lizentziarik gabe egindako urteak. "Zailak izan ziren, gogorrak; etorkizunari buruzko inolako segurtasunik ez genuen".

Baimena eskuratu izanak lehen ez zuten segurtasun bat ekarri diela erran du kazetariak. Argi du, halere, bidean urratsak egiten jarraitu behar dutela etorkizunari sendotasunez so egin ahal izateko.

Uhartek errandakoa berretsi du Pello Argiñarenak ere. Eskertu du lizentziak emandako babes ofiziala, eta beharrezkotzat jo du. Argi utzi du, halere, irratiko kideek beti sentitu dutela beren lana egiteko zilegitasuna bazutela. Eta zilegitasun eta berme hori entzuleek, bazkideek, kolaboratzaileek eta iragarleek eman dietela nabarmendu du esatariak. "Atzean beti izan dugu oinarri sozial zabal bat, eta hori izan da gure benetako lizentzia; mila bazkide ditugu, eta berrehun kolaboratzaile. Horrek ezohiko irrati bilakatzen du gurea; beste inork ez du halakorik".

Argiñarena 1995. urtean hasi zen Euskalerria Irratian. Bertze irrati baten egoitzan ezagutu zuen Mikel Bujanda, halere, Ser irratikoan, alegia. "Euskarazko saioetan kolaborazioak egiten hasi nintzen; handik etorri nintzen Euskalerria Irratira". Gauez egin zuen lan, hasiera hartan. Gero, arratsaldeko saiora mugitu zuten, Kike Diez de Ultzurrunekin. Orain, Juan Kruz Lakasta esatariarekin batera zuzentzen du goizeko saioa.

"Irratia niretzat beti izan da lagun bat; maite dut irratia. Txikitan, transistorearen diala mugitzen aritzen nintzen, eta Onda Pesquera edo Radio Paris-en gisako irratien saioak aurkitzen nituen. Jostailu bat zen niretzat!". Irratiari beti izan dion maitasunak gora baino ez du egin Irrintzi dorreko estudioan. Euskalerria Irratiaren garapenaren lekuko izan da, eta, ondorioz, ongi ezagutzen du egindako urrats bakoitzaren atzean egon den lana eta ahalegina.

Oraingo irratiak zer ikusteko gutxi du hasierakoarekin; eta, aldi berean, bera dira. "Oinarria ez da aldatu; hitz egiten duen bat dago, entzuten duen beste bat, eta, erdian, mezua. Entzuteko moduak dira aldatu direnak. Zuzenean entzunen gaitu batek; kaskoak jarrita korrika egitera joaten denean beste batek, podcastei esker; eta Berlinen ikasten ari denak on line jasoko du gure mezua".

Teknologiaren eskakizunetarara moldatu behar izan du Euskalerria Irratiak. Horrek ekarri du inbertsioa egin behar izatea azken urteotan. Arlo horretan izan diren aldaketak, batez ere, Igor Eskudero eta Amaia Lasa teknikariek kudeatu behar izan dituzte.

Lasak ezagutu zituen bobina irekien eta magnetofoi handien irratiko garaiak. "Lan fisikoa ere egin behar genuen teknikariok, aulkitik altxatu eta martxan jarri behar genituelako; batean publizitatea genuen, eta bestean elkarrizketak; horrela moldatzen ginen".

Gero CDak ailegatu ziren, eta horiek ere zaharkituta gelditu dira jada. "Nahas mahai berria dugu orain; eta kontrol gelako ordenagailuetan dugu jasota gure artxibo guztia", erantsi du Eskuderok. Irratiak sare sozialetan duen presentzia nabarmendu du teknikariak, eta bide berri horietara guztietara moldatzeko beharra. Esatariek ematen diote beren ahotsa Euskalerria Irratiari, baina Eskuderok argi utzi du sentitzen duela teknikariek egiten duten lanari duen balioa ematen diotela etxe barruan.

Lan horren garrantzia jarri du mahai gainean Lohizune Amatriak, hain zuzen ere. Irati Irratian aritu zen urtebete luzez, Euskalerria Irratian hasi baino lehen. Han, kazetaria zen, eta, aldi berean, teknikari. "Euskalerria Irratian konturatu naiz teknikariak egiten duen lanaren garrantziaz. Azkenean, teknikaria da denbora hobekien kontrolatzen duena, eta puzzlea osatzen duten pieza guztiak hobekien ezagutzen dituena".

Bidean jarraitzeko beharra

Prentsa idatzian eta telebistan ere aritu izan da Amatria. "Irudiaren presioa" ez duela maite onartu du kazetariak, eta maite duela irratiko estudioan sortzen den magia. "Berezia da kaskoak jartzen dituzunean sortzen den giroa. Gonbidatuek askotan galdetzen didate ea beharrezkoa den kaskoak jartzea, eta nik beti esaten diet nik nahiago dudala, ahotsa entzun eta egoera berezi bat sortzen delako".

Iruñerriko eta inguruko euskaldun eta euskaltzaleentzat erreferente bilakatu da Euskalerria Irratia. Euskal komunitatea batzeko eta sendotzeko tresna bat izan da, hasieratik. Ilintxetak argi du ardura hori. Mikel Bujandak ere bai. Hogeita hamar urtez egindako bidea nabarmendu du, baina, batez ere, hemendik aurrera egin beharrekoa. Eta ez da gutxi, Bujandaren erranetan. Are gehiago, egiteko dutena egindakoa baino gehiago dela utzi du agerian Euskalerria Irratiko esatariak. "Gure ametsak ez dira bete".

Ez da txikia ametsa: "Iruñerrian euskara errealitate bizi eta sendoa izatea; hori oraindik ez dugu lortu". Euskararena errealitate hauskorra dela uste du Bujandak. Euskalerria Irratiak egindako lana izan da errealitate hori sendotzeko hanka bat. Behar dira bertze hainbat, ordea. Irrintzi dorreko hedabideak, gainera, ezin izan du bere lan hori askatasun osoz egin, lizentzia jaso arte. "Zailtasun bat izan da, baina ez dut argi zailtasun nagusia hori izan ote den". Gogoetarako gaia utzi du Bujandak mahai gainean.

Komunikazio zerbitzu bat euskaraz eskaintzea da irratiaren lana, esatariaren hitzetan. Eta Euskalerria Irratiak horixe du helburu eta erronka. Horretan aritu da hogeita hamar urtez, eta horretan jarraitu nahi du.

Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Ane Eslava

Hezetasunez betetako 15 metro koadroko logela hotz batean; egongelan egoteko aukerarik gabe; sukaldea eta komuna jende gehiagorekin partekatzen. Hala bizi izan dira Philomena Ebere eta haren semea, Iruñera iritsi zirenetik. Baina, urriaren 30ean, Eberek bigarren semea izan zuen, eta erabaki zuen ez zela ospitaletik aterako etxebizitza duin bat lortu arte. Azkenean, lortu du: Iruñeko Udalak pisu bat utziko dio, eta laster joango da hara, bere bi semeekin. "Oso pozik" dagoela esan du Eberek, baina ez du bidea erraz izan. Bere bizitzako garairik gogorrena izan dela ziurtatu du.

Orain dela hemeretzi urte heldu zen Ebere Nigeriatik Espainiara, Cadizera, baina hango eguraldia kaltegarria zen bere semearentzat, azal eta arnasa arazoak dituelako. Horregatik, orain dela bi urte, Iruñera etortzea erabaki zuen. Hemen, ordea, beste arazo batekin egin zuen topo: etxebizitza lortzeko ezintasuna. Inork ez zion etxebizitzarik alokatzen, eta pisu bateko logela batean sartu zen. Ordutik, han bizi izan da, oso egoera latzean.

"Logela bat ez da etxe bat", errepikatu du behin eta berriz Eberek, azken bi urteetan zer baldintzatan bizi izan den deskribatzerakoan. "Ohe bakarra genuen semeak eta biok, eta askotan aulki batean lo egiten nuen, umeak jada 9 urte dituelako, eta bakarrik lo egin nahi izaten zuelako", azaldu du. Jan, jolastu, ikasi... Guztia ohe horretan egiten zuten, ez baitzuten beste tokirik.

Bestalde, etxea zaharra zenez, oso hotza zen, eta hezetasun handia zuen. "Etxe barruan berokiarekin egon behar genuen, kalean bezala; eta, hezetasunarengatik, batzuetan toallarekin garbitu behar nituen paretak", kontatu du. Horrek kalte egiten zion bere semeari, eta askotan joan behar izaten zuten medikuarengana. Horrez gain, etxeko gainontzeko logeletan beste familia batzuk zeuden, eta garbitasunarekin arazoak izaten zituztela esan du: "Haiek txatarra ekartzen zuten etxera; nik inoiz ez nien esan ez zezatela hori egin, baina ume bat neukan etxean, eta garbi izan nahi nuen".

Kontatu duenez, umeak ez zuen gaizki eramaten egoera horretan bizitzea, baina askotan galdetzen zion ea noiz izango zuten "benetako" etxe bat. "Eta nik jada ez nekien zer esan; erantzunak amaitu zitzaizkidan". Haurra egoera horretan izateagatik asko sufritu duela adierazi du: "Ama txarra sentitzen nintzen, ez nintzelako gai nire semea ongi zaintzeko".

Denbora horretan guztian, etxebizitza duin bat alokatzen saiatu da, eskura izan dituen bitarteko guztietatik: Nasuvinsan, Eisovin, enplegu bulegoan eta antzeko sustatzaileetan eman du izena, baina inork ez dio pisu bat errentan utzi. Kontatu duenez, oso fidantza garestiak eta soldata handiak exijitzen zizkioten. Azken urteetan lorezaintzan eta ostalaritzan lan egin du, eta zazpi urte ditu kotizatuak; baina hori ez da nahikoa izan.

Bitartean, laguntza bilatu du: PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak Iruñeko Alde Zaharrean egiten dituen bileretan parte hartu du astero; emakumeak ahalduntzeko tailerretan egon da; udalaren osoko bilkuretara joan da bere egoera azaltzera... baina ez du irtenbiderik aurkitu. Adierazi duenez, sentitzen zuen udalak eta gobernuak ez ziotela jaramonik egiten: "Esaten zidaten nik baino arazo gehiago zituzten pertsonak bazeudela, eta nik banekien hori egia zela, baina ezin nuen gela horretan jarraitu".

Azkenean, haurdun geratu zenean, etsirik, erabaki bat hartu zuen: erditu ondoren, ez zen ospitaletik aterako etxebizitza bat lortu arte. Erabakia jakinarazi zuen, eta PAH plataformak hasieratik eman zion babesa. Urriaren 29an sartu zen ospitalean, eta hurrengo egunean izan zuen haurra.

Orduan, PAHko kideek Ebereren arazoa jendaurrean salatu zuten, eta egoera kudeatzeko pausoak eman zituzten. Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta proposamen bat egin zieten: Eberek udalaren etxebizitza bat partekatzea antzeko egoeran dagoen beste pertsona batekin. Udalak proposamena onartu zuen, eta kontaktuan jarri zen Ebererekin eta etxegabetze agindua zuen beste emakume batekin. Biek aurretik ezagutzen zuten elkar, PAHko bileretan topo egiten baitzuten, eta haiek ere egokitzat hartu zuten aukera hori.

Eberek esan duenez, pozten dira elkarrekin bizitzeaz, biak antzeko egoeran daudelako: "Ama gara biak, eta gure seme-alabentzako onena bilatzen ari gara". Udalak utzi dien pisuak ez zuen altzaririk, baina PAHk kanpaina bat egin du, eta dagoeneko altzariz hornitu dute pisua. Bi emakumeek iragan ostiralean sinatu zuten kontratua, eta laster joango dira beren etxe berrira.

Zoriontsu sentitzen dela adierazi du Eberek: "Azkenean lasai egin dezaket lo, amesgaiztorik gabe". Eskerrak eman dizkio PAHko bere "familiari", beragatik egin duten ahaleginarengatik, eta baita Iruñeko Udalari ere. Gizarteari eskatu dio ez dezala alde batera begiratu: "Ni bezalako emakume asko daude".

Philomena asko daude

Mikel Otazuk, Iruñeko Alde Zaharreko PAHko kideak, "lorpen handitzat" jo du Ebereren garaipena, eta "balorazio positiboa" egin du udalaren jarreraz, egoerari irtenbidea bilatzeko negoziazio bideak ireki dituelako. Baina hark ere nabarmendu du Iruñean pertsona asko daudela Philomena Ebereren egoera bertsuan, eta gehienak seme-alabak dituzten emakume senargabeak direla: zehazki, 48 dira halako kasuak.

Azaldu duenez, horiek etxebizitza bat eskuratzeko baliabideak dituzte, gehienek alokairurako diru laguntzak jasotzen dituztelako, baina ez dute lortzen: "Inork ez die errentan uzten bere etxebizitza, etorkinak edo pobreak direlako: arrazismoaren eta aporofobiaren faktoreak daude hor".

Arazoari aurre egiteko, PAHk beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak errehabilitatu ditzala hutsik dauden udal etxebizitzak, eta alokairu sozialeko etxebizitza parke zabalagoa osa dezala. Hala ere, Otazuk azpimarratu du nabaria dela Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua arazoa konpontzeko egiten ari diren lana, emaitzek erakusten duten moduan: "Urte hasieran hirurogei familia inguru zeuden Philomenaren egoera berean, eta hamabik etxebizitza bat lortu dute jada". Hori dela eta, adierazi du arazo handiena gizartean dagoela, eta premiazkoa dela biztanleriarekin lan egitea: "Kontzientzia sozial handiagoa behar da".

“Nafarroako eskuina erabateko gainbehera ideologikoan dago”

“Nafarroako eskuina erabateko gainbehera ideologikoan dago”

Joxerra Senar

"Bonbardaketa batean parte hartuko al dudan galdetzen dutenean zer ordutan den erantzuten duten horietakoa naiz". Umore ukitu horrekin laburbildu du Josean Belokik (1979, Iruñea) Mintzoa argitaletxearen proposamenari emandako berehalako erantzuna. Baiezko horren emaitza da Navarra, ¿por qué no es un estado? liburua (Nafarroa zergatik ez da estatu?). Azken berrehun urteetako historiari erreparatu dio, baina Belokik argi utzi du ez dela azterketa historizista bat, saiakera politiko bat baizik.

Nafarroaren subiranotasunaren galerari buruzko gogoeta bat da liburua. Zergatik kokatu duzu abiapuntua XIX. mendean eta ez 1512an?

Ez dut 1512koa mitifikatu nahi. Independentzia galdu zen, baina, antzinako erregimena zenez, subiranotasuna erregeak zuen. Konkistaren ondorioz, dinastia aldatu egin zen, eta herrialdea zatitu, baina, Espainiako koroaren barnean egokitzeko orduan, nolabaiteko estatu konfederalari eutsi zitzaion: gorteak zituen, txanpona jaulkitzeko ahalmena... XIX. mendera arte iraun zuen hark. 1512koa konkista militarra izan zen, eta anexioa izan ote zen eztabaida intelektuala erabat gainditua dago.

Lege Hitzartu horren gain eraiki da Nafarroa eta Espainiaren arteko harremanak hitzarmen bidez ezartzen direlako interpretazio politikoa. 1841a mugarri garrantzitsua izan zen?

Ez zen hitzarmen bat izan. Desmitifikatu beharreko lehen mitoa da, konkista baten ondorengo legea izan baitzen hura. Gerra karlista galdu zen, eta ordura arteko guztia deuseztatu zen. Foruak batasun konstituzionalaren menpe jarri zituzten, eta batasun hark subiranotasun esparru bakarra du. Aurretik, subiranotasun gehiago zeuden, estatu konfederatu moduko bat zelako.

Nondik dator hitzarmenaren gorazarre hori?

Ez zen garai hartakoa, beranduagokoa baizik. 30-40 urte beranduago hasi zitzaion Lege Hitzartu deitzen. Hitzarmenik ez dago, negoziatzen dutenak berberak baitira. 1841aren aurreko ereduan, gorteei zegokien negoziatzea, eta ez diputazioari. Diputazioak ez zuen eskumenik harakiria egiteko eta subiranotasuna galtzeko. Alta, diputazio hartan liberalak zeuden, gerraren irabazleak. Hori bakarrik Nafarroan gertatu zen, lege horri ezetz esan baitzioten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. 1876an, hirugarren gerra karlistarekin, hori ere amaitu zen.

Historiako beste mugarri bat 1893an izan zen: Gamazada. Nolako garrantzia izan zuen?

Handia; hainbestekoa, ezen Nafarroako iruditerian eta herri kulturan Amaiurko defentsaren pareko zerbaitekin parekatzen baita.

Mitifikatu egin da?

Ez, itzela izan zen. Foruen arrastoak baino ez ziren geratzen, eta Ogasuna izateak zure diruen kontrola izatea ahalbidetzen dizu, eta, horregatik, egun ere, jo eta ke defenditu beharra dago. Hori ere kendu nahi izan ziguten, eta horren aurkako herritarren erantzuna oso bizia izan zen. Manifestazio jendetsuak egin ziren, eta kontuan izan ez zirela egungo distantziak, gaur egun edozein tokitan zaudela ordu baten buruan hiriburuan baitzaude. Nafarroako Ohorezko Liburuan 120.000 nafarrek sinatu zuten, eta ordu hartan 300.000 biztanle bizi ziren Nafarroan. Azkenean, Gamazada hark atzera egin zuen, karlismoa berriz altxatzeari beldurra izan ziotelako. Halaber, Kuba ere altxatu zenez, han hil zen.

Zer ondorio izan zituen?

Euskal abertzaletasuna sortu zen.

Bizkaian errotu zen, eta ez Nafarroan, nahiz eta hemen indar intelektual handia izan. Zergatik?

Aurretik bi joera zeuden: Arana Goiriren bizkaitarrismoa eta Arturo Kanpionen Euskara taldea. Aranak izena (Euzkadi) eta ikurra (ikurrina) asmatu zituen, baina bien artean eztabaida bizia izan zen herrialdearen izenari buruz, eta ez dut dokumentu hori bilatzea lortu. Kanpionek Nafarroa deitu nahi izan zion herrialdeari.

Egun nabarrismo deitzen dugun hori euskal abertzaletasunaren aurkako erreakzio gisa sortu zen?

1841era jo behar genuke berriz. Burgesia liberalak Nafarroako erakundeen kontrola hartu zuenean, finantzak eta ekonomia bere esku zituen. Ez zuten kontuak inori eskatu beharrik. Hori oso garrantzitsua da, etorkizuneko jarrerak ulertzeko balio baitu. 1919an, udalen mugimenduak foruak berriro ezartzea proposatu zuenean, adibidez, Nafarroako Diputazioak ez zuen beste lurraldeekin elkartu nahi izan. Lau lurraldeak egituratuz gero, boterea galduko zuten.

Foruak ulertzeko bi modu daude?

Bai, 1841etik hala da. Lehenaren helburua da galdutako subiranotasuna berreskuratzea, egungo egoerara egokituz, eta besteak batasun konstituzionala defenditzen du, baina Ogasunaren kontrolari eutsi nahi dio. Lehen joera nagusi izan zen 36ko gerrara arte, baina frankistak jo eta ke aritu ziren 40 urtez, eta foruak itzultzearen aldekoa zen gizarte hura eraldatu zuten. Hori da UPNren oinarri soziologikoa. Trantsiziotik galdutako subiranotasuna berreskuratzearen aldeko bakarrak euskal abertzaleak dira.

XX. mende hasiera hartan sortu zen Diario de Navarra, eskuin horren bilakaera ideologikoa ulertzeko ezinbestekoa.

Bigarren joera horren bultzatzaile nagusietakoa da. Dena den, burgesia liberal horrek XX. mendearen hasiera horretan marmol gainean zizelkatu zituen bere oinarri ideologikoak. Esparzak gaur dioena 1917an jada esaten zuen Victor Praderak: Espainiaren batasuna, ororen gainetik batasun konstituzionala, abertzaletasunaren aurka egitea eta Nafarroako historiaren ikuspegi bakarra. Victor Praderaren bilakaera bitxia da: karlista izan zen, foruak itzultzearen aldekoa.

Karlismoaren gainbeheraren isla da?

Bai, karlismoak EAJrekin dokumentu politikoak partekatzen zituen, eta, Lizarrako Estatutuaren idazketan parte hartu ostean, 1931n hauteskunde konstituziogileetan elkarrekin aurkeztu ziren. Eta, urte gutxi batzuk geroago, elkar hiltzen ari ziren.

Egun, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra eztabaida politikoaren erdian da, lau lurraldeen arteko batasunaren aukera irekita uzten baitu. Zer garrantzi du?

Bere garrantzia badu, baina uste dut garrantzi handiagoa duela lehen xedapen gehigarriak, eskubide historikoak onartzen baititu. Gizartean adostasun handia dago akordio zabal baten bidez autogobernua sendotzeko.

Eskuin nabarrista hori nola ikusten duzu?

Erabateko gainbehera ideologikoan. Ez dute jakin euren diskurtsoa egokitzen, eta orain bidegurutze batean daude: bide batek asimilatze konstituzionalerantz daramatza, eta besteak, euskal nazionalismorantz.

Iritzia: Kanpai hotsak

Lohizune Amatria
Goiz esnatu da. Kanpai hots gutxi entzun du. Azken asteotan asko hitz egin da gaurko egunari buruz, eta behar bezala erantzuteko nahiak ez dio nahiko lukeen bezala lo egiten utzi. Egunak ez du argitu oraindik. Etxekoak esnatu gabe, kom...