Etxe bat Iruñeko emakumeentzat

Etxe bat Iruñeko emakumeentzat

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek 2015. urtean sinatutako akordio programatikoan jasota zegoen; Iruñeko Udalak 2016. urtean onartutako III. Berdintasun Planean ere bai. Orain arte, halere, oztopoak izan dira nagusi Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko bidean. Iruñeko Udalak, azkenean, Pablo Sarasate musika kontserbatorioaren egoitza zaharra moldatzeko eta atontzeko lanak egiteko txostena onartu du, eta 2019ko aurrekontuko 142.300 euroko diru saila zehaztu du horretarako.

Iruñeko Udalak 2017ko abenduan jarri zuen martxan Emakumeen Etxea egiteko proiektua garatzeko parte hartze prozesua. Hogei eragile baino gehiago aritu dira lanean, geroztik. Azken berdintasun plana onartu baino lehen, diagnostikoa egin zuen Iruñeko Udalak, eta azterketak agerian utzi zuen Iruñean bazela emakumeentzat etxea martxan jartzeko beharra. Nafarroa osoan gisakorik ez da.

Parte-hartze prozesua martxan jarri zuenetik, Iruñeko Udalak Donostiako, Zaragozako eta Madrilgo emakumeen etxeak bisitatu ditu, hiri horietan egindako bidea ezagutzeko asmoz. "Gure asmoa izan zen etxe autonomo eta horizontal bat sortzea; behetik egindako proiektu bat izatea", erran du Aranzadiko Laura Berrok.

Iazko uztailera arte, Berro izan da Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia, eta haren sailaren esku egon da, ondorioz, etxea egiteko proiektua. Uztailean, baina, krisia piztu zen hiriko gobernuan, eta Joseba Asiron alkateak udal gobernutik kanpo utzi zituen Aranzadiko zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino.

Uztailaren 5ean hautsi zuen Asironek udal gobernua. Ordura arte Aranzadiko zinegotzi Laura Berroren esku egondako Berdintasun eta LGTBI sailaren ardura hartu zuen Asironek. Krisiak agerian utzi zituen udal gobernuko taldeen arteko aspaldiko tentsioak. Uztaileko gertaeretan, halere, Emakumeen Etxearen inguruko erabakiek zerikusi handia izan zuten.

"Mugimendu feministaren aspaldiko eskaera da Emakumeen Etxearena; guk jaso genuen; udalaren berdintasun planak ere jaso zuen, baina argi dago egungo gobernu taldearentzat ez dela lehentasuna", erran du Berrok.

Asironek Aranzadiko eta Ezkerrako kideak udal gobernutik kanporatu baino lehen, haustura ekarri zuen bozketa egin zuten udaletxeko osoko bilkuran. 2017. urteko sei milioi euroko superabita zertan inbertitu eztabaidatu eta bozkatu behar zuten, zehazki. Aranzadik 500.000 euro bideratu nahi zituen Emakumeen Etxea egiteko; EH Bilduk, berriz, 50.000. Iruñeko Udalak, azkenean, irailean egindako osoko bileran, 150.000 eurora igo zuen saila.

Lanak, eskas

Uztailetik Asiron da Berdintasun eta LGBTI arduraduna. Irailean ezagutarazi zuen udalak Pablo Sarasate kontserbatorioa moldatzeko asmoa bazuela, Emakumeen Etxe bihurtzeko. Proiektua garatzen aritu diren emakume taldeek, talde feministek eta emakumeek erdigunetik gertuago nahi zuten etxea, baina udalak ezinezkotzat jo zuen aukera hori. Sarasate kontserbatorioa hautatuz gero, ekitaldi aretoa moldatu eta erabili ahal izanen zutela azaldu zuen, trukean. "Zehaztutako diruarekin ezin izanen dute obra hori egin, ordea", salatu du Berrok.

Iruñeko Udalak ere onartu du hori. Zehaztu duenez, onartutako diru sailarekin, eraikinaren kanpoko aldean lanak eginen dituzte, batetik, egoitza denentzat irisgarri bilakatu ahal izateko; bertzetik, zorua konpondu eta paretak atondu eta margotuko dituzte; azkenik, komunak ere berrituko dituzte, eta, gainera, etxea bere funtzio berrietara egokitzeko bertze hainbat lan eginen dituzte. Ekitaldi aretoan egin beharreko lanik ez du zehaztu udalak, ordea.

Berrok nabarmendu du Emakumeen Etxeak "horizontala eta autonomoa" izan beharko lukeela, eta, horretarako, etxea moldatzeko ez ezik, kudeaketarako ere diru saila bideratu beharko lukeela udalak. "Milioi bat euro eskatu ditugu guk", erran du.

Berrok argi utzi nahi izan du orain arteko bidean emakumeek eta emakume taldeek eta talde feministek izan duten garrantzia. "Haiei esker egin da egin den guztia; emakume anitzek eta askotarikoek parte hartu dute prozesuan". Udalak "huts" egin duela uste du Berrok, ordea. "Berandu ari dira, eta argi utzi dute ez dutela lehentasun", erran du Aranzadiko kideak udal gobernuko taldeei buruz.

"Etxe fisiko bat behar da hirian, bai eta ikur bilakatu den etxe bat ere, emakumeak norbanako eta talde gisa ahalduntzeko", erantsi du Berrok. Zinegotziak uste du aldaketaren aldeko gobernua ez dela aritu zegokion mailan.

“Tratamenduek merezi izan dutela errateko idatzi dut”

“Tratamenduek merezi izan dutela errateko idatzi dut”

Edurne Elizondo

Gripearen aurkako txertoa jarri zioten, baina, halere, gaitzak harrapatu egin du Blanca Angulo Muñoz (Iruñea, 1985). Elkarrizketa bertan behera uztekotan egon da, gripe bat larria izan daitekeelako beretzat. 20 urterekin minbizia izan zuen, eta gaixotasunak eta tratamenduek biriketan utzitako ondorioei egin behar die aurre. %39ko desgaitasuna du. Pagoda negra izeneko liburuan jaso du, orain, egindako bidea.

Zergatik erabaki duzu idaztea?

Azken bi urteotan arnasa hartzeko arazo handiak izan ditut. 2014tik, bost aldiz ospitaleratu behar izan naute. Pentsatu izan dut zerbait gertatuz gero nahi nuela zerbait utzi, jendearentzat baliagarria izaten ahal zen zerbait. Aldi berean, Josep Carreras fundazioarekin harremana izan dut. Nire kasuaren berri emateko eskatu zidaten. Idazten hasi, eta ohartu nintzen paragrafo bat baino gehiago idatzi nahi nuela. Minbizia izan nuenean ere, eguneroko bat idatzi nuen.

Eguneroko hori hartu duzu abiapuntu?

Ez naiz egunerokoa berriz irakurtzeko gai izan. Beldur nintzen, gaizki pasatutako uneetan idatzitakoa berriz irakurtzeko beldur. Horren ordez, garai horretako argazkiak erabili ditut memoria freskatzeko. Argazkiei lotutako sentsazioak baliatu ditut. Nire asmoa da nire esperientziaren bidez bertzeak laguntzea.

"Zerbait gertatuz gero", erran duzu.

Minbizia gainditu nuen, baina gaixotasunak arrasto sakona utzi dit. Birikak gaizki ditut. 2010-2011. urtean jada medikuek ohartarazi zidaten transplantea beharko nuela. Baina ezin didate egin.

Zergatik ez?

Erradioterapiak utzitako arrastoagatik. Birikak erre dizkit, eta, ondorioz, zainek eta arteriek bat egin dute birikekin, eta masa homogeneo baten gisako zerbait sortu dute. Hori dela eta, hagitz zaila izanen litzateke birika zain eta arteria horietatik bereiztea ebakuntza batean. Biriken egoerak okerrera eginen duela badakit.

Zer moduz zaude orain?

Iaz oxigenoa behar izanen nuela pentsatu nuen, ibiltzen nintzenean oxigenoaren asetasun mailak nabarmen egiten zidalako behera. Udan botikak aldatu dizkidate, eta hobera egin dut. Baina badakit joera hori izanen dela. Halere, nik argi utzi nahi dut gauza bat: minbizia gogorra izan zela, baina, hala eta guztiz ere, gerora ere osasun arazoak izan baditut ere, lortu dudala disfrutatzea eta bizitzaz gozatzea. Hori nabarmendu nahi dut. Horregatik idatzi dut liburua. Tratamenduek merezi izan dutela argi errateko. 2006an hasi nintzen, eta 2019an gara jada. Merezi izan du. Gauza anitz egin ditut, agian minbizia izan ez banu egin izanen ez nituzkeenak.

Liburuan idatzi duzu medikuek eufemismoak erabiltzen dituztela minbizi hitza ez errateko; zuk, berriz, zoriontasunarekin lotu duzu.

Medikuek tumore edo masa deitzen zioten minbiziari, nire kasuan. Eta gaixotasunak niri mundu berri bat ekarri dit. Gauza txikiei duten balioa ematen hasi nintzen, lagunekin eta senideekin pasatutako une guztiak gozatzen, pentsatuz azkena izan zitekeela.

Erasmus programan parte hartzeko ahalegina izan zen egindako handiena?

Hori zen nire ametsa, eta amore ez ematea erabaki nuen. Hamar hilabete egon nintzen Bruselan. Gaizki nengoen, eta uste nuen hilabete eskasa eman ahal izanen nuela kanpoan, baina azkenean hamar izan ziren. Hemengo hematologoarekin emailez aritzen nintzen. Lizentzia jasotzera etorri nintzenean, probak egiteko baliatu nuen egonaldia. Han ere, Bruselan, hilabetean behin joaten nintzen ospitalera, behar nuen botika hartzera.

Gaizki egoteko aukera ere eman diozu zeure buruari?

Bai, hori ere behar da. Hasiera izan zen zailena, niretzat. Onartzeko prozesua ez da erraza. Minbizia nuela erran zidatenean, ezin nuen sinetsi. Gaztea nintzen, kirola egiten nuen, ez nuen erretzen, ez nuen edaten.

Errudun sentitu zinela ere erran duzu. Zergatik?

Gaixotasuna onartu eta gero, errudun sentitzen hasi nintzen, pentsatzen nuelako gaixo nintzela behar bezala ez nuelako zaindu neure burua. Onartu behar dut, era berean, tratamendua amaitu eta gero proba bat egin eta gauzak argi atera ez zirenean, berriz ere minbizia izateko arriskua mahai gainean jarri zidatenean, erabakia hartu nuela uko eginen niola tratamendua berriz ere hartzeari. Bidaia bat nuen prestatua familiarekin, baina egun horietan probak eginen zizkidatela erran zidaten. Ezetz erantzun nien. Nahiago nuela familiarekin egon. Azkenean, minbizia ez zen itzuli.

Zure esperientzia kontatzeko, Itxaso izeneko pertsonaia eta haren taekwondoko maistra sortu dituzu. Zergatik?

11 urte nituenean hasi nintzen taekwondoa egiten. Kirol horri lotutako kultura maite izan dut beti. Horregatik baliatu nahi izan ditut liburuan taekwondoa egiten nueneko hainbat elementu. Gaixotasunari aurre egiten ere lagundu dit taekwondoan ikasitako guztiak, arnasa hartzeko, kontzentratzeko. Azkenean, taekwondoarena nire mundua da, eta liburuan sartu nahi izan dut. Taekwondoan kolore ezberdinetako gerrikoak erabiltzen dira zure garapena islatzeko; liburuan, kolore ezberdinetako pagodak erabili ditut gaixotasunaren inguruko prozesu guztia islatzeko, prozesu horretan izan dudan garapena islatzeko.

Taekwondoa egiteari utzi behar izan diozu. Gogorra izan da?

Bai, anitz maite dudalako. Halere, orain nagoen bezala nago kirolaren esparruan urratsak egiten ahalegindu naizelako. 2011n eta 2012an Donejakue bidea egin nuen oinez, eta, anitz sufritu banuen ere, lagundu zidan biriken gaitasuna handitzen. Taekwondoarekin ere saiatu nintzen, baina utzi egin behar izan nuen. Garai batean gihar anitz galdu nuen, eta edozein ariketa fisikok sekulako axubetak eragiten zizkidan. Baina kirolak lagundu zidan eusten. Ahal dudanean, maite dut paseoak ematea.

Urtean zure minbizi motako diagnostiko bakarra omen dago Nafarroan, eta zu baino pertsona zaharragoetan. Zuk izan zenuen urtean, ordea, bi izan zineten, biak emakume gazteak. Zergatik ezagutu nahi izan zenuen bertze emakume hori?

Ospitalean bat egin genuen. Bitan egon ginen elkarrekin. Haurdun zegoen, eta hasieran uko egin zion tratamenduari. Ukitu egin ninduen horrek. Ez dut haren bertze berririk izan.

Eta orain?

Orain bizitzaz gozatzen jarraitu nahi dut. Bai eta idazten ere.

Iritzia: Kuskusa eta manifa

Saioa Alkaiza

Sasi-esklabotza egoeran lan egiten zuten Azkoiengo baratzeetako langileek, LAB sindikatuak salatu duenez: 14 ordurainoko lanegunak; aparteko ordainsaririk jaso gabe baratzeetan pasatutako jaiegunak; kontratu mugagaberik ez, enpresan urteak pasatu arren… Noiz eta 2017ra arte, hauteskunde sindikalak egin, eta egoerak hobera egin arte: esaterako, zazpi ordura murriztu zen lan jarduna oinarrizko lan baldintzetara gerturatzeko urratsa, ez inongo pagotxa.

Eta aurrerapausoak errepresioa dakar berarekin; kaleratzeak izan dira harrezkeroztik, langileek eurek jakinarazi dutenez, lortutako lan baldintzen hobekuntzari erantzunez. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk laburbildu du egoera: "Enpresak ez du ongi hartu sindikatuen garaipena, eta errepresioaren, kaleratzeen eta zigorren bidez erantzun du". Sorgin ehiza izan da.

Eta horren aurrean zer egin? Bada, greba mugagabea, lantoki aurreko protestak, herri harresia, Iruñeko manifestazioa... bi hitzetan, antolakuntza eta borroka. Eta subkontzientean, kanta bat, iltzaturik ia: Hokoke, hokoke. Damun fi oroke. Lan hansaha lau admuni, patronalaren aurrean kantatzen dutena; eta, miresmenez, lelo bat, itsasgarrietan: "Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahantziko".

Nork eta, ia-ia gehien-gehienean, migratzaileek osatutako taldeak, nork eta zapalkuntza baldintza gogorrenak pairatzen dituztenetako batzuek, nork eta, oro har, bestelako borroketan ahanzten ditugun horiek.

Houssine Yagoubi langile batzordeko presidentearen esanetan, ez dira "poliziaren kolpeak" min ematen dietenak, "kideen kaleratzeak baizik", eta, horregatik, antolatzen segituko zutela iragarri zuen, egoera irauli arte. Errealitateak egia zioela erakutsi digu. Duintasunaren irudia izan da Azkoiengo baratzeetan ukabila altxatutako horiena.

Duintasunarena eta herri honen konplexutasunarena. Izan ere, arabieraz, gaztelaniaz eta euskaraz egin dute aldarri langileekiko elkartasunez bildutakoek mobilizazioetan non eta Azkoienen, gainera, Nafarroako eskuinak eremu ez-euskalduntzat duen horretan; izan ere, dantza eta salto egin dute Huertas de Peraltako langileek, borrokan oihukatu bitartean, Euskal Herriko langile mobilizazioetan ohi ez bezala, protesta praktika berriak gehituz; izan ere, sindikatu abertzale batekin atera dira langileok kalera, nortzuk eta xenofoboen mira puntuan daudenak. Bati baino gehiagori buruak eztanda eginen dio, segur aski, egunotako argazkiak ikusita.

Eta eredugarritik bezainbeste garaipenetik duen Azkoiengo Huerta de Peraltako langileen gatazka honek utzi beharko liguke denoi zer pentsatua auzi sindikalaz gaindi, nire ustez.

Barne arrak koxk egin baitit ikusterakoan zeinen kontent jaten dugun Azkoiengo protestaren ondoren prestatutako kuskusa eta zer-nolako ilusioa egiten diguten leloek beste hizkuntza exotikoetan, zeinen jatorrak bestetzat ditugun horiek guretzat zilegi diren borroketan sartuta. Etxe azpiko denda arabiarrean, ordea, ez naiz inoiz sartu.

Eredua aldatzeko beharra

Eredua aldatzeko beharra

Edurne Elizondo

Ez gara gure lana ongi egiten ari. Gaitasunik eza erakusten dugu pertsona bat lotzen edo gogoz kontra ospitaleratzen dugunean. Gaitasunik eza profesional gisa, bai eta gizarte gisa ere; gure balioak huts egiten ari dira, eta bada garaia neurriak hartzeko".

Elena Beristain gizarte langileak erran ditu hitzok, Nafarroako Giza Eskubideak eta Buruko Osasuna plataformak antolatutako lehendabiziko jardunaldian. Iruñean egin dute, asteon. Bat egin dute, eztabaidatzeko asmoz, buruko osasun zerbitzuotako profesionalek eta erabiltzaileek, eta gai zehatza jarri dute mahai gainean: erabiltzaileok lotzeko eta beren gogoz kontra ospitaleratzeko edo tratamenduak emateko sistemak. Beristainek uste du halakoek ereduaren porrota erakusten dutela. Giza eskubideak urratzen dituztela nabarmendu dute, berriz, lotu eta behartu dituztenek, eta pertsonak prozesuaren erdigunean jartzeko beharra onartu dute profesionalek. Eredua aldatzekoa, alegia.

Eztabaidari eusteko garai egokia da, kontuan hartuta Nafarroako Gobernua 2019-2023rako III. Buruko Osasunerako Plana prestatzen ari dela. Lehendabiziko agiria prest du jada Osasun Departamentuak, eta berriki plazaratu du. Orain, ekarpenak egiteko garaia da, testuak Nafarroako Parlamenturako bidea hartu baino lehen. "Oro har, aurreko planen bide beretik doa oraingoa ere", laburbildu du Jose Antonio Intxauspe psikiatra eta plataformako kideak.

"Ontzat" jo du planak helburu gisa hartu izana inor ez lotzea, eta buruko osasun zerbitzuetan eskaintzen den arreta humanizatu nahi izatea. Kezkatzeko arrazoiak ere badirela erran du Intxauspek, halere. "Tratamendu eta protokolo zurrunak ezartzen dira; diagnostiko bera duten bi pertsonaren kasuan, tratamendu bera ona izan daiteke batentzat, eta txarra bestearentzat; alternatibak behar ditugu, ez protokolo bakar bat, denei berdin ezartzeko", erran du psikiatrak.

Gobernuaren plana ez da mahai gainean dagoen testu bakarra; bada Giza Eskubideak eta Buruko Osasuna plataformako kideen kezka piztu duen bertze agiri zehatz bat: Oviedoko Hitzarmenaren Protokolo Gehigarria izenekoa, alegia. Oviedoko Hitzarmena Europako Kontseiluak bultzatutako akordio bat da, giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzkoa. Orain mahai gainean jarri duten protokolo gehigarriaren asmoa da nahi gabeko tratamendu anbulatorioa baimentzea.

"Giza eskubideen esparruko erakundeak eta erabiltzaileen elkarteak protokolo horren kontra agertu dira, argi eta garbi", erran du Intxauspek. Espainiako Gobernuari eskatu diote ez dezala sinatu, hain zuzen ere.

Gobernuak esku artean duen buruko osasunerako plan berriak ez du protokoloari buruzko aipamenik jasotzen. Intxauspek ohartarazi du, halere, aipamenik eza ez dela protokolo horren aurkako berme. Ezagutarazi du irailean barne jardunaldi bat antolatu zuela Osasun Departamentuak, eta lan saio horretan Oviedoko Hitzarmenaren Protokolo Gehigarriaren auzia jorratu zutela. "Epaile bat etorri zen, eta defendatu zuen nahi gabeko tratamendu anbulatorioa ezartzeko aukera", azaldu du psikiatrak.

Egun, Nafarroan, horrelakorik ez da egiten. Gertatzen dira, halere, gogoz kontrako ospitaleratzeak. "Jardunaldira etorri zen epaileak horrekin lotu zuen nahi gabeko tratamendu anbulatorioa ezartzeko aukera, hain zuzen ere", argitu du Intxauspek.

Ospitaleratzea tratamendu anbulatorioa baino neurri gogorragoa litzateke, eta gehiago mugatuko luke zerbitzuko erabiltzaileen askatasuna. "Gehiago mugatzen duena onartzen bada, hainbeste mugatzen ez duena ere ontzat ematen dela uler daitekeela adierazi dute protokoloaren aldekoek", erran du Intxauspek. Gaia "pil-pilean" dagoela erantsi du psikiatrak, eta "adi" egoteko beharra badela, ondorioz.

Beharra bada, batez ere, buruko osasunaren auzian "giza eskubideen betaurrekoak" jartzeko. Horixe nabarmendu du Irene Muñoz abokatuak, Iruñean egindako jardunaldian. Espainiako Buruko Osasunaren Konfederazioko kidea da, eta gogoratu du Nazio Batzuen Erakundeak ezintasun psikosoziala dutenen eskubideak bermatzen dituela. Aniztasun mentala dutenak lotzeak, edo gogoz kontra ospitaleratzeak edo tratamendua emateak ekartzen du beren giza eskubideak urratzea.

Horixe berretsi du Mejorana elkarteko kide Manuel Vazquezek, argi eta garbi. Aniztasun mentala duten pertsonen elkartea da Mejorana, eta beren ahalduntzea bultzatzeko egin du lan, azken urteotan. Giza Eskubideak eta Buruko Osasuna plataformako kide eta sustatzaile ere bada Mejorana. Jardunaldian hartu du hitza Vazquezek, eta han direnei zuzen erran die: "Hemen gauden hainbat pertsona torturatu egin gaituzte; hemen zaudeten anitzek lantoki duzuen espazioetan torturatzen dute".

Buruko osasunaren esparruan ari diren profesionalei galdera zehatza egin die Mejoranako kideak. "Noiz arte onartuko dugu hau gertatzea?". Gogoratu nahi izan du lotuta hildako azken pertsona: Bartzelonako 27 urteko gizon bat. Polizia etxera joan zen, gogoz kontra ospitaleratzeko. Lotuta hil zen. "Denbora kontua baino ez da hemen antzeko zerbait gertatzea", erran du Vazquezek.

Orain arte, daturik gabe

Orain arte, Nafarroako ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan lotzeko sistemak zenbat eta nola erabiltzen zituzten jakiteko daturik ez zen. Nafarroako Gobernuak urte hasieran erabaki zuen informazio hori jasotzen hastea. Otsailetik dituzte unitate horietan datuak hartzeko fitxak. Intxauspek nabarmendu du, halere, datu horiek ezagutzeko "zailtasunak" izan dituela plataformak. Ekainean eskatu zituen, aurreneko aldiz, eta gobernuaren ezezkoa jaso zuen, interesekoak ez zirelakoan. Plataformak Nafarroako Gardentasun Batzordera jo zuen, ondorioz, eta haren bidez jaso ditu datuak, azkenean, hil honetan.

Urriaren 31ra bitarte, gogoz kontrako 162 ospitaleratze gertatu dira Nafarroako zentroetan; Ospitaleratze psikiatriko guztien %22, alegia, 746 izan baitira denera. Ospitaleratze horietako hainbatetan zerbitzuko erabiltzaileak lotu egin dituzte profesionalek: ospitaleratzeen %16,2tan, ekainean; %25,2tan, berriz, abuztuan. Gizonak lotu dituzte, batez ere: %57 izan dira. Asaldura aipatu dute profesionalek pertsonak lotzeko arrazoi nagusi gisa. "Ez da batere kontzeptu objektiboa", azaldu du Intxauspek.

Pertsona bat lotzeak ekartzen duen guztia nabarmendu du psikiatrak. Mejorana elkarteko Sandro Iabonik bere esperientziaren berri eman du, hain zuzen ere, jardunaldian parte hartu dutenek uler dezaten lotzea zer den.

"Gogorra" egin zaio hitza hartzea Mejoranako kideari, baina "beharrezkotzat" jo du. Opor batzuen bueltan psikiatrarekin hitz egin eta gero erabaki zuen Iabonik, bere kabuz, ospitaleratze psikiatrikoko unitate batera joatea. "Hobera egiteko asmoz". Gogoratu ditu oporretako antsietate eta izu krisiak, bueltan sentitu zuen ezinegona, eta psikiatrarekin egon eta gero sinetsi zuela ospitalean osatuko zela.

Kontrakoa gertatu zitzaion. "Ustez hobeki nintzelako senda-agiria eman zidatenetik, haluzinazioak eta eldarnioak baditut, eta ahotsak entzuten ditut". Unitatean pasatakoa jo du Iabonik bere egoeraren erantzule. "Gaizki nengoen, nahastuta, psikologoarekin hitz egin nahi nuen, baina ez nuen aukerarik. Une batean, lurrean eseri nintzen. Langile batek handik altxatzeko erran zidan; nik ez nuen nahi. Bertze pertsona bat etorri, eta bien artean eraman ninduten. Lotu egin ninduten ohera. Gerritik gora ezin nintzen mugitu".

Lotu zuten gelara sartu baino lehen, handik ateratzen ziren oihuak entzun zituen Mejoranako kideak. "Nik ere oihu egin nuen, baina neure baitarako: bustita nengoen, lotsatuta". Iabonik gogoratu du gertatu zenak "gizatasuna kendu" egin ziola. Eta bazuela, bertze deus baino gehiago, norbaitek errateko zuena entzuteko beharra.

Jardunaldira joan direnen artean psikologo batek "hunkituta" hartu ditu Mejoranakoaren hitzak. "Zuek psikologoak eskatzen dituzue; deitzen gaituzue, baina gu ezin gara joan", salatu du. "Esparru publikoan toki txikia betetzen dugu, eta horrek frustrazioa eragiten digu".

Dibertsitate mentala dutenek Iabonirekin bat egin dute, plataformak antolatutako jardunaldian. Entzun ditzaten behar dutela erran dute. Malgutasuna eskatu dute prozesuetan, eta zerbitzuetako erabiltzaileen borondatea kontuan hartzea. Profesionalek ere beharrezkotzat jo dute egungo zurruntasuna bazter uztea. Hainbat herritan erabiltzaileak lotzeko sistemarik ez dela nabarmendu dute. Badirela psikiatriaren esparruan bertzelako bideak. "Lantaldea osatu behar dugu profesionalok eta erabiltzaileek", berretsi du Elena Beristainek. Elkarrekin aritzeko beharra badutela. Irene Muñoz abokatuak gogoratu du giza eskubideen betaurrekoak erabiltzeko beharra ere badela. "Bihar ni izan naiteke buruko osasun zerbitzuetako erabiltzaile; nahiko nuke ohe batera lotzea?".

Azken agurra militanteari

Azken agurra militanteari

Edurne Elizondo
Hamaika arlotan eta proiektutan murgildu zen Josu Goia. Politikaria, musikaria, eskultorea eta idazlea izan zen, bertzeak bertze. Gizon polifazetikoa. Igandean, halere, Josu Goia militantea omenduko dute, Beran, haren sorterrian. Sortuk...

Iritzia: Politikoki zuzena

Jon Barberena Ibarra
Pasa den astean barrideak erran zidan aspaldian ez zela medikuarenerat joan. Berak ba omen daki izartxoz betea izanen lukeela informea odolaren analisia eginez gero. Egunerokoan daraman bizimodu sedentarioak, eta jateko eta edateko...

Kontatzeko gogoa eta beharra

Kontatzeko gogoa eta beharra

Edurne Elizondo

Batetik bertzera dabiltzan pertsonak dira Munduko Medikuen azken kanpainako protagonista; gelditzen ez direnak. Hemen bizi diren migratzaileak dira; batetik bertzera arrazoi batek edo bertzeak bultzatuta mugitu behar izan dutenak. Hemen jaiotakoak ere badira kanpainako kide; migratzaileen aldeko lanean dabiltzanak dira; zeregin horretan gelditzen ez direnak.

"Gurean bizi diren migratzaileen atzean era askotako bizipenak daude; hamaika esperientzia eta istorio. Horiek kontatu nahi izan ditugu", azaldu du Munduko Medikuak elkarteko boluntario eta kazetari Isa Egigurenek.

CEAR eta Gurutze Gorria erakundeekin egindako lanaren ondorioz sortu da kanpaina martxan jartzeko ideia. "Errefuxiatuak herrialdera ailegatzen hasi zirenean, hainbat boluntario hasi ginen haiekin lanean. Eta orduan ohartu ginen bazutela hitz egiteko gogoa eta beharra; kontatu nahi zituztela beren istorioak".

Hitz egin nahi zuten horien ahotsa jaso du kanpainak, hainbat bideoren bidez. Argazki erakusketa ere osatu dute, migratzaileon mezu nagusiekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakutsi dute jada, eta asmoa da, aurrerantzean, herrialdeko eskola, institutu eta elkarteetara eramatea. "Hain ohiko ez diren tokietara ere ailegatu nahi dugu oraingoan", zehaztu du Egigurenek. Iruñeko peñak aipatu ditu, adibidez. "Arrosadiko batean izan gara jada, eta esperientzia hagitz polita izan da. Bi errefuxiaturekin hitz egin ahal izan zuten bizilagunek".

"Pertsonak ezagutzea ezinbertzekoa da beren atzeko istorioak jasotzeko eta haiekin bat egiteko". Isa Egiguren kazetariak argitu du istorio horietako anitz "gogorrak" direla, eta "gogorra" dela, halaber, Nafarroan aurkitu dutenari buruz anitzek duten iritzia.

Arrazakeriaren auzia mahai gainean jarri dute kanpainan parte hartu duten migratzaileetako batek baino gehiagok, adibidez. "Migratzaileen asmo nagusia da lan egitea; aurrera egin ahal izateko lan bat aurkitzea; baina anitzentzat zaila da", salatu du Egigurenek. Etxebizitza alokatzeko ere oztopoak izaten dira nagusi migratzaile anitzen kasuan, nabarmendu dutenez.

"Guri ere badagokigu horri aurre egitea, gogoeta egitea eta egoera aldatzeko lan egitea", erran du Egigurenek. Kanpaina prestatzeak, hain zuzen ere, "anitz irakatsi" diola onartu du Munduko Medikuen boluntarioak. Kanpainaren bidez jasotako materialaren bidez horixe bera lortu nahi dute gizarte osoarekin. "Entzun behar dugu bertzeek errateko dutena; entzun eta ikasi, zer kontatu badutelako".

Bertzeek errateko dutena entzutea, egun, are garrantzitsuagoa dela argi du Egigurenek. "Migrazioaren aurkako diskurtso hagitz gogorra zabaltzen ari da eskuina, eta gelditu egin behar dugu; aurre egin behar diogu", nabarmendu du.

Munduko Medikuen kanpainak horixe egin nahi du, hain zuzen ere. Migratzaileek eta hemen haiekin lan egiten dutenek hartu dute hitza horretarako, beren diskurtsoen berri emateko. Mahai gainean jarri dituzte gauza onak eta txarrak, denen gogoetak bultzatzeko asmoz. Ondokoak dira parte hartu dutenetako batzuen hitzak.

JUDITH DJOULE

Kamerungo migratzailea

"Afrikarron inguruko estereotipoak apurtzen lagundu nahi dugu"

Kamerundik ailegatu zen Judith Djoule Nafarroara. Alabarekin etorri zen, senideak elkartzeko programaren bitartez. "Sorterrian lana nuen; hemen hobeki prestatu eta lan hobe bat aurkitu ahal izanen nuela uste genuen". Djoulek lan on bat lortzeko zuen esperantza enplegu zerbitzuan zapuztu zuten, ordea. "Kamerunen saltoki bateko kutxan egiten nuen lan. Hemen lan bila hasi nintzenean, gisa horretako enpleguak ahazteko erran zidaten; inoiz kutxa batean beltz bat ikusi ote nuen galdetu zidaten", salatu du Djoulek. "Zur eta lur gelditu nintzen".

Afrikako hainbat herritako emakumeek 2010ean sortutako Afrikako Lorea elkartearekin bat egitea erabaki zuen Djoulek. "Gure arteko harremana sendotu nahi dugu, eta, aldi berean, Afrikako emakumeon inguruko estereotipoak apurtzen lagundu", azaldu du.

Arrazakeriari ere egin nahi dio aurre elkarteak, eguneroko gaitza baita. "Beltzoi modu arraroan egiten digute so", erran du Djoulek, argi eta garbi. Kamerungoak argi du ezberdintasun nagusia hizkuntza dela. "Badugu bertze kultura bat, baina horrek aberasten gaitu; aurreiritziek min egiten digute".

Ondokoa ezagutzeko ahalegina eskatu die Djoulek nafarrei. "Ondokoa ezagutzen baduzu, informazioa baduzu, aurreiritziak desagertzen dira, eta koloreak muga izateari uzten dio".

ELIZABETH

El Salvadorreko errefuxiatua

"Beldurrak jota bizi ginen; hemen hasi gara beldur hori bazter uzten"

Asilo eskatzailea da El Salvadorreko Elizabeth. Senarrarekin bizi da Nafarroan. Sorterritik atera behar izan zuten heriotza mehatxuak jaso zituztelako. "Indarkeria eguneroko kontua da han; ezin genuen karrikatik ibili", gogoratu du. Guatemalara joan ziren, eta handik Bartzelonara. Azkenean, Iruñera.

Ezintasuna du Elizabethek, eta aulki gurpilduna behar du mugitzeko. "Ezagutzen ez ninduen hemengo pertsona batek eman zidan, ailegatu nintzenean. Biziki eskertua nago. Busean, arazorik gabe mugitzeko aukera dut. Sorterrian ezin nuen hori egin". Iruñeko giro "lasaia" eskertzen du Elizabethek. "Sorterrian beldurrak jota bizi ginen; hemen hasi gara beldurra bazter uzten".

Zailtasunak ere badituzte, halere. Lana da nagusietako bat. "Inork ez gaitu ezagutzen, eta kosta egiten zaigu lana lortzea". Asilo eskatzaile izanda, lan egiteko txartela eskuratu dutela azaldu du. Prozesuak aurrera egin ahala zer gertatuko den ez dakiela zehaztu du, halere: "Pasaportea ematen digutenean lan egiteko txartela kentzen badigute, zer eginen dugu?". Zalantzak eta kezkak ditu Elizabethek etorkizunari buruz.

UNAI BEROIZ

Fotokazetaria

"Kameraren aurrean duzuna errespetatu behar duzu"

Unai Beroiz fotokazetariak bere aisialdia eta bere baliabideak erabili ditu, azken urteotan, migratzaileen errealitatearen berri emateko. 2015ean Turkian izan zen, Dani Burgi eta Luis Carmonarekin batera, Europara ailegatzeko txalupetan sartzen ziren errefuxiatuekin. 2017an, Melillako mugan egon zen, bertzeak bertze, salgaiak alde batetik bertzera pasatzen lan egiten duten emakumeen egunerokoa kontatzeko. "Bidegabekeriak salatzea da kazetariaren betebeharra; guri dagokigu behar gehien duen jendea jartzea erdigunean, gertatzen ari zaienaren berri ematea", erran du. Argi du, halere, denak ez duela balio. "Kameraren aurrean duzuna errespetatu behar duzu; badira gainditu ezin daitezkeen mugak".

Turkian, Europara sartu nahi zuten errefuxiatuen beldurraren lekuko izan zen. "Engainatuta ailegatzen ziren txalupa hartu behar zuten hondartzara. Uste zuten segurtasunez bidaiatu ahal izanen zutela, baina txalupa txiki batean 50 pertsona sartzen zituzten. Mafiak zuen agintea, eta mehatxupean zituzten errefuxiatuak. Bidea motza zen, baina arriskuz betetakoa".

Melillan, "esklabotzaren pareko" lan baldintzetan ari ziren pertsonen egunerokoa islatu zuen Beroizek bere kameraren bidez. Parlamentuan dira egunotan Beroizek eta Dabid Sanchezek errefuxiatuen errealitatearen berri emateko egindako argazkiak.

VIJITHA

Sri Lankako errefuxiatua

"Ez dut laguntzen menpe egon nahi, lan egin nahi dut aurrera egiteko"

Sri Lankatik etorritako errefuxiatua da Vijitha. "2009. urtean jende anitz hil zuten sorterrian; jende anitz desagerrarazi zuten. Ez dago segurtasunik emakumeontzat, ez dago segurtasunik gazteentzat. Jada gerrarik ez da, baina arazoak ez dira desagertu. Ezin ginen han gelditu, ezin ginen han bizi", kontatu du srilankarrak.

Nafarroan, zailena hizkuntza izan dela erran du Vijithak. Bai eta arrazakeriari aurre egin behar izatea ere. Batez ere, alabak sufritu zuelako eskolan. "Beltza erraten zioten, irain gisa. Gaizki pasatu zuen, denok pasatu genuen gaizki. Orain egoerak hobera egin du, baina zaila izan zen hasieran".

Bertze migratzaile anitzek bezala, lana eta etxebizitza bilatzeko unean izandako zailtasunak nabarmendu ditu Vijithak ere. "Hamaika curriculum banatu ditut; toki guztietan utzi dut; baina ez didate deitu ere egiten. Esperientziarik ez izatea da arazoetako bat; gure azalaren koloreak ere badu zer ikustekorik. Nik ez dut laguntzen menpe egon nahi, nik lan egin nahi dut aurrera egin ahal izateko".

Lanik gabe, etxebizitza edo gela bat lortzeko lana are zailago bilakatzen dela erantsi du errefuxiatuak. "Gela bat alokatzeko ere eskatzen dizute lan kontratua". Sorterrian duten guztia partekatzen dutela azaldu du Vijithak, eta anitz harritu duela hemen berdin gertatzen ez dela ikusteak.

GABRIELA CALOFIR

Errumaniako migratzailea

"Integrazioak erran nahi du nik nirea ahaztea; hori aldatu behar dugu"

Munduko Medikuen Zure auzoa, zure etxea programako bitartekaria da Gabriela Calofir, Iruñeko Arrosadia auzoan. Errumaniarra da, eta ijitoa. "Errumaniako emakume ijitook plazan egiten genuen bat. Behin, Munduko Medikuak elkarteko kide bat etorri zen guregana, eta haren bidez egin nuen bat beren alfabetatzeko programarekin".

Munduko Medikuen programarekin bat egin zuten emakumeen artean Calofir zen bere hizkuntzan irakurtzen eta idazten zekien bakarra. "Bertzeak laguntzen hasi nintzen". Orain, zeregin hori bere lana du. "Errefuxiatuekin lan egiteko garrantzitsua da inguruko norbait izatea, beren errealitatea ezagutzen duen norbait izatea", nabarmendu du.

Argi du 50 edo 60 urteko emakume anitzentzat zaila dela, orain, idazten eta irakurtzen ikastea. "Baina programak elkarrekin egoteko eta hitz egiteko aukera ere ematen digu; eta hori ona da guztiontzat".

Nafarroan ez da dena erraza izan Calofirrentzat. "Jendeak epaitzen gaitu; arrazakeria bada ijitoen kontra; sentiarazten digute ez dutela gu hemen egotea nahi. Familia, etxea, dena utzi dut nik atzean aurrera egin ahal izateko. Integrazioa aipatzen dizute. Baina horrek erran nahi du nik nirea ahaztu behar dudala. Hori aldatu behar dugu".

BEGOÑA ZESTAU

Zaska sareko kidea

"Pentsaraztea da kontua, zurrumurrua zabaldu baino lehen"

Migratzaileen inguruan zabaltzen diren zurrumurruen aurka egitea hartu dute helburu Zaska sareko kideek, zurrumurru horien atzean dauden estereotipoak eta aurreiritziak agerian uzteko asmoz. Duela bi urte osatu zuten sarea, eta duela gutxira arte barne lana egiten aritu dira kideak, formakuntza jasotzen eta trebatzen, alegia. Orain bertzeak prestatu eta trebatu nahi dituzte, sarea zabaltzen jarraitzeko. Herritarren artean gogoeta piztu nahi dute. "Pentsaraztea da kontua, zurrumurrua sare sozialetan zabalduko duen botoia sakatu baino lehen", erran du sareko kide Begoña Zestauk.

Sarea, finean, "gizartean zabaltzen ari diren diskurtso baztertzaileen aurka egiteko" sortu dute. 30 erakundek baino gehiagok egin dute bat jada Zaskarekin. "Diskurtso baztertzaile horien atzean dagoena agerian utzi nahi dugu; errora joan, eta zurrumurruak ekartzen dituzten egoerei aurre egin".

ABED

Irakeko errefuxiatua

"Jakin dezatela babes bila datozenek zergatik egiten duten ihes"

Duela ia 35 urte atera zen Abed Irak bere sorterritik, baina, oraindik ere, herriminak jotzen duela onartu du. "Gauez, nire hizkuntzan egiten dut amets, eta horrek, nolabait, etxearekin lotzen nau". Azken urteotan bizpahiru aldiz joan da bisitan. Etxea zuen tokian lurra baino ez dago jada. Baina jaio zen tokira itzuli zen, behin eta berriz, Abed.

Kurdua da Abed, eta Bagdaden jaio zen. Iranera mugitu zen, lehendabizi, familiarekin. Gero Alemaniara. Handik ailegatu zen Iruñera. Ederki daki errefuxiatu batek ezagutzen ez duen toki batera heltzen denean zer sentitzen duen: "Behar du besarkada bat eta irribarre bat. Eta behar du, batez ere, informazioa". Nafarrei eskaera zehatza egin die. "Jakin dezatela babes bila datorren jendeak zergatik egiten duen ihes. Dena uzten dute atzean, eta ez da batere erraza".

Aurrera egiteko, helburuak zehaztea funtsezkoa dela nabarmendu du Abedek. "Herriminak jotzen bagaitu ere, ezin dugu atzera begira bizi; aurrera egin behar dugu; etorkizunari egin behar diogu so".