Iritzia: Edo halako zerbait

Lur Albizu Etxetxipia

Ez nintzen gogoratzen aurrekoan idatzi nuenaz; eta konturatu naiz antzekoaren inguruan idaztea nuela pentsatua.

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut agian noizbait gure zilborra begiratzeari utzi beharko geniokeela; asko gustatzen zaigu gutaz, gureaz, geure ingurukoaz hitz egitea. Bueltak ematen dizkiogu gureari, eta askotan ahaztu egiten zaigu ondoak baduela zer kontatua, interesatzen zaigula eta akaso erabilgarria ere izan litekeela. Gaurkoan kontrakoa esanen dut: hasiko gara gure zilborrera begiratzen, pixka bat bada ere?

Dagoeneko ez dakit denborarik zenbatzen. Egunak eta asteak daramatzagu Kataluniara begira eta hangoak ezagutu nahian, handik ikasi nahian. Asko joan gara azken hilabetean harantz; ez bakarrik lagundu nahi genuelako edo zer gertatuko zen ez genekielako, baizik eta gu ere garaipen gosez gaudelako. Guk ere nahi dugulako eta inbidia pixka bat ere (ona eta txarra) badiegulako katalanei. Ezin sinetsiaren, miresmenaren, zalantzaren, pozaren, harriduraren eta itxaropenaren artean mugitu dira gure sentimendu nahasiak, bipolaritate dosiak jota. Ez dut gaur haiei buruz hitz eginen, hau irakurtzen duzuenerako aurreikusi ahal izan gabeko mila gauza gertatzea posible delako.

Eta berriz galdetzen diot neure buruari: hasiko gara hemen zerbaitetan? Zein aukera izanen dugu hau baino hoberik datozen urteetan? Horrelako beste agertokirik egonen da? Posible izanen ote da zerbait martxan jartzea?

Kataluniako prozesua hemen jar liteke martxan? Ez. Ez, nire ustez, eta ez behintzat modu eta erritmo berdinetan. Euskal Herria is different, eta Nafarroa, bereziki, ere bai. Baina ez dezagun ahatz Nafarroan bertan zer-nolako sentsibilizazioa dagoen foruekiko eta nafar burujabetzarekiko —ez dugu gaur hitz eginen benetan zein burujabetza maila dugun eta benetan ez ote diren foruak paper bustia—. Eta ez dezagun ahatz inor gutxik amestuko zuen aldaketa instituzionala izan zela duela bi urte Nafarroan. Azken hori ezinezkoa litzateke eta ezin da ulertu herri mobilizazio eta kale aktibaziorik gabe.

Burujabetzaz ari garela, dagoeneko hemezortzi dira Espainiak atzera bota dituen foru legeak. Burujabetzaz ari garela, kaleak martxan jarraitzen du, eta eragileak ere aurrera doaz proiektu eta mugarri berriekin; adibidez, heldu den urteko ekainaren 2an Iruñean eginen den Alternatiben Herria.

Egun horretarako jadanik badira hainbat kolektibo, eragile eta norbanako horretan lanean: badakigu sistemaren kontra joan nahi dugula, baina zer eraiki nahi dugu? Nolako Nafarroa? Nola eraikiko dugu burujabetza gure bizitzako alor guztietan? Nola planteatu alternatibak parte-hartze ereduetan, lanean, energian, garraioan, elikadura burujabetzan, gure harremanak izateko moduetan, hezkuntza sistema propioan, geure gorputzak bizitzeko moduetan, gure bizitzetan? Zein paper jokatu du honek guztiak Katalunian? Hasiko gara mintzatzen? Jarriko d(it)ugu erdigunean burujabetza prozesua(k)?

Izebaren sakeari ilobak egin dio orain errestoa

Izebaren sakeari ilobak egin dio orain errestoa

Edurne Elizondo

Utzi? Ezta pentsatu ere! Ametsa betetzen ari naiz!". 8 urte zituenean hasi zen Maite Ruiz de Larramendi pilotan. Eskuz aritzea maite zuen. Mutilekin jokatu behar izaten zuen, bertze neskarik ez zegoelako. 14 urte bete zituenean, baina, frontoietan behin eta berriz errepikatzen ziotenari so egin zion Ruiz de Larramendiren aitak, eta utzi egin zion alaba pilotan aritzera eramateari. "Neska izanda, eskuak urratuko nituela erraten zidaten; hobe nuela utzi". Orduko penak utzitako arrastoa palarekin uxatu du pilotariak, 25 urte luzez. Frontoietatik ez baita inoiz atera Ruiz de Larramendi. Baina beti izan du eskuz aritzeko aukera galduak utzitako arantza barruan, eta, azkenean, kentzea lortu du. Larunbatean, emakumezkoen Nafarroako eskuz banakako txapelketako finala irabazi zuen. Lehendabiziko aldiz antolatu dute aurten, eta Olatz Ruiz de Larramendi iloba izan du pilotariak aurkari azken partidan. 44 urte ditu txapeldunak, baina 14 urteko ilobaren gogo eta ilusio bera. "Utzi? Ezta pentsatu ere!". Ametsa betetzen ari da.

Ametsa baita Ruiz de Larramendirentzat eskuz banakako txapela jantzi izana. 14-22 nagusitu zen ilobaren aurka. "Galdu arren, ni ere garaile sentitzen naiz. Zoragarria izan da finalean izebaren aurka aritzea", erran du Olatz Ruiz de Larramendik. Eta izebari so egin dio hitz egin bitartean. Agerikoa da ispilu duela. Aurrera egiteko bultzada eman diola etxekoak egindako bideak. "Ligatxoan 22-20 irabazi zenidan", gogoratu dio izebak, Eulateko frontoian.

Hantxe jokatu zuten finala. Etxean. Etxekoen eta herrikoen begiradapean; haien babespean. Sumatzen zaie biei gustuko dutela kantxan elkarrekin aritzea. Elkarren ondoan, eta elkarren aurka. "Ederki aritzen da; bizitasun pixka bat falta zaio, oraindik ere, esperientziak ematen dizkizun tresnak, baina badu denbora ikasteko. Eroso aritzen da, eta badu begi ona dejadak egiteko eta bi paretak erabiltzeko. Indarra ere ez zaio falta", erran du izebak ilobari buruz,

Zaletasun bera dute bi emakumeek, baina ezberdinak dira oso batek eta bertzeak izan dituzten aukerak. 14 urte ditu Olatz Ruiz de Larramendik; izebak pilota utzi zueneko adin bera. Ilobak, ordea, kantxan jarraitu bertze asmorik ez du. "Loraldia bizitzen ari da", erran du Maite Ruiz de Larramendik. Ez du tristuraz erran, gainera, ilusioz baizik. 44 urterekin ari delako oraingo aukera ederki profitatzen. Ilobaren adina zuenean ukatu zioten aukera.

"Nik ez nuen ulertzen zergatik utzi behar nion eskuz aritzeari. Eskuak urratuko zitzaizkidala? Harrikoa egiten ere bai! Amorrua eragin zidan neska izateagatik bertzeek zituzten aukerak galdu izanak. Aita gustura aritzen zen nirekin, frontoietara eramaten ninduen, baina behin eta berriz erran zioten ez zela egokia nik jarraitzea, eta, azkenean, etsi zuen", azaldu du Maite Ruiz de Larramendik.

Palan ere, bidea egiten

Lau urtez utzi zuen kantxa, baina 18 bete zituenean itzultzeko aukera eskaini zion palak. Eta ez zuen zalantzarik izan. "Susana Munetarekin hasi nintzen. 1992an, Espainiako selekzioak proba egin zigun trinketean aritzeko. Gaur arte, atsedenik gabe". Palan ere, gizonekin entrenatu behar izaten zuten, emakume gutxi zirelako. "1992an egin zuten Nafarroako txapelketa lehen aldiz; bigarrena, berriz, handik hamar urtera edo. Ez zegoen emakumerik", gogoratu du pilotariak.

Palak anitz eman diola nabarmendu du. Munduko txapelketetan eta nazioarteko hamaika lehiaketatan aritu da, eta sariz bete ditu etxeko apalategiak, egindako lanaren ondorioz. Ez da bide erraza izan, hala ere. Deus ez zegoen tokian dena eraiki behar izan dutelako Ruiz de Larramendik eta belaunaldi bereko emakumezko pilotariek. "Gutxi ginen, eta sekulako lana egin behar izan dugu. Lehiaketak antolatu ditugu, pilota eskolak sortu ditugu harrobia lantzeko. Lanarekin uztartu behar izan dugu frontoia, eta federazioa ere ez dugu beti bidelagun izan. Laguntza eske joan, eta zenbaitetan jaso dugu, eta bertze zenbaitetan ez. Inoiz ez dira saiatu, gainera, guk eraikitako horri jarraipena eta bultzada ematen", erran du, tristura apur batekin.

Maite Ruiz de Larramendi kontent da Olatz ilobak orain arte egin duen bidearekin. "Eskuz aritu nahi zuen, eta eskuz ari da". 7 urte zituenean hasi zen Olatz Ruiz de Larramendi pilotan. Izeba bezala, herriko mutilen aurka hasi zen frontoian. "Beñat nire neba aritzen zen, eta gustatzen zitzaidan. Hastea erabaki nuen". Herriko Ameskoa taldean eman zuen izena lehendabizi, baina, gutxi zirelako desegin zenean, Lizarrako San Miguel taldera joan behar izan zuen. "Mutilen aurka aritu naiz beti, iaz arte. Baten batek erran izan du, neska izanda, erraz irabaziko zuela nire kontra. Baina jokatzen hasi eta konturatzen zen banekiela zertan ari nintzen", azaldu du pilotariak, irribarre zabala erakutsiz.

Emakumeen arteko lehian eskuz aritzeko aukera batera jaso dute izebak eta ilobak. Iaz, Bartzelonako Nafarroako etxeak txapelketa antolatu zuen. Haren berri jaso eta gero, izena ematea erabaki zuten pilotariek. "Ezin nuen sinetsi; sekulako txapelketa antolatu zuten, eta Asegarce eta Aspe ere agertzen ziren babesle gisa. Hemen inoiz ez digute deus eman, eta han ari ziren emakumeen arteko lehiari bultzada ematen", gogoratu du Maite Ruiz de Larramendik.

Bikotekako txapelketa zen Bartzelonakoa. Maite Ruiz de Larramendik Yanira Aristorena izan zuen kantxan lagun. "Inoiz ez zen eskuz aritu, baina, saiatzeko eskatu, eta ongi ematen ziola ikusi nuen. Aurrera egin genuen!".

Azken urteotako bultzada

Eskuz aritzeko aukera eskaini zion Bartzelonak Ruiz de Larramendiri, 14 urterekin txapelketak bazter utzi behar izan eta gero. Orduko urduritasuna gogoan du pilotariak. "Sekulako emozioa sentitu nuen. Zoragarria izan zen. Takoak nola jarri ez nekien, eta ilobak lagundu behar izan zidan". Nafarren arteko finalean, Maite Ruiz de Larramendi eta Yanira Aristorena nagusitu ziren. "Ilobak ere txapela lortu zuen bere mailan!".

Bartzelonako txapelketa pizgarri izan zen Nafarroan ere eskuz aritzen diren emakumeek frontoian nahi zuten tokia eskuratu ahal izateko. 2015ean, gainera, Aldatze pilota taldea sortu zuten Iruñean. Eskuz aritzen ziren emakumeek sortu eta osatu zuten. Halako ekinaldiek bultzatuta, eskuz binakako txapelketa bat egin zuten iaz herrialdean, lehendabiziko aldiz. "Master Cup hori berriz eginen dute aurten, baina banaka. Binaka egiteko asmoa bazen hasieran, baina ez dago pilotari nahikorik. Aldatze taldeko kideak hor ziren iaz, baina desegin dute", azaldu du Maite Ruiz de Larramendik, penaz.

"Ulertzen dut jendeak uztea, ez delako batere erraza. Nik ere izan dut amore emateko tentazioa hamaika aldiz, baina gazteak ikusten ditut, eta argi dut ezin dudala etsi". Oberena taldeko kide da pilotaria, eta 2005ean jarri zuen martxan hango pilota eskola emakumeentzat. "Neskei erraten nien lagunak animatzeko. Kontua zen jakin zezatela aukera hori zutela. Saiatzea. Talde sendoa osatu nahi nuen, batzuek utzi arren, nahi zuenak aurrera egiteko aukera izan zezan".

Orain aukera hori lehen baino gertuago dagoela argi du Maite Ruiz de Larramendik. Hau da, nahi duenarentzat gauzak beretzat baino pixka bat errazagoak direla orain. Herrian ere, Eulaten, Ameskoa taldearen berpiztea bizi izan du pilotariak. Frontoian gozatzen du gehien, hala ere. Udan, hogei jaialdi ingurutan parte hartu du, ilobarekin batera. "Getarian lehen txapela irabazi genuen elkarrekin. Esperientzia ederra izan zen". Bat egin du Olatz Ruiz de Larramendik izebarekin. "Hamaika partida jokatu dugu! Hainbat asteburutan bat baino gehiago ere bai!".

Izebak lanarekin uztartu behar izaten du pilota. Ilobak, berriz, ikasketekin. DBHko hirugarren maila egiten ari da. Arazorik ez duela nabarmendu du. Orain, halere, Uharten jokatuko duen txapelketa baino ez du buruan. "14-17 urte bitarteko emakumeak ariko gara, eskuz eta banaka". Zortzi pilotarik eman dute izena, denera, eta abenduan jokatuko dute finala.

Pilota bizitzeko, palan aritu da Maite Ruiz de Larramendi. Epaile eta entrenatzaile ere bada, emakumeak orain arte egon ez diren tokietara ailegatu nahi baitu. "Epaile emakume gutxi gara; kirol jokoetarako deitzen gaituzte, ez, ordea, gizonezkoen eskuz banakako txapelketara", azaldu du. Bidea egiten jarraitu nahi du; bertzeak bertze, ilobarentzat. Olatz Ruiz de Larramendik izebaren zaletasun eta ilusio bera du. "Profesionala izatea? Zergatik ez".

Bidea bakarrik egin ez dezaten

Bidea bakarrik egin ez dezaten

Edurne Elizondo

Mexikotik Iruñera. Bakarrik etorri zen, eta emaztea eta seme-alabak ekarri nahi ditu orain. Hemen gelditzeko. Hutsetik hasi ahal izateko. Lanik ez du lortu, ordea; paperik ere ez. "Herritar ikusezin" bilakatu da Nafarroan. Ez da bakarra. "Migratzaile anitzek egin dute bide bera, eta zer egin edo nora jo ez zekitela sentitu dira uneren batean". Haientzat zabaldu dute Bidean lege aholkularitzako zerbitzua, Iruñean. "Egin ditzaketen urratsen inguruko informazioa emateko eta bidean laguntzeko gaude hemen", azaldu du Javier Urrozek.

Bidean-eko koordinatzailea da Urroz. Harekin batera ari dira Rafael Paredes, Natalia Ibarra Lazkoz eta Xabier Barrena abokatuak. ESK sindikatuak Iruñeko Emiliana Zubeldia karrikako bosgarren zenbakian duen egoitzan zabaldu dute bulegoa. Astelehenetik ostegunera artatzen dituzte migratzaileak, 10:00etatik 15:00etara.

Bidean sortu baino lehen, Etorkin izeneko bulegoan egin zuten oraingo lan bera Urrozek, Paredesek eta Ibarra Lazkozek. "Gizakia Herritar fundazioaren eskutik aritzen ginen". Bulego horrek ateak itxi zituen berriki, zazpi urte inguruz migratzaileak artatzen aritu eta gero. Bat itxi, eta bertzea ireki, irailetik ari baita lanean Bidean. Lehen, Jarautan; orain, berriz, Arrotxapea auzoan. "Orain, modu independente batean ari gara", zehaztu du Ibarra Lazkozek.

Barrenak oraingo etapa berrian bat egin du proiektuarekin. Bertze abokatuen lana ezagutzen zuen aspalditik, halere. "Paredes Caritas erakundean hasi zen doako zerbitzua eskaintzen beharra zuten migratzaileei; Etorkin bulegoan eta oraingo Bidean proiektuan ere horixe bera da helburua. Migratzaileak laguntzea, doan", nabarmendu du.

"Administrazioa, arerio"

Kanpotik etortzen direnek egiteko duten bidea ez da batere erraza. Horixe nabarmendu dute Bidean zerbitzuko kideek. Erroldatzeko eta lana eta etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak jarri dituzte mahai gainean, batez ere. "Herritar anitzek uste dute hamaika laguntza jasotzen dutela migratzaileek, eta ez da egia; edozer laguntza jasotzeko baremoak badira", erran du Urrozek.

Barrenak erantsi du "gogorra" dela paperik gabeko migratzaileen egunerokoa. "Administrazioa, haientzat, arerioa da, gehienetan. Kanpotik datorrena ahal duen moduan etortzen da, eta bere asmoa da hemen gelditzeko paperak lortzea. Honat iritsi, eta ahal duten moduan egin behar dute aurrera. Paperik gabe, legez kanpokotzat jotzen dituzte, eta ikusezin bilakatzen dira, erabat babesgabe".

Nafarroan, kanpotik etorritako 90.000 pertsona inguru daude, Bidean zerbitzuko kideek zabaldutako datuen arabera; haietako 33.000 inguruk lortu dute Espainiako nazionalitatea. 3.500 inguruk, berriz, paperik gabe jarraitzen dute. Paperak lortzeko eta administrazioarekin egin beharreko edozein tramitetan laguntzeko daude Bidean zerbitzuko kideak. "Hasieran, batez ere, hizkuntza ez badute ulertzen, eta administrazioarekin konfiantzarik ez badute sentitzen, laguntza eskertzen dute, zer egin dezaketen erraten ahal dien norbaitekin hitz egitea. Anitzetan, bertze norbaitek entzutea baino ez dute bilatzen". Bidean zerbitzuak eskaintzen duen lege aholkularitzako zerbitzua osatzeko, hain zuzen, Mugarik Gabeko Psikologoek ere bat egin dute proiektuarekin, laguntza psikologikoa eskaintzeko.

Paperik gabe dagoenaren egoerak anitzetan behar du babes oso hori, Bidean-eko kideek nabarmendu dutenez. "Emakumeen kasuan, errazagoa da etxeak garbitzen edo zaharrak zaintzen lanposturen bat lortzea. Gizonei argi eta garbi erran behar diegu hiru urtez eutsi behar diotela, nola edo hala, denbora hori pasatuta, eta urtebeteko lan eskaintza lortuta, hemen gelditzeko paperak lortzeko prozesua martxan jartzeko. Hiru urte horiek, halere, hagitz zailak izaten dira", azaldu du Urrozek.

Egin beharreko lehendabiziko urratsa erroldatzea dela nabarmendu du. Bat egin du Ibarra Lazkozek. "Funtsezkoa da erroldatzea; bertzela, existitu gabe jarraituko dute, ikusezin izanen dira administrazioarentzat". Ez da beti erraza erroldatzea, gaineratu duenez, etxebizitza bat lortzea ere zaila delako migratzaileentzat. Esparru horretan gizartearen arrazakeria "agerian" gelditzen dela erantsi du Urrozek. "Etxea alokatu nahi duena beltza bada, hagitz zaila du".

Emakume migratzaileen aurkako bertze arrazakeria mota bat nabarmendu du Ibarra Lazkozek: etxeko langile egoiliarrek sufritzen dutena, hain zuzen ere. "Esplotatzen dituzte, argi eta garbi. Anitzek egun bakar batean ere ez dute jai; baldintza izugarri kaskarrak dituzte", salatu du abokatuak.

Paperak bete, zalantzak argitu, egin beharreko urratsak zehaztu. Hamaika gauza dute Bidean zerbitzuko kideek egiteko. Prozesuek epaitegietarako bidea egiten dutenean ere, saiatzen dira migratzaileentzako abokatuak lortzen, doan. Geldirik egoteko denborarik ez dute. Atea jo dute. Migratzaile bat zain dute. Laguntza eske. Laguntzaren zain.

Iritzia: Espainia jainkoa da

Tania Arriaga Azkarate

Espainia jainko monoteista da. Oraindik, zalantza izpiren bat gelditzen bazitzaidan, urriaren 1eko irudi bortitzak ikusi eta gero, argia ikusi dut. Espainia, benetako jainkoekin gertatzen den bezala, bat eta bakarra da, eta horrela izaten jarraitzeko guk guztiok onartu beharreko oinarrizko araua ezartzen du: Espainia Egia (letra larriz) dela sinistea.

Espainiaz beste edozein aukera irudikatzea heresia da, Egiaren esanahia zalantzan jartzen baitu. Normala da, beraz, sinestun sutsuez inguratuak egotea, beldurrak hutsezinezko eragina duelako dogmak sendotzen. Azken bostehun urteotan ideia hauek haragian iltzatu dizkigute, eta bestelako sinismenak, identitateak bizi dituztenen kontra, botika bera erabili dute: sua.

Adibidez, estatu horren izaera inperialaren adierazpena Iruñeko karriketan ikusi dugu, azken mendeetan, gure hiria haien plaza militarra izan baita. Inbadituontzat Espainia irenstea biziraupen kontua izan zaigu, bizitzaren eta heriotzaren arteko trantzea, Anjel Berruetaren ereduak irakasten digun moduan. Halere, dogmak ere konbentzioak dira. Adostutako egiak, Enperadorearen jantzi berria ipuinean kontatzen digutena bezalakoak. Erregea biluzik egonik ere, mendekoek oso soineko polita zeramala sinetsarazten zioten. Gezurra denboran mantentzeko bi arrazoi zegoen, pribilegioak mantendu ala heriotza ekidin.

Konbentziok aintzat hartzen ez ditugun momentuan, aldiz, sinesgarritasuna berehala galtzen dute, zeren haien indarra gure irudimen komun horretan baitatza. Esanahi adostua desegin ezkero, jainko oro-ahalduna izatetik anekdota zaharkitua izatera pasa daiteke Espainia. Hori da yo-soy-español monoteisten beldurra, sakrosainduak izatetik txantxa tristea izatera pasatzea.

Instituto Cervantesek, inperioak bizirik dirau! aldarrikatuz, urtero Latinoamerikan eta Ameriketako Estatu Batuetan dirutzak uzten ditu Kristobal Kolon konkistatzailearen eguna ospatzen segitzeko. Real Academia Espa-ñolak ere haien hizkuntzaren nahi eta nahi ezko izaera unibertsala azpimarratzen du. Azken egunotan, RAEk "sezesionismoaren" kontra bizarrak altxatu ditu, Espainia inperialaren Egia elikatu beharra dagoelako hiztegiaren A hizkitik hasita.

Yo-soy-españolek ez dituzte jainkoaren seme-alabak izatearen pribilegioak galdu nahi, soldata mamitsuak, telebista programak, katedra distiratsuak, gizon-alfentzako akuilu-makuiluak, gihar historikoak, herri-lanen dirua, kondairazko errelato belikoak… Orain, hau dena ez da ez debaldekoa. Kolonizatzailearen aura jainkotiarra janztearen truke, losintxariek arima saldu behar dute. Irudimena da haien pribilegioen ordaina, Espainia haur eta helduen sormenaz elikatzen delako eta ezin dute jainkoaz beste ezer ikusi edo imajinatu. Espainia desagertuko balitz gizaki periferiko normalak izatera pasatuko lirateke, gainerakoak garen modukoak, urre eta estandarterik gabekoak.

La Pinta, La Niña eta La Santa Maria irekitzen ez diren historia liburuetan geldirik dira. El pequeño Cid, 1980ko hamarkadan ez bezala, gaur ez da politikoki zuzena. Monarkia, meme-ak bide, hildako elefanteekin alderatzen dute. Enperadorearen jantzi berria gutxi batzuek besterik ez dute ikusten, jada. Espainiar Egiaren jarraitzaileak beldurrak jota bizi dira, leinu inperialistaren azkenak direlako. Horregatik jipoitzen gaituzte, gu garelako haien doktrina istorio bilakatuko dugun kantari eleaniztunak.

Ezkutuko ondarea, agerian

Ezkutuko ondarea, agerian

Kattalin Barber

Katedrala, gertutik. Ez da ohikoa aldamio batera igo, eta, segurtasun kaskoa buruan, Iruñeko katedraleko klaustroa bisitatzea; hurbiletik ikustea gargolak, kapitelak eta gangak. Aukera hori eskaintzen du Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuak orain, ordea. Bisita gidatuak ari da egiten ekainetik, urtea amaitu arte, klaustroan egiten ari diren obrak bertatik bertara ikusteko.

Iaz hasi ziren Iruñeko katedraleko klaustroa zaharberritzen, eta lanak 2020an amaitzea espero dute. Lehen fasean, teilatua konpondu, euri ura biltzeko sistema hobetu, eta harlauzak egonkortu zituzten. Ekainean, berriz, klaustroko iparraldeko aldea zaharberritzeko lanak amaitu zituzten; hormartearen barnean eta lorategiko fatxadan egin dituzte. Orain, ekialdeko aldea zaharberritzen ari dira: "Alde horrek bi erlikia hobi ditu, eta kapitel asko. Hortaz, arreta handiz egin behar dira lanak. Aurrealdean, gainera, gargola eta trazeriak ari dira konpontzen eta garbitzen. Ia-ia urregileen lana da", esan du Carlos Martinez Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak. Hamabi pertsona inguru ari dira lanean.

Igandero, eta hiru txandatan, taldekako bisitak egiten dituzte katedrala eraberritzeko lanak ikusteko. Carolina Paton Erreka Incoming Navarra enpresako bisita gidariak oso ongi ezagutzen ditu Iruñeko Andre Maria katedraleko txoko guztiak. "Bisita oso interesgarria da, eta bisitari guztien sentsazioa oso positiboa da. Badakite esperientzia paregabea dela, eta errepikaezina: orain ikusten ari direna ezinen dute aurrerago ikusi". Nolanahi ere, gargolak, bobedak eta eskulturak gertu-gertutik ikustea izaten da bisitarientzat deigarriena. "Ez da egunero egin daitekeen zerbait, eta obren prozesua oso interesgarria da: esku hartzea, zailtasunak, narriadura...".

Bisitari gehienak nafarrak dira. "Herritarrek klaustroko kultur ondarea ezagutzea, eta obrak bertatik bertara ikustea da helburua, hain zuzen ere". Interes handia dago, eta, oraingoz, abendura arteko bisitak antolatu dituzten arren, Martinezek ez du baztertzen heldu den urtean berriro ere egitea. "Urrirako jada ez da tokirik, eta aurki zabalduko dugu azarokoetan izena emateko epea", azaldu du Martinezek.

Bisitak ahoz aho asko zabaldu direla gaineratu du Patonek, eta hainbat turistak ere interesa agertu dute, ondorioz. "Baina, aldez aurretik izena eman behar dutenez, eta eskaria handia denez, zaila izaten dute". Bada bisita bitan egin duen jendea ere. "Oso dinamikoa da, eta igandetik igandera aldatzen da". Gazte eta helduek badute interesa. "Denetarik dago; familiak seme-alabekin ere etortzen dira. Guztiei gustatzen zaie ikusten dutena".

Obretara bisitak antolatzeko, Nafarroako enpresa turistikoekin harremanetan jarri zen Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzua. Hiru enpresak agertu zuten interesa, eta txandaka aritzen dira hirurak zaharberritze lanak erakusten. "Horrelako bisitak Erriberriko Andre Mariaren elizan hasi ginen antolatzen. Teknikoki posible bada, oso bisita aberasgarriak dira", esan du Martinezek.

Azken urteetan, klaustroaren egoerak okerrera egin du, eta esku hartzea ezinbestekoa zela argi du Martinezek. "Egia da kanpotik ikustean ez dela nabaritzen narriadura, baina argazki serieekin eta hurbiletik ikustean argi atzematen da gaizkitu dela", jakinarazi du Martinezek. 2013. urtetik premiazko zenbait esku-hartze eta azterketa asko egin dira. Harri zatiak askatu dira, eta elementu askoren deformazio eta hausturak jazo dira. "Pinakuluak, esaterako, tenkagailu eta sareekin behin-behinekoz lotuta zeuden". Polikromian, bestetik, zikinkeria bada, eta materiala altxatuta dago: "Hezetasunak, euriak, klima aldaketak eta kutsadurak eragin handia izan dute. Gainera, beti esaten dugu garai gotikoko obrak ez direla egin asko irauteko. Esku hartzea beharrezkoa zen egoerak okerrera ez egiteko".

Bisitari asko

Ez da lehen aldia zaharberritze lanak egiten direla Iruñeko katedralean. Martinezek jakinarazi du orain dela 40 urte inguru kapiteleko eskulturen irudiak eraberritu zirela. "Argi dago ez dela azken aldia izanen; normala da obrak egotea. Uraren eragina agerikoa da. Denboraren poderioz, harria ia-ia desegin eta harea bihurtu da. Laserrarekin ere aritu dira piezak garbitzen, eta bitxia da ikustea garbi eta zikin diren eremuen arteko aldea".

Nafarroan gehien bisitatzen den monumentuetako bat da Iruñeko katedrala. 2017ko lehen hiruhilekoan, adibidez, 37.575 bisitari jaso ditu, inoizko kopururik handiena. Katedrala monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3an. "Klaustro gotikoa eta hura inguratzen duten gelak Europako Erdi Aroko arkitekturaren ondare aberasgarrienetarikoak dira", nabarmendu du Martinezek. Ia bi mende behar izan ziren eraikitzeko, 1277tik 1472ra. Oraingoan, klaustroa beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera dago. 2020. urtean aurreikusten da obrak bukatzea; oraindik asko dago ikusteko, bai eta egiteko ere.

Ez dutelako aldatzea nahi

Ez dutelako aldatzea nahi

Edurne Elizondo

Inork ez du eskatu". "Inork ez du aldatzea nahi". "Arazorik ez bada, zertarako antolatuko dugu bertze modu batera?". Mezu horiek eta gisako bertze hainbat entzun ahal ziren, duela astebete, Pio XII.a etorbideko bizilagunek eta dendariek antolatutako bileran. 50 pertsona inguru izan ziren Civican aretoan egindako saioan, eta plataforma bat osatzea erabaki zuten. Iruñeko Udalak martxan du karrika hori berrantolatzeko proiektua. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egitasmoak, ordea, ez ditu kontent utzi auzokide anitz. Egun dauden aparkalekuak kentzea ekarriko luke.

"Udalak hutsaren hurrengotzat hartu gaitu; maiatzetik ari gara proiektuaren aurkako gure iritzia azaldu nahian, baina ez gaituzte prozesuan kontuan hartu, inondik inora". Horixe salatu du plataformako kide eta Pio XII.a etorbideko dendari Ainhoa Comeronek. Argi du, gauzatuz gero, udalaren proiektuak kalte eginen liekeela auzoko dendariei. "Anitzek ateak itxi egin beharko genituzke, zalantzarik gabe".

Autoek aparkatzeko aukerarik ez izatea da arazo nagusietako bat, dendarion hitzetan. Bizilagunek haiekin bat egin dutela azaldu dute. "Etorbidea gai da duen zirkulazioari aurre egiteko. Arazorik ez bada, ez dezatela uki", berretsi du Comeronek. Plataformako kideen lehen asmoa da Iruñeko alkate Joseba Asironekin bilera egitea, proiektua gelditzeko eskatzeko, batetik, eta auzoan egin beharreko lanetan eta proiektuetan parte hartu nahi dutela argi uzteko, bertzetik.

Iruñeko Udalak maiatzean onartu zuen Pio XII.a etorbidea berrantolatzeko proiektua. Joan den abuztuan, berriz, proiektua idazteko kontratuaren lizitazioa onartu zuen. Asmoa da datorren urte hasieran lanak martxan jarri ahal izatea.

Iruñeko Udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko urrats gisa jo du Pio XII.a etorbideko berrantolatzea, eta proiektua "ontzat" jo du Asiron alkateak. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna. Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eusten dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehazteko bidean dira orain udaleko Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideak. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko.

Pio XII.a etorbideko proiektuak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari eman nahi dio segida. Plan horren eskutik, Alde Zaharreko hainbat karrika berrantolatu ditu udalak, jada, autoak erdigunetik urruntzeko asmoz. Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak "ontzat" jo ditu egindako aldaketak eta izan duten eragina. Aiesaren hitzetan, lehen datuak kontuan hartuta, aldaketek eragin dute billabesetako bidaiarien kopuruak gora egitea.

Taxientzat ere aldaketa "ona" izan dela uste du Aiesak. "Lehentasuna dute planak eragindako eremuan, eta Sarasate pasealekuan, gainera, geltoki berri bat badute". Onartu du, hala ere, San Lorenzo aldean "zer hobetu" badela, oraindik ere.

Sistema berria

Erdigunea atseginago bilakatzeko planak, bertzalde, autoen zirkulazioa mugatu nahi du Alde Zaharrean. Horren arabera, baimena dutenak baino ezin izanen dira sartu. Datorren asteartean, hilaren 10ean jarriko da martxan sistema berria. Herritarren esku informazioa jartzeko asmoz, udala kanpaina bat egiten ari da egunotan. Sistema berriak autoen matrikulak irakurriko dituzten kamerak izanen ditu ardatz nagusi.

Alde Zaharrean egindako aldaketei so dira Pio XII.a etorbideko dendariak ere. "Han egindako aldaketek Zabalgunean dute eragina, bai eta hemen ere. Hemengo proiektua gauzatzen bada, gainera, herritarrek oztopo gehiago izanen dute erdigunera ailegatzeko; hiritik kanpoko merkataritza guneetara joko dute", erran du Comeronek.

Udalak kontrakoa defendatu du beti; oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emateak gehiago hurbilduko dituela herritarrak erdigunera.

“Asironek, alkate gisa, badu auzian ardura sozial eta politikoa”

“Asironek, alkate gisa, badu auzian ardura sozial eta politikoa”

Edurne Elizondo

Azarotik ari dira Iruñeko Erruki Etxeko langileak hitzarmena negoziatzen. Joseba Asironengana jo dute, bitartekaritza lana egin dezan, hura baita, Iruñeko alkate gisa, zahar etxea zuzentzen duen batzordeko presidente. Irabazi asmorik gabeko fundazioa da Erruki Etxea. Horrek gatazka "baldintzatzen" duela azaldu du Susana Laia langile batzordeko buruak (Iruñea, 1970).

Zein da lan gatazkaren jatorria?

Aspaldikoa da, egia erran. Duela lau urte sinatu genuen azken lan hitzarmena. Lehen, jaiegunetan txandaka lan egiten genuen; batean bai, bertzean ez. Denera, zazpi jaiegunetan aritzen ginen lanean. Aparteko orduak ziren, berez, ez zeuden egutegiaren barruan, eta, ondorioz, bazen jaiegunetan lan egiten ez zuen jendea. Ezin gintuzten behartu. Lan egiten zuenak, berriz, aukera zuen ordaina dirutan jasotzeko, edo besta egun bat hartzeko. Duela lau urte hitzarmena negoziatzen ari ginenean, besta egun horiek lan jardunaldian sartzea proposatu zigun zuzendaritzak; hori eginez gero, lanaldia murrizteko aukera onartuko zutela. Sinatzea erabaki genuen, azkenean. Ezustekoa hitzarmen berria negoziatzen hasi ginenean hartu genuen.

Zeintzuk dira ezin onar ditzakezuen baldintzak?

Soldatak ez dituzte igo nahi, ezta KPIa ere! Erruki Etxea hagitz etxe sendoa da Iruñean. Eta KPIa ez bermatzea ere! Guk KPIa eskatzen dugu. Orain arte, krisi garaian ere, KPIa igo badigute, orain zergatik ez? Ezin dugu onartu. Egia da irabazi asmorik gabeko fundazioa dela, baina irabaziak baditu. Bertze ezustekoa lanaldia murrizteko aukerarekin hartu dugu.

Ez dute onartu, azkenean?

Lanaldia murrizteko aukera izanen genuela uste genuen, baina ez da erabat gauzatu guk espero genuena: bi lanaldi murrizteko aukera izanen dugu, baina ez denok, bakarrik 1.699 orduko lanaldia dugunok. Lanaldi partziala dutenek ez dute aukera hori izanen. Zuzendaritzaren logika da, berez gutxiago lan egiten dutenez, ez dutela are gutxiago lan egiteko aukera izan behar. Behin betiko lanpostuen kontua ere hagitz garrantzitsua da guretzat, eta ez dugu kopuruak behera egitea nahi.

Arrisku hori bada?

Duela lau urte, 30 langileren erretiroa aurreratzea sinatu genuen; uste dugu norbaitek erretiroa hartzen duenean lanpostu hori betetzen duenak behin betiko kontratua lortu beharko lukeela. Ez dute hori eskaintzen. 50 lanpostu finko eskaintzen dizkigute, baina proposamen nahasgarria da. Lantaldean, udako egoera bazter utzita, 270 langile gara. Horietatik ehun behin-behineko langileak dira. Hori nabarmentzekoa da, eta, are gehiago, ehun horietatik berrogeik zortzi urte baino gehiago egin dituztela, jada, behin-behineko egoeran. Beraz, 50 kontratu finko horiek aspaldi eginak behar zituen enpresak. Erran behar da, gainera, behin-behineko langileek ez dituztela lan baldintza berdinak.

Mobilizazioak hasi dituzue. Enpresak egin du urratsik geroztik?

Irailaren 17an, manifestazioa egin genuen, eta egun horretan egin genuen azken bilera etxeko arduradunekin. Manifestazioa hasi baino bi ordu lehenago egon ginen. Bilera motza izan zen, ez zigulako deus eskaini.

Iruñeko alkate Joseba Asironekin ere egin duzue bilerarik?

Bai, irailaren 21ean egon ginen Asironekin. Bitartekari lana egin dezala eskatu diogu, hura baita fundazioko zuzendaritza batzordeko buru. Alkateak betetzen ohi du kargu hori. Guk argi dugu Asironek, alkate gisa, baduela auzi honetan ardura sozial eta politikoa. Auzia aztertuko zuela erran zigun. Nik espero dut Asironek bere gain hartuko duela bitartekaritza egiteko ardura.

Irabazi asmorik gabeko fundazioa da Erruki Etxea. Horrek baldintzatzen du, nolabait, lan gatazka?

Bai, baldintzatzen du. Irabazi asmorik gabekoa izanda, ulertzen dut irabazitakoa berriz inbertitu egin behar duela. Eta horren barruan gaude langileok. Zerbitzu hobea eskainiko du langileen lan baldintzak egokiak badira. Ezin dugu ahaztu Erruki Etxea dela Espainiako zaharrentzako egoitzarik handiena; 600 erabiltzaile ditugu. Bertzeentzat ispilu izan behar duzu.

Greba egiteko aukera mahai gainean duzue?

Bai. Duela hamabost urte egin genuen, eta aukera hori mahai gainean dago orain ere. Udalak ez badu bitartekaritza lana egiteko ardura bere egiten, eta enpresak urratsik ez badu egiten, greba izan daiteke hurrengo urratsa.

Zer giro duzue langileen artean?

Sindikatu guztiak bat eginda gaude, eta horrek indarra ematen die langileei. Ez da egoera samurra inorentzat, baina indarra badute, argi dutelako eskaera bidezkoak ari garela egiten.

Eta erabiltzaileek zer jarrera dute?

Zer gertatzen ari den jakin nahi dute zenbaitek, eta galdetzen duenari azaltzen diogu. Baina pertsona zaharrak dira, eta ez ditugu gehiegi kezkatu nahi. Ez lukete gure kontuekin kezkatu behar. Galdetzen dutenen erantzuna izaten ohi da lan handia egiten dugula.

Merezi duen aitortza jasotzen du zahar etxeetan egiten duzuen lanak?

Ez, inondik inora. Lan gogorra da, gorputza eta burua nekatzen dituen horietakoa. Pertsonekin lan egiten dugu; pertsona zaharrekin. Beren bizitzaren azken txanpan diren pertsonekin. Horrek ere berezi bilakatzen du lana.

Emakumeek egindako lana da, batez ere. Horrek badu lotura aitortza falta horrekin?

Nik argi dut baietz. Bigarren mailakotzat jotzen dela egiten dugun lana, emakumeok egiten dugulako. Etxeko lanen gisakotzat hartzen dutelako, oraindik ere. Langileoi, halere, gero eta gauza gehiago eskatzen digute; titulu, ikastaro eta ezagutza gehiago. Baina ez diote gure lanari duen balioa ematen.