Jantzi berriarekin ireki ditu ateak

Jantzi berriarekin ireki ditu ateak

Berriz ere zabalik da Karrikiri elkartearen denda; betiko tokian, Xabier karrikan. Berritze lanengatik itxita egon da bi hilabetez, baina joan den astean inaugurazioa egin zuten. Ez nolanahi gainera. Hiru ekitaldi antolatu dituzte horretarako: Egile b...

Iruñea zer den ez dakite Pamplonan

Saioa Alkaiza

Zein da Pamplona-ren beste izen ofiziala?" Hori da Espainiako telebista kate bateko lehiaketa ezagun batean parte hartzaileetako bati egindako galdera. Laguntzeko, bi hizki eman zizkioten, r eta ñ, eta 30 segundo. Aipatu beharrekoa da Nafarroari buruzko saio berezia zela eta lehiaketa herrialdearen bueltan antolatu zutela: Nafarroari buruzko galderak ziren. Ez hori bakarrik: lehiakide guztiak nafarrak ziren. Bai, Nafarrak. Are zehatzago, Pamplona Iruñea dela ez dakien mutila Noaingoa da. 30 segundoen amaieran, Tafalla esan zuen, erdi ahopeka, asmatu nahian-edo. Tafalla.

Sare sozialetan bolo-bolo dabil gaia. Propio egindako akatsa dela diote askok: hark okerra eginda, beste lehiakide batek eraman zuen botea, eta, txiolari batzuen aburuz, baliteke bien artean egindako tratu baten ondorio izatea, botea eraman eta dirua banatzeko. Trukatuta zegoela, alegia, adostua. Batek daki. Esanak esan, entzun eta senaren parte batek altu eta ozen honako hau esaten badizu ere: "Bai, zera, ezinezkoa da hori ez jakitea; non bizi da, Marten?"; badago beste arantzatxoren bat, kontzientziaren ernamuinen bat, harrotzen dena, eta berriz ere zalantza sortzen dizuna. Ez zait ezinezkoa iruditzen Pamplona-n bizi den norbaitek Iruñea zer den ez jakitea.

"Bi komunitateen arteko harremana irudi batean laburbilduta", idatzi zuen Twitterren Santi Leonek. Une horrek Nafarroako munduen arteko amildegia islatzen zuela zioen. Arrazoia dauka, programa bera egia zein gezurra izan, sintomatikoa da errealista iruditzea gutako askori.

Orduan, neure buruari begira jarri naiz. Lehengusina bat daukat oraindik Erribera ez den baina oso gertu dagoen herri batean bizi dena. Gaztelaniazko eredua baino ez daukate eskolan. Euskara ez da existitzen ia. ETB ez da iristen, bai ordea Tele Rioja. Memoriak atzera egin du: nik 9 urte dauzkat, eta 7 berak. Lurrean etzanda zer edo zer marrazten ari gara, udako bero sargoriak kalea sutan ipini bitartean, haren etxean. Futbol irudiak dira izkiriatzen ari garenak, ateak eta zelaiak, eta talde bakoitzari haren herrialdeko ikurra ipini diogu. Ikurrina marraztu dut nik, berde-zuri-gorri. Albotik esan dit: "Ez da horrela. Gaizki egin duzu. Ingelesena urdin-gorri-zuria da!". Britania Handikoa marraztu nahi nuela pentsatu zuen. Nik ez nion erantzun.

Beste oroitzapen bat: herrian gaude. Goxokiak saltzen dituen gizona ez da hemengoa. Hemen Erriberatik gertu da. Aitatxi-amatxi hizketan ari dira, eta abuztuaren hondarretan egonen gara, ni ere bertan nago-eta. 10 bat urte izanen ditut. Aski jatorra iruditzen zait goxokiak plazako etxola txiki batean saltzen dituen gizona. Nik "eskerrik asko" eta "agur" esaten diot, berak "tori beste txikle bat" xuxurlatzen dit tarteka-tarteka, eta irribarre egiten dit. "Es un buen tipo, el vasco", esan du aitatxik, eta amatxik esan dio baietz, eta ez dakiela seguru nongoa den, "de las montañas" ingurukoa dela uste duela.

Esne-hortz guztiak erori gabe eta belaun buruak oraindik urratuta neuzkala, bi munduen arteko zubi sentitu nintzen.

Euskararen mapak parlamentuan

Euskararen mapak parlamentuan

Euskaltzaindiaren Euskara ibiltaria erakusketa ikusgai da Nafarroako Parlamentuko atrioan asteartera arte. Oraindik burutu gabeko euskalkien atlasaren lagin bat erakusten du. Hainbat mapa paratu dituzte, eta bertan, hitzak ageri dira, euskalki bakoitz...

‘Odesa/Makila operazioa’ “arma gisa” ez erabiltzeko eskatu dute Arrosadian

IRUÑEA. Poliziak Iruñean egindako operazioak kezka piztu du Arrosadia auzoan. Hainbat lagun atxilotu zituzten ustez emakumeen salerosketak eta lapurretak egiteagatik. Hainbat eragilek salatu dutenez, komunikabideek "lerratutako informazioa" zabaldu dute, eta alderdi politikoek "arma gisa" erabili dute afera. Errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu dute, eta horrelako jarrerek auzoan elkarbizitzaren alde egiten ari diren lana arriskuan jar dezakeela ohartarazi.

Ikur bizia bezain sendoa

Ikur bizia bezain sendoa

Edurne Elizondo

Helburu nagusia da bilgune bat sortzea nazioarteko elkartasuna lantzen duten talde aurrerakoi laikoentzat, bakoitzak egiten duena kontatzeko, eta guztion artean eztabaidatzeko, elkar aberasteko". Sabino Cuadrarenak dira hitzok, eta 1997ko abuztuaren 29an jaso zituen Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarriak. Komite Internazionalistetako kide zen Cuadra orduan, eta internazionalismoaren esparruan lanean ari ziren taldeentzako helburu zuen bilguneak izena bazuen jada: Zabaldi. Han zer lan egin nahi zuten erantsi zuen: "Elkartasun arduratsua egin nahi dugu, egoeraz jabetzen dena eta paternalismorik ez duena. Egiazko informazioaren bidez zabaldu nahi dugu beste herrien kulturaren, balioen eta egoeraren berri".

Elkartasunaren etxeak hogei urte bete ditu Iruñeko Alde Zaharrean. Hasierako asmoei eutsi, baina garaian garaiko beharretara egokitzen ahalegindu da. Auzoko ikur eta erreferente bizi bezain sendo bilakatu du egindako bideak. Internazionalismoarekin batera, feminismoa, migrazioa eta garapen ereduari buruzko kezka eta gogoeta ere izan ditu ardatz bide horrek. Urratsak egiten jarraitu nahi du Zabaldik, egungo egoera eta lan egiteko moduetara egokituz, internazionalismoak dituen erronka berriei buruzko gogoeta bultzatuz.

Gogoan ditu Cuadrak hasierako urratsak; egoitza aurkitu aurreko urtebete luzeko lana; ideia bat bertzerik ez zena errealitate bihurtzeko prozesua. "Konpromisoa hartzeko prest ziren taldeak zehaztu, eraikina prestatu eta martxan jarri ginen, azkenean".

Cuadrak Presen Zubia izan zuen hasieratik bidelagun. Emakume Internazionalistak taldetik egin zuen Zubiak bat proiektuarekin. Alde Zaharrean egoteak zuen garrantzia nabarmendu du, eta, batez ere, egoitza erosteak izan zuena. "Eraikina gurea izateak finkotasuna emanen zigula argi genuen; aurrera begirako proiektu bat garatu nahi genuen". Nabarreria karrikako 25. zenbakiko 230 metro koadroko etxea orduko 25 milioi pezetan erosi zuten. "35 pertsonak osatutako talde batek jarri zuen zatirik handiena, hamar urterako mailegu pertsonalen bidez. Bazkide kanpaina abiatu genuen berehala, gainera, eta talde bakoitzak ere kopuru bat ordaintzen zuen, urtean".

Hasiera hartan zazpi taldek egin zuten bat Zabaldi martxan jartzeko. Egun, Emakume Internazionalistak, Mugarik Gabe, Sos Arrazakeria eta ANARASD taldeek osatzen dute elkartasunaren etxeko batzorde egonkorra. "Hogei urteotan joan-etorri asko izan dira", azaldu du Zubiak. Zabaldiren martxan bertze elkarte, talde eta pertsona anitzek parte hartu dutela gaineratu du. Eta parte hartzen segitzen dutela. Elkarteak zabalik izan dituelako beti bere ateak. Zubiak aldarrikatu nahi izan du, bereziki, "debekuen eta alderdien ilegalizazioen garaian" elkartasunaren etxeak egindako lana. "Zabaldik, praktikan, aurre egin zion alderdien aurkako debeku horri". Elkarteek biltzeko hainbertze zailtasun zituzten garai hartan Zabaldik babesa eman zien. "Hamaika prentsaurreko egiten zituzten, egunean", gogoratu du Ani Moralesek.

2001etik 2005era Zabaldiko koordinatzaile izan zen Morales. Lehenago egin zuen bat proiektuarekin, halere. "1997an etorri nintzen Nafarroara, eta hurrengo urtean iritsi nintzen Zabaldira". Internazionalismoaren esparruko bere militantzia eta euskararen aldeko lana uztartu nahi izan zituen elkartasunaren etxean. "Euskara taldea jarri genuen martxan, hizkuntzaren inguruan lan transbertsala egiteko asmoz". Euskara talderik jada ez da Zabaldin, eta kideek onartu dute hizkuntzaren normalizazioarena lortu gabeko helburu bat dela, oraindik ere.

Hasierako euskara taldeko kide izan zen Bea Beorlegi ere. Nafarroan sortutako talde zapatistatik egin zuen bat Zabaldirekin. Nabarreria karrikako etxeko "eferbeszentzia" nabarmendu du, batez ere. "Toki bizia izan da hau beti". Zabaldi osatzen duten taldeen arteko elkarlanak beti bilatu du nork bere nortasunari eustea. "Asmoa ez da izan nork bere bidea egiteari uztea; kontua izan da beti denon artean bestelako gauzak egitea, indarrak batzea", gogoratu du Cuadrak. Taldeen arteko hartu-eman horietan, ezberdinen arteko adostasuna bilatzea izan dute helburu Zabaldiko kideek. "Ez da beti erraza izan, baina aurrera egin dugu", erantsi du Beorlegik. Arrakastaren sekretua zein izan den argi du: "Eztabaida asko izan ditugu, baina beti saiatu gara arazoei besta giro batean aurre egiten. Esaten ohi den bezala, ezin banaiz dantzatu, ez da nire iraultza".

Auzotik, auzoan

Alde Zaharreko egunerokoan erabat murgildu da Zabaldi hogei urteotan. Bestetan, inauterietan, auzoko egunean parte hartu dute elkartasunaren etxeko kideek; auzoko bizilagunek ere egin dute bat Zabaldik antolatutako jarduerekin, eta protestetan eta mobilizazioetan, elkarren ondoan izan dira denak karrikan.

Nabarreria karrikako egoitzaren barruan, forma ezberdinak hartu ditu Zabaldiren proiektuak hogei urteotan. Hasieran, egun bulego nagusi dutena bidezko merkataritzako denda izan zen. "Ez zuen aurrera egin, eta itxi zuten. Bidezko merkataritza bultzatzeko elkarteak kudeatzen zuen", gogoratu du Cuadrak. Espazio horretan Eguzki Bideoak proiektuko kideak egon ziren urte luzez, gero. Aukera profitatu zuten Zabaldiko kideek Zinema txiroa izenburuko zikloa garatzeko. "Egun Kalaska izena duen espazioan tetegi bat egon zen Zabaldi martxan jarri genuenean. SOS Arrazakeriak kudeatzen zuen. Hura itxi eta gero, Kalaska bilakatu zen eremu hori", azaldu du Moralesek.

Bera izan zen Kalaska espazio horretako lehen arduraduna. Gero, Teresa Sarrigurenek hartu zuen lekukoa. "Kalaska 2004. urte inguruan jarri zen martxan, eta nik 2007an egin nuen bat proiektuarekin. Zabaldin, halere, ia hasieratik izan nintzen, modu batera edo bertzera parte hartzen", gogoratu du.

Kalaska bide propioa egiten hasi zen. "Zinemarekin batera, erakusketak antolatzen genituen hilabetero, eta kontzertuak eta bertzelakoak ere egiten genituen. Asmoa zen Zabaldiren ardatz diren lan esparruak bertze modu batera garatzea eta azaltzea. Hitzaldiez harago, jendea erakartzeko bertzelako moduak jorratzea", nabarmendu du Sarrigurenek. Haren ondotik Sofia Antonek hartu zuen Kalaska espazioa kudeatzen zuen taldeko ardura.

Duela bost urte ailegatu zen Anton Nafarroara, eta handik sei hilabetera egin zuen bat Zabaldirekin. Elkartasunaren etxean jarraitzen du. "Jada ez dago Kalaska kudeatzeko talde zehatz bat, baina jarraitzen dugu gauzak egiten. Jendeak ezagutzen gaitu, eta zuzenean jotzen dute guregana, anitzetan".

Antonekin batera, Zabaldiko egungo koordinatzaile Eunate Romero ere bada azken urteotan proiektuarekin bat egin duen gazte taldeko kide. Romero Mexikon izan zen iaz, Zabaldik antolatutako brigadetan. "Azken bi urteotan egin ditugu brigadak, Mexikon eta Grezian. Jende gazteari internazionalismoaren berri emateko modurik onena dira, eta anitz ikasteko aukera paregabea", azaldu du Antonek.

Mexikoko esperientzia ontzat jo du Eunatek. Nabarmendu du, hala ere, "erreferente feminista bat" delako egin zuela bat Zabaldirekin. Hamaika talde feministaren bilgune izan da elkartasunaren etxea, eta han mamitu dira abortuaren eta indarkeria matxistaren aurkako hamaika kanpaina bertzeak bertze.

Feminismoaren bidetik egin du bat Zabaldiko kideak internazionalismoarekin, eta bertze gazte anitzek ere bide bera egin dutela azaldu du. Hori izan dela belaunaldi berriek elkartasunaren etxean sartzeko atea. Urratsak egiten jarraitzeko beharra nabarmendu dute kideek. "Hogei urte bete eta gero, aurrera begira jarraitu nahi dugu. Gazteak kontzientziatu nahi ditugu, haiei azaldu zeinen garrantzitsua den bertze herrialdeekin elkartasun harremanak lantzea; harreman politikoak eta komunitarioak", azaldu du Romerok.

Elkartasuna eraikitzen jarraitu nahi dute Zabaldiko kideek. Feminismotik. "Hemengoekin eta hangoekin erresistentziak partekatzen jarraitu nahi dugu", erran du Beorlegik. Karrikara begira da Zabaldi; irekiak ditu ateak; irekia dokumentazio zentroa; eta irekiak bere gainerako espazioak. Auzotik, mundura.

Aditu independenteen zain

Aditu independenteen zain

Edurne Elizondo
Aurrera. Esako urtegia handitzeko lanek ez dute etenik, eta aurrera jarraitzen dute. Asteon, hain zuzen, giltzak emateko epea amaitu zaie Espainiako Gobernuak desjabetu dituen etxeetako jabeei, Zaragozako (Aragoi, Espainia) Sigues herri...

Harmaila bete irakurle

Harmaila bete irakurle

Edurne Elizondo

Kazetariak. Kirolariak. Eta kirolzaleak. Sutsuak. Orain, gainera, irakurri nahi zuten kirol aldizkaria sortzeko proiektuan murgildu dira Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran: Harmaila. Zero zenbakia sarean jarri zuten uztailean, baina paperean eman nahi dute lehendabizikoa. "Arnasa luzeko" produktua egin nahi dute; patxadaz irakurtzeko aldizkaria, eta futbola protagonista izanen ez duena. Bazter gelditzen ohi diren kirolen berri eman nahi dute, bai eta anitzetan bazter gelditzen diren kirolarien berri ere. "Genero ikuspuntua txertatu nahi dugu", azaldu du Berastegik. Iruñean aurkeztu du proiektua, Manterolarekin batera. Harmaila irakurlez bete nahi dute, aldizkaria, paperean, errealitate bihurtzeko.

Ehun harpidedun behar ditu Harmaila aldizkariak lehendabiziko zenbakia karrikara ateratzeko. Azarorako prest izan nahi dute arduradunek. Bi hilabetean behin argitaratzea da asmoa, eta, horretarako, urtean bost zenbaki kaleratu ahal izateko, hirurehun harpidedun lortzea hartu dute helburutzat. Izena eman daiteke www. harmaila.eus helbidean. Orri horretan irakur daiteke, halaber, aldizkariaren zero zenbakia.

Aldizkariko arduradunek argi dute kirol kazetaritzaren esparruan dagoen "hutsunea" bete dezakeela Harmaila-k. "Eñaut Barandiaran eta biok 2011n hasi ginen proiektua mamitzen. Ikusten genuen euskal komunikabideetan kirolak behar zuela ez zuen toki bat; Euskal Herrian kirolzale asko dago, kirola egiten eta jarraitzen duen jende asko". Kirola maite duten horiek euskaraz zer irakurri ez zutela ohartuta ekin zioten proiektua zehazteari. Lehen saiakera horrek ez zuen arrakastarik izan, halere. Berriz ekin zioten lanari duela urte eta erdi. Iñaki Berastegi kazetariak orduan bat egin zuen proiektuarekin, eta, hiruren artean, eta aldizkariaren inguruan sortu duten kolaboratzaile sareak lagunduta, duela hainbat urte asmo bat zena errealitate bilakatu dute.

Emaitzez harago

"Pasioz" bizi dute Harmaila aldizkariko kideek kirola. Eta pasio berarekin heldu diote proiektuari. Uste dute "emaitzei lotutakoa" dela gaur egun nagusi den kirol kazetaritza, eta bertze bide bat jorratu nahi dute haiek. "Gaur egun, kirola aitzakia bihurtu da kirolarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz hitz egiteko; edozein huskeria berri bihurtzen da", erran du Manterolak.

"Begirada sakonago bat eskaini nahi dugu guk; Euskal Herri osoko gaiak landuko ditugu, gainera. Hemen bada kirolaren eta kulturaren arteko lotura, eta hori ere jorratu nahi dugu, kirolaren eta kulturaren arteko zubiak eraiki", berretsi du Berastegik.

Genero ikuspuntua ez dute ahaztu. Emakumeak protagonista bilakatu nahi dituzte. Emakumeek egiten duten kirolaren berri eman; kirola egiten duten emakumeei hitza eman. Proiektuko bultzatzaileen artean emakumerik ez dago, baina aldizkaria idatziko duten kolaboratzaileen zerrendan jaso nahi dituzte emakume kazetariak. "Arlo horretan ere egin nahi dugu ahalegina", azaldu dute arduradunek.

Harmaila aldizkariaren lehendabiziko zenbakia kaleratzeko irrikan dira proiektuaren bultzatzaileak. Hainbat eduki aurreratu nahi izan dituzte: solasaldia Aimar Zubeldia txirrindulariarekin, kirola uzteko erabakiari buruz; emakumeen eskubaloia; emakumeak buru dituzten kirol taldeak... Argazki erreportaje bat ere prest dute, futbol zelaien inguruan. "Sadarrek 50 urte bete ditu, eta Ipuruak, berriz, 70", azaldu du Berastegik. Urteurren horiek aitzakiatzat baliatu dituzte zelaion historiaren berri irudien bidez emateko. Diseinuak, hain zuzen ere, garrantzi handia du Harmaila aldizkariko kideentzat. Gaztelaniazko hainbat kirol aldizkari eredu hartu dituztela azaldu dute, Panenka, bertzeak bertze.

Euskararen aldeko apustua berretsi dute, halaber, aldizkariko bultzatzaileek. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko ere lan egin nahi dute beren produktuaren bitartez. Asmo horri lotuta, hain zuzen, liburutegietara bidali dute Harmaila aldizkariko kideek beren harpidetza kanpainaren berri. Irakurleak nahi dituzte, harmailak betetzeko bidean lagun.

“Erlijioa hor dago, baina maitasunen eta distantzien filma da”

“Erlijioa hor dago, baina maitasunen eta distantzien filma da”

Kattalin Barber

Ez ziren fededun. Baina, bat-batean, bi urteko epean, fede katolikoarekin sutsuki bat egin zuten David Arratibelen (Iruñea, 1973) bi arrebak eta amak. Emandako pausoak barruan eragin zion haserreak bultzatuta, eta haien prozesua ulertu nahian, Converso dokumentala egin du orain zinemagile iruindarrak. Esperientziak zauriak sendatzeko balio izan diola nabarmendu du Arratibelek. Iruñeko Ikuspuntu jaialdian aurkeztu eta gero, zinema aretoetara ailegatu da orain dokumentala.

Noiz erabaki zenuen zure familiari buruzko dokumentala egitea?

Nik grabatu dudana ez dut inoiz aldez aurretik erabaki, bidean sortuz joan da, egia esan. Nire koinatuak proposatu zidan elizetako organoen inguruan zerbait egitea. Interesgarria iruditu zitzaidan ideia, eta dokumentalaren hasieran, hain zuzen, organo bat ikusten da. XVIII. mendekoa da, eta Londrestik ekarri zuten. Organoez eta erlijioaz hasi zitzaidan hitz egiten koinatua; hori da abiapuntua, baina dokumentaleko elkarrizketan, berehala, mozketa bat dago, eta filmak beste bide bat hartzen du. Galdetu nion nola bilakatu zen fededun; jakin nahi nuen nola bat egin zuten nire familiako kideek fede katolikoarekin.

Eta familiak onartu zuen bere erlijio bizipenei buruzko dokumentala egitea proposatu zenionean?

Bai, baina itun bat egin behar izan genuen. Adostu genuen filma grabatzeko prozesuan ez zela talde teknikorik egonen, adibidez, intimitatea nahi genuelako. Adostu genuen, halaber, muntatze lana ez bazitzaien gustatzen pelikulak ez zuela aurrera eginen, ez zuela argia ikusiko. Erlijioa hor dagoen arren, finean, maitasunaren, gabezien, hutsen eta distantzien inguruko film bat da nik egin dudana.

Zuk ez zenuen batere begi onez ikusi amak eta bi arrebak katoliko bihurtzeko emandako pausoa. Haserreak bultzatuta egindako dokumentala da?

Erlijioa gai tabua zen etxean, eztabaida handiak genituen. Gainera, fundamentu handirik gabeko eztabaidak ziren. Nik ez nuen errespetatzen haiek bizitzen ari zirena. Ni ez naiz fededuna, baina ezta erlijioaren kontrakoa ere. Film honekin konturatu naiz, alde batetik, bizipen erlijiosoa dagoela, eta, bestetik, Eliza, erakundea. Filmaren hasieran nire jokabidea inkisidorea da. Fededun bihurtzeaz galdetzen diet, eta hasieran nire jarrera oso gogorra da. Baina prozesuan jabetzen naiz zenbat aurreiritzi dauden bestea ulertzean, bestearen erlijio bizipenean. Nor naiz ni horretan sartzeko? 2007. urtean gertatu zen nire arrebetako baten konbertsioa. Horren ondotik, ama eta arreba gazteena kristau bilakatu ziren. 2013an hasi nintzen ni grabatzen.

Momentu batean zure arrebak dio dagoeneko balio izan duela filmak, elkar ulertu duzuelako.

Bai, momentu hori oso garrantzitsua da niretzat. Momentu hori iritsi arte, ni film bat egiten ari nintzen nire arrebaren konbertsioaren inguruan, baina berak hori esan zidanean, orduan konturatu nintzen filma, benetan, elkarrizketa bat dela. Filmak ni interpelatzen nau. Galdera ez da bakarrik zer gertatu zaien haiei; galdera da, halaber, zer gertatu zaidan niri sei urtean nire arrebari ezer ez galdetzeko. Gainera, zinemagilearen anbizioarengatik hasi nintzen grabatzen, ez elkar ulertzeko asmoz. Nire helburua film bat egitea zen, ez nire familia ulertu ahal izatea.

Hala ere, buelta eman, eta familiako kideen arteko arazoa konpontzeko balio izan du azkenean, ezta?

Bai, eta oso polita izan da prozesu hori guztia. Niretzat filma terapeutikoa izan da, eta nire mina sendatzeko balio izan du. Nik ez nuen uste bide hori hartuko zuenik, baina hala izan da. Azken finean, hitz egin gabeko elkarrizketak dira ardatz egin dudan lanean.

Izenburuak bi adiera ditu: elkarrizketa, batetik, eta kristautasuna, bertzetik. Zerk du garrantzi handiagoa zuretzat?

Hirugarren adiera ere baduela esanen nuke: bestearen konpainiarekin bizitzea esan nahi du. Hiru adierak garrantzitsuak dira filmean, baina uste dut elkarrekin ongi bizitzeko hitz egin behar dela. Beharrezkoa dela hitz egitea. Eta hori da guri falta zitzaiguna. Filmak interes handia sortu du, eta nik ez nuen halakorik espero. Fededunentzat fede lekukotza bat da, eta fededun ez direnentzat, berriz, familiako kideen arteko gatazka da oinarria. Egia esan, inoiz ez dakizu nola hartuko duten ikusleek zuk proposatzen duzuna.

Bidea egin du filmak. Hainbat jaialditan egon da jada, eta kritika onak jaso ditu. Espero zenuen?

Arrakasta handia izan du dokumentalak. Aurrekoan, Kordobako elizbarrutiak eskerrak eman zizkidan. Egia esan, hedabide katoliko asko nirekin jarri dira harremanetan filma egin eta gero. Eta gainerako hedabideek ere interes handia agertu dute lanarekin. Egia esan, formari dagokionez, film zaila dela esanen nuke, oso lan pertsonala delako, azken finean. Baina badu osagai morboso bat ere, eta testigantzek ere interesa badute. Niretzat, ekaitz perfektua izan da lan hau. Nire arrebak esaten du espiritu santuaren lana izan dela, eta nik esaten dut, berriz, zinemaren magia dela.

Zure familiari gertatu zaiona kasu bitxia da. Nola ikusten duzu zuk?

Orain kasu gehiago ezagutzen ditut, baina filma egiteagatik izan da. Askotan esan didate oso arraroa dela nire familiako kideek izan duten fede aldaketa. Baina nik ez dut hain arraro ikusten. Alderantziz, gehiago harritzen nau horrelako zerbait denei ez gertatzeak. Azken finean, gaur egun erreferente sozial eta politiko guztiek huts egin dute, eta desengainua nonahi dago. Hortaz, gizarteak helduleku berriak behar ditu, eta ez ninduke batere harrituko behar dituen erreferente horiek fede katolikoan bilatzeak. Egia da ni ez naizela batere espirituala, baina ulertzen dut jendeak, existentziari zentzu bat bilatu nahian, bizipen horiek izatea. Ez nau harritzen.

Hori izan da arrazoia zure familiaren kasuan?

Ezinen nuke erantzun. Ez dakit. Filmarekin hori azaltzen saiatu naiz, baina ez dut lortu. Bereziki nire arreba eta koinatuaren kasua oso konbertsio intelektuala izan zen. Haien prozesuan hausnarketa handia egon zen, bai politikoki, psikologikoki, sozialki... Zaila da. Nire arreba ere saiatzen da azaltzen, baina ez ditu hitzak aurkitzen. "Guri gertatzen zaiguna ezin da hitzekin azaldu", esaten du, une batean. Bizipen oso sakona da, eta nork bere modura bizi du, azken finean.